AZKEN 10 SARRERAK

2022/01/09

AGUEROKO MALLOAK: "LA VÍA MÁS FÁCIL DE AGÜERO" bidea, 120 m, IV. 2021/11/14


"La vía más fácil de Agüero" bidearen hasieran dagoen zinta.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Haizearen kolorea marroi argia zen, lurretik altxatutako hautsak zuenaren berbera. Hautsaren artean, zuhaixka arantzatsuak gora eta behera etengabe astintzen ziren, lurrera lotzen zituzten sustraietatik ihes egin nahiko balute bezala. Kristalen bestaldean mundua kamera azkarrean mugitzen ari zen bitartean, baretasun eroso batek kotxetik ateratzeko gogoa lokartzen zigun.

Bezperan eguraldiaren iragarpena begiratu genuenean ez genion haizeari erreparatu, helburu bakarra Euskal Herriko eguraldi busti eta tristeari ihes egitea baitzen. Eta Peña Rueba zen egun eguzkitsu bat bermatzen zigun leku bakarra.

- 60 kilometro orduko haizea emanda dau... - esan zidan Asierrek telefonoaren pantailari begira -, batez ere eguerditik aurrea.
- Nungo haizea? - Galdetu nion.
- Hego-mendebaldekoa.
- Ordun ipar horma eo ekialdeko bat topau beharren gare... - erantzun nion.

Atzeko eserlekuan utzita genuen "Riglos Vertical" liburuaren orrialdeak azkar-azkar pasatzen hasi ginenean, Agüeroko Malloetan "Sendero Limitek" irekitako bi bide etorri zitzaizkigun gogora, "Tierra de Todos" eta "La vía más fácil de Agüero", biak ekialdeko orientazioarekin eta liburuan datorren "Tierra de Naide" bidearen ondoan.

- Han igual haizekin suertea daukeu... - esan zidan Asierrek.
- Gutxiñez hemen zer daun bakigu - erantzun nion -, eztet uste han okerro izangoenik.

Hormetan haize gutxiago izango zuen itxaropenez aparkalekua utzi eta haizearen boladek uzkurtuta zihoan eskalatzaile talde bat hauts artean galtzen zen bitartean, motorra martxan jarri nuen, eta kotxea poliki mugituz, atzerako ispiluetan hormak pixkanaka urrunduz joan ziren.

Agüeroko Malloetako hainbat luzeetako bide gehienak "berriak" dira, "berri" bezala 25 urte kontsideratzen badugu. Gehienak 90garren hamarkadaren erdialdetik aurrera ireki ziren, nahiz eta biderik klasikoenak 60garren hamarkadakoak izan.

Geure burua eskalatzailetzat ez dugunontzat, Agüeroko Malloetan ditugun aukerak ez dira ugariak, zailtasun maximoa V edo V+ duten bideetaz ari bagara behitnzat. Honetaz ohartu izan balira bezala, "Sendero Limite" taldekoek hiru bide ireki zituzten bata bestearen ondoan 2010 eta 2018 urteen artean: "Tierra de Naide" (140 m, V+, 2010ean), "Tierra de Todos" (135 m, V+ 2018an) eta "La vía más fácil de Agüero" (120m, IV, 2018an).

Asier eta biok duela hiru urte "Tierra de Naide" bidea eskalatzeko zortea izan genuen, baita gozatu ederra hartu ere. Helburu jakinik gabe, haizeak kotxea txalupa baten moduan mugitzen zuen indarraz Agüerora zuzendu ginen, geratzen zitzaizkigun bi bideetako bat eskalatzeko itxaropenez.

- Txarrenen haizea oso fuertea badau kuartoko bidea eskalauko deula pentsatzet...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 120 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Luis Rollo, Oscar Morales eta Julio Benedé, 2018ko irailan.
- Zailtasuna: IV. Luzez-luze: 1ºL: IV (30 m), 2ºL: IV (35 m), 3ºL: III+ (25 m) eta 4ºL: III (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Bide ederra udan arratsaldean edo neguan goizean eskalatzeko.
- Ura: Murillo de Gallego herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu inguru. Hurbilketaren informazio zehatzerako hemen klik egin dezakezue.
- Jaitsiera: Ibilbidearen amaieratik gailurrera igo eta iparreko noranzkoan doan bidea jarraituko dugu ferrata moduan ekipatutako tximini/kanalera arte. Bertan sirga, katea eta soka finko bat topatuko ditugu tximinia jaisteko. Orain, tximiniara iritsi aurretik 30 metroetako rappel lerro bat muntatu da. Tximinia jaitsita edo rappelak eginda, hormaren ondotik doan bidexka jarraitu eta igoerako bidearekin bat egingo dugu. Bidearen amaieratik aparkalekura 40 minutu inguruko bidea dugu.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 14 express zinta, eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamabost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian ondoan irekitako beste bi bideak ikusi daitezke.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Agüeroko Malloetako aparkalekuan ez zen inor geratzen, eta bertan aparkatutako kotxeak eskalatzera joandakoen bizitzarik gabeko testigu isilak besterik ez ziren.

- Joer, hau da suertea!!! - esan nion Asierri aparkalekuan geratzen zen azken lekuan kotxea aparkatu nuenean.

Oinez hasi ginenean haizearen indarra ez zitzaigun Peña Ruebakoa bezain gogorra iruditu, edo hala bazen ez genion jaramonik egin. Eskalatzeko kriston gogoa genuen arren hurbilketa lasai hartu genuen, aurretik zihoan hiruko sokada frantses bati distantzia mantenduz, zein bide eskalatuko zuenaren zain.

Aparkalekutik gora doan bide narbarmena uzten den lekuan (mugarri bat dago).

- Hok eztie oso urruti jungo... - esan zidan Asierrek sokadari begirik kendu gabe.

Misterioa minutu gutxi batzuetara argitu zen: "Tierra de Naide" bidean sokada bat zegoen, "Tierra de Todos" bidearen lehen luzea amaitzen beste sokada bat zegoen, eta hau gutxi balitz, aurretik zihoan sokada frantsesa "Tierra de Todos" bidera zuzendu ziren. "La vía más fácil de Agüero" bidean aldiz, ez zen sokadarik ikusten. Ez genuen elkarri hitz asko esan beharrik izan zein bide eskalatuko genuen erabakitzeko.

"La vía más fácil de Agüero" bidera zuzentzen.

Beti atentzioa deitu dit eskalada-bide batzuek hartzen duten ospea. "Tierra de Naide" bidera bigarren sokada bat hurbiltzen zen bitartean "gure" bidean materiala prestatzen bakar-bakarrik geunden, inongo presa edo presiorik gabe.

Bidearen lehen metroak.

- Kuartoko bia bat bakarrik eskalatzeko jendea ez da honeaño etorriko - esan zidan Asierrek arnesa janzten zuen bitartean, bide honetan inor ez egotearen azalpen bat emanez.
- Balitteke bai.

Sokada bat "Tierra de Naide" bidearen bigarren luzean.

Zerua oskarbi eta eguzkia goian bazegoen ere tenperatura freskoak ez gintuen berokiak kentzera animatu. "Gutxiñez hemen haizeik eztau..." pentsatu nuen bidea eskalatzen hasi nintzenean.

- Lehenengo luzea, 30 metro, IV. Bidearen lehen metroak etzanak dira, errazak, parabolt guztietan express-zinta bat ez jartzea animatzen duten horietakoa. Metro batzuetan eskuin noranzkoan eskalatu ondoren, ipuru baten ondotik pasatu eta oso nabariak diren bi zuhaixketara zuzenduz jarraitu nuen.

Ipuruaren parean, nire gainean bi zuhaixka nabarmenak ikusi daitezke.

Eskalada erraza izan arren, arreta osoa harkaitzan eta egiten nituen mugimenduetan nuen, inguratzen ninduenetik kanpo. Haizeak zuhaixkak leunki kulunkatzen zituen, baina ez nuen haizerik sentitzen; zerua urdin biziz jantzita zegoen, baina begirada ez nuen harkaitzetik altxatzen. Eskaladak efektu hau izaten du nigan, hortik eragiten didan efektu terapeutikoa.

Zuhaixka nabariak eskuinean utziz, luzeak parean nuen horma bertikalera zuzendu, eta bertara iritsi aurretik berriro ere eskuin aldera eraman ninduen, hormak osatzen duen ertz itxurako baten ertzetik jarraitu eta 2 metro pasatxoko hormatxo bertikal batekin topo egin nuen arte.

- Pentsatzet luzeko pasoa hemen eongoela!! - Esan nion Asierri hormaren pasagunea babesten duten bi paraboltak bata bestetik oso hurbil ikusi nituenean.

Pasagunea nola eskalatu argi ikusiko ez balitz, bere eskuinetik askoz errazagoa dela iruditu zitzaidan. Hormatxoaren gaineko helduleku batetik tira eginez gorputza altxatu, eta oinak bertan dauden helduleku on batzuetan kokatu ondoren, pasagunea uste baino errazago eskalatu nuen (IV).

Hormatxoa eskalatuta, metro gutxi batzuetan erlaitz inklinatu batetik jarraitu nuen horma-hobi baten ondoan dagoen bilgunera iritsiz.

Lehen bilgunea muntatzen.

- Bigarren luzea, 35 metro, IV. Maiz egiten diren mugimenduak automatizatzeko joera dugu. Asier bilgunera iritsi zenean, soberan nituen express-zintak arnesean zintzilikatu, eta bilgunera lotzen zuen mosketoia askatu ondoren, eskalatzen jarraitu zuen, egiten zuena pentsatu gabe, automatikoki, ehunka aldiz egindako mugimenduak berriro ere errepikatuz.

- Ea luze hau zemuzkoaen - izan zen esan zidan gauza bakarra aurretik zuen parabolt lerroari begira.

Bilgunearen ondoan dauden horma-hobi baten azpitik pasatuz metro pare batean diagonalean eskalatu zuen, sabai txiki baten azpian kokatu arte (IV).

Bigarren luzearen lehen metroetan (IV).

Luzeak ez du sabai txikia eskalatzen. Sabaiaren azpian mantenduz, pixkanaka eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat eginez jarraitu zuen, eskuak baino oinak non jarri ongi begiratuz (III+).

Zeharkaldian, Asierren gainean sabaitxoa ikusi daiteke.

Sabai txikia atzean utzi ondoren zeharkaldiak eskuin aldera horizontalean jarraitzen du bigarren sabaitxo baten azpitik, baina oraingoan sabaitxoaren amaierara iritsi aurretik goraka zuzen eskalatzen hasi zen.

Asierren orain arteko eskalada jarraitu eta arina bat batean moteldu zen, orain arteko metro inklinatuak bertikal bihurtu zirenaren seinale. Horma bertikal honen lehen metroak dira zailenak, zeharkaldiaren amaieratik gora eskalatzen diren lehen 3-4 metroak hain zuzen ere. Eta metro hauetan izan zen biok denbora gehien pasa genuen tartea, nahiz eta zailtasunaren aldetik zailak ez izan (IV), helduleku onak dituelako.

Horma bertikalaren lehen metroetan.

Lehen metro bertikal hauen ondoren horma zertxobait inklinatzen da, nahiz eta tente mantendu.

Zati bertikaletik ateratzen...

Luzearen bigarren zati honetan atentzioa deitu zigun aseguru bat ipuru baten enborretik pasatako zinta-uztai bat eta beste aseguru bat harkaitz-zubi batetik pasatako kordel bat izatea, parabolt bat gertu izan gabe.

Ipuruaren enborrean jarritako asegurua.

Harkaitz-zubian jarritako kordela.

Oraindik ez genekien baina luze hau da bide osoan jarraitutasun handiena duena, baita denetatik ederrena ere. Harkaitz-zubiko asegurura arteko tartea tentea bada ere helduleku oso onak topatzen dira eta ez genuen inongo momentuan estutasunik pasatu. Harkaitz-zubitik aurrera horma zertxobait gehiago inklinatu, eta eskuin joerarekin jarraituz, luzea horma-hobi nabarmen batean muntatutako bilgunera zuzentzen da (III+).

Bilgunera iristen...

- Luze politte, ez?
- Bai, gustau zait - erantzun zidan.

Eguzkia zeruan altuera irabazten ari bazen ere izpiek ez zuten nahiko indar gorputzak berotzeko. Dena den ez ginen hotzik pasatzen ari eta atzean ikusten genuen Peña Rueban bizitako haizetearen arrastorik oraingoz ez zegoen. Eskalatzen genuen metro bakoitzeako bidea ia haizerik gabe eskalatuko genuen itxaropena indarra hartzen hasi zen.

- Eguerdi parten hasiko omen da haizek fuerte jotzen...

- Hirugarren luzea, 25 metro, III+. Lehen parabolta non zegoen identifikatu nuenean bertara zuzen eskalatzeko tentaldia izan banuen ere, biderik errazena hartu nuen: ezker aldera zeharkaldi horizontal motz bat egin, eta parabotaren azpian kokatu nintzenean, zuzen eskalatzen jarraitzea (III+).

Lehen paraboltaren parean...

Bigarren bilgunean...

Lehenengo paraboltetik gora, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz metro batzuetan zertxobait eskuin aldera eskalatu nuen, bigarren bilgunearen gainean kokatu nintzen arte (III+).

Asier nire azpian...

Hurrengo metroak harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatuz eman nituen. Helduleku onak, zailtasuna III+ inguruan, lasai eta eta gozatuz eskalatzeko harkaitz-plaka. Zuhaixka nabarmen batera iritsi nintzenean harkaitz-plaka etzaten zela ikusi nuen.

- Hemendio gora zailtasune bukau dela esango nuke!!! - bota nion.

"Hemendio gora zailtasune bukau dela esango nuke!!"

Eta halaxe izan zen. Zuhaixkatik gora horma etzaten da, zuhaixka batzuen eskuinean dagoen horma-hobi handi batean muntatutako bilgune erosora arte. Tarte honeta zailtasuna III baitan mantentzen bada ere, tarteren batean zailtasuna zertxobait jaisten dela esatera ere ausartzen naiz.

Zuhaixkatik bilgunera arteko zatia.

Asier harkaitz-plaka etzana hasten den lekuan.

Harkaitz-plaka eskalatzen nuen heinean zeruertza bertan nuela iruditu zitzaidan, behatz puntekin ukituko banu bezala. Alboetan nituen hormen amaiera ikusten hasi nintzenean kezka bat sortu zitzaidan: "bideak hiru luze izangoittu?".

- Eo hurrengo luzea oso motxa da edo oso etzana - esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean.
- Neire iruittu zait nahiko goraño igo zeala - erantzun zidan materiala jasoz.

- Laugarren luzea, 30 metro, III. Luzearen zailtasunik handiena bilgunetik ateratzean dago. Asier bilgunearen eskuin aldera pasatu, eta horma-hobiaren eskuin ertzetik eskalatuz, lehen metroetako pasagune bertikala eskalatu zuen (III).

Pasagune bertikala eskalatu ondoren.

Hemendik aurrera luzearen inklinazioak behera egiten du, parabolten arteko tartea ere zabalduz. tarte honetan Asierrek metroak arin irabazi zituen, eroso eta erraz zihoanaren seinale.

- Eztakit seguru luzea noa dijon. - esan zidan bat-batean talkie-tik.
- Petnsatzet harrie garbien daun lekutio jungoela - erantzun nion.

Asierrek zalantzak edukitzea normala zen, luzeak bat-batean eskuin aldera jotzen baitu zuhaixken artean biderik garbiena jarraituz.

Luzeak eskuinera jotzen duen lekuan.

Zuhaixken artetik pasatu eta eskuin aldera eskalatuz ipuru baten enborrean muntatutako bilgunera iritsi zen.

- Reunionnnn!!!

Bidearen azken bilgunean, bilgunearen ondoan mugarri bat dago.

- Bide earra, ez?
- Errexa - erantzun zidan - largotako bidek eskalatzen ikasteko ona.

Bidea eskalatu ondoren, triste eta deprimituta, jejeje

- Ze ordutan bizi gea? - Galdetu zidan materiala motxiletan gorde genuenean.
- Joer, oaindio hamaikak laurden gutxi
- Ta "Tierra de todos" eskalatzen badeu? - proposatu zidan.
- Saiau gaitezke - erantzun nion - bestela, ikusten badeu kordada gehio darela ta etxoin behar deula bazkaltzea jun ta listo...

Hormatik jaitsi ahal izateko rappel lerro bat muntatu da, baina rappel-en luzera 30 metroetakoa zela irakurri genuenean rappelatzen jaistearen ideia albo batean utzi genuen, gure soka 50 metrokoa zelako. Rappelen ideia baztertuta, urteetan hormatik jaisteko jarraitu den ohiko bidera zuzendu ginen, Malloen iparraldean via ferrata moduan ekipatu den tximinia bertikala.

Tximinia jaisten...

Onartu beharra daukat besoetatik gehiago tira egin nuela tximiniak dituen 20 metroetan eskalatutako bide osoan baino. Goizeko tentsiorik handiena ere jaitsiera honetan pasa nuen. Ez nuen hain bertikal eta leuna gogoratzen, batez ere katetik zuhaitz baten enborrera lotuta dagoen soka zahar batera pasatzen den lekuan.

Tximinian pasatako estutasuna atzean geratu zenean "Tierra de Todos" bidera zuzendu ginen bizi-bizi, eskolan atsedenaldian patioa okupatzera korrikan jaisten zirenak bezala. Gure aurretik etorri zen hirukote frantsesa hirugarren luzea eskalatzen ari ziren bitartean, sokada bat oinez hurbiltzen ari zela ikusi genuen:

- Hoik poliki dijoz... - esan zidan Asierrek frantsesei begira, bidea eskalatzeko beharko genuen denbora kalkulatzen ariko balitz bezala.
- Gutxiñez lehenengo bi largok libre dauzkeu - erantzun nion materiala prestatzen ari nintzen bitartean.
- Bai, baña ritmo hortan jarraitzen badue harrapau ingo ditteu...
- Zuk uste?
- Baietz esango nuke...
- Nei gehio preokupatzen ditena da atzetio datozen hoik bide honta sartu ta atzetio presionatzea... - erantzun nion behera begiratuz.
- Itxoingo due... - erantzun zidan sorbaldak altxatuz - nei haizek gehio preokupatzen dit.
- Arrazoizu... - erantzun nion eskuak magnesio poltsan sartuz.

Bideak V+ zailtasuna duela erreferentzia bakartzat hartuta lehen metroak eskalatzen hasi nintzen, V+ zein luzetan eta nola egongo zen jakin gabe: "ea gutxiñez haizetek ez gaittun harrapatzen..."

Eskalada nola amaitu genuen? Frantsesak harrapatu genituen? Azpikoek presionatuko gintuzten? Haizeteak hormatik jaistera behartu gintuen? Hurrengo kronikan dena geratuko da argituta, jejeje...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Agustín Ch., Carasol M. Riglos Vertical, 306-307. Madrid. Ediciones Desnivel, 2018.
- Sendero Límite bloga. 2021/07/30. Trilogía de vías en la cara este de Agüero. Tierra de Naide, Tierra de Toz y La vía más fácil de Agüero. Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2021/07/trilogia-de-vias-en-la-cara-este-de.html
- Eskalatzen bloga. Mallos de Agüero - La vía más fácil d’Agüero (4b, 120 m, derrigorrez 4b). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2021/08/mallos-de-aguero-la-via-mas-facil.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina