AZKEN 10 SARRERAK

2024/06/03

ETXAURI, DORREA: "JAIOTZE BASATIA" BIDEA, 100 m, V+. 2024/04/28


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Etxaurin bada bide bat gutzako modukoa dena – esan zidan Asierrek duela urte batzuk -. Eskalatu nueneko rekuerdo ona dauket.
- Etxaurin? Ta ze bide da?
- Jaiotze basatia.
- Su Ta Gar-en diskoa bezela?
- Bai.
- Ordun egunen baten jun beharko gea...

“Egunen baten joan beharko gara…”, aspaldi ikusi ez duzun lagun bati “ea afaltzeko noiz geratzen garen” esatea bezala izaten da, hau da, egunik zehazten ez baduzu badakizu ez zarela inoiz afaltzera joango, jejeje. Honegatik, Etxauriko Harginen Haitza eskalatzera joan ginenean, denbora izanez gero “Jaiotze Basatia” ere eskalatuko genuela pentsatuz joan ginen. Baina azkenean ez genuen ez denborarik, ez gogorik ez indarrik izan, Harginen Haitzak hirurak asebete baitzizkigun, jejeje.

Denbora, gogoa eta indarra itzuli zirenean “Jaiotze Basatia”-ren inguruko informazioa begiratzen hasi nintzen. Aurkitu nuen informazioaren artean, Xabier Larretxearen "eskalatzen" blogean Etxauriko biderik errazena izan daitekela irakurtzeak izugarri motibatu ninduen; zer esanik ez Asierrek bidea eskalatzeko proposamena egin zidanean.

Etxaurin eskalatuko nuen bigarren eskalada-bidea izango zen, bigarren esperientzia, baita, oraindik ez nekien arren, bigarren estualdia ere, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Ez dut datu hau aurkitu.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V (25 m), 2ºL: V+ (15 m), 3ºL: V (20 m), 4ºL: 5b (20 m) eta 5ºL: IV+ (20 m). Nire uste apalean zailtasun maila zorrotza da hirugarren luzekoa izan ezik, baina hau iritzi pertsonal eta subjetibo bat besterik ez da.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Goizean itzalpean dago.
- Ura: Etxauri herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea Etxauri eta Lizarra lotzen dituen NA-700 errepidearen 15garren kilometroa pasa ondoren dagoen aparkalekuan utziko dugu. Bertatik Kiriako Haitzaren mendebaldeko hormara zuzentzen den bidea hartuko dugu. Bigarren bidegurutzean ezkerreko xenda hartu eta zuzen jarraituko dugu Dorrearen hormara arte. Ezkerrera berriro hartu eta, hormaren oinetik jarraituz, hori koloreko horma-hobi handi batera iritsiko gara. Bide horma-hobi honen eskuinean hasten da. Aparkalekutik bidearen hasierara 15-20 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. Guk bi rappel egin genituen: lehenengoa hirugarren bilgunera arte eta bigarrena lurreraino.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

Azkeneko luzeetako krokis zehatza ikuspegi ezberdin batetik.

DESKRIBAPENA

Goizeko bederatziak ziren oinez hasi ginenean. Kotxe barruan hogei gradutik gora genituen, aparkalekuan aldiz 5 gradu besterik ez zeuden, gutxiegi beharbada jantzita neraman polar finarako.

- Ba esango nuke bia goiz oson itzalpen egoten dela – esan zidan Asierrek.
- Ostras, ba ordun hotza pasako deu – erantzun nion -, ze harkaitze ere oso hotza egongo da.

Dorrera iristeko bidea nondik doan gutxi gora behera bagenekien, Harginen Haitza eskalatu genuenean bertatik jaitsi ginelako. Dena den, Dorrea ia denbora osoan begi bistan izateak bidegurutzetan aukera zuzena zein izan daiteken erabakitzea errazten du.

Hurbilketan Dorrea denbora osoan begi bistan izango dugu.

Honela ba, Harginen Haitzara joan gineneko bidea jarraitzen hasi ginen baina oraingoan bigarren bidegurutzean ezkerrera hartu genuen. Artadiaren erdian dagoen harritza bat zeharkatu ondoren, Dorrearen hormara iristearekin batera, enborra okerra duen arte handi baten ondoan bideak zeharo jotzen du ezkerrera.

Bideak ezkerrera jotzen duen lekuan.

Bidea errazteko harri batzuk baldosa gisara jarrita daudela dirudien tarte motz bat zeharkatu ondoren, Dorrearen hormaren oinetik doan xenda jarraituz horma-hobi nabarmen eta handi batera iritsi ginen, kolore horixka duena. Honen eskuinean “Jaiotze Basatia”-ren lehen luzeko kimikoak ikusi genituen, horma hain bertikala ez dela dirudien leku batean. Horma lehorra zegoen arren, bezperako ekaitzek utzitako ura nabaria zen, belarretan batez ere.

- Pena bidearen hasieran bere izena duen plakatxo bat ez egotea – esan nion Asierri.
- Bai, baña eskola batzuetan bideen izenak idatzita egotea ez dau ondo ikusita – erantzun zidan.

Bidea hasten den lekua. Ezkerrean kolore horixkako horma-hobi nabarmena ikusi daiteke.

Asierrek eman zizkidan azalpenen ondoren badirudi bideak izendatzearen inguruan ere eztabaida dagoela eskalatzaileen artean. Bideen oinean hauen izena jarrita egotea lagungarria izan daitekela iruditzen zait, baina baita bide hau dagoen lekuaren filosofía errespetatu beharra dagoela ere. Ez dut imajinatzen Ordesa edo Midi D’Ossau-ko bideen oinetan hauen izena duten plakatxoak egotea, bi leku hauetan metro eta erdiro paraboltak dituzten eskalada-bideak imajinatzen ez dudan bezala. Leku bakoitzak bere filosofia dauka eta filosofia horri errespetu bat zor zaiola uste dut. Baina hausnarketa pertsonal honek badu bere kontraesana ere, metro eta erdiro aseguruak dituzten eskoletan aseguru gutxiko eskalada-bideak irekitzea ez baitzait errespetu falta bat iruditzen.

Hausnarketak hausnarketa eta kontraesanak kontraesan, motxilak lurrean utzi genituenean harritu gintuen horma osoan gu bakarrik egotea. Bideak zeharkatzen duen horma zati osoa itzalpean zegoen eta, oraindik ez genekien arren, ez genuen eguzkia ikusiko Dorrearen puntara iritsi arte. Beharbada honegatik geunden bakarrik.

Igoeran bustitako galtzerdi eta zapatillak harri batzuen gainean lehortzeko utzi ondoren bidea eskalatzen hastea nik eskatu nuen, elkarrekin eskalatu genuen azkeneko bidea Asierrek amaitu baitzuen, jejeje.

- Lehenengo luzea, 25 metro, 7 aseguru, V. Kimikoak dituen bide bakarra denez (guk eskalatu genuenean gutxienez), ez genuen zalantza handirik izan jarraitu behar genuen lerroa zein zen identifikatzeko. Luzea, horma ezkerretik eskuinera diagonalean erdibitzen duen arrail/diedro batetik hasten da erlaitz eroso batera iritsi arte. Ez dakit hotz harrapatu ninduelako, harkaitza heze eta izoztua zegoelako, aseguruen arteko tartea motza ez delako edo harkaitz higatuak konfiantzarik ematen ez zidalako, baina erlaitzera nahi baino gehiago estutzen iritsi nintzen (IV+).

Arrail / diedroaren amaieran dagoen erlaitzean.

- Joer kuartokin!!! - Oihukatu nion Asierri erlaitzetik.

Erlaitzean, oinez zertxobait eskuinera pasa eta kimikoen lerroak horma bertikal batetik jarraitzen zuela ikusi nuen.

Horma bertikala azpitik ikusita.

Luzearen hasierako metroetan zertxobait estutu nuela uste banuen, horma bertikal honetan estualdia serioagoa izan zen, helduleku onak dituen arren. Egino eta Ziordiako harkaitz latz eta zorrotzera ohitua, horma honetako harkaitz leun eta higatuak konfiantza ez emateaz gain, hormaren bertikaltasunak jokoz kanpo harrapatu ninduen; are gehiago Xabier Larretxearen kronikan luzeak IV zailtasuna duela irakurri ondoren. Horma babesten duen laugarren kimikoaren parera iritsi nintzenean (V) ezkerrera zeharkaldi horizontal motz bat egin eta bilgunearen oinean dauden harkaitz-bloke handietara igo nintzen (V-).

A zer nolako lasaitasuna hartu nuen bilgunea osatzen duten mosketoidun bi paraboltetara aseguratu nintzenean!!!

Lehenengo bilgunetik bidearen hasierara egindako argazkia.

- Joer, hau da hau estutzea – esan nion Asierri -. Hau kuarto bada ez det imajinatu nahi kintomas-a nolakoa izango den.
- Nik ere estutu behar izan det bai – erantzun zidan -. Ez nuen hain gogorra gogoratzen.

Asier horma bertikala eskalatu aurretik.

Oraindik ez genekien, baina Carlos Velazquezen "Nafarroan eskalada egiteko gida"-ren azken edizioan luze honi V zailtasuna ematen diote, gure ustez zailtasun maila egokiagoa.

Asierri materiala pasatzen nion bitartean magnesio-poltsa etxean utzi zuela gogoratu zuen.

- Lehenengo luzen harkaitze nola zeon ikusita hobe deu aurretik dijona magnesiokin jutea – proposatu nion nire poltsa bere arnesetik zintzilikatuz.
- Ea kintomasa zemuzkoa den - esan zidan eskuak magnesio hautsetan zurituz -. Anaiakin eskalau nunen enkadenau nula gogoratzen det.

- Bigarren luzea, 15 metro, 5 aseguru, V+. Bigarren luzeak, lehenengoaren moduan, horman dagoen kimikoen lerro bakarretik doa (guk eskalatu genuenean gutxienez). Asier bilgunearen eskuinera pasatu eta, eskuin eskuarekin helduleku on bati heldu ondoren, gorputza altxatu zuen lehen kimikoaren azpian dagoen zulo on batean ezker eskua sartuz (V).

- Zuloa urez beteta dau - esan zidan  lehen express-zinta jartzen zuen bitartean.

Lehen kimikotik aurrera, bere eskuinetik diagonalean eskuin aldera doan arrail batetik jarraitu zuen, tarteka babariar teknika erabiliz. Asierren mugimendu geldo eta neketsuak ikusita, luzearen zailtasunik handiena arrail honetan zegoela pentsatu nuen. Gutxienez arraila zabaltzen den lekuan atseden hartzeko tarte bat hartzeko aukera izan zuen (V).

- Ostia, ondo ez? - Animatu nion, V+ pasagunea eskalatuta zuela pentsatuz -. Zailena eskalau dezu.
- Ezetz esango nuke - esan zidan geratzen zitzaiona begiratuz -. Esango nuke pasoa oain datorrela.

Arraila zabaltzen den lekuan atseden hartzen.

"Esango nuke pasoa oain datorrela" entzuteak irribarrea ezabatu zidan berehala: "Joer, pasoa orain badator ze kristo izango da?" Pentsatu nuen.

Eskuak magnesio hautsetan berriro ere hautseztau ondoren, arraila zabaltzen den lekutik gora zuzen jarraitu zuen metro gutxi batzuetan, harlauza batek osatzen duen arrail txiki batera iritsi zen arte (V). Eta hemendik gora Asierren zalantza eta beldurrak agertzen hasi ziren.

Harkaitzak zerbaitek edo norbaitek mendian ausaz jarri dituen izaki bizigabeak diruditen arren gure emozioak eta beldurrak islatzeko gaitasuna dute, ispilu maltzur bat izango balira bezala. Lehen bilguneraino iristen hasi ziren arnasestuek garbi islatzen zuten Asier bizitzen ari zen estualdia. Ez da erraza zure indar, zalantza eta beldurren aurka era berean eta une berean borrokatzen aritzea; are gehiago lurretik 25 metrora bazaude. Besaurreetan nekea pilatzen zitzaion bitartean, oinen helduleku sendo baten bila zebilen, alferrik, grabitatearen indarraren legeari amore ez emateko borrokan. Indarrik gabe geratu aurretik pasagunea babesten duen express-zintatik zintzilikatzea erabaki zuen:

- Badakit noa iritsi beharra deten baña txitxaik gabe geratu naiz - esan zidan sokatik zintzilik.
- Gutxiñez saiau zea ta ez da gutxi - erantzun nion -. Oain lasai deskantsau.

Atseden labur baten ondoren besoak astindu zituen, pilatutako nekea horman behera jaurti nahiko balu bezala. Eskuak magnesio-hautsetan berriro ere sartu, arnasa sakon hartu eta, "Banoa!!!" esatearekin batera pasaguneari bigarren saialdi bat ematen hasi zen. Babariar teknika erabiliz, harlauzaren ertzetik amaiera arte jarraitu zuen eta, oraingoan bai, oin bat jartzeko helduleku txiki bat aurkitzea nahikoa izan zuen goian dagoen sabai txiki moduko batean dagoen helduleku txiki batera iristeko (V+). Helduleku honetatik ezker aldera zertxobait mugituz bilgune ezeroso batera iritsi zen, bigarren bilgune "ofizialera" hain zuzen, mosketoidun bi paraboltez osatuta dagoena (V).

- Gorago reunio komodogo bat daula ematen du - esan zidan.
- Nahi dezun bezela - erantzun nion -, zu zea aurretio dijona.

Bilgunea atzean utzita harkaitz-plaka tente bat eskalatzen jarraitu zuen (V-). 5 metro inguru eskalatuak zituenean, arte batzuen ezkerrean dagoen bilgune erosoagora iritsi zen, kate batez lotutako parabolt bat eta uztaidun parabolt batez osatuta dagoena.

Bigarren bilgunean.

Lehenengo bigunea bigarrenetik ikusita.

Luzearen hasierako arraila duintasunez eskalatu nuen, uste baino errazago egia esan, baina V+ pasaguneari ez nion usainik hartu eta, neu ere, "txitxarik" gabe geratu nintzen, jejeje.

Bigarren bilgunea. Argazkiaren ezkerrean hirugarren luzeko lehen parabolta ikusi daiteke.

- Ez dakit ba - hasi nintzen esaten -, nei lehenengo zatie V+ ta goiko paso hau 6a izan leikela iruittu zait.
- Hala jarrizkeo ere ez det uste gaizki egongo zenik - erantzun zidan Asierrek.
- Ba ea zemuzkoa den oain datorren kintoa...

- Hirugarren luzea, 20 metro, 5 aseguru, V. Hemendik aurrera luze guztietan paraboltak aurkituko ditugu aseguru moduan (bidea guk eskalatu genuenean hala zen behintzat). Bigarren luzea nola joan zen ikusita, onartu beharra daukat hirugarrenari ez niola oso itxaropentsu ekin. Arrail batean eskuak sartuz, bilgunetik ezker aldera horizontalean mugitzen hasi eta, pixka bat altu dagoen paraboltetik aseguratu ondoren, horizontalean jarraitu nuen 3 metro inguruko zeharkaldia osatu eta ezpel txiki bat dagoen erlaitz txiki batera iritsi arte. Luzearen bigarren express-zinta zeharkaldiaren amaieran dagoen bilgune baten paraboltetako batean jarri nuen (V).

Zeharkaldiaren amaieran. Ezker oina erlaitz txikian daukat.

- Hemendik gorakoa ez du zaile ematen - esan nion Asierri goitik nuena aztertuz.
- Ba aurrekoa ikusita eta kinto bada nunbaiten pasoren bat aurkittuko dezu - erantzun zidan.

Zeharkaldiaren amaieratik gora dagoena aztertzen.

Asier bigarren bilgunean.

Zeharkaldiaren amaieratik gorako horma honela ikusten da. Argazkian zeharkaldiaren amaieran dagoen bilgunea ikusi daiteke.

Metro pare bat zuzen eskalatu ondoren, hurrengo paraboltera iritsi nintzenean eskuinera horizontalean mugitu nintzen bigarren bilgunearen gainean dagoen sabaiaren gainean kokatuz. Hemendik gora helduleku oneko hormatxo pare bat zeudela ikusi nuen: "ba kintoko paso bat badau, hemen nunbaiten behar du izan", pentsatu nuen.

Lehen hormatxoa babesten duen paraboltaren parera iritsi eta bertan dagoen zulo nabarmen batean ezker eskua sartu nuenean eguneko sustoa hartu nuen.

"Shhhhhhhh!!!!!!"

Eskua ziztu bizian atera nuen zulotik, deskarga elektriko bat jaso izan banu bezala.

- Ostiaaaa!!!!
- Ze? - Galdetu zidan Asierrek.
- Ez dakit, baña zulo hontan bitxon bat dau - erantzun nion.
- Bitxon bat?
- Edo intsektu haundiren bat, edo txori txikiren bat edo sugeren bat.

Aurpegia hurbildu nuen ea zerbait ikusten nuen, baina berehala aldendu nuen zulotik.

"Shhhhhhhhh!!!!"

Ikerrekin behin Aiztondon izan nuen "ezbeharra" etorri zitzaidan burura. Zulo batean eskua sartzearekin batera liztor-kuadrila bat atera eta kaskoan kolpeka hasi ziren, anaiari abisatu eta bota nintzen arte. Zorionez ez nuen minik hartu eta eskalada ongi amaitu zen. Oraingoan zulotik edozein "bitxo" irtengo zen beldurrez, lehen hormatxo hau bere eskuinetik eskalatu nuen badaezpada, zuhaixka baten laguntzaz (V-).

Hormatxo hau eskalatuta harmaila "erraz" batzuk eskalatzen jarraitu nuen, kate batez lotutako parabolt bat eta uztaidun parabolt batez osatutako bilgunera iristeko, arte batzuen artean dagoena (V-).

- Ahhhhhhhhhhh!!!!! - Oihukatu zuen Asierrek bat batean.

"Bitxoa" zegoen zuloa gutxi gora behera non zegoen esan nion arren, bertara iritsi zenean bera ere hurbildu egin zen barruan zer zegoen ikustera. Baina barrutik "Shhhhhhh" hotsa irten zenean izutu egin zen.

- Ez dakit ze kristo daun baña hobe deu paken uztea - esan nion.
- Bai, bazpare hobe deu.

Bilgunera iristeko dagoen azken harmaila eskalatu aurretik.

Asierrek goiko argakian dagoen lekutik hirugarren bilgunera egindako argazkia. Bertara iritsi aurretik eskalatu behar den azken harmaila ikusi daiteke.

- Honi kinto ematen diote? - Galdetu zidan bilgunera iritsi zenean -. Aurrekokin konparauta askoz errexagoa da.

Lehenengo bi luzeetako zailtasun maila ikusita, hirugarren luze hau gidan agertzen den V zailtasuna baino beherago egon daitekeela iruditu zitzaigun, hasierako zeharkaldia beharbada V bada ere. Honek zertxobait nahastu gintuen eta honegatik ere Asierrek laugarren luzearen 5b pasagunean zer topatuko zuen jakin gabe jarraitu zuen eskalatzen.

- Laugarren luzea, 20 metro, 7 aseguru, 5b. Luze honetan galtzeko arriskurik ez dago, gainean ikusten den diedro/tximinia nabarmen eta bertikalera zuzendu behar delako. Honetarako, Asier bilgunearen ezkerretik gora doan diedrotik eskalatzen hasi zen, bertan dagoen arraila aprobetxatuz (V-).

Luzearen lehen metroetan, ezker oina diedroaren arrailan sartuta dauka.

Lehenengo bi parabolten artean (V-) eskuineko plakara pasatu eta, bertatik jarraituz, tximinia nabarmenaren azpira iritsi zen (V).

Diedro/tximiniaren azpian.

Leku beretik bilgunera egindako argazkia.

- Zemuz dijo?
- Oain arte ondo, kinto ingurun edo - erantzun zidan -. Baina hemendio gora ez dakit ba...

Tximinia erraz eta arazorik gabe eskalatu genuela kontatzea gustatuko litzaidake baina bertan ederki estutu zuen Asierrek, baita nik geroago ere. Odol hotza eta lasaitasuna eskatzen duten metro bertikal batzuen ondoren, Asier tximinia babesten duen hirugarren paraboltaren parean ezker hormara pasa zen, erlaitz txiki batean atseden hartzeko (5b).

Erlaitz txikian.

Gertuago...

Diedro/tximiniaren eskaladarekin batera bazirudien estualdien amaiera ere iritsi zela, baina erlaitz txikitik gora eskalatu behar den horma tenteak azken estualdi bat gordeta zuen guretzat. Bertan dagoen paraboltetik aseguratu eta hormaren gainean dagoen erlaitz belartsura igo zenean bilgunera iristeko zailtasuna guztiak amaitzen zirela ikusi zuen; orduan arnasa sakon eta lasai hartu zuen (V).

Horma tentearen gaineko erlaitz belartsuan.

Erlaitz belartsutik behera egindako argazkia.

Argazki batzuk egin ondoren, Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan kate batez lotutako parabolt bat eta uztaidun parabolt batez osatutako bilgunera iristeko.

- La madre que lo parió, hau da hau estutzea!!!! - esan nion erlaitz belartsura igo nintzenean.
- Nei kintomasekoa iruittu zait.
- Neire bai - erantzun nion -. Hau ikusita, ea azkeneko kuartomasek ze sorpresa gordeta duen, jejeje.

Erlaitz belartsutik laugarren bilgunera egindako argazkia.

- Bosgarren luzea, 20 metro, 6 aseguru, IV+. Bilgunetik eskuinera begiratu eta zeruraino luzatzen den tximini nabarmen bat ikusi genuen, bosgarren luzeak bere osotasunean zeharkatzen duena.

Urrun xamar dagoen arren, lehenengo paraboltera iristera ez zitzaidan asko kostatu (IV), eta honek animatu ninduen: "igual hemengo kuartomas-a gure kuartomas bat da!!". Bigarren paraboltera iristeko zertxobait gehiago estutu nuen baina hemen ere ez nuen zailtasun handirik izan (IV+): "Ondoooo!!!".

Baina bigarren paraboltetik gora tximiniak tarteka zati bertikalak ditu eta zati hauetan dagoeneko gutxi geratzen zitzaidan odol hotz eta lasaitasuna jokoan jarri nituen.

Bigarren paraboltaren parean aurretik zetorrena aztertzen.

Tarteka arnasestuka, tarteka ahal nuen sakonen arnasa hartuz, tximiniari metroak irabazten joan nintzen poliki-poliki (IV+).

Argazki honetan tximinia ia bere osotasunean ikusi daiteke.

Laugarren paraboltetik gora, metro gutxi batzuk ezker hormatik eskalatu eta, bilgunera iritsi aurretik, eskuineko hormara pasa nintzen (IV+).

Laugarren paraboltetik gora geratzen den zatia.

Eskuin hormara pasa aurretik.

Dagoeneko azken bilgunea eskura nuen, baita bidearen amaiera ere. Katedun bilgunera iritsi nintzenean (IV+) ezin izan nion Dorrearen puntara igotzearen tentazioari eutsi. Bilgunetik express-zinta bat pasatuz dorrearen puntan zutitu nintzen.

Puntara igo nintzenean, goiz osoan eguzkiaz gozatzeko izan nuen lehen aldia izan zen. Bere izpi goxoek aurpegia epeltzen zidaten bitartean begien aurrean ireki zitzaidan ikusmiraz gozatu nuen: parez-pare Kiriako Haitza eta Harginen Haitza zeuden, hauen azpian zabaltzen den sakanaren gainean desorekan egongo balira bezala. Begirada infinitura arte zabaltzen zela sentitu nuen, sakanatik haratago, munduaren beste puntan zer gertatzen ari zen ikusteko gai izango banintz bezala. Pasatako estualdi guztiak ahaztuta, hain une hunkigarria bizitzeko zorionekoa izan nintzen.

Dorrearen puntatik dagoen ikusmira zabala.

Orduan Asier nire zain zegoela gogoratu nuen, itzalpearen hoztasunean. Puntan bertan sartuta dauden bi espit zaharren ondotik pasatu eta bosgarren bilgunera itzuli nintzen berriro ere, bertatik zintzilikatu eta Asierren eskalada aseguratzeko.

Azkeneko luzea eskalatzen hasteko prest.

Asierrek azken luzea lasaitasunez hartu zuen; edo lasaitasunez eskalateko asmoz hasi zuen behintzat.

Laugarren paraboltaren parean gutxi gora behera.

- Joer kuartomasekin!!! - Esan nion bilgunera iristear zegoela -. Luze hau beste lekuren batean V izango litzateke.
- Ez harrittu - erantzun zidan -, Etxaurin gradue oso zorrotza dela argi dau.

Bilgunera iristen.

Nik egin nuen moduan Asierrek ere bilgunearen gainetik jarraitu zuen eskalatzen eta Dorrearen puntara igo zen eguzkiaz eta ikusmiraz gozatzeko. Ziurrenik tximiniak eskalatzeko teknikan iaioak ez garelako izango da, baina azkeneko bi luzeak Nafarroako eskalada-gidak eta Xabier Larretxeak adierazten duten zailtasuna baino puntu bat gehiago dutela iruditu zitzaigun. Ez dut uste teknika honetan adituak direnek gure ikuspuntua partekatuko dutenik, jejeje.

Azkeneko bilgune ezerosotik zintzilik.

Hasieran zalantzak izan genituen arren, bidea bi rappeletan jaistea erabaki genuen.

Lehenengo rappelean hirugarren bilguneraino iritsi ginen.

Lehenengo rappelean.

Bigarren rappelarekin aldiz, mundu horizontalera itzuli ginen.

Bigarren rappelean.

Motxilak utzi genituen lekura iritsi ginenean, eguzkiak horma osoa argitzen zuen jada. Honekin batera, harkaitzen zirrikituetatik irtendako sugandilen moduan, hainbat eskalatzaile bide ezberdinetan ari ziren gora eta behera beraien trebezia, beldur eta indarrak hormarekin neurtuz. Jaitsierako bidean topatu genituenak agurtuz eskaladari amaiera eman genion, eskalada kotxera iritsi arte ez baita amaitzen.

Denbora gutxian bitan izan naiz Etxaurin eskalatzen eta bitan gogoz estutu behar izan dut, nahiz eta paperean "errazak" diren bideak eskalatu. Argi dago Etxaurik nire sasi-eskalatzaile egoa baretu egiten duela, dagokion lekura eramanez, jejeje. Hirugarren eskalada bat egongo da? Ziur naiz baietz.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- - Velázquez C. Nafarroan eskalada egiteko gida, 60-61. Bilbo. Sua Edizioak, 2022ko ekaina.
- Eskalatzen bloga. Etxauri - Jaiotze basatia (100m, 5c, derrigorrez 5c. Eskuragarri: https://eskalatzeneus.blogspot.com/2011/02/jaiotze-basatia-100m-5c-derrigorrez-5c.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina