AZKEN 10 SARRERAK

2023/10/29

AITZERTEA (PEÑARTEA), "Y" SEKTOREA: "DIEDRO" BIDEA, 50 m, 6a. 2023/10/14


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Sasi-gipuzkoar mendizaleak gara. Bai bai, sasi-gipuzkoar mendizaleak. Benetako gipuzkoar mendizaleek ez diote beldurrik eguraldiari. Euria egiten duenean (Gipuzkoako benetako eguraldia), benetako gipuzkoar mendizaleak mendiko botak, polainak eta zira jantzi eta, aterkia eskutan, mendira irteten dira asteburuko txangoa egitea. Sasi-gipuzkoar mendizaleok aldiz, euritik ihesi, eguzkiak joko duen mendi edo horma baten bila hasten gara berehala, mendia edo horma Euskal Herritik kanpo badago ere. Sasi-gipuzkoar mendizaleoi euritarako dugun "Tex arropa ultrateknikoak" urtetan irauten digu, pertxatik zintzilik, estreinatu gabe askotan, modaz pasatzen den arte. Honegatik guztiagatik, aste batzuetan eguzkia eta ezohiko beroa jasan ondoren, eguraldi bustia iragarrita zegoen lehen asteburuan, euririk botako ez zuen horma baten bila hasi ginen Asier eta biok. Sasi-gipuzkoar mendizale peto-petoak garelako.

Hainbat bilaketa eta aldeko nahiz kontrakoak baloratu ondoren, goiza Aitzertea (Peñartea, gazteleraz) eskalada eskolan pasatzea erabaki genuen, euriak busti gabe topatu genuen leku gertuenean. Bertan, aspaldi begiak jota genuen "Y" sektoreko "Diedro" bidea eskalatzen saiatuko ginen. Saialdi bakarra egina genuela uste nuen arren, Asierrek gogorazi zidan bide honi dagoeneko hiru saialdi eginak genituela. Ez berak ezta nik ere ez gara gogoratzen hiru saialdi horietan zer gertatuko zen saialdi soil batean geratzeko. Eta aitortu beharra daukat mendiko kontuetan memoria ona izaten dugula.

Kontua da "Diedro" bideari laugarren saialdia emateko plana egin genuela, orain arte saialdi gehien eskatu digun eskalada-bidea. Aitzerteara harro joan ginen, lotsagabe, 50 metro eskaseko bide bat eskalatzeak ez zigula denbora asko emango pentsatuz. Oraindik ez genekiena zen ia ordu eta erdi beharko genuela 50 metro eskas horiek eskalatzeko, gure harrotasun eta lotsagabekeria irentsi behar izatera behartuz. Tira, egiazko umiltasun bainu bat, noizik eta behin ongi datorrena, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 50 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Ez dut datu hau topatu.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (20 m), 2ºL: IV+/V (12 m) eta 3ºL: 6a (18 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bero handia pasa daiteke. Iragarritako haizea kontutan hartu, Aitzertean gogoz jotzeko joera izaten duelako.
- Ura: Tiebas herrian.
- Hurbilketa: 5-10 minutu. Kotxea uzten den aparkalekutik gora doan pista igotzen hasi eta 20-25 metro eskasera ezkerrera doan bidexka hartuko dugu, "Y" sektorera eramango gaituena.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 8 express-zinta eta bilguneak muntatzeko zinta-uztai batekin nahikoa izan daiteken arren, Totem sorta bat eramatea gomendagarria izan daiteke. Guk azkeneko luzean morea eta horia erabili genituen, baina gehiago erabiltzeko aukera dago.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta hogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkiaren azpikaldean, aparkalekutik gora doan pista ikusi daiteke.

Krokis zehatza. Parabolten kokalekuak adierazita daude, baina ez bigarren diedroaren oinean dagoen uztaidun iltze herdoildua.

DESKRIBAPENA

- Joer, han egualdi hobea zeon hemen baño - esan nion Asierri kotxearen motorra gelditu nuenean.
- Ba bai - erantzun zidan -, hemen lurre bustigo dau ta zerue ilunago.

Ordiziako zerua zipriztintzen zuten ostarteek lagun izan genituen Iruña arte. Iruñatik aurrera aldiz, ostarteek uzten joan ziren hutsuneak hodeiek hartzen joan ziren, zeruari kolore zuri eta triste bat eman zioten arte, erlieberik gabekoa.

"La Placa" sektorean eskalatzaile bakarti bat gora eta behera zebilen bitartean kotxetik motxilak hartu eta berehala iritsi ginen bidearen oinera, gorputzari berotzeko aukerarik eman gabe.

- Manga luzeko kamisetakin eskalatuko detela uste det.
- Nik haizetako txamarra finakin - erantzun nion Asierri -, azpitik manga motxeko kamiseta bakarrik dauket eta.

Hotza sentitzen genuen, eguraldiagatik ziurrenik, baina lehen luzeak sortarazten zidan urduritasunak ere hotzikarak sorten zizkidan. Gustura ihes egin nuen haizetako txamarrak eman zidan epeltasunera.

- Gaur nik emango diot, bale? - esan zidan Asierrek seguru, express-zintak hartuz.
- Nahizuna - erantzun nion.
- Totem guztik eramango ditugu?
- Nik bazpare eramango nituzke - erantzun nion -. Bakizu, bestela seguro goien behar deguna hemen gelditu dena izatea, jejeje.

Motxilak hormaren oinean dauden ezpeletako baten ondoan utzi ondoren Asier hormara hurbildu zen. Luzeak metro gutxikoak direla jakinda, talkie-ak ere motxila barruan geratu ziren, zapatilak eta kantinplorekin batera.

- Lehenengo luzea, 20 metro, 6a. "0" bilgunea osatzen duen aseguru kimiko bakarretik zintzilikatu eta eroso jarri nintzenean, Asier eskalatzen hasi zen.

- Akordatzen naiz largo hau eskalau genun azkenekon zuk trabesi bat egin zenula.
- Ostras egie!!! - Erantzun nion, memoriak oroitzapen hura berreskuratu zidanean.
- Nik zuzen jarraitu nun ta gero dexente estutu behar izan nun diedron sartzeko.

Asier bilgunearen eskuinean dagoen arraila eskalatzen hasi eta, bi metro eskasera iritsi gabe (IV+), ezker aldera zeharkaldi horizontal bat egin zuen nire gainean kokatuz (V-). Gainetik zuen horma bertikalean metro pare bat gehiago eskalatuz erlaitz txiki batera igo zen (V), eskalada-bidean eskalatzen den lehenengo diedroaren oinean dagoena.

Zeharkaldi horizontalaren amaieran, horma bertikala eskalatzen hasi baino lehen.

Erlaitz txikitik gora, diedroa eskalatzea "besterik" ez da geratzen. Tarteka ezker-horman eta tarteka eskuinekoan, oinak jartzeko heldulekuak aurkitzen zituenean Asierrek gorputza pixkanaka igotzen zuen besoetatik tira eginez. Azpitik ez dirudien arren, diedroak atzera botatzen du eta, oinak jartzeko heldulekurik aurkitzen ez badugu, besoak dezente zigortuko ditugu. Hau gutxi ez bada, aseguruak burua bueltaka hasten den distantzia horretara jarrita daude, eskalada gehiago zailduz.

- Totemik jartzeko lekuik topatu dezu?
- Bai, badare - erantzun zidan -, baina bat sartzeko gelditzen banaiz "petau" egingo naiz seguro.

Diedroa V+ zailtasunean egonkor mantentzen den arren, badauka 6a zailtasunera arte iristen den tarte bat, horma makurtzen den tarte bat, hirugarren eta bosgarren parabolten artean gutxi gora behera. Asierrek diedroaren zentimetro bakoitza zuhurtzia handiz irabazten zihoan, erabat kontzentratuta, ahultasunik agerian utzi gabe.

6a tartea atzean utzi ondoren.

6a tartea atzean geratzen denean atseden hartuko dugula pentsa genezake. Baina diedroak bere horretan jarraitzen du, bertikal, besoetan pilatuz doan nekeari atsedenik eman gabe (V+). Diedroaren irteera gertu ikusi zuenean, nekearen eraginez edo lasaitu zelako, oin batek irrist egin eta Asier erortzen hasi zen. Une batez egoera kontrolpean ez izateak oihu fin bat lapurtu zion arimaren barrenetik.

- Aaaahhhhhhggggg!!!!

