AZKEN 10 SARRERAK

2025/12/28

PASAI SAN PEDRO, PLATAKO ITSASARGIA: "GOKYO" BIDEA, SARRERAKO ALDAERATIK, 235 metro, V+. 2025-10-19


"Gokyo" bideak jarraitzen duen gandor ikusgarria Pasai Donibaneko puntetatik ikusita.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Ez dakit zer sentituko duen sagu batek Gruyere gazta erraldoi batera igoko balitz, baina ez dut uste Gokyo bidearen eskaladak sentiarazten zaituenetik urrun dagoenik. Eta eskalada horri itsasoaren handitasuna eta olatuen joan etorria eta horiek ekarritako kresalaren usaina batzen bazaio, osagai nahikoak dira eskalada liluragarri batez gozatzeko.

Urteak ziren Gokyo eskalatu nahi nuela, are gehiago kontuan hartuta urtarrilak 1etik uztailak 31ra debekatua dagoela bertan eskalatzea hegaztiek habia egiteagatik. Baina, askotan gertatzen zaidan bezala, etxetik gertu ez dauden eskaladak lehenesten ditut, etxe ondokoak edozein unetan eskalatu ditzakedalako aitzakiarekin. Eta asteak hilabete eta hilabeteak urte bihurtzen dira, etxe ondoko altxorrez gozatu gabe. Horregatik, Antxonek bere lagun Ikurekin bide hau eskalatzera gonbidatu ninduenean ez nuen bi aldiz pentsatu baiezko erantzuna emateko. Gainera, Antxonek esan zidan, Eginon edo Ziordian ez bezala, iragarritako hego haize zakarretik babestuta egongo ginela.

Gokyo L.M. Mateosek eta Stig Larrañagak ireki zuten 2012an, eta 2015ean Club Vasco de Camping Elkarteko kideek kimikoekin berrekipatu zuten. Bi data horien artean, Iñaki Zuzak sarrerako aldaera ireki zuen, bidearen luzerik gogorrenak saihesten dituena eta, Iñakik eskatuta, aseguru finkorik ez duena. Horregatik, aldaera hori eskalatu nahi bada, friend eta arteka-trabagailu batzuk eraman beharko dira.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 270 metro (235 metro sarrerako aldaeratik eskalatzen bada).
- Luze kopurua: 7 (sarrerako aldaeratik eskalatuz gero 5).
- Nork irekia: Gokyo L.M. Mateosek eta Stig Larrañagak 2012an. Sarrerako aldaera Iñaki Zuzak ireki zuen.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: 6a  (15 m), 2ºL: 6b (20 m), 3ºL: IV, (50 m). Sarrerako aldaerak V (50 m) lehenengo hiru luzeak saihesten ditu. 4ºL: IV+ (50 m), 5ºL: V+ (45 m), 6ºL: III (45 m) eta 7ºL: IV (45 m).
- Orientazioa: Ipar-ekialdea.
- Ura: Pasai San Pedron dauden iturrietan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Pasai San Pedron hasiko dugu hurbilketa eta GR-121 ibilbidea jarraituz Platako itsasargiraino hurbilduko gara. Errepidea mozten duen langara iritsi aurretik, 20-25 metro ingurura, eskuinean bidezidor bat hasten da itsas ondoko harkaitzeraino jaisten dena. Harkaitzen gainetik jarraituz 0 bilgunera iritsiko gara.
- Jaitsiera: Azkeneko bilgunetik 30 metroko rappel bat egingo dugu. Rappela amaitzen den lekutik grapak eta soka finko bat jarrita dituen horma makurtu bat jaitsiko dugu eta horma horren oinean hasten den bidezidorra jarraituz hurbilketan jarraitu dugun bidezidorrarekin topo egingo dugu. Merezi du 40 metroko rappel bat eginez horma makurtuaren oineraino jaistea, baina sokak jasotzeko garaian indar handiagoa egin beharko da.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 14 express-zinta, friend sorta (lehen luzerako bakarrik) eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta berrogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

Bidearen hasierara iristeko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Haize-ufadek zuhaitzak astintzen zituzten alde batetik bestera, adarrei lapurtutako hostoak zeruan barreiatuz. Erabat kontzentratuta, tinko heltzen nion bolanteari, kotxea errepidean marraztutako marra zurien artean mantentzen saiatuz.

- Ea kostaldean nola dabilen – esan zidan Antxonek kotxean sartu zenean -. Haize honekin Eginon eskalatzea desatsegina izaten da, horregatik erabaki genuen Gokyo eskalatzea.

Antxonen argibideei jarraituz, Pasai San Pedroko Esnabide kalean aurkitu genuen leku bakarretako batean aparkatu nuen. Kotxetik irten nintzenean urruneko herri arrotz batean nengoela sentitu nuen eta Gipuzkoako kostaldea zein gutxi ezagutzen dudan pentsatzeak lotsatu egin ninduen; izan ere, Pasai San Pedro bisitatzen nuen hirugarren aldia zela aitortu nion burumakur Antxoni.

- Eta beste bitan, bat haur nintzela ikastolarekin eta bestea kuadrilarekin bazkari baten aitzakian, jejeje.
- Ba kostan ibilbide politak daude - erantzun zidan Antxonek -. Urrutira joan gabe, hemendik Donostiara doan ibilbidea oso polita da, baita hemendik Jaizkibelera doana ere.

San Pedro elizaren aurrean dagoen plazako banku batean eserita, Antxon bi ibilbide horien xehetasunak ematen hasi zitzaidan, gure aurretik igaro zen motorzale batek atentzioa eman zion arte.

- Ikuuuuuuu!!!! – Oihukatu zion, bankutik altxatzearekin batera.

Motorra aparkatu zuenean, Iku gu geunden tokira hurbildu zen. Duela urte batzuk Platako itsasargiara doan errepidea moztu zutenetik kotxea bertan aparkatzea ia ezinezkoa dela kontatu zigun.

- Hurbilketa politena herritik bertatik egitea da – esan zigun bostekoa emanez -, GR-121 ibilbidea jarraituz.

Beti iruditzen zait bitxia sare sozialetatik ezagutzen dudan pertsona bat “gorpuzten” dudan unea. Argitalpenetan idatzitako testuek ahotsa hartzen dute, eta argazkietako protagonistak bi dimentsiotakoak izatetik hiru dimentsiokoak izatera pasatzen dira. Ikuk adiskide zaharrak bagina bezala sentiarazi ninduen hasieratik, zer esanik ez txisteak kontatzen hasi zenean, jejeje.

Uraren ertzetik doan ibilbidea jarraitu genuen, Albaola itsas kultur faktoria atzean utzi eta eskilara batzuekin topo egin genuen arte.

- Orain kriston aldapa igo beharra dugu gero itsasoraino jaisteko, baina bideak merezi du – esan zidan Ikuk.

Eskilarak astiro igotzen hasi ginen, Platako itsasargitik itsasoraino luzatzen den gandor ikusgarriari zeharka begiratzen genion bitartean.

“Platako itsasargitik itsasoraino luzatzen den gandor ikusgarriari zeharka begiratzen genion bitartean”.

Aldapa gogor hori igo ondoren, Platako itsasargira doan errepidera iritsi ginen, eta handik, izen bereko begiratokira. Hurbilketan, Gipuzkoan 80ko hamarkadan bizi izan genuen egoera sozial eta politikoa izan genuen hizpide.

- Garai hartan esaten zen politikan sartzen ez zena drogan sartzen zela – esan zigun Antxonek.
- Eta droga poliziak berak sartu zuela – erantzun zion Ikuk -, gazteak kontrolatzeko neurri gisa.
- Niri hamarkada horrek haurtzaroa eta nerabezaroaren artean harrapatu ninduen – erantzun nien -, baina gogoan dut drogak zenbat gazte eraman zituen gaindosiagatik, hiesagatik edo buruaz beste egiteagatik gure eskualdean.

Drogak, politikak bezala, familia asko suntsitu zituen garai ilun hartan eta horren erakusgarri izan zen Antxonek eta Ikuk gogoan izan zituzten hildako lagun eta ezagunak. Horregatik tristatzen nau ikusteak gazteen artean drogen kontsumoa goraka doala ikusteak, heroinarena batez ere, esnatzea kostatu zitzaigun amesgaizto bat berriro bizitzen ari banintz bezala sentitzen bainaiz.

Platako begiratokitik aurrera jarraitu genuen eta, errepidea ixten duen langara iritsi aurretik, eskuinera irteten den bidezidor batetik jaisten hasi ginen.

Iku dagoen lekuan hasten da itsasoraino jaitsiko gaituen bidezidorra.

- Jaitsiera honek Borneoko oihana dirudi, jejeje – bota zigun Antxonek umoretsu.

Iparraldera begira dagoenez, bidezidorrak zeharkatzen duen basoa hezea da, goroldioz eta garoz betea. Jaitsiera bustita dagoenean kontu handiz ibili behar den horietakoa iruditu zitzaidan, bidea oso irristakorra baita tarte batzuetan.

Bidezidorra kostaren ertza tapizatzen duten harkaitz biluzietan du amaiera. Batzuetan harkaitzen artetik eta beste batzuetan harkaitzen gainetik jarraituz, ez genuen zailtasunik izan 0 bilgunera iristeko. Baina bilgune hau dagoen lekua oso erosoa ez denez, haren azpian dauden harkaitz batzuetan prestatu ginen eskalatzen hasteko. Dena prest genuenean, "O" bilgunera igo ginen, eta han aseguratu ginen hirurok. Haizea bare jotzen zuen eta olatuen joan-etorriek bakarrik hausten zuten isiltasuna. Antxonek bete-betean asmatu zuen haizeari buruzko iragarpenean.

- Luze hau eskalatzen uzten didazue? – Eskatu zigun Antxonek.
- Nahi duzun bezela – erantzun zion Ikuk, niri begira.
- Nigatik arazorik gabe – erantzun nien -. Gainera nahiago dut denbora osoan bigarren joatea, horrela goitik eta behetik doanari argazkiak egingo dizkiot.

Argazki kamera aipatzearekin batera, Ikuk esan zigun 360 graduko irudiak hartzen dituen kamera bat ekarri zuela. Argazki kamera horiek hartzen dituzten irudiak ikusgarriak dira, eta horregatik ez da harritzekoa kirolarien artean modan jarri izana. Baina motxila mila aldiz bilatu arren, ez zuen kamera aurkitu, etxean utzi zuela konturatu zen arte.

- Beste batean izan beharko da...

OHAR GARRANTZITSUA: bilguneak izendatuko ditut bide originalari jarraituz, hau da, gure bigarren bilguneari hirugarren bilgunea deituko diot. Luzeekin ere gauza bera egingo dut guk eskalatu genuen bigarren luzetik aurrera, bide originalaren luzeekin bat datozelako, hau da, deskribapenean "gure" bigarren luzeari hirugarren luzea deituko diot.


- Lehenengo luzea, 50 metro (bidearen hirugarren bilguneraino iristen dena), V. Antxonek bilgunearen gainetik dagoen ezproi nabarmenari metroak irabazten zizkion bitartean (IV), olatuak, bidaia luze baten ondoren, milaka tantatan hausten ziren azpian genituen harkaitzen kontra, Itsaso-usain gazia utziz. Kostaldera hurbiltzeko ohiturarik ez dudanez, beti iruditzen zait zirraragarria itsasora begira eskalatzea, lehen aldiz ikusten duenaren antzera sentitzen bainaiz. Gaurko eguna are zirraragarriagoa zen, itsasoa hankapean bainuen eta haren usainak dena bustitzen baitzuen nire inguruan.

Iku eta biok 0 bilgunean.

Ezproiaren amaierara iristear zegoela (IV), zeharkaldi horizontal bat egin zuen eskuinera (V-), eta, belar eta harkaitz zatiak tartekatuz, eskalatzen jarraitu zuen kontu handiz, hormaren eskuineko ertzera hurbilduz eta orratzak balira bezala ziztatzen duten belarrak heldu eta zapaltzea saihestuz (IV+). Eskerrak tarte hori lehor aurkitu genuen, bustia egonda oso irristakor egon daitekeelako.

Ezproiaren amaieran, eskuinerantz jo aurretik.

Belar eta harkaitza tartekaten den tartean.

- Jarri zinta luzeak, bestela sokak asko tiratuko dizu eta!! – Ohartarazi zion Ikuk Antxoni.

Antxonek zuzen jarraitu zuen metro batzuetan eta, hormatxo bertikal bat igo zuenean (V), eskuinerantz jo zuen pixkanaka, itsasotik datorren gandorrera igo zen arte (V-).

Hormatxo bertikalean.

Baina gandorrera igo zenean, motel jarraitu zuen eskalatzen, motelegi beharbada, kontuan hartuta zailena eskalatuta zeukala eta ez zuela pentsatu beharrik friend-ak non trabatu; izan ere, behin gandorrera igota, aseguru finko moduan kimikoak daude.

- Xabi, soka ematen ari zara? – Galdetu zidan talkie-tik.
- Bai – erantzun nion – ze ba?
- Soka izugarri tiratzen ari da – erantzun zidan.

Ez da sentsazio atsegina izaten soka tiratzen ari dela eskalatzea, zama izugarria daramazula baitirudi. Antxonek, ahal izan zuen moduan, metro gutxi batzuk egin zituen gandorrean gora, amore eman zuen arte. Orduan, bilgunea muntatu zuen kimikoetako batean, bidearen hirugarren bilgunetik lauzpabost metrora, gutxi gorabehera.

- Luze honetan zinta oso luzeak jarri behar dira – esan zidan Ikuk – bestela Antxoni gertatu zaiona gertatu daiteke.

Lehen luzearen eskalada lasai hartu nuen, ohituta ez nagoen hareharriaren ukitu latzari arreta osoa eskainiz. Noizean behin gelditu eta argazkiak egiten nizkion Ikuri, lekua argazki asko egiteko aproposa delako. Bitartean, sokatiran arituko balitz bezala, Antxonek lan handia izan zuen soka jasotzeko eta gu aseguratzeko, sokaren marruskadura indar handia baldintzatzen zuten bi express-zintak askatu genituen arte.

- Bidea berrekipatu zutenean luze hau ere ekipatzea eskaini zioten Iñakiri, baina ezetz erantzun zien – esan zidan Antxonek bilgunera iritsi nintzenean.
- Ongi aseguratzen den luze bat da – erantzun zion Ikuk.
- Baliteke batzuei ongi ez iruditzea luze bakar baterako auto-babeserako materiala ekarri behar izatea – erantzun nien –, baina ezinezkoa da guztion nahi eta beharretara moldatzea.

Zein zaila den onartzea ezinezkoa dela guztien nahi eta beharretara moldatzea. Egiten duguna egiten dugula (edo ezer egiten ez badugu ere), beti egongo dira alde eta aurka daudenak, eta askok, gainera, beren iritzia emango digute, baita aholkuak eman ere, nahiz eta eskatu ez. Denok dugu edozeri buruz iritzia emateko tentazioa, baina ez gara ohartzen gehienetan iritzia eman nahi dugunari buruzko informazioa eta testuingurua falta zaizkigula ezta emango dugun iritziak izango duen efektuan ere.

- Laugarren luzea (gure bigarrena), 50 metro, IV+. Lehenengo luzeak animatuta, edo bertan pasatako “estuasuna” lehenbailehen ahaztu nahian, Antxonek luze hau ere aurretik eskalatzeko eskatu zigun. Friend-ak motxilan gorde zituenean, oina garoz eta sasiz estalita duen plaka etzan bat eskalatzen hasi zen, gandorraren eskuinaldean mantenduz (III-), bistatik galdu genuen arte.

- Hemen harkaitzak hartzen dituen formak ikusgarriak dira – esan zidan Ikuk aurrean genuen punta zulatua seinalatuz -. Baina zuloak dauden lekuetan kontuz ibili behar da, horietan harea pilatzen baita.

Minutu batzuk “desagertuta” eman ondoren, Antxon aurrean genuen punta ikusgarriaren ertzean agertu zen, eta Ikuk esan zidan punta horren igoeran baieztatuko nuela zuloetako hareari buruz kontatu zidana.

Punta ikusgarriaren ertzean.

Antxonen agerpenak une labur bat iraun zuen, berehala puntaren beste aldean ezkutatu baitzen. Handik gutxira, talkie-tik “reunión” hitza heldu zitzaigun.

Luze honen eskalada ere lasai hartu nuen. Puntaren gainera daraman horma tentearen oinera iritsi nintzenean, Ikuk esan bezala, tamaina desberdineko zuloz tapizatuta zegoela ikusi nuen, gazta erraldoi baten zati bat balitz bezala.

Iku luzearen lehen metro etzanetan.

Horma horren zailtasunik handiena bertara igotzea dela iruditu zitzaidan, baina aseguruen eskuinetik igoz gero errazagoa da (IV+).

Hormara igotzen.

Behin hormara igota, Ikuk esandakoa baieztatu nuen. Higaduraren ondorioz, zuloek harea zuten, eta horrek zaildu egiten zuen haien itsasgarritasuna. Horma garbitzen ari banintz bezala, mugimendu bakoitzaren aurretik, zuloetako harea eskuekin kentzen hasi nintzen, hasierako zuloetako batean oin bat irristatu baizitzaidan. Eragozpen txiki hori gorabehera, hormaren zailtasuna IV / IV+ artean mantentzen denez, eskaladaz gozatu ahal izan nuen.

- Xabi gera zaitez zauden lekuan argazki eder bat ateratzeko aukera dudalako – esan zidan Antxonen ahotsak.

Harritu egin ninduen Antxon ia nire parean ikusteak, sokak goraka jarraitzen baitzuen. Orduan, eskalatzen ari ginen punta hori nolabait jaitsi beharko nuela pentsatu nuen. Antxonentzat “posatu” ondoren, eskalatzen jarraitu nuen, puntara hurbilduz.

Antxonentzat “posatzen”.

- Orain puntaren beste aldera pasa behar duzu – esan zidan Antxonek, ertzera iristear nengoela -, aseguroak alde honetan dauden arren.

Antxonek esandakoari kasu eginez, beste aldean dagoen zulo batera pasatu nintzen, zaldiaren gainean banengoen bezala punta osatzen duen ertzean eseri ondoren. Ikuri argazki pare bat egin ondoren, hormaren alde honetatik jarraitu nuen Antxon zegoen bilguneraino (III-).

Hormaren ertzetik Ikuri egindako argazkietako bat.

- Sokak jasotzeko ez da bilgune eroso bat baina bai bertan egoteko – esan zidan Antxonek bilgunera iritsi nintzenean.

Antxonek Iku aseguratzen zuen bitartean, argazkiak egiteko aprobetxatu nuen.

Iku puntaren ertzera iristen.

Puntaren ertzean. Argazkian ongi ikusten da bilgunera “jaisteko” zeharkatu behar diren zuloak.

- Hemendik ezkerretara zeharkaldi bat egin daiteke bidea utzi nahiko balitz, ez? – Galdetu zion Ikuk Antxoni.
- Bai.
- Aibaa!!!– erantzun nien - Ondo dago jakitea.

Antxonekin  laugarren bilgunean (gure” bigarrena).

- Bosgarren luzea (gure hirugarrena), 45 metro, V+. Ikuk hemendik aurrera aurretik eskalatzea proposatu zigun eta, Antxonek gauza bera eskatu zigunean gertatu zen moduan, baiezkoa eman genion.

- Hau da kinto maseko luzea? – Galdetu zion Antxoni.
- Baietz uste dut – erantzun zion -, baina erraz “azeratu” daiteke, jejeje.

Ez nekien nolakoa izango zen luze honetako eskalada, eta, egia esan, ez ninduen kezkatzen, aurrean genuen eta eskalatzera gindoazen hormarekin txundituta nengoelako. Belaki urreztatu erraldoi bat zirudien, ertzak erreta zituena, goitik behera zulatuta, paisaiari mamu-kutsu bat ematen ziona. Fantasiazko pelikula bateko dekoratu irreal batean geundela zirudien. Une eta leku zirraragarri batean nengoela sentitu nuen. Bitartean, Iku bilgunetik gora dagoen hormatxora igo zen (IV) eta, kimikoen lerroari jarraitu zion, horma ikusgarriaren eskuineko ertzera hurbilduz (IV+).

Luzearen lehen metroak, lekua ikusgarria da.

- Hemen hasten da asuntoa – bota zigun hormaren ertzetik.

Ikuk arrazoi zuen, ertza honetan baitaude luzearen zailtasun guztiak kontzentratuta. Poliki hurbildu zen, umil-umil, luzearen pasagune gogorrera, handik pasatzeko baimena eskatzen ariko balitzaio bezala (V).

V+ pasagunera iristen.

Pasaguneak helduleku kamutsak ditu, eta harkaitzak eratzen duen hodi ireki moduko batean eskuineko oina trabatzen saiatu behar dugu, oin horretan jarri beharko baitugu gorputzaren pisu osoa une batez. Arnasa sakon hartzea eta, ahal den neurrian, gorputza erlaxatzea da pasagune hori eskalatzeko modurik onena, oina dar-dar egiten badu erortzeko arriskua baitago. Fededunen eta fededun ez direnen fedea jokoan jartzen duen pasagune horietako bat da, inongo zalantzarik gabe, jejeje. Dena den, egin beharreko mugimendua argi ikusten ez badugu, A0 moduan arazo handirik gabe eskalatzen den pasagunea da.

Iku V+ pasagunean.

Pasagunea eskalatu zuenean (V+), Ikuk horma inklinatu batetik jarraitu zuen, organo-hodi zabal batzuek goitik behera zeharkatzen dutena.

Organo-hodiak dituen horma azpitik ikusita.

V+ pasagunean pasatako estualdia ahaztuta eta hodi horietan oinak trabatuta, Ikuk ez zuen zailtasun handirik izan horma eskalatu eta han dagoen bilgunera iristeko (IV).

Soka goitik izateak ematen duen ausardia eta konfiantzaren ondorioz, Antxonek eta biok luzearen pasagunerik zailena modu duinean eskalatu genuen, baina hori bai, burua ondo estutu ondoren, jejeje. Zein ausartak izatera irits gaitezkeen burua seguru daukagula sentitzen dugunean, eta ez eskaladan bakarrik.

Antxon V+ pasagunera iristen.

Eskuin oina hodi irekian trabatzen.

Pasagune gogorretik gorako eskalada gozamen hutsa da, eta horma zeharkatzen duten hodi ezberdinetatik mugitzean dago bere xarma.

Antxon organo-hodien horman.

Horma honetako eskaladaz gozatzen.

Luzearen amaierara iristen.

- Seigarren luzea (gure laugarrena), 45 metro, III. Hemendik gora bidea bertikaltasuna galtzen doa, puntu bakan batzuetan izan ezik, baina gandorraren edertasuna itzela da, eta argazki ederrak egiteko aukera paregabeak eskaintzen ditu.

Bi “rockero” zaharrak zoriontsu.

Iku bilgunearen gainetik irten eta berehala gandorraren ertzera igo zen. Hortik aurrera, metroak irabazi zituen arin, gandorrak eratzen dituen forma ezberdinak inguratuz, erlaitz eroso batean kokatutako bilgunera iritsi arte.

- Begira, txori batzuk – esan zidan Antxonek zerua seinalatuz.
- Hori usoak dira – erantzun nion.
- Ah bai?

Ikuk sokak biltzen ari zela, konturatu ginen hego-haizeak indarra hartu zuela. Uso-saldoek, haizearekin borrokan, forma ikusgarriak eratzen zituzten zeruan, entseatutako dantza bat dantzatzen arituko balira bezala. Bitartean, eszenatokiaren beste aldean, ehiztariak zain zeunden, haizearen indarra zela eta usoek altuera noiz galduko. Uso-saldoak ikusteak haurtzarora eraman ninduen, aitonarekin Aizkorriko Añabasora ehizatzera joaten nintzenean. Oraindik ere jende asko harritzen da esaten diedanean ni ehizaren bidez hasi nintzela mendia eta bertako flora, fauna eta hegaztiak ezagutzen.

Bilgunetik irten eta gandorrera igo nintzenean aho zabalik geratu nintzen. Gandorra apaintzen zuten harkaitz-formek katedral zahar bateko argizarizko gargolak ziruditen, beroaren eraginez urtzen hasiak. Haietako bat, goitik ikusita ardi baten burua iruditu zitzaidana, bereziki ederra iruditu zitzaidan. Antxon hara iritsi zenean, ezin izan nion argazki-kamera atera eta argazki batzuk egiteko tentazioari eutsi.

Antxon ardiaren buruaren ondoan.

- Ostras, ze leku ikusgarria!!! – Esan nien -. Goierriko harkaitzak ez ditu horrrelako forma ederrak.
- Harkaitz bakoitzak bere forma bereziak izaten ditu – erantzun zidan Antxonek – harriaren gogortasuna eta higaduraren arabera agertzen direnak.

Seigarren luzearen amaieran.

Seigarren bilgunea.

- Zazpigarren luzea (gure bosgarrena), 45 metro, IV. Bilgunetik gora begiratu nuenean, ikusi nuen azkeneko luzean harkaitzaren forma liluragarriak jarraitzen zuela, aurrez aurre zegoen dorreari Gaudik diseinatutako dorre baten itxura emanez. Ez dakit nondik hartzen zuen inspirazioa arkitekto honek, baina hemendik lasai asko har zezakeen.

Ertzaren ezkerretik jarraituz, Iku gandorrak osatzen duen lepo antzeko batera “jaitsi” zen, ondoren gandorraren ertzaren eskuinetara pasatzeko (III-).

Lehen metroak gandorraren ezkerretik egiten dira.

Puntu honetan, harkaitzak duen zulo natural batean zinta-uztai bat pasatu zuen, luzeari aseguru bat gehiago batuz.

Zuloan zinta-uztaia pasatu ondoren.

- Txundituta nago harkaitzaren formekin.
- Bai oso berezia da – erantzun zidan -. Noizbait izan zara Jaizkibelen? Han ere harkaitzak hartzen dituen formak ikusgarriak dira.
- Ez, baina argazkiak ikusiak ditut eta leku hori ere zoragarria iruditzen zait.
- Merezi du bertara joatea.
- Bai, egunen batean joan beharko dut, goierritarrok kostara hurbiltzeko joerarik ez dugun arren, jejeje.

Antxon bosgarren bilgunean.

Gu hizketan ari ginen bitartean Ikuk berera jarraitzen zuen, luzeari metroak irensten. Muntatu zuen zulotik gora jarraitu zuen eskalatzen (III+) eta, metro batzuk gandorraren ertzetik bete ondoren, berriro ere honen eskuinera pasa zen, luzeak duen zailtasunik handiena eskalatzeko (IV).

Luzeak duen zailtasunik handienean.

Antxon eta biok seigarren bilgunean. Lekua itzela da.

Zailtasun guztiak amaituta, gandorraren ertzetik jarraitu zuen bidearen azken bilgunearekin topo egin zuen arte (III).

Luzearen amaieran.

Azkeneko luzea zela jakinda, Antxonek eta biok lasai eskalatu genuen, pasagune bakoitzari ahal izan genion zukurik handiena ateratzen.

Ikuk zinta-uztaia jarri zuen zuloaren ondoan.

Luzearen zailtasunik handienera iristen.

Luzearen amaieran.

Bilgunera iritsi nintzenean gandorraren ertzetik jarraitu nuen Platako itsasargia ikusi nuen arte:

- Hortik jaistea debekatuta dago, lursail partikularra delako – esan zidan Ikuk –. Horregatik muntatu zen rappel hau.
- Gainera une batez zintzilik geratzen zaren rappel horietako bat da – esan zuen Antxonek, rappela prestatzen hasiz.

Antxon rappela muntatzen ari zen bitartean, Ikuk “Arrantzales” eskalada sektorea non dagoen eta eskalatzeko leku ikusgarria dela adierazi zidan. Esan zidan bertako eskalada-bide klasikoenak tximinia bat osatzen duela, eta duela urte asko bertan erratz-makilak sartzen zituztela aseguru moduan.

Azken bilgunean, rappelatzen hasi aurretik.

Kostaldean eskalatzeak dituen une txundigarri horietako bat.

30 metroko rappel zintzilikatu batek lur horizontalera itzuli gintuen, baina uste dut hobe dela rappel hau 10 metro inguru gehiago luzatzea, rappel honek uzten zaituen erlaitz zabaletik jaisteko jaitsi behar den horma makurtua baita, nahiz eta soka finko bat eta altzairuzko grapa batzuk jarrita izan jaitsiera errazteko.

Rappel zintzilikatuaren azken metroetan, Nire uste apalean merezi du rappela 10 metro inguru gehiago luzatzea grapak jarrita dituen hormaren azpiraino.
- Hemen ezin zara erlaxatu lurrera itzuli arte – esan zidan Ikuk horma makurtua jaitsi nuenean.

Basotik doan bidezidor bat jarraituz berehala iritsi ginen hurbilketarako bidera, eta, handik, Platako itsasargira doan errepidera. Itzuleran harritu ninduen zenbat atzerritarrekin gurutzatu ginen. Antxonek argitu zidan Pasai San Pedro eta Donostia arteko bidea kostaldeko Done Jakue bidearen zati bat zela, eta urtetik urtera erromesen kopurua handituz doala. Fedearen deiaren efektua izango ote da? Jejeje.

“Gokyo” izugarri gustatu zitzaidan eta kokalekua eta harkaitzak duen forma ikusgarriagatik bakarrik merezi du eskalatzea. Badut aitzakia bidea berriro eskalatzeko, Asierrek eta biok begia bide originalari botata diogulako, baina bisita berri honetarako itsasbeheraren zain egon beharko dugu, bestela bustitzeko arrisku handia dugu eta. Eta goierritarrok orokorrean itsasoarekin dugun harremana ez da oso estua izaten, jejeje.

Itzuliko gara bide originala eskalatzera, noiz? Ez dakit.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Lakasta bloga. 2014/11/15. El Faro de la Plata: escalando junto al mar. Eskuragarri: https://lakasta.blogspot.com/2014/11/el-faro-de-la-plata-escalando-junto-al.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina