AZKEN 10 SARRERAK

2021/08/02

ASPE (2.640 m), EKIALDEKO ERTZETIK: SAGUZARRAREN HEGALAREKIN JOLASEAN... 2021/07/17

Aspeko postontzia.

Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Aspe pisu handiko izena duen Pirinioetako mendietako bat da. 2.640 metroko kareharrizko piramide ikusgarri honek Aspeko bailara harro dominatzen du, mendizaleen ametsak desafiatuz. Honegatik, itsasargi baten moduan, bere gailurrak mendizale asko erakartzen ditu, bai oinez, bai eskalatzen, bai udan, baita negu giroan ere, denentzat edozein egoera edo moduan igotzeko aukera eskeintzen baitu.

Mendi hau nire ametsen desafioa ere izan zen baina bertara egin nuen lehen igoera ez zen 2019ko martxoaren 2ra arte iritsiko. Mendi honetara hain berandu igotzearen arrazoi nagusia esaldi batean laburtu daiteke: "Aspera igotzen naizen lehen aldie ez det bide normaletatik egingo". Behin baino gehiagotan idatzi izan dut Pirinioetan badirela mendi batzuk bere gailurrak lehen aldiz ohiko bideetatik zapaldu nahi ez ditudanak: ba horietako bat Aspe zen. Egun hartan Asierren konpainiarekin ipar-ekialdeko horma eskalatzeko zortea izan nuen. Nork esango zidan bi urte beranduago Aspera bigarrenez igoko nintzela, oraingoan ere ohiko bideetatik igo gabe...

Harkaitz eskaladari dagokionez, Asperen hego-horma eskalatzaileen artean preziatua da. Bertan, bide klasikoak (ezagunena Nafarren bidea) nahiz "modernoak" topatu ditzazkegu, azken hauek Sendero Límite taldekoek irekitakoak. Aipatzekoak dira "Vía subterránea" (300 m, 6b/V-A0) eta "Anaya" (275 m, 6b/6a behartua). Baina hego-hormako eskalada bertikal honi ihes egiten dion aukera "eramangarriago" bat badago: Asperen ekialdeko ertza, Saguzarraren ertza (Arista del Murciélago) bezala ere ezagutzen dena. Izen hau nondik datorren ez dago inon jasoa (izan ere, ertza eskalatu zuten lehen eskalatzaileek "ekialdeko ertza" bezala izendatzen dute), baina badirudi ipar isurialdetik duen itxurari erreferentzia egiten diola. Izenaren jatorria alde batera utzita, ertza honen eskaladak interes handia dauka, lehen aldiz eskalatu zutenen artean Alberto Rabadá eskalatzaile aragoar handia dagoelako.

Alberto Rabadá-rentzat 1962 urtea borobila izan zen. Ernesto Navarro sokalagunarekin, neguan Aspeko ipar aurpegian "Edil" bidea ireki zuten (sokada ospetsu honek irekiko zuen neguko bide bakarrenetakoa). Hilabete batzuk beranduago, abuztuan, sokada honek bere maisulana irekiko zuen: Pico Urrielluko mendebaldeko horma. Irailaren amaieran, Picu Urrielluko mendebaldeko horma ireki eta hilabete eskasera, Luis Alcalde, Manolo Ansón eta Julian Vicenterekin batera, Rabadá Aspeko ekialdeko ertza lehen aldiz eskalatuko zuten, oraingoan Navarro gabe. Tamalez, urtebete beranduago Ernesto eta Alberto Eiger-ko ipar horma eskalatzen ari zirela betirako itzalduko ziren.

Liena de la Garganta (argzkiaren perdían) eta Aspe (honen eskuinean) mendiak. Aspeko ekialdeko ertza eskuinean ikusten den puntaz beteriko ertza da.

Aspalditik nuen ertza hau eskalatzeko ametsa betetzeko gogoa. Ertza hau eskalatzeko proposamena MAT taldean luzatu nuenean Lekuk berehala erantzun zidan: "nekin kontau zak!!". Lanagatik urte eta erdi "benetako" oporraldi bat izan gabe egon ondoren, bi asteetako oporraldiari hasiera emateko modu hobeagorik ez zitzaidan okurritu. Hau gutxi ez bada, sokaren bestaldean Leku izatea gauza handia izango zen, banekielako abenturak iraungo zuen bi egunetan ez ginela laneko kontuetaz ariko: mendia eta eskalada besterik ez.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Luzera zehazki zenbatekoa den ez dakit, baina 310 metroko desnibel positiboa dauka.
- Luze kopurua: 5, baina kopuru hau aldakorra izan daiteke.
- Nork irekia: Luis Alcalde, Alberto Rabadá, Manolo Ansón eta Julian Vicentek 1962eko irailaren 22an.
- Zailtasuna: V-. Luzez-luze: 1ºL (hasierako horma eskalatzeko): IV (20 m), 2ºL ("Dondestastú" orratza eskalatzeko): III+/IV (25 m), 3ºL ("Dondestanestos" orratza eskalatzeko): IV (45 m), 4ºL: V- (20 m) eta 5ºL: IV (20 m). Laugarren eta bosgarren luzeak Asperen gailurraurrea osatzen duen orratza eskalatzeko lehen bi luzeak dira.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Igoeran hainbat errekasto daude ura hartu ahal izateko.
- Hurbilketa: Aísako La Cleta inguruneko aparkalekutik Aísako haitzarteko lepora doan bidetik. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 2-3 orduen artean pasako ditugu (gure kasuan bi ordu pasatxo).
- Jaitsiera: Aísatik doan ohiko bidetik kotxea uzten den lekura 2 ordu eta 2 ordu eta erdiren artean pasako ditugu (gure kasuan bi ordu eta hamar minutu).
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, 10 express zinta luze (ez genituen dozena erdi bat baino gehiago erabili), Totem eta artaka-trabagailu jokoa (bide osoan Totem morea eta art aka-trabagailu bakarra erabili genuen) eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi eta hiru ordu artean (gure kasuan ia hiru ordu). Guztira, kotxetik kotxera, atsedenak zenbatuz, zortzi ordu pasa genuen.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue: kontutan izan ertzetan "track"-a ez dela batera fidagarria, honegatik, "track" hau hurbilketarako eta jaitsierarako bakarrik baliagarria izango litzateke.

Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Ertzaren eskaladaren nondik norakoak guk eskalatu genuen moduan.

"Dondestastú" orratzaren krokis zehatza. Ezker eta eskuin ezproiak bezala izendatu ditudanak dira orratzari "V" hizkiaren itxura ematen diotenak.

"Dondestantestos" orratzaren krokis zehatza. Bigarren eta hirugarren iltzearen artean beste iltze bat adierazita dago. Hasieran iltze honetan express-zinta pasatu banuen ere, azkenean 3. orratzan bakarrik pasatzea erabaki nuen, sokaren marruskadura indarra ekiditeko asmoz.


Aspeko gailurraurrea osatzen duen orratzaren krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

- Gaur kriston egualdie zetorrek…
- Ya lo creo - erantzun nion Lekuri, bezperan erositako opil erdi lehorraren pusketa bat eztarritik nola hala pasatzen saiatzen nintzen bitartean.

Opilak irensteko borrokan ari ginen bitartean, furgonetaren led argietatik haratago zerua izarrez zipriztindua zegoen, zein baino zein distiratsuago, iluntasunaren hutsunea bete nahian. Leiho itxien bestaldean, txitxarren burrunbak eta kilkerren kantuek izar izatera jolasten ari ziren milioika ipurtargien dantza atsedenik gabe animatzen zuten, isiltasuna lotsagabe deseginez.

La Cleta inguruneko (1.500 metro inguru) aparkalekua osatzen zuten errepide bazterrean sakabanatutako furgoneten epeltasunean lo zeudenak ez esnatzearren, goizeko bostak aldera, beste mendizaleei denbora lapurtzen ariko bagina bezala, arin eta ahalik eta zarata txikiena ateraz ibiltzen hasi ginen, motxila astunak sorbaldetatik zintzilik, errepidea mozten duen metalezko langara iritsi ginen arte.

Aparkalekua amaitzen den metalezko langan.

- GPSa piztuek? - Galdetu zidan Lekuk langatik aurrera doan pistan gora hasi ginenean.
- Bai - erantzun nion -, dauneko jatxi diaten “track”-a bistan zeukeat…

Ibilbidea aharrausika hasi nuen. Eskalada ezezagun baten bezperan ohikoa den moduan, loa ez zen indarberritzailea izan. Eta lo lasai eta sakon baten beharra nuen, nahiz eta banekien gau bakarrean ez nuela azken hilabeteetako gauetan galdutako lorik errekuperatuko. Oraingoan gutxienez, ez nuen gaua pasatu Covid birusaren aurkako txertoak zenbatzen, ezta haizea bezain aldakorra den Covid prozedura enegarrenez nola aplikatu antolatzen. Oraingoan gaua Saguzarraren ertzaren eskalada behin eta berriz irudikatzen pasa nuen. Paperaren gainean zailtasun handirik suposatzen ez duen eskalada burutik ezin kentzeak urduritasun ezeroso bat sortarazten zidan: “txarrenen, kintoko pasoa ateatzeik ez bazeukeau, nere sorbalden gañen igo ta nola hala pasako gaittuk” esanda nion Lekuri afarian.

Metalezko langa atzean utzi eta bertan hasten den lurrezko pista porlanezkoa bihurtu zenean, malda handi batek esnatu gabeko gorputzei lehen beroaldia eman zigun, orain arteko abiadura arina lasaitzera behartuz:

- Pentsatzen nian hasi haizen belozidaden jarraittu behar huala… - esan zidan Lekuk isiltasuna apurtuz.
- Ke ba… - erantzun nion -, kotxek ahalik eta azkarren atzen utzi nahi nizkian iñorri gure atzetio korrikan hasteko motiboik ez emateko, jejeje.

“Klasiko” etiketa duten eskalada hauen gauzarik txarrena, “klasiko” etiketa izatea da. Ez dakit zein irizpide jarraitzen den eskalada bati “klasiko” etiketa jartzeko, baina gehienetan sokada askoren jomuga izatea dakar; zer esanik ez, Saguzarraren ertzarekin gertatzen den moduan, zailtasun handirik ez badute. Honegatik, bidean “trafikorik” nahi ez bada, bi aukera ditugu: edo oso goiz edo oso berandu eskalatzen hastea. Gu nahiago izaten dugu gauari ordu batzuk kentzea arratsaldea luzatzea baino. Modu honetan, udako egun beroetan batipat, eguzkiak bazterrak erretzen hasten denerako kotxean edo kotxetik gertu izaten saiatzen gara.

Arnasketa maldara eta begiak iluntasunera egokitzen ziren bitartean, galeperren urruneko kantuak entzun eta iluntasunean behien begi distiratsuak ikusteko aukera izan genuen, airean altuera ezberdinetan flotatzen zuten puntu argi batzuk, gorputz edo formarik gabe, zintzarrien tonu ezberdinen kontzertua hasi ahal izateko eguzkia noiz irtetzeko zain.

Pistaren porlanezko tartea amaitu zenean, ilunpean zegoen Saleras aterpearen azpian, iluntasunaren erdian egurrezko indikazio kartel bat eta indikazio poste bat azaldu ziren (1.550 m inguru). Bertan, pista utzi, eta Aspera doan bidea jarraituz, erreka bat harri batzuen gainetik zeharkatu genuen zelaian gora doan bidea jarraitzeko.

Pista utzi eta Aspera doan ohiko bidea hartzeko bidegurutzean, egurrezko indikazio kartelaren ondoan.

Ez zen denbora luzea pasa berokia kendu eta manga motzeko kamiseten gainean haizetarako txamarra fina soilik jantzi genuen arte. Haize hotz eta beroak sortutako korronteen arteko borrokan bigarrena gailentzen hasita zegoen, eguraldi beroa zetorrenaren iragarle.

Bigarren egurrezko kartel bat 20-25 metro beherago utzi genuenean (1.630 metro inguru), Aspera doan ohiko bidea utzi (jaitsieran ezagutuko genuen) eta Aisako haitzartera eramaten duen bidea jarraitzen hasi ginen.

Hurbilketako zatirik handiena ilunpean pasa genuen, begirada kopetako argiek argitzen zuten metro gutxietara zuzenduz, benetako ikuskizuna lurreko zirkunferentzia argitsuan baino zeruan gertatzen ari zela konturatu ginen arte. Zeru izartsuan Leserin Malloen irudia ageri zen. Oraindik erlieberik gabeko kubo erraldoi eta ilun bat besterik ez ziren arren, izarren argitasunaren kontrasteak mendi hauen edertasuna nabarmentzen zuten, itxura ikusgarri bat emanez.

- Eunen baten mendi hoitare igo beharren gerek - esan zidan Lekuk.
- Asierri hitze emanda zeukeat igotzeko, ea uda hontan igotzen dizkiaun…

Iluntasuna argitasun fin batean desegiten hastearekin batera, Aisako haitzartearen lehen metroak igotzen hasi ginen (1.900 metro inguru).

Aisako haitzartearen lehen metroetan.

Harri ezegonkorretan irrist ez egiteko, igoera lasai hartu genuen, munduko denbora osoa gastatzeko izango bagenu bezala. Hala ere tarteka behera begiratzen genuen, atzetik etor zitezkeen linternen argien bila.

- Atzetio etzetorrek iñor - esan zidan Lekuk atzera begiratu zuenetako batean.
- Hobe - erantzun Nion -, ea sikiera eskalatzen lehenengok gaittuken…

Nahiz eta ni baino motelago eskalatu, ez zait inporta aurretik sokada bat izatea, baina oso urduri jartzen nau atzetik sokada bat dudanean, kontzentrazioa galtzeraino. Atzetik argirik ez genuela jakiteak lasaitu ninduen.

Haitzarteko lepoa gertu ikusten bagenuen ere efektu optiko bat besterik ez zela konturatu ginen, igoerak engainatu egiten baitu. Harri txiki eta ezegonkorrez estalitako malda bat igo ondoren, harkaitz-bloke handiagoak eta elurtegi txiki batzuez zipriztindutako lautadatxo batera iritsi ginen.

- Hara, hantxe hasteek “vía subterránea” - esan zidan Lekuk Asperen hego-horman ageri zen zulo bat seinalatuz.
- Hoi inguru hontan Sendero Limitekok irikitako bat dek - erantzun nion -, Josu ta Asierrek eskalauta zeukatek ta earra dekela esan ziaten…

"Hara, hantxe hasteek "vía subterránea"....

Lautadatxo honetatik gora haitzartearen eskuin aldera pasa ginen harrien artean atzematen zen ustezko bidexka bat jarraituz, bigarren lautadatxo batera iritsi ginen arte. Gora begiratzen nuen bakoitzean haitzarteko lepoa distantzia berberara zegoela iruditzen zitzaidan, mendiak egindako broma zital bat izango balitz bezala.

Aisako haitzarteko lepoa (argazkiaren erdian) gertu ikusi arren, igoera luzea egiten da.

- Ta ni azkarregi igotzen ari ginuzteala pentsatzen - esan nion Lekuri ordua begiratuz.
- Zenbat jartzen zian?
- Bi ta hiru ordun arten…
- Ta zenbat goatzek?
- Oaindio bi orduta iritsibe.
- Ordun de puta madre goatzek!!!!

Bigarren lautadatxotik gora bidexkak haitzartearen ezker aldera eraman gintuen, harkaitz-blokeak berriro ere harri txikiei lekua utzi eta harkaitzaren kolorea marroi ilunetik gris argira pasatuz. Azken aldapa igotzen ari ginen bitartean eguzkiaren lehen izpiak Aspeko gailurra laztantzen hasi ziren, bizitzarik gabeko harkaitzak urre kolorez jantzi eta ertza eta pinakuluen itzalak infinituraino luzatuz.

- Han zerek Dondestastú, Dondestanestos ta geo eskalauko diaun frontoiare - esan zidan Lekuk eguzkiak Saguzarraren ertzaren zati ezberdinak goitik behera argitzearekin batera.

Mendia argitasunezko soineko bat burutik behera janzten ari zela zirudien. Gailurretik hasi, eta beheranzko bidean, pixkanaka denbora gutxi barru eskalatzen ariko ginen ertz, horma eta orratzak argituz joan ziren, orain arteko paisaia monokromatiko eta bolumenik gabekoari kolore eta erliebe ezberdinak emanez.

Eguzkiaren lehen argiak mendia urrez zipriztintzen.

Goizeko zazpirak jota zeudenean iritsi ginen haitzarteko lepora (2.331 metro), kotxea aparkatutako lekutik bi ordu eta hamar minutura.

Aisako haitzarteko lepoan.

Gure oinen azpian ikusmira itzela zabaltzen zen: Candanchuko eski estazioa, Balaitus, Frondiellak… baina guztien gainetik Midi D’Ossau erregearen silueta nabarmentzen zen, Pirinioetako jaun eta jabe, iman baten moduan ametsak erakarriz. Paisai hau bera Luis Alcalde, Manolo Ansón, Alberto Rabadá eta Julian Vicentek ikusiko zuten, 1962ko irailaren 21ean lepo honetara iritsi zirenean. Lau mendizale hauek lepora iritsi eta atseden hartzeko motxilak lurrean utzi zituztenean, denok Rabadá-ren motxila astunari begira gelditu ziren. A zer nolako aurpegia jarri zuten motxilatik meloi bat atera zuenean!!! Rabadá-k meloia gailurreraino eraman nahi bazuen ere, azkenean ideia hau burutik kendu zioten eta elurtegi baten barruan sartu zuten jaitsieran jateko.

Midi D'Ossau, zeruertzeko jaun eta jabe.

Atzetik inor ez zetorrela enegarrenez egiaztatu ondoren zerbait edan eta jateko atsedena hartu genuen. Eskalatzen hasteko prestaketa lanak lasai hartu genituen, askotan errepikatzeagatik automatikoki jarraitzen dugun mantrari jarraituz. Orain arteko isiltasun eta barealdia Aisako haitzarteko lepoaren iparraldetik zetorren haize hotz batek astindu zituen.

- Txamarra jantzita eraman behar dek?
- Ez - erantzun nion Lekuri -, manguitok ta gañetio haizetako xira bakarrik eramateko asmoa zeukeat.

Dena prest genuela egiaztatu genuenean soka eskutan hartu eta lepoaren gainetik hormara hurbildu ginen. Horma hau ezker aldetik eskalatzen da, bertikala ez den leku bakarretik. Ertza lehen aldiz eskalatu zutenean, puntu honetan bi sokadetan banatu ziren: leku errazenetik Ansón eta Vicente eskalatzen hasi ziren bitartean, Rabadá eta Alcalde, Rabadá-ren “zenbat eta okerrago hobe” esaldiari jarraituz, zailago zelako, lepoaren bestaldetik ipar horman dagoen horma bertikal bat eskalatzen hasi ziren.

Hormara hurbiltzen.

- Honi ze emateie?
- Kuarto esango nikek - erantzun nion, soka lurrean utzi eta iltzeren baten bila hastearekin batera.

Ez dut gogoan non baina nonbaiten irakurrita nuen lehen luze honetako iltzeak ez direla aurkitzeko errazak. Iltze baten bila denbora batean hormari alperrik begira egon ondoren, soka arnesari lotu eta eskalatzen hastea erabaki genuen.

Horma eskalatzeko luzea, 20 metro, IV. Luzea hormatxo txiki batera igoz hasten da, gainean iltze bat duena (III). Hormatxoa eskalatuta, horma inklinatutik zuzen eskalatzen jarraitu nuen, bertako helduleku onak aprobetxatuz (III). Lehen iltzea 3-4 metro beherago gelditu zenean bigarren iltze bat bat topatu nuen: “oaingoz ondo nijo”, pentsatu nuen.

Bigarren iltzetik metro batzuk gorago sabai bat zegoela ikusita bertatik express-zinta luze bat pasatu, eta iltzearen altuerara iritsi bezain laster, ezkerrera horizontalean zeharkatzen hasi nintzen, hormaren ezkerreko ezproi itxurakora hurbilduz (III+).

- Zemuzkoa ikustek Xabi?
- Bueeeeenoooooo - erantzun nion -, azpitio emateikena baño tentegoa dek.
- Ondo haunen esaiak ta argazkin bat ingoiat…

Ezproira iristear nengoela hirugarren iltze bat topatu nuen. Bertatik express zinta berri bat pasatu eta helduleku oneko pasagune bertikal bat eskalatuz ezproira igo nintzen (IV).

- Hemen ondo neok!!! - bota nion Lekuri.

"Hemen ondo neok!!!".

Lekuk argazkia egiten zuen bitartean, horma eskalatzeko gelditzen zitzaidana aztertzen hasi nintzen. Iltze berririk ikusten ez nuenez, gainetik nituen 4 metro eskasak errazak izango zirela pentsatu nuen. Bitan pentsatu gabe zuzen eskalatzen jarraitu, eta sabaia eskuinean utziz, horma eskalatu nuen.

- Etzekiat zapatilakin neokelako eo baño luzea ondo jarritako kuartoa iruittu zaiak - bota nion Lekuri hormaren gainetik argazki bat egiten nion bitartean.

Horma eskalatu ondoren behera egindako argazkia.

Eskaladan dudan mailarako, alde handia atzematen diot katu oinekin edo zapatilekin eskalatzeari. Zapatilekin oinen ukimena murrizten da eta oinak jartzen ditudan heldulekuek (txikiek batez ere) gorputzaren pisuari eutsiko dioten ala ez fede sutsuenaren ariketa bat izan daiteke, eskalada psikologikoagoa bihurtuz (beldur handiagoa pasatzen dudala alegia, jejeje). Urtebete zen zapatilekin eskalatzen ez nuela, sokaren bestalden zegoen Lekurekin Palaseko hego-ekialdeko ertza eskalatu nuenetik, hain zuzen ere.

Horma erlaitz inklinatu batean amaitzen da. Erlaitz inklinatutik igotzen hasi aurretik, soka jasotzeko garaian Leku hormaren sabai aldera ez eramateko, pitzadura batean artaka trabagailu bat trabatu eta bertatik pasatu nuen laugarren (eta azken) express-zinta. Azken express-zintatik soka pasatu eta erlaitzetik 7-8 metro igo ondoren, ezker hormaren harkaitz-bloke baten ingurutik pasatako hainbat zinta eta soka ezberdinak lotzen dituen mailloi batera iritsi nintzen: “Reuniónnnnnnnn!!!!!”.

Bilgunea.

- Ze iruittu zaik?
- Kontutan izanda atzetio igo neokela etzaiak hain zaile iruittu - erantzun zidan Lekuk bilgunea desmuntatzen nuen bitartean.

Leku hormaren amaieran. Bertaraino doan erlaitz inklinatua ikusi daiteke.

Bakoitzak sokaren metro batzuk bildu, eta ertzaren ahotik gertu mantenduz, oinez jarraitu genuen “Dondestastú” orratz ikusgarriaren oinera zuzenduz. Erlaitza amildegi batean amaitzen den lekura iritsi ginenean, parez pare argazki askotan ikusitako ikusmirak ahozabalik utzi gintuen: geunden lekutik “Dondestastú” orratzera arte ertza izugarrizko kurba osatuz altxatzen zen, harkaitzezko txirrista erraldoi baten moduan, ikusgarri. “Dondestastú” orratzaren atzean, erdi ezkutatuta, “Dondestanestos” orratza ageri zen, lotsati, bere gailurrera iristeko eskalatu behar den horma ezkutatu nahiko balu bezala. Bi orratz hauen atzean, Aspeko gailurraurrea osatzen duen hirugarren orratza zegoen, ertzari zailtasuna ematen diona, bertikal eta desafiatzailea, mendizaleon trebeziaren zain.

Lilura berezia sortzen du aldizkari batean edo ordenagailuko pantaila hotzaren atzean ikusitako irudia aurrez aurre ikusten duzunean, ametsa pixkanaka egi bihurtzen ari denaren seinale delako. Bitan pentsatu gabe argazki makina atera eta hainbat argazki egin genizkion, begiek asimilatu ezin zuten guztia momentu izoztu batean harrapatu nahiko bagenu bezala. Ez da harritzekoa ikusmira hau ertza eskalatzen dutenen argazki errepikatuenetako bat izatea.

Aspeko ekialdeko ertzaren argazki errepikatuena.

Txirrista erraldoi hau, hasieran behintzat, oinez arazorik gabe jarraitu daiteke, Edelweiss loreez estalitako belar zatiak eta kareharrizko plaka etzan eta akanalatuak konbinatuz.

Ertza lehen aldiz eskalatu zutenen kontaketarekin jarraituz, lau lagunak lehen luzea eskalatzeko banatu zirenez, laurak ertzan zehar banatuta gelditu ziren. Sokada bat bigarren orratzan zegoen bitartean, bestea lehen orratza eskalatzen ari zen. Atzetik zihoan sokadaren bigarren eskalatzaileak aurretik zihoana kokatu nahian oihuka hasi zitzaion: "Debes ir desde la aguja dondestastú hasta la aguja dondestantestos!!!". Esaldi hau hainbeste errepikatu zuten, bi orratzak bataiatuta geratu zirela.

“Dondestastú” orratzera hurbildu ahala, bere presentzia bertikalak gorputzean zirrara sortu zigun:

- Joer, terzero mas izateko tentea badek… - esan nion Lekuri orratzaren itzalera iristearekin batera.
- Hemen bi largo eskalatzeittuk?
- Nik bakarra irakurrita zeukeat, 60 metro ingurukoa usteiat - erantzun nion - largoik ein be ahal dizkiaun metro gehienak eskalatzen badizkiau hobe, 50 metrotako sokakin goraño iristeko.

Orratza, “V” letraren itxura ematen dioten bi ezproiek osatzen duten kanal bertikaletik eskalatzen da. “V”-aren beheko erpinean harkaitz handi bat dago, ezkerretik saihesten dena. Bilgunea normalean harkaitz handi honen azpian muntatzen da (bi iltze daude) eta 60 metro inguruko luze bakarrean orratzaren gailurretik metro pare bat beherago dagoen erlaitz eroso batean muntatutako bilgunera iristen omen da.

Harkaitz handiaren azpira eskaladatxo errazak eginez iritsi ginen (II/II+), bion artean asegururik jarri gabe.

"Dondestastú" orratzaren oinera ikusten. Belarretan ikusten diren puntu zuriak Edelweiss loreak dira.

- Metro batzuk gehio igotzen saiauko neok largo baten sokakin reuniora errex iristeko - esan nion Lekuri -, oain bazpare kontuz ibili.

Normalean bilgunea muntatzen den iltzeak metro batzuk gorago utzita, harkaitz handiaren azpitik, helduleku paregabeak aprobetxatuz eskuin-ezker zeharkaldi horizontal bat eginez hasi nintzen (III), harkaitzaren ezkerrean kokatu nintzen arte. Harkaitz handiak eta ezkerreko ezproiak osatzen duten pasabide bertikalaren azpian nengoen. Metro pare bat eskalatzen hasi (III/III+) eta azpitik zirudiena baino bertikalagoa zela konturatu nintzen:

- Nola ikusteek? - galdetu zidan Lekuk azpitik.
- Uste niana baño zailego - erantzun nion aseguru bat jartzeko leku baten bila ari nintzen bitartean -, bazpare segurun bat jarri arte ez hasi eskalatzen.

Harkaitz handiaren ezkerreko pasagune bertikalean. Argazkian orratza hemendik eskalatzen denean muntatzen den bilgunerako erabiltzen diren iltzeak ikusi daitezke.

Pasagunearen erdian nengoela iltze zahar bat topatu nuen eta bertatik express-zinta eta soka pasatzearekin batera arnasa lasaiago hartu nuen. Orratzari “V” letraren itxura ematen dioten bi ezproien arteko kanalera iristeko 2-3 metro besterik gelditzen ez zitzaizkidan arren oso bertikalak iruditu zitzaizkidan, “bertikalegi” III+ izateko, jejeje. Esku eta oinetarako heldulekuak sendoak zirela ziurtatu ondoren, metro bertikal hauek kontu handiz eskalatuz kanalera iritsi nintzen (III+). Metro pare bat gehiago igo ondoren, kanalaren eskuin horman iltze zahar bat topatu nuen. Iltzea harlauz batetik pasatako uztai-zinta batekin sendotuz bilgunea muntatu nuen.

- Lasai igotzea daukek!! “clic” - bota nion Lekuri talkietik bilgunetik zintzilikatu nintzenean.

Leku berehala iritsi zen.

- Etzekiat baña “gehiegi” igo ez ote gaittukenaren sentsazioa zeukeat - esan nion -, eo bestela luzea azpitio hasita ez dittuk 60 metro.

Leku bilgunean aseguratu eta soka biltzen zuen bitartean, goitik genuena aztertzen hasi nintzen.

- Hemendio tentea emateik - esan zidan pentsatzen ari nintzena asmatu izan balu bezala.

Bilgunearen gainetik, kanala bi adarretan banatzen zela zirudien. Bi aukerak bertikalak ziren baina, lehen metroetan behintzat, eskuineko aukera errazagoa zirudien. Iltzetik zintzilikatutako segurtasunezko mosketoietik express-zinta eta soka pasatu ondoren, eskalatzen hasi nintzen.

“Dondestastú” orratzera eskalatzeko luzea, 25 metro, III+/IV. Eskuin adarretik 2-3 metro erraz eskalatu nituen (III), horma makurtu baten azpira iritsi nintzen arte.

- Luzea terzero mas-ekoa badek hemendio zuzen eztek seguru - bota nion Lekuri -, hemendio ikusita ezkerreko aukera errexagoa emateik.

Lehen metro errazak eskalatu ondoren pasagune errazenaren bila.

Ezker hanka zabaldu eta ezker eskuarekin helduleku eder bati eutsi nionean kanalaren ezker adarrera pasa nintzen (III+).

Kanalaren ezker adarrera pasatzen (III+).

Adar honetatik zuzen eskalatzen jarraitu nuen (III+/IV) iltze zahar bat topatu nuen arte. A zer nolako lasaitasun mentala hartu nuen iltze hau ikusi nuenean: “gutxiñez bide onetio nijo!!!”. Hemendik gora, orratzeko puntaren ezkerrean dagoen erlaitzari begirik kendu gabe zuzen eskalatzen jarraitu nuen, erlaitzaren azpira iritsi nintzen arte (III+).

Orratzeko puntaren ezkerrean dagoen erlaitzera (nire buruaren gainean) zuzentzen.

Erlaitzera igotzeko pasagunea zertxobait makurtua dago baina iltze batek babesten du. Besoetatik tira eginez pasagunea arazo handirik gabe eskalatu (III+) eta erlaitzean dagoen bilgunera iritsi nintzen, hau ere mailloi pare batek lotutako zinta eta soka ezberdinez osatutakoa.

"Dondestastú" orratzeko bilgune erosoa.

- Ona Xabi!! - esan zidan Lekuk bilgunera iritsi zenean.
- Hau terzero mas badek eztiat imajinau nahi hurrengo bi luzek nolakok izangoittuken - esan nion, aurretik IV eta V- zailtasuneko bi luze genituela jakinda -, eo bestela zapatilekin eskalatzearen arazoa dek, jejeje.

Leku bilgunera iristen. Argazkiaren goi eta ezkerreko eskinan Leserin Malloak ikusi daitezke.

“Dondestastú” eta “Dondestantestos” orratzen arteko lepora bilgunearen eskuinetik (beherako noranzkoan) destrepatuz jaitsi ginen. Rappelatzea dagoen arren, destrepeak ez dauka zailtasun handirik (II edo gehienez II+) eta denbora aurrezten da. Bi orratzen arteko lepoan kordel batez muntatutako bilgune bat dago.

"Dondestantestos" orratzeko eskaladaren nondik norakoak identifikatu eta argitu nahian.

- Oain zetorrek aristako luze mitikoa - esan zidan Lekuk bilgunetik aseguratu eta berari lotzen zidan soka segurtagailutik pasatzen zuen bitartean.
- Ea hemego kuartoa zemuzkoa deken… - erantzun nion kezka apur batekin.

“Dondestantestos” orratzera eskalatzeko luzea, 40-45 metro, IV. Luze hau bi zatitan banatzen da: Lehenengo zatia, bertikal izatera iristen ez den 15 metro inguruko horma tente bat da, bilgunetik ikusten den erlaitz nabarmen batean amaitzen dena (IV). Erlaitz honetatik eskuinera 3-4 metroetako zeharkaldi horizontala egin ondoren luzearen bigarren zatian sartzen gara, harri askeak dituen kanal inklinatu bat (III), orratzeko puntaren ezkerrean amaitzen dena. Zorionez, luzearen lehen zatia, bietatik zailena, iltzekin babestua dago.

Luzearen lehen iltzearen kokalekua identifikatu genuenean (lurretik 3-4 metrora), bilgunearen eskuinetik zuzen eskalatzen hasi nintzen helduleku onak dituen horma tenteari metroak irabaziz (III+). Ez dakit nork, nola eta noiz sartu zuen harkaitzean metalezko pusketa txiki eta zahar hori, baina express-zinta begitik pasatu nionean, 10 mm-tako parabolt batek ematen duen konfidantza sentitu arazi zidan.

Lehen iltzetik express-zinta pasatu ondoren.

Bigarren express zinta pasatu nuen iltzera iritsi nintzenean (III+), erlaitz txiki batera igo eta luzearen lehen zatia amaitzen den erlaitz nabarmenari begira geratu nintzen:

- Kuartoko pasoa hemen zeokela esango nikek - esan nion Lekuri gainetik nuen pasagune bertikala aztertzen ari nintzen bitartean.

Pasagune bertikala aztertzen.

Bigarren iltzetik (luzean gehiago daude, baina iltze guztietatik ez nituen express-zintak pasatu, sokaren marruskadura arintzeko), pixkanaka eskuin aldera diagonalean eskalatzen jarraitu nuen, iritsi behar nintzen erlaitzari begiradarik kendu gabe.

Luzearen metrorik zailenak eskalatzen.

Ez dakit horma bertikalagoa delako edo oinen azpian irekitzen den amildegia izugarria delako, baina nire ustez luzeko eskaladarik teknikoena 4-5 metro hauetan dago (IV). Dena den, orain arte bezala, oin eta eskuentzat dauden heldulekuak oso onak direla iruditu zitzaidan, eta hori zapatilekin nindoala, jejeje. Luzearen lehen zatia amaitzen den erlaitz nabarmenera espero baino errazago iritsi nintzen:

- Zemuzkoa Xabi? - galdetu zidan Lekuk bilgunetik.
- Ba tentsio haundigoa pasa diat aurreko luzen hemen baño - erantzun nion -. Etzekiat, eo aurreko luzea eztek III+ edo hau eztek IV. Nik bi luzeei IV emango nien.

Erlaitz nabarmenean zoriontsu.

Erlaitzaren eskuinean erdi ateratako uztaidun iltze zahar eta herdoildu bat dago. Bertatik luzeko bosgarren express-zinta pasatu eta eskuin aldera metro gutxi batzuetako zeharkaldi horizontal bat egin nuen kanal inklinatuan sartuz (III).

Kanal inklinatuaren hasieratik egindako argazki honetan "Dondestastú" orratza eskalaezina dirudi. Atzean, ezkerretik eskuinera: El sombrero, Pico Libro (edo Leserineko punta) eta Leserineko Malloak. Argazkian erlaitz nabarmenaren eskuinean dagoen iltze zaharra ikusi daiteke.

Kanala zuhurtzia handiz eskalatzen hasi nintzen, ez zailtasunagatik (III), bertan dauden harri askeengatik baizik. Dena den, harriren bat eroriz gero ez dut uste Leku zegoen lekuraino iritsiko zenik, baina badaezpada ez nuen frogarik egin nahi izan. Kanalaren amaierara iritsi nintzenean, ertzaren ahotik eskuinera jarraitu nuen orratzaren gailurrera zuzenduz. Gailurrera iritsi gabe, honen eskuinean hainbat zinta eta sokaz lotzen dituen mailloi batez osatutako bilgunea topatu nuen.

"Dondestanestos" orratzeko bilgunea.

- Reuniónnnnnn!!!, “click” - bota nion Lekuri talkie-tik -, luze hau gustau behar zaik, “click”.
- Nahi dekenen Xabi, “click” - erantzun zidan soka jaso nuenean.

Bilgunea muntatu ondoren...

Bilgunetik behera egindako argazkian luzearen hasiera oso beheran ikusi daiteke.

Luzearen lehen zatiaren amaieran dagoen erlaitzera iritsi zenean, Lekuren aurpegia ezusteko opari bat jaso duen haurraren aurpegi berbera zen. Belarritik belarrira zabalik zuen irribarreak ez zituen bere hortzak bakarrik agerian uzten. Sakonetik irtendako irribarrea zen, aske sentitzen ari den arimaren muinetik irtendako irribarrea.

Leku erlaitz nabarmenean.

- Izugarri gozatzen ai neok - esan zidan bilgunera iritsi zenean.
- Ez diat sinisten, jejejejeje.

Leku segurtagailutik askatu nuenean, bilgunetik metro batzuetara igo zen aurretik genuena ikusteko asmoz.

Eskaladaz gozatzen...

Bilgunea desmuntatu aurretik, Leserineko Malloak oihan moduan ditudala.

Orratza rappelatzeko muntatuta dagoen rappel puntura arte iristeko tartea teknikoki oso erraza zela jakinda, bakoitzak sokaren zati bat gainean hartuz “Dondestastentos” orratzaren gailurretik pasa eta honen bestaldeko lepo estura jaitsi ginen.

Lepo estuan.

Lepotik aurrera, ertzaren ahotik jarraitu genuen.

Lepo estutik gorako lehen metroetan.

Nekerik sentitu ez arren, gorputza buruak nahi baino motelago zihoan, arnasestuaren mugatik gertu. Urtebete baino gehiago 2.000 metroetatik gora egon ez izanak gure abiaduran eragina nabaria izaten ari zuela uste bagenuen ere, beharbada mendia zen abiadura moteldu nahi ziguna, zeharkatzen ari ginen pasagunea ertzaren pasagunerik eder eta ikusgarrienetakoa zela jakinda, emandako pausu bakoitza ahalik eta gehien gozatzeko aukera eman nahi zigulako. Eta ez da gutxiagorako, rappel puntura arteko 30-40 metro hauetan, kanping denda kanadiar baten sabaiaren ertzetik ibiliko bagina sentitu ginelako, bi amildegien artean, erraz (II) baina erlaxatu gabe.

Ertzaren zatirik ikusgarrienearen lehen metroetan. Atzean, Asperen gailurraurrea osatzen duen hirugarren orratza.

... Rappelera iritsi aurreko ertzaren azken metroetan.Argazkiaren ezkerrean El Sombrero eta Pico Libro mendiak.

Haizea unetik unera indartuz zihoan, hemendik aurrerako eskalada zaildu nahiko baligu bezala. Eguzkia zeruan leku nagusi bat hartzen ari bazen ere, bere izpien berotasuna haizeak amildegian behera eramaten zituen, rappela muntatu genuenean sokaren muturretako bat eraman zuen bezala.

Rappelak 20 metro inguru ditu. Zailtasun handirik ez dauka, azpikaldean zertxobait makurtzen bada ere. Lekuk sokaren beste muturra eskuetan zuen bitartean, haizeak eramandako sokaren beste muturra pixkanaka errekuperatuz rappelatzen hasi nintzen.

- Libreeeeee!!!! “click” - oihukatu nion Lekuri talkie-tik rappelaren amaierara iritsi nintzenean.

Rappela amaitzen den lepo estuaren itzalpean, Lekuren zain, haizearen eraginez hozten hasi nintzen.

Rappelean...

- Etzekiat haizea eo oain zetorreken largoa deken, jejeje - bota nion Lekuri irribarre kezkati batekin. Izan ere hurrengoa ertza eskalatzeko giltza duen luzea zen, ertza eskalatu duten gehiengoarentzat V- zailtasuna duena.

Baina giltzarri den luze honetara iristeko oraindik tarte batean eskalatzen jarraitu beharra genuen. Tarte hau, zailtasunari dagokionez behintzat, oso zaila ez denez, denbora irabazteko ensanble moduan eskalatzea erabaki genuen, hau da, biok batera gelditu gabe eskalatzen jarraitzea, eskaladaren zailtasunaren arabera bion artean aseguru bat gutxienez dagoela bermatuz.

Lepoaren eskuin ertzera pasatu eta ertzetik metro erraz batzuk (II+) eskalatzen jarraitu genuen, Midi D’Ossau ikusgarriaren begiradapean.

"... Midi D'Ossau ikusgarriaren begiradapean".

Metro hauek eskalatu ondoren, belarrez estallitako harkaitz etzan batzuen gainetik oinez jarraitu genuen, parean dagoen harkaitz-bloke handi eta nabarmenaren eskuinean ezkutatzen den tximinia bertikal batera zuzenduz.

Hirugarren orratzaren eskaladaren nondik doan identifikatu nahian. Argazkiaren erdian gutxi gora behera dagoen "txapeladun blokea" identifikatzea ezinbestekoa da.

Tximinia zuhurtzia handiz eskalatu genuen. Oso zaila ez bada ere (III inguruan), III+ zailtasuneko bi pasagune motzek ezustean harrapatu gintuen, eskaladari puntu pikante bat emanez.

Tximinia eskalatzen (III/III+).

Tximinia eskalatu genuenean, ertzatik jarraituz bigarren harkaitz-bloke handi batera zuzendu ginen. Harkaitz-bloke hau ere eskuinetik saihestu (oraingoan ezustekorik gabe, III), eta honen gainera iritsi ginenean, harkaitz-bloke handi honek harkaitz bat txapela moduan duen harkaitz-bloke berezi batekin osatzen duen lepo txikira hurbildu nintzen:

Lepo itxurakoan, eskuinean "txapeladun blokea" ikusi daiteke.

- Pasoa hemen zeok!!! - oihukatu nion Lekuri lepotxotik.

Logurea kendu zidan pasagunea parez pare nuen. Lepo txikiaren bestaldera pasa, eta erdi-oinez, pasagunearen azpira iritsi ginen, sabel baten itxura duen hormatxo bat, 2-3 metro gorago erlaitz bat osatzen duen arrail horizontal batek alderik alde zeharkatzen duena. 1962 urtean Rabadá, Vicente, Ansón eta Alcaldek ez ziren hemendik pasatu. Beraiek, erlaitz horizontal bat jarraituz ipar hormara sartu eta tximinia bat eskalatuz Aspeko gailurraurrera iritsi ziren. V- zailtasuneko aldaera zuzenago hau lehen aldiz Txomin Goñi, Txema Mujika eta Pepe Romak sorbaldako pausu batekin gainditu zuten 1970eko abenduaren 12an. Orduz geroztik aldaera zuzenago hau izan da ohiko bidea bihurtu dena.

Teorian, pasagunean egin beharrekoa erraza zen: 2-3 metroetara dagoen arrail horizontalera eskuekin heldu, harkaitzean ezker oinarentzat dagoen heldulekua topatu, altu gelditzen den iltze batetik express-zinta pasatu, eta pasagunea aseguratu ondoren, eskuak dauden arrail horizontalak osatzen duen erlaitz estura igo.

Lekuk bilgune sendo bat muntatzeko leku baten bila ari zen bitartean, pasagunean jarraitu beharreko pausuak aztertzen hasi nintzen:

- Iltzeik etzeok… - esan nion Lekuri.
- Goien nunbaitten omen zeok, ez?
- Hala irakurrita zeukeat, baña eztiat iñun ikusten…

Biok begiratzen aritu arren, ustezko iltzea ez genuen topatu. Hau ikusita, pasagunea babestu asmoz arrailan Totem morea trabatu eta bertatik express-zinta motz bat pasatu nuen: “hola gutxiñez segurua gañetik izangoet…” pentsatu nuen.

Honetan ari ginela, ezerezetik agertu izan balitz bezala mendizale bakarti bat “Dondestastú” orratzeko ertzetik azaldu zen, kasko bat jantzita eta mendian korrika egiteko motxila txiki bat besterik ez zuena. Niretzat meritu eta konfidantza handiko aktibitatea dena Lekuk zuhurgabetasuneko aktibitate bezala ikusi zuen, ez aktibitatearen zailtasunagatik, ertza hau eskalatzen aritzen den sokada kopurua handiagatik baizik.

Mendizalea bakartia ertzan hegan.

Lekuk bilgunea muntatu eta prest zegoela esan zidanean, mendizale bakartia gugana iritsi aurretik pasagunea eskalatzen hasi nintzen.

1. luzea, 20 metro, V-. Nire ustez, pasagunearen gakoa ezker oinarentzat dagoen helduleku eder batera iristea da. Soka totem moretik zintzilik zegoen express-zintatik pasa, arraila bi eskuekin heldu, eta ezkerrera mugituz, ezker oina harkaitzaren helduleku nabarian jarri nuen. Denborarik galdu gabe, nekatu aurretik ezker oin eta ezker eskuarekin indarra eginez gorputza altxatu eta arrailaren gaineko horman dagoen harlauza eder bat eskuin eskuarekin heldu nuen. Atsedenik hartu gabe baina lasaitasun osoz, harlauzari tira eginez eta ezker oinarekin berriro ere indarra eginez arrail horizontalak osatzen duen erlaitz estura igo nintzen (V-).

Erlaitzaren gainean, ertzaren pasagunerik zailena eskalatu ondoren.

Luzearen tarterik zailena eskalatuta, erlaitzatik metro pare batean ezkerrera jarraitu eta sabel itxurako bigarren hormatxo bat eskalatu ondoren (III+) horma bertikal batekin topo egin nuen. Horma honek eskuinean harkaitz-bloke handi bat dauka, "txapeladun harkaitz-blokearen" txapela dena. Bertara igo eta ertzara hurbilduz gero soka eta altzairuzko uztai batekin muntatutako bilgune batera iritsiko nintzela jakin arren, luze osoan aseguru bakarra jarri nuela ikusita, Lekuren eskalada errazteko asmotan bilgunea horma bertikalaren oinean dagoen harlauza batetik zinta-uztai bat pasatuz muntatu nuen.

Soka jasotzen nuen bitartean, bakarrik zetorren mendizalea nire ondotik pasa , elkar agurtu, eta bere bide bakartia jarraituz, berehala desagertu zen. Konfidantza erabatekoa denean zangoak gogoak nahi duen edozein lekura eraman daitezke.

Bilgunean.

- Errez ikusiat - esan zidan Lekuk bilgunera iristear zegoela -, nik estutu behar izan diat.
- Igual altue izateagatik eo baña nei errexa iruittu zaiak - erantzun nion -, ez niake IV+ baño gehio emango.
- Azkeneko largoa gelditzek, ezta?
- Bai, kuartokoa omen dek baña askon esanetan hasieran paso arraro bat omen dik - erantzun nion nire sokaren muturra ematen nion bitartean -, ta bakik, askotan “arraro” hitze erabiltze dek “zaile” hitze ez erabiltzeagatik, jejeje.

Bi luze hauek luze bakarrean eskalatu daitezke, baina soken marruskadura izugarri handitu daitekeela esango nuke.

2. luzea, 20 metro, IV. Bilgunetik eskuinera pasatuz, "txapeladun harkaitz-blokearen" txapelara igo, eta honen gainetik, ertzaren ahora zuzendu nintzen, uztai-zinta eta altzairuzko uztai batez osatutako bilgunearen azpira iritsi nintzen arte. Luzearen gakoa bilgune hau muntatuta dagoen erlaitz inklinatura igotzea da, honetarako 2 metro inguruko koska bat eskalatu behar delarik. Bilgunea osatzen duen uztai-zintatik express-zinta pasatuz, erlaitz inklinatura nondik igo begiratzen hasi nintzen. Pasagune hau “A0” moduan eskalatu ahal izateko bilgunetik zintzilik soka bat jarrita dagoen arren, erlaitzera modu “garbian” igo nahi nuen. Baina batera eta bestera begiratzen nuen arren, erlaitzera igotzeko modurik ez nuen aurkitzen, ez bilgunearen eskuinetik ezta azpitik ere. Aukera bakarra bilgunetik metro pasatxo ezkerrago diedro txiki baten itxurako batetik ikusi nuen. Bertara hurbildu eta eskuentzat dauden helduleku txiki batzuetatik tira eginez, uste baino zailtasun handiagorekin erlaitz inklinatura igo nintzen (IV).

- Ostia paso arrarokin, kintoko pasoa baño gehio kostau zaiak - esan nion Lekuri erlaitzetik.

Pasagune "arraroa" eskalatu ondoren. Luzearen bigarren zatia parean dudan horma makurtua eskalatzean datza.

Luzea amaitzeko, bilgunea muntatuta dagoen 3 metro eskaseko horma makurtua eskalatu beharra nuen. Hormara hurbildu, eta makurtua egon arren, oin eta eskuentzat helduleku oso onak dituela ikusi nuen. Helduleku hauetara heldu, eta gorputza altxatuz, hormaren gainetik eskuentzat helduleku berri baten bila hasi nintzen. Ezker eskuarentzat harri txiki eta askeak bakarrik topatu nituenez eskuin eskuarentzat helduleku bila hasi nintzen, berehala horma segurtasunez eskalatu ahal izateko helduleku bat topatuz.

- Paso hau eztek zaile, baña heldulekuk eskubiko eskuntzat bakarrik zerek - jakinarazi nion Lekuri hormaren gainetik.

Horma eskalatuta (III+), 15 metro inguru gehiago zuzen eskalatu ondoren (III),  horma bertikal batean zinta batekin muntatuta dagoen bilgune batera oinez iritsi nintzen.

Horma bertikalean muntatuta dagoen bilgunea. Puntu zuriz, hemendik gora jarraituko genuen bidea.

Lekuk luzea erraztasun osoarekin eskalatu zuen:

- Oaingo hontan igual bajugo neokelako - esan zidan bilgunera iritsi zenean.
- Balitteke - erantzun nion - normalen erdi makurtuta ibili beharreko largotan ez neok batere eroso ibiltzen.

Leku horma makurtutik irteten. Argazkian ikusten den moduan, ezker eskuarentzat heldulekuak egon daitezken lekuan harri askeak besterik ez daude.

Bilgune honetatik aurrera ertzaren zailtasuna jaitsi arren ez da erlaxatu behar, honegatik ensanble moduan eskalatzen jarraitzea erabaki genuen. Hasteko, bilgunetik eskuin aldera erdi-oinez atera, eta ezker aldera diagonalean eskalatuz (III/III+), horma eskuinetik saihestu genuen.

Ezker aldera diagonalean eskalatzen den tartean.

Diagonala amaitzen den lekutik behera egindako argazkia.

Ertzara iritsi gabe, errazena bilatuz, eskuinera horizontalean 8 metro inguru erdi oinez ibili ondoren metro batzuetan zuzen eskalatu genuen (III), leze itxurako sabai batera zuzenduz.

Erdi-oinez horizontalean jarraitzen den tartetik egindako argazkia. Leku ezker-ezkuin eskalatzen den diagonalaren amaieran dago.

"... Leze itxurako sabaira batera zuzenduz". Sabaiaren azpitik eskalada amaitu genuen erlaitzera arte jarraitutako bidea ikusi daiteke.

Lezera iritsi gabe ezkerrera horizontalean erdi-oinez 4-5 metro jarraitu, eta ertzara berriro ere zuzenduz, ezker noranzkoan diagonalean eskalatzen jarraitu genuen, ertzaren zailtasun teknikoak amaitzen diren erlaitz horizontal eta nabarmen batera iritsi ginen arte (III).

Erlaitz horizontalera iristen.

Leku erlaitzean muntatu nuen bilgunera iristen.

Hemendik aurrera, gailurrean zeuden mendizaleen begiradapean, ensanblean jarraitu genuen ertzaren ahoan ahalik eta denbora gehiena mantenduz (II/II+), Aspeko ekialdeko gailurraurrera iritsi ginen arte.

Ertzaren ahoan.

Aspeko gailurraurrera iristen, atzen Aspeko gailurra ikusi daiteke.

- Ta hemen traste guztik jasotzen badizkiau? - proposatu nion Lekuri -, puntan iñorren atentzioik ez deitzeko...
- Primeran - erantzun zidan -, hola beste mendizalen arten kamuflauta ibiliko gaittuk, jejeje.

Hamar minutu inguru izan ginen trasteak motxilara itzuli eta atsedena lasai hartzen. Hamar minutu eguzkiaren izpiez gozatzen eta haizeak bizkar izerdituak lehortzen zizkigula sentitzen. Hamar minutu gailurretik gertu egon arren urrun sentitzen, belatxingen hegaldien artean, bertikaltasunaren erreinuaren intimitatean. Momentu sakon hauek dira azaltzen zailak izaten direnak.

- Ze ordutan bizi gaittuk?
- Oaintxe hamar t’erdik - erantzun nion motxila berriro ere sorbaldatik zintzilikatuz -, ertza eskalatzeko hiru ordu inguru ibili gaittuk, zeoze gutxixeago.
- Earki, ez?
- Denbora eztek inportantena baña etzeok gaizki - erantzun nion berriro ere martxan jarriz -, kontun izanda aurtengo lehen eskalada luzea dekela...

Gailurrera iristeko azken metroak lasai hartu genituen, nire kasuan, lasaiegi beharbada.

Gailurraurrea eta gailurra banatzen dituen pitzadurara iristen. Parean gailurrera iritsi aurreko azken metroak ikusi daitezke.

Gailurra eta gailurraurrea banatzen dituen pitzadurara iritsi nintzenean, une batez ez aurrera ez atzera geraitu nintzen. Pitzadurak 3-4 metroko sakonera izango du eta erdian punta zabaleko orratz estu bat dauka. Orratz estu honetara igotzeko metro eta erdi inguruko pausu luze bat besterik eman behar bada ere (Lekuk di-da batean eman zuena), bertara iritsi nintzenean pausu hau eman ezinik gelditu nintzen. Hainbat saiakera antzuren ondoren, azkenean pitzadura rappelatu ahal izateko muntatuta dagoen bilgunearen sokari helduz hanka orratzaren gainera luzatu eta orratzera igotzea lortu nuen, ondoren arazorik gabe bestaldera pasatzeko. Goi-mendian ez da sekula lasaitu behar...

Orratz estutik bestaldera pasatzen.

Ezusteko hau atzean utzi ondoren, azken hormatxo etzan bat igoz (II) mendizalez betetzen hasita zegoen gailurrera iritsi ginen.

- Ze esateek? - galdetu zidan Lekuk.
- Argazki batzuk azkar-azkar ein ta guazemak hemendio - proposatu nion.
- bai, hobe izangoek.

Gailurreko argazkiak egin ahal izateko itxaron, eta gure txanda iritsi zenean, gailurraren edukiera betetzen ari ziren mendizaleen artean argazki batzuk ahalik eta azkarren egin ondoren beherako bidea hartu genuen.

Aspeko gailurrean.

Jaitsiera luzea iruditu zitzaigun, luzea eta ezerosoa. Aspeko mendebaldean dagoen lepora arte (Candanchúra edo Aísara jaisteko atea duena, 2.427 metro) ongi eta azkar jaitsi ginen, lepotik hegoaldera hartu eta Asperen hego hegalean dagoen karst eremu zabalean sartu ginenean aldiz, jaitsiera luze eta astuna egin zitzaigun.

Aspetik beherako bidean.Argazkian mendebaldeko lepoa ikusi daiteke.

Mugarriak jarraituz, errukirik gabe jotzen hasi zen eguzkiaren izpien pisuaren azpian, karst eremuan murgildu ginen, kareharri argiz osatutako itsasoan jitoan murgilduko bagina bezala, metroak nahi baino motelago galtzen. Labanen moduan zorroztutako harlauzen gainetik, pausuak zuhurtzia handiz ematen genituen, nekeak eragiten duen baldarkeriaren aurka borrokatuz.

Kareharrizko itsasoan "galduak".

Belarrak kareharriari lekua hartu zionean, nahiz eta helmuga oraindik oso urrun ikusi, lasaitasun handia hartu genuen: "oain gutxiñez hanka konfiantzaz bota zezakeau". Lekuk jaitsiera geologiako ikasgai magistral batean bihurtu zuen: harkaitzen zimur edo kanal bakoitza, mendien forma, plaken orientazio eta inklinazioak... edozein bereizitasun geologiko nahikoa zuen azalpen bat emateko. Artista galanta Leku handia!!!!

Riguelo mendiaren hegoaldean dauden zimur bereziak.

Aisako haitzartera doan bidea hasten den lekura itzuli ginenean ibilbidea zirkularra itxi genuen.

Asperako ohiko bidea eta Aisako haitzartera doan bideak banatzen diren lekuan.

Liliak puri-purian.

Arratsaldeko ordubatean, zortzi orduko ibilbidearen ondoren metalezko langara itzuli ginen. Egiten zuen beroa kontutan izanda, deigarria egin zitzaigun zenbat mendizale zihoan mendian gora Aspera igotzeko asmoarekin.

- Hok gaizki zerek - esaten zidan Lekuk behin eta berriz - Bero honekin ittokoittuk!!!
- Bai, aukeran gu bezela oso goiz ibiltzea hobe dek...

Langara iristen.

Logiko eta ulergarria den moduan, zibilizaziora hurbilduz joan ginen heinean pertsonen kopurua igoz joan zen. Dena den, langatik bestaldera pasa ginenean errepidearen bi ertzetan aparkatuta zeuden kontxe ilararekin zur eta lur gelditu ginen.

- Hau dek kotxe festa - esan zidan Lekuk.
- Ya lo creo - erantzun nion, ikusten ari nintzena asimilatu nahian -, goizen utzi diaun bezala kontutan izanda zaile dek oain nola daun sinistea.

Aparkatutako kotxeek osatutako bi ilaren artean pasatuz.

Furgonetara iritsi ginenean egin genuen lehen gauza izerditutako arropa arropa lehor eta garbiaz aldatzea izan zen. Ibilbidea luze baten ondoren toalla batekin lehortu eta galtzontzillo lehor batzuk janztea bezalako plazer gutxi egongo da munduan, jejeje. Goizean freskuran gordetako urak indarberritu ondoren, denbora luzea pasa gabe motorra martxan jarri eta kotxe ilarak atzean utzi genituen.

Etxera iristeko gogoarekin geunden arren, ezin izan genuen ekidin Jasa herrira daraman mendate txikian gelditu eta Asperi begira gelditzea.

Aspera zuzendutako azken begirada. Argazki honetan puntu zuriz hurbilketa, puntu gorriz eskalada eta puntu urdinez jaitsiera adierazi ditut.

- Hurruna ze, beste bide anormal batetio?
- Hoixe baietz!!!! Jejejej - erantzun zidan Lekuk irribarretsu.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Canfranc Valle De Aísa mapa. Editorial alpina, 2019.
- Atela D. Escalads sencillas a grandes cumbres del Pirineo, 35-39. Bilbo. Sua Edizioak, 2007.
- Planas A., Planas D. Rabadá Navarro. Sus vidas, su técnica y sus vías actualizadas, 203-206. Cuarte. Barrabes Editorial, 2002.
- Zorrilla J.J. El Aspe: pirineísmo de categoria. Desnivel revista de montaña, 2004; 207: 28-34.
- Zorrilla J.J. Aspeo Pico de la Garganta de Aísa (2.640 m): Norte alpina sur andarina. Desnivel revista de montaña, 2004; 207: 38-39.
- Elías S. Pico de Aspe, 2.640 m: Manolo Ansón, Alberto Rabadá, Luis Alcalde y Julian Vicente. Arista del Murciélago. Desnivel revista de montaña, 2008; 274: 74-78.
- Mendiak web orria. 2011/07/20. Arista de los murciélagos al Aspe. cuarte-k idatzitako artikulua. Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?t=38141
- Wikiloc web orria. 2011/07/19. Arista Murcielagos - Aspe. ilargibetea-k igotako track-a. Eskuragarri: https://es.wikiloc.com/rutas-escalada/arista-murcielagos-aspe-1867751
- Blogs Desnivel web orria. Martínez, A. En la Arista de los murciélagos al Aspe. Ertzaren lehen eskaladaren kronika hemen jasota dago. Eskuragarri: https://blogs.desnivel.com/albertomartinez/2015/09/24/en-la-arista-de-los-murcielagos-al-aspe/


2 iruzkin:

  1. Zorionak Xabier, bai igoerarengatik, bai idatzitako erreportaiarengatik. Beti bezela, plazer bat idazten dezuna irakurtzea.
    (Eta bai, ni ere ados zurekin, aipatzen dituzun azkeneko pauso "arraro" horiekin ;))

    Ondo izan eta zuk diozun bezela... eman egurre!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Milesker Jon!!!
      Kasualitatea, gaur arratsaldean "mendiak"-en idatzi duzun kronika irakurri dut. Zorionak zuri ere dagokizuenagatik!!!
      Paso "arraroari" dagokionez, hainbeste kostatzen al da arraro esan beharrean zaila dela estada? Jejejeje

      Ezabatu