Baina erori aurretik, erreflexuz egindako mugimendu batekin eskuin eskuarekin helduleku bat heltzea lortu zuen, erorikoa gelditzea lortuz. Arnasketa pixkanaka berreskuratuz, oinak jartzeko helduleku berriak topatu eta gorputza lasaitzea lortu zuen.

Irrist egin ondoren.

- Ondo?
- Bai, orain bai.

Diedrotik irten zenean, zailtasun guztiak amaituta, ezker aldera eskalatzen jarraitu (III) eta ez zuen arazorik izan mailloi eta mosketoi bana duten bi paraboltez osatutako bilgunera iristeko.

Lehenengo bilgunean.

Eskalatzen hasi nintzenean harkaitzaren leuntasunak atentzioa deitu zidan. Azkeneko urtetan harkaitz eta eremu "basatiago" batean eskalatzen ohitua, milaka eskuk leundutako harkaitzak ez zidan konfiantza handirik igorri, oinetan batez ere. Eta konfiantza handirik gabe eskalatzen dudanean, dudan konfiantza apurra besoetara eramaten dut, oinek duten garrantziaz ahaztuz.

Poltsa astun bat esku batekin eramaten dugunean, besoa erabat nekatu aurretik poltsa eskuz aldatu beharra izaten dugu. Nekea handiagotzen den heinean, poltsa esku batetik bestera ia etengabe pasatzen hasten gara. Baina, bi besoek "nahikoa da" esaten dutenean, poltsa lurrean uzten dugu atsedena hartzeko. 6a pasagunearen amaierara iritsi nintzenerako besaurreak gogor-gogorrak nituen, kexati, atseden bat erregutuz. Besaurreak lasaitzeko heldulekuak eskuak tartekatuz heltzen nituen arren, nekea ez nuen baretzea lortzen eta, pixkanaka, eroriko bat izan nezakenaren ideiak pisua hartzen joan zen. Orduan, ezkerreko oinak irrist egin zuen, oreka galduaraziz.

Luzea eskalatzen hasi aurretik.

Grabitate-indarraren mende, erorketak ez zuen segundo erdi bat ere iraun eta, konturatu nintzenerako, sokatik zintzilik nengoen.

- Kakaaaaaa!!!!! Urtek ziren ez nintzela eroitzen!!! - Esan nion Asierri.

Erorikoak normalean bi efektu izaten ditu: lehenengoa, bietatik garrantzitsuena ziurrenik, atseden hartzeko ematen duen aukera da. Bigarrena, eta hau ere ez da makala, ordura arte daramazun tentsio mentala baretzeko duen gaitasuna da, nolabaiteko lasaitasun sentsazio bat utziz. Sokatik zintzilik, tentsiorik gabe, irrist egin nuen pasagunea aztertu eta, bigarren saialdian, eskalatzea lortu nuen.

- Ona!!!! - esan zidan Asierrek bilgunetik.
- Joer, ba erori izanak amorru pixkat ematen dit - aitortu nion -, baina erori izan ez banintz ez dakit aterako nun, besaurrek nahiko petauta dittut eta, jejeje.

- Bigarren luzea, 12 metro, IV+/V. Asierri material guztia hartu nionean bilgunearen eskuinera dagoen erlaitzetik oinez jarraitu nuen. 3-4 metro ibiliak nituenean horman parabolt bat ikusi nuen:

- Hemendik izango da?
- Pentsatzen det hemendik gora linea bakarra egongo dela, ez? - Erantzun zidan Asierrek.
- Hala uste det baña azkeneko luzen eskalatzen den diedroa oso eskubin geratzen dela ematen du - erantzun nion -. Ta gañea linea honek kuartomas baño gehio daukela dirudi.

Ikusi nuen paraboltari bizkarra emanez erlaitzetik eskuinerago jarraitu nuen spit zahar batekin topo egin nuen arte. Orduan, bai Asier baita ni ere konturatu ginen jarraitu beharreko lerroa paraboltek adierazten zutena zela. Ikusi nuen paraboltaren azpira itzuliz, gorputza luzatu eta bertatik aseguratu nintzen.

Bigarren luzea eskalatzen hasteko prest, lehen paraboltetik aseguratu ondoren.

Paraboltaren ezkerrean dagoen arrail estu eta bertikalean eskuak sartuz, lehen metrotan sabel itxura duen horma kontu handiz eskalatzen hasi nintzen. Lehen metro hauek ez zitzaizkidan zailak iruditu baina bigarren paraboltera iritsi nintzenerako besaurreak berriro ere kexati zeuden (V). Bigarren parabolta azpian utzi nuenean erlaitz txiki baten gainera igo nintzen (V-), hirugarren paraboltaren azpian dagoena.

Bigarren luzea azpitik ikusita.

- Hemendik gora ez det parabolt gehiago ikusten - esan nion Asierri erlaitzetik, hormari begiratzen nion bitartean.
- Ba ordun errexenetik segi beharko dezu - erantzun zidan.

Batera eta bestera begiratu ondoren paraboltaren ezkerretik eskalatzen jarraitzea erabaki nuen eta, aske zeuden harkaitz pare batekin tentsio une bat pasatu ondoren, bigarren bilgunea dagoen erlaitzera igotzea lortu nuen. Eskuin aldera 3-4 metro erdi-oinez ibili nintzenean uztaidun bi paraboltez osatutako bilgune batera iritsi nintzen.

Azkeneko luzeak igotzen duen diedroa 4-5 metro eskuinera zegoen, bilgunetik urrun samar. Hau ikusita, bilgune honetatik express-zinta bat pasatu eta diedrora zuzendu nintzen, bertan beste bilgune bat topatuko nuelakoan. Baina diedroaren azpira iritsi nintzenean herdoildutako uztaidun iltze zahar bat besterik ez nuen aurkitu. Hau ikusita, oinez ibilitako metroak deseginez bilgunera itzuli nintzen.

Bigarren bilgunean.

- Joer, sekula eskalatu deten kuartomasik gogorrena izan da hau!!!

Hirugarren paraboltaren eta bilgunearen artean aseguru bakar bat ere jarri ez nuenez, sokak Asier hirugarren paraboltaren eskuinetik eskalatzen jarraitzera behartu zuen. Baina hala ere Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan azken metro tente hauek eskalatzeko.

Asier hirugarren paraboltetik express-zinta kendu ondoren.

- Ba egie esan neri ere kinto gehiago iruditu zait kuartomas baño - esan zidan bilgunera iritsi zenean.
- Gañea harritu nauena da laugarren parabolt bat jarrita ez egotea, sikiera luzea nundik jarraitzen dun jakiteko - erantzun nion -.
- Bai, hala da.

Asierri soberan nuen materiala ematen nion bitartean, bilgunetik metro pasatxo eskuinerago zuzen igotzen den parabolt-lerroari begiratu genion, 6a+ zailtasuna duen izenik gabeko lerro bat.

- Azkeneko luzen asko nekatzen ez bagea, soka goitik utzi eta honi ematea daukegu - proposatu nion Asierri, biok gauza berean pentsatzen ariko ginela pentsatuz.
- Ikusiko deu - erantzun zidan -, ea nola bukatzen deun.

- Hirugarren bilgunea, 18 metro, 6a. Bilgunea muntatuta dagoen erlaitza erdi-oinez zeharkatuz diedroaren azpira iritsi zen, minutu batzuk lehenago ikusi nuen iltze herdoilduaren ondora.

- Azkeneko honi ze ematen diote? - Galdetu zidan, lehenengo paraboltera iristeko egin beharko zituen mugimenduak kalkulatzen ariko balitz bezala.
- Kinto mas, ze ba?
- Hemendik ikusita gehiago ematen dulako - erantzun zidan -. Lehenengo parabolta urruti xamar ikusten det ta hasierako metro hauek extraplomatuk diela esango nuke.
- Pentsatzen det pasoa lehenengo bi parabolten arten egongo dela, hemendik ikusita bien arteko tartea motza ematen dulako.
- Handik ikusita izango da -erantzun zidan -. Hemendik ikusita bien arteko tartea luzea ematen du, jejeje.

Diedroaren azpian dagoen uztaidun iltze herdoilduan aseguratu gabe eskuak arrailean sartu eta, gorputza altxatzerakoan oinak non jarriko zituen begiratu ondoren, eskuetatik tira egin zuen lehen paraboltetik aseguratzeko. Lehen paraboltera iristeko egindako bultzadak indarra galdu aurretik eskuak arrailan gorago sartu eta bultzada berri batekin bigarren paraboltaren parera iritsi zen.

Bigarren paraboltaren parean.

- Hirugarren parabolta urruti dau - esan zidan Asierrek eskuak magnesio hautsez zuritzen zituen bitartean.
- Igual orain datorren tartea errexagoa izango da?
- Hala bada hemendik ez du ematen.

Bigarren eta hirugarren parabolten artean Asierrek ia zuen guztia eman zuen. Ia zuen guztia diot zeren eta hirugarren paraboltaren parera iritsi zenean, nekatuta, arnasestuka, oraindik indarra gorde zuelako bertatik express-zinta eta soka pasatzeko. Express-zinta berehala jarri zuen, modu automatiko batean. Soka pasatzeko garaia iritsi zenean aldiz, lehen saialdian ez zuen lortu mosketoia irekitzea. Bigarren saialdian, soka hortzekin eusten zuen bitartean, mosketoia ireki eta soka berehala pasatzen saiatu zen, berriro ere asmatu gabe. Bitartean, geratzen zitzaizkion indarrak amaitzear iritsi ziren eta burua, aseguratzera lortuko zuela pentsatzera baino, ustezko erorikora joan zitzaion, konfiantza behera eginez. Hirugarren saialdi bati itxaron gabe, express-zinta eskuarekin heldu, soka pasatu eta bertatik zintzilikatu zen.

- Ahhhhh, penaaaaaa!!!! - oihukatu zuen kexati.
- Joer, ondo borrokatu dezu!!! - Animatzen saiatu nintzen -. Soka lehenengon pasa izan bazenu orain beste modu batera egongo zinen.
- Baliteke, baña oso petauta iritsi naiz hala ere.
- Bakizu, deportiban eskalatzen hasi beharko gea indarra irabazteko.
- Igual bai.

Asierrek atseden hartu zuenean hirugarren paraboltaren gainean dagoen erlaitz txikiraino igo eta laugarren paraboltetik aseguratu ondoren atseden berri bat hartu zuen, erlaitz txikian oreka mantenduz.

- Parabolt gehio ez dago - esan zidan -, goien ezkerrean reunio bat bai baña ematen du ezkerreko biarena dela.
- Ba giaren arabera goien reunio bakarra dau - erantzun nion.
- Ba bakarra badau ta hor ikusten dena bada, bertara iristea kosta egin behar zait.

Laugarren eta azken paraboltaren gainetik, diedrotik irten gabe bi saialdi egin zituen. Nekatuta, express-zintatik zintzilikatu zen, nondik jarraitu jakin gabe .

- Diedroren eskubitik ez da errexago? - Esan nion.
- Ez dakit baña diedrotik gogorra dela iruitzen zait.

Nik proposatutako aukera baloratu ondoren diedroaren eskuineko hormara pasatu zen metroak pixkanaka irabaziz. Horma ixten duen sabaira iritsi zenean, ahal izan zuen lekurik onenean Totem morea trabatu, ezkerrera zeharkaldi horizontal bat egin eta diedroaren arrailan Totem horia sendo trabatzea lortu zuen. Sokaren marruskadura ekiditeko, atzera egin, Totem morea kendu eta berriro ere Totem horia trabatu zuen lekura itzuli zen. Bertatik, ezkerrera zeharkaldi horizontal, fin eta delikatu bat eginez (V), gorputza luzatu eta mosketoidun kate batez lotutako bi paraboltez osatutako bilgunean aseguratzea lortu zuen.

Azken luzea eskalatu ondoren, hirugarren bilgunetik zintzilik.

- Hau kintomas baño gehio da seguru - esan zidan bilgunetik -. Lehenengo largoa baño gogorragoa dela irudittu zait.
- Igual honea dagoeneko nekatuta iritsi zea, ez?
- Baliteke baña hala ere gogorragoa dela irudittu zait - erantzun zidan -. Ea zuri ze iruditzen zaizun.

Bigarren luzea hirugarrenetik ikusita. Izenik ez duen 6a+ lerroaren paraboltak ikusi daitezke.

Ez nuen hirugarren parabolteraino iritsi behar izan express-zinta bati heldu eta Asierren susmoa egiaztatzeko. Bigarren paraboltaren parera iritsi nintzenerako besoaurreak harriak bezala nituen, gogor-gogorrak eta minberatuak.

- Gaurkon ezin da - esan nion Asierri sokatik zintzilikatuz.

Gaurkon ezin da.

Hirugarren paraboltera iristera lortu nuenean honi ere heldu behar izan nion atseden hartzeko, baita laugarren paraboltaren parera iritsi nintzenean ere.

Bigarren paraboltetik irteten.

- La ostia, hau da hau diedroa - bota nion sokatik zintzilik.
- Gogorra da bai.

Express-zinta bati heltzen diodanean eskalatzeko modua mentalki aldatzen zait. Ez diot hainbeste begiratzen modu garbi batean eskalatzen jarraitzeari eta express-zintei heltzeak sortzen duen "kontzientzi kargua" desagertu egiten zait. Hau dela eta Asierri laugarren paraboltetik gora diedrotik eskalatzen jarrraituko nuela esan nion.

- Total, nekatzen naizenen abisauko dizut ta sokatik zintzilikatuko naiz.

Eta nahi baino gehiago nekatu nintzen eta nahi baino gehiago zintzilikatu behar izan nuen, Asierrek jarri zuen Totem horiak eusten zidan bitartean. Azken paraboltetik bilgunera arteko tartea gogorra iruditu zitzaidan, batez ere aseguru gehiago jarrita ez dagoelako. Eskerrak diedroaren arrailean Totem horia jarri genuela, bestela lan handiak izango genitueelako bilgunera iristeko.

Urteak ziren bide batek ez zigula hainbesteko esfortzu fisikoa eskatzen eta hasiera batean 6a+ zailtasuna izan dezaken ere hizketan aritu ginen. Baina beharbada diedroak eskalatzeko behar den teknika nahikoa ez dugunaren aitzakipean, 6a zailtasunean egon daitekela adostu genuen.

Lehenengo rappela berehala prestatu genuen, azken bilgunea ez baitago leku eroso batean jarrita. 6a+ luzeari saialdi bat egitearen asmoa? Ez genuen aipatu ere egin noski, jejeje. 25 metroko rappel baten ondoren lehenengo bilgunera arte iritsi ginen.

Lehenengo rappelean.

Bigarren rappel bat eginez motxilak utzitako ezpelaren ondora iritsi ginen.

- Notatzen da bide hau jende askok ez dula eskalatzen.
- Ze ba?
- Bi diedrotako fisurak armiarma sarez beteta zeudelako - esan zidan Asierrek.
- Joer, ba bai!!! - erantzun nion -. Diedrotik eskalatu ditudan azkeneko metrotan ere hala zegon.

Bigarren rappelean.

"Diedro" eskalada-bidea flasko txiki batean datorren lurrin on baten antzekoa iruditu zitzaigun: bizia eta kontzentratua. Berrogeita hamar metro "eskas" dituen arren intentsitate eta nortasun handiko bidea da, eskerrak hiru luzetan banatuta egoteak atseden hartzeko aukera ematen duen, jejeje. Estetikoki ederra da eta hormaren pasagunerik ikusgarrienak eskalatzen ditu. Hori bai, gure uste apalean behintzat, gutxienez 6a zailtasun maila dominatuta izatea eskatuko digu, auto-babeserako materialik gabe eskalatu nahi bada behintzat.

Aitzerteako aparkalekuan egindako argazkia.

Eskalatutako hormari argazki batzuk egin ondoren aparkalekura itzuli eta etxerako bidea hartu genuen. Eskalatu berria genuen bidean pasatako estutasunak ahaztuta, berehala hasi ginen iganderako plan berri baten bila, erronka berri baten bila. Eta biok aspaldi ireki nahi dugun lerro berri batean pentsatu genuen. Eta biok lerro berri hori eskalatzen saiatzea goiz pasa ederra izan zitekela pentsatu genuen. Eta igandean lerro berri hau eskalatzeko zortea izan genuen, baita ederra iruditu ere. Baina honen ingurukoak beste kronika baterako utziko ditut, lerro berri hau oraindik garbitu eta ongi prestatu beharra dugulako.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Velázquez C. Guía de escalada en Navarra, 114. Bilbo. Sua Edizioak, 2022ko ekaina.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina