AZKEN 10 SARRERAK

2010/08/23

VIGNEMALEREN INGURUAN -Bigarren zatia-

Erreportaia hau beste honetatik dator.

SARRERA

Uztailak 31 eta Abuztuak 1aren artean Vignemale koroaren inguruko mendi guztiak igotzea proposatu genuen, honetarako Josu, Iker eta hiruok Gavarniera hurbildu ginelarik.

Uztailak 31an Chausenque punta, Chausenque bizkarra, Pitón Carré, Pique Longue, Clot de la Hount eta bere bi orratzak (goikoa eta behekoa -azken hau Ikerrek bakarrik-) igo ondoren Russell kondeak eginarazi zuen Gruta Paradiso-an lo egin genuen.

DESKRIBAPENA

Goizeko zazpirak aldera Paradiso grutaren zulotik lehen eguzki izpiak sartzen hasi ziren. “Ze egualdi deu?” galdetu zuen Josuk, “ez dakit ba, orain begiratuko det” erantzun nion perezaz zakutik ateratzen nintzen bitartean. “Beno, zeozer lainotuta dao, baina ez det uste euririk eingo duenik” esan nion berrio zakura hurbiltzen nintzen bitartean.

Gruta Paradiso, 3248 metro, goizeko 8:00ak. 7:15ak aldera hirurak jaiki, trasteak jaso eta madalenak esne kondentsatukin gosaldu ondoren (aurreko egunean zazpi litro ur edan genituen, beraz, bi litro ur bakarrik genituen gaurko ibilbiderako) 8:00etan gure hotela utzi genuen.

"Eunon deizuela..."


"...baita zuri ere Russell jauna!!!!!"


Irteteko prest, Iker GPS-a martxan jartzen. Goiza nahiko frexkoa esnatu zen.


Gaurko plana atzokoarekin alderatuta askoz leun eta lasaiagoa zen, hasiera batean Cerbillona mendia (3247 metro) eta bere hego-mendebaldeko orratza (3051 metro) igoko genituen, ondoren Pico Central (3235 metro) eta amaitzeko Montferrat (3219 metro).

Glaziarrera jaisten


Nahiz eta hasiera batean glaziarrera ailegatu ginenean zalantza izan kranpoiak jantzi edo ez, azkenean Cerbillonaren leporuntz doan bidea nahiko zapaldua zegoela ikusirik ez jartzea erabaki genuen.

Berriro ere glaziarrean. Eguzkia lotsati hodei artean.


Pique Longuetik Cerbillona lepora doan glaziarreko bideak ez dauka inongo zailtasunik eta oso azkar egiten da. Honela, Russell kondearen azken hiru kobak azpitik pasa ondoren goizeko 8:30tan Cerbillona lepora ailegatu ginen.

Ikusten denez, ez genituen kranpoirik jantzi.


Russell kondeak eginarazi zituen lehen grutak. Egin zituenean glaziarraren maila gruten sarreren parean zegoen.


Cerbillona lepoa, 3200 metro, goizeko 8:30ak. Lepo honetatik gora dagoeneko kresteatzen joango gara Montferrat mendirarte. Cerbillona mendiaren gailurrera doan bidea oso markatua dago eta nahiz eta hitoren bat edo beste jarria izan, ez dauka inongo galerarik. Goizeko freskuraz babesturik, goizeko 9:00tan Cerbillona mendiaren gailurrera ailegatu ginen.

Cerbillona lepoan, parean Cerbillona mendia ikusi daiteke


Cerbillona, 3247 metro, goizeko 8:40ak. “Mendi hontako orratza zer dau oso behean?” galdetu zuen Josuk. “Uste det baietz, baina jaitsiera atzokoa baino hobea da” erantzun nion. Zalantza apur baten ondoren Josu gurekin Cerbillonaren hego mendebaldeko orratzera jaistera erabaki zuen.

Cerbillona orratzera jaisteak hasiera batean harreta pixkat jartzea eskatzen du. Tontorrean bertan hito bat dago jarria, baina hito honek hego ekialdeko norantza hartzen du eta Bujaruelo aldera eramaten gaitu Moskowa korridore aldera. Gu hasieran hemendik behera hitoak jarraituz abiatu ginen eta 20 minutu inguru jaisten ibili eta gero Ikerrek GPS-a atera eta erabat desbideratuta geundela ohartarazi gintuen. Marmar batean jaitsitako zati bat berriro igo eta azkenean bide ona hartu genuen.

Cerbillona gailurretik behera lehen hitoak jarraituz. Bide hau ez da jarraitu behar, hego-ekialderuntz doa eta.


Puntu honetan definitiboki Moskowa korridore aldera abiatu ginen. Gerora puntu honetanra itzuli eta ikusten den krestaren bestaldera pasa beharrean izan ginen.


Iker bide okerretik behera. Hito bat ikusi daiteke.


Eskuinetik ezkerrera Milieu, Grand Tapou eta Tapouren bi orratzak.


Bide ona hartzeko Cerbillona tontorretik hego- hegomendebalde norantza hartu behar da zuzen-zuzen jaitsi eta minutu batzuetara orratza garbi ikusiko dugularik. Jaitsiera Clot de la Hount-en orratzetara doana baina “garbiagoa” iruditu zitzaigun, baina harri askez josia dago berriro ere kontu handiz jaitsi ginelarik.

Dagoeneko bide egokian, azpian Cerbillona hego-mendebaldeko orratza ikusi daiteke.


Josu harrikaratik behera, orratza hobe ikusi daiteke


Jaitsiera azken metroetan erdi enkajonatuta doan harrizko korridore batetik egin behar da orratzaren hasieran dagoen lepora ailegatuz. Korridore honetan harria oso askea zegoela ikusirik, banaka jaistea erabaki genuen batak besteari harririk ez botatzeko.

Iker korridore "enkajonatuaren" sarreran.


Josu korridorean sartuta. Azpian Iker orratzara igoeraren hasieran ikusi daiteke.


Iker orratzaren gailurrean. Gero Josu eta azkenik ni igo nintzen.


Josu korridoretik behera, bitartean ni nire txandaren zain.


Korridorearen azken zatian


Orratzaren igoera, harriaren kalitatea dela eta, kontuz igotzekoa da, baina ez dauka ez pausu zailik ez pausu expuestorik, eta honela goizeko 9:40tan bere gailurrera hirurok ailegatu ginen.

Josu orratzaren trepadaren erdialdean eta ni korridorea bukatzen.


Trepadaren azken metroetan.


Cerbillonaren hego-mendebaldeko orratza, 3051 metro, goizeko 9:40ak. “Pentsatzea oain horreaino igo behar gealak kriston pereza ematen dit” esan zuen anaiak Cerbillonaren tontorrera begira. Honela, deskantsu handirik hartu gabe eta gailur argazkia atera ondoren berriro Cerbillonaruntz abiatu ginen.

Cerbillonaren hego-mendebaldeko orratza, 3051 metro.


Igotzeko bakoitzak ahal izan zuen biderik egokiena aukeratu zuen, ahalik eta arkaitz onena zuten tarteak aukeratuz. Honela, Ikerrek Cerbillona menditik hegomendebalderuntz orratzaren leporaino jaisten den aristatik gora egin zuen bide osoa (arista lepoan bertan hartu genuen denok), Josuk eta nik aldiz, lehenengo 100 metro inguruak aristatik egin ondoren jaitsitako bidearen ezkerrera (igotzeko norantzan) pasa ginen plaka batzuetatik gora, trepadaren azken metroak berriro ere aristatik egiteko.

Josu eta ni jaitsi ginen maldaren ezkerretik igo ginen...


...Ikerrek aldiz, hego-mendebalderuntz doan arista aukeratu zuen


Cerbillona, 3247 metro, goizeko 10:10ak. Berriro ere Cerbillona mendiaren gailurrera ailegatu ginenean, zertxobait jan eta edan eta Pico Central mendiruntz abiatu ginen. Presarekin taldeko gailur argazkia atera gabe aldegin genuen, eskerrak Josuk eta Ikerrek auto-argazki bat egin zutela bere tontorrean.

Pique Longue eta Clot de la Hount mendiak.


Gure atzoko "hotela". Pique Longuera doan krestatik grutara doan bira ikusi daiteke.


Cerbillona, 3047 metro.


Cerbillonatik Pico Central mendirako bidea ere gozo-gozoa da eta 10 minututan eguneko hirugarren hirumilakora ailegatu ginen.

Pico Central, 3235 metro, goizeko 10:30ak. Ia ez ginen bere gailurrean gelditu, gailur-argazkia atera eta berriro ere martxan hasi ginelarik.

Pico Central, 3235 metro


Pico Central menditik Montferrat mendira doan arista zatia da zatirik polit eta ikusgarriena. Marmolezko pareta baten gainetik doa eta Ara aranaruntz dituen bistak erabat ikusgarriak dira.

Pico Central-etik behera lehen metroak. Montferrat arteko kresta ikusi daiteke.


Marmolezko zatira ailegatu aurretik destrepe txiki bat egin behar da.


Marmolezko zatiaren hasieran


Marmolezko zatiaren hasieran glaziarra punturik gorenean hartzen zuen puntu batean motxilak utzi genituen arista osoa pisurik gabe egiteko asmoarekin.

Josu marmol zatiaren lehen metroetan. Bere ezkerrean motxilak utziko genituen elur mihia ikusi daiteke.


Iker elur-mihira jaitsi aurretik. Kresta erabat ikusgarria da.


Atzera begirada, Pico Central eta Cerbillona ikusi daitezke.


Behin marmolezko zatira ailegatzerakoan arista zorroztu egiten da, destrepe eta trepe “interesgarri” bat baino gehiago daukalarik. Destrepe eta trepada hauek guztiak ez dira teknikoki zailak, baina puntu askotan expuestoak dira (kontuz bertigorik badaukazue). Dena den zati expuesto guztiak glaziar aldera ematen duen paretatik ekidin daitezke zailtasuna eta giroa ere gutxituz.

Krestaren zati batean


Montferrat, 3219 metro, goizeko 11:00ak. Honela, haizearekin denbora batean borrokan aritu ondoren, goizeko 11:00etan Montferrat mendiaren gailurrera ailegatu ginen. Gurekin ekarritako ur botila edan eta gailur argazkia atera ondoren, berriro motxilak utzitako lekura abiatu ginen eginiko arista berriro eginez.

Montferrat, 3219 metro.


Aristatik itzuliz. Bi mendizale ikusi daitezke Montferrat aldera.


Arista eta Vignemale osoaz gozatuz.


Motxilak utzitako lekura ailegatu ginenean barrita bat jan eta ur guztia edan genuen, kranpoiak jarri eta Ossue glaziarretik behera abiatu ginen atzo hamaiketako egin genuen puntuaren bila, bazkaltzeko asmoarekin.
“Oain bai, ederki jaisten da” esan zuen Ikerrek “Aitek esaten duen bezela, cuesta abajo….” erantzun nion.

Berriro ere glaziarretik behera


Glaziarren sarrerara goizeko 11:50tan ailegatu ginen, bertan behingoz kranpoiak kendu, ogitarteko bat egin (eta jan) eta ederki hidratatu ginelarik.

Eta bazkaldu ondoren, atzo igo genuen bide berberatik behera abiatu ginen. Jaitsiera azkar egin genuen, batez ere Ossueko presara ailegatzen ari ginela gure atzean trumoi hotsak hasi zirenean erritmoa ederki bizitu genuelarik.

Ossueko presara ailegatzen


Erdi korrikan 13:40tan kotxera ailegatu ginen, eta ekaitzak, gurekin kupituta edo, motxilak eta trasteak jasotzeko tartea eman zigun berak zekarren ura gure gainera bota aurretik.

Kotxera ailegatzen ekaitzetik ihesi.


Honela, ekaitzaren erdian arratsaldeko 14:20tan Grange de Holle aterpera ailegatu ginen, gure gaurko hotelera. Bi egunetan mendian ibili ondoren ederra da dutxa bero bat, fundamentuzko afari bat eta ohe goxo bat eskuragarri izatea, bai jauna.

Grange de Holle aterpearen sarreran familia ongi gaudela esaten.


Grange de Holle sarrerako atearen detailea.


BI EGUNETAN EGINIKO PROFILA