AZKEN 10 SARRERAK

2018/05/28

ZIORDIA, "PASABIDE" BIDEA, 340 metro, V. 2018/05/20

"Pasabide" bidearen amaieran eraiki genuen mugarria.


2016eko urriaren 15ean, Iker, Koldo eta Unaik Ziordiako ezproi ikusgarriaren ezkerreko hormetan “Pasabide” izenez izendatu zuten 325 metroetako bidea ireki zuten. Ikerrek esan zidan moduan, izena bosgarren luzean egin behar izan zuten pasabidearengatik datorkio.

"Pasabide", “Amona”, “Asezinak” eta “batean kale bestean bale” bideen estiloa jarraituz, azpitik modu garbian irekita dago eta horman ez dago inongo materialik, mendia topatu bezala utziz. Bide honen inguruko azalpenak "mendia eta eskalada" blogean irakurri daitezke, hemen hain zuzen ere.

Ikerrek bide honen berri eman zidanetik Asier eta biok errepikatzeko gogoz geunden. Bide luzea, abentura kutsuarekin, asegururik gabekoa, V mailako zailtasunekoa eta gainera etxetik gertu. Ba al dago gehiago eskatzerik?

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 340 metro.
Luze kopurua: 8.
Nork irekia: Iker Iriondo, Koldo Zubimendi eta Unai Pollosek 2016eko urriaren 15ean.
Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (40 m), 2ºL: V (45 m), 3ºL: IV+ (50 m), 4ºL: III (35 m), 5ºL: III (50 m), 6ºL: IV+ (45 m), 7ºL: IV+ (40 m) eta 8ºL: III+ (30 m).
Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
Hurbilketa: Ziordiako ezproira hurbildu eta ezkerrean utziko dugu harritza handi batera iritsiz. Harritza hau eta ondorengo basoa alderik alde zeharkatu ondoren bigarren harritza batera iritsiko gara. Harritza honetan hormari begira jartzen bagara, horma eskuin aldetik belar-kanal nabari batek goitik behera “erdibitzen” duela ikusiko dugu. Bidea, kanalaren ezkerrean dagoen monolitoan gora hasten da. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 30 minutu pasako ditugu.
Jaitsiera: Bidearen amaieratik ekialdera joko dugu ertzetik baino basotik gehiago ibiliz. Ziordiako ezproiaren parera iritsitakoan oso nabaria ez den xenda jarraituko dugu “Irati” bidearen amaiera arte. Hemendik aurrera jaisteko bidea puntu gorriz adierazita dago. Bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura 50 minutu inguru pasako ditugu.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Lau ordu eta hogeita bost minutu.


BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez, "Pasabide" ireki zeneko ibilbide originala.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Nahiz eta etxetik goiz atera, Ziordiako harrobian kotxea utzi genuenerako (kotxea uzten den lekura nola iritsi hemen irakurri daiteke) gure aurretik bikote bat martxan jarrita eta beste bikote bat “Birra Moretti” bidea eskalatzen hasita zegoen: “gaur sartu behar garen lekun eztet uste inor eongoenik, jejeje” esan zidan Asierrek lasai asko.

Eguna fresko esnatu eta Ziordiako hormak behe-laino fin batez erdi estaliak zeuden arren, egun eguzkitsu baten atarian geunden. Motxilak hartu, lainoak erdi-estalitako hormei argazki batzuk egin eta martxan jarri ginen.

Harrobian gora doan pistan, Ziordiako ezproia benetan ikusgarria.


Jardunaldi luzea izango zela bagenekienez, hurbilketa lasai hartu genuen, goizaren freskuraz gozatuz. Arbara ekialdeko hormara doan pista eskuinera egiten duen bihurgune nabarian utzi eta Ziordiako ezproiaren oinera zuzendu ginen, ondo zapaldutako xenda batetik basoan sartuz.

Pista utzi genuen bihurgunea, puntu zuriz jarraitutako bidea.


Xenda jarraituz harriz estalitako malda batera iritsi eta, harriekin borrokan, maldan gora hasi ginen ezproiaren oinera hurbilduz.

Ziordiako ezproira doan malda harritsuan.


Ezproira iritsi baino 20 metro ingurua lehenago ezkerrean dagoen harritza nabari eta zabalera bidea hartu genuen.

Malda harritsua utzi genuen lekuan lehenengo harritzara doan bidean.


Ikerrek partekatutako deskribapena eskuan eta harritza hau bigarrena zelakoan (Ziordiako ezproira doan malda harritsua lehenengo harritza zela uste genuen) alde batera eta bestera aritu ginen bidearen hasieraren bila. Krokisaren argazkia begiratuz ez genuen horman ezer garbirik identifikatzen: “goiko horrek hemengo harkaitz hau emateo”, “ondoko horrek argazkiko kanaltxo hau emateo”... Nahiz eta itxuraz argazkiko lekuren bat identifikatu, hormara hurbiltzerakoan berriro ere atzera egiten genuen: “hemendio ezin da eskalau!!”.

Hogei minutuetatik gora harritzan gora eta behera “galduta” eta desesperatzen hasiak, aurrera jarraitzea erabaki genuen: “txarrenetio aurreago ez badeu ezer topatzen Iturrimurri espoloira itisi ta eskalauko deu”.

Harritzarra alderik alde zeharkatu eta baso itxi batean sartu ginen. Harkaitz-hormatik gertu mantenduz, basoa zeharkatu eta azken haritzetara iristearekin batera bigarren harritza handi batera iritsi ginen: “hau izan beharra dauke!!!” esan zidan Asierrek.

Bi harritzen arteko basoaren azken metroetan.


Motxilak harkaitzen artean utzi eta harritzan behera metro batzuk egin genituen krokisaren argazkia berriro ere ateraz: “oiangon bai!!!” esan zidan Asierrek, “belarrezko kanala ta hasiera argi ikusteie”. “Galdu gabe” ordu erdi eskasean egin daiteken ibilbideak ia ordubete eraman gintuen. Ordua eta bidearen luzera ikusita, hasieran zalantzan izan ginen bidea eskalatzen hasi ala ez, baina azkenean: “ya ke hemen gare…” esan genuen. Eskerrak etxekoei berandu iritsiko ginela abisatu geniela!!!

Argazki honetan puntu zuriz hurbilketa ikusi daiteke, puntu gorriz eskalada eta puntu urdinez jaitsierako bidea.


Bidea ireki zeneko diedroa identifikatu arren, guk lehen ezproi txikiaren ertzetik eskalatzen hastea erabaki genuen, diedroa arteko bidea sasitza handi batek estaltzen baitzuen. Abentura bideen xarma berezia!!!!

Lehenengo luzeak bigarren harritzatik ikusita. Argazkian horma erdibitzen duen kanala ere ikusi daiteke.


“Gaur beize ni hasiko naiz” esan nion Asierri, “hola zuk kintoko luzea eskalaukozu, jejeje”. Material guztia prestatu, talkie-ak piztu eta eskalatzen hasi nintzen.

Lehenengo luzea, 40 metro, IV+. Ezproi txikiaren eskuin ertzera hurbildu eta bertako harkaitz trinkoan dauden zuloak aprobetxatuz ertzera igo nintzen (IV-). Lehen metro hauetako harkaitza oso ona eta trinkoa da eta arazorik gabe eskalatu nituen.

Lehen metro hauek eskalatuta, ertzetik jarraitu beharrean zertxobait ezkerrera bota eta ezproitxoaren hego aurpegitik eskalatzen jarraitu nuen gaineko arte txikira zuzenduz. Metro hauek (IV+) tenteak, zalantzazko harkaizdunak (txarra izan gabe) eta auto-babeserako aukera gutxi ematen dute, baina hala ere artaka-trabagailu pare bat nola hala trabatzeko gai izan nintzen. Psikologikoki, luzearen metrorik zailenak iruditu zitzaizkidan. Artearen ezkerrean kokatu eta ezproira igotzeko helduleku ederrak zeudela ikusi nuenean arnasa lasai hartu nuen. Oinak ondo kokatu eta, besoetatik tira eginez (IV), ezproitxoaren gainera iritsi nintzen.

“Zemuzkoa?” galdetu zidan Asierrek. “Bueno teknikoki ez da zaile baña harrie ondo begirau behar da” erantzun nion.

Lehenengo luzeko metro zailenak eskalatu ondoren.


Ezproitxoaren gailurrean kontuz ibili behar da askatutako harkaitzak daudelako. Gailurra atzean utzi eta, parean dauden arteek osatutako pasilloa zeharkatuz, erdi-oinez, pareko hormara iritsi nintzen. Hormaren azpian, bertako harkaitz-bloke handi baten ingurutik zinta-uztaia pasatu eta bilgunea leku eroso batean muntatu nuen: “reuniónnn!!”.

Asier lehen ezproia eskalatu ondoren, arteen arteko pasilloan.


Lehen bilgunean, parean bigarren luzean eskalatzen den horma.


Asier iritsi zenean soka jaso nuenean trabatutako bi artaka-trabagailuak arrailetatik atera egin zirela esan zidan: “joer!!! Ba ziur neon earki sartuta zerela” erantzun nion. “Beraka aguantauko zuten baña goraka indarra indakon atera indie”. Hau ikusita bata besteari luze bakoitzean jarritako aseguruen “kritika” zintzoa egingo geniola adostu genuen: “hola ikasten jungo gea”.

Asierri material guztia pasatu eta bigarren luzearen nondik norakoak identifikatzen aritu ginen. Hormak zailtasun ezberdineko bideak eskalatzea ahalbideratzen badu ere, arin ibiltzeko, ibilbiderik logiko eta errazena eskalatzea erabaki genuen.

Bigarren luzea, 45 metro, V. Asier bilgunearen ezkerretik atera eta hormaren azpian dagoen zuhaixka baten gainera igo zen (IV). Nahiz eta azpitik ez dirudien, zuhaixka honetatik gora horma asko tentetzen da, hemendik gorako eskalada osoa V mailako zailtasunaren baitan kokatuz.

Hormaren azpiko zuhaixkaren gainean artaka-trabagailua trabatzen.


Gero egiaztatuko nuen bezala, artaka-trabagailu bat sendo trabatu eta zuhaixkatik pixkanaka eskuin aldera diagonalean eskalatuz jarraitu zuen bilgunetik ikusten den belarrez hornitutako arrail bertikalera zuzenduz. Horma bertikala izan arren auto babeserako aukera oso onak ditu eta Asierrek metroak nahiko erraz irabazi zituen friend eta artaka-trabagailuak tartekatuz.

Arroil bertikalean.


Arraila eskalatuta (V), hormaren gaineko arte handiaren oinera zuzentzen den diedro/tximinian sartu zen.

Arroilaren amaieran diedroa eskalatzen hasi aurretik.


Leku beretik behera egindako argazkia. Hormaren bertikaltasuna nabaritu daiteke.


Diedroaren barruko harri askeak ekidinez (IV+), artearen azpian kokatu zen. Plaka sendo eta trinkoa aprobetxatuz ezkerrera metro inguruko zeharkaldi horizontala egin (V), artearen ezkerreko paretara pasa eta zuzen jarraitu eskalatzen hormatik ateraz (IV+).

“Zemuzkoa iruitu zaizu?” galdetu nion. “Ona, gutxiñez katxarrok sartzeko aukera handik dare” erantzun zidan.

Hormaren gainetik lehen bilgunera egindako argazkia.


Zailtasun guztiak amaituta, metro batzuk eskalatzen jarraitu (III) eta pareko horma bertikalaren azpiko harkaitz-plaka batean bilgunea muntatu zuen.

Luze hau eskalatzeak denbora luzea eman zidan. A zer nolako izerdiak bota nituen lehenengo artaka-trabagailua arrailetik ateratzeko!!!! Asierri abisatu ondoren, sokatik zintzilikatu eta hamar minututik gora aritu nintzen artaka-trabagailua atera nahian. Azkenean, etsitzear nengoela, modu miragarrian atera zen. Gorago Alien gorriarekin ere geldialditxoa egin behar izan nuen baino kasu honetan lehenago atera nuen.

Arazo “teknikoak” alde batera utzita luzea ederra iruditu zitzaidan, bertikala eta helduleku onekoa. Arte nabarira doan diedroan garbiketa pixka bat egiteko ere aprobetxatu nuen ahal izan nituen harkaitz aske gehienak kenduz.

Bilgunera iritsi eta Asierri aseguruekin izandako ezustekoen berri eman nion: “nik jarritakok flojoegi ta zuk jarritakok sendoegi, jejeje”. Hurrengo soka-luzea luzea zela jakinda, Asierri material guztia hartu nion. Bilgunea indartzeko trabatutako Alien orlegia ateratzeko ere izerdi batzuk bota ondoren (Asier dagoneko Alien-a askatzeko mailu eta zizelakin itzultzea pentsatzen hasita zegoen, jejeje) material guztia arnesetik zintzilikatu eta eskalatzen jarraitu nuen.

Hirugarren luzea, 50 metro, IV+. Bilgunetik atera eta horma estaltzen duen huntzaren ezkerreko blokeetara zuzendu nintzen. Bertara iristeko, bloke hauen oinean horma alderik alde zeharkatzen duen erlaitzera ezkerretik igo (III) eta, erlaitzaren gainetik, eskuinera pasatu nintzen.

Hirugarren luzearen lehen metroetan, erdian huntzak estalitako horma zatia ikusi daiteke.


Harkaitz blokeen azpian kokatu (harkaitzak delikatu xamarrak dira) eta, nahi baino denbora gehiago pasatuta friend bat trabatu ondoren, bitan pentsatu gabe eskalatu nituen (IV+).

IV+ zailtasuneko pasagunea eskalatu ondoren.


Pasabide hau eskalatuta, harkaitz-plaka ezberdin batzuk eskalatuz (III) zuzen eskalatzen jarraitu eta, ezproiaren gailurrera iristeko, eskuinera metro pasatxoko zeharkaldi horizontala egin nuen (III) tximinia motz batean sartuz.

Tximiniaren sarreran.


Nahiz eta erraza izan (III-III+), tximiniako harkaitz asko ez dira oso fidagarriak. Tartean baloi baten tamainako harkaitz handi bat ere nahita bota nuen tximinia ahalik eta gehien garbituz.

Tximinia eskalatuta, ezproiaren ertzetik jarraitu nuen gailurrera iritsiz. Gailurrean zutik jarri nintzenean parez-pare izugarrizko horma puska nuela ikusi eta aho zabalik gelditu nintzen: “joer, hemen bai aukerak eskalatzeko…” pentsatu nuen.

Gailurra atzean utzi eta ertzetik jarraitu nuen. Metroak irabazi ahala (II) ertza etzanez doa horizontal bihurtu arte. Ertza amaiera arte jarraitu eta, metro batzuk belarrean oinez egin ondoren, pareko ezproi txikiaren azpialdeko lizar nabari batean bilgunea muntatu nuen.

Asier ertzaren amaierara iristen.


Hirugarren bilgunearen kokalekua eta atzeko horma ikusgarria.


Gertuago... laugarren luzearen lehen metroen nondik norakoak ikusi daitezke.


Laugarren luzea, 35 metro, III. “Ostia, hoi da pareta puska” esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Ya lo creo” erantzun zidan, “baña horko biak nibel haundikok izangoie”. Asierrek material guztia hartu eta lizarraren ezkerretik gora doan harkaitz-plaka etzana eskalatzen jarraitu zuen (III) gaineko zuhaixken artetik pasatuz.

Laugarren luzearen lehen metroetan.


Hormatxoaren gainera iritsi zenean, eskuinera jo eta ertzetik jarraitu beharrean, krokisari kasu eginez elorri bat erdian duen zelaigune txikia zeharkatu eta pareko ertzera igo zen (III zailtasuneko pasabidea).

Hormaren amaieran.


Hormaren amaieratik pareko ertzera zeharkatu behar den zelaigunetxoa eta III zailtasuneko pasabidea.


Ertzetik metro batzuk jarraitu ondoren, honen parean dagoen harkaitz trinkodun ertz etzan eta nabariaren azpiko artean bilgunea muntatu zuen.

Urrutitik ikusten den orratz eta ezproi nabarien azpian geunden. Hauen oinera iristeko bilgunetik gora doan harkaitz trinkodun ertza eskalatzea besterik ez genuen.

Bosgarren luzea, 50 metro, III. Ikerren azalpenei jarraituz, ertz trinkoa ertzetik eskalatu (III+) eta gaineko orratz nabariaren ezkerreko lepora iritsi nintzen, beraiek aurretik zihoana eraitsi zuten lekura hain zuzen ere.

Bosgarren luzeko lehen metroetan, harkaitz trinkodun ertzaren gainean.


Aurreko argazkiko leku beretik laugarren bilgunera egindako argazkia.


Lepoaren bestaldera hurbildu eta bertatik jaistea ez nuen seguru ikusi: “buff, nik hemendio jaixtea eztet bate ondo ikusten” bota nion Asierri, “bateze bigarrena”. Behera begiratu eta orratzaren azpitik ezker-ezkuin kanal ezkutu bat zihoala ikusi nuen: “hemen azpin kanal bat dijo ta reuniotik honea nik uste errex iritsiko geala” esan nion Asierri. “Zuk ikusi, aurretio dijona agintzen du” erantzun zidan. Hau ikusita, eskalatutako ertza eskuak erabiliz eta kontu handiz jaitsi eta bilgunera itzuli nintzen.

Hasieran eskalatutako ertza eskuinean utziz, bilgunetik oinez atera, pareko zelaigunea zeharkatu eta kanalera eramaten duen 2 metro inguruko hormatxoaren azpian kokatu nintzen. Pasabidea friend batez babestu eta hormatxoa zailtasunik gabe eskalatu nuen (III), kanalera iritsiz.

Bosgarren luzeko kanalaren sarreran, III zailtasuneko pasabidea eskalatu ondoren.


Kanala, belar, harri aske eta plaka etzan eta trinkodunez osatua dago.

Kanala azpitik ikusita, eskuinean orratza.


Plaka etzanak zuzen eskalatuz kanala bukaera arte zeharkatu eta, soka iritsiko ez zen beldurrez, zuhaixka baten enborraren inguruan bilgunea muntatu nuen. Gero konturatuko ginen bilgunea hobe dela aurreragoko harkaitz-plaka etzanaren oinean muntatzea (krokisean hala adierazita dago), seigarren luzea bertatik hasten baita. Bilgunearen eskuinean orratz berezi eta nabarmena utziko dugu.

Kanalaren amaieratik bosgarren bilgunera egindako argazkia.


Bosgarren bilgunera iristen, ezkerrean orratz nabaria.


Seigarren luzea, 45 metro, IV+. Asier harkaitz-plaka etzana eskalatzen hasi zen ezkerrera diagonal bat eginez (III). Heldulekuak soberan ez daude baina nahikoak dira. Heldulekuak amaitu zirenean harkaitz-plaka metro batzuetan zuzen eskalatzen jarraitu eta berriro ere ezkerrera jo zuen diedro itsurako arte batzuen azpiko hormatxo bertikalaren azpian kokatuz.

Seigarren luzearen lehen metroen nondik norakoak. Bosgarren luzea marra hasten den lekuan harkaitz-zubi handi bat aprobetxatuz muntatu daiteke.


Plaka inklinatuaren erdian.


“Zemuzko plaka?” galdetu nion. “Ona, baña tentexeagoa izango balitz...” erantzun zidan.

Bi hormetako harkaitzak sendoak zirela egiaztatu eta diedroa eskalatu zuen (IV+).

IV+ zailtasuneko diedroa eskalatzen.


Diedroaren irteeran.


Diedroa eskalatuta, bidea ireki zeneko luzeak eskuin aldera diagonalean jarraitzen du belar kanal batera zuzendu eta bertako horman bilgunea muntatuz. Asierrek hau egin beharrean diedroaren amaieratik zuzen jarraitu eta, pareko hormaren arrail sistema aprobetxatuz, zeharkaldi diagonal bat egin zuen (IV) horma bertikal baten azpiko harlauz eta harkaitz-zubi handi batean bilgunea muntatuz.

Diedroaren irteeratik behera egindako argazkia. Bertan orratza eta kanala ikusi daitezke.


Diedroaren irteeran, seigarren bilgunetik ikusita.


Seigarren bilgunera doan IV zailtasuneko zeharkaldia.


Bilgunera iristeko zeharkaldia oso ona iruditu zitzaidan, harkaitz-plaka trinkoan egiten dena eta, oso motza bada ere, larunbatean eskalatutako “Clásica Sur” bidearen bigarren luzeko zeharkaldia burura ekarri zidan.

Zazpigarren luzea, 40 metro, IV+. “Bueno hau izangoa azken luzea” esan nion Asierri. Bilgunearen gaineko harkaitz-plakatxoa eskalatu ondoren (III) pareko horma bertikalaren azpian kokatu nintzen.

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatu ondoren.


Horma bertikalaren lehenengo pausua besoekin tiratzekoa (IV+) da, oinentzat heldulekurik ez dagoelako. Friend bat ongi trabatu, gorputza altxatu eta, eskuin besoa luzatu ondoren, eskuin eskuarekin helduleku eder bati eutsi nion pasabide hau gaindituz. Hemendik aurrera nahiz eta eskuinetik errazago izan, zailtasun maila mantendu asmoz ezkerrera zeharkalditxo horizontala egin eta zuzen eskalatzen jarraitu nuen horma bertikala eskalatuz: “ostia, aurretio oaindio beste pareta bat deu!!!” esan nion Asierri, “beste luze bat inbeharkozu, jejeje”.

Horma bertikala eskalatu ondoren.


Leku beretik seigarren bilgunera egindako argazkia.


Horma bertikaletik gora jarraitzeko aukera ezberdinak daude. Eskuinera jo eta bertako plakaren ertzetik eskalatzen jarraitu nuen haritz eta artez osatutako “baso” txiki batera iritsiz. Hildako arte berezi bat ezkerrean utzi, basotxoa zeharkatu eta, zuhaitzen itzalpean, hormaren azpiko arteetako batean bilgunea muntatu nuen, bilgunearen ezkerrean punta bat eta arte eder bat utziz.

Zazpigarren bilgunera iritsi aurretik ezkerrean uzten den hildako arte nabaria. Ni bilgunean nago.


Asier basotxoan, hildako arte nabaria bere eskuinean ikusi daiteke.


Itzalpean egon ondoren egiten zuen eguzki eta beroaz ohartu gabe nengoen: “ostia eguzkik nola jotzeon!!” esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean, “ustet gaur gorrittu earra hartuko deula”.

Zortzigarren luzea, 30 metro, III+. “Hau azkenekoa izango alda? jejeje” esan nion Asierri. “Baietz emateo, jejeje”. Bilgunearen gainetik eta zertxobait ezkerrera elorri bat duen punta bat dago. Hasiera batean punta honetara zuzen doan ur-tantez osatutako horma eskalatzea pentsatu genuen arren, saiakera pare baten ondoren amore eman eta, berandutzen ari zitzaigula buruan, Asier bilgunera itzuli eta irteera errazago baten bila hasi ginen.

Lehenengo saiakeran.


Azkenean, bilgunetik gora harkaitz oneko harkaitz-plaka ezberdinak zuzen eskalatzen jarraitu eta eskuinera diagonalean metro batzuk egin zuen hormaren amaieratik behera doan tximini baten azpian kokatuz (III).: “hemendio goien ateatzen naiz” esan zidan begi bistatik galdu aurretik.

Tximinira hurbiltzen.


Asierrek tximinia zuzen eskalatu zuen (III) amaiera arte. Irteera, enbor zabaleko elorria duen puntatik (hasiera batean zuzen eskalatu nahi izan genuena, alegia) 4 metro inguru eskuinera (eskaladaren noranzkoan) dago eta bertako ertzaren harkaitz-blokeetako batetik zinta-uztaia pasatuz bilgunea muntatu zuen.

Bidearen amaieran.


Tximinia azpitik ikusita.


Azkeneko luze hau ere oso ona iruditu zitzaidan, erraza eta polita: “ze ordu da?” galdetu nion bilgunera iritsi nintzenean. “Ordubik eta laurden” erantzun zidan. “Bufff, oaindio jaitxi beharren gare” esan nion. “Halere azkenen uste nuna baño leno indeu” erantzun zidan "ia lau ordu terdi".

Bidearen amaieran zoriontsu.


Traste guztiak jaso eta hormara iritsi ginen lekua tamaina ezberdineko harriz osatutako mugarri batez adierazi genuen: “hola beste bateako badakiu nundio atea ginen”. Argazki pare bat azkar-azkar egin eta beherako bidea hartu genuen.

Bidearen amaieran eraikitako mugarria. Atzean puntako enbor zabaleko elorria ikusi daiteke.


Hormaren ertzetik baino honen ezkerreko basotik metroak irabaziz, uste baino erraz eta garbiago Ziordiako ezproiaren parera iritsi ginen, tartean, basoaren erdian, sorgin eta iratxoen bizileku izan daitezken pasagune ederrak zeharkatuz. Ziordiako ezproitik aurrera oso nabaria ez den xenda bat jarraitu eta “Irati” bidearen irteerara iritsi ginen. Hemendik aurrera, bidea jarraitzeko margotutako puntu gorriak jarraituz, galerarik gabe kotxea utzitako lekura itzuli ginen. Bidearen amaieratik kotxera iristeko gutxi gora behera 50 minutu pasa genituen.

Ziordiako hormei azken begirada, ezkerrean "Pasabide" bideak jarraitzen duen ibilbidea ikusi daiteke.


Eskalatutako bidea gertuago...


Berandu, lepo eta besoak gorri-gorri eguzkiak erreta eta egarriz izan arren, kotxera oso zoriontsu itzuli ginen. Bidearen harkaitza orokorrean ona iruditu zitzaigun, friend eta artaka-trabagailuak trabatzeko primerakoa. Zorionak eta milesker Iker, Unai eta Koldori!!!!

Zaila izaten da Euskal Herrian hain bide luzeak eskalatzea eta eskalatutako bidetik gertu aukera gehiago ireki eta eskalatu daitezkeela ikusita, horma honetan beste bideren bat eskalatu edo irekitzera itzuliko garela ziur gaude. Ea azkar den…


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina