AZKEN 10 SARRERAK

2020/12/11

OLAKOSAI, ESNAURRETA-MENDIBIL SAROIA, AUSA GAZTELU (904 m): GOGOETAK ZALDIBIAKO MUGAREN ERTZEAN, 2020/12/05


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Aurten Florence Nightingale-n (erizaintza modernoaren amatzat duguna) jaiotzaren berrehungarren urteurrena ospatzen dugu. Honegatik, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2020 urtea erizain eta emaginen nazioarteko urtea izendatu du. Urte berezi hau ospatzeko, 2018 urtean mundu mailan "Nursing Now" izeneko hiru urterako kanpaina martxan jarri zen, Erizainen Nazioarteko Kontseiluarekin eta OME-rekin elkarlanean egina eta Ingalaterran argitaratu zen "Triple Impact" txostenaren emaitzetan oinarritua. Txosten honen arabera, erizaintzaren garapenak eragin hirukoitza du komunitatean: osasuna eta genero-berdintasuna hobetzen ditu, eta ekonomia sendoagoak eraikitzen laguntzen du.

2019an Euskadik kanpaina honekin bat egin zuen "Nursing Now Euskadi" lemapean. Bi dira kanpainaren helburuak Euskadin: erizaintzaren ikusgaitasuna sustatzea maila sozialean herritarrei begira haren rola indartuz eta erizaintzaren lidergoa eta erabakiak hartzeko prozesuan duen parte-hartzea indartzea. Bi helburu hauek bete ahal izateko 2020 zehar hainbat ekintza antolatu ziren. Nire aldetik, kanpaina honi ikusgaitasuna emateko asmotan motxilan "Nursing Now Euskadiko" txapa bat eraman dut urte osoan. Nork esango zigun Covid-19ak sortutako mundu mailako pandemiak ekintza hauek guztiak bertan behera utziko zituela?

2020 urtea ziurgabetasun handiko urtea izaten ari da. Lan-jardunaldi amaigabeak eta jai-egun eskaseko urtea, heriotza eta doluaren inguruan Elizabeth Kubler Ross medikuak definitutako bost faseak(ukapena, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena) behin eta berriz errepikatu diren urtea. Eta hau guztia gertatzen ari da guztia eman arren infektatuen kopurua jaisten ez dela ikusteak sortutako frustrazio-sentsazioaren itzalpean.

Dena den, orain arteko esfortzuak fruitua ematen ari dela uste dut. Telebistako kamarak eta irratiko mikrofonoetatik urrun (komunikabideek horretarako beste profesio batzuetara jotzen dute), herritarrek erizaintzaren adore, jarrera eta lan "ezkutua" ikusi eta baloratu dute, zerbaitegatik erizaintza da herritarrek hobekien baloratzen ari diren profesioa. Erizaintzaren lidergoari dagokionez, osasun-ingurune guztietan (soziosanitarioa, komunitarioa, ospitalekoa), jarduera-eremu guztietan (asistentziala, kudeatzailea, irakaslea eta ikertzailea), bai eta sektore publiko nola pribatuan martxan jarritako programa, lan-talde eta proiektu askoren buru eta koordinatzaile izaten ari da erizaintza. Nork esango zigun Covid-19ak sortutako mundu mailako pandemia "Nursing Now Euskadi" kanpainaren helburuak betetzeko aukera paregabea izango zela?

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi, ez eta gutxiago ere, Covid-19ak eragindako egoera erizaintzaren lan soilagatik iraultzen hasita dagoenik. Hau guztia profesio ezberdinen lan-taldeko lanaren fruitua da eta hau ezin du inork ukatu. Etorkizunak zer ekarriko digu? Epe luzera gertatuko denaren iragarpen bat egitera ez naiz ausartzen baina epe laburrera honek guztiak osasun langile eta herritarrengan utzi dezakeen ondorio emozionalen beldur naiz.

