AZKEN 10 SARRERAK
2026/04/02
AKETEGI (ETA AKETEGIBEKOA): "UMEA ENTEAUKO DA" BIDEA, 280 metro, M5. 2026KO URTARRILA.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Mendizaletasunaren historia katebegi ugariz osatutako kate luze bat dela uste dut. Katebegi bat zahartzen hasten denean, beste bat sortzen da, aurrekoarekin lotzen dena, kateari jarraipena emateko. Eta honela, katebegiz katebegi, belaunaldiz belaunaldi, mendizaletasunaren historia aurrera doa zorionez.
Badira urte batzuk eskalatzaile belaunaldi berri bat Aizkorriko kanaletan katebegi berri bat sortu dutela, eta berri bikaina iruditzen zait, Goierrin dugun altxor honetan bide berriak aurkitzeko sugarra bizirik jarraitzen duelako, “hortik igotzea posible izango ote da?” galderari erantzun nahian. Katebegi berria osatzen duten "aizkorristak" indartsu datoz, eta bide teknikoak irekitzen ari dira orain arte igoezinak ziruditen hormetan, katebegi zaharren estiloari eutsiz.
Azkeneko negua arraroa izan da. Aizkorriko kanalak behin baino gehiagotan zuriz jantzi dira, baina elurra egun gutxitan egon da egoera onean. Bi elurte handien ondoren, Ertzaintzaren erreskate taldeak bi erreskate burutu ditu, bata Iralarrainardean eta bestea Nardasakonen. Bi erreskateetan erreskatatutako mendizaleak blokeatuta geratu ziren, ez aurrera ez atzera, eta bi erreskateetan bi faktore errepikatu ziren: eraldatu gabeko elur asko eta kanaletara sartu ziren ordua; bata arratsaldean eta bestea eguerdian. Ez dut epaituko kanalak eskalatzeko materiala edo esperientzia zuten, ez dudalako informazio hori. Gero eta mendizale gehiago sartzen da kanaletara elurte bakoitzaren biharamunean, goiz ibili gabe eta elurra oraindik oso bigun dagoela, eta horrek asko kezkatzen nau. Aitortu behar dut bi erreskate gutxi iruditzen zaizkidala ikusita zenbat mendizale sartzen diren kanaletan baldintza horietan. Uste dut ahaztu egiten zaizkigula kanal nagusietan gertatzen diren elur-jausi handiak, haien oinetan dauden pago zatituak ikusi besterik ez dago. Eta zein da alternatiba? Kanal nagusietatik ihes egin eta bertikaltasunagatik elur-jausien arriskua oso txikia den paretak eskalatzea, aizkorrista belaunaldi berria egiten ari den moduan.
Aizkorrista belaunaldi berri honen azken bidea da “Umea enteauko da”, urtarrilean Mikel Mongelosek eta Ander Irastorzak Aketegibekoan hasi eta Aketegin amaitu zutena. Ondoan duen “Hire amak baleki” bidearen estilokoa da; bertikala, teknikoa, ausarta, ederra eta zirraragarria.
Bidearen lehen errepikapenaren zain, Mikelek bidali didan krokisa, kronika, azalpen eta argazkiak partekatzen dizkizuet, espero dugu baliagarriak izatea.
Zorionak bikote eta eskerrik asko bihotz-bihotzez Aizkorriko kanalei katebegi berri bat lotzeagatik!!!! Bejondeizuela!!! Bejondeigula!!!
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 280 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Mikel Mongelosek eta Ander Irastorzak, 2026ko urtarrilean.
- Zailtasuna: M5. Luzez-luze: 1ºL: M5 (45 m), 2ºL: M3 (50 m), 3ºL: M4 (30 m), 4ºL: 40-50º (100 m) eta 5ºL: M5 (55 m).
- Orientazioa: Iparra.
- Ura: Zegaman eta Itzubiagako iturrian (Zegamako tren geralekutik igotzen bada) hartu daiteke.
- Hurbilketa: Aketegi sektoreko kanaletara iristeko bidetik (Zegama - Aizkorri maratoiaren kilometro bertikaletik doana) edo Iraule - Arbelaitz sektorera iristeko bidetik. Hemen duzue hurbilketarako bi bide hauek ikusi eta deskargatzeko aukera.
- Jaitsiera: Aukera ezberdinak daude, baina erraz, azkar eta erosoena Nardasakon kanalera hurbiltzea da bertatik jaitsi eta igoerako bidearekin bat egiteko.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 10-12 express zinta, 2 Totem sorta, 3 eta 4 zenbakiko Camalot-a, artaka-trabagailu sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak, Mikel Mongelosen eskutik.
DESKRIBAPENA
“Umea enteuko da”, Mikel Mongelosen kronika.
Hirugarrenean bai, azkenean lortu dugu Aketegirako bidean arrakala berri bat marraztea. Hirugarrena diogu, oztopoak-oztopo, ekinak gainditu diolako azkenik asmoari. Gainera, oztopo horietako bat izaki berri baten etorrera denean agian oztopo ez da hitz egokia, izatez badelako gertaera eder bat. Hala, izena ere merezi zuela pentsatu dugu; izan ere, izan zitekeen “ez utzi Palestinari buruz hitz egiteari” edota “Gora Rojavako iraultza!”, baina Unaiek bide hau begiz jo ziolako gaude gu hemen, eta hire amak baleki, eta oraindik ez badaki, lasai, UMEA ENTEAUKO DA. On egin dizuela, bideak merezi du eta!
- Lehenengo luzea, 45 metro, M5. Lehenengo erresalteak hasiera fisikoa du eta trakzio exkaxa. Bigarren erresaltea tximinia moduko bat errazagoa. Billera iltze bat eta friendak.
Bidearen hasieran.
Lehen luzeko pasagune zailenaren azpian.
- Bigarren luzea, 50 metro, M3. Billeratik ateratzeko erresaltetxo bat eta geroago eskubiko tximinia bilatzen du. Hau gaindituta ezkerraldera jo, zuhaixka bat pasatu eta 70°ko penditzean gora arroka arteko zartadura zabal baten azpian bilera. Iltze bat eta friendak.
Bigarren luzearen hasiera.
Bigarren luzearen amaieran.
- Hirugarren luzea, 30 metro, M4. Arroka arteko pasilu batetik hasten da hau, tximinia bezala gaindituz.
Hirugarren luzearen hasieran.
- Laugarren luzea, 100 metro, 40º-50º. Oinez ensanblean.
- Bosgarren luzea, 55 metro, M5. Eskubiko bidea hartu, eskubi aldera trabesia bat eginez gaindi daiteke lehenengo zatia. Gorago beste erresalte bat dago. Hau gaindituta tontorrera arte 15 m 70° elurretatik.
Bosgarren luzean.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)







iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina