Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Antxon Gorrotxategirekin egun osoa soka batetik zintzilik egon ondoren, jaitsieran estropezu egin eta ezkerreko eskuan kolpea hartu dut. Hasieran min handirik sentitu ez badut ere, ordu batzuk geroago dutxa bizigarri baten ondoren ordura arte ahaztuta neukan mina hasi da. Eroriko tentela izan da, nekeak, goseak eta egarriak eragindako eroriko tentel horietako bat, hogei urte dituzunean gertatzen ez dena: "inoiz ez naiz orain bezain gaztea izango" errepikatzen dut behin eta berriz, ezkerreko esku minduari begira. Baina istorio honen alde ona da, nekearen, gosearen, egarriaren eta ezkerreko eskuko minaren gainetik, "Ostadar" bidearen goiko bi luzeetara iristeko sarrera aurkitu dugula, Antxonek eskalatu zitekeela susmatzen zuena. Biharamunean lehenengo paraboltak jarri genituen eta hirugarren egunean Asierrek lehen luzeko lehen eskalada mundiala egitea lortu zuen, marka berri bat ezarriz. Ondoren egun gehiago etorriko ziren, nekez, gosez eta egarriz zipriztindutakoak, bidea segurtasunez eskalatzeko prest utzi genuen arte. Tartean, ezkerreko eskuko minak dirauen arren baretuz doa, ez hogei urte nituenean bezain azkar, baina baretuz azken finean, nire buruari "inoiz ez naiz orain bezain gaztea izango" gogoratzen diodan bitartean.
Bide honen istorioa irailaren hasieran hasi zen, Antxonen mezu elektroniko bat jaso nuenean. Mezuan esaten zidan "Ostadar" ireki zuenetik sarrera bat egin nahi ziola bere oineraino iristen den hartxingadi inklinatuaren azpiko horman, baina ez zuen oso argi sarrera hori posible zenik, horma oso trinkoa baita. Baina esan zidan paretan diedro pare bat daudela, hormaren ahulezia bakarrak, hartxingadi inklinatura iristeko aukera emango luketenak. Arazoa zen bi diedro horien arteko tarteak gaindiezina zirudiela, eta goiko diedroak oso zaila: "Egia esan, nahiko ideia eroa da, eta ziurrenik ez du ibilbiderik izango", esanez amaitzen zuen. Opor egun batzuk nituela aprobetxatuz, ez nuen bitan pentsatu abentura honetan lagunduko niola esateko, Asierrek egun batzuk geroago esango zuen bezala.
Lanordu askoren ondoren, irailaren 27an, bidearen hasieran "Ostadar" izena duen plakatxo bat jarrita, amaitutzat eman genuen, eta urriaren 4an lehenengo eskalada "ofiziala" egin genuen, bidea segurtasunez eskalatu daitekeela bermatzeko.
Irailak 27. Antxon "Ostadar" izena duen plakatxo jarri berriaren ondoan.
“Ostadar” mendi kutsudun eskalada-bide bat geratu da eta Asierrek dioen bezala, luze guztietan eskalatzea eskatuko digu. Inork ezustekorik hartu ez dezan, ez da kirol-eskaladako estiloan ekipatu dugun bidea, eta pasagune zailenetan ainguratze finkoak utzi ditugun arren, oro har, horien arteko tartea ez da motza; honegatik, auto-babeserako materiala eramatea gomendagarria izan daiteke. Horretaz gain, estilo honetako eskalada-bide ireki berrietan gertatzen den moduan, oraindik ere harri askeak eta helduleku hauskorrak aurkituko ditugu, baina horrek hobera egingo du bidea errepikatu ahala. Zailtasun maila luze bakoitza hainbat aldiz eskalatu ondoren proposatu dugu, mugimendu bakoitza nola egin eta heldulekuen kokapena gutxi gorabehera ezagutu ondoren. Bidearen errepikapen bakoitzarekin ikusiko da proposatzen dugun zailtasun maila berresten den.
Nork esango zigun duela urte batzuk Antxonekin bide bat irekitzeko zortea izango genuela, non eta Ziordian gainera. Luxu eta ohore bat izan da Antxoni proiektu honetan lagundu izana, eta zenbat ikasi dugun gainera. Bide honetaz gozatu ahal izatea espero dugu, guk gozatu dugun bezainbeste.
Urriak 4, Antxon Asier eta hiruok zoriontsu, "Ostadar"-en lehen eskalada amaitu ondoren.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 182 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: Azkeneko bi luzeak Antxon Gorrotxategik 2024ko azaroan. Hasierako lau luzeak Antxon Gorrotxategik, Asier Izagirrek eta Xabi “Smithy” Mujikak 2025eko irailean.
- Zailtasuna: 6a (V+ / A0). Luzez-luze: 1ºL: V/V+ (28 m), 2ºL: 6a edo V+ / A0 (28 m), 3ºL: V+ (28 m), 4º L: V (28 m), 5º L: V (30 m) eta 6ºL: V+ (40 m).
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: “Rösti” bidearen hurbilketa jarraituko dugu baina bide hori hasten den basora sartu aurretik eskuinera mugarriz adierazitako bidezidor bat jarraituko dugu, lehen luzearen oinera eramango gaituena.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: Lehenengo aukera bidearen amaieratik ekialdera jotzea da ertzetik baino basotik gehiago ibiliz. Ziordiako ezproiaren parera iritsitakoan oso nabaria ez den xenda jarraituko dugu “Irati” bidearen amaiera arte. Hemendik aurrera jaisteko bidea puntu gorri gehiagoz adierazita dago. Bigarren aukera mendebaldera jotzea da ertzetik hurbil mantenduz eta puntu gorriak jarraituz, “Mugalari” bidearen amaiera arte. Hemendik behera puntu gorriz eta mugarriz adierazitako bidetik joko dugu hormaren azpira iristeko. Hirugarren aukera bidea rappelatzea da eta horretarako uztaidun parabolt bat utzi dugu bilgune guztietan, laugarren bilgunetik 60 metroko soka bakarrarekin bidea rappelatu daitekeelako. Hori bai, 60 metroko soka bakarrarekin laugarren bilgunera iristeko, azken bi luzeetako hormaren ezkerraldean (paretari aurrez aurre begiratuz gero) dagoen haitzuloa bi rappel eginez rappelatu beharko dugu. Haitzuloan rappel puntuak ere prest daude, lehenengoa zuhaitz baten enborrean eta bigarrena haitzuloan bertan dagoen harkaitz-zubi batean.
- Eramandako materiala: 60 metroko soka bat gutxienez bidea rappelatu nahi bada, luzera desberdineko 16 express-zinta, friend sorta bat eta luzera desberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi lasai ibilita.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak. Krokisean “Rösti” eta "JB" bideen kokapena non dagoen ikusi daiteke.
Krokis zehatza. Urdinez bidea rappelatu nahi bada haitzulotik laugarren bilguneraino jarraitu behar den ibilbidea.
DESKRIBAPENA
Irailean zehar egindako eskalada guztietan bizitako bizipenak kronika batean islatzeko gaitasunik ez dudanez, luze bakoitzaren deskribapen hotz eta zehatza baino ez dut egingo; hori bai, luzeak irekitzeko garaian izan genituen bitxikeriekin nahastuta. Argazki gehienak urriaren 4an egin genuen lehen eskaladakoak dira.
- Lehenengo luzea, 28 metro, V/V+. Sarreran esan dudan bezala, Asierrek lehen aldiz eskalatu zuen luze hau. Hasiera batean, azpitik ireki nahi genuen luze hau, baina lehen metroetan dagoen horma makurtuak eta diedroaren irteerak atzera bota gintuen.
Plaka inklinatu bat eskalatzen hasiko gara, hildako zuhaitz handi batean amaitzen den arrail bat duena (IV).
Plaka inklinatua eskalatzen.
Hasieran, soka bat jarri genuen zuhaitz horren enborrean, baina, azkenean, haren atzean dagoen plaka inklinatuan parabolt bat jartzea erabaki genuen, zuhaitzak ez baitu kofiantza handirik ematen.
Zuhaitzaren atzeko paraboltera aseguratzen.
Plaka inklinatuaren beste aldean horma makurtu bat aurkituko dugu. Nahiz eta lehen eskaladan Asierrek bere ezkerretik (diedrotik) eskalatu zuen, luzea eskuinetik sartzea erabaki genuen, harkaitza trinkoagoa delako eta pasagunea zertxobait zailagoa delako (V/V+).
Norberaren altueraren arabera V edo V+ izan daiteken pasagunean.
Asier pasagunean.
Pasagune horren ondoren, diedroaren eskuinaldean dagoen horma arraildua eskalatzen jarraituko dugu, bi harkaitz-zubiekin utzi duguna (IV+).
Horma arrailduan.
Diedrotik eskalatzen jarraituko dugu, eta pixkanaka eskuinerantz desbideratuko gara horma amaitzen den lekuraino (V/V+).
Diedroaren azken metroetan.
Diedroaren azken metroak azpitik ikusita....
...eta goitik ikusita.
Hormaren amaieratik zuhaixka artean jarraituko dugu lehen bilgunera iristeko (III), horma bertikal baten oinean.
- Bigarren luzea, 28 metro, 6a (V+/A0). Antxonek luze hau eskuinerago irekitzeko ideia zuen, baina lehen aldiz eskalatu nuenean, oraingo lerroari jarraituz, eta eskalagarria zela esan nionean, orain dagoen bezala uztea erabaki genuen.
Bilgunearen ezkerretara igaroko gara, eta gainean dugun horma makurtua eskalalatuko dugu (6a, V+/A0). Bitxia badirudi ere, pasagune honetan gehien kostatzen dena hormaren gainean dagoen zulo nabarmenean zutik jartzea da, ia heldulekurik ez baitago eskuetarako.
6a pasagunean, zulo nabarmenera igotzen.
Pasagune bera goitik ikusita. Antxon zulora igotzen.
Zuloan zutik gaudela, ezkerrerantz eskalatzen jarraituko dugu, horma bertikal baten oinean utzi dugun harkaitz-zubi baterantz (V/V+). Horma bertikala eskalatuko dugu (V+) eta zuhaitzen artean dagoen pasillo harritsuan barrena jarraituko dugu hirugarren horma bat topatu arte (III).
Horma bertikalean friend bat trabatu nahian.
Horma bertikalaren amaieran.
Hirugarren horma eskalatuko dugu (IV+), eta utzi dugun parabolt bakarraren altuerara iristean, eskuinera pasako gara, plaka inklinatu bat zeharkatuta, bigarren bilgunera iristeko (IV-).
- Hirugarren luzea, 28 metro, V+. Hau izan zen lau luze berrietatik eskalatu genuen lehena, Antxonen ustez, diedro honek “Ostadar” bidearen sarrera irekitzeko sarrera baitzuen. Horregatik, Antxoni lehen aldiz eskalatu zuenean aurpegian zabaldu zitzaion irribarrea ikusgarria izan zen:
- Eskalatu daitekeeeeee!!! - Oihukatu zuen zoriontsu, buruan zuen proiektua gauzatu zitekeela jakinda.
Lehen metroek ez dute misterio handirik, gainean dugun diedro ikusgarria eskalatu behar baita (V+).
Diedroaren lehen metroetan.
Diedroa bere osotasunean. Ikusgarria benetan.
Diedroaren irteera bi modutara egin daiteke: errazena diedroaren ezkerretik jarraitzea da (V-) baina guk diedro beretik edo zertxobait eskuinagotik jarraitzea gomendatzen dugu, irteera pikanteagoa delako (V/V+).
Diedroaren irteeran.
Irteera goitik ikusita.
Diedroa eskalatu ondoren, zuzen eskalatzen jarraituko dugu horma txiki bat eskalatuz, ezkerrean parabolt bat utziz erlaitz batera igo arte (IV).
Erlaitzetik egindako argazki honetan azken hormatxoa ikusi daiteke. Bide nondik doan adierazteko utzi genuen azken parabolt hau.
Erlaitzetik zertxobait eskuinerantz jarraituko dugu erdi-oinez, bilgunera iritsi arte (II).
- Laugarren luzea, 28 m, V. Laugarren luzea lau mailaz osatutako eskailera handi bat da. Bilgunearen gainetik irtengo gara, plaka inklinatuak dituen kanaltxoak aprobetxatuz (III). Plaka honen ezkerraldean harkaitz-zubi bat muntatuta utzi dugu badaezpada.
Plaka inklinatuan.
Plaka honetara igo ondoren, bigarren plaka batera iritsiko gara, aurrekoa baino tenteagoa eta bi paraboltekin aseguratuta utzi duguna. Eskaileraren bigarren maila eskalatzeko, Dülfer teknika erabiliko dugu, eskuak plakaren eskuineko ertzean jarriz (V).
Bigarren plakaren hasieran.
Plakaren lehen metroak goitik ikusita.
Plakaren amaieran.
Bigarren plakaren gainean eskaileraren hirugarren maila eskalatuko dugu, aurrekoak baino tenteagoa, baina helduleku oso onekin (V-). Hemen ere parabolt bat utzi dugu pasagunea aseguratzeko.
Eskaileraren hirugarren mailan.
Eskailera igotzen amaitzeko, harkaitz-bloke erraldoi bat duen hormatxo bat eskalatuko dugu (III), eta honen ondoren ez dugu beste arazorik izango laugarren bilgunera iristeko (II+).
Hildako zuhaitz handi bat erreferentziatzat hartuta, bilgunearen gainetik irtengo gara gainean dagoen hartxingadira iristeko. Tarte honetan eskuak erabili beharko ditugu noizean behin, baina ez da tarte zaila (II+). Hartxingadia ez da erosoa ibilitzeko, baina pixkanaka eta kontu handiz metroak irabazten zaizkio. Gure ustez, bidea errepikatu ahala, bidexka bat egiten joango da han. Azken bi luzeek zeharkatzen duten horma denbora osoan ikusten denez, ez dago galtzeko arriskurik. Hori gutxi ez balitz, bosgarren luzearen oinean beste plakatxo bat aurkituko dugu, “Ostadar” izenarekin.
Azken bi luze hauek lehen aldiz eskalatu genueneko bizipenak kronika honetan jasota daudenez, baita krokis zehatzak ere, kasu honetan ere horien azalpen hotz bat besterik ez dut emango.
- Bosgarren, 30 metro, V. Plakatxoaren gainean dagoen harkaitz-plaka arraildutik laupabost metro eskalatzen hasiko gara, eta muntatutako bigarren harkaitz-zubira iristean, eskuinetara zeharkaldi bat egingo dugu, hormaren azpian dagoen lizar bakarti baten eskuinean dagoen diedro baten oinean jarriz (III), arrail bat duena. Diedroa eskalatu (IV+) ondoren zuzen jarraituko dugu horma bertikal batetik, gainean dagoen sabai batera zuzenduz (IV+).
Diedroan.
Arrail batetik igoz sabaia ezkerretik saihestuko dugu eta haren gainean dagoen harkaitz-plakara igoko gara (V).
Sabaia saihesten.
Plakatik metro gutxi batzuk eskalatu ondoren, eskuinetara zeharkaldi horizontal bat egingo dugu, lehen bilgunea muntatuta dagoen erlaitz erosora iristeko (V-).
Bosgarren bilgunean.
- Seigarren luzea, 40 metro, V+. Bilgunearen gainetik irtengo gara, sabel formako harkaitz-plaka batera arte (V-). Plaka hori eskalatu eta arrasto zuri bat duen harkaitz batera iritsitakoan, eskuinetara dagoen erlaitz txiki batera pasako gara (V).
Luzearen lehen metroetan.
Erlaitzaren gainetik, luzeak berdin jarraitzen du: V zailtasunean, helduleku onak eta bertikaltasuna. Ur-tantez zipriztindutako plaka batera iritsitakoan zuzen eskalatzen jarraituko dugu harkaitz-zubi handi bateraino, soka bat jarrita duena (V). Harkaitz-zubitik ezkerrera pasako gara parabolt bateraino (V+) eta ondoren zuzen jarraitu beharko dugu ur-tantadun plaka batera igotzeko (V+).
V+ zeharkaldian.
Bigarren ur-tantadun plaka zuzen eskalatzen hasi (V), eta ezkerretik eskuinera zeharkaldi bat eginez, luzearen irteeraren azpian jarriko gara, harkaitz-plaka bertikal bat, eskuinaldean ezproi moduko bat duena (V).
Bilgunera daraman plaka bertikala.
Plaka hau eskalatuta (V) bilgunera iritsiko gara.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Smithyren bloga bloga. 2025/06/26. Ziordia: "Ostadar" bidea, 70 me, V+. 2025-05-25 Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2025/06/ziordia-ostadar-bidea-70-m-v-2025-05-25.html
- Smithyren bloga bloga. 2023-04-03. Ziordia: Rösti" bidea, 200 m, 5b+. 2023-03-25.. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2023/04/ziordia-rosti-bidea-200-m-5b-20230325.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina