AZKEN 10 SARRERAK

2020/08/16

PORTALETEKO ORRATZA: "ESCALADA PIRENAICA" BIDEA, 120 m, V+. 2020/08/05

Pic D'Estrémère eta honen eskuinean, txiki, Portaleteko orratza.


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Orratzak, mendien behatzak bailira zeruraino luzatzen dira, izarrak ukitu nahian. Aureola magiko batean bilduta, hainbat eta hainbat kondaira eta istorio zaharren jatorriak izaten dira, baita izaki misteriotsu eta mitologikoen bizileku ere, harkaitz biluztuari arima emanez. Ez da harritzekoa harrizko betortz hauek iman baten moduan artzain, mendizale eta eskalatzaileak mendeetan zehar erakarri izana.

Portaleteko orratza lehen aldiz Xabier Larretxearen "Guía de escalada en el Pirineo Norte" liburuko argazki batean ikusi nuen. Cervino txiki bat balitz bezala, orratza desafioka altxatzen zen bere oinean barreiatutako larre berde eta harkaitzen gainetik. Orratzaren erdi-erditik marraztutako marra gorri batek lurretik zerura jarraitu beharreko eskalada-bidea adierazten zuen. Argazki honek txundituta utzi ninduen. Eskaladaren azalpenen artean JB eta LR-ek ekipatua izan zela irakurri zitekeen: "Zeintzuk die JB eta LR?"..

Galdera honi erantzuna eman nahian informazio gehiagoren bila hasi eta Julio Benedé eta Luis Royo zirela deskubritu nuen, "Sendero Límite" taldekoak, hain zuzen ere. Ez uuen besterik behar izan eskalada hau "pendienteen" zerrendara pasatzeko. Eskalada luzea ez izatea zen ikusten nion "eragozpen" bakarra. Pirinioen handitasunean, 120 metroetako orratz baten eskalada "eskasa" edo balio gutxikoa izan daitekeela pentsatu genezake, baita 120 metro "eskas" eskalatzeko kotxez 250 kilometro eta hiru ordu gidatzea merezi ez duela ere. Izan ere, orratz hau eskalatzaile askok (gehienak ez badira) eskalatzen dute beste helburu "handi" baten joanean edo itzuleran. Gu besteen ezberdinak ez gara eta, gizateriaren mesedetan, ez genuen gehiengoaren ezberdin jokatu nahi noski, horregatik Midi D'Ossau-ra bidaian Portaleten gelditu eta orratz hau eskalatzea erabaki genuen, jejeje.

Txantxak alde batera utzita, urrun bizi garenontzat, Portalet inguruan zer egin ez dakigula bagabiltza orratz honetako eskalada  goiz edo arratsalde baterako plan ederra izan daiteke. Dena den, ez dut uste orratza hau bereziki eskalatzeko urrunetik etortzea eromena izango denik, lekua eta eskalada bera ikusgarriak direlako. Lastima eskalada luzeagoa ez izatea, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 120 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Julio Benedé eta Luis Royo, 2009an.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V+ (25 m), 2ºL: IV- (25 m), 3ºL: V+ (25 m), 4ºL: V+ (25 m),  eta 5ºL: II- (20 m).
- Orientazioa: Mendebaldea. Udan, goizean itzalpean eskalatzeko aukera dago.
- Ura: Portaleteko edozein dendetan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Portaletetik Pic D'Estrémère mendira doan ohiko bidea hartuko dugu, mendatetik ekialdeko noranzkoan doan bide nabarmena. Orratza bide osoan begi-bistan dagoenez, egokien iruditzen zaigun lekuan bidea utzi eta zuzenean hurbilduko gara. Portalet mendatetik orratzaren oinera 20-25 minutu pasako dugu lasai joanda.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik oinez jarraituko dugu gandorraren amaieran dagoen lepo batera arte. Lepo honetan Pic D'Estrémère-ra doan ohiko bidearekin bat egingo dugu, bertatik berriro ere Portalet mendatera itzuliz. Jaitsiera, oso lasai hartuta, ordu erdian egingo dugu.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express zinta (lehen luzean dagoen harkaitz-zubitik express-zinta bat pasatzen badugu 13 beharko ditugu) eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak.


Krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

Arratsaldeko bostak jota ziren Portalet mendatera iritsi ginenean. Turistak ehizatzeko saltoki eta kafetegiek ehundutako armiarma sarea kontu handiz zeharkatuz, Frantziako isurialdean dagoen aparkalekuan leku bat libre aurkitzeko zortea izan genuen. Hiru orduko bidaiaren ondoren, nahiz eta ipurdia minduta genuen eta autotik irteteko izugarrizko gogoa izan, nagikeria handia eman zigun kanpoan zeuden 27 graduetara irteteak. Ausardiaz ateak ireki genituenean, bero sentsazioa Frantziatik zetorren haize leun eta goxo batek eramangarria bihurtzen zuela sentitu genuen:

- Bero haundik eztau baña bazpare eguzkitako krema eman behar det - esan nion Asierri krema-potea motxilan bilatzen nuen bitartean.
- Baita nik ere - erantzun zidan.

Aparkaleku zaratatsuaren ondoan dagoen kartela, kuriosoa azken aurreko debekua: "Debekatuta zarata eta eragozpenak", jejejeje. Kartelaren ezkerrean Portaleteko orratza ikusi daiteke.


Eguzkitako krema eman, txapelak jantzi eta etxetik prestatuta ekarritako motxilak sorbaldetatik zintzilikatu genituenean ibiltzen hasi ginen.

Denbora osoan begi-bistan dagoenez, Portaleteko orratzera iristeak galtzeko arriskurik ez dauka. Portaletetik ekialdera zuzentzen den bide nabarmena jarraitzea besterik ez da, Pic D'Estrémère mendira doana, hain zuzen ere. Bide hau ordu laurden inguru jarraitu ondoren, egokien ikusi genuen lekuan utzi eta orratzera zuzendu ginen.

Orratzera iristen.


Eskalada bide bateko hurbilketa beti dago ziurgabetasunez beteta. Horma baten argazkia mila aldiz ikusi arren, bere oinean izan arte benetan duen dimentsioaren ideiarik ez da egiten. Nire kasuan, hurbilketan bidearen nondik norakoak horman mentalki margotzeko joera daukat pasagune ezberdinak identifikatu nahian, hormak ezkutatzen dituen misterioak agerian jarri nahiko banu bezala.

Orratzaren bertikaltasunaren azpian txiki sentitu nintzen. Orratzaren handitasunaz kikilduta, metro batzuk atzera egin eta orratza bere osotasunean argazki bakarrean sartu ahal izateko harkaitz handi batera igo nintzen.

Asier orratzaren eskalada-bidea hasten den lekuan. Orratzak duen tamainaren ideia bat egin daiteke.


Bidearen oinera iritsi nintzenerako (kotxetik atera ginenetik 25 minutu inguru) Asier materiala prestatzen hasita zen.

Materiala prestatzen.


Bidearen oinean, lehen paraboltaren azpian, margo beltzez "ORIGINAL S.L." inskripzioa irakurri daiteke, bidea ireki eta ekipatu zutenenak nortzuk izan ziren gogoratuz. Inskripzioari argazki bat egin ondoren motxila lurrean utzi eta materiala ateratzen hasi nintzen.

Bidearen hasiera, azpian inskripzioa ikusi daiteke.


Arnesa janzten nuen bitartean atzera begiratu nuen. Portaleteko eraikinetako sabaien distirak kontrastea egiten zuen inguruko mendi, larre eta harkaitz-blokeekin, paisaiari ukitu artifizial bat emanez. Turistak gogora etorri zitzaizkidan: kafetegi eta tabernetako terrazetan eserita, inguruneagatik kutsatuta, bertan egoteagatik zorionekoak zirela pentsatuko zuten, garagardo hotz bat edo kafe bero bat edaten ari ziren bitartean. Gu bai zorionekoak, "zibilizazioaren" tentakuluetatik urrun soka batetik zintzilik paisaia bertikalak zeharkatzeko zortea izateagatik.

- Benga, gaur ni hasiko naiz - bota nion Asierri ausart, begirada orratzera ekarriz.
- Bale...

Sokak arnesera lotu nituenean, magnesio-poltsa ireki eta, eskuak hautseztatu ondoren, eskalatzen hasi nintzen.

Portalet bidearen oinetik ikusita.


- Lehenengo luzea, 30 m, V+. Luzea harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da. Heldulekurik onenak parabolten eskuin aldean zeudela ikusita, zertxobait eskuin aldera mugituz eskalatzen hasi nintzen. Lehen metro hauek, harkaitz onekoak izan arren, leundu samar zeudela iruditu zitzaidan: "katu berrik ekarri izan banitu...". Ez dakit hotz harrapatu nindutelako edo harkaitzean ongi kokatu ez nintzelako baina lehen metro hauetan nahi baino gehiago estutu nuen. Paraboltek adierazten duten lerrotik urruntzen hasten nintzela iruditu zitzaidanean, arnasestuka, zuzen eskalatzen jarraitu nuen sabaitxo txiki bat atzean utzi eta horma bertikal batekin topo egin nuen arte (IV+): "joe, ba oaiñartekoa kuartomás bada eztet imajinau nahi oain datorrena ze izangoen" pentsatu nuen arduraz.

Pasagune bertikal hau babesten duen paraboltetik express-zinta pasatu, oinak zentimetro batzuk igo eta hormaren ezker aldean dauden helduleku onetatik tira eginez gorputza pixkanaka altxatzen hasi nintzen:

- Kontu oain, eh?
- Lasai estutu, ondo asegurauta zare ta.

Zertxobait ezkerrera mugituz hormatxoa uste baino errazago eskalatu nuen eta, egiari zor, heldulekuak oso onak dituela ere iruditu zitzaidan (V-). Ezker aldera eskalatzen jarraituz hormaren ertzera iritsi nintzen, bigarren horma bertikal batekin topo eginez.

Bigarren horma bertikal honek arrail nabarmen bat dauka, goitik behera horma bitan erdibitzen duena. Arrailaren barruan eskuak sartu eta, oinak horman ahal izan nuen goienean jarriz, hau ere erraztasunez eskalatu nuen (V+) belar eta harri askez estalitako kanaltxo inklinatu batera iritsiz. Bertatik, bilgunea 4-6 metrora ikusi nuen:

- Reunioa hortxe dauket!!!!

Kanaltxoa erdi-oinez igoz bilgunera zailtasunik gabe iritsi nintzen (II).

Lehen bilgunean.


Kuriosoa da estutzen denean helburuak nola aldatzen diren. Helburu nagusia luzearen amaierara iristea bada ere, estutzen hasterakoan helburu nagusia helburu txikiagoetan zatitu eta berehalako helburua gertuen dagoen paraboltera iristera mugatzen da. Estualdia handitzen bada helburua oraindik ere gehiago zatitu daiteke, zentimetro batzuetara dagoen heldulekua heltzera mugatuz, adibidez. Helburu txiki hauetako bat betetzen den bakoitzean garaipen edo aurrerapen txiki gisa bizitzen dugu, gure konfiantza handituz eta helburu nagusia geroz eta egingarriagoa dela sinistuz. Eskaladan (eta mendi baten igoeran, adibidez) ohikoa den jokabide honen "salmenta" izaten da "coach" eta enpresa-gizon askoren diru iturri. Salmenta erakargarriagoa izan dadin, anglizismoekin eta "-ing" hitzekin apaindu ohi dute, jakina, jejejeje.

Asier luzea eskalatzen hasteko prestatzen.


- Joer, gehio kostazait azpiko zatie kintoko bi pasok baño - esan nion Asierri kanaltxoa eskalatzen hasi zenean.
- Neire azpiko zatie kostazait - erantzun zidan.

Kanaltxoa eskalatzen...


Asierrek ere estutu zuela entzuteak lasaitu ninduen, ez estutu zuelako noski, biok leku berean estutu genuelako baizik. Gazteleraz esaten den moduan "mal de muchos consuelo de tontos", jejeje.

Lehen bilgunean...


Luzean hamabi express-zintak erabili nituen. Harkaitz-plaka inklinatuan harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat dago. Nik bertatik ez nuen express-zintarik pasatu, eta eskerrak horri, bestela bilgunera iritsi baino lehen express-zintarik gabe gelditu izango nintzelako.

- Bigarren luzea, 30 m, IV-. Asierrek bilgunetik eskuinera doan erlaitz inklinatua metro batzuetan igo eta ezkerrean dagoen horma eskalatu zuen (IV-) lehen eta bigarren paraboltetatik aseguratuz.

Horma eskalatu ondoren.


Hormaren gainetik lehen bilgunera egindako argazkia.


Horma eskalatuta, ezker aldera bota zen begi-bistatik galduz.

Soka-laguna begi-bistatik galtzen denean eskalada ikusmenetik ukimenera pasatzen da. Bion artean sokak bidaltzen dituen mezuak interpretatzen jakin behar da: bibrazio txikiak, tiraldiak, baita erlaxazioak ere. Sokak bidaltzen zizkidan mezu hauek interpretatzen nituen bitartean, Asier hormak osatzen duen ezproiaren ertzaren azpitik, eskuin-ezker noranzkoan zeharkaldi bat egin zuen, gandorraren ertzean lepo itxurako batean dagoen bilgunera iritsi zen arte (III).

Bilgunera iritsi aurreko zeharkaldia.


Zeharkaldia hasten den lekura iritsi nintzenean hitzik gabe gelditu nintzen:

- Lasai, hortio emateuna baño errexagoa da - esan zidan Asierrek bilgunetik.

Zeharkaldia hasten den lekuan.


Asierrek arrazoi zuen eta zeharkaldia, zaila baino, ikusgarria iruditu zitzaidan, bilgunera eragozpenik gabe iritsiz.

- Hirugarrren luzea, 30 m, V+. Bilgunetik gorako horma bertikala ikusteak gorputzean hotzikara eragin zidan.

- Joder, gaurko kontuk gaizki indittut, jejeje.
- Zeba?
- Luzeik gogorrenak nik eskalau behar dittutelako...

Hirugarren luzeko lehen parabolta urrun zegoela iruditu zitzaidan, urrunegi bertara estutu gabe ez iristeko. Horma bertikalean eta atzeko horman (zeharkaldian zeharkatu genuena) oin bakoitza jarriz, metro bat pasatxo irabazi eta paraboltera uste baino errazago iritsi nintzen: "bueno ea pasoa nola ateatzean..." pentsatu nuen paraboltaren inguruko helduleku eta harkaitz-zimurrak haztatzen nituen bitartean. Paraboltaren ezkerrean eskuentzat helduleku eder batzuk topatu nituenean, Asierri keinu egin eta, besoetatik tira eginez, azpitik eskalaezin zirudien horma erraz eskalatu nuen (V).

Luzeak zuzen jarraitzen du, eta helduleku askoko horman metroak zailtasunik gabe irabazi nituen (IV+), laugarren paraboltaren ondoan dagoen harkaitz zuriko beta zabal eta nabarmenera iritsi nintzen arte.

Hirugarren luzea azpitik ikusita. Goian, soka begi-bistatik galtzen den lekuan, luzeko pasabiderik gogorrena dago, harkaitz zuriko beta nabarmenaren gainean.


Heldulekuen bila eskuin eskuarekin harkaitza haztatzen hasi nintzen baina ez nuen heldulekurik topatu: "kintomas bada nubaitten agarren bat izan beharrauke" pentsatu nuen pixkanaka azkartzen ari ziren bihotz-taupadak lasaitu nahian.

Ezkerreko eskuarekin egindako haztapena emankorragoa izan zen. Lauza zeihar batzuk topatu nituen, eskuekin tira egiteko aproposak izan zitekeenak.

Luzeko pasagunerik gogorrena azpitik ikusita. Nahiz eta sokek zuzen jarraitu, paraboltaren ezker aldera eskalatuz jarraitu behar da.


Lauzak ezkerrera zuzentzen zirela ikusita, luzea ere ezkerrera zuzentzen zela pentsatu nuen:

- Banijooo!!! - Oihukatu nion Asierri bi eskuekin lauza zeiharretako bat heldu nuenean.

Gorputza altxatzean oinak non jarriko nituen aurkitu nuenean, pasagunea eskalatzen hasi nintzen. Paraboltaren ezkerrera botaz, lauza zeiharkatu ezberdinetatik tira eginez, zentimetroak poliki irabazi nituen pasagunearen gaineko parabolt "salbatzailera" iritsi nintzen arte (V+).

Pasagune gogorra atzean utzita, hormaren ezkerrera pasa nintzen amildegiaren gainetik egiten den zeharkaldi ikusgarri bat zeharkatu (IV+, helduleku oso onak) eta ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraitzeko. Irtengune motz batzuk eskalatu ondoren (III+), erdi-oinez, goian dagoen diedro bertikal eta ikusgarriaren oinean dagoen bilgunera iritsi nintzen.

Bilgunera iritsi aurreko irtengune motzak.


Askok pentsatuko dute estutu eta, tarteka, beldurra pasatzeko mendira joatea ez duela merezi. Eskaladak nire beldur eta mugen aurrean jarri ohi nau. Beldur eta muga horiek aztertzeak, horiei aurre egiteak eta gainditzeak azaltzen zaila den sentsazioa sortzen du nire baitan, baina esango nuke ez dagoela meditazioa egiten duen pertsona batek sentitzen duen sentsazio sakonetik urrun. Bilgunea muntatu nuenean erabateko zoriona sentitu nuen. Nire buruaz harro sentitzen nintzen, aurretik eskalatutako bi luzeetan beldurra sentitu arren, beldurrari aurre egin eta biak modu askean eskalatu nituelako. Askori uskeria irudituko zaiena, lurretik hainbat metrora horma bertikal batean zintzilik zaudenean zentzu osoa hartzen du.

Asier bilgunera iristen.


- Laugarren luzea, 30 m, V+. Orratzeko diedro ikusgarriaren oinean geunden. Irekitako liburu erraldoi baten moduan, diedroa zerura altxatzen da orratzaren eskaladari ginga ipiniz. Bigarren luzean gertatu zitzaidan bezala, hemen ere lehen parabolta pixkat altu dagoela iruditu zitzaidan. Hasieran zalantzan izan ginen paraboltera iristeko diedroaren erditik edo honen ezker hormatik (bertan harlauza ezberdinak daude bata bestearen gainean) eskalatu behar zen. Nondik igo ikusten ari ginela, diedroaren ezker horman parabolt distiratsuz osatutako ilara bat ikusi genuen:

- Hara, igual hoi Luichy irikitzen ai dan bidekok izangoie - esan nion Asierri.
- Balitteke - erantzun zidan -, Facebook-en hemen bide bat irikitzen ai dela komentau du.

Harreta diedroaren arrailera itzuliz, Asierri zerbaitek atentzioa deitu zion:

- Hemen magnesioa dau - esan zidan arraila seinalatuz -, jendeak hemendio eskalau do.

Eskuak arrailean sartu zituenean, gorputza altxatzearekin batera oin bakoitza diedroaren horma bakoitzean jarri zituen paraboltera erraztasun osoz iritsiz (V).

Diedroaren lehen metroetan.


Lehen pasagune honen ondoren diedroa eskalatuz jarraitu zuen (V), tarteka erditik eta tarteka ezker hormatik, pasagune bertikal eta motz baten azpian gelditu zen arte. Pasaguneko harlauzak sendo zeudela egiaztatu zuenean, hauetatik tira eginez bigarren pasagune hau ere erraz eskalatu zuen (V+).

Bigarren pasagunean.


- Eskalatzen ai zeala ez du ematen hain bertikala denik - esan zidan pasagunearen gainetik begiratuz.
- Ba, bada - erantzun nion -, gora beidatzetio lepoko miñe ta dena jartzen ai zait, jejeje.

Bigarren pasagunetik aurrera, diedroaren bi heren gutxi gora behera eskalatuak daudenean, diedroak bertikaltasuna zertxobait galtzen du, baita ezkerrerako noranzkoa hartu ere.

Diedroaren azken herenaren hasieratik behera egindako argazki honetan lehen metroetan duen bertikaltasuna ikusi daiteke.


Asierrek diedroaren azken metro hauek patxadaz hartu zituen (IV+), orratzaren eskaladaren azken metroei zukurik handiena atera nahiko balie bezala. Diedroaren amaierara iritsi zenean, gandorraren ertzean dagoen bilgunean bilgunea muntatu zuen.

Diedroaren eskalada bizitzan eskalatuko nuen azken luzea bezala hartu nuen, lasaitasun osoz, harreta osoa jarriz eta mugimendu bakoitza biziz. Hasierako pasagunea zertxobait makurtua badago ere, arrail barruko heldulekuak oso onak dira. Gakoa diedroaren bi hormetan oinentzat euste-lekuak aurkitzean datza.

Metroak erraztasunez eskalatu arren, ongi finkatu gabeko harlauza pare bat nahigabe heldu nituen, eskaladan zehar sekula erlaxatu behar ez denaren adierazle.

Diedroaren zatirik errazenean.


Asier diedroaren amaieran zeru urdinaren kontra ikusi nuenean tristura sentitu nuen, eskalada amaitzear zenaren seinale argia baitzen. Azken luze hau izugarri gustatu zitzaidan:

- Largazo, eh? - bota nion bilgunera iritsi nintzenean -, bost izarretakoa iruittu zait.
- Oso ona bai - erantzun zidan -. Ez nintzen asko akordatzen ta egie esan ez nun hain bertikala gogoratzen.

Eskalada amaitzen.


- Bosgarren luzea, 30 m, II-. Azken luze hau jaitsierako bidearekin bat egin arteko trantsiziozko luzetzat hartu daiteke. Dena den ez da modu arinean hartu behar. Gainean nuen materialarekin bilgunetik atera eta eskalada erraz baten ondoren (II-) gandorraren ertzara iritsi nintzen, bertan eseri eta argazki batzuk egiteko.

Gandorraren ertzean eserita.


Laugarren bilgunea gandorraren ertzetik. Atzean, eskuinean, Midi D'Ossau. La Fourche korridorean oraindik ere elurra ikusi daiteke.


Luzeak gandorraren ertzetik jarraitzen du zeharkaldi horizontal bat eginez. Ibiltzen hasi eta harkaitz-zubi batean jarrita dagoen soka batetik luzearen lehen express-zinta pasatu nuen. Zeharkaldia ez da zaila (II-) baina bai ikusgarria, eskuinean dagoen amildegia handia baita. Zeharkaldiaren amaieran dagoen paraboltetik bigarren express-zinta pasa ondoren harkaitz handi batean muntatutako bilgunera iritsi nintzen.

Azken bilgunean.


Bosgarren bilgunea.


Laugarren bilgunea bosgarrenetik ikusita. Argazkian zeharkaldia babesten duen parabolta ikusi daiteke.


- Egun hauetako lehen eskalada inda - esan nion Asierri bostekoa emanez -. Izugarri gustau zait.
- Hasteko ez da txarra - erantzun zidan - ingurun eonda aprobetxatuz eskalau beharreko bat da.

Zeharkaldian.


Bilgunetik aurrera metro batzuk ibili ondoren, gandorra zabaltzen den lekuan materiala jasotzea erabaki genuen. Harkaitz baten eserita, oin biluztuak belar lehorraren gainean lehortzen ziren bitartean eskalada errepasatu genuen. Bidearen lehen metroak, harkaitz-plaka "leunduan" eskalatu genituenak, izan ziren bioi  eskalatzen gehien kosta zitzaizkigunak. Handik aurrera, pasagune batean baino gehiagoan estutu behar izan bagenuen ere, oro har "kanto ona" dagoela pentsatu genuen. Luzeen zailtasuna egiten dugun argazki kopuruagatik neurtzen badugu, lehen eta hirugarren luzea zailenak izan ziren inongo zalantzarik gabe, jejeje. Eta laugarren luzearengatik zer esan, bide osoko onena dela iruditu zitzaigun, inongo zalantzarik gabe.

Material guztia motxiletan gorde genuenean beherako bidea hartu genuen. Lehenik, gandorraren amaieran dagoen lepora arte oinez iritsi ginen.

Asierren gainean dagoen lepora iritsi beharra dago.


Lepotik bertatik Pic D'Estrémèko bide normala pasatzen da. Bide hau jarraituz, lepoaren bestaldetik jaisten hasi ginen metroak azkar galduz. Jaitsieran eguzkia mendiak zeharka argitzen hasi zen, belar lehorraren kolore horia bizitu eta egunean zehar erdi-lokartuta egondako marmotak beraien gordelekuetatik ateraz.

Mendia hegoaldetik inguratu ondoren orratzatik gertu pasa ginen berriro ere:

- Hiruko kordada bat dau - esan zidan Asierrek orratza seinalatuz.

Harkaitz-bloke baten gainera igo eta, argazki batzuk egiten genizkien bitartean, orratza eskalatzen hasitako kordadari begira gelditu ginen:

Orratza eskalatzen zegoen kordadari begira...


- Hoik ere hasierako metrotan poliki dijoz, eh? jejeje - esan nion Asierri isiltasuna apurtuz.
- Estutzen ai die bai, jejeje.
- Ona izango zen eskalada osoko argazkik ittea gero krokise zehatza marrazteko - esan nion - gutxiñez reunioen leku zehatza nun daun jarriko nuke...

Kordadak orratza eskalatzen jarraitzen zuen bitartean beherako bidearekin jarraitu genuen. Haizearen eraginez batera eta bestera mugitutako belarrek sortutako hotsak eta marmoten txistuak urrunduz joan ziren hauen lekua kotxeen motorren hotsa eta turisten oihuek hartzen zuten bitartean. Arratsaldeko zortzirak eta laurden ziren kotxera itzuli ginenean. 

Argazki honetan gorriz eskalada eta puntu zuriz jaitsieraren gutxi gora beherakoak marraztu ditut.


Motxilak furgonetaren barruan utzi ondoren motorra martxan jarri eta Espainiako isurialdean dagoen aparkalekura zuzendu ginen, lo egingo genuen lekura hain zuzen ere:

- Hemen kobertura eotea - esan zidan Asierrek.

Telefono estaldura genuela egiaztatu genuenean Itziri deitu nion dena ongi joan zela esateko. Deia moztu genuenean whatsapp bidez orratzaren argazki bat bidali nion:

- Hoixe.
- Hemendik txikie ematen do - erantzun zidan.
- Txikie da, 120 metroetako eskalada.
- Hori ez da txikie - erantzun zidan triste aurpegia duen emotikono batekin batera.

"Hori ez da txikie" esaldiak zer pentsatua eman zidan. Kuriosoa da orratz baten tamaina ikuspuntuaren arabera zein erlatiboa izan daitekeen. Non dago eskalada motz eta luzearen arteko muga? Galdera honi erantzutea ez naiz ausartzen...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Larretxea X. Guía Escalada en el Pirineo Norte: vías largas, fáciles y bien equipadas, 34-37. Bilbo. SUA argitaletxea, 2012.
- Buxó X,. Alfonso L. La Vallée D'Ossau, 372. Supercrack Edicions, scp, 2009.
- Sendero Límite bloga. 2009/08/24. Aguja del Portalet. Eskuragarri: https://senderolimite.blogspot.com/2009/08/aguja-del-portalet.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat