AZKEN 10 SARRERAK

2021/09/25

PANTICOSAKO BAINUETXEA: "VIA DEL IBON" BIDEA, 280 m, V+/6a. 2021/08/26


"Vía del Ibon" bidearen hasiera adierazten duen zinta.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Tena bailara, eskaladari dagokionez, pixkanaka ezagutzen ari naizen bailara da. Etxetik urrun geratzen ez den bailara izanik, gure artean oso bisitatua izaten da eta ez da harritzekoa goazen lekura goazela euskaldunak ikustea edota euskara entzutea.

Mila aukera dituen bailara da, aukeratzen dugun eskalada mota eta urte-sasoia aukeratzen dugula ere: kirol-eskalada, hainbat luzeetako eskalada-bide ekipatuak eta erdi-ekipatuak, horma handietako eskalada klasikoa, izotz-eskalada, eskalada mistoa nahiz korredoreetako eskalada.

Harkaitz-eskaladari dagokionez, aurten gertakari iraultzaile bat jazo da: Luis Alfonso “Luychi”-k Tena bailarari buruz argitaratu duen liburua. Liburua itzela da, krokisez betea, Tena bailarak dituen mila aukera modu errazean azaltzen dituena. Ez naiz blogean publizitatea egiteko zalea, baina liburu honekin salbuespen bat egingo dut eta etxeko liburutegian izatea biziki gomendatzen dizuet. Liburuaren inguruko fitxa teknikoa “Kronika idazteko erabilitako liburu eta web orriak” atalean topatuko duzue. Ea orain Luisek hitz eman didan irabazien %45a ematen didan, jejejejeje.

Luisen liburuan aurkezten diren ehunka eskalada-bideen artean kronika honetakoa dago, "Sendero Limite" talde nekaezinak 2018ko uztailan ireki eta bi urte beranduago beraien blogean ezagutzera eman zuena. Orduz geroztik errepikapenak izan baditu ere, oraindik ez du Panticosako bainuetxearen inguruan ireki dituzten beste eskalada-bideetako osperik hartu, eta hau bidea eskalatzerakoan notatzen da, paraboltak izan arren horma basati bat eskalatzen ari garen sentsazioa transmititzen baitu.

Oraindik “oso ezaguna” ez izatea izan zen Asier eta bioi erakarri gintuena Tenako bailaran pasako genituen bi egunetako lehenari hasiera emateko. Baita asmatu ere, eskalada osoa bakar-bakarrik egingo genuelako.

Goizeko hamarretarako jarri genuen hitzordua. Bideak orientazioa ekialdera duenez eta eguna eguzkitsu eta beroa iragarrita zegoenez plana zailtasunik gabe antolatu genuen: etxetik presarik gabe abiatu, Panticosako bainuetxean zerbait bazkaldu eta arratsaldeko itzalpean eskalatu.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 280 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Luis Royo, Julio Benedé eta Martín el Txeko, 2018ko uztailaren 5an.
- Zailtasuna: V+/6a. Luzez luze: 1º: V (35m), 2º luzea: V/V+ (40 m), 3L: IV (40 m), 4ºL: V/V+ (40 m), 5ºL: V+/6a (45 m), 6ºL: IV+/V (40 m) eta 7ºL: IV (40 m).
- Orientazioa: Ekialdea, arratsaldeetan itzalean eskalatzeko aukera izango dugu.
- Ura: Panticosan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Argualaseko ur-jauzira hurbilduko gara. Ur-jauziaren eskuinetik (parez-pare begiratzen badiogu) bidexka bat igo eta ur-jausiaren gainean zubi moduan dauden metalezko 2 oholetatik erreka zeharkatuko dugu. Hemendik aurrera mugarriez adierazitako bidea jarraitzea besterik ez da. Bideak sabai handi bat duen horma beltz batera eramaten gaitu. Bidearen hasieran sabai erraldoi honen eskuinean kokatzen da, pinu baten ondoan. Bidearen lehen paraboltetik, ohikoa den moduan, bidearen izena idatzita duen zinta bat topatuko dugu. Osora ordu erdi inguru beharko dugu hurbilketarako.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik gora diedrotxo motz eta etzan bat igo ondoren pinudi batean sartuko gara. Pinudian mugarriz adierazitako bidexka bat jarraitzen hasiko gara arrasto urdin eta zuriak dituen bide nabarmen batekin topo egingo dugun arte. Bide hau Ordicusoko aintzirara doan bidea da. Bideari jarraituz, Majada Baja de Argualas-era iritsi aurretik, bidegurutze batean eskuinera hartuko dugu erreka nabarmen batera zuzenduz. Erreka honetan harrizko zubi nabarmen batzuk ikusiko ditugu. Errekaren eskuin ertzetik jaisten jarraituz, bigarren zubitik erreka zeharkatu eta Garmo Negrora doan bide nabarmenarekin topo egingo dugu. Behin bide honetan, inongo galerarik gabe Bainuetxera iritsiko gara. Guztira, bidearen amaieratik bainuetxera itzultzeko 45 minutu pasa genituen lasai ibiliz.
- Eramandako materiala: Bidea ekipatuak dagoenez, luzera ezberdinetako 14 express-zinta eta bilguneak muntatzeko zinta-uztaiekin nahikoa izango dugu. Walkie-talkie batzuk eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi inguru.

BIDEAREN KROKISA

Eskalada-bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Panticosako Bainuetxera iritsi ginenean ez zen inor gehiago sartzen. Ibilgailuek zirrikitu guztiak okupatzen zituzten, zentro komertzialetako aparkalekuetan merkealdietan gertatzen den moduan. Honelakoetan lasaitasuna mantentzea izaten da onena, arnasa lasai hartu eta probidentziaren eskuetan gelditu.

- Jainkoa existitzen bada leku bat topauko deu, jejeje – bota nion Asierri umoretsu.

Bat-batean, mirari baten moduan, Jainkoa azaldu zen eta zuhaitz batzuen azpian erdi-itzalean zegoen leku eder bat erakutsi zigun. Eta gero batzuk esango dute otoitz egiteak baliorik ez duela, jejeje!!!

Eguzkiak gogor jotzen zuen, iragarpen guztiei arrazoia emanez. Honegatik, furgonetatik jaitsi ginenean egin genuen lehen gauza eguzkitako krema ematea izan zen:

- Zeoze bazkaltzeko gogoa daukezu? –Galdetu nion Asierri krema ematen nuen bitartean.
- Egie esan ez – erantzun zidan -, barrita bat bakarrik jangoet.

Berandu eta asko gosaltzearen ondorioetako bat bazkaltzeko gogoa atzeratzen dela izaten da. Barratxo energetikoa murtxikatzen genuen bitartean motxilak hartu eta martxan jarri ginen.

Ibilgailuak aparkatuta zeuden etorbide luzea zeharkatu ondoren, Panticosako bainuetxeko aintzirak iparrean osatzen duen erpinetik ipar-mendebaldera doan bidea hartu genuen, zuhaitz batzuetan margotuta dauden gezi gorriei jarraitzen hasiz.

"... zuhaitz batzuetan margotuta dauden gezi gorriei jarraitzen hasiz".

Prozesioan, gora eta behera zihoazen mendizale, turista eta igandezaleen artean, aintziratik hamabost minutu eskasean Argualaseko ur-jauzira iritsi ginen.

Argualesko ur-jauzia. Argazkian zeharkatu behar den zubia adierazita dago.

Ur-jauziko ur hotzean freskatzen eta bainu bat hartzen ari zirenenen burrunbari entzungor eginez, ur jauziaren eskuinetik zuhaitz artean doan bidexka estu eta tente bat igo eta ur-jauziaren gainean zubi moduan dauden metalezko 2 oholetatik erreka zeharkatu genuen.

Metalezko bi oholetako zubia zeharkatzen.

Hemendik aurrera pinudi bat altuerarik irabazi gabe zeharkatzen duen bidea jarraitu besterik ez genuen egin, gezi gorri bat duen harkaitz handi bat topatu genuen arte. Basoak berriro ere bere soinu harmonikoa berreskuratzen zuen bitartean, bainuetxeko zarata eta jendetza pixkanaka atzean geratuz joan zen. Askotan idatzi dudan moduan, geroz eta gutxiago jasaten ditut jendetza biltzen dituzten lekuak, leku hauek mendia, hondartza edo zentro komertzial bat badira ere. Urteak aurrera doazen heinean leku bakartiak dira gogoko ditudanak, zibilizaziotik urrun, nahiz eta horrek “arraro”, “antisozial” edo “berekoi” bezalako etiketak aurpegiratzea erakarri. Baina baita ere kontziente naiz leku bakartietara iristeko ordaindu beharreko ordainsaria askotan jendetza bilduta dagoen lekuetatik ibiltzea izango dela. Zerbait nahi duenak zerbait ordaindu beharra dauka.

"... gezi gorri bat duen harkaitz handi bat topatu genuen arte".

Geziak adierazten duen bidetik aurrera mugarri ezberdinak jarraituz hasi ginen, hasieran aldapa gora, gero pinuen enborren artean lotutako plastikozko soka fin batekin “babestuta” dagoen zeharkaldi horizontal bat eginez, eta amaitzeko, berriro ere aldapan gora, sabai nabarmen bat duen horma beltz batera zuzenduz.

Maldan gora...

Soka fina jarrita dagoen zeharkaldian.

“Vía del Ibon” bidearen hasiera sabai erraldoi honen eskuinean kokatzen da, pinu pare baten ondoan. Bidearen lehen paraboltetik, ohikoa den moduan, bidearen izena idatzita duen zinta bat zintzilik topatu genuen:

"Vía del Ibon" bidearen hasiera.

- Joe, tontamenten igo gea – esan nion Asierri Panticosako Bainuetxea seinalatuz.

Ahalik eta izerdi gutxiena botatzeko helburuarekin hurbilketa presarik gabe hartu bagenuen ere, motxilak kendu genituenean kamisetak blai eginda zeuden. Eguzki-izpiek horma oraindik gogor jotzen zuten harkaitza bero-beroa mantenduz:

- Ez dakit merezion eskalatzen hastea … - esan zidan Asierrek lehen luzeko parabolt lerroa nondik nora zihoan begiratzen zuen bitartean -. Ze ordu da?
- Hoixe bea pentsatzen ai nintzen – erantzun nion –, ordubik pasata izanda pentsatzet ordubete ingurun eo pareta itzalpen eongoela.

Horma itzalpean gelditzen zen bitartean bidearen hasieran dagoen pinuaren gerizpean oinutsik zain egon nintzen. Itzalpean, ibilgailuen joan etorri etengabeari begira ari nintzela, bainuetxeari inurritegi baten itxura hartu nion. Inurrien mugimenduarengatik hipnotizatuta nengoen bitartean, Asierrek “Luychik” irekitako “Ninu” eskalada-bidea (315 metro, 6c+ edo 6a behartua) non hasten den ikusteko aprobetxatu zuen.

- Bide gogorra emateu – esan zidan itzuli zenean – tetxua zuzen igotzeu…

Arratsaldeko 14:45tan eguzkia hormaren ertzetik gertu zegoen jada. Hau ikusta, eskalatzen hastea erabaki genuen:

- Pentsatzet lehenengo largoa bukatzen deuneako eguzkie junda eongoela – esan zidan Asierrek arnesa jartzen zuen bitartean.
- Gogorau “Imserso Extrem”-en nik bukau nula eskalatzen – gogoratu nion, expresss-zintak pasatzen nizkion bitartean-, gaur zuri hastea tokatzean zaizu, jejeje.

Eskalatzera joaten garenean, gure arteko tratua sinplea da. Amaigabeko eskalada-bide bat eskalatzen ariko bagina moduan, azken eguneko azken luzea eskalatzen duenak hurrengo eguneko lehen luzea ez du hasten.

Dena prest genuenean, talkie-ak piztu eta Asier eskalatzen hasi zen.

- 1º luzea, 35 metro, V. Bidea zintadun parabolta jarrita dagoen 2-3 metroetako hormatxoa eskalatuz hasten da (III), ezkerretik erdi-oinez saihestu daitekeena.

Hasierako hormatxoa eskalatzen.

Hormatxoa atzean utzita, Asierrek lur eta belarrez “zikindutako” plaka etzan bat arin eskalatzen jarraitu zuen (II+), diedro nabarmen eta bertikal batekin topo egin zuen arte. Heldulekuak ongi bilatuz, poliki-poliki 3-4 metroko diedroa eskalatzen hasi zen (IV+).

Diedroan.

Diedroaren goialdean harkaitz-bloke handi batzuk daude. Hemen, kontu handiz ezkerrera zeharkaldi horizontal bat egiten hasi zen (IV+). Zeharkaldi honetako pasagunerik zailena diedrotik ateratzea da (V). Pasagune hau argi ikusiko ez balitz, parabolt batetik soka bat zintzilik dago A0 moduan gainditu ahal izateko.

Diedroa eskalatu ondoren, harkaitz-blokeen gainetik egiten den zeharkaldian.

Lehen pasagune honen ondoren, zeharkaldiak diagonalean ezkerrera jarraitzen du. Zeharkaldia zuhurtzia handiz egin zuen, oso poliki, erortzeko beldurrez egongo balitz bezala (IV+). Harritu ninduen Asier azpitik pasagune erraza zirudiena hain poliki eskalatzen ikustea, baina misterioa minutu batzuk beranduago argitu nuen: zeharkaldia lurrez beteta dago eta heldulekuek ez dute konfiantza handirik ematen, tarteka hareaz estalita daudelako.

Zeharkaldia amaituta uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi zen.

Lehen bilgunea muntatzen.

Lehen bilgunetik behera egindako argazkia. Non dago Wally?

- Largo honek ze gradu dauke? – galdetu nion bilgunera iritsi nintzenean.
- Kuarto irakurri detela esango nuke, ta hurrengoa kuarto mas.
- Joe, ba kuartoa izateko azpiko paso hoi eztakit ba… - erantzun nion -, nik kintore emango nioke…
- Neire kinto iruittu zait – erantzun zidan.
- Ba ea hurrengo kuarto mas hoi nolakoaen… - erantzun nion soberan zituen express-zintak hartuz.

- 2º luzea, 40 m, V/V+. Bilgunearen ezkerretik atera, eta erlaitz inklinatu bat zeharkatuz, horma bertikal baten oinera iritsi nintzen. Zeharkaldi hau ez zitzaidan zaila iruditu (III/III+) eta Fourcheko lepotik Midi D’Ossaura igotzeko zeharkatzen den plaka grisetako zeharkaldia burura ekarri zidan. Baina erraza zela iruditzeagatik ez da lasaitu behar eta kontu handiz egin beharreko zeharkaldia dela ere iruditu zitzaidan, lur eta hondarrez estalita dagoelako.

Zeharkaldiaren amaieran.

- Hau kuarto mas bada, kristoneko heldulekuk izan beharkoittu – oihukatu nion Asierri hormaren oinetik.

4-5 metro izango dituen horma makurtu baten oinean nengoen, azpitik ikusita beldurgarria dirudien horietakoa: “gutxiñez seguruk ez dare urruti” pentsatu nuen. Heldulekuak txarrak ez zirela ikusita, hormaren ezker ertzetik gertu eskalatzen hasi nintzen hormaren lehen parabolta txapatuz. Besoetatik zintzilik, oinentzat helduleku onak aurkitzen nituen bitartean grabitate indarrak bere efektua egiten hasi zen beheraka tira eginez.

Gorputzaren pisuaren zati bat oinetara pasatuz besoak nolabait arinduu eta helduleku gehiagoren bila hasi nintzen, heldulekurik onenak hormaren eskuin aldean zeudela aurkituz. Bitan pentsatu gabe hormaren eskuin aldera pasa nintzen, eskuin eskuarekin bertan dauden helduleku ederrei helduz. Besoak nekatu baino lehen, helduleku hauetatik tira eginez, arnasestuka, hormaren zatirik makurtuena eskalatu nuen (V/V+).

Pasagune makurtua eskalatu ondoren.

Hormatik ateratzea uste nuena baino gehiago kosta zitzaidan, lur asko dagoelako. Bilgunera arteko azken 5-6 metroak erdi-oinez bete nituen, lurrez estalitako zeharkaldi bat eginez.

Asier luzea amaitzen.

Ez dut imajinatu nahi azken metro hauek zer izango diren bustitzen direnean.

- Kuarto mas? Baita zeare – esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean.
- Bai, nire harrittuta nau – erantzun zidan – Ze hau kuarto mas bada eztakit goiko kinto masa ze izangoen…

Bigarren bilgunean, bilgunera arteko zati lurkara ikusi daiteke.

Bideari susmo txarra hartuta geunden, edo beste modu batera esanda, beldurtzen hasita geunden. “Sendero Limite”-ko beste eskalada-bide batzuk eskalatuta genituen eta gutxi gora behera zailtasun maila nola ezartzen duten bagenekien, baina bide honetan zailtasun maila “zorrotzegi” jarrita zegoela pentsatzen hasi ginen.

- Hurrungoare kuarto dela esango nuke – esan zidan Asierrek bilgunetik atera aurretik.
- Ba ea zemuzkoaen...

- 3º luzea, 40 metro, IV. Lur zatiak ahalik eta gehien ekidinez, harkaitz-plaka ezberdinak konbinatuz, Asierrek bilgunearen ezkerretik diagonalean eskalatzen jarraitu zuen, zertxobait eskuinera dagoen ezproi nabarmenaren oinera iritsi zen arte (III/III+). Lehen metro hauetan eguzkia oraindik pareko hormaren atzean ezkutatu gabe zegoen eta begietan bete betean ematen zidan Asierren mugimenduak nekez jarraituz. Eguzkiagatik itsututa, sokak trasnmititzen zizkidan sentsazioez gidatu nintzen.

Eguzkiaren azken izpiek begietatik ihes egiten zuten bitartean, Asierrek ezproiaren eskuineko hormatxo bertikala (3-4 metro) eskalatu (IV) eta ezproira igo zen.

Ezproitik egindako argazki honetan Asier ikusteko ahaleginetan nagoela ikusi daiteke.

Hemendik aurrera ezproiaren ahotik eskalatzen jarraitu zuen (IV), azken metro erraz batzuen ondoren (III+) pinu txiki baten ondoan dagoen uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi zen arte.

Bilgunera iristen.

- Hau bai dela kuarto bat – esan zidan talkie-tik bilgunea muntatu zuenean.

Ezproira igotzen eskalatu behar den hormatxoaren oinean.

Asierrek esan bezala, luze hau, lehenengo biekin alderatuta, errazagoa zela iruditu zitzaidan. Bilgunera iritsi nintzenean atentzioa deitu zidan paraboltetako bat pinura soka batekin lotuta zegoela ikusteak.

Hirugarren bilgunea. Pinura lotuta dagoen soka ikusi daiteke.

- Lehenego bi largok kinto zien – esan zidan Asierrek telefonoa kontsultatuz -, hola bai, kuadratzeit.
- Neire – erantzun nion -, goiko kinto masekin akojonatzen hasita neon eta, jejeje.
- Hurrengo largoare kinto da – esan zidan mugikorra poltsikora itzuliz.
- Bueno oaingon behintzet ezteu sorpresaik hartuko, jejeje.

- 4º luzea, 40 metro, V/V+. Luzea ezkerretik eskuinera horizontalki zeharkatu behar den horma ilun eta tente batekin hasten da. Onartu beharra daukat zeharkaldiak ez zidala susmo onik eman, lehen parabolta oso urrun zegoela iruditu zitzaidalako. Baina bestalde, nire buruari "urruti badau errexa izangoenaren señale izangoa" esanez, zeharkaldia zirudiena baino leunagoa izan zitekeela ere pentsatu nuen. Kanal estu bat zeharkatuz, horman (eta luzean) dagoen lehen paraboltera iritsi nintzen (III+).

Zeharkaldia teknikoki zaila baino (helduleku oso onak ditu), ikusgarria iruditu zitzaidan, egun batzuk lehenago eskalatu genuen "Imserso Extrem" bidearen azken luzearen modukoa. Lehen metroak horizontalak badira ere, bigarren eta hirugarren parabolten artean diagonalean eskalatzen jarraitu nuen, horma bertikal batekin topo egin nuen arte (IV+).

"... horma bertikal batekin topo egin nuen arte".

Horma bertikal honek azpitik dirudiena baino helduleku hobeak ditu.

Horma bertikala azpitik ikusita.

Metroak zuhurtziaz eskalatuz, poliki baina gelditu gabe hormari metroak jan nizkion, bazkari goxo batekin egiten den moduan. Hormak goialdean osatzen duen pitzadura/diedro moduko bat eskalatu ondoren, harkaitz-plaka etzan batera igo nintzen (V/V+) .

Harkaitz-plaka etzanetik bilgunera egindako argazkia.

Harkaitz-plaka hau alderik alde zeharkatu ondoren (III) bigarren horma bertikal batekin topo egin nuen, “Sendero Limitekoek” “Placa Negra” bezala izendatu zutena. Eta izenari ohore eginez, liken beltzez estalitako horma da: “pentsatzet gogorrena hemen eongoela”, pentsatu nuen.

“Placa Negra”-ren eskalada presarik gabe hartu nuen, arnasa sakon hartuz. Hormaren erdian gutxi gora behera pasagune fin bat zuela iruditu zitzaidan, V+ zailtasunaren ingurukoa. Pasagune honetan, parabolt batetik zinta fin bat zintzilik jarrita dago, pentsatzen dut A0 moduan eskalatu ahal izateko, baina ez zidan konfiantza handirik eman, eta hortzak zertxobait estutuz, pasagunea zintari eutsi gabe eskalatu nuen (V/V+).

Horma likenez estalita badago ere inongo momentuan ez nuen itsasgarritasun arazorik izan. Hala ere, horma hau hezea egonez gero ez dakit nolakoa izango den…

"Placa Negra" eskalatuta horma etzan egiten da eta luzea eskuin aldean ikusten den erlaitz zabal eta inklinatu batera zuzentzen da (III). Erlaitzaren gainetik metroak erraz irabaziz (II), horma bertikal baten azpian muntatuta dagoen bilgunera iritsi nintzen.

Bilguneraino luzatzen den erlaitz inklinatua.

- Hemen dauneko estutu behar izan det – esan nion Asierri erlaitzaren ertzean azaldu zenean.
- Bai, bazegon paso fiñen bat, bai – erantzun zidan.
- Ea oaingo kintomas-a zemuzkoaen.
- Oaintxe ikusiko deu – erantzun zidan.

Luzearen amaieran.

- 5º luzea, 45 m, V+/6a. Asier azpitik helduleku onak dituela dirudien hormatxo bertikala zuzen eskalatzen hasi zen. Lehenengo paraboltetik soka pasa zuenean ezkerrera horizontalean mugitu, eta nahi baino gehiago estutuz, hormatxoa eskalatu zuen (V).

- Estutu behar izan det, eh? - esan zidan hormatxoaren gainetik.

Hormatxo bertikala eskalatuta ezker joerarekin eskalatzen jarraitu zuen bigarren hormatxo batekin topo egin zuen arte (IV+).

Bigarren hormatxoaren oinean.

Bigarren hormatxo hau lehenengoa baino errazagoa da eta Asierrek ez zuen inongo zailtasunik izan eskalatzeko (IV+). Hormatxo hau eskalatuta, helduleku onak dituen horma bertikal bat eskalatuz jarraitu zuen, bigarren horma bertikal baten oinean dagoen erlaitz estu eta inklinatu batera iritsi zen arte (V-).

"...erlaitz estu eta inklinatu batera iritsi zen arte". Argazkian bigarren hormatxoa (ezkerrean, zuri kolorekoa) ikusi daiteke.

- Zemuzkoa?
- Oaingoz errexa, kuarto mas eo kinto ingurun - erantzun zidan.

Bigarren horma bertikal hau "Sendero Limitekoek" "Placa del pino" bezala izendatu zuten eta bertan dago luzeko (eta eskalada-bidekoa) pasagunerik zailena. Lehen metroak ez dira oso zailak eta V zailtasunaren inguruan daude. Asierrek metro hauek lasaitasun osoz eskalatu ondoren, bat-batean gelditu zen.

V+ pasagunean zegoela pentsatu nuen, batetik edo bestetik eskalatzen jarraitzeko behin eta berriz begiratzen ari zelako. Zein mugimendu egingo zituen argi izan zuenean eskalatzen jarraitu, eta poliki-poliki, hormaren ezkerreko ertzara hurbildu zen. Ezker eskuarekin hormaren ertzari helduz zuzen eskalatzen jarraitu zuen pasagunea atzean utziz (V+/6a).

V+/6a pasagunea eskalatu ondoren.

- Muuuuuuchooooooo!!!! - oihukatu nion bilgunetik.

Pasagune gogorrena atzean utzita, pixkanaka etzanez doan horma arin eskalatzen jarraitu zuen, harkaitz-bloke nabarmen eta borobildu batean jarraitako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi zen arte ("Sendero Limite"-koek harkaitz-bloke honi "La Bola" izena eman zioten).. Bilgune hau atzean utziz, bertatik 3-4 metro gorago pinu bat gainean duen hormatxo bertikal batean dagoen bigarren bilgune batean bilgunea muntatu zuen.

Bosgarren bilgunean. Argazkian "La Bola"-n jarritako uztaidun paraboltak ikusi daitezke.

- Aurreko largon baño gehio estutu behar izan det - bota nion "Placa del Pino" eskalatu nuenean.
- Nei aurrekon antzekoa iruittu zait ba - erantzun zidan -, igual hemen gogorxeago, baña antzekoa.

Pasagunea V+ gogor bat edo 6a erraz bat izan zitekeela pentsatu genuen. Gero Luisen liburuan ikusiko genuen bezala, berak 6a zailtasuna eman dio.

"Placa del pino"-tik ateratzen.

- 6º luzea, 40 metro, IV+/V. Asierren ondotik pasatuz bilgunea kokatutako 3-4 metroetako hormatxo bertikala eskalatzen hasi nintzen. Pasagunea pinuaren enborretik pasatuta dagoen soka batekin babestuta dago. Bertatik lehen express-zinta pasatuz, besoetatik nahi izan nuena baino gehiago tira eginez hormatxo bertikal hau eskalatu nuen (IV+/V).

Hormatxoaren gainetik egindako argazkia.

Pasagune bertikal hau eskalatuta horma asko etzaten da, eta honek metroak arin eskalatzea ahalbideratu zidan (III), tximini antzeko bat duen horma bertikal batekin topo egin nuen arte. Gelditu gabe, tximinia eskalatzen hasi nintzen, lasaitasunez, eskuentzat baino oinentzat heldulekuak ongi bilatzen. Helduleku ederrak izanda, ez zitzaidan eskalada zaila iruditu (V-), horregatik harritu ninduen tximiniaren amaieran zintadun parabolt bat topatzea.

Tximinia eskalatu ondoren...

- Eztet hurrengo parabolta ikusten!!! - Oihukatu nion Asierri tximiniaren irteeratik -. Krokisen ze jartzeo?

Tximiniaren amaieran batera eta bestera begiratu arren ez nuen paraboltik ikusten. Harrituta nengoen, orain arte parabolten arteko tartea oso luzea ez zelako. "Paraboltak ez badare errexenetik igo beharkoa" pentsatuz, ezker joerarekin eskalatzen jarraitu nuen. Eta eskalatzen hasi nintzenetik metro gutxietara erdi-ezkutatuta zegoen parabolt bat topatu nuen.

- Listo!!!! Bidea topatu det!!!! - Oihukatu nion.

Parabolt hau atzean utzi eta ezker joerarekin eskalatzen jarraituz, arrail nabarmen eta diagonal bat duen harkaitz-plaka inklinatu batera iritsi nintzen. Harkaitz-plakan oinentzat heldulekuak bilatuz eta eskuak arrailean sartuz, erdi-babariar teknikarekin harkaitz-plaka eskalatu nuen, erlaitz inklinatu batean muntatutako bilgunera iritsi nintzen arte (IV).

Bilgunetik behera egindako argazkia...

... eta behetik bilgunera egindakoa.

- Azken pasito hau izugarri gustau zait - esan nion Asierri arraildun plakara iritsi zenean.

"... esan nion Asierri arraildun plakara iritsi zenean".

- Bai, politte!! - erantzun zidan bilgunera iritsi zenean.
- Azkenekoa falta da, ez?
- Bai - erantzun zidan express-zintak arnesean ordenatzen zituen bitartean.

- 7º luzea, 40 metro, IV. Bilgunetik ezker joerarekin eskalatzen jarraituz, 3-4 metro inguruko hormatxo tente baten azpian dagoen paraboltera zuzendu zen (III). Gelditu gabe, lehen paraboltetik express-zinta pasatu ondoren hormatxoa eskalatzen hasi zen.

Hormatxoaren azpian...

Hormatxoa mugimendu geldoak eginez eskalatu zuen (IV), harkaitzaren metro bakoitzari zukurin handiena atera nahiko balio bezala:

- Hemendio aurrea dena etzanda dau - esan zidan hormaren gainetik.

Hormaren gainetik bilgunera egindako argazkia.

Hormatxotik aurrera luzearen zailtasuna erabat jaisten da. Nire begiradatik ezkutatuta, belar artean dauden harkaitz-bloke eta harkaitz-plakak bata bestearen atzetik lotuz, belarra zapaldu gabe, Asier metroak arin irabazten joan zen, zerbaitegatik ihes joango balitz bezala (II/II+). Bilgunera iritsi aurretik hormatxo motz eta tente bat dago, eskalada-bidearen azken zailtasuna. Asierrek ez zuen inongo zailtasunik izan hormatxo hau eskalatzeko (III) reversotik arin pasatzen zen soka inongo momentuan gelditu ez zelako.

- Reuniónnnnnnn

Asierrek bilgunea muntatzen zuen bitartean hormari bizkarra eman eta inguratzen ninduen paisaiaz gozatzen hasi nintzen. Nire azpian, itzal eta eguzkiaren arteko mugan, urdin kolore biziko aintzirak Panticosako bainuetxea txiki bihurtzen zuen, bailararen protagonismo osoa lotsagabe bereganatuz. Begirada gora zuzentzearekin batera, Panticosako bainuetxearen inguruan osatutako hormatzarraren gainetik, sakabanatuta, Batanes, Xuan, edo Serrato mendien puntak ageri ziren, zeruertzari itxura basatia emanez. Bista hauengatik kutsatzeko bakarrik merezi du eskalada-bide hau eskalatzea.

Seigarren bilguneko bistak...

Ohikoa dudan moduan, azken luzea lasaitasunez hartu nuen, pazientziaz, mugimendu bakoitza gozatuz.

Luzearen hasierako hormatik azken bilgunera egindako argazkia.

Asierrek honela ikusten ninduen. Ikusten den moduan, luzearen azken zati honek ez dauka zailtasun handirik.

Buru eta arima harkaitzera eramaten direnean mugimenduak arin egiten dira, trabarik gabe, airean flotatzen ariko bazina bezala. Denbora geratu egiten denaren sentsazioa izaten da eta konturatzen garenerako bidea amaitzen da, sentsazio gazi-gozo bat sentituz: gozoa, sentsazio honek izugarrizko bakea ematen duelako, gazia aldiz, bake sentsazio hau hauskor eta hilkorra dela badakigulako, hasperen bat baino gutxiago irauten duena. Baina hilkorra bada ere sakona da, oso sakona, eta berriro ere eskalatzera eramaten gaitu, sentsazio berri baten bila.

Bilgunera iritsi aurretik eskalatzen den hormatxoa (III).

Konturatu nintzenerako harkaitz-bloke handi batean muntatutako azken bilgunera iritsi nintzen.

Azken bilgunea.

- Earra bidea, ez?
- Bai baño oaindio jendea pasa beharren dau gehio garbitzeko - erantzun zidan Asierrek.
- Arrazoi - erantzun nion -, ta gañea hezea eo bustie badau bere gauzare izangou.
- Bai, hoi ebai - erantzun zidan - hau udaberrin eskalatzea beste gauza bat izangoa.

Arratsaldeoko bostak eta hogei ziren. Bidea eskalatzen hasi ginenetik bi ordu eta erdi pasatxo pasa ziren, baina hori gutxienekoa zen. Trasteak kontu handiz motxilara itzuli eta soka bildu ondoren beherako bidea hartu genuen.

Bidearen amaieran.

Bidearen amaieratik gora metro batzuetan igo eta diedro itxurako hormatxo bat igo ondoren pinudi batera iritsi ginen.

Diedro itxurako hormatxoa igo ondoren.

Bide "berria" izanda, atentzioa deitu zigun pinudia zeharkatzen duen bidexka hain nabaria izatea. Bidexka eta tarteka muntatuta dauden mugarriak jarraituz, bideak zeharkaldi zabal bat egiten du, altuera handirik galdu gabe, bide nabarmenago batera iritsi ginen arte. Hasieran ez genekien zein bidetan geunden marka urdin eta zuriak ikusi genituen arte. Orduan jakin genuen Ordicusoko aintzirara doan bidean geundela.

Ordicusoko aintzirara daraman bidean. Argazkian arrasto zuri eta urdina ikusi daiteke.

Ordicusoko aintzirara daraman bideak Majada Baja de Argualas-era jaisten da, bertan Garmo Negrora doan bidearekin elkartzeko. Metroak galtzen genituen bitartean, Garmo Negro eta Pondielloseko Orratza geroz eta nabarmenago geratzen ziren zerua moztuz. Ezinbestean gogora etorri zitzaidan duela hamar urte, MAT talde osoa Jonekin mendi hauek osatzen duten ertza luzean bizi izan genuen abentura ederra.

"... Garmo Negro eta Pondielloseko Orratza geroz eta nabarmenago geratzen ziren zeruaren kontra moztuz".

- Ta bitxur hontatio jaisten bagea? - esan zidan Asierrek, geure eskuinean zegoen errekasto nabarmen batera zuzentzen den bidexka bat seinalatuz.
- Zuzenago doala emateu - erantzun nion bere atzetik bidexka jarraitzen hasiz.

Errekastora hurbiltzen ari ginela, bat batean pinuen artean sarrio kume bat eta bere ama irten ziren. 25-30 metro eskasera, pinu eta zuhaixken artean, guri begira geratu ziren, kuriositatez betea, zer egingo genuen zain egongo balira bezala. Haranean egongo zen zurrunbilotik urrun, bi animaliak lasai ikusteak izugarri poztu ninduen, mehatxu bezala ikusten ez gintuztenaren seinale. Argazki batzuk egin ondoren jaitsierarekin jarraitu genuen, sarrioak lasai merendatzen geratzen ziren bitartean.

"Bi sarrioak"..

Errekastoa harrizko bi zubi nabarmenek zeharkatzen dute. Errekastoaren eskuin ertzetik jaisten jarraituz, bigarren zubira iritsi ginenean, zubi honetatik errekastoa zeharkatu eta Garmo Negrora doan bide nabarmenarekin topo egin genuen.

Lehenengo harrizko zubia bigarrenetik ikusita.

Bigarren harrizko zubia zeharkatzen.

Garmo Negrora doan bidean metroak jaisten genituen heinean, pertsonen ahots eta oihuak, zaparradaren aurreko lehen euri-tanten moduan, pixkanaka nabarmenduz hasi ziren. Bainuetxera iritsi ginenerako ahotsen zaparradak ez zuen mendiaren isiltasuna entzuten uzten.

Ez ginen denbora luzean bainuetxean geratu. Izerditutako arropa kendu, arropa lehorra jarri, etxera deitu, eta dena jaso genuenean, La Sarrako urtegira zuzendu ginen, bertako aisialdi gunean afaltzeko garaiz iristeko.

La Sarrako bidean. Peña Foratata, beti bezain ikusgarri.

Gosaldu genuenetik barratxo bakarra janda genuenez, afaria gogo biziz irentsi genuen, munduko jakirik goxoena izango balitz bezala. Biharamunari begira energia eta hidratazioa berreskuratu beharko genuen, Gran Facha mendiaren gailurrera hainbat orduetako ibilbidea izango genuelako. Gainera erronka ez zen erraza: krokisik gabeko bide batetik igo eta mapan agertzen ez zen bide batetik jaitsi.

Erronka interesgarria, ezta? Hori biharamunean ikusiko genuen...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Alfonso L. Valle de Tena, 291. Edición: La noche del loro, 2021.
- Sendero Límite bloga. 2020/07/30. Balneario de Panticosa. Vía del Ibon. Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2020/07/balneario-de-panticosa-via-del-ibon.html
- Eskalatzen bloga. Balneario de Panticosa - Vía del Ibon (5c, 260 m, derrigorrez 5b). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2021/07/balneario-de-panticosa-via-del-ibon-5c.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina