AZKEN 10 SARRERAK
2023/01/02
LARRUNARRI, "TXEMA - PETREL" SEKTOREA: "ARRAILAKULOS" ARRAILA, 70 m, IV. 2022/11/06
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
"Mailenka" bidearen krokisa marrazten ari nintzenean honen eskuinean dagoen arrail nabarmen batek atentzioa deitu zidan: "hain nabarmena izanda, fisura hortatik igotzea egongo da?" pentsatu nuen. Berehala hasi nintzen bai interneten (Aralarko eskaladen kasuan Mikel Saez de Urabainen bloga da erreferentzia nagusia) baita etxean ditudan liburu zaharretan ere arrail misteriotsu honen inguruko informazioaren bila, baina bilaketa antzua izan zen: "informaziorik ez badago edo harria txarra da edo eskalatzeko interesik ez duela izago da" ondorioztatu nuen. Baina ez nintzen lasai geratu eta, "Petrel" bidea eskalatzera joan nintzenean, eskalatzen hasi aurretik arraila "ikertzera" joan nintzen.
Belarrez zipriztindua egon arren, azpitik ez zitzaidan iruditu harri askerik zuenik eta, txarrenean, bere ezkerreko hormak harkaitz-plaka sendo baten itxura zuen. Uste nuen bezain bertikala ez bazen ere, "Mailenka" bidearen azken bilgunetik oso gertu amaituko zela kalkulatu nuen. Arrailaren oineraino harkaitz-plaka etzan bat eskalatuz iritsi zitekeela banekien, duela urte asko sokarik gabe bertatik igota nengoelako: "plaka horren zailenetik eskalatuz gero luze polita geratu daiteke" pentsatu nuen.
Arrail honen eskaladak izugarrizko jakin-mina piztu zidan, baita urduritasun puntu bat ere, seguru finkorik gabe bakarka eskalatuko nuen lehen bide ezezaguna izango zelako. Saiakera baten zain egon nintzen egunak oso luzeak egin zitzaizkidan, honegatik, azaroak seirako eguraldia alde izango nuela irakurri nuenean ez nuen bitan pentsatu: hau da eguna!!!!
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 70 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu, baina pentsatzen dut aurretik eskalatuta egongo dela. Izena, arraila hasten den "Arrastrakulos" kanalaren izena eta "arrail" hitzen arteko nahasketa bat da.
- Zailtasuna: IV. Luzez-luze: 1ºL: III (40 m) eta 2ºL: IV (30 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bero handia pasa daiteken arren, goizaren lehen orduetan itzalpean dago.
- Ura: Hurbilketa nondik egiten den arabera, Larraitzen edo Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu lasai igota. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, Oria iturrian zintzurra freskatzeko aukera izango dugu.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: "Mailenka" bidea rappelatzea, "Arrastrakulos" kanaletik jaistea edo ipar-mendebaldeko gandorra jarraitu eta, Erlabeltzeko puntatik pasatuz, Larrunarriko gailurrera iritsi eta bertara iristen den ohiko edozein bidetik jaistea.
- Eramandako materiala: Bidea bakarka eskalatzeko, 80 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 8 express-zinta, Totem sorta eta bilguneak muntatzeko edo harkaitz-zubietatik pasatzeko luzera ezberdinetako zinta-uztaiak erabili nituen. Sokada batean eskalatuz gero 60 metroko sokekin nahikoa izango litzateke bidea gero rappelatu nahi bada.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu pare bat, kontutan izanda bakarka eskalatzen denean bidea bi aldiz eskalatzen dela. Sokada batean eskalatuz gero denbora erdian edo gutxiagoan eskalatuko dela pentsatzen dut.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak gorriz margotuta. Bilgune urdindun bidea "Mailenka" da, bilgune berdedun bidea aldiz, "Petrel".
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Larrunarriko “Txema – Petrel” sektoreari gustua hartua diot: harkaitz zoragarria, zailtasun “jasangarria”, bakartia eta bakarka eskalatzen ikasteko aukera paregabea. Hala ere, oraindik ez diot 15 kiloko motxilarekin ordu eta laurdeneko igoerari maitasunik hartu. Adituek diote sorbaldak motxila astunak eramatera ohitu egiten direla eta honen ondorioz gorputza sendotzen dela baina, dirudienez, teoria hau berresten duen salbuespena naiz, jejeje.
Larraitzetik beste behin tente irten nintzen, luze eta harro, baina metroak igo ahala motxilak pixkanaka uzkurtu ninduen; izan ere, "Petrel" eta "Mailenka" bideek partekatzen duten bilgunera iritsi nintzenerako nire luzerak zentimetro batzuetan murriztu zela iruditu zitzaidan. Zeruan, haitzetatik amildegira salto egindako putreek noraezean zirkuluak egiten zituzten; lurrean, behorrak gauak freskatutako belarra gosaltzen hasiak ziren. Zerua eta lurraren artean, haize gozo batek eguzkiaren lehen izpiak kulunkatzen zituen, Larrunarriko itzala Ordiziaraino luzatuz. Putreak, behorrak, haizea eta eguzkia izango ziren oraingoz alboan izango nituen soka-lagun bakarrak; Larrunarriko itzal luzea aldiz, pixkanaka bailaretan desegingo zen.
"... Larrunarriko itzala Ordiziaraino luzatuz".
Zama lurrean utzi eta lehenenengo luzea osatuko zuen harkaitz-plakaren oinean harkaitz-zubi sendo baten bila hasi nintzen, bizitzara lotuta mantenduko ninduen zilborra. Eta hamar minutu eskaseko bilaketaren ondoren nola poztu nintzen gainera, "Petrel" eta "Mailenka" bideek partekatzen duten bilgunetik 20-25 metro eskuinera eroriko bati ongi eutsiko zion harkaitz-zubi bat topatu nuenean!!
Bidearen nondik norakoak azpitik ikusita. Argazkian "Petrel" eta "Mailenka" bideek partekatzen duten bilgunea ikusi daiteke.
Harkaitz-plaka alde batetik zein bestetik aztertu nuen. Duela urte dezente, sokarik gabe eskalatu nuenean, honen ezkerrean dagoen arrail zabal eta inklinatu batetik igo nintzen; oraingoan aldiz, katu-oinak eta eskaladako material guztiarekin nengoenez, erditik eskalatzen hastea zen gehien erakartzen ninduena, bertan dauden zimurdurak eta zuloak aprobetxatuz. Zilborrari zilbor-hestea lotu nionean eskalatzen hasi nintzen.
Zilborra eta zilbor-hestea lotuak.
- Lehenengo luzea, 40 metro, III/III+. Harkaitza hotza zegoen, hezea, baina harriaren zimurdurak behatz eta katu-oinen puntekin laztanduz ez nuen zailtasun handirik izan lehenengo 3 metro inguruak eskalatu eta zulo luze batera iristeko (III). Konfidantzaz mozkortuta, zulotik gora plaka zertxobait etzaten zela ikusita asegururik jarri gabe eskalatzen jarraitzea erabaki nuen. Baina 4-5 metro urrutiago dagoen harkaitz-zubi nabarmen batera iritsi nintzenean (III), hartutako erabakia egokia ez zela izan jabetu nintzen: batetik harkaitz-zubira arte aseguru gehiago jartzeko aukerarik ez nuelako izan; bestetik, eta hau izan zen arrazoirik nagusiena, irrist egin izan banu harkaitz-plakaren oinera arte bidaiatu izango nuelako. Auto-babestuz eskalatzen denean, gehienetan "hobe da bat eskuan, ez bi auzoan" atsotitzari kasu egin behar zaio.
Harkaitz-zubira iristen. Argazkia luzea bigarren aldiz eskalatu nuenekoa da.
Lehen asegurua atzean geratu zenean, sokarik gabe eskalatu nueneko belarrez estalitako arrail zabalarekin topo egin nuen (III-). Hemendik aurrera arrailak osatzen duen ibilbide jirabiratua jarraitzea besterik ez nuen egin, tarteka arrailaren eskuin aldera pasatuz (II+), urte dezente ihartuta daraman zuhaixka bat saihesteko egin nuenean bezala. Behatz-mamiak oraindik hotzak sentitzen nituen, minberak, eta, goitik eta behetik eguzkiaren izpiek itzalpea setiatzen bazuten ere, harkaitzak ilun jarraitzen zuen oraindik ere, hezea, hotza, geroz eta gertuago ikusten nuen horma distiratsuan gogoa jartzera behartuz.
Arrail zabalarekin topo egin lekutik behera egindako argazkia. Harkaitz-zubia ikusi daiteke.
Arrailaren zeharkaldiaren amaieran hormatxo bertikal bat eskalatu (III-) eta gaurko arrail protagonistaren oinera iritsi nintzen. Arraila, itxi gabeko zauri erraldoi bat zirudien, mendia bitan erdibitzen zuena; erizain trebe baten moduan, sokarekin eta aseguruekin josten saiatuko nintzen zauri erraldoia.
Josten hasi aurretik bilgunea muntatzeko leku baten bila hasi nintzen, baina harkaitz-zubi estu eta ahul bat besterik ez nuen topatu: “Vaya por Dios!!!”. Amore emanda, bilgune sendoago bat muntatzeko leku bat topatuko nuen itxaropenez, arraila eskalatzen hasi nintzen. Baina lehenengo metro hauek ez nituen arrailaren erditik eskalatu, honen ezkerreko horma bertikaletik baizik, eskaladaren eta zailtasunaren aldetik “interesgarriagoa” iruditu zitzaidalako. Hormatxoa eskalatuta (III/III+), honen gaineko erlaitz inklinatu eta belartsuan bilgunea muntatu ahal izateko harkaitz-zubi pare eta dotore bat topatu nituen.
Hormatxoaren gainetik behera egindako argazkia. Argazkian arrailaren amaieran eskalatu nuen hormatxo txikiaren irteera ikusi daiteke.
Lehenengo bilgunea rapelatzen hasi aurretik.
Eguzkiak argitutako eta berotutako eremuan nengoen jada. Behatz-puntak epeltzen ziren bitartean zilbor-hestearen ibilbidea zilborra arte jarraitu nuen. Behorrek gosaltzen jarraitzen zuten, urrun. Putreak gertuago nituen, noraezean zirkuluak eginez oraindik ere, zerura hurbiltzen ari nintzen seinale. Animalien guganako axolagabetasuna bizitzen nuen bitartean, egiten ari naizena balio pertsonaletik haratago baliorik ez duela gogoratu nuen. Eskalada batek berez ez du mundua aldatuko, eskalada horren kontaketak mundua aldatuko ez duen moduan. Eta hau gogoratzeak beti pozten nau, egoak jartzen dituen tranpetan erortzea erraza izan daitekeelako..
Lehenengo luzearen nondik norakoak. Puntu gorriz igotako bidea marraztu dut sokaren ibilbidearekin bat ez datorrelako.
Bilgunea muntatu, soka bilgunera finkatu, aparatu auto-blokeatzailearekin hasiera arte rappelatu, aparatu hau bi polea auto-blokeatzaileengatik aldatu, soka gainetik nuela luzea berriro ere eskalatu eta soka motxilan gorde ondoren, prest nengoen arraila eskalatzen hasteko. Erreferentziarik gabe, itsuan, arraila zirrara berezi batekin eskalatzen hasi nintzen.
Zailtasuna aldatzen ez bada ere, nailonezko zilbor-hestea gainetik edukirzeak lasaitasun eta ausardia extra bat ematen du beti. Honegatik, argitu nahi dut arraila lehen eta bigarren aldian ez nuela modu berean eskalatu. Lehen aldian, tarteka arrailaren ezker hormatik eskalatu nuen, pasagunerik errazenen bila; bigarrenean aldiz, arrailatik atera gabe jo nuen gora. Kontaketari begira, arrailaren eskaladari lotuko natzaio, saihesbideei aipamen xumeago bat eginez. Argazki guztiak, ikusiko den moduan, arraila bigarrenez eskalatu nuenekoak dira.
- Bigarren luzea, 30 metro, IV. Irtengune motz eta bertikal bat altxatzen zen bilgunetik gertu, oso sendoak ez diruditen harkaitz-bloke handi batzuez tapizatutakoa.
"Irtengune motz eta bertikal bat altxatzen zen bilgunetik gertu...".
Hasieran zertxobait atzeraka botatzen badu ere, ez nuen zailtasun handirik izan goitik ateratzeko (III/III+). Harkaitz-bloke hauek konfidantza handirik ematen ez badigute, irtengunea ezkerretik zailtasunik gabe saihestu daiteke (III-).
Irtengunea eskalatzeko bi aukerak. Lehen igoeran ezkerretik igo nintzen, bigarrenean aldiz, eskuinetik.
Saihesbidetik egindako argazki honetan bigarren irtengunea ikusi daiteke.
Irtengune honen ondoren belarrez estalia dagoen bigarren irtengune baten oinera iritsi nintzen.
Bigarren irtengunera iristen.
“Erditik edo ezkerretik?” Pentsatu nuen, ezker horman dagoen harkaitz-plaka argian aseguruak jartzeko aukera handiak izango nituela ikusi ondoren: “Erditik!”.
Bigarren irtengunea azpitik ikusita.
Bigarren irtengunetik aurrera arraila estutzen hasten bada ere, horrek ez zidan eragozpenik sortu, irtengunean dauden harkaitz-bloke sendoek zailtasun handirik gabe eskalatzen utzi zidatelako (III).
Bigarren irtengunearen irteeratik egindako argazkia.
Lasai nindoan, soka motxilatik ateratzen nuen abiadura eskalatzen nuen abiadurarekin orekatuz. Tarteka arrailaren erdian belar edo zuhaixkaren bat agertzen zen arren, ez zitzaidan iruditu enbarazu handirik egiten zuenik eta, arrailaren bi hormetan oinak kokatuz, zailtasunik gabe saihestu nituen. Luzean jarritako aseguru bakarra dagoeneko urrun zegoen, baina ez nuen bigarren aseguru bat faltan botatzen, orain arte eskalatutakoa irtengune motz pare bat besterik ez zelako izan. Dena den, hemendik gora arraila gehiago estutzen eta tentetzen zela ikusita, bigarren aseguru bat jartzeko garaia iritsi zela iruditu zitzaidan. Horretarako irtengunearen irteeratik dozena erdi bat metro gehiago eskalatu behar izan nituen, harkaitz-zubi sendo batera iritsi nintzen arte (III+).
Harkaitz-zubira iristen.
Gora eta behera begiratu eta konturatu gabe arrailaren erdia eskalatuta nuela ikusi nuen, zauriaren erdia josita, beraz, nahiz eta "bakarrik" bi puntu emanda izan.
Harkaitz-zubitik gora egindako argazkia.
Harkaitz-zubitik gora arraila gehiago estutu, sakondu eta tentetzen da: “Asuntoa hemendik gora hasiko da”, pentsatu nuen gora begira. Pare bat metro gehiago eskalatu eta ezkerrean agertu zen erlaitz txiki batera igo nintzen, atsedenaldi motz bat hartu eta hurrengo metroak nondik eta nola eskalatuko nituen pentsatzera, kezkatzen hasita nengoela sentitu nuen eta.
Erlaitz txikitik gora ikusten den panorama.
Arrailari zailtasuna emango zion irtengunearen azpian nengoen, tentea eta estua izan arren itxura batean oso zaila ez zirudiena. Orduan zer zen kezkatzen hasita ninduena? Irtengunea goitik ixten zuten harkaitz-blokeek. Sukaldeko apal batetik erdi-irtendako mikrouhin-labe handi batzuen moduan, harkaitzak kontu handiz jarrita zeudela ziruditen, desorekatuko zituzten indar baten zain. Ez zidaten susmo onik eman hasieratik, lurrera itsatsita ez zeuden itxura osoa zutelako. “Soka gainetik dudanean saiatuko naiz”, izan zen hartu nuen azken erabakia.
Erlaitz txikitik gora begiratu eta arrailaren ezkerreko harkaitz-plaka oso sendoa zela iruditu zitzaidan, baita bertan dagoen harlauza eta arrail sistema Eginon daudenen itxura hartu ere. Begietan distira berezi bat piztu zen: “Plaka zoragarri hau eskalatu beharra daukat!!!”
Argazki honetan erlaitz txikia (azpian) eskalatutako plaka zoragarria eta arraila ongi ikusi daitezke, baita arraila ixten duten harkaitz-bloke "mugikorrak" ere.
Harkaitz-plakak dituen 10-12 metroak (III+/IV-) motzak iruditu zitzaizkidan eta, neguko argiaren moduan, gustura hartzen hasi nintzenerako iluntzen hasi zen. Baina a zer nolako gozamena!!! Arraila ixten duten harkaitz-blokeen parera iritsi nintzenean azpitik susmatzen nuena baieztatu zen: blokeen sostengua ahula zirudien. “Dena den gero bertatik igotzen saiatuko naiz” erabaki nuen, blokeetatik tira egiterakoan nire pisuari eutsiko zioten ala ez baieztatu nahi nuelako.
Harkaitz-blokeen parean.
Hormaren azken metroak arrailatik eskalatu ondoren (III), "Mailenka" bidearen azken bilgunea kokatutako “bizikletaren erlaitza”-ra iritsi nintzen.
"Bizikletaren erlaitzetik" behera egindako argazkia.
Zilbor-hestea bilgunera lotu, rappelatu eta, oraingoan bai, arraila bere osotasunean erdi-erditik eskalatu nuen.
Margaritak udazken ero baten amaieran.
Nire susmoak erdizka bete ziren: eskalada osoan arretarik handiena eskatu zidan tartea harkaitz-zubitik gorakoa izan zen inongo zalantzarik gabe; baina goiko harkaitz-blokeek, mugitzen ziren arren, nire pisuari uste baino hobe eutsi ziotela iruditu zitzaidan. Hala ere, blokeetatik erabat zintzilikatzeko ausardia izan ez nuela aitortu beharra daukat, nahiz eta, soka gainetik edukitzeagatik, erortzeko arriskurik ez izan. Zailtasunari dagokionez, arrailaren azken zati hau IV inguruan ibiliko dela iruditu zitzaidan.
Bilgunera bigarrenez iritsi nintzenean pozarren nengoen, kantatzen hasteraino. Eta haizeari eskeintzen ari nintzaion kontzertuaren erdian begiratua sentitu nintzen. Bat batean goiz osoan bueltaka ibilitako putreak luma marroizko hegoak nylonezko oihal koloretsu batengatik aldatu eta giza itxura hartu zuen. Parapentista zur eta lur begiratu ninduela sentitu nuen arren ez nion jaramonik egin eta nirean jarraitu nuen, haizeari kantatzen. Une labur batez isilik geratu ondoren kontzertura batu zen, haizea eta zerua dominatzearen zoriontasunak eragindako algara eta oihuekin koruak eginez.
Haizeak ekarri zuen korista.
Kontzertua are eta gehiago animatu zen bigarren parapentista bat agertu zenean. Hirurok zoriontasunez gainezka geunden, gauza bera sentitzen ziurrenik, bertara iristeko bide ezberdinak aukeratu izan genituen arren. Zoriontasunera iristeko norberak erabaki beharko luke bidea noiz, nondik eta nola egin. Parapentistak urrundu eta kantua haizeak eraman zuenean jaisteko unea iritsi zela erabaki nuen.
Bigarren parapentista zerutik zintzilik.
"Mailenka" bidea rappelatu eta material guztia motxilan sartu ondoren arrailari leku eta perspektiba ezberdintetatik argazkiak eginez pasa nuen denbora. Geroz eta gehiago begiratzen nion heinean, negu giroan eskalatzeko aukera eder bat izan daitekeela konbentzitzen joan nintzen. Neguari begira eta kontutan hartuta Larrunarriko txoko honetan eskalada mistoa dela gehienetan egiten dena, lehen luzea M2 eta bigarrena M3/M4 inguruan egon daitekeela kalkulatu nuen, baina hau baieztatzeko frogatu beharko dugu, jejeje
"Arrailakulos" azpitik ikusita. Neguari begira etxeko lana...
Ez nuen etxera itzultzeko presarik baina mundu "zibilizatu" eta "normalean" erlojuak agintzen du eta nireak berandutzen ari nintzela gogoratu zidan. Behorrek belarrari tiraka jarraitzen zuten, erlojuari eta inguruan gertatzen zenari jaramonik egin gabe.
Gazteluberri mendia txuri beltzean
Behorren artean pasa nintzenean, bigarrenez beraien axolagabetasuna sentitu nuen eta igoeran gogorazitako berriro ere gogoratu nuen: ez, gaurkoan ere eskalada batek ez zuen mundua aldatuko. Itzuli nien esker oneko irribarre baten ondoren, beherako bidearekin jarraitu nuen.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Rodriguez JM Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa (Guía). Edición: Euskal Herriko Mendizale Elkargoa, 1979.
- Obeso G., Arrieta Tx. Gipuzkoako eskalada Gida - Guía de escalada de Gipuzkoa. Edición: Euskal Mendizale Federakundea, 2002.
- Gipuzkoako Mendi Federazioa. Txindoki liburuxka teknikoa. Eskuragarri: https://www.gmf.eus/galeria/2021/Eskalada%20Guneak/WEB%20TXINDOKI.pdf.
- Aralarren eskaladak bloga. Eskuragarri: http://aralarreneskaladak.blogspot.com
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina