Larraitzetik Aralarrera igotzen garen guztiak Larraitzeko langa pasatzen dugunean ezin dugu ekidin goruntz begiratzeak, pagadieta eta arkaitzetatik gora Larrunarriko puntara. Batzuk goran haizea jotzen duen hala ez igartzeko, beste batzuk otoitz egiteko ("jauna emaidazu indarra horraino ailegatzeko eta hona etortzeko engainatu nauenari burua ez irekitzeko"), beste batzuk ohituragatik, inongo misteriorik bilatu gabe, eta beste batzuk, nik azkeneko urteotan bezela, "hemendik zuzen-zuzen gora igotzea posible izango ote da?"-ren pentsamenduarekin.
Martxoaren 19an jai izanda Aizkorrin friends eta fisureroekin "jolasean" aritu ondoren leku errez batera traste hauekin konfidantza eta soltura gehiago hartzera joan behar ginela erabaki genuen anaia eta biok. Nik Larrunarriko Petrel bidearen eskuinean gelditzen den paretatik gora joatea proposatu nion (harkaitza ona, leku lasaia eta gradua oso erreza) eta honela Martxoak 20rako gelditu ginen.
Baina Larraitzera ailegatu ginean beldur genion protagonista bat azaldu zen: hego haizea. Hego haize bortitzak ederki astintzen zituen bazterrak eta egoera horretan (nahiz eta sartu behar ginen pareta erdi babesturik egon) beste bide alternatibo bat hartu behar genuela pentsatu genuen.
"Eta ipar aurpegitik igotzen bagea?" esan nion anaiari, "zu flipauta zare" esan zidan. "hego haizea badabil hortik igota babesean igoko gea denbora guztin" esan nion, "eta aristan zer?" galdetu zidan. "Aristan haizea fuerte badabil, bestaldetik jaitsi eta listo, asuntoa iparraldeko "bide" hau nondik doan jakitea da" esan nion.
Honela, anaia erabat konbentzituta ez zegoela Larrunarriren ipar aurpegiruntz abiatu ginen.
GURE BIDEA
Duela urte batzuk nire eskuetara aldizkari zahar bat ailegatu zen. Uste dut "Pyrenaica" bat zela, baina ez nago ziur. Aldizkari horretan Txindokiko ipar aurpegiaren igoera, edo behintzat ipar aurpegian zehar alderantziz idatzitako Z bat deskribatzen zuen igoera bat deskribatzen zen. Argazki zahar baten gainean nolabait bidea marraztuta eta argazki zaharraren azpian hitz gutxietako deskribapen bat zegoen. Egia esan deskribapenari ez nion kasu handirik egin (ez baitzen oso zehatza), baina argazkia buruan, "disko gogorrean", gordeta utzi nuen. Honela, Larrunarrira joaten nintzen bakoitzean argazkia "disko gogorratik" atera eta Larraitzeko langatik gora begira nengoenean nire krokis mentala ikusten ipar aurpegiaren gainean jartzen nuen. Bakarrik ez egiteagatik, bildurragatik edo, sekula saiatu gabe nengoen, honegatik gaur anaia kide izango nuen "amets" hau gauzatzeko.
DESKRIBAPENA
Eginiko bidea Larraitzetik Abaltzisketarako bidetik. Argazkiak 09/12/13an Itzik aterata da.
Eginiko bidea Larraitzeko langatik ikusita.
Jaitsierako bidea, "arrastakulos" bezala ere ezaguna dena. Bide hau Larrunarriko gandorra nahiz eskalada bideak eginiko eskalatzailek erabiltzen dute jaisteko (beti ere Txindokiko tontorra zapaldu nahi ez badute). Argazkia Ausa Gaztelutik aterata dago.
Goizeko 8:35ak. Ipar aurpegitik igoko ginela erabaki ondoren eskaladako traste guztiak kotxean utzi eta motxila erdi hutsik genuela Larraitzeko langa gurutzatu genuen.
Larrunarri langatik.
5-10 metro pistatik egin ondoren ezkerretara dagoen pasabidea igaro eta zuzen-zuzen goruntz doan zelaia hartu genuen. Hemendik gora hasten den malda ez da potente den horietako bat, baina hauspoa eta hankak berotzeko nahikoa bai. Guk marra zuzen bat egin genuen Urtzabal goikoan dagoen antenara doan pista zeharkatu eta zelaiaren amaieran dagoen hesi batekin topo egin genuen arte.
Iker lehen maldaren hasieran.
Puntu honetan arropa erantzi eta lehenengo ur tragoxka hartu genuen. Haizetik babestuta geundenez giroa primerakoa zen.
Larraitz hesia dagoen puntutik.
Anaia ur pixkat edaten.
"Bidea markatuta dago eta!" esan nion anaiari, "Ah bai?", "Bai, margo berde eta txuriekin". "Gutzako hobe, hola ez gea tontona egiten ibiliko". Honela margotutako bidea segitzen hasi ginen.
Bidearen hasiera. Markak ikusi daitezke.
Anaia hesia zeharkatzeko pasagune alternatiboen bila.
Hemendik aurrera bidea nahiko ongi markatua eta galtzeko arrisku handirik ez dago. Bidearen lehen diagonalak ipar auregiaren lehen herenean dagoen harkaitz pareta bat ekiditen du ezkerretik eskuinera. Bideak hasieran lizar gazteez osaturiko baso bat zeharkatzen du berehala pagadi batean sartzen delarik. Aipatu bezela, diagonalean doa harkaitz pareta hau ezkerrera utzita pagadiaren erdian azaltzen den argiune bat arte.
Lizar basoa utzi ondoren, pagadian sartuta.
Bidea oso ongi dago markatua.
Argiune honetara ailegatzen garenean bideak gora zuzen jotzen du 30-40 metro inguruan.
Iker argiunearen sarreran. Atzean harkaitz pareta ikusi daiteke
Argiunea dominatzen.
Argiunearen amaieran
Baina argiunea pasa ondoren markak ez dira hain argiak. Puntu honetatik aurrera marken arteko distantzia luzatu egiten da eta orain arte topatutako marka margotu berriak desagertzen dira aspaldi margoturiko markak azaltzen direlarik. Dena den, bideak diagonalean eskuin aldera jarraitzen du, nahiz eta gure ustez ezkerrera ere hartu daiteken "Z" txikiago bat trazatuaz. Hemendik aurrera arretaz joatea komeni da markak ez galtzeko.
Argiunea utzi ondoren berriro ere pagadian sartuta. Marken "kalitatea" ikusi daiteke.
Pixkanaka-pixkanaka pagadia amaitzen den puntu batera hurbiltzen hasi ginen. "Ez gea desbideratzen ari?" esa zidan anaiak. "Ez dakit baina hala dirudi" erantzun nion, "badirudi arista hasten den aldera hurbiltzen ari garela".
Anaia pagadiaren amaierara ailegatzen.
Eta guk uste genuena pasa zen. Gandorraren oinera ailegatzeko egin behar den trepadaren hasieran dagoen argiune zabalera ailegatu ginen.
Argiune zabala.
Argiune zabal honetaraino markatuta dagoen azken pagoa.
"Eta orain zer?" galdetu zidan anaiak. "Beharbada bideak ezkerrera hartzen du eta aristaren azpitik doa" erantzun nion. Baina nire susmoak ez ziren bete eta bidea gandorrera zihoala ikusi genuen.
"Eta orain zer?" Goran gandorraren oinean dagoen bilerara doan trepada ikusi daiteke.
Argiune zabal honetan hego haize bortitzarekin izan genuen lehen kontaktua. Ederki jotzen zuen eta haize honek anaiaren ipar aurpegitik gora igotzeko gogoak ere eraman zituen, beharbada guk orain arte jarraituriko bidea ipar aurpegitik ateratzen gintuela ere ikusita lagundurik.
Hau da haizea!!!!!!
"Zergatik ez gea bide normalera jaisten eta pertsonala normalak bezela bidetik igotzen?" esan zidan anaiak. "Behin honea ailatuta ipar aurpegiko bidea topatzen saiatuko nintzen" erantzun nion. "Gauza bat egingo deu. Jungo gea aristaren azpitik eta ikusten badeu punturen baten asuntoa txungoa jartzen dela, buelta hartu eta bide normalera jungo gea" proposatu nion.
Anaia erabat konbentzitu gabe gandorraren ezkerretik doan bidexka bat hartu genuen bidexka hartzearekin batera haize bortitzatik babestu ginelarik. Gero konturatu ginen bidexka hau ardiek egina zela beraiek utzitako kakez betea baitzegoen.
Ipar aurpegira itzultzeko hartu genuen lekua. Argazkia 09-01-02an hartua dago.
Hartu genuen "bidexkak" ez dauka inongo arazorik eta pixkanaka eskuinetik ezkerrera "disko gogorrean" nuen alderantzizko Z-ren bigarren diagonala markatzen hasi ginen eskuinean Larrunarriko gandorra uzten genuelarik.
Anaia marmarrean oraindik oso konbentzitua ez dagoela. Gero aurpegia aldatuko zitzaion.
Otsailak 27an izandako ziklogenesiaren ondorioak.
Anaia "mendiak.net"-eko agurra eginez bigarren diagonal honen erdi puntuan gutxi gora behera.
Bigarren diagonal hau egiten ari ginela puntu asko ikusten ziren gandorraren azpitik pega-pega joateko baina badaezpada ez ginen sartu (gainera anaia ez zihoan oso motibatuta eta ez nuen gehiago haserretu nahi). Guk Muitzeko bidean dagoen gurutze handi batetik gora abiatzen den gandorreraino joatea erabaki genuen hemendik gora asuntoa nola zegoen ikusteko.
Gandor honetara ailegatu ginenean gandorretik gora sokarik gabe igotzea arriskutsu zela eritzi genuen, honegatik berriz atzera joan eta zeharka pagaditik atera ginen zelai batera. Goiko zelai hau Larraitzetik argi ikusten da.
Anaia azkeneko pagadietako bat dominatzen.
Ni zelaiatik gora joan nintzen belarrei helduta, anaia aldiz eskuinerago joan zen azken pagoei tiraka. Dena den, biok leku berera atera ginen.
Ni igoko dudan zelaian. Goran zelaiaren amaiera ikusi daiteke.
Goiko zelaiaren hasiera
Anaia azken pagoetatik aterata eskuin aldera pasatzen.
Goiko zelaian. Ni azpitik igo nintzen.
Goiko zelai hau azken harkaitz pareta batean amaitzen da. Behin pareta honetara ailegatzerakoan bi aukera ikusi genituen: ezkerrera edo eskuinera hartzea. Ezkerrera hartuz gero Erlabetzeko puntara (Larrunarriko gandorraren amaieran dagoen aluminiozko gurutzea dagoen puntara) ateratzen den kanalera joaten zara. Eskuinera hartuz gero Erlabetzeko puntaren eskuinera ateratzen zara. Guk bigarren aukera hartu genuen batez ere ikusi genuen leze antzeko babes batek erakarrita.
Anaia goiko zelaiaren azken metroetan irrifarra berreskuratuta eta berriro "mendiak.net"-eko agurra egiten.
Goiko zelaiaren amaieran guk Ikerren eskuinean ikusten den erlaitz belartsua jarraitu genuen. "Lezea" ikusi daiteke.
"Lezera" (egia esan paretak egiten duen extraplomo txiki bat besterik ez da) ailegatu eta zertxobait edan genuen. "Nora atera eta haizerik badagoen inbestigatzea noa" esan nion anaiari.
Gandorrera atera nintzenean haizeak ia lurrera bota ninduen. Kontu handiz berriro anaiarengana bueltatu eta zer egingo genuen erabaki genuen. "Egiten dun haizekin aristatik igotzea tontona itea da. Hobe deu eskaladako bideetatik jaisteko erabiltzen den bidetik jaitsi eta Larraitzera bueltatzea" esan zidan anaiak. "Egie da, gainera bidea bukatu deu eta hemendik tontorrerainoko bidea mila aldiz egina deu" esan nion.
Motxilak jarri ondoren gandorrera eta hego haizera atera eta kontu handiz beste aldera, bide normala doan aldera, hurbildu ginen hainbatetan igo nahiz jaisteko erabili dugun bidexkaren bila (bide hau ere margo berde eta txuriekin markatuta dago), bidexka jaitsi ondoren, pixkanaka eta zeharka Larraitzera bueltatzeko asmoarekin.
Anaia jaisteko bidexkaren hasieran.
Ni bide honen destrepe interesgarri batean. Pena argazkia erreta ateratzea.
Azkenean Larraitzera kontentu ailegatu ginen eginiko bidearengatik eta Gure Mendira igotzeko beste bide ezberdin bat topatzeagatik.
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina