Lustouko gailurrean.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
- Aupa Asier!!! Santu guztin zubirako planik badezu? Pentsatzen ai nintzen bakarrik daren bi hirumilako igotzea...
- Ze plan dezu?
- Robiñera eta Lustou.
- Astelehen eta asteartea bakarrik dauket libre, ez dakit nahikoa izango den.
- Buff hola bada hobe bakarra igotzen badeu, bik igotzeko denboraik ez deulako izango.
Baina zein izango zen mendi bakar hori? WhatsAp mezuak alde batera utzi eta deitu egin nion:
- Robiñerak desnibel gutxigo dauke baña kotxea uzten den lekura iristeko Bielsako sarreran daun aparkaleku baten ticket bat hartu behar omen da - esan nion -, Lustou igotzeko aldiz, kotxekin ez deu arazoik izango baña kontran 300 metro positibo gehio die, 1.600 metrotik gora.
- Neri berdin zait - erantzun zidan.
- Neri ere bai.
- Lustou hortatik hasiko gea? - Proposatu zidan.
- Primeran!!!
Modu honetan, urriaren amaierako egun lehor eta haizetsu batean jaio zen kronika honetako mendi-irteera, Santu guztien egunean burutuko genuena.
Pirinioetako hiru mila metrotik gorako mendi guztiak igotzea obsesionatzen ez nauen arren, ahal dudanean igota ez dudan hirumilako bat igotzea gustatzen zait, ahal bada ohikoa ez den bide batetik, iaz Gran Fachan egin genuen moduan. Baina Lustouri buruzko informazioa irakurri ondoren, 1.600 metrotik gorako ohiko bidetik igotzea abentura nahikoa izango zela erabaki genuen, Pirinioetan ibilbide luze eta gogor bat aspaldi egin gabe genuelako.
Lustou (edo Luston okzitaniarrez) Culfreda - Batoua mendigunearen iparraldean urrutien dagoen mendia da. Hirumilako "bakarti" bat da, nahiz eta ondoan duen Pic de Tour menditik mendi-lepo ikusgarri eta estu batek besterik ez duen banatzen. Bi mendi hauen arteko gandorra hegoaldera jarraituko bagenu Guerreys edo Bacou (2.972 m) eta Peguera (2.964 m, azkeneko hau Espainian) mendietaraino iritsiko ginateke. Gandorraren iparraldean aldiz, Thou mendia (2.743 m) kokatuta dago.
Lustou, Henry Russellek igo zuen lehen aldiz 1868an. Aure bailarako Arreu herritik oinez abiatuta, Azet herrixkaraino jarraitu zuen eta, herrixka honetatik, izen bereko bailaratik igo zen bailara honetatik doan ohiko bidea estreinatuz. Ez dakit Russellek Pirinioetan zenbat lehen-igoera eginak dituen, baina a zer nolako meritua izan zuen garai hartan batera eta bestera mugitzeko eta a zer nolako ondarea utzi digun.
Lehen bisita baterako tentagarria bazen ere, gure asmoa ez zen Russellen pausuak jarraitzea, honegatik Péguère bailaratik doan ohiko bidea aukeratu genuen, ohiko bideen artetik ziurrrenik gehien errepikatzen dena.
IBILBIDEA
Riomajou bailarako kanpaketa-eremutik (1.380 m) Péguère bailaran sartzen den pista hartuko dugu porlanezko zubi batera (1.500 m) iritsi arte. Zubia zeharkatu aurretik pista utzi eta Piarre errekastoaren ondotik (hasieran ezkerretik, gero eskuinetik) jarraituko dugu. Ur-jauzi nabarmen bat atzean utzi eta maldarik gabeko bailaratxo batera (1.930 m) iritsitakoan erreka bigarrenez zeharkatu eta, maldan gora jarraituz, Thouko mendiko etxola/aterpera (2.075 m) iritsiko gara. Hemendik gora zelaiak pixkanaka harri eta harkaitzari pausua ematen hasten da Lustou eta Tour mendiek osatzen duten hormara zuzenduz.
Hormara iritsi aurretik hartxingadi bat ezker aldera zeharkatu eta ezproi zabal baten ezkerretik igo ondoren Lustouko mendi-lepotik datorren izen bereko gandorrera iritsiko gara, bibak nabarmen baten parera, hain zuzen ere (2.890 m). Bibaketik gora Lustou gandorra igotzen jarraituko dugu gailurrera arte. Gandorrak II+ zailtasunaren inguruan ibiliko bada ere, elurra eta izotza badago kontu handiz igo beharreko gandorrra da.
Jaitsiera bide beretik egin genuen.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 13 kilometro.
- Punturik baxuena: Rioumajou bailarako kanpaketa-eremua, 1.380 metro.
- Punturik altuena: Pic de Lustou, 3.023 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.650 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: II+, gailurrera iritsi aurreko gandorran.
- Ura: Ibilbidean zehar dauden errekastoetan hartu daiteke, baita Thou mendiko etxola/aterpearen ondoko iturrian ere. Udan pentsatzen dut errekastoen inguruan ganadua ibiliko dela, beraz, kontu izan beharko dugu.
- Jaitsiera: Igoerako bide beretik.
- Eramandako materiala: Elurra zegoenez, piolet klasiko bat eta kranpoiak eraman genituen, nahiz eta gero ez erabili.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: zazpi ordu eta erdi, hartutako atsedenak zenbatuta.
Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
- Hau goien elurre izango da - esan zidan Asierrek arratsaldeko zazpi eta erdietan Rioumajou bailarako kanpaketa-eremura iritsi ginenean.
Frantziako hegoaldea alderik alde erdibitzen duen A-64 autobidea utzi eta Pirinioetara hurbiltzen ginen heinean zerua lainotuz eta ilunduz joan zen, baita euria gogoz hasi ere, furgonetaren haizetako-garbigailuei atsedenik gabe lana egitera behartuz. Rioumajou kanpaketa-eremuaren 1.380 metroko 8 graduak kontutan hartuta, goien ziurrenik elurra ariko zuen, Asierrek susmatu zuen moduan.
Rioumajou kanpaketa-eremuan dagoen egurrezko kartela. Argazkia biharamunean egin genuen.
- Baña biharko egualdi ona emanda dau, ez?
- Bai -erantzun zidan -, frexkoa baña zerue oskarbi.
- Ba gauen izozten badu goiko aristako zatie interesantea eongoa - erantzun nion -. Eskerrak pioleta ta kranpoiak ekarri dittugun.
- Bai, bazpare igo beharko dittugu.
Loaldia ahal zen ondoen pasatzen saiatzen ginen bitartean zerua garbitzen joan zen pixkanaka, eta hodeiek uzten zituzten hutsuneak okupatzen zituzten izarren artetik zetorren haize hotz batek tenperatura koska pare bat jaitsi zituen. Goizeko sei eta erdietan, ibiltzen hasi ginenean, furgonetaren termometroak 6 gradu besterik ez zituen markatzen.
Martxan hasteko prest.
Gau beltz batek dena estaltzen zuen eta, iluntasunean, Rioumajou bailara zeharkatzen duen izen bereko errekastoaren zurrumurru hotza zen isiltasuna apurtzen zuen soinu bakarra. Oraindik lo zeuden beste furgoneta isil eta itzalien ondotik pasatu eta Péguère bailaran barneratzen den pistara zuzendu ginen, harrizko zubi bat zeharkatu ondoren hasten dena.
Zubia zeharkatu aurretik, bestaldean pista ikusi daiteke. Argazkia ibilaldiaren amaieran egina da.
GPS aparatuari begirik kendu gabe pistan gora hasi ginen. Ordu batzuk beranduago ikusiko genuen moduan, iluntasunak zeharkatzen ari ginen bailararen edertasuna kopeta-argiek argitzen zutenera mugatu zigun. Izan ere, ez ginen konturatu gure eskuinean entzuten hasi ginen zurrumurru berria Péguère errekarena zela, ezta pista nagusitik jarraitu genuen bi bidegurutzeek zelaigune zabal eta eder batzuetara zeramatela ere. Iluntasuna sinismen eta ideien antzerakoa da eta, errealitatea, kopeta-argiek argitzen diguten idei eta sinesmenetara mugatzen dugu. Zenbat gauza epaitu eta "ulertzen" ditugu kopeta-argiek erakusten diguten errealitate mugatutik.
Igoeran topatu genuen lehen bidegurutzea..
Bigarren bidegurutzea, lehenengoan bezala zuzen jarraitu genuen.
Hala ere, bideak noranzko ezberdinak adierazten dizkigunean argitasuna behar izaten dugu biderik egokiena aukeratzeko. Argi hori pertsona bat, liburu bat, sinesmen bat, abesti bat, aktibibate bat edo leku bat izan daiteke, besteak beste. Noizbait pentsatu duzu zein edo zer den zure argi hori?
25 minutu inguru ibiliak genituenean porlanezko zubi batera (1.500 m) iritsi ginen.
- Hemen zubie pasatu aurretik ezkerrea hartu beharren gare.
- Bai, gañea hortxe kartel bat jarrita dau - erantzun zidan Asierrek "Lustou" izena idatzita duen egurrezko poste bat seinalatuz.
Porlanezko zubiaren ondoan.
Jaitsieran egindako argazki honetan porlanezko zubia hobe ikusi daiteke, baita egurrezko postea ere. Puntu zuriz jarraitu beharreko bidea.
Orain arte jarraitutako pistatik atera eta, egurrezko postea ezkerrean utziz, lehenengo metroetan oso nabaria ez den bidexka batetik igotzen jarraitu genuen, Piarre errekastoaren (Péguère errekaren ibaiadar bat) ezker (igoerako noranzkoan) ertzaren ondoan mantenduz.
Pista uzten den lekuan, ezkerrean "Lustou" izena idatzita duen egurrezko postea ikusi daiteke.
Jaitsieran egindako argazki honetan pista uzten den lekua hobe ikusi daiteke, baita Piarre errekastoaren ondoan doan bidexka ere.
50-75 metro inguru ibiliak genituenean, errekastoak ezkerrera biratzen duen leku batean, GPSak bidexkak errekaren bestaldean jarraitzen duela adierazi zigun:
- Erreka hemen nunbaiten zeharkatu beharra daukeu - esan nion Asierri Piarre errekastoaren ertzera hurbilduz.
Dena iluna egon arren ez genuen zailtasun handirik izan errekastoa zeharkatzeko, baina urez gainezka datorrenean pentsatzen dut zeharkatzea ez dela hain erraza izango.
Errekastoa gurutzatu genuen lekua eta hortik aurrera jarraitu genuen bidea. Argazkia jaitsieran egina dago.
Ilunpetan, bideak denbora osoan Piarre errekastoaren ondotik jarraitzen duela uste genuen, honegatik harritu ninduen errekastoaren eskuin ertzetik gertu metro batzuk ibili ondoren eskuinean genuen pinudira zuzentzen den aldapa baten oinera iristea:
- Ba bidea hemendik gora dijola esango nuke - esan nion Asierri GPS aparatuaren pantaila distiratsua erakutsiz.
- Gañea hor hito bat dau.
Pinudira daraman aldapa eta honen hasieran dagoen mugarria. Argazkia jaitsieran egina dago.
Aldaparen inklinazioa ikusita pazientziaz hartu genuen, puzzle bat egiten hasi aurretik piezak ordenatzen direnean bezala. Koturatu ginenerako aldaparen amaieran hiruzpalau harri txikiez osatutako mugarri txiki batekin topo egin genuen:
- Hemen GPSak ezkerrera markatzeu.
Aldapa igo ondoren ezkerrera hartzeko adierazten duen mugarri txikia. Argazkia jaitsieran egina dago.
Tarteka bidexka arrastoak eta tarteka mugarri txikiren bat topatuz, iluntasunak ezabatzen saiatzen zituen pinu luze batzuen artetik jarraitu genuen, Piarre errekastoaren zurrumurru urruna ezkerretik iristen zitzaigun bitartean.
Pinu luzeen artean. Argazkia jaitsieran egina dago.
Tarteka bidexkaren arrastoak agertzen badira ere bidea oso nabarmena ez zela iruditu zitzaigun. Dena den Piarre errekastoa erreferentzia bezala hartzen badugu galtzeko arriskurik ez dago.
Pinudia zeharkatzen genuen heinean argitasuna indarra hartzen eta iluntasuna urtzen joan zen poliki poliki, piztutako kandela urtzen den moduan. Pinuditik atera ginenerako mendiak zeruertzean definitzen hasi ziren, bidelagun genuen zurrumurru hotza ur-jauzi bihurtu zen eta iluntasunean geroz eta ozenago entzuten genituen txistuak birigarro beldurti eta iheslarien itxura hartu zuten. Kopetako argiak motxiletara itzultzen genituen bitartean, antzerki bat hasteko zain izango bagina bezala, iluntasunak pixkanaka dekoratuari bidea eman zion.
Pinuditik irten ondoren, egunaren lehen argiek dekoratua agertarazten hasi zirenean.
- Ur-jauzi hoi negun izoztuko da?
- Balitteke, baña ez du ematen oso tentea denik - erantzun zidan Asierrek -, eta tentek ez diren kaskadetan eroitzea errexago izatea.
Piarre errekastora ura isurtzen duen ur-jauzi hau misterio bat da. Etxean ditudan mapetan begiratzen aritu nintzenean ezerezetik jaiotzen dela iruditu zitzaidan. Susmo hau argitu nahian "Google maps" aplikazioa ireki eta satelite bidezko irudiak ez zidan misterioa argitu, bertan zulo batetik jaiotzen dela dirudielako. Ur-jauziaren oinera iritsitakoan Piarre errekastoak eskuinera biratzen du, baita gure bideak ere, maldan gora jarraituz.
Ur-jauziaren parean.
Ur-jauzitik aurrera dagoen malda igotzen hasi ginenean, goiko zelaietatik jaisten zen haize hotz batek orain arte zeharkatutako bailara itxi eta sakonaren babesa amaitzear zegoela oihukatu zigun, goizean ohetik jaiki orduko esnatzeko aurpegira botatzen den ur hotzaren efektu bera sentiaraziz. Orain arteko epeltasuna galtzeko beldurrez, ez genuen birritan pentsatu buru eta eskuak babesteko.
Hotzagatik babesten.
Aldaparen amaieran (1.930 m) mendiak osatzen duen ferra itxurako haran txiki batera iritsi ginen, ordura arte maldarik gabe topatu genuen lehen lekua. Piarre errekastoa harana osatzen duen hormetako baten gainetik zetorren, jaitsieran salto ezberdinak osatuz.
- Pentsatzen det nunbaiten erreka berriro ere gurutzatu beharko deula - esan nion Asierri -, errekan alde hontatik jarraituta itxura onik ez dauke.
GPSak susmoa baieztatu zidan. Errekastoa gehien estutzen den lekutik zeharkatu eta, haranaren ezkerretik jarraituz, berriro ere maldan gora hasi ginen geroz eta nabarmenago bihurtuz zihoan bidexka jarraituz.
Piarre errekastoak osatzen duen bailara txikia eta jarraitu genuen bidea.
Aldapa igotzen genuen heinean eguzkiak atzeko gailurrak argitzen hasi zituen, iluntasunak zeruertzean utzitako forma ilunak urrez koloreztatuz. Ikuskizun itzela izaten da mendiak pixkanaka nola argitzen diren ikustea. Egun berri baten hasiera ikustea magikoa da, iluntasuna atzean geratu eta bizitzaren argitasuna nola zabaltzen den ikusteko aukera ematen digun une magikoa, 24 ordu zoragarri bizitzeko aukera berri bat aurretik dugula gogorazten digun momentu magikoa.
Aldapan gora mendiak urrez janzten diren bitartean.
- Hara, hoi izango da kamuflauta daun txabola.
- Ta atzeko mendi hoiek?
- Culfredak diela uste det.
Goizeko zortzirak eta hogei ziren 2.075 metrora dagoen Thou-ko mendiko etxola/aterpera iritsi ginenean. Honen atzean, orrazi baten itxurako lerro bat osatzen zuten zuhaitzen gainetik, Culfreda mendiak elurtuta altxatzen ziren, dotore, paisaiari negu ukitu hotz bat eman nahian.
Thou-ko mendiko etxola/aterpera iristen. Atzean, zuhaitzen gainetik, Culfreda mendiak.
Culfreda mendiak gertuago.
- Hemen lo itteik daun badakizu? - Galdetu zidan Asierrek atera hurbilduz.
- Baietz irakurrita dauket.
Baina etxolaren egurrezko atera iritsi ginenean kandadu batek ixten zuela ikusi genuen, baita artzainak iltzatuta utzitako ohar bat ere.
Thou-ko mendiko etxola/aterpearen sarreran.
Ez dugu frantsesez hitz egiteko eta ulertzeko ideiarik ere, frantsesekin gurutzatzen gareneko "bonjour" agurraz aparte, baina artzainak atean utzitako oharra interpretatu nahian, etxolan lo egin ahal izateko kandaduaren konbinazioa eskatu daitekeela ulertu genuen. Dena den, interpretazio hau ziurrenik okerra izatetik gertuago egongo da zuzena izatetik baino.
Artzainak utzitako oharra.
Etxola/aterpean egin genuen geldialdia zintzurra freskatzeko aprobetxatu genuen. Egunak hotz jarraitzen zuen arren eta izerdirik bota gabe igotzen ari ginen arren mendian hidratazio egoki bat eramatea ezinbestekoa da, are eta gehiago altuera irabazten joaten den heinean. Etxolari argazki batzuk egin ondoren gorako bidearekin jarraitu genuen.
Gorako bidean berriro ere. Argazkian ikusten denez, etxolaren sabaian jarritako harkaitz eta belarrak paisaiarekin kamuflatzen du.
Orain arte indartsu sentitzen ginen eta ibilbidearen hasieratik hartzea erabaki genuen ibilaldi lasai eta "motela" mantentzen gindoazen, inguratzen gintuen paisaiaz gozatutz. Ibilbide osoak zortzi ordu inguru eramango gintuela aurreikusita genuen, lau ordu edo lau ordu eta erdi igo eta lau ordu edo hiru ordu eta erdi jaitsi, atsedenaldiak zenbatuta.
- Denbora hoietan manejatzen gean bitartean nik uste det ondo ibiliko geala - esan nion Asierri bezperan afaltzen ari ginela.
Thou-ko mendiko etxola/aterpetik gora aldapak errododendroen artean igotzen jarraitzen du, atsedenik eman gabe, metro gutxitan altuera handia irabaziz. Konturatu ginenerako etxola behean geratu zen eta inguratzen gintuzten mendi elurtuak hurbil ikusten hasi ginen, besoak luzatuz gero elurra ukitzeko gai izango ginela sinisteraino.
- Atzetik hiru datoz - esan zidan Asierrek behera begiratu zuenetako batean.
- Igual gure ondon zeren furgonetaren batekok?
- Balitteke.
- Ba kontutan izanda ze ordutan atera gean ez die poliki igotzen ai.
Thou-ko mendiko etxola/aterpea denbora gutxian behean geratu zen. Argazkian atzetik zetorren hirukotea ikusi daiteke.
Altuera irabazten den heinean Culfreda mendiak gertuago ikusten hasi ginen.
Ematen genuen pausu bakoitzeko atzekoek hiruzpalau ematen zituzten bitartean, ez zen denbora luzea pasatu Lustou eta Pic du Tour mendiek osatzen duten ipar horma ikusgarri eta elurtua bere osotasunean parez-pare agertu zen arte.
Argazki honen ezkerrean Lustou eta Pic du Tour mendiek osatzen duten horma ikusi daiteke, baita eskuinean Culfreda mendiak ere.
Ahozabalik begiratuz, hormak osatzen duen gandorrera nondik igoko ginen pentsatzen hasi ginen: eskuinetik? Ezkerretik? Pentsamendu honetan ari ginen bitartean bideak hormaren eskuin aldera eraman gintuen metro batzuetan baina, igoerak hormaren eskuinetik jarraitzen zuela pentsatzen hasi ginenean, pixkanaka desbideratu eta zuzen zuzen hormara eramaten hasi gintuen. Irakurrita genuen informazioan ez genuen ongi ulertu nondik igotzen zen eta, bidea hartzen ari zen noranzkoa ikusita, momentu batean Lustou eta Thour mendien arteko mendi-lepora zuzen-zuzen iristen den kanaletik igoko ez ote ginen pentsatzen hasi ginen.
Lustou eta Tour mendiek osatzen duten ipar-horma parez-pare.
Hormara hurbiltzen ginen heinean, bidea, nabarmen izatetik, lehorteak ihartutako zelai maldatsu batean ordenik gabe jarritako mugarri batzuetan eraldatzera pasa zen. Bideak hormaren zein aldetik jarraitzen zuen ez genekienez, berriro ere GPS aparatuari kontsulta egin nion, motxilan, betiko moduan, mapa eta iparrorratza nituen arren. Badira aparatu elektroniko hauen zaleak ez diren mendizaleak, mendian ibiltzeak dakarren abenturaren aurka doazela edo mendiaren irakurketa egoki bat egitea zailtzen dutela ulertzen dutelako. Niretzat oso lagungarria den aparatua da eta, ezagutzen ez dudan mendi batean gauez edo behe-lainoak harrapatuta mugitu izan naizen kasuetan, ezinbestekotzat jo dut. Baina ez da aparatu hutsezina eta dituen mugak ezagutu beharra ditugu, horma bertikal batean edo gandor batean mugitzen ari bagara batez ere, beti daukalako errore-marjina bat. Gandor estu batean bi metroko erroreak istripu larri bat izatera eraman gaitzake eta hau kontutan izan beharra dago.
Belarrak harriei bidea ematen dion lekura iristen.
Hau guztia gertatzen zen bitartean, atzetik jarraika zetorren hirukotea metro apur batzuetara hurbildu zitzaigun, baita gure parera iristear zegoenean hormaren ezker aldera nabarmen desbideratu ere, agurtzeko aukeratik eman gabe, bistatik galdu genuen arte. Jantzita zeramaten kolore bizi eta kuriosoen nahasketa bereziarengatik frantsesak izango zirela pentsatu genuen.
- Igual ez die Lustoura jungo? - Galdetu zidan Asierrek motxiletan pioletik ez zeramatela ikusi zuenean.
Hirukoteak ezker aldera zeharkaldi luze bat egiten zuen bitartean, belar ihartuak hartxingadi bati bide eman eta zuzen igotzen jarraitu genuen. GPS-ak adierazten zigun bideak oraindik ere horma aldera zuzen eramaten gintuela ikusita, internetetik deskargatutako ibilbidea neguko ibilbide bat ez ote zenaren zalantza handituz joan zitzaidan. Zein ibilbide deskargatu begiratzen aritzen naizenean kontu handia izaten dut honekin, Pirinioetako mendi gehienen igoerak elurrarekin edo elurrik gabe zeharo aldatzen direlako, batez ere ibilbide hauek aintzirak zeharkatzen dituztenean. Negu giroan aintzirak gainetik zeharkatzen diren arren, udan ibilbideen distantziak luzatu egiten dira, aintzirak inguratu behar izaten direlako. Pentsamendu honetan murgilduta nindoala, bideak bat batean ezker noranzkoa hartu eta hormak ezker aldean osatzen duen ezproi zabal eta etzan batera zuzentzen zela ikusi genuen.
Hatxingadian GPS-ari begira. Argazkian bideak gutxi gora bidea jarraitzen duen ibilbidea margotu dut. Bidearen azken zatia ezproitik gertuko igoera da.
Ezproiaren parera iritsi ginenean, honen bestaldera pasa eta bere ezkerretik doan bidexkatik igotzen jarraitu genuen. Igoera tentea bada ere ez zigun eskuak erabiltzera behartu baina bai punturen batean makilak ongi trabatzea, batez ere harri askez estalita dagoelako. Dena den, gauean botatako izotzak harriak eta harea lurrera oraingoz ongi erantsita mantentzen zituen igoera erraztuz. Ezproiaren amaierara iristear geundela, gandorraren ezkerretik bistatik galdu genuen hirukotea agertu zen:
- Bonjour!!!
- Bonjour!!!
Hirukote frantsesa berehala pasa zen aurrera. Azkar zihoazen, arnasestuka eta izerditan blai, beraientzat gailurrera goiz iristea oso garrantzitsua izango balitz bezala. Beraien atzetik berehala iritsi ginen ezproitik gertu dagoen bibak-leku handi batera (2.890 m), igoera honetako argazki behartua izaten dena. Goizeko hamarrak eta laurden izan arren, hemen izan zen eguzkia ikusi genuen lehen aldia, Lustouko gailurraren atzetik hain zuzen ere. Negu betean igoera hau hotza izango da inongo zalantzarik gabe, udan aldiz, pentsatzen dut freskoa izango dela, beti ere goiz ateraz gero.
Gandorrean dagoen bibak-leku handiaren parean.
- Hemendik gora bastoiak gordeko dittugu? - Proposatu nion Asierri.
- Igual hobe - erantzun zidan -. Baina kranpoiak eta pioleta oaingoz motxilan utziko dittut.
- Baita nik ere - erantzun nion gandorrari begira.
Gure arteko elkarrizketa ulertu izan balute bezala, motxilak kendu eta bastoiak barruan sartzen hasi ginenean hirukote frantsesa bastoiak bibak-lekuan utzi eta gandorra ziztu bizian igotzen hasi zen, atzean arnasestuen hots berezi eta ezaguna utziz.
Gandorra bibak lekutik ikusita. Eguzkia parez-pare.
Azpitik ikusita, ez zitzaigun iruditu gandorraren igoerak zailtasun handirik suposatuko zigunik, nahiz eta harkaitzak elur geruza fin batekin estalita egon. Baina lehen harkaitzetara hurbildu eta elurraren azpian izotz geruza fin bat zegoela ikusi genuenean, gandorraren aurpegia maitagarria beldurgarri izatera pasa zen, alarma guztiak piztu eta mendizale modutik eskalatzaile modura pasaraziz.
Asier gandorraren lehen metroetan.
Gandorra II/II+ zailtasunaren baitan egongo dela iruditu zitzaigun baina esku eta oinak edozein momentuan irrist egiteko arriskua zutela pentsatzeak metroak zuhurtzia handiz irabaztea eskatu zigun, eskaladako pasagune delikatu bat zeharkatzen ariko bagina bezala.
Asier gandorrean, bertan zegoen elurra ikusi daiteke baita aurretik zihoan hirukotea ere.
Piramide erraldoi batera igotzen ariko bagina bezala, gandorra osatzen duten harkaitzezko koska ezberdinak kontu handiz igotzen jarraitu genuen, batzuetan eskuinetik, batzuetan ahotik eta beste batzuetan ezkerretik. Ez da gandor estu bat, baina osatzen duen edozein aldeetara erortzea ez da oso erakargarria, bai batean zein bestean min handia hartu daitekeelako. Eguzkia oraindik esnatu berria zegoen, ahul, eta izotz gogorrak irribarre maltzur bat itzultzen zigun begiratzen genion bakoitzean.
Gandorraren alde laiotzetik egin genuen zeharkaldietako batean.
Burua eta begirada aurretik genituen bizpahiru metrora zuzenduz eta ahoaren alde batetik zein bestetik ez dakit zenbat metro igo ondoren, gandorrak osatzen duen sorbalda moduko batera iritsi ginen.
Gandorrak sorbalda modukoa osatzen duen lekuan. hemendik aurrera zailtasunak amaitzen dira.
Sorbaldatik aurrera zailtasun handienak amaitzen dira eta gandorraren ezker aldean (igoeraren noranzkoan) dagoen bidexka baten arrastoa jarraituz ez genuen arazo handirik izan Lustouko gailurra osatzen duen mugarri handira iristeko.
Asier gailurrera iristen, aurretik hirukote frantsesa ikusi daiteke.
- Punta hau da edo paren daun beste hori? - Galdetu zidan Asierrek frantsesak mugarria zegoen lekutik gelditu gabe aurrerago dagoen bigarren punta batera zuzentzen zirela ikusi zuenean.
- Ez dakit ba - erantzun nion -, baña bazpare bi puntetara igoko gea ta listo.
Mendietako igoerak modu guztietara justifikatu behar diren mundu honetan badaezpada Lustouk duen bigarren gailurrera iritsi eta frantsesak agurtu ondoren "gailur nagusira" itzuli ginen. Ea hemendik urte batzuetara ez zaigun gertatuko Manaslu mendiaren tontor nagusira ez igotzeagatik urduri dauden himalayistei bezala!!!! Jejejeje!!!!
Gailur nagusira itzultzen.
- Kotxetik laur ordu behar izan dittugu gailurreraño - esan nion Asierri erlojua begiratuz.
- Eta hori ondo dau?
- Primeran!!! - erantzun nion -, Pentsauta genuen bezela.
- Hirumilakoen ikurriña ekarriko zenun, ez?
- Noski baietz - erantzun nion, iaz Gran Facha igo genuenean etxean ahaztuta utzi nuela gogoratu zidanean -, hori dudatan jartzea ere, jejeje.
Pirinioetako hirumilako berri batera igotzen garen bakoitzean ikurriña txiki bat eraman izan dugu gurekin gailurrean argazki bat egiteko. Lehenengo ikurriña Vittorio Emmanuelle aterpean ahaztuta utzi genuen, Gran Paradiso mendia igo ondoren. Orduz geroztik bigarren batek hirumilako batzuk igota dauzka (nahiz eta bakarren batean etxean ahaztuta geratu den, jejeje) eta, hasieratik hartu genuen ohiturarekin jarraitzeko, lehenengo ikurriña primeran ordezkatu du. Ikerrek beti esan du hirumilako guztiak igotzen baditugu, alde batean bakoitzaren izena eta igotako eguna idatzi ondoren ikurriña markoztatu eta etxeko egongelan zintzilikatuko duela.
Lustou, 3.023 metro.
Gailurreko argazkia egin ondoren ikurriña berehala gorde genuen motxilan. Geroz eta sentiberatasun handiagoa duen gizarte batean bizi gara eta badira gailurretan banderak ikusteak min eragiten dieten pertsonak, mendia ideologia, aldarrikapen eta politikaren kutsadurarik gabeko leku-askea bezala ulertzen dutelako. Norberak daki mendira zertara doan eta, bandera bat eramaten badu, zein helburuarekin eramaten duen. Nire errespetu osoa dauka, nahiz eta eramaten duen bandera edo aldarrikatzen duena nire gustukoa ez izan. Gauzak horrela jarraitzen badute, eskalada-bide askoren politikoki ezegokia den izena aldatzera iritsiko gara, ireki zirenean aldarrikapen politiko edo sozial bezala erabili zirenak.
Igotako gandorra goitik ikusita, mendizale batzuk ikusi daitezke.
- Hemen zeoze jango deu edo beheran hobe? - Galdetu zidan Asierrek eseritzeko leku guztiak elurrez estalita zeudela ikusi ondoren.
- Utziazu puntatik argazkik batzuk egiten ta nahibazu beheko bibak haundi hartan deskantsatuko deu - proposatu nion.
- Primeran!!!
Asierrek motxila prestatzen zuen bitartean gailurraren inguruan ikusi daitezken mendi elurtuei argazkiak egiten hasi nintzen. Mendi "bakartia" izanda, Lustou talaia ederra da argazkiak egiteko. Kronika honi begira, argazkiak ezagutu genituen mendiei bakarrik egin nizkien, jejeje.
Vignemale.
Monte Perdido aldeko gailurrak.
Lliterola, Pico Royo, Perdiguero, Gourgs Blancs, Madaleta-Aneto.
Culfredak.
Jaisten hasi aurretik azken argazkia igo berria genuen bailarari egin nion. Bizitzan gertatzen den moduan, batzuetan ez gara konturatzen ibilitako bidea zenbaterainokoa izan den, gelditu eta perspektibaz atzera begiratzen dugun arte. Mendi artean ikusten zen bailara ilun hartatik gentozela ikusteak bertigo sentsazioa sentiarazi bazidan ere, bertara jaitsi beharra genuela pentsatzeak sortarazitako pereza sentsazioa handiagoa izan zen, jejeje.
Igotako bailara osoa gailurretik ikusita.
Bibak-lekura arteko jaitsiera kontu handiz egin genuen. Elur eta izotzez zipriztindutako harkaitzak eguzkiak pixkanaka berotzen hasita bazituen ere, izotza oraindik gogorra topatu genuen. Hala ere, errazago jaitsi ginenaren sentsazioa izan nuen; izan ere, jaitsiera zailtzeko asmoz, eskuin belauneko leku berari bi kolpe sendo eta gogor ematea erabaki nuen, normal ibiltzeak jaitsiera errazegia bihurtzen ari zuelako, jejeje.
Bibak-lekutik atzera begirada.
- Igoera politte, ez? - Galdetu nion Asierri bibak-lekuko harkaitzetako batean eseri nintzenean.
- Bai - erantzun zidan barratxo energetiko bat murtxikatzen zuen bitartean -, gañea izotzak bere xarma eman dio.
- Ba neguan berea izango du.
- Nere ezagun batzuk tartean denda jarrita elurrekin bi egunetan igotzen saiatu ziren ta etzuten lortu - erantzun zidan Asierrek ezagun hauek pasatako abentura kontatuz.
Eguzkiaren epeltasunak aurpegian sortzen duen efektu lasaigarriaren eraginpean, barratxo energetiko pare batez eta elkarrizketa atsegin batez osatutako hamaiketakoaz gozatu genuen. Ezin gehiago eskatu 2.900 metrora gandor batean sakabanatuta dauden harkaitz ezberdinez osatutako bibak-leku batean atsedenaldi bat egiteko. Honelako uneetan zoriontsu izateko zein gauza gutxi behar den konturatzen zara: jateko eta edateko gutxienekoa, konpainia ederra, elkarrizketa atsegin bat, begien aurrean izugarrizko bistak eta eguzkia aurpegian, inongo luxurik gabe.
Bibak-lekua utzi aurretik gandorrari egindako azken argazkia.
Eta luxurik gabe, atseden hartzen egon ginen moduan, beherako bideari ekin genion gure ondoan hamaiketakoa egiten aritu zen bikote katalan bati agurtu ondoren.
Bibak-lekutik behera jaisten.
Ez zen denbora luzea igaro igoerako hirukote frantsesak aurreratu gintuen arte. Orain arteko abiadura lasaia mantenduz, maldan behera pixkanaka nola urruntzen ziren ikusi genuen, paisaiarekin desegin ziren puntu txiki batzuetan bihurtu ziren arte.
- Presakin doazela emateu.
- Hala emateu bai - erantzun nion Asierri -.
Hartxingadia atzean utzi ondoren.
Frantsesak desagertu zirenean bikote katalana izan zen aurreratu gintuena. Ez ginen, itxura batean behintzat, poliki jaisten ari baina "motelegi" jaisten ari ginela pentsatuz erlojuari zeharkako begirada bat bota nion:
- Ondo goaz? - Galdetu zidan Asierrek erlojuari begira ari nintzela ikusi zuenean.
- Baietz esango nuke - erantzun nion -, sobra ere besteek guk baño presa haundiagoa dute.
Thouko mendiko etxola/aterpera iritsi ginenerako mendi osoan bakar bakarrik geunden berriro ere, inor aurretik eta atzetik izan gabe.
Thouko etxola/aterpera iristen.
Mendiek egunsentiak oparitutako urrezko jantzia erantzita zuten, milaka zimur azaleratuz, goizean zehar zahartu izan balira bezala. Mendiei bezala, bizitzak, denborak markatutako zimurrez eta bizitako zauriek utzitako orbainez betetzen bagaitu ere, denek gaur garenera eraman gaituzte, batzuk mingarriak izan badira ere. Eta gauza sinple hau gizaki guztioi gertatzen zaigu, bizi garen gizartea orbain eta zimurrak ezkutatzen saiatzen bada ere.
Mendien zimur eta orbainak.
Ur-jauzi misteriotsutik behera ahozabalik jaitsi ginen, inguratzen gintuen paisaiari begirik kendu gabe. Argitasunaren eraginez, bide berri eta ezezagun batetik jaisten ariko bagina bezala sentitzen ginen, batera eta bestera begiratuz.
Ur-jauzira iristen.
Iluntasunean, mendiarekin alderatuta zein txikiak garen ez gara konturatzen. Baina hau barneratzen dugunean milioika urte dituen munduaren Historian gure arrastoa zein txikia izango den jabetzera iritsi gaitezke, tanta hutsal bat ozeanoaren neurrigabetasunean besterik ez. Ez gara pentsatzen dugun bezain garrantzitsuak. Jaiotzen garenean harea-erloju bat martxan hasten da. Harearen pasaera gelditu ezin badugu ere, salbuespenak salbuespen, gure esku dago pasaera hau azkarragoa edo motelagoa izatea, baita goitik behera etengabe erortzen den harea-pikor bakoitzari ahal dugun zukurik handiena ateratzea ere.
Pista hasten den zubira iristen.
Zazpi ordu eta erdiren ondoren, arratsaldeko ordu bietan, Asierrek furgonetaren ateak ireki zituen. Goizean erdi hutsik zegoen aparkalekua kolore eta neurri ezberdineko kotxeek hartuta zuten, baita batera eta bestera zebiltzan pertsonak ere. Bazter batean janaria banatzen zuen postu ibiltari batetik ihes egindako saltxitxa erreen usaina zerion ke zuri bat pinuen adarren artean galtzen zen, ferietan globoak galtzen diren moduan. Ez genuen gure artean asko hitz egin behar izan handik berehala ihes egiteko.
- Hankak ondo?
- Uste baño hobeto - erantzun zidan Asierrek kotxeen artean maniobrak egiten zituen bitartean.
- Baita nik ere - erantzun nion -, eta hori pentsauta baño ordu erdi lehenago iritsi geala, jejeje.
Pirinioak atzean geratu eta etxera eramango gintuen A-64 autobidera itzultzen ginen bitartean etxera deitzeko aprobetxatu nuen:
- Etxeko biden gare - esan nion Itziri.
- Dena ondo?
- Bai - erantzun nion -, erlojuaren hare granoei zukua ederki atera diegu.
- Ze esaten ari zea? - erantzun zidan burua galtzen ari den bati erantzuten zaion moduan.
- Ez preokupau, nere paja mentalak besteik ez die, jejeje.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Néouvielle, Vallée D'Aure, Parc National des Pyrénées, 1748 ET, mapa. Institut Geographique National, 2008.
- Alejos L. Pirineos, guía de los 3000 m, 201. Bilbo. SUA edizioak, 2007.
- Serrano F. Lustou por el valle Cinqueta de la Pez: un tresmil olvidado del circo de Bachimala. Campobase, 2022; 198: 88-104.
- Un paseo por el Pirineo bloga. 2008/07/05. Pico Lustou (3023 m) desde Rioumajou (Frendançon). Eskuragarri: https://pirineodeluis.blogspot.com/2021/06/pico-lustou-3023-m-desde-rioumajou.html
- Mendikat web orria. Lustou (3024 m). Eskuragarri: https://www.mendikat.net/es/com/mount/12336
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina