AZKEN 10 SARRERAK

2010/03/08

AKETEGI ERPINA EZKERREKO KANALATIK, "BABATXIKI" IRTEERA 2010/03/07

Larunbatean Aketegiren ezkerreko kanalean "Bakarka" irteera eskalatu ondoren (klikatu hemen erreportaia ikusteko) kresterioa irteten ziren kanal ezberdinen argazkiak ateratzen joan nintzen etorkizun batean pixkanaka egiten joateko.

Larunbata gauean Josuk telefonoz deitu zidan: "biharko planik ba al dao?" Galdera amaitu baino lehen nire emozioz kutsatuta goizean eginiko bidearekin bonbardeatu nuen. "Elurra ondo al dao?", "Ondo? Aurten topatu dugun elurrik onena gaur topau det" esan nion. "Eta, noa jungo gea?", "Gaur ein deten kanala oso ondo dau eta gainera irteera interesgarrik dauzke, hori bai, bazpare soka eta trastek eraman beharko ditugu" kontatu nion. "Ondo da, ordun bihar zortzitan".

Igandean garajetik soka eta trasteak (pare bat camalot, alien eta iltze, expres batzuk, arnesa, kaskoa etab.) hartu ondoren anaiaren kotxea beste behin hartu eta Josu jaso ondoren Itzubiaga bordara hurbildu ginen.

IBILBIDEA

Goian azaldu bezela, larunbatean kresteriora irteteko beste aukeren bila aritu nintzen, eta nik aukeratutako irteeratik eskuinera (Zegamatik ikusita) irteera interesgarri hau lokalizatu nuen. "Babatxiki" izena guk asmatua da, Aizkorrik eskalatzen ditugun kanaletako beste irteerekin ezberdintzeko.

Aizkorri mendilerroko kanal nagusiak. 2017an Zegamako mapa toponimikoa argitaratu eta kanal eta mendiei jatorriko izena eman zien, izenak argazkian bezala geldituz.


Josukin eginiko bidea.


Bidearen deskribapena Aketegiren ezkerreko kanala zabaltzen den arte Martxoak 6ean eginiko bidearekin amankomuna denez, lehenengo zati oso honen argazkiak bakarrik deskribatuko ditut.

Josu pagadiaren argiunearen sarreran.


Gaurko honetan pagadiaren argiunetik gora jarraitutako bidea. Lehen ehiza postua ezkerrera utzi genuen.


Josu lehenengo harkaitz paretaren eskuinetik doan trepadaren hasieran...


...eta bukaeran.


Bigarren harkaitz paretaren ezkerrean dagoen bigarren trepadaren hasieran...


...eta lehen pausuak emanez. Trepada erreza da esku nahiz oinentzat helduleku ederrak dituelarik.


Bigarren trepada hau egin ondoren parean azaltzen zaigun zelaia. Kanalaren sarrera diagonalean ezkerraldera jota topatzen da.


Kanalean lehen pausuak emanez...


Oraindik atzoko nire markak zeuden, beraz marka hauetatik gora jo geunuen hankak ahalik eta gutxien nekatzeko. "badaezpada gero goien indarrik behar badugu" esan nion Josuri.

Kanala berehala tentetzen da. "Elurra elegantea dao" esan zidan Josuk.


Lehen "erresaltetxoa" pasa ondoren.


Atseden pixkat hartzen.


Kanala zabaltzen den punturarte eguzkitan ibili ginen gozo-gozo, baina bapatean iparraldetik hodeiak sartzen hasi ziren goiko harkaitzetan. Zabaltze puntu honetan larunbatean eginiko bidea eskuinera utzi eta zeharka larunbatean lokalizatu nuen erresalte hestu bateruntz abiatu ginen.

Kanala zabaltzen den puntuan. Guk eginiko bidea.


Erresalte hestura ailegatzen.


Erresalte hestura ailegatzeko malda oraindik gehiago areagotzen da eta tarte honetan gure hanketako bolek ederki antzeman zuten.

Josu argazkirako atsedentxo bat hartzen.


Erresalte hestuaren hasiera.


Erresalte hestu hau azpitik ikusita ez zitzaigun iruditu malda handirik zuenik, baina behin sartu ginenean konturatu ginen 50-55 graduetara ailegatzen zela. Dena den elurraren egoera onak dexente erreztu zigun erresalte honen igoerak.

Josu erresalte hesturaren hasieran...


...erdialdean...


...eta amaieran. Hemen malda nolabait nabaritu daiteke.


"Ze ona!!!" esan zidan Josuk erresalte hestua atzean utzi ondoren. "Ea oraindik aurretik duguna hobea den" erantzun nion.

Erresalte hestua dagoeneko atzean utzita.


Erresalte hestua atzean utzi ondoren ertza osatzen duen hormara zuzen-zuzen abiatu ginen.

Josu hormara...


"Bakarka" irteeraren sarrera ezkerrera utzi genuen...


Elur zuloa harkaitz hormara ailegatu aurretik.


Hormatik atzera begirada. Behean erresalte hestua ikusi daiteke.


Hormara iritsi ginenean, lehenik larunbatean topatu nuen kanal irteeraren sarrera zein izan zitekeen topatu genuen, gero patxadaz arnesa eta kaskoa jarri eta traste guztiak arnesetatik txintxilika jarri genituen.

"Babatxiki" irteerak Z forma dauka eta lau zatitan banatu daiteke:

- Lehenik 55-60 gradu inguru eta 25-30 metro luzera duen kanal hestu bat hartzen da erorita dagoen zuhaitz bat arte.
- Gero eskuinera (igoeraren norantzan) zeharkaldi bat egin genuen 10-15 metrotan zehar.
- Ondoren goruntz beste 55-60 gradu inguru izango dituen kanal hestu bat abiatzen da beste 15 metro ingurutan azken harkaitz hormaren kontra jo arte.
- Harkaitz hormara iristen garenean ezkerrera 60-65 gradu eta 5-10 metroetako azken kanal bat ateratzen da ertzaraino.

Lehen kanalaren sarrera.


Josu lehen pausuak ematen.


Zati tentenean sartuta. Hemendik gorako malda berdintsu mantentzen da.


Erorita dagoen zuhaitzara iristen.


Eroritako zuhaitz honetara iritsi ginenean zalantzatxo bat sortu zitzaigun: Gora jarraituz gero irteera hestu eta motza bat dago, baina "emozioa" azkar bukatuko zelakoan eskuinera trabesia bat egitera pentsatu nuen, nik larunbatean ikusi nuen irteeraren bila.
"Zemuz zoatz Josu?" "Oso ondo, gozatzen", "Zemuz eskuk?" "Oaingoz oso ondo".

Josu zeharkaldian sartuta. Behean eroritako zuhaitza ikusi daiteke.


Lehen esan bezela, zeharkaldi hau egin ondoren goruntz kanal hestu bat ateratzen zela ikusi nuen. "Ziur atzoko irteera hemendik junda dela" pentsatu nuen. "Eta bilera bat hemen montatzen badeu?" Galdetu nion Josuri. "Oaingoz gauzak nahiko ondo daude, goien asuntoa okertzen dela ikusten badeu, sokea aterako deu" erantzun zidan. Honela ba, eta bitan pentsatu gabe goruntz abiatu nintzen.

Josu kanalaren hasieran.


Pixkanak metroak irabazten...


Harkaitzen azken hormara iritsi nintzenean ezkerrera irteerako kanala ikusi nuen. "Hau da, hau da, atzoko irteera pentsatu nuen". Beste bi irteera posible daude, bat zuzen jarraituta eta beste bat eskuinera desbideratuta, baina ezkerreko kanal hau ikusi nuenean Josuri esan nion: "Ni naun lekuraino ez etorri eta jo ezkerrera, flipau ein behar dezu"

Josu azken kanala hasten den puntura iristen.


Irteerarako prestatzen.


"Hemen elurre bigunago daula ematen do" esan zidan pioletarekin leku sendo bat topatu zuen arte. "Ke ba, elurra earra dago" ziurtatu zidan.

Lehen metroetan. Pioletarekin eginiko saiakeren markak ikusi daitezke.


Lehen metroak egin ondoren, profesional moduan di-da batean goraino atera zen. Ia ez zidan denborarik eman argazkirik ateratzeko. Egia esan, ni ere elurra bukatzen zen tokian nengoen orekan esku batekin harkaitzari lotua.

Zatirik bertikalenean.


Zatia dominatzen...


Aupa Josu!!!!!


Irteeraren azken metroetan.


"Earra Josu!!!!!!!!!!!!!!"


Gero nire txanda izan zen. Kanalaren erdialdea ezik (hemen bertikal xamarra jartzen baita) beste zatia nahiko erraz pasa nuen eta emozioz betea atera nintzen kanalatik.

Azken kanala goitik ikusita.


Irteeran lehen kanala. Eroritako zuhaitza ikusi daiteke.


Zeharkaldia egin ondorengo kanala...


...eta irteerarako kanala.


Ohiko besarkadak eta oihuak bota ondoren, traste guztiak motxilatan sartu eta te beroa edaten aritu ginen gure "flipea" gainetik kendu gabe. "sekula ein deten kanalik ederra hau izan da" esan zidan Josuk. "Egie esan, oandik gauza asko ditugu mendi honetatik ikasteko" erantzun nion.

Barritaren bat jan ondoren, kranpoiak kendu eta larunbatean bezela, ertzetik Akete Erpinera lehenik eta Aketegira ondoren hurbildu ginen ikusten genituen kanal irteera posible guztiak komentatuz eta denei argazkiak egiten: "Hemendik hola edo hola igo gaitezke", "hau gutzako gehiegi da",.....

Aketegi Erpina...


...eta Aketegi.


Aketegin azken argazkia egin ondoren, lanak eginak genituen sentsazioarekin Nardasakonera abiatu ginen.

Baina oraindik jaitsierak beste sorpresa bat zuen guretzat.

Nahigabe normalean hartzen duguna baino eskuinalderago hartu genuen, batez ere behe hodeiek ezer ikusten uzten ez zigutelako. Hala ere, beheruntz jarraitu genuen kanal hestu batekin topo egin genuen arte. "Ta orain?" pentsatu genuen "hau errez destrepatuko dugu, ea behean nola dagoen asuntoa" esan zidan Josuk.

Topatu genuen kanal hestua destrepatzen.


Beheruntz..infinitorantz..


Lehenengo "destrepe" honen ondoren zalantza bat izan genuen. Harkaitza ezkerretaruntz (jaitsierako norantzan) bordeatu beste aldean topatuko genukenaren bila, edo beheruntz jarraitu. Azkenan beheruntz jarraitzea erabaki genuen.

Josu beheruntz hasten zen maldan.


10-15 metro beheruntz egin ondoren malda pixkat eskuinera hartzen du(jaitsierako norantzan), zuzen-zuzen Nardasakonera jaisten delarik.

Josu maldak eskuinera hartzen duen lekuan.


Erdialdean gutxi gora behera. Beheran Nardasakon sentitu daiteke.


Pausuak ongi neurtzen...


Honela, espero ez genuen emozio momentu honen ondoren Nardasakonera iritsi ginen.
"Hemendik ez do hainbesteako ematen eh?" esan zidan Josuk, "ba egie esan ez" erantzun nion.

Jaitsitako "bidea"


Hemendik aurrera dagoeneko bidea ezaguna eta gozo-gozoa kotxeraino. Josuri, niri larunbatean bezela, izandako eluroldeak ederki inpresionatu zuen.

Nardasakonen izandako elur-jausia goitik ikusita.


"Fijatzen bazea, zuhaitzak sustraietaik ateata dare" esan zidan.


Nardasakonen oinean kranpoiak eta polainak kendu ondoren, kriston kontentu kotxera hurbildu ginen, gaur bizitakoa sekula ahaztuko ez zaigulako ziurtasunarekin.


2 iruzkin:

  1. Zein da burusoila?Ez al da izango Alex huber famatua?Kriston itxura dauka.Eskuminek Josu,ondo izan

    ErantzunEzabatu
  2. Uste det Josu ezagututa zure mezuak hemendik hamar urteetara izango duela erantzuna,je,je,je,

    ErantzunEzabatu