Egoera zurrunbilotsu honetatik distantzia hartu eta atseden hartzeko beharra nuen. Antzuak izan ziren bi saiakeren ondoren (nahi baino ezin), hirugarrenean, abenduaren hasierako zubia aprobetxatuz, egun batzuetako oporraldia hartzeko zortea izango nuen. Baina, zoriaren gauzak, denbora librea alde izan arren, oraingoan eguraldia izango zen aurka izango nuena, aste osorako euria, elurra eta negu giroa iragarrita zegoelako. Hau dela eta, mendira joan nahi banuen behintzat, ekaitzen arteko eguraldi oneko leihoak topera aprobetxatu beharko nituen.

Eta eguraldi oneko lehen leihoa abenduaren 5ean iritsi zen. Eguraldi iragarpenen arabera, goizeko hamaikak arte ez zen euririk espero. Beraz, lasai ibilita hiru ordu inguruko ibilbidea egiteko aukera izango nuen. Mahai gainean jarritako aukeren artean kronika honetan azaldutakoa izan zen gehien konbentzitu ninduena. Ibilbide hau 2013an Iker eta Lekurekin kontrako noranzkoan egin eta blogean partekatu banuen ere (kronika irakurtzeko hemen klik egin dezakezue) ez genuen Gaztelu eta Esnaurreta-Mendibil saroiaren arteko bidea zehatz-mehatz jarraitu. Honegatik, bidea zorrotz jarraitu, GPSarekin grabatu eta kronika batez partekatzea izango zen oraingo helburua.

IBILBIDEA

Ibilbidea Olakosain (Olariagako saroia) hasi nuen. Bertatik gora doan porlanezko bidea amaiera arte jarraitu (CAF-eko Deposituak dauden lekuan) eta bertatik Enirio eta Lizarrustira doan GR-35 bidean gora hasi nintzen Esnaurreta-Mendibil saroian dagoen informazio-postera iritsi arte.

Informazio-postetik Alotzara doan PR-Gi 2009 bidea hartu eta lizar zahar batzuen ondoan dagoen txabola baten hondakinak atzean utzi ondoren bidea utzi nuen, ezkerrean dagoen arantzadun hesia zeharkatzeko dagoen egurrezko pasabide batera zuzenduz. Pasabide honen bestaldean Ausa Gazteluren hegoaldean dagoen Egurral leporaraino doan bidexka bat hasten da.

Egurral lepotik Ausa Gaztelura hegoaldeko ohiko bidea jarraituz igo eta Ausa Gaztelutik Olakosaira iparraldeko ohiko bidea jarraituz itzuli nintzen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 10 kilometro.
- Punturik baxuena: Olakosai, 455 metro.
- Punturik altuena: Ausa Gaztelu, 904 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 565 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: Irteeraren zailtasun bakarra Alotzara doan bidean goazela Ausa Gaztelura doan bidearen hasierako egurrezko pasabidea topatzean dago. Lurra bustia badago, bidexka honetako harrizko pasaguneren batean kontuz ibili beharko gara.
- Ura: Olakosain iturri bat dago.
- Eramandako materiala: Ibilbiderako ez da material berezirik behar.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: bi ordu eta berrogeita hamar minutu, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Goizeko zortziak eta hogei ziren mendiko botak jantzi eta motxila bizkarrean zintzilikatu nuenean. Zerua gris zegoen, Olakosai (455 metro) kolorerik gabe. Zelaietako kolore berdeak mendia bizirik irauten duela aldarrikatzen zuen bitartean, biluztutako zuhaitzen adarren artean ihes egindako haize hotzak negua ate joka dagoela gogorazten zuen.

Argazki pare bat egin, haizerako txamarra goraino itxi eta, eskuak eskularruen babesean sartu ondoren, CAF-eko Deposituetara doan porlanezko pistan gora hasi nintzen.

Olakosain, puntu zuriz jarraitutako bidea. Ezkerrean, Akapulko elkartea.

Ausoegi baserriko oiloen oihu eta zakurren protesten oihartzuna urruntzen hasita zegoenean CAF-eko Deposituetara (Arkaka Txiki) iritsi nintzen, porlanezko pista amaitzen den lekura.

Deposituetako metalezko langan jarritako kartela. Azkenean egia izango da euskara jakiteak ateak irekitzen dituela, jejeje.

Deposituetatik gora porlanezko pistak harrizko galtzada bati pasoa ematen dio, besteak beste, Erdi Aroan Ausa Gazteluko dorrea eraikitzeko balio izan zuena. Egunsentiaren lehen argiek zeru grisa gorriz tintatzen hasita zuten, eguerdirako iragarritako ekaitzaren iragarle: "goizeko laino gorri, gaueko iturri".

Atzera begirada, galtzadaren hasiera eta porlanezko pistaren amaiera. Zerua, gorriz tintatua.
Oinak eta ibilkera mendiko bota erdi-zurrunen gogortasunera ohitu gabe, galtzada estaltzen duten harkaitz busti eta irristakorren gainetik ibiltzea kosta egiten zitzaidan. Bastoiak motxilaren barruan izan arren, bertan uztea erabaki nuen: "botetara ohitu beharren nau". Oinen jarlekua zuhurtzia handiaz aukeratuz, eskalatzen ariko banintz bezala, Gaintzolako iturrira (525 metro) iritsi nintzen.

Gaintzolako iturria, Zapata mendizale ordiziarrak eraberritu zuen iturri ugarietako bat.

Hemendik gora galtzadak lotsati baina atsedenik gabe goranzko bidea hartzen du, Aitzarteko ezproira arte. Aitzarten, galtzadan gora eta behera doazen ibiltariaren begiradatik ezkutatuta, hainbat eskalada-bide ireki eta ekipatuta daude. Hauetara iristeko Deposituetara iristen den kanala (Amundarain errekaren iturbururaino luzatzen dena) hamar minutu eskasean jarraitzea besterik ez dago.

Izerditzen hasi baino lehen, Aitzarteko ezproian haizerako txamarraren kremailera ireki eta gorputza freskatzeko aprobetxatu nuen. Gorputza bero-beroa nuen, "beroegi" beharbada, aspaldi aldiro-aldiro kirola egiten ez dudanaren eraginez. Freskurari ihes eginez, bizkarretik irrist egin zuen izerdi tanta batek sasoiko ez nagoela gogorazi zidan: "beize entrenatzen hasi beharrauket" pentsatu nuen erresumin puntu batekin. Kirola maiztasunez egitea ez da gehien gustatzen zaidana, burua kirola egitera askotan behartuz. Orduan, "zergatik kirola egin?" Kirolak osasunean duen onuraren gainetik, niretzat kirola egitea mendiaz segurtasunez gozatu eta bizitzeko baliabide bat besterik ez da, teknika edo materiala diren bezala. Mendiko jardueretan, sasoi fisikoaren hobekuntza segurtasunean lortutako irabaziarekiko zuzenki proportzionala dela uste dut, hobekuntza fisiko hau txikia izanda ere. Izan ere, kirola egiteari entrenatzea deitzen diot, kirola egitea ez baita berez helburu bat niretzat. Denborak, kronometroak eta bestelako erregistroak modan badaude ere, ez zait inporta korrika egiten dudanean kilometroak zenbatero pasatzen diren ezta, barra batetik zintzilik, jarraian zenbat dominada egiteko kapaz naizen. Hori bai, ezin dut ukatu sentitzen dudan satisfakzio sentsazioa oinez egiten nuen distantzia korrika eginez erosotasunez egitera iristen naizenean.

Gogoeta honetatik haize hotzak eragindako hotzikara batek esnatu ninduen. Haizerako txamarra berriro ere goraino lotu eta Aitzarteko ezproia atzean utzi nuen.

Ezproitik aurrera bideak aldapa galdu eta atsedenaldi luze bat ematen du Urrustiarre bordeara iritsi arte. Tartean, Larraitzera doan bidegurutzea dago, gero iritsiko nintzen Errekonta lepotik pasatzen dena.

Larraitzera doan bidearen bidegurutzea, puntu zuriz jarraitu nuen bidea.

Urrustiarre bordak kokatutako lekua leku berezia iruditu izan zait beti. Pinu, pago, elorri eta hurritz artean dagoen oasi berde baten moduan, bordak zelaian zehar orden jakinik gabe sakabanatzen dira, zerutik erori izan balira bezala.

Urrustiarre bordetara iristen.

Leku honetatik atentzioa gehien deitzen didana da azkeneko bordan dagoen "Viva la Pepa 1927" pintada xelebrea. Ez dakit pintada honek 1812 urtean onartu zen Espainiako Konstituzioari (Cadizko konstituzio edo "Pepa" bezala ere ezaguna izan zena) erreferentzia egiten dion baina pintada benetazkoa bada, Euskal Herrian dagoen pintadarik zaharrenetako izan daiteke.

"Viva la Pepa" pintada.

Urrustiarre bordetatik gora galtzadak edertasunean irabazten du eta galtzada aintzinatik estaltzen duten harri eta lauzek protagonismoa hartuz doaz. Metroak irabazi ahala denboran atzera egiten denaren sentsazioa izaten da, karramarroen antzera, bidea atzeraka eginez.

"Urrustiarre bordetatik gora galtzadak edertasunean irabazten du"..

Galtzadak, bihurgune bakoitzean eta aldapa aldaketa bakoitzean altxor txiki bat ezkutatzen du. Abiadura moteldu eta, metro bakoitzari zukurik handiena atera nahian, argazki kamera sutan jarri nuen.

Galtzaren ertzean dagoen zuhaitz berezietako bat. Hemendik pasatzen naizen bakoitzean argazki bat egiten diot gutxienez.

Honelako lekuetan denbora gelditu eta inguruneaz gozatzea merezi du, segundo bakoitza azkenekoa izango balitz bezala bizi, oinen azpian ibiltariek mendeetan laututako harrien leuntasuna sentitu eta basoaren hezetasuna usaintzen den bitartean.

Galtzadaren ertzeko zaintzaile mutuak.

Aldapari metroak irabazten nizkion heinean zeruaren kolorea gris argitik gris ilunera pasa eta lainoen zirrikituen artetik elur maluta lotsati batzuk paisaia puntu zuriz dekoratzen hasi ziren: "Vaya por Dios, ekaitze aurrerau da" pentsatu nuen. Momentu batean burutik kotxera itzultzea pasa zitzaidan: "ya hemen naula, mendizalen modun aurrea jarraittu beharkoet" pentsatu nuen.

Galtzadaren beste leku magiko bat, elurra hasi aurretik.

"Mendizaleen modun". "Ta zer da mendizale izatea?" Galdetu nion nire buruari. Duela urte batzuk, Iñurrategi anaiei buruzko programa batean, Andoni Egaña bertsolariak, kirol terminologia erabiliz, zera bota zuen: "Iñurrategi anaiak mendilariak dira, ni aldiz, mendizalea". Programaren aurkezlearen harridura aurpegia ikusita, bera "zalea" zela azpimarratu zion, "mendilarien" irteerak etxeko epeltasunetik ikustea gustatzen zitzaiola azpimarratuz. Gaztelanian ere, Hego Amerikan ezik, "montañista" hitza erabili beharrean "montañero" hitza erabiltzen da.

Mendira joatea gustuko duena noiz bihurtzen da mendizale? Erantzun zaileko galdera iruditzen zait: irteera kopuruaren arabera? Irteeren zailtasunaren arabera? Mendian mugitzeko duen azkartasun edo trebeziaren arabera? Mendiari dion errespetuaren arabera? Mendian murgiltzeko dauden idatzi gabeko arauen ezagutzaren arabera? Eta, mendizalea mendizale izateari utzi diezaioke edo mendizalea betirako da mendizale?

Mendizale nor den eta nor ez den esatera ez naiz ausartzen. Gainera ez dut uste autoritaterik dudanik mendiaz gozatzen ari denari mendizale den edo ez den esateko, mendiaz gozatzeko duen moduarekin ados ez egongo ez banintz ere.

Bigarren gogoeta honek pagoen artean sakabanatuta dauden Arrantsaoko bordetara eraman ninduen, galtzada amaitu eta basoa eta larren arteko mugara. Aaldapatxo bat igo, pago eta elorrien artetik atera eta aldapa amaitzen den lepora zuzendu nintzen. 

Arrantsaoko bordan atzean utzi ondore, aldapa amaitzen den lepora arteko bidea.

Lepoan ez zuen elurrik ari baina haize hotz batek ustekabean harrapatu ninduen. Hoztu aurretik belarriak estaltzeko buruko zinta eta lepoko zapi tubularra jantzi eta, Goierrira begiratuz, trago bat ur edateko aprobetxatu nuen: "Kriston lekun bizi gea..." pentsatu nuen bailarara begira.

"Kriston lekun bizi gea...".

Hodeiek zeru ertza ezabatu nahi arren, Irimo, Izazpi eta Ernio paisaian gailentzen ziren, azkeneko hauek abenduko lehen elurteek zuritzen hasiak. Herriak bailararen azpian zeuden, zelai eta baso artean ezkutatuta, Beasaingo lantegiren batetik kezko bi zutabek gizakiaren presentzia zerura zuzentzen zuten bitartean. Paisaiaren eskuinean, lotsati, Ausa Gaztelu ageri zen, beranduago igoko nuen mendia.

Kantinplora motxilan gorde eta GR-35 bidean aurrera jarraitu nuen, Esnaurreta-Mendibil saroian (840 metro) dagoen indikazio-postearekin topo egin nuen arte.

"...Esnaurreta-Mendibil saroian dagoen indikazio-postearekin topo egin nuen arte".

Indikazio-postean GR-35 ibilbidea utzi nuen, Alotzara doan PR-Gi 2009 bidea hartuz. GPSak grabatutako ibilbidean ikusten den moduan bide hau hartzeko ez dago indikazio-posteraino iritsi beharrik. Bidea bere osotasunean grabatu nahi izatea izan zen posteraino iritsi nahi izatearen arrazoia.

Indikazio-postea.

Indikazio-posteari bizkarra emanez aurrera jarraitu nuen, Joseba Insausti artzainaren bizilekua izaten den Esnaurreta-I bordaren atarian landatutako pagoari tristuraz begiratuz. Pago honen sustraietan Blokek atseden hartzen du, pena WIFI konexiorik ez izatea. Besarkada bat Bloke: "siempre conectado".

Indikazio-postea eta Esnaurreta-I borda.

Alotzara doan bidea egun garbietan galtzeko arriskurik ez dauka, Ausa Gaztelu, itsas-argi baten moduan, denbora osoan erreferentzia izaten delako. Behe-lainoa sartzen denean aldiz, noizbehinka bidea adierazten duen arrasto zuri eta hori bat azaltzen bada ere, bide galgarria izan daiteke. Aldapan gora metroak irabazten nituen heinean hodeitza zertxobait altxatu zen Aizkorriko kanalak ikusteko aukera emanez: "ea aurtengo negue iazkoa baño hobea den...".

"Ea aurtengo negue iazkoa baño hobea den..."

Kanalei begira nengoela gogoeta berri bat etorri zitzaidan: "Mendik zeatio eskalau?", "Zein da eskalatzearen helburue?"

Alotzara doan bideak lehen metroetan otadi bat zeharkatzen du.

Maila baxuko eskalatzailea naiz, izan ere, nire burua eskalatzailetzat ez daukat: baldarra naiz, ez naiz indartsua, teknika falta zait eta buruaz ere ez naiz oso fin ibiltzen. Orduan, zergatik eskalatu? Eskaladak, dudan beldur, konfiantza, ahuldade, indar, errealitate eta nahiaren aurrean jartzen nau. Ispilu baten moduan, nire alderik indartsu eta zaurgarriena agerian uzteko ahalmena dauka. Eta agerian gelditzen den beldur eta zaurgarritasuna aldatzeko nahia da eskaladak ematen didana. Pasagune zail bat edo hormatzar bertikal baten aurrean, dudan beldur eta konfiantza faltari aurre egin eta eskalatzeko gai izateak sortzen duen sentsazio betegarria parekatzen duen sentsazio gutxi daude. Beti pentsatu izan dut erosotasun eremutik irten gabe eboluziorik ez dagoela. Eskaladak erosotasun eremutik atera eta nire burua hobe ezagutzen laguntzen nau, gustuko ez dudana hobetzeko garra piztuz. Horretaz aparte, bi eskalatzaile nylonezko zilbor-hesteaz lotzen diren bakoitzean konfiantzazko paktu bat sinatzen dute, izan ere daukaten gauzarik preziatuena uzten diote elkarri: beren bizitza. Ba al da konfiantza handiagoa eskatzen duen aktibitaterik?

Abenduko lehen elurra Aralarren, atzean Ausa Gaztelu.

Nire begien aurrean, ezkerreko bihurgune baten ertzean, lizar zahar batzuek babestu nahi izan zuten txabola baten hondakinak azaldu ziren.

Bihurguneko lizar zaharrak eta bertatik jarraitu nuen bidea. Biderik ez galtzeko, argazkian ikusten den egurrezko pasabidea identifikatzea funtsezkoa da.

Ibilbide honetan leku hau identifikatzea oso garrantzitsua da. Atzean utzi bezain pronto PR bidea utzi eta bidearen ezkerrean dagoen arantzadun hesia (Zaldibiako mugaren gainetik doana) zeharkatzeko dagoen egurrezko pasabide bat identifikatu beharko dugu. Pasabidea identifikatu bezain pronto, PR bidea utzi eta, belarra estaltzen zuen elur erori berria zapalduz, bertara zuzendu nintzen.

Lizarrak atzean utzi ondoren. Argazkian PR bidea (eskuinean) eta egurrezko pasabidea (ezkerrean) ikusi daitezke.

Imanol Goikoetxearen Aralarko mapa mitikoan orain arte jarraitutako bideak Auntzbide izena hartzen du. Ez dakidana da hemendik aurrera Auntzibide Alotzara edo Ausa Gaztelura doan bidea den. Itxuragatik, Ausa Gaztelura doan bidea dela esango nuke baina hau baieztatzeko informaziorik ez dut topatu.

Egurrezko pasabidea, atzean Ausa Gaztelu.

Pasabidea zeharkatu eta, altuerarik galdu gabe, belar luzeek estalitako bidexka ezkutua eskuin aldera jarraitzen hasi nintzen harkaitz batzuetara iritsi nintzen arte. Metro hauek dira bide honetako galgarrienak, batez ere lanbroa edo elurra badago, bidexka nekez ikusten baita.

"... harkaitz batzuetara iritsi nintzen arte".

Harkaitzetatik aurrera, metroak galtzen dituen heinean bidexka pixkanaka nabarmenduz doa. Bidea bakarti, estu eta ederra da, bere ahuldadeak bilatuz mendia zeharkatzen duena. Tarteka, zailtasun handirik ez duten harkaitz-koska pare bat jaitsi behar dira, bidea bustia badago tentuz ibiltzea eskatuko digutena.

Bidearen nondik norakoak.

Bakardadea erabatekoa zen. Indarra pixkanaka hartuz zihoan haize hotzaren txistuaren gainetik, galdutako artalde bateko ardi sakabanatuen hizketaldia nabarmentzen zen. Egunerokotasunean honelako momentu intimoak bizitzea ez da ohikoa izaten. Bat-batean hodei ilun batek zerua estali eta elurra botatzen hasi zuen, momentu intimo honi intentsitate handiagoa emanez.

Elur maluten dantza desordenatua eta, dantzaldia amaitzearekin batera, lurrean pausatzerakoan egiten duten hots lasaiak liluratzen nau. Harriduraz begiratzen ninduten ardien begiradapean, motxilaren gainean eserita, zerura begira, maluten ibilbidea jarraitzen hasi nintzen, ikusten hasten nituenetik lurrera iritsi arte, haur txikiek egiten duten moduan. Berak ere momentu hau bizi zedin, telefonoarekin grabatu nuen bideo motz bat Itziri bidali nion:

- Hotza, ez? - zioen whatsapp mezuak bihotzez beteriko irudi batez jarraituta.
- Bai, baña oain eztu inporta - erantzun nion.

Haizeak elur maluten mugimendua horizontal bihurtu zuenean hotza sentitzen hasi nintzen. Hoztu baino lehen zutitu, gorputzera itsatsitako elurra astindu eta berriro ere martxan jarri nintzen.

Elurpean...

Fruitu gorri biziz apaindutako elorri batzuen artetik pasatuz Errekonta lepora iritsi baino lehen dauden pago berezietara iritsi nintzen. Ekaitzen poderioz tximistek pago hauetan uzten ari diren orbaina geroz eta handiagoa da. Haur nintzela lau ziren hemen zeuden pagoak. Egun, bi besterik ez dira bizirik gelditzen.

Errekontako lepora iristen. Argazkian pagoak ikusi daitezke.

Errekontako lepoan ohikoa den ekialdeko haize hotzak elur malutak aurpegira botatzen zizkidan begiak irekita mantentzea zailduz. Ekialderantz, Txindokiko irudia, mamu baten moduan, laino itxiaren artean ikusten zen. Euritako txamarra goraino lotu eta txanoa burura estutu ondoren maldan gora hasi nintzen. 

Errekontako lepotik Ausa Gaztelura doan bidea.

"...Txindokiko irudia, laino itxiaren artean ikusten zen".

Ibilbideko aldaparik gogorrena pazientzi eta lasaitasunez hartu eta, zeta pare bat egin ondoren, Karlos lagunaren oroimenez jarritako plakatxora iritsi nintzen.

Aitona izan zen mendian galdu nuen lehena. Zazpi urte eskas nituela, Añabason ehizean ari ginela bihotzekoak jota bertan gelditu zen, aita eta nire ezintasunaren aurrean. Bigarrena Karlos izan zen, Venezuelko Bolibar mendian. Inork ez daki zehatz mehatz zer gertatu zen, baina dirudienez, eguraldi txarrarekin mendian gora hasi eta desagertu zen. Aste batzuk beranduago, gorpua arrail baten barruan topatu omen zen. Hirugarrena Iñigo izan zen, Peña Santa de Enol mendian amilduta hil zena. Hirurak gazte hil ziren eta, Karlos eta Iñigoren heriotzek herrian sumindura handia sortu zuten.

Mendizaletasunak duen alderik ilunena hau da, baita, zergatik ez esan, mediatikoena ere, mendian hiltzen dena gehienetan pertsona gaztea izaten delako. Hau gutxi ez bada heriotz hauek bat-batekoak izaten dira, lagun eta senitartekoei eragindako mina handituz. Ez da erraza honen inguruan aritzea, izan ere, punta puntako alpinista eta himalayistek saihesten saiatzen diren gaia izaten da. Mendian izaten diren heriotzetan gehien entzuten diren esaldiak "txarrenetik, gustatzen zaiona egiten hil da" eta "gustuko zuen lekuan gelditu da betirako" izaten dira. Ulertzen dut esaldi hauek hildakoa maite dutenak zertxobait kontsolatu eta doluaren prozesuan laguntzea, ulertezina den heriotza honi nolabaiteko esanahi bat ematen zaiolako. Niretzat, errespetu osoarekin diot, bi esaldi hauek ez dute inongo zentzurik. Duela urte pare bat Aconcaguatik etorri nintzenean idatzi nuen bezala, edozein ikuspuntutik begiratuta ere heriotza putakeria iruditzen zait, sufrimendu jasan ezinarekin dagoenaren kasuan lasaigarria izan daitekeen arren. Heriotza denoi iritsiko zaigu eta, behin emango dugun pausua bada, zer hobe maite ditugunen artean ematea mendi urrun batean baino? Heriotzak mendian eramaten banau eta bakarren bati "txarrenetik, gustatzen zaiona egiten hil zen" esaten entzuten badiozue, belarrondoko bat emaiozue mesedez.

Karlosen plakatxoari muxu goxo bat eman ondoren igoerarekin jarraitu nuen.

Txindoki Karlosen plakatxoa jarrita dagoen harkaitz handiaren ingurutik.

Igoeraren azken zatia zuhurtzia handiz hartu nuen, bidea irristakor zegoelako.

Atzera begirada, argazkian jarraitutako bidea ikusi daiteke.

Mendizaleon joan etorriek eragindako higadurak zigortutako azken metroen ondoren Ausa Gazteluko gailurrera iritsi nintzen.

Ausa Gazteluk dituen bi postontzietako bat.

Ausa Gazteluko gailurreko ikusmira bi mendizale gaztekin partekatu nuen. Eguna pixkanaka iluntzen zihoan bai eta haizea indartzen ere. Hodeiek Txindoki estali aurretik telefonoarekin bideo motz bat grabatu, argazki batzuk egin eta, gailurreko bi mendizaleak agurtu ondoren, beherako bidea hartu nuen, Olakosaitik datorren ohiko bidea jarraituz.

Gailurretik behera nindoala, haizeagatik babestu ninduen harkaitz baten atzean telefonoa atera eta grabatutako bideoa sare sozialetan partekatu nuen. Inkontzienteki egin nuen ekintza honek gogoeta berri bat eragin zidan: zein behar dago mendian egiten ditugun aktibitateak sare sozialetan edota blogean partekatu nahi izateko? Zein da "smithyrenbloga" izatearen arrazoia?

Kuadrilako lagun batek aspaldi esan zidan bere ustez "interneten" idazten dugun guztiok "ego"-ari jaten emateko beharra dugula. Plastilinazko ospe faltsu bat eta besteen onarpena bilatzen omen dugula ere esan zidan. Ikuspuntu interesgarria iruditu zitzaidan, are gehiago inoiz burutik pasatu ez zitzaidalako: "Egunen batean arrazoia duzula ikusten badut ez dut blogean berriro idatziko", erantzun nion.

Behin Asierrekin hizketaldi hau izan nuen:

- Laneko batek galdetuit ea Berrian idazteagatik kobratzezun.
- Eta? - galdetu nion.
- Ezetz esan diot - erantzun zidan -. Ordun kobratube zeatio idaztezun eztula ulertzen esan dit.

Blogean edo beste lekuren batean idaztearen (edo idazten dudanaren) atzean ez dago inongo interes ekonomikorik ez eta beste interes "materialik" ere. Helburua ez da jarraitzaileak izatea, "gustuko dut" mezuak jasotzea, inorren erreferente, "influencer" edo pertsona ezaguna izatea. Maila filosofiko batean, blogak mundua aldatuko ez duela argi daukat, mendiak igo eta eskalatuz mundua aldatuko ez dudan bezala. Ez daukat horretarako talenturik ez eta anbiziorik ere. Blogaren ongi etorriaren azken esaldian dago blogaren izatearen funtsa: "Espero dut zure ametsak bete ahal izateko lagungarri izatea". Hauxe da bere helburua, besterik ez.

Dena den, ezin ukatu argitaratutako testu eta argazkien irakurle eta ikusleen iruzkinak jasotzen ditudanean poztu egiten naizela. Azken finean, ez al du kuadrilako lagunak arrazoirik izango? Ezetz espero dut...

Kolore-kontrasteak Ausa Gazteluko gailurretik.

Haize zurrunbilo batek aurpegira botataako elur maluta eskukara batek gogoetatik errealitatera itzuli ninduen: "hau da hau gaur izan deten flipada..." pentsatu nuen maldan behera berriro ere hasiz.

Olakosaitik Ausokoegi baserrira doan pista zabalera iritsi nintzenean pausua azkartu nuen. Zerua geroz eta ilunago zegoen eta ez nuen kotxera blai iristeko inongo gogorik. Kotxean sartu eta motorra piztearekin batera euria hasi zuen: "bufff, a ze eskapadea!!".

Zaldibiara jaisten nindoala kotxeko atzerako ispiluetatik behin eta berriz begiratu nion Txindokiri: "ea aurtengo negue ona den..."

Ea horrela den...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Goikoetxea I. Aralar mapa, 1/25.000. 1990.
- Smithyrenbloga bloga. Ausa Gaztelu (904 m) eta Esnaurretako bordak Olakosaitik. 2013/03/03. 2013/03/11 Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2013/03/ausa-gaztelu-904-m-eta-esnaurretako.html
- Smithyrenbloga bloga. Ausa Gaztelu (904 m) Olakosaitik: bi bide ezberdin ibilbide berean, 2018/01/03. 2018/01/18. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2018/01/ausa-gaztelu-904-m-olakosaitik-bi-bide.html


2 iruzkin: