AZKEN 10 SARRERAK

2022/11/08

BAKARKAKO ESKALADA EDO "ROPE SOLO": ZEIN MATERIAL ETA TEKNIKA ERABILTZEN DUT? 2022/11/08


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Katu oin batzuk jantzi eta arnes batera soka bat lotu nuen lehen eguna noiz izan zen ahaztuta daukat dagoeneko, baina ez zait sekula ahaztuko Aiztondo eskolako "Querido Diario" bidean (V+) pasa nituen estualdiak. Egun hartatik, harkaitzean behintzat, eboluzio logiko bat jarraituz, eskalada mota ezberdinak probatzen joan naiz: kirol eskalada, hainbat luzetako eskalada-bide ekipatuak eta autobabesa eskatzen duten eskalada-bide erdi-ekipatu edo "garbiak". Urte hauetan guztietan nire helburua eskalada mota bakoitzetik ahal izan dudan gehiena ikastea izan da, eskalatzen dudan eskalada mailari garrantziarik eman gabe. Izan ere, ez dut sekula nire helburuen artean eskalada maila igotzea eduki eta urteak dira ez dudala kirol eskaladarik praktikatzen, nahiz eta badakidan zailtasun maila igotzen den heinean eskalada-bide gehiago eskalatzeko aukera irekiko zaidala.

Behin baino gehiagotan idatzi dudan moduan eskaladak, dudan beldur, konfiantza, ahuldade, indar, errealitate eta nahiaren aurrean jartzen nau. Ispilu baten moduan, nire alderik indartsu eta zaurgarriena agerian uzteko ahalmena dauka. Eta agerian gelditzen den beldur eta zaurgarritasuna aldatzeko nahia da eskaladak ematen didana. Pasagune zail bat edo hormatzar bertikal baten aurrean, dudan beldur eta konfiantza faltari aurre egin eta eskalatzeko gai izateak sortzen duen sentsazio betegarria parekatzen duen sentsazio gutxi daude. Beti pentsatu izan dut erosotasun eremutik irten gabe eboluziorik ez dagoela. Eskaladak erosotasun eremutik atera eta nire burua hobe ezagutzen laguntzen dit, gustuko ez dudana hobetzeko garra piztuz. Horretaz aparte, bi eskalatzaile nylonezko zilbor-hesteaz lotzen diren bakoitzean konfiantzazko paktu bat sinatzen dute, izan ere daukaten gauzarik preziatuena uzten diote elkarri: bizitza. Ba al da konfiantza handiagoa eskatzen duen aktibitaterik?

Nire burua ez daukat eskalatzailetzat baina eskaladatik asko ikasi dut; izan ere, ikasi (eta ikasten) dudan guztia egunerokoan aplikatzen dut, batez ere arazo baten aurrean nagoenean.

Azken urteetako egoerak behartuta beharbada, eskaladan beste jauzi bat emateke nuela sentitzen hasi nintzen: bakarkako eskalada, ingelesez "rope solo" bezala ere ezagutzen dena. Eta, bizitzak izaten dituen kasualitate gozo horien eraginez Jaime Alonso "labargorri"-ren bideak eta nireak topo egin zuten. Apirilaren 17an Ihabarko "Irasagarra" bidean Jaimek eman zidan bakarkako eskaladako "master class"-a eta telefonoz trukatutako hainbat mezu nahikoak izan ziren bakarkako eskaladarekin animatzen hasteko. Ez daukat hitzik Jaimeri irakatsi didana eskertu ahal izateko: milesker denagatik bihotz-bihotzez!!!

Ibilbide berri honetarako, soka-lagun batekin "erraz" eskalatzen ditudan bide batzuk bakarka eskalatzen hasi naiz, bide bakoitzetik hurrengora zerbait berria ikasi eta aplikatuz. Ez nekiena zen bakarkako eskaladak hainbesteko jakinmina piztuko zuenik eskalatu ditudan bideen berri sare sozialetan eman dudanean, eta erabiltzen dudan teknika, aparatuak edo soka zeintzuk diren izan da jakinmin gehien sortu dutena. Jakinmin hau dela eta kronika hau idaztera animatu naiz eta bertan Jaimek irakatsitakoa eta eskalada ezberdinetan orain arte ikasi dudana azaltzen saiatuko naiz. Gauza berriak ikasten eta aplikatzen ditudan heinean artikulu hau ere eguneratzen joango naiz.

Baina...

OHAR GARRANTZITSUA: Bakarka eskalatzea kontu eta zuhurtzia handiz egin beharreko aktibitatea da eta aukeran egokiena soka-lagun batekin eskalatzea da, honegatik bakarka eskalatzen hasi aurretik gomendagarriena da gida batek, profesional batek edo eskalada mota honetan eskarmentua duen eskalatzaile batek irakatsitako ikastaro edo saio bat egitea. Artikulu honen helburua ez da ikastaro edo saio hau ordezkatzea, bakarka eskalatzen dudanean erabiltzen dudan sistema edo modua azaltzea baizik, pretentsio gehiagorik gabe.

ERABILTZEN DUDAN MATERIAL ESPEZIFIKOA

Bakarkako eskaladan erabiltzen dudan material espezifikoa.

1. Petzl "Torse" tiranteak. Tirante hauen funtzioa segurtagailu autoblokeatzailea bular aldean bertikal mantentzea da, gero azalduko dudan moduan. Tirante hauek arnesaren atzean "klip" sistema batekin modu erraz batean lotu ondoren, burutik pasatzen dira lepoko baten modura. Hebilla bat dutenez, luzeran erregulatu daitezke.

Bakarka eskalatzen hasi nintzenean mota honetako tiranteak erabili beharrean uztai-zinta bat erabiltzen nuen txaleko baten moduan jarrita (bakarka eskalatzen duten askok horrela egiten dute), baina nire kasuan ez nintzen eroso sentitzen eta segurtagailu autoblokeatzailea ez nuen ez bertikal ezta bular aldean mantentzen.

2. Mailloi eta segurtasun mosketoi batekin osatutako express-zinta motza. Express-zinta berezi hau tiranteak arnesera lotzeko erabiltzen dut. Modu honetan, erorketa bat izango banu erorketak eragindako indarra arnes eta tiranteen artean banatuko litzateke, segurtagailu autoblokeatzailea ere arnes eta tiranteetara lotuta eramaten dudalako.

3. Segurtagailu autoblokeatzailea. Edelrid etxeko "Eddy" aparatua erabiltzen dut kordel eta mosketoi txiki batekin batera. Gero azalduko dut kordel eta mosketoi txiki hau nola erabiltzen dudan.

4. Petzl etxeko "Micro Traxion" eta "Nano Traxion" poleak. Segurtagailu hauek "bigarren" modura eskalatzen dudanerako erabiltzen ditut, hau da, soka gainetik dudanerako. Beherago azaltzen dut nola erabiltzen ditudan.

ESKALATZEN HASI AURREKO PRESTAKETAK

Atal honetan hormaren oinera iristen naizenetik eskalatzen hasten naizen arte jarraitzen ditudan pausuak azalduko ditut.

1. Tiranteak arnesera lotu. Goien azaldu dudan moduan, tiranteak aurretik arnesera lotzeko mailloi eta segurtasun mosketoi batekin egindako express-zinta motza erabiltzen dut. Modu honetan tiranteak arnesera finkatu geratzen dira eta erorketa baten aurrean pisua arnes eta tiranteen artean banatuko litzateke.

Tiranteak arnesera lotzeko erabiltzen dudan mailloi eta segurtasun mosketoi batekin egindako express-zinta.

Mailloia arnesaren bi puntu sendoenetara lotzen dut sabel-eraztuna lotuta dagoen bezala eta segurtasun mosketoia tirantea lotzeko erabiltzen dut. Modu honetan tiranteak arnesera sendo lotuak geratzen dira.

Tiranteak arnesera lotu ondoren.

2. "Eddy"-a arnesera lotzeko modua. Helburua "Eddy"-a bularraldean bertikal mantentzea da. Modu honetan, soka bertatik errazago pasatu eta "Eddy"-aren blokeoa errazten da eta erorketa baten aurrean, arnes eta tiranteetara lotuta dagoenez, erorketak eragindako indarra arnes eta tiranteen artean banatuko da eta zailagoa da erorketaren ondorioz buruz behera erortzea. Bakarka eskalatzen duten askok Petzl etxeko "Grigri" ezaguna "eraldatuta" erabiltzen dute. "Eraldaketa" honetarako, "Grigri"-aren muturrean alderik alde zulo txiki bat egiten diote bertatik kordel bat pasatu eta tiranteetara lotzeko. "Eddy"-ren kasuan sistema errazagoa dela iruditzen zait eta bular aldera lotzeko kordel eta mosketoi txiki bat besterik ez ditugu beharko. Bi sistemen arteko alderik nagusiena da "Grigri"-ak 8,5 mm eta 11 mm-ko diametroen arteko soka erabiltzeko aukera duen bitartean "Eddy"-ak 9 mm eta 11 mm artekoa duela. Honegatik "Grigri"-arekin soka finagoak erabiltzeko aukera izango dugu, motxilan eramaten den pisua gutxituz. Historikoki bakarka eskalatzeko erabili izan diren segurtagailuak "Silent Partner" eta "Soloist" aparatuak izan dira baina egun oso zaila da aparatu hauetako bat salgai topatzea. Egun erabiltzen ari den beste aparatu bat Wild Country etxeko "Revo" aparatua da, baina ez dut probatu.

"Eddy" segurtagailua finkatzeko behar den materiala: segurtasun mosketoi bat, kordel eta mosketoi txiki bat.

"Eddy"-ak segurtasun mosketoia sartzen den zuloa handia duenez, zulo beretik kordela sartzen dut. "Eddy"-a segurtasun mosketoiarekin arnesera eta kordel eta mosketoi txikiarekin tiranteetara lotzen dut, modu honetan bertikal geratuz.

Argazki honetan "Eddy"-a bertikal nola geratzen den ikusi daiteke. Ikusten denez segurtasun mosketoiarekin arnesera lotuta dago eta kordel eta mosketoi txikiarekin tiranteetara.

3. Soka lotzeko modua. Bakarkako eskaladan soka-lagunik ez dagoenez sokaren mutur bat aseguramendu puntu finko eta sendo batera lotu behar da, eroriz gero puntu honek kontrapisu moduan jokatu dezan. Puntu hau parabolt bat, bilgune bat, harkaitz-zubi bat, zuhaitz baten enborra izan daiteke, besteak beste. Soka puntu honetara lotzeko bere muturrean "zortzi"-ko korapilo bat egin eta segurtasun mosketoi bat erabiltzen dut. Segurtasun mosketoi hau zuzenean lotzen dut aseguramendu puntura (parabolt baten kasuan, adibidez) edo zinta-uztai batera (enbor edo harkaitz-zubi batean, adibidez).

Behin soka finkatuta, "Eddy"-tik pasatzen dut eta "Eddy"-a arnes eta tiranteetara lotzen dut. Soka "Eddy"-tik rappel bat egiten ariko banintz bezala pasatzen dut, hau da, eskalatzailera joango litzatekeen soka muturra da aseguramendu puntura lotzen dudana.

Argazki honetan soka aseguramendu puntura nola dagoen lotuta ikusi daiteke (kasu honetan parabolt batera), baita "Eddy"-tik nola pasatzen dudan ere.

Aseguramendu puntua oso sendoa ez denean, segurtasuneko mosketoia bertara zuzenean lotzeaz gain tartean zinta disipadore bat jartzen diot, ustezko erorketa batek eragindako indarra baretzeko asmoz. Honetarako erabiltzen dudan zinta disipadorea Edelrid etxeko "Absorber Sling" zinta disipadorea da.

Jaimek bidali zidan argazki honetan zinta disipadorea nola jartzen den argi ikusi daiteke.

ESKALADAN ZEHAR JARRAITZEN DUDAN TEKNIKA

Behin soka aseguramendu puntura lotzerakoan eskalatzen hasten naiz. Nire kasuan, soka motxilaren barruan eramaten dut denbora osoan eta metroak eskalatzen ditudan heinean motxilatik soka ateratzen joaten naiz. Kirol eskaladan sistema ezberdin bat erabili daiteke soka bidearen oinean utziz, baina ez naiz honen inguruan ariko.

Eskalatzen hasi aurretik egindako argazki honetan soka nondik nora doan ikusi daiteke, baita mutur bakoitza nora doan ere.

Bakarka eskalatzen hasi nintzenean mendiko motxila arrunt bat erabiltzen nuen. Soka bertatik errazago atera ahal izateko, motxila goitik ixten duen poltsikoa (gazteleraz "seta" bezala ezagutzen dena) kiribildu eta lotu egiten nuen, baina gora begiratzen nuen bakoitzean kaskoarekin poltsiko honi jo eta enbarazu egiten zidan eskalatzeko garaian. Orain erabiltzen dudan motxila Black Diamond etxeko 35 litroko "Creek" motxila da. Motxila erosoa da, sendoa, iragazkaitza eta eskalatzeko behar dudan guztia bertan sartzen dut inongo arazorik gabe. Goian poltsikorik ez duenez (euria egiten duenerako biltzen den estalki bat dauka), soka erraztasun osoz atera dezaket.

Eskalatzeko erabiltzen dudan motxila erabiltzen dudan material guztiaz beteta.

Eskalatzen dudanean jarraitzen dudan dinamika erraza da: metroak eskalatzen ditudan heinean motxilatik soka ematen joan. Honek abiadura lasai batean eskalatzeak eskatzen dit, oso azkar eskalatzen saiatzen naizen bakoitzean edo motxilatik soka nahikoa atera ez dudanean "Eddy"-a bloketatu egiten zaidalako. Kasu hauetan aparatuaren espeka ("Leva" gazteleraz) desbloketu behar izaten dut eskalatzen jarraitu ahal izateko. Pasagune errazetan desblokeatze maniobra hau ez da zaila baina pasagune zailagoetan estualdi bat edo beste pasatzeko arriskua dago.

Eskalada baten lehen metroetan egindako argazki honetan soka aseguramendu puntura nora doan ikusi daiteke, baita motxilatik ateratako soka zatia ere.

Eskalatzen hasten naizenean kontutan hartu behar izaten dudan beste gauza bat da zenbat eta metro gehiago eskalatu horman jarritako sokak geroz eta pisu handiagoa hartzen duela. Nire kasuan, erabiltzen dudan soka 9,8 mm eta 80 metroko kirol eskaladako soka "astun" bat da (zahartzen denean soka finago bat erosiko dut, jejeje) eta soka honek 60 metro eskalatuak ditudanean pisu handia hartzen du express-zintetatik erosotasunez pasatu ahal izateko. Honetaz aparte, bere pisuaren eraginez, soka tenkatuta geratzea zaila denez, eroriz gero erorketa luzeagoa izango litzateke. Bi "arazo" hauek ekiditeko express-zintetan ileko goma arrunt bat jartzen dut eta soka express-zintatik pasatzerakoan lehenik soka tenkatu egiten dut eta gero goma honekin "harrapatzen" dut sokaren inguruan buelta pare bat egin eta express-zintaren mosketoira lotuz.

Argazki honetan express-zintako ileko gomarekin soka nola lotzen dudan ikusi daiteke.

Soka ileko gomarekin express-zintara lotuz sokari pisua kentzen diot eta, erorketa baten aurrean, gomak ziurrenik apurtuko direnez, erorketa dinamikoagoa bihurtzen da. Badaude goma hauek korapilo dinamiko batzuengandik ordezkatzen dituzten eskalatzaileak baina niri gomaren sistema erosoagoa iruditzen zait.

Argazki honetan soka express-zintara nola lotzen dudan ikusi daiteke.

Luzearen amaierara iristen naizenean (80 metrotik gertuko luzeak eskalatzen saiatzen naiz), soka bilgunera finkatzen dut eta "Eddy"-a arnesera bakarrik lotuz eskalatutako luze osoa rappelatzen dut.

Rappel-a egin aurretik egindako argazkia.

Rappelatzen dudan heinean express-zintetako ileko gomatik soka askatu eta express-zinta berriro ere sokatik pasatzen dut, sokaren pisuak eragindako tentsioa bilgunea eta express-zinten artean banatu ahal izateko.

Rappel-aren zehar egindako argazki honetan, soka express-zintetatik pasatuta nola uzten dudan ikusi daiteke.

Luzearen amaieran dagoen aseguramendu puntura iritsitakoan "zortzi"-ko korapiloa askatu eta sokaren muturra aske uzten dut, muturrean korapilorik egin gabe, soka jasotzerakoan inon katigatu ez dadin. Hau egin ondoren luze osoa bigarrenez eskalatzen dut bertan jarritako express-zintak eta material guztia errekuperatuz.

Soka goiko bilgunera finkatuta dagoenez, bigarren aldiz eskalatzeko "Micro Traxion" eta "Nano Traxion" polea autoblokeatzaileak erabiltzen ditut. Polea hauek duten abantailarik handiena da metroak igotzerakoan soka aske pasatzen dela baina eroriz gero bloketatu egiten direla sokari "kosk eginez". Badago polea bakarra erabiltzen duenik baina ni seguruago sentitzen naiz bi poleekin, batak huts-eginez gero bigarren bat segurtasun moduan izateko. "Micro Traxion" polea segurtasun mosketoi batekin arnesera lotzen dut eta "Nano Traxion" polea mosketoi arrunt batekin tiranteak arnesera lotzen dituen segurtasun mosketoira. Modu honetan bi poleak bata bestearen gainean geratzen dira.

Bi poleak muntatu ondoren.

Luzea bigarrenez eskalatzen hasten naizenean bi poleei lagundu egin behar izaten diet poleen azpiko soka zatiari esku batekin tira eginez, baina metroak eskalatzen ditudan heinean eta zintzilik geratzen den sokaren pisua handitzen den heinean poleak sokatik zailtasunik gabe mugitzen dira, bi eskuak eskalatu ahal izateko aske geratuz. Badago eskalatzen doan heinean soka biltzen joateko ohitura duenik baina nik nahiago izaten dut soka ez jasotzea goiko bilgunera iritsi arte .

Behin bilgunera bigarrenez iritsita, soka errekuperatu, motxilan jaso eta prozesu osoa berriro ere errepikatzen dut: sokaren mutur bat bilgunera finkatu, luzea eskalatu eta soka goiko bilgunera finkatu, rappelatu eta luzea bigarrenez eskalatu material guztia errekuperatuz.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina