AZKEN 10 SARRERAK
Aizkorri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aizkorri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
2024/05/05
BURNIKURUTZEKO EKIALDEKO ORRATZA, 20 m, IV. 2024/04/14
Suziriak Burnikurutzeko ekialdeko orratz ikusgarrian.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Mendietako orratzek badute zerbait berezia, naturaz gaindikoa, magikoa edo mitologikoa. Harkaitzezko formazio luze hauek, behatz estuetan bihurtuak, zerura luzatzen dira, mendiak izarrak ukitu nahiko balitu bezala, mundu lurtiarrak zerutiarretik zerbait baduela gogoratuz. Honegatik ez da harritzekoa haitz hauek sinesmen iturri izana eta mendetan zehar mendizale eta eskalatzaileak erakarri izana. Nork ez du amestu orratz hauetako baten puntan zutik egotea grabitatearen indarrari desafioa eginez?
Euskal Herrian orratzak eskalatzearen aitzindarietako bat Juan San Martin izan zen, Arartekoa izatera iritsiko zen berbera. Pyrenaica aldizkariko hemerotekan sakontzea besterik ez dago berak Euskal Herrian sakabanatutako orratz kontaezinen eskaladen gainean egindako kronikez eta krokisez gozatu ahal izateko. Juan San Martinek utzitako ondare zabal eta aberatsa askorentzat inspirazio iturri izan da proiektu berriak amestu, diseinatu eta betetzeko garaian; kronika hau honen adibide izan daiteke.
Hainbat urtetan Aizkorri eta Aratzeko kanaletako eskaladetan ikusi eta ikasi dugun gauzetako bat izan da Aizkorriko mendilerroko ipar-horma orratzetan aberatsa dela. Ez dira gutxi topatu ditugun orratzak, gehienak txikiak badira ere. Honek, San Martinen kronikak irakurtzearekin batera, proiektu bat amestera eraman gintuen: eta guretzat Aizkorriko orratzik ikusgarrienak eta berezienak direnak eskalatzen baditugu?
Zailena, zein orratz eskalatuko genituen aukeratzea izan zen, asko baitira urtetan zehar topatu ditugunak. Honetarako hiru aspektu kontutan hartu genituen: orratzaren tamaina (handia bazen, hobe), estetika eta harkaitzaren kalitatea, Aizkorriko harkaitzaren kalitatea orokorrean ez delako ona. Honen ondorioz hiru orratz aukeratu genituen “bakarrik”: Aizkorriko Gurutzeko hego-ekialdeko orratza, Irauleko orratza eta Burnikurutzeko ekialdeko orratza.
Kuriosoa bada ere, hiru orratzetatik eskalatu genuen lehenengoa (nire kasuan "eskalatu" baino "igo" izango litzateke aditzik egokiena) Iraulekoa izan zen, hiruetatik zailena, eta Mirenek, Josebak eta Jonek 2020ko ekainean oparitu zigutena. Eta a zer nolako opari zoragarria!! Beti egongo naiz hirukote honi eskertua. Orratz honek gainera, aukeraketarako kontutan hartu genituen hiru aspektuez gain bazuen beste bat: bertara igo zen lehena Juan San Martin bera izan zen, I. Larreategui eta P. Aguirregomezcortarekin “tirolina” bat erabiliz, 1955ko apirilaren 8an.
Asier, Leku eta hiruok Irauleko orratzaren puntan. Argazkia: Jon Garate.
Urtebete beranduago, Aizkorriko Gurutzeko hego-ekialdeko orratzaren txanda iritsi zen. 2021eko urrian, Ikerrek, Asierrek eta hiruok orratz hau eskalatzeko zortea izan genuen, baita lehendik eskalatua izan zela baieztatu ere, nahiz eta lehen eskalada nork edo nortzuk burutu zuten oraindik ez dugun topatu.
Asier eta Iker Aizkorriko Gurutzeko hego-ekialdeko orratzaren puntan.
Proiektua amaitzeko Burnikurutzeko ekialdeko orratza eskalatzea falta zitzaigun. Orratz honi 2011ko martxotik nion begia botata, Burnikurutzeko ipar-horma Josurekin eskalatu nuen alditik. Burnikurutzeko ekialdeko orratza Zegamako tren-geralekutik Andraitzeko lepora doan bidean goazenean nabarmen ikusten den orratz bat da, animali erraldoi baten buruaren itxura duena. Zein animali? Hori norberaren irudimenari uzten diot, hortan ez baikara sekula ados jarri, jejeje. Ekialdetik begiratzen diogunean orratzaren ikusmira ikusgarria da oso, liluragarria, zotina kentzen duen horietakoa.
Gure proiektuko hiru orratzetatik hau izan zen eskalatzen saiatu ginen lehenengoa, 2019ko urrian hain zuzen ere. Urriko egun hartan Asier eta biok bertaraino hurbildu ginen arren, eskalada bertan behera utzi behar izan genuen.
2019ko urrian egindako bisitan. Argazkian, orratza ekialdetik ikusita.
Egun hartan batera eta bestera zebilen haize hotzak izoztu gintuen. Baina orratzaren puntara igoz gero bertatik rappel bat muntatzeko aukerarik gabe geratzea zen beldurtu gintuena: nondik, nola eta nora jaitsiko ginen? Beldur hau izan zen azkenik eskalada bertan behera uztea behartu gintuena. Baina antzutzat hartu daiteken saialdi honetatik ez ginen esku-hutsik itzuli: Eskalada-bideak ekipatzeko erabiltzen den materiala ekarri beharko genuela jabetzeaz gain, orratzera igotzeko punturik ahulena aurkitu genuen: hego-horman itsatsia duen orratz txikiago bat, menhir erraldoi baten itxura duena; honen gainetik orratzera pasatuz gero eskalada erraza izango zela pentsatu genuen. Hain erraza izango zen? Galdera honi erantzuteko beste bost urte igaroko zuten.
Asier orratza igotzeko punturik ahulena aztertzen.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 20 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: Ez dugu honen inguruko daturik aurkitu.
- Zailtasuna: IV.
- Orientazioa: Ipar-ekialdea. Orratza haize-leku bat denez, hau kontutan hartu beharko dugu egun hotz batean hurbiltzen bagara.
- Ura: Zegamatik igoz gero Itzubiagako iturrian. Arantzazutik igoz gero Urbian.
- Hurbilketa: Zegamatik Burnikurutzera doan ohiko bidea jarraituko dugu Itzubiagako iturriraino. Hemendik gora Zegama-Aizkorri maratoiaren arrasto horiak jarraituko ditugu Andraitzeko lepora iritsi aurretik bidea utzi eta Burnikurutzera igotzeko. Gailurretik mendebaldera jaitsiz (II, kontuz bustia badago) orratzaren oinera iritsiko gara.
- Jaitsiera: 15 metro inguruko rappel bat eginez.
- Eramandako materiala: 30 metroko bi soka, luzera ezberdineko 4-5 express, Totem sorta eta zinta-uztai bat bilgunea muntatzeko. Goiko bilgunea harkaitz-zubi batetik pasatako soka batez indartutako uztaidun parabolt batekin osatuta dago.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hogei minutu inguru.
BIDEAREN KROKISA
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
- Rekristo, hau da pixue!!! – Bota nion Asierri Itzubiagako iturrira iritsi ginenean.
- Bai, gaur kargauta goaz.
Ez genion zoriari ezer utzi nahi; honegatik eskalatzeko eramaten dugun ohiko materialaz gain motxiletan denetatik generaman: paraboltak, uztaidun paraboltak, hormak garbitzeko hainbat gailu, taladroa, brokak, soka-pusketak, guraizeak, etab. Guztira hamar kilotik gora eramango genuen bakoitzak, jejeje.
Iturritik aurrera bidearen erdia geratzen zitzaigula bagenekienez, pausuak poliki emanez jarraitu genuen, lurrera begira, Aste Santuan nazarenoz jantzita doazenen moduan, motxilen pisuak eragindako gurutze-bidea ahalik eta duinen ibiliz. Baina oraingoan kukuaren kantuak prozesioaren tronpeten oihartzuna ordezkatu zuen.
- Aurten kukue entzuten deten lehen aldie ta diruik ez dauket – esan zidan Asierrek belarriak eskuekin estaliz.
- Buffff!!! Asunto txarra orduan, jejeje – erantzun nion irribarretsu.
Orratza lehen aldiz ikusteak indarberritu gintuen. Ordu pare bat beranduago bere puntan izan nintekela pentsatzeak zirrara berezi bat piztarazi zidan urdailean, azteketa garrantzitsu baten bezperan egongo banintz bezala.
Burnikurutzeko ekialdeko orratza lehen aldiz ikusten den unea.
Gertuago. Burnikurutzeko ipar-horma ikusgarria da.
Burnikurutzeko gailurrean dagoen suziri txikira iristeko bi ordu eta erdi nekagarri behar izan genituen. Baina gailurraren mendebaldetik kontu handiz jaisten hasi ginenean eta parez-pare gure Aizkorriko mendi-kutunak ilaran agertu zirenean, haize freskoak berehala eraman zituen igoerako nekeak eta izerdiak. Zenbat abentura bizi izan ditugun mendi horien ipar-hormetan: Arbelaitz, Iraule, eta guztien gainetik Aketegi, mendilerroko punturik altuena.
Burnikurutzeko gailurrean dagoen suziria.
Aldaparen amaierara iristearekin batera gure ezkerrera gaurko helburua agertu zen: Burnikurutzeko ekialdeko orratz ikusgarria.
"... ezkerrera gaurko helburua agertu zen".
Argazki honetan Burnikurutzeko gailurretik orratzaren oinera iristeko jarraitu genuen bidea ikusi daiteke.
Ebakuntza bat prestatzen ari diren zirujauak izango bagina bezala, motxiletatik ateratako materiala lurrean sakabanatu eta eskalatzeko soilik beharko genuena hartu genuen. Bi sokekin eskalatzea adostu genuenez, aurretik zihoanak material gehiago behar izanez gero besteak bietako batetik pasako zion.
Asierrek katu-oinak jartzen zituen bitartean, eskalada hasiko genuen lepo esturaino igo nintzen. Bertan, erdi-kolokan dauden harkaitz batzuen gainean oreka mantenduz, arrail txiki bateko punturik altuenean Totem gorria trabatzea lortu nuen:
- Hola lehenengo metrok "de segundo" eskalauko dituzu, jejeje - bota nion txantxetan.
Lehenengo metro hauek dira eskalada osoko zailenak, baita bertikalenak ere. Arrailari sendo helduz, Asierrek ez zuen arazo handirik izan menhir itxurako orratzera igotzeko (IV). Orratz honen puntan beste Totem bat trabatu ondoren bi orratzen arteko urkilara kontu handiz jaitsi zen, ez duen zailtasunagatik (II), eremu hauskorra delako baizik.
- Hemen harri sueltok dare – esan zidan Asierrek orratz batetik bestera pasa zenean.
Hurrengo metroak ez dira teknikoki zailak (III) baina bai eskalada osoko arriskutsuenak, harri eta harkaitz-soltez estalita daudelako. Minen eremu bat zeharkatzen ariko balitz bezala, Asier zuhurtzia handiz eskalatzen jarraitu zuen. Haize goxoaren erritmoan kulunkatzen ziren soken mugimendu lasaikorra Asierrek hormatik erortzen uzten zituen harkaitzetatik ihes egindako garrasiek apurtzen zuten, pixkanaka metroak irabazten zizkion bitartean. Orratzaren ekialdeko ertzan dagoen harkaitz trinkora iritsi zenean, salbamendu-txalupa bati helduta dagoen naufragoa balitz bezala gorputza altxatuz bertara igo zen (III+).
Orratzaren ekialdetik beste metro pare bat igo zituenean (III), bat-batean gelditu zen:
- Hemendik aurrea errexa da.
Ez zuen denbora asko behar izan azken metroak ibili eta orratzaren puntara iristeko (II).
- Hemen puenterroka bat dau!!! – Oihukatu zidan puntatik zoriontsu.
- Ostia ze ona!!! – Erantzun nion -. Bertatik rappelatzeko modukoa?
- Buenooooo, hainbesterako ez dakit – erantzun zidan -, ea zu igotzen zeanen ze iruitzen zaizun.
Topatu zuen harkaitz-zubi hau eta orratzaren puntan dauden harkaitzen artean trabatu zituen Totem batzuk aprobetxatuz muntatu zuen bilgunea. Rappela nondik egingo genuen oraindik ez genekienez, soketako batetik paraboltekin osatutako bilgune bat muntatzeko beharko genuen material guztia pasa nion badaezpada. Asierrek material hau guztia ordenatzen zuen bitartean argazki-makina hartu eta dantzan jarri nuen.
Asierrek materiala ordenatzen zuen bitartean argazki makina dantzan jarri nuen.
Ikusgarria zen Asier orratzaren punturik altuenean ikustea, zeru urdina ebakiz, katedral bateko orratzik altueneko gargola balitz bezala.
"... katedral bateko gargola balitz bezala".
Ez dakit une hartan zer ariko zen pentsatzen edo sentitzen, ez genuen horren inguruko hitzik esan, baina belarritik belarrira irekita zuen irribarreak adierazten zuena azaleratzeko ez zegoen hitzik esateko beharrik.
"Ikusgarria zen Asier orratzaren punturik altuenean ikustea...".
Asierrek orratzaren punturik altuenean oreka mantentzen zuen bitartean ni batetik bestera nenbilen argazkiak egiten, guretzat hain berezia zen une hura behin eta berriz betikotasunean harrapatu nahian.
"Honelako lekuetan, honelako ikuspegiarekin, zaila da argazki makina lasai uztea".
Orratza eskalatzen hasi aurretik.
Asierri bezala, niri ere lehen metroak iruditu zitzaizkidan zailenak, baita urkilaren ondorengo metroak delikatuenak ere.
Menhir itxurako orratzaren puntan, urkilara jaitsi aurretik.
Asier menhir itxurako orratzaren puntatik ikusita.
Asierren albora iritsi nintzenean zorionez gainezka nengoen. Azkenean hainbestetan amestutako orratz honen puntan geunden biok, proiektu ero honi amaiera emanez. Baina zoriontasunaren erdian bertigo sentsazio batek astindu ninduen bat-batean, ez dakit biok leku txiki eta zorrotz honetan geundelako, ez dakit begiratzen nuen leku guztietara amildegia besterik ikusten ez nuelako. Ez dakit sentsazio honen eraginez izango ote zen, baina puntan dagoen harkaitz-zubia ikusi nuenean uztaidun parabolt batekin indartzea proposatu nion Asierri.
- Puenterrokak aguantauko dula esango nuke baina... - esan zidan Asierrek.
- “Baina” hori ekuaziotik kendu nahi badeu hobe deu parabolt bat jartzea – proposatu nion -, gañea parabolta jartzeko materiala hemen eukita kagada haundie izango zen rappelen istripu bat izatea.
Honela ba, segurtasunaren mesedean, azkenean orratzaren hego-horman uztaidun parabolt bat jarri eta harkaitz-zubia eta parabolta soka batekin lotu genituen.
Asier izan zen orratza rappelatu zuen lehena, bere asmoa niri argazkiak egtea baitzen.
Asier orrratza rappelatzen.
- Kontuz jaistekon ze rappela bolatue da – ohartarazi zidan behera iritsi zenean.
Asierrek zapatilak janzten zituen bitartean orratza bakardadean gozatzen hasi nintzen. Mendizalea ez denari datozen paragrafoetako hitz eta sentimenduak kosta egingo zaizkio ulertzea baina orratzaren gainean egon nintzen unea, zeruaz eta amildegiaz inguratuta, hegan egitearen sentsaziotik oso hurbil sentitu nintzen. Ez zegoen iraganik, ez zegoen etorkizunik, oraina besterik ez.
"... hegan egitearen sentsaziotik oso hurbil sentitu nintzen".
Zorionekoa sentitzen nintzen, eskertua, bakean, bai nire buruarekin baita inguratzen ninduenarekin ere. Intentsitate osoz bizitako une honegatik bakarrik merezi izan zuen motxiletan igo genuen zama neketsua. Denbora luzean amestu duzun unea bizitzea ikaragarria da, une hori harkaitz puska txiki baten gainean bada ere, une hori galkorra izango dela dakizun arren. Eta ez naiz eskaladaz bakarrik ari.
"Denbora luzean amestu duzun unea bizitzea ikaragarria da".
Eskalada bat ez da amaitutzat eman behar sokak berreskuratzen diren arte. Esaldi sinple hau izan zen burura etorri zitzaidan lehenengo gauza rappelatzen hasterakoan oina batek irrist egin eta soketatik zintzilik geratu nintzenean, airean batera eta bestera kulunkatuz. Ezbehar honen oroitzapen modura urradura batzuk geratu zitzaizkidan, baina okerrago izan zitekeen, eskerrak inongo momentuan sokak askatu ez nituen, bestela lurreraino eroriko nintzen.
"Rappelean izandako ezbeharra eta gero oreka berreskuratu ondoren".
Segurtasun neurriei ez nien beharrezko garrantziarik eman; izan ere rappelak seguruak egiteko erabiltzen dudan "shunt" aparatua arnesean neraman zintzilik, baina rappela hain motza zela ikustean bere beharrik izango ez nuela pentsatu nuen. Mendian batzuetan oso fina izan daiteke zorionaren eta zorigaitzaren arteko muga. Alarmak piztu zizkidan ezusteko honen ondoren rappela ongi amaitu nuen, arazo berririk gabe.
Rappelaren amaieran.
Elkarri bostekoa emanez Asierrek eta biok Burnikurutzeko ekialdeko orratzaren eskaladari amaiera eman genion.
- Hau ere egin deu!!!
Jaitsiera, ordurako ahaztuta genuen motxilen zamapean egin genuen berriro ere, baina oraingoan zama arinagoa zela iruditu zitzaigun.
Argazki honetan orratzan muntatuta utzitako bilgunea ikusi daiteke (karratu gorrian). Atzean, gure Aizkorriko mendilerroko mendi kutunak.
Orratzaren ikuspegia ezkutatuko zigun pagadian sartu aurretik, azkenekoz begiratu genion. Ohikoa den moduan ez ginen ados jarri orratzaren puntak zein animaliren buruaren antza duen adosteko, baina bai beste kontu batean:
- Hemendik aurrea orratza ikusten deun bakoitzen "hor goien izanda gare" esango deu, jejeje.
"Hor goien izanda gare"
Eskaladari dagokionez, orratza eskalatu genuen bidea ez da balio edo interes handia duen eskalada bat; alde horretatik ez dut nahi inor engainatua sentitzea kronika honetan azaldu dudan bizipenarekin. Baina mota honetako eskalada bakartiak dira betetzen gaituztenak, bizirik gaudela sentiarazten gaituztenak, noizean behin eskalatzen duten mendizale batzuk besterik ez garela jakitun bagara ere. Beharbada honegatik guztiagatik ez genuen orratzan iltzerik, espit-ik edo zintarik topatu, are gehiago orratzaren ondoan dagoen horma batean harkaitz-zubi bat soka zahar batekin muntatuta aurkitu genuela kontutan izanda. Ez dakit gu izan garen orratz honetara igotzen lehenak; ez dut uste hala izan denik eta ez zait axola gainera, badakidalako horrek ez liokeela bertan sentitu genuen guztiari eragingo. Eta azken hori da niretzat garrantzi handiena duena mendian egiten ditudan jardueratan.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Smithyrenbloga bloga. 2020/07/01. Irauleko orratza: 20-25 m, 6a+/6b, V+/A0. Oparia une errepikaezina lekurik magikoenean bizitzea denean. 2020/06 20 eta 21. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2020/07/irauleko-orratza-20-25-m-6a6b-va0.html
- Smithyrebloga bloga. 2021/11/28. Aizkorriko Gurutzeko hego-ekaldeko orratza, 20 m, IV/IV+. Leku bakarti bat jendetzaren itzalpean... 2021/10/12. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2021/11/aizkorriko-gurutzeko-hego-ekialdeko.html
2023/03/30
AKETEGI ERPINA: IRTEERA ZUZENETIK, AD+/M4/IV+. 2023/03/04
Aketegi Erpineko postontzia izotz eta ipar haizearen mende.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
- Ostia Asier, ze onaaaa!!!!! – Oihukatu nion elkar besarkatuz.
- Honekin Aizkorriko tenporada bukatu daiteke.
- Ya lo kreo – erantzun nion –. Hau eta gero aurtengo neguko tenporada osoa bukatzen bada ere berdin zait.
“Hamaika urte eta bi saiakera behar izan dira Asier eta biok Aketegi Erpineko irteera zuzena eskalatu ahal izateko.” Honela hasten zen martxoaren 4an sare sozialetan partekatu nuen oharra. Hamaika urte eta bi saialdi, baina ehunka argazki eta beste hainbat begirada Aketegiko gailurraren iparretik jaisten ginen bakoitzean.
Ez dakit noiz ikusi genuen lehen aldiz Aketegi Erpinaren gailurrrean bertan amaitzen den kanal estu hau, ezta eskalagarria izan zitekeela noiz izan ginen kontziente ere. Gogoan ongi gordeta dudana da eskalatzen saiatu ginen lehen aldia, M.A.T.-eko bostok elkartzea lortu genuen egun arraro horietako bat izan zelako. 2012ko martxoaren 10 hartan gogoz saiatu arren, elur faltagatik edo eskarmentu faltagatik ezin izan genuen Aketegi Erpineko irteera zuzena eskalatu. Bilgunearen muntaketan erabili genuen iltze bat beste aldi baterako bertan utzi genuen, baina iltze honen etorkizuna ez zen luzea izan eta kondairak dioenez Segura edo Zeraingo (ez digute sekula zehaztu non) etxe batean amaitu zuen, jarri genuenetik ez oso denbora luzera.
Egun hura ez zen alferrikakoa izan eta, irteera zuzenean ordaindutako esfortzuaren ordainean, Aketegi Erpinak “M.A.T. irteera” bezala izendatu genuen irteera interesgarria eskalatzeko baimena eman zigun.
2012ko saialdian. Argazkian "desagertu" zen iltzea ikusi daiteke.
Bi urte beranduago, 2014ko martxoaren 15ean, anaia eta biok berriro ere saiatu ginen, baina oraingo honetan elurraren baldintza txarrek eta tenperatura epelak izan ziren saialdia bertan behera uztera behartu gintuztenak. Aketegiko gailurrera modu zuzen eta interesgarri batean irteteko zortea izan genuen arren ez dut inoiz honen inguruko kronikarik idatzi, besten artean argazki kamera matxuratu egin zitzaigulako.
2014ko saialdian, "zeharkaldi arriskutsua"-ren amaieran.
Eta lehen saialditk hamaika urtera, martxoan berriro ere, Asier eta biok Aketegi Erpineko gailurrean zoratzen geunden. Ez dut uste gu baino zoriontsugorik egongo zenik Aizkorri osoan. Eskalada eta bizipen hau ezagutu nahi duzue?
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 400 metro inguru, Nardagaizto zenbaketan sartuta.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik aurkitu.
- Zailtasuna: AD+/M4/IV+. Luzez-luze: 1ºL: M4 (25 m) eta 2ºL: M3 (25 m).
- Orientazioa: Iparraldea.
- Ura: Zegaman eta Itzubiagako iturrian (Zegamako tren geralekutik igotzen bada) hartu daiteke.
- Hurbilketa: Aketegi sektoreko kanaletara iristeko bidetik (Zegama - Aizkorri maratoiaren kilometro bertikaletik doana) edo Iraule - Arbelaitz sektorera iristeko bidetik. Hemen duzue hurbilketarako bi bide hauek ikusi eta deskargatzeko aukera.
- Jaitsiera: Aukera ezberdinak daude, baina erraz, azkar eta erosoena Aketegiraino iritsi eta bertatik Nardasakon kanalera hurbiltzea da, bertatik jaitsi eta igoerako bidearekin bat egiteko.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 8 express zinta, Totem sorta bat, artaka-trabagailu sorta, lau iltze ezberdin eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Lau ordu eta hogeita bost minutu Nardagaizto kanalaren oinetik.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Zortzi ordu eta erdi.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak.
Goiko zatiaren krokis zehatza.
Irteera zuzenaren krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Beste behin, eta negu honetan izan dira zenbait egun, eguzkiaren lehen izpiek Itzubiagako txabola atzean geratu zenean harrapatu gintuzten. Astean zehar botatako elur berriak urre kolorea galtzen zuen heinean zeru oskarbiak urdina irabaziz zihoan, lurrari kolorea lapurtzen ariko balitzaio bezala. Mendiaren isiltasunean gure pausuak besterik ez, elurraren birjintasuna apurtuz. Gure atzetik arrastro ilun bat, orri zuri batean idazten hasitako igoeraren lehen hitzen moduan geratzen zena. Orriaren amaieran idatzita geratuko zena gure erabakien ondorio izango zen.
Eguzkiaren lehen izpien eraginpean.
- Ez dakit zer pasatzen den azkenaldin zurekin etortzen naizenen baña trintxera irikitzea tokatzen zaigu, jejeje – esan nion Nardagaizto igotzen hasi ginenean.
Mendiak espero genuen baino elur gehiago zuen eta aurreko egunetan botatako elur geruza berria oraindik trinkotu gabe zegoen, igoera asko zailduz. Goian aurkituko genuenaren beldurrez eta indarrak gordetzeko asmoz, abiadura jaistea erabaki genuen.
Nardagaiztoren lehen metroetan.
Zapaldu gabeko elurretan oinatza irekitzea ez da inporta zaidan gauza bat eta gustura irekitzen dut gainera, beharbada inork ireki gabeko lekuan beste batzuentzat bide bat irekitzen aritzearen pentsamendu erromantiko horren eraginagatik. Oraingoan ere, Asierri eskalatzen hasteko prestatuko ginen lekura arte oinatza ireki nahi nuela esan nion.
Lehen metro hauetako igoera ez zen oso erosoa izan baina atzean izaten den paisaiagatik merezi izaten du.
- Ea elurra joaten denen honea etortzen gean pareta hau eskalatu eta honen krokis on bat egiteko – esan zidan Asierrek Nardagaiztoren lehen irtengune beldurgarrira hurbildu ginenean.
- Ondo egongo da bai – erantzun nion -, hola krokisen seguruk non dauden ere jartzea izango genuke.
Nardagaiztoren lehen irtengune "beldurgarria" (MD/M5/6a).
Irtengunearen oinera iristear geundela eskuin aldera desibideratzen hasi ginen, beti egin izan dugun moduan, 20-25 metro eskuinerago hormak duen ahuldade batera zuzenduz.
Asier desbideratzen hasi ginen lekura iristen.
Hormaren ahuldadearen oinera iristen.
Eguzkiaren berotasuna bizkarrean sentitzen hasi ginen piolet eta kranpoiek elurra hozkatzen hasi zirenean, eskerrak euritarako txamarraren azpian manga motzeko kamiseta bakarrik genuen, jejeje. Eskalatzen hasi aurretik, barratxo batek eta partekatutako kafeinadun gel batek gosariak urdailean utzitako lekua okupatu zuten.
Saihesbidearen lehen metroetan.
Hormaren “ahuldade” hau Nardagaiztoren lehen irtengunea saihesteko aukera bat bada ere, oraingoan ere ez genuen gutxietsi, erraza ez delako. Tarte batzuetan horma oso tentea da, heldulekuak pioleten zabalera bereko hurritz okerren enborretara murrizten dira eta behin baino gehiagotan behatz baten zabalera duten sustraietatik pioletekin trakzionatu egin beharko dugu gorputzaren pisuari eutsiko diotenaren itxaropenez. Hau gutxi ez bada, elurra biguna dagoenean oinek irrist egiten dute maiz. Egoera honetan eskalatzera ohituak ez daudenak litekeena da tarte honetan ez gozatzea, burua hotz mantentzea eskatzen duen eskalada mota izaten delako.
Saihesbidearen amaieran (M3). Ez da pasiatzen ibiltzeko leku bat.
Nardagaiztoren lau irtenguneetatik lehena gaindituta genuen, zeharka izan bazen ere. Elur bigunak erdi-estalitako oinatz zahar bat berriro ere zapalduz, bigarrenaren azpian kokatu ginen berehala.
- Zemuz ikustezu?
- Ez du ematen itxura txarra dunik – erantzun nion – baña bazpare begiratzea nijo.
- Ez badezu ondo ikusten ezkerretio pasako gea.
" - Ez du ematen itxura txarra dunik!!!"
Ez genuen zailtasun handirik izan bigarren irtengunea eskalatzeko (M3+). Elurra ez zegoen espero genuen bezain gogorra baina bai pioletekin kontu eta maitasun handiz trakzionatu ahal izateko nahikoa bai. Zailtasunik handiena, betiko moduan, irtengunearen eskuin aldetik ezker aldera pasatzeko egin behar den zeharkaldi motzean topatu genuen, non gaur egun iltze bat jarrita dagoen.
Irtenguneari zailtasuna ematen dion zeharkalditxoa egiteko prest. Iltzea nire eskuin aldaka dagoen altueran jarrita dago gutxi gora behera.
Asier zeharkaldia egiten hasi aurretik.
Bigarren irtengunetik irteten.
Hirugarren irtengunea ere, lauetatik errazena (M3), berehala eskalatu genuen, honen gainean dagoen belar eta lurra izoztuta zeudela aprobetxatuz.
Hirugarren irtengunean.
Hirugarren irtengunetik aurrera irin zuriaren itxurako mingain luzeak igoera gehiago oztopatu gintuen. Hau ikusita arrastoa maizago txandakatuz irekitzen hasi ginen, tropeletik ihes egindako bi txirrindularien moduan.
Hirugarren irtengunetik gora.
Etxeko sofan eserita, ederra izaten da mendiko dokumentaletan ikustea oinatza irekitzen ari diren alpinisten irudi ikusgarriak, musika epiko batez girotuak izaten direnak. Baina errealitatea bestelakoa izaten da eta elurra belaunen inguruan duzunean oinatza irekitzea lan nekagarria izaten da, dokumentaletako irudietan agertzen diren mendizaleen ibilera elegante eta hitz glamourosoetatik urrun geratuz. Pausu bat emateko hankak aldaken gainetik altxatu behar izaten dira eta, oinak berriro ere elurra zapaltzerakoan, fede-ariketa bat egin behar da azpian duzun elurrak zure pisuari eutsiko dionaren zain.
Oinatza irekitzearen lan astunean.
Tarteka Asierrek, tarteka nik, konpaktatu gabeko elur irintsuan belaunera arte sartuz, orri zurian gure igoera idazten jarraitu genuen.
Asierrek irekitako oinatzetik eroso igotzen. Igoera nekeza izan arren, mendia edertasun zuriz jantzia zegoen, bailarako berdearekin kontrastatuz.
Elurraren baldintzak onak ez ziren arren, inguratzen gintuen paisaia zuriak neguan bakarrik amesten diren paisaia zuri horietako bat zirudien, magikoa, Eguberrietako iragarkietan agerten diren horietakoa. Zuhaitzak, kotoi zurian bilduta, neguari eusten zioten hala nola eta udaberria ate joka zegoela adierazten zuten bailara berdearekin kontraste ikusgarria osatzen zuten. Goian, hodeiek Aketegi Erpineko horma estaltzen zuten, irteera zuzenean zer topatuko genuen azken unera arte ezkutatu nahiko balute bezala.
... Goian, hodeiek Aketegi Erpineko horma estaltzen zuten, irteera zuzenean zer topatuko genuen azken unera arte ezkutatu nahiko balute bezala.
Indarrak alferrik galdu gabe, oinatza irekitzearen lana behin eta berriz partekatuz, Nardagaiztoren azken zailtasuna den laugarren irtengunera iritsi ginen.
Laugarren irtengunearen oinera iristen.
- Elurre ez dau oso gogorra baña ondo aterako geala ematen du – esan nion Asierri irtengunearen zati bertikalenera iritsi nintzenean.
Laugarren irtengunea eskalatzen.
Kanalaren azken irtengune hau eskalatzeko gakoa irtengunearen gainean dagoen elurraren baldintzetan egoten da. Elur hau gogorra dagoenean irtengunea zailtasunik gabe eskalatu daiteke; biguna badago aldiz, eskalada asko zaildu daiteke. Oraingoan ez genuen zailtasun handirik izan, elurra oso gogorra ez egon arren (M3+).
Laugarren irtengunetik irteten.
Nardagaizto puzzlea osatzen duten lau piezak bata bestearen atzetik jarriak genituen jada eta, oraingoz behintzat, orri zurian idazten hasitako igoeraren kontaketa hizki garbiaz idazten ari ginen. Baina oraindik asko genuen idazteke eta, laugarren irtengunea geroz eta beherago ikusten genuen heinean, goian zer topatuko genuen kezkatzen hasi gintuen, elurraren baldintzak ez zirelako hobetzen.
Laugarren irtengunetik zuzen igotzen jarraitu genuen.
Nardagaiztotik Aketegira iristeko igo behar den elur-pala eskuinean geratzen zen bitartean, “M.A.T. irteera” eskalatu genueneko bide beretik jarraitu genuen, hau da, Nardagaiztoren amaieratik Aketegi Erpinak osatzen duen hormaren azpira marra zuzen bat marraztuz.
Nardagaiztot irekitzen denean osatzen duen inbutu itxurakoaren goiko zatira iristen.
Baina Aketegi Erpinaren hormara iritsi aurretik beste irtengune bat eskalatuko genuen, oraingo hau belar eta txilarrez estalita dagoena, pioleten trakzioa asko erraztuz. Asierren oinatz sakona jarraituz, irtengune hau erraz eskalatu nuen (M3).
Irtengunearen oinean.
Bosgarren irtenguneak duen zatirik tentean.
Bosgarren irtengunetik irteten.
- Ea goien elurre ona daun – esan nion Asierri bere ondotik pasa nintzenean – edo aukera bat ematen digun gutxiñez.
- Materiala eukita saiau beharko gea.
Asierri berriro ere txanda hartu ondoren. Azpian Nardagaiztoren amaiera ikusi daiteke.
Hormara hurbildu ginenean pixkanaka eskuin aldera desbideratzen hasi ginen, hormaren eskuinean baitago irteera zuzenera eramaten duen pasagunea.
Hormaren eskuin aldera desbideratzen.
Pixkanaka estutzen doan pasagune hau, beste bi irtengunez osatua dagoena, “M.A.T. irteera"-ren oinean uzten gaitu. Lehenengo irtengunea, eguneko seigarrena aurretik Nardagaizto eskalatu bada, bietatik zailena da zuzen eskalatzen saiatzen bagara (M3+). Dena den, “M.A.T. irteera" eskalatu genuenean egin genuen moduan, bere eskuinetik nolabait saihestu daiteke.
Seigarren irtengunea nondik eskalatu bilatzen.
- Ostia, hemen izotza dau!!!! – oihukatu nion Asierri seigarren irtengunearen irteeran pioletak sartu eta izotzaren “krok” hots liluragarria entzun nuenean.
Pioletak izotzean irmo sartuz eta irtengunea osatzen duten bi hormetan oposizioa eginez, irtengunea ez nuen oso estilo txukun eta estetikoan eskalatu, jejeje.
Seigarren irtengunearen irteeran.
- Ezetz ematen du baña honek ere badauke berea – esan zidan atzetik irten zen Asierrek.
Asier irtengunetik irteten. Argazkian izotz tarteak ikusi daitezke.
Asierrek irtengunea eskalatu zuenean, metro gutxira dagoen bigarren irtengunera (eguneko zazpigarrena) zuzendu nintzen. Irtengune hau, tentea bada ere, ez da aurrekoa bezain zaila eta ez nuen zailtasun handirik izan goitik irteteko (M3). Baina bertatik irten eta ezkerrera begiratu nuenean zerbaitek atentzioa eman zidan.
- Ostia, bariante zuzena nahigabe pasa det!!!
- Begiratuko det ea nola daun?
- Bale – erantzun nion -. Ondo badau pentsatzen det arazo handirik ez dudala izango erresalte hau destrepatzeko.
Seigarren eta zazpigarren irtenguneen artean, ezker aldera 5-6 metro inguru ibiliz gero tximini estu eta bertikal bat dago, Aketegi Erpineko irteera zuzenera zuzen-zuzen eramaten duena eta guk “bariante zuzena” bezala izendatu duguna. Asier eta bion asmoa hortik eskalatzen hastea zen.
- Elurre dagoen bezela ez det argi ikusten!!! – oihukatu zidan irtengunearen azpira itzuli zenean –. Ez det uste gaur hemendik igotzea merezi dunik.
Asierren hitzek poztu ninduten, ez bariante zuzena eskalatzeko gogorik ez nuelako, zazpigarren irtengunea jaisterakoan eroriko batek seigarren irtengunetik behera eramango ninduelako baizik. Eta erortzeko gogorik ez nuen, ez gaur, ez hemen, jejeje.
Elurrak bigun jarraitzen zuela ikusita, irteera zuzenera daraman “zeharkaldi arriskutsua” sokarekin aseguratzea erabaki genuen. Eskaladako materiala prestatzen genuen bitartean, motxilan genuen arropa guztia eta eskularru potoloenak jantzi genituen, baita jan eta edateko tarte bat hartu ere. Bazirudien zerua argitu nahi zuela, baina oraingoz gure inguruan zurrunbiloka zebilen haize hotz batek hodeiak alde batetik bestera eramaten zituen, tenperatura zeropean mantenduz.
“Zeharkaldi arriskutsua” hasiera batean uste genuen baino errazago zeharkatu genuen. Ez da teknikoki zaila den zeharkaldi bat baina bertan ezin da erori, sokari lotu gabe bagoaz batez ere, azpian hainbat metroko amildegi bertikala irekitzen baita. Zeharkaldiaren ondoren, oraingoan, aurreko bi saialdiekin alderatuz, hiru friend-ez osatutako bilgune sendo bat muntatzeko gai izan nintzen.
Ikerrek egindako argazki hau 2014ko saiakerakoa bada ere, bilgunea leku beretsuan muntatu nuen. Argazkian "zeharkaldi arriskutsua" bere osotasunean ikusi daiteke.
Zer izango genuen hemendik aurrera? Orain arte bezalako elur biguna? Seigarren irtenguneko bezalako izotza? Hemen ginen berriro ere, irteera ixten duen harkaitz-blokean azken urteotan irabazitako eskarmentua praktikan jartzeko ilusioz eta gogoz. Baina ez dut ukatuko urduri geundenik ere ezta, zergatik ez esan, kezkatuta ere, hilabetetako ikasketa baten ondoren azterketa garrantzitsu baten bezperan dagoen ikaslea bezala.
Baina Asier elur bigunean metroak irabaziz irteera ixten duen harkaitz-bloke erraldoiaren azpira zirt edo zart iritsi zela ikusi nuenean, kezka guztiak alde egin eta gaurkoan goitik aterako ginela argi geratu zitzaidan. Ahalik eta gehiago friend pare bat trabatu eta harkaitz-blokearen azpitik zinta-uztai bat pasatzeko gai izan zenean.
Hiru saialdi behar izan zituen harkaitz-blokea eskalatzeko. Lehenengo biak blokearen ezkerretik egin zituen, azpitik eskalada logikoena dirudiena, baina bietan ez zuen argi ikusi, pasagunea babesten zuen azken friend-a eroriko bat segurtasunez babesteko oso behean geratzen zelako. Hirugarren saialdia, harkaitz-blokearen eskuinetik egin zuen. Gorputza ahal izan zuen guztia luzatu eta, harkaitz-blokea eta, eskuin hormaren arteko arrailan, Totem horia sendo trabatzea lortu zuen, pasagunea babestuko zigun asegurua altu utziz.
- Betaurrekok kendu behar ditut – esan zidan eskalatzen hasi aurretik -. Elurrez bete zaizkit ta ez det ezer ikusten.
Bizkarra eskuineko horman eta oinak ezkerrekoan jarriz, oposizioa eginez gorputza pixkanaka igotzen hasi zen, goitik jausten zen elurrari aurre eginez. Totem-a azpian geratzen hasi zenean, eskuin pioleta harkaitz-blokearen gainera bota eta, elurretan ongi trabatuta geratu zela ikusi zuenean, gorputza biratu eta oinak bi hormetan irekitzea lortu zuen harkaitz-blokea eskalatuz (M4).
Harkaitz-blokea eskalatu ondoren.
- Ooooonaaaa!!!! - Oihukatu nion.
- Ea o goko blodetan deunoa modaten deden.
- Zer?
- Ea o goko blodetan deunoa modaten deden – esan zidan berriz.
Goitik eroritako elurraren eraginez masailezurra izoztuta geratu zitzaion eta ez zen gai ulertzeko moduan hitz egiteko.
- Ea hor goiko blokeetan reunioa montatzen deten – esan zidan hirugarrenez, aurpegia gogoz igurtzi ondoren.
- Ah baleee!!!
- Hau errex eskalauko dezu – esan zidan begi bistatik galdu aurretik.
Asierrek eskalatu zuen modu berean eskalatu nuen harkaitz-blokearen pasagunea. Berak esan zidan bezala, uste baino errazago eskalatu nuen eta, berari gertatu bezala, goitik eroritako elurrak niri ere izoztu zidan masailezurra. Hala ere horrek ez zidan irribarre handi bat irekitzea eragotzi.
Harkaitz-blokea eskalatu ondoren, masailezur izoztuari irribarre bat lapurtu nahian. Nire atzean Aketegi Erpinaren iparrean dagoen orratz ikusgarria ikusi daiteke.
Irteeraren amaieran horma tente bat osatzen duten harkaitz-blokeen artean muntatu zuen bilgunea, harkaitz-zubi sendo bat aprobetxatuz.
Asier bilgunean, haizeagatik babesean.
Harkaitz-blokeen arteko harkaitz-zubian muntatutako bilgune sendoa.
- Goien daun haizekin ez naiz ausartu reunioa puntan montatzea.
- Hemen hobe dau – erantzun nion -. Goien montau ezkeo pasako zenun hotzaz aparte ez nizun ezer aittuko.
Hozten hasi aurretik, denbora luzea galdu gabe eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunetik zuzen irten eta bere gainean kokatu nintzenean, ezker aldera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin eta horma zuzen eskalatu nuen. Tentea bada ere, segurtasunez eskalatu ahal izateko horman helduleku onak daudela iruditu zitzaidan.
Horma eskalatu ondoren.
- Saiauko naiz puntako puntu geodesikon ahalik eta azkarren reunioa montatzea ez hozteko – esan nion hormaren gainetik.
Hormaren gainetik bilgunera egindako argazkia.
Azken metro batzuk oinez ibili ondoren Aketegi Erpineko punturik altuenera iritsi nintzen, gailurra zatartzen duen porlanezko puntu geodesiko erraldoi bat. Zegamatik zetorren ipar-haizearen hotzaren mendean bilgunea ahal izan nuen azkarren muntatu nuen, zinta-uztai bat porlanezko puntu geodesikoaren inguruan pasatuz.
Ez zen denbora luzea igaro Asier harkaitz-blokez osatutako hormatik burua atera eta nire ondora iritsi zen arte.
Asier hormatik irteten.
Bigarren bilgunean, puntu geodesikoan bertan muntatu genuena.
Asier elurrez betea eskaladaren amaieran.
Haizegatik babestuz, bilgunea berehala desmuntatu eta gailurraren hego-aldera pasatu ginen.
- Ostia Asier, ze onaaaa!!!!! – Oihukatu nion elkar besarkatuz.
- Honekin Aizkorriko tenporada bukatu daiteke.
- Ya lo kreo – erantzun nion –. Hau eta gero aurtengo neguko tenporada osoa bukatzen bada ere berdin zait.
Ez dut uste une galkor hartan Aizkorri osoan gu baino mendizale zoriontsuagorik zegoenik. Oso zoriontsu sentitzen nintzen arren, tristura puntu bat ere banuen; izan ere, aurreko bi saialdietan ondoan izan nuen nire anaia orain ez zegoen gurekin une hau bizitzen. Une magiko hura ahal izan genuen berezien ospatu genuen; motxilan geratzen zitzaizkigun barratxo energetikoak eta ur apurra partekatuz.
Ez dut uste une galkor hartan Aizkorri osoan gu baino mendizale zoriontsuagorik zegoenik.
Aketegitik Nardasakonera jaisten hasi ginenean, askotan egin izan dugun moduan, argazkiak egiteko asmoz irteera zuzena ikusten den puntu batera hurbildu ginen.
- Ederra izango irteerari argazki bat egitea zen gure arrastoa ikusten dela – esan nion Asierri.
Baina goizean idazten hasitako orri zuriaren azken hitzei argazkia egin nahi genien arren, oraingoan ipar-haizeak pilatutako hodeiek ez ziguten plazer hartaz gozatzen utziko. Amore emanez, beherako bidea hartu genuen.
Bi ordu behar izan genituen Aketegiko gailurretik Zegamako tren geralekura iristeko; bi ordu igoera hartan elurretan idatzitako guztia berriro ere irakurri eta bizitzeko.
Aketegiko gailur eta postontzi izoztua.
Behin entzun nion Juanjo San Sebastian alpinista eta idazle apartari eskalada bat amaitzen den unea bertan bizitako bizipena partekatzen den unea izaten dela: “Alpinismoak zentzurik ez dauka bizi izan duguna partekatzen ez badugu”. Ados nago pentsakera honekin. Zenbakien gainetik, bizipenak dira alpinismoari zentzua ematen diotena, mendizaleak ez direnei, maite gaituzten pertsonak gehienetan, jarduera zentzugabe hau nolabait ulertzeko atea irekitzen dietelako. Zeren eta ezin dugu ahaztu, nahiz eta batzuk bizitzari nolabaiteko zentzu bat aurkitzeko ahots ozenez esatera ausartzen ez garen galderen erantzunen bila joaten garen, jarduera hau zentzugabea dela, baita, barkatu atrebentzia, egoista samarra ere. Voytek Kurtyka alpinista poloniar handiak ere hemendik jo zuen “El Maharajá chino” liburuan hau idatzi zuenean: “eskaladaren gradua giza harrokeriaren mesedetan bihurtu den erregistro zitala da: ez du inondik inora eskaladaren bizipenaren intentsitatea azaltzen: pozoia eta zitalkeria besterik ez da”.
Kotxean trasteak jasotzen. Oraindik ez genekien baina hau izango zen aurtengo neguko Aizkorriko kanalen denboraldiko azken eguna.
Oraindik ez genekien baina kotxean botak aldatu eta gauzak gordetzen ari ginenean Aizkorriko kanalen denboraldiaren azken eguna bizitzen ari ginen, azken urteotan izan dugun denboraldirik oparoena. Ez dakit hurrengo urteek zein bizipen ekarriko dizkiguten baina, kotxera iritsi gineneko irribarreak eragiten badizkigute, bizipen ahaztezinak izango dira, eskalada hau bezala.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Burdinola Elkartea. Zegama udalerriko mapa, 2016. Eskuragarri: https://www.legazpi.eus/files/LIBURUTEGIA/BURDINOLA/4-Mapak/Zegamako_mapa_2016.pdf
- Smithyrenbloga bloga. 2012/03/14. Aketegi Erpina, Nardagaiztotik, "M.A.T." irteera. 2012/03/10. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2012/03/aketegi-erdialdeko-kanaletik-eskuineko.html
- Kurtyka V. El Maharajá chino. Madrid. Ediciones Desnivel, 2015.
- San Sebastian J. Cuánto es demasiado tiempo. Retazos del camino. Madrid. Ediciones Desnivel, 2020.
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
17:47
Etiketak:
Aizkorri,
aizkorri aratz,
aizkorriko kanalak,
aketegi,
aketegi erpina,
eskalada,
nardagaizto,
smithy,
smithy blog,
smithyrenbloga
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)