AZKEN 10 SARRERAK
2022/05/09
IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "IRASAGARRA" BIDEA, 75 m, IV+. 2022/04/17
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Ostegun eta ostiral Santuan Euskal Herriko leku askotan otoitz eta penitentziak prozesioetara zuzentzen ziren bitartean, fedeari muzinik egin gabe gure otoitz eta penitentziak Ihabarko Urdebez hegoaldeko hormara zuzendu genituen, jejeje. Larunbatean aldiz atseden hartzea erabaki genuen, ez gogo faltagatik ezta nekatuta geundelako ere, batzuetan, jaki goxoak jaterakoan gertatzen den moduan, erabat asetu aurretik asko gustatzen zaizun horri atseden pixkat ematea ona izaten delako baizik.
Pilak goraino kargatuta berriro ere, anaia eta biok iganderako “Irasagarra” bidea eskalatzea erabaki genuen.
- Nahibazu aurretio “Elektrolitos” eskalau dezakegu – proposatu nion Ikerri larunbat gauean -, hola “Irasagarra"-ra eskalatzen iritsiko gea ta azpiko paretetik “Litos” bakarrik faltako zaizu eskalatzeko...
- Perfektooo!!!! – erantzun zidan -. "Irasagarrak" ze dauke?
- 80 metro ta kinto menos emateie...
Mikel Txintxaren eta Christian Pauren kronikak irakurri nituenean banekien bidea eskalatzeko zailtasun handirik ez genuela pasako. Gainera aurretik "Elektrolitos" eskalatzea osagarri aproposa izango zen goiz pasa eder baterako. Oraindik ez nekiena zen igande goizeko gauzarik aberasgarriena ez zela bi bide hauen eskalada izango...
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 75 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Mikel Txintxa eta Lur Gil 2022ko martxoan.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: III+ (30 m), 2ºL: IV+ (25 m) eta 3ºL: III+ (20 m). Guk bigarren eta hirugarren luzeak luze bakarrean eskalatu genituen.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrietan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Jaitsiera: Igoerako bide beretik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Hau guztia eraman arren, 4 express-zinta, zinta-uztai pare bat, Alien, gorria eta Totem gorria erabili genituen bakarrik.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogei minutu inguru.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak. Krokis orokor honetan eskalatutako bi bideak agertzen dira (gorriz) baita igoerako (puntu zuriz) eta jaitsierako (puntu urdinez) bideak ere.
Krokis zehatza, puntu zuriekin "Sagarra" bidea ikusi daiteke.
DESKRIBAPENA
Eguna zoragarri argitu zen; oskarbi, haizerik gabe, baketsu eta ez oso beroa, ezin gehiago eskatu eskalada egun baterako. Kotxea aparkatuta utzi izan dugun lekura iritsi ginenean, lekua beste ibilgailu batek hartuta zuela ikusi genuen:
- Furgona hau Jaimena ez al da?
- Baietz esango nuke - erantzun nion Ikerri -, herenegun zeon furgo iguala da...
Sare sozialetan izan genuen hizketaldi "birtual" batean, Jaimek ("labargorri") ostiralean "Txintxako Kalea" eskalatu genuenean ondoko bide bat eskalatzen aritu zela esan zidan, baita igande goizean beharbada Urdebezera berriro hurbilduko zela ere. Anaia eta biok Jaime Mendiak.net web orriaren bidez ezagutu genuen eta beti izan dugu Euskal Herriko eskaladaren erreferente bezala, Atxarteri dagokionez batez ere, duen eskarmentu eta jakinduriagatik. Hain zuzene ere, elkar ikusi genuen azken aldia 2009 urtean Mendiak.net taldean antolatu zen irteera batean izan zen.
- Ea ikusten deun...
- Earra izango zen... - erantzun zidan anaiak.
Jaimeren furgoneta atzean utzita, "Elektrolitos" bidera zuzendu ginen presarik gabe, munduko denbora osoa nahi genuen modura aprobetxatzeko eman izan baligute bezala. "Elektrolitos" non hasten den jakinda, bertara modu automatikoan iritsi ginen, hurbilketa nondik egin beharra genuen pentsatu gabe. Kuriosoa da leku ezezagun bat ezezagun izateari uzten dionean buruak egiten duen aldaketa: burua hasieran bideari adi-adi doa ez galtzeko, inguratzen gaituen guztiari erreparatuz. Baina bide bera errepikatzen den heinean buruak ikasi egiten du, eta hasieran ez galtzeko eraman duen kontzentrazio hori lasaitu eta modu automatikoan funtzionatzen hasten da, energia aurreztuz. Hauxe bera gertatzen da behin eta berriz errepikatzen dugun eskaladako bide batekin ere: azkenean, bidea ikasi dugunez automatikoki eskalatzen dugu, eskuak eta oinak non jarri beharra ditugun pentsatu gabe. Baina honek bere arriskua duela uste dut, bidearen heldulekuetan aldaketarik badago, modu automatikoan eskalatzeko joera izango dugunez, erortzeko aukera handitzen delako. Honegatik ez zait eskalada bide berak maiz errepikatzea gustatzen, burua denbora osoan harkaitzean kontzentratua eramateko.
"Elektrolitos" bidearen eskalada ezustekorik gabe egin genuen eta Ikerrek gozatu ederra hartu zuen hirugarren luzea eskalatu zuenean. Esango nuke Urbedez hegoaldean ireki den luzeetatik hau dela luzerik ederrena.
Iker "Elektrolitos" bidearen azken luzean.
Soka bildu eta arnesetik materiala kendu gabe "Irasagarra" bidera zuzendu ginen. Asierrekin "Sagarra" bidea eskalatu nuenetik hurbilketa nondik egin genezaken nahiko argi nuela uste banuen ere, ez zen denbora luzea igaro ezpelen artean galdu nintzen arte. Ikerrek bide zuzen eta garbitik igotzen zen bitartean, ezpelekin nuen borrokaren intentsitatea handituz zihoan metrotik metrora:
- Etorri pixkat!! - oihukatu zidan momentu batean.
- Oain ez nau zugana juteko modun!!! - erantzun nion ezpelen artean ibiltzetik nazkatuta.
- Jaimekin nau!!! - Oihukatu zidan berriro ere.
"Joer, hau beste kontu bat da..." pentsatu nuen. Ezpelen adarren besarkada eta laztanen artean mugituz Iker eta Jaime zeuden lekura iritsi nintzen.
Ezpelengandik nazkatuta nengoen arren izugarrizko ilusioa egin zidan Jaime berriro ere ikustea. "Ari" bidea eskalatzen ari zela "Elektrolitos" bidean ikusi gintuen. Elkar ikusiko genuen itxaropenarekin, eta gure zorionerako, bera ere "Irasagarra" bidea eskalatzera zihoan.
"Irasagarra"-ren hasiera topatzea, Urdebez hegoaldean ohikoa den moduan, zertxobait kosta zitzaigun. "Sagarra" bidearen ezkerrean kokatzen da, ia hormaren amaieran. Eskerrak lehen luzearen parabolta argi ikusten den...
Jaimek azkeneko egunetan Urdebezeko bide guztiak bakarka eskalatu zituela kontatu zigun, eta eskalada mota honen teknikan jarri genuen interesa ikusirik, honen inguruko ikasgai magistrala eman zigun. Ikasgai zehatz eta argi honen ondoren, eta luze bakoitza bi aldiz ez eskalatzeko, gure aurretik eskalatzen hasteko eskatu genion:
- Abisatzen diguzunen azpin lotutako soka askauko dizugu - esan genion -, ta jartzezun materiala guk igoko dizugu.
- Oso ondo, eskerrik asko!!!
Jaimek soka hormaren oinean dagoen zuhaitzetako baten enborrera finkatu eta lehenengo luzea eskalatzen hasi zenean, Iker eta biok zur eta lur geratu ginen.
- Ze lasai dijo, eh? - esan zidan anaiak -, Esfortzuik gabe dijola emateu...
Jaime "Irasagarra" bidearen lehen metroetan ezpelen artean dagoen pasilloan. Argazkian luzearen hasieran jarrita dagoen parabolta ikusi daiteke.
Jaime eskalatzen ikustea sekulako ikuskizuna izan zen. Orkestra bateko zuzendariaren moduan, ongi pentsatutako mugimendu lasai eta jarraituekin, harkaitzaren gainean esfortzurik gabe mugitzen zen, flotatzen ariko balitz bezala. Iker eta biok aho zabalik geratu ginen berari begira, beste ezer egin gabe, transmititzen zuen lasaitasunagatik kutxatuta. Lehenengo bilgunera iritsi zenean eta soka askatzeko eskatu zigunean, Jaimek soka jaso arte ez ginen eskalatzen hasi.
- Lehenengo luzea, 30 metro, III+. Luzea lurrezko erlaitz txiki batean hasten da, bi pertsona eroso egoteko txikiegia dena. Erlaitz txiki honetatik gora dagoen harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen hasi bezain laster eskuin aldera eskalatuz jarraitu nuen paraboltera iritsiz (III+). Jaimek pasagune hau erraztasun osoz eskalatu zuela ikusita (izan ere ez zen paraboltetik aseguratu), hasieran pentsatu nuena baino gehiago kosta zitzaidan, baina ez da pasagune zaila. Dena den, pasagune honetan dago luzearen zailtasunik handiena.
Plaka inklinatua eskalatuta, zertxobait eskuinera jo eta ezpel txikien artean atzematen den pasilloaren editik eskalatzen jarraitu nuen, III- zailtasuneko hormatxo ezberdinak eskalatuz. Ez nindoan lasai eta bilgunera nolabait azkar iritsi beharra nuela sentitzen nuen, Jaime gure zain egongo zelakoan. Izan ere, berak jarritako aseguruak gure aseguruekin ordezkatuz eskalatzen nindoan, bilgunera iritsitakoan Jaimeri bere material guztia emateko.
Burua harkaitzetik urrun nuela, momentu batean bidea galdu nuela pentsatu nuen, baina berehala bide onetik nindoala adierazi zidan ezpel baten enborrean lotutako soka bat topatu nuen.
Bilgunea begi bistan nuenean eta Jaime bigarren luzea eskalatzen hasita zegoela ikusi nuenean lasaitu nintzen: "gutxiñez beak eztu hemen jarri dun materialik behar...". Baina bilgunera iritsi aurretik azken hormatxo bat eskalatu behar izan nuen, orain arte eskalatutako hormatxoetatik tenteena, baina Totem gorria sendo trabatzeko aukera eman zidana. Hormatxo hau eskalatuta (III), sabai itxura duen horma batera iritsi nintzen erdi-oinez, bertan parabolt batez osatutako bilgunea dagoena. Paraboltaren ezkerrean arrail bat dago friend bat trabatu eta bilgunea indartzeko aukera ematen duena.
Lehen bilguneko argazkia, bertan Jaimek lotuta utzitako soka ikusi daiteke.
Bilgunea muntatzen nuen bitartean Jaime bigarren bilgunera iristear zegoela ikusi nuen, lasai, kontzentratuta, esfortzurik gabe. Soka bildu, Jaimeri argazki pare bat egin eta Ikerri nahi zuenean eskalatzen hasteko eskatu nion.
Jaime bigarren luzearen amaieran...
- Joer, paraboltea irixtea pixkat kosta zait - esan zidan Ikerrek ezpelen artean azaldu zenean -, Jaime hain errex ikusiet...
- Neire gauza bea pasa zait, jejeje - erantzun nion irribarretsu -, baña trukoa eskubiko hankako daun leku bat topatzea da...
Iker ezpelen arteko pasilloan.
Ez zen lehen aldia eskarmentu handiko eskalatzaile bat bide "erraz" bat eskalatzen ikusi ondoren guk nahi baino gehiago estutu behar izatea. Behin liburu batean irakurri nuen eskalada hiru faktoretan oinarritzen dela: burua, fisikoa eta teknika. Liburu honen arabea hiru faktore hauek pisu bera dute eta eskalatzaile on bat izateko hirurak landu behar dira. Nire ustez teknika eta burua dira faktore hauetatik zailenak direnak garatzea eta hain zuzen ere eskalatzaile beteranoek, nahiz eta indarra galtzen joan, bi faktore hauek gorenean mantentzen dituzte. Honegatik, duen adina duela ere, kontu handia izan behar da eskalatzaile beterano bat erraztasun osoz eskalatzen ikusten dugunean, eskalatzen ari den bidea ziurrenik dirudiena baino zailagoa izango delako.
Lehen bilgunean.
- Esango nuke Jaimek bukaeraño eskalau duela - esan nion Ikerri bilgunera iritsi zenean.
- Azkeneko bi largok zenbat dute?
- Berrogei metro inguru...
- Bueno, ordun sokakin bukaeraño iristen gea, ez? - Galdetu zidan Ikerrek.
- Teorikamente bai - erantzun nion -, baña bi luzetan banau badue zerbaitegatik izangoa...
Hizketan ari ginela Jaimek hormaren ertzetik burua atera eta soka askatzeko eskatu zigun.
Jaime bidearen amaieran.
Jaimeren soka berak jarritako express artean suge luze baten moduan ihes egiten zuen bitartean Ikerri gainean nuen material guztia eman nion. Sokak begi bistatik ihes egin zuenean anaia eskalatzen hasi zen.
- Bigarren luzea, 25 metro, IV+ eta hirugarren luzea, 20 metro, III+. Iker bilgunetik eskuinera oinez atera eta parean dagoen harkaitz plaka tentera zuzendu zen, parabolt bat duena. Harkaitz-plakaren itxuragatik argi geratu zitzaigun "Irasagarra"-ren zailtasunik handiena bertan topatuko genuela.
Paraboltera zuzen iristeko, harkaitz-plaka paraboltaren azpitik eskalatzen hasi beharrean, Iker plakaren ezkerretik eskalatu zuen (IV), bertan helduleku hobeak daudelako. Soka gainetik izateak ematen duen lasaitasunarekin, geroago paraboltera harkaitz-plaka zuzenean eskalatuz iritsiko nintzen, eta konturatuko nintzen bertatik eskalatzea zertxobait zailagoa dela (IV+), oinentzako euslekuak txikiagoak direlako.
Paraboltaren parean.
Paraboltetik gora, harkaitz plaka tentea eskalatzeko itsasgarritasunezko pausu pare bat egin behar izan zituen eskuin aldera mugituz (IV).
Paraboltetik gora eskalatzen.
- Ze iruittu zaizu?
- Adherentziko paso polittek dauzke - erantzun zidan -, baña uste baño errexago.
- Bueno, ba dauneko biako pasoik zailena eskalauzu...
Paraboltdun harkaitz plaka tentea eskalatuta, harkaitz "zalantzakorra" duen hormatxo txiki bat zailtasunik gabe eskalatu (III) eta eskuin aldera eskalatzen jarraitu zuen, bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz (III-).
Bigarren bilgunearen parean.
- Zenbat soka falta da? - Galdetu zidan talkie-tik
- Oaintxe hogeitabost metrotako marka pasa da - erantzun nion.
- Ordun segittukoet.
- Ondo - erantzun nion -, baña akordau express zinta luzek jartzen sokak ez tiratzeko...
Lehen bilgunea bigarrenetik ikusita.
Bigarren bilgunetik express zinta luze bat pasatu ondoren eskuin aldera jarraitu zuen, hormatxo bertikal batera zuzenduz (III-).
4 metro inguruko hormatxo bertikal honetan helduleku oso onak daude, baita friend txikiak ongi trabatzeko arrailak ere. Arrail hauetako batean Ikerrek Alien gorria trabatu eta horma txiki hau berehala eskalatu zuen (III+).
Hormatxo bertikalean.
Hormatxoa eskalatuta, luzeak harkaitz plaka etzan bat igotz jarraitzen du. Iker pixkanaka begi bistatik desagertzen zihoan heinean harkaitz-plaka hau eskuin aldera eskalatuz jarraitu zuen (III-). Soka segurtagailutik arin pasatuz zihoan, Iker azkar eskalatzen ari zen seinale. Geratzen zen sokari begiratu nionetako batean, kalkulatuak genituen 35-40 metroak pasatuta zeudela konturatu nintzen.
- Ez dakit nun zaren baña dozena erdi bat metro eo falta die bakarrik - esan nion talkie-tik.
- Gaizki atera naiz ta reuniotik gorago nau - erantzun zidan -, oain nijo reunioa.
Irabazi zituen "gehiegizko" metroak jaitsi, eta harkaitzak osatzen duen kanaltxo txiki eta estu bat eskuin aldera zeharkatu ondoren (III-), "Sagarra" bidearen azken bilgunea ezkutatzen duen ezpelera iritsi zen. Bertan, Jaime zain zuen zigarrotxo bate erretzen eguzkia hartzen zuen bitartean.
"Irasagarra"-ren amaierara iristen. Argazkia Jaimek egina da.
Bigarren luzearen hasieran dagoen harkaitz plaka tentea ederra iruditu zitzaidan, oinak non jarri ongi begiratu behar den horietakoa. Dena den, Urdebezeko eskalada bideetan askotan gertatzen den moduan, motz geratu zitzaidan, hirugarren luzeko hormatxo bertikala bezala, jejeje.
Bigarren bilgunea. Atzean hirugarren luzean eskalatzen den hormatxo bertikala ikusi daiteke.
Azkeneko bi luzeak batuz gero 45 metro inguruko luze bakarra geratzen dela iruditu zitzaigun, eta Ikerrek jarritako express zinta luzeei esker, sokaren marruskadurarekin ez genuen inongo arazorik izan, beraz, aukera ona izan daiteke bidea errepikatu nahi dutenentzat.
Iker azken bilgunean Jaimekin hizketan.
- Beste bat eskalauta - esan nien bilgunera iritsi nintzenean -, bakarra falta zaigu...
Jaimek "Itxoin pittin bat Lur" bidea duela egun pare bat eskalatu zuela esan zigun, bertako nondik norakoak azalduz:
- Hasieran eroriz gero erorketa txarra dauka - esan zigun -, gero goiko zatia polita da.
Bide honek sortutako hariari lotuz, jaitsieran bideak irekitzeari eta ekipatzeko moduari buruz hizketan aritu ginen: zer izan behar den kontutan eskalada bide bat ireki eta ekipatzeko orduan, seguruak non eta nola jarri behar diren, eskalak bizi izan duen bilakaerak bideak ireki eta ekipatzeko garaian izan duen garrantzia, bideak onak direnean partekatu eta zabaltzeko beharra, etab. Gai hauei buruz eskalada bide asko ireki eta ekipatu dituen eskarmentu handiko eskalatzaile batekin hitz egitea gozamena izan zen, are eta gehiago eskalatzaile honek Jaimek duen memoria badu. Berarekin hitz egitea eta bere hausnarketak entzutea eskaladaren Historiaren liburu bat irekitzea bezalakoa izan zen. Izan ere kotxeak utzitako lekura arte jaitsiera motz egin zitzaigun.
Atxarten eskalatzeko gonbidapena luzatu ondoren elkarri agur esan genion, tristuraz nire kasuan, Jaimekin egun oso bat ikasten egon daitekelako.
Jaimekin eskaladaren ondoren. Milesker hain denbora "laburrean" irakatsitako guztiarengatik!!!
Jaimekin izandako hizketaldiak zer pentsatua eman zidan eta oraindik erantzunik aurkitu ez dudan galdera asko eragin dizkit: Non dago "trepada" eta eskaladaren arteko muga? Batentzat "trepatzea" dena beste batentzat eskalatzea izan daiteke? Eskalada mailaketa eskuan hartuta eta zalantza hau nolabait objektibatu nahian, II+ arte "trepada" kontsideratu daiteke eta hemendik gora eskalada, soka erabili behar delako? Elhuyar hiztegiak "trepar" aditza "igo" bezala euskaratzen duen arren, galdera hauetan "igo" erabili izan banu ez dut uste zer esan nahi dudan ulertuko zenik.
Mikelek eta Christianek Urdebez hegoaldeko horma argitara ematen hasi zirenean, goiz batean Madalenaitzaren hegoaldetik Urdebez hegoaldera luzatzen den horma ireki zitezkeen eskalada bide berriak aurkitu nahian zeharkatu nuen. Aukera politak izan daitezkenak topatu nituen arren, Jaimek eragin didan hausnarketaren ondoren: Zein da eskalada bide bat irekitzearen helburua? "Edozein lekutik" eta "edozein modura" igotzea nahikoa da igoea hau eskalada bide berritzat kontsideratzeko? Ondo legoke ia bere osotasunean "trepatuz" igotzen diren bideak eskalada bide bezala bataiatzea? Azken galdera hori zela eta, Jaimek kontatu zigun Euskal Herrian izen batekin bataiatu diren eskalada-bideak daudela, urteetan "trepatuz" igo diren eta izenik ez zuten lekuetatik igotzen direnak.
Jaimek galderaz betea utzi nau, hausnarketaz betea, kontraesanez betea. Buruan ditudan hainbat proiekturen zentzua eta zergatia berriro ere pentsaraztea eraman nau, proiektu hauek oinarritzen ziren asmoak nahastu eta deskolokatu dizkidalako. Eta honegatik eskerrak ematen dizkiot, gai ezberdinetan dudan ikuspuntua deskolokatzen didaten guztiei eskerrak ematen diedan moduan. Ziur naiz Jaimek eragin didan hausnarketa honek hemendik aurrera idatziko ditudan kroniketan isla izango duela.
Milesker Jaime bihotz-bihotzez, hain denbora "laburrean" irakatsitako guztiarengatik!!!
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Bergidak bloga. 2022/03/14. Irasagarra bidea (80 m; -V). Urbedez-Ihabar. Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2022/03/14/irasagarra-bidea-80-m-v-urbedez-ihabar/
- Montañas de Camille bloga. 2022/03/23. Irasagarra bidea (80m, V-), otra de Ihabar. Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2022/03/irasagarra-bidea-80m-v-otra-de-ihabar.html
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina