AZKEN 10 SARRERAK
txema etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
txema etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/01/02

LARRUNARRI, "TXEMA - PETREL" SEKTOREA: "ARRAILAKULOS" ARRAILA, 70 m, IV. 2022/11/06


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

"Mailenka" bidearen krokisa marrazten ari nintzenean honen eskuinean dagoen arrail nabarmen batek atentzioa deitu zidan: "hain nabarmena izanda, fisura hortatik igotzea egongo da?" pentsatu nuen. Berehala hasi nintzen bai interneten (Aralarko eskaladen kasuan Mikel Saez de Urabainen bloga da erreferentzia nagusia) baita etxean ditudan liburu zaharretan ere arrail misteriotsu honen inguruko informazioaren bila, baina bilaketa antzua izan zen: "informaziorik ez badago edo harria txarra da edo eskalatzeko interesik ez duela izago da" ondorioztatu nuen. Baina ez nintzen lasai geratu eta, "Petrel" bidea eskalatzera joan nintzenean, eskalatzen hasi aurretik arraila "ikertzera" joan nintzen.

Belarrez zipriztindua egon arren, azpitik ez zitzaidan iruditu harri askerik zuenik eta, txarrenean, bere ezkerreko hormak harkaitz-plaka sendo baten itxura zuen. Uste nuen bezain bertikala ez bazen ere, "Mailenka" bidearen azken bilgunetik oso gertu amaituko zela kalkulatu nuen. Arrailaren oineraino harkaitz-plaka etzan bat eskalatuz iritsi zitekeela banekien, duela urte asko sokarik gabe bertatik igota nengoelako: "plaka horren zailenetik eskalatuz gero luze polita geratu daiteke" pentsatu nuen.

Arrail honen eskaladak izugarrizko jakin-mina piztu zidan, baita urduritasun puntu bat ere, seguru finkorik gabe bakarka eskalatuko nuen lehen bide ezezaguna izango zelako. Saiakera baten zain egon nintzen egunak oso luzeak egin zitzaizkidan, honegatik, azaroak seirako eguraldia alde izango nuela irakurri nuenean ez nuen bitan pentsatu: hau da eguna!!!!

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 70 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu, baina pentsatzen dut aurretik eskalatuta egongo dela. Izena, arraila hasten den "Arrastrakulos" kanalaren izena eta "arrail" hitzen arteko nahasketa bat da.
- Zailtasuna: IV. Luzez-luze: 1ºL: III (40 m) eta 2ºL: IV (30 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bero handia pasa daiteken arren, goizaren lehen orduetan itzalpean dago.
- Ura: Hurbilketa nondik egiten den arabera, Larraitzen edo Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu lasai igota. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, Oria iturrian zintzurra freskatzeko aukera izango dugu.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: "Mailenka" bidea rappelatzea, "Arrastrakulos" kanaletik jaistea edo ipar-mendebaldeko gandorra jarraitu eta, Erlabeltzeko puntatik pasatuz, Larrunarriko gailurrera iritsi eta bertara iristen den ohiko edozein bidetik jaistea.
- Eramandako materiala: Bidea bakarka eskalatzeko, 80 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 8 express-zinta, Totem sorta eta bilguneak muntatzeko edo harkaitz-zubietatik pasatzeko luzera ezberdinetako zinta-uztaiak erabili nituen. Sokada batean eskalatuz gero 60 metroko sokekin nahikoa izango litzateke bidea gero rappelatu nahi bada.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu pare bat, kontutan izanda bakarka eskalatzen denean bidea bi aldiz eskalatzen dela. Sokada batean eskalatuz gero denbora erdian edo gutxiagoan eskalatuko dela pentsatzen dut.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak gorriz margotuta. Bilgune urdindun bidea "Mailenka" da, bilgune berdedun bidea aldiz, "Petrel".

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Larrunarriko “Txema – Petrel” sektoreari gustua hartua diot: harkaitz zoragarria, zailtasun “jasangarria”, bakartia eta bakarka eskalatzen ikasteko aukera paregabea. Hala ere, oraindik ez diot 15 kiloko motxilarekin ordu eta laurdeneko igoerari maitasunik hartu. Adituek diote sorbaldak motxila astunak eramatera ohitu egiten direla eta honen ondorioz gorputza sendotzen dela baina, dirudienez, teoria hau berresten duen salbuespena naiz, jejeje.

Larraitzetik beste behin tente irten nintzen, luze eta harro, baina metroak igo ahala motxilak pixkanaka uzkurtu ninduen; izan ere, "Petrel" eta "Mailenka" bideek partekatzen duten bilgunera iritsi nintzenerako nire luzerak zentimetro batzuetan murriztu zela iruditu zitzaidan. Zeruan, haitzetatik amildegira salto egindako putreek noraezean zirkuluak egiten zituzten; lurrean, behorrak gauak freskatutako belarra gosaltzen hasiak ziren. Zerua eta lurraren artean, haize gozo batek eguzkiaren lehen izpiak kulunkatzen zituen, Larrunarriko itzala Ordiziaraino luzatuz. Putreak, behorrak, haizea eta eguzkia izango ziren oraingoz alboan izango nituen soka-lagun bakarrak; Larrunarriko itzal luzea aldiz, pixkanaka bailaretan desegingo zen.

"... Larrunarriko itzala Ordiziaraino luzatuz".

Zama lurrean utzi eta lehenenengo luzea osatuko zuen harkaitz-plakaren oinean harkaitz-zubi sendo baten bila hasi nintzen, bizitzara lotuta mantenduko ninduen zilborra. Eta hamar minutu eskaseko bilaketaren ondoren nola poztu nintzen gainera, "Petreleta "Mailenka" bideek partekatzen duten bilgunetik 20-25 metro eskuinera eroriko bati ongi eutsiko zion harkaitz-zubi bat topatu nuenean!!

Bidearen nondik norakoak azpitik ikusita. Argazkian "Petrel" eta "Mailenka" bideek partekatzen duten bilgunea ikusi daiteke.

Harkaitz-plaka alde batetik zein bestetik aztertu nuen. Duela urte dezente, sokarik gabe eskalatu nuenean, honen ezkerrean dagoen arrail zabal eta inklinatu batetik igo nintzen; oraingoan aldiz, katu-oinak eta eskaladako material guztiarekin nengoenez, erditik eskalatzen hastea zen gehien erakartzen ninduena, bertan dauden zimurdurak eta zuloak aprobetxatuz. Zilborrari zilbor-hestea lotu nionean eskalatzen hasi nintzen.

Zilborra eta zilbor-hestea lotuak.

- Lehenengo luzea, 40 metro, III/III+. Harkaitza hotza zegoen, hezea, baina harriaren zimurdurak behatz eta katu-oinen puntekin laztanduz ez nuen zailtasun handirik izan lehenengo 3 metro inguruak eskalatu eta zulo luze batera iristeko (III). Konfidantzaz mozkortuta, zulotik gora plaka zertxobait etzaten zela ikusita asegururik jarri gabe eskalatzen jarraitzea erabaki nuen. Baina 4-5 metro urrutiago dagoen harkaitz-zubi nabarmen batera iritsi nintzenean (III), hartutako erabakia egokia ez zela izan jabetu nintzen: batetik harkaitz-zubira arte aseguru gehiago jartzeko aukerarik ez nuelako izan; bestetik, eta hau izan zen arrazoirik nagusiena, irrist egin izan banu harkaitz-plakaren oinera arte bidaiatu izango nuelako. Auto-babestuz eskalatzen denean, gehienetan "hobe da bat eskuan, ez bi auzoan" atsotitzari kasu egin behar zaio.

Harkaitz-zubira iristen. Argazkia luzea bigarren aldiz eskalatu nuenekoa da.

Lehen asegurua atzean geratu zenean, sokarik gabe eskalatu nueneko belarrez estalitako arrail zabalarekin topo egin nuen (III-). Hemendik aurrera arrailak osatzen duen ibilbide jirabiratua jarraitzea besterik ez nuen egin, tarteka arrailaren eskuin aldera pasatuz (II+), urte dezente ihartuta daraman zuhaixka bat saihesteko egin nuenean bezala. Behatz-mamiak oraindik hotzak sentitzen nituen, minberak, eta, goitik eta behetik eguzkiaren izpiek itzalpea setiatzen bazuten ere, harkaitzak ilun jarraitzen zuen oraindik ere, hezea, hotza, geroz eta gertuago ikusten nuen horma distiratsuan gogoa jartzera behartuz.

Arrail zabalarekin topo egin lekutik behera egindako argazkia. Harkaitz-zubia ikusi daiteke.

Arrailaren zeharkaldiaren amaieran hormatxo bertikal bat eskalatu (III-) eta gaurko arrail protagonistaren oinera iritsi nintzen. Arraila, itxi gabeko zauri erraldoi bat zirudien, mendia bitan erdibitzen zuena; erizain trebe baten moduan, sokarekin eta aseguruekin josten saiatuko nintzen zauri erraldoia.

Josten hasi aurretik bilgunea muntatzeko leku baten bila hasi nintzen, baina harkaitz-zubi estu eta ahul bat besterik ez nuen topatu: “Vaya por Dios!!!”. Amore emanda, bilgune sendoago bat muntatzeko leku bat topatuko nuen itxaropenez, arraila eskalatzen hasi nintzen. Baina lehenengo metro hauek ez nituen arrailaren erditik eskalatu, honen ezkerreko horma bertikaletik baizik, eskaladaren eta zailtasunaren aldetik “interesgarriagoa” iruditu zitzaidalako. Hormatxoa eskalatuta (III/III+), honen gaineko erlaitz inklinatu eta belartsuan bilgunea muntatu ahal izateko harkaitz-zubi pare eta dotore bat topatu nituen.

Hormatxoaren gainetik behera egindako argazkia. Argazkian arrailaren amaieran eskalatu nuen hormatxo txikiaren irteera ikusi daiteke.

Lehenengo bilgunea rapelatzen hasi aurretik.

Eguzkiak argitutako eta berotutako eremuan nengoen jada. Behatz-puntak epeltzen ziren bitartean zilbor-hestearen ibilbidea zilborra arte jarraitu nuen. Behorrek gosaltzen jarraitzen zuten, urrun. Putreak gertuago nituen, noraezean zirkuluak eginez oraindik ere, zerura hurbiltzen ari nintzen seinale. Animalien guganako axolagabetasuna bizitzen nuen bitartean, egiten ari naizena balio pertsonaletik haratago baliorik ez duela gogoratu nuen. Eskalada batek berez ez du mundua aldatuko, eskalada horren kontaketak mundua aldatuko ez duen moduan. Eta hau gogoratzeak beti pozten nau, egoak jartzen dituen tranpetan erortzea erraza izan daitekeelako..

Lehenengo luzearen nondik norakoak. Puntu gorriz igotako bidea marraztu dut sokaren ibilbidearekin bat ez datorrelako.

Bilgunea muntatu, soka bilgunera finkatu, aparatu auto-blokeatzailearekin hasiera arte rappelatu, aparatu hau bi polea auto-blokeatzaileengatik aldatu, soka gainetik nuela luzea berriro ere eskalatu eta soka motxilan gorde ondoren, prest nengoen arraila eskalatzen hasteko. Erreferentziarik gabe, itsuan, arraila zirrara berezi batekin eskalatzen hasi nintzen.

Zailtasuna aldatzen ez bada ere, nailonezko zilbor-hestea gainetik edukirzeak lasaitasun eta ausardia extra bat ematen du beti. Honegatik, argitu nahi dut arraila lehen eta bigarren aldian ez nuela modu berean eskalatu. Lehen aldian, tarteka arrailaren ezker hormatik eskalatu nuen, pasagunerik errazenen bila; bigarrenean aldiz, arrailatik atera gabe jo nuen gora. Kontaketari begira, arrailaren eskaladari lotuko natzaio, saihesbideei aipamen xumeago bat eginez. Argazki guztiak, ikusiko den moduan, arraila bigarrenez eskalatu nuenekoak dira.

- Bigarren luzea, 30 metro, IV. Irtengune motz eta bertikal bat altxatzen zen bilgunetik gertu, oso sendoak ez diruditen harkaitz-bloke handi batzuez tapizatutakoa.

"Irtengune motz eta bertikal bat altxatzen zen bilgunetik gertu...".

Hasieran zertxobait atzeraka botatzen badu ere, ez nuen zailtasun handirik izan goitik ateratzeko (III/III+). Harkaitz-bloke hauek konfidantza handirik ematen ez badigute, irtengunea ezkerretik zailtasunik gabe saihestu daiteke (III-).

Irtengunea eskalatzeko bi aukerak. Lehen igoeran ezkerretik igo nintzen, bigarrenean aldiz, eskuinetik.

Saihesbidetik egindako argazki honetan bigarren irtengunea ikusi daiteke.

Irtengune honen ondoren belarrez estalia dagoen bigarren irtengune baten oinera iritsi nintzen.

Bigarren irtengunera iristen.

“Erditik edo ezkerretik?” Pentsatu nuen, ezker horman dagoen harkaitz-plaka argian aseguruak jartzeko aukera handiak izango nituela ikusi ondoren: “Erditik!”.

Bigarren irtengunea azpitik ikusita.

Bigarren irtengunetik aurrera arraila estutzen hasten bada ere, horrek ez zidan eragozpenik sortu, irtengunean dauden harkaitz-bloke sendoek zailtasun handirik gabe eskalatzen utzi zidatelako (III).

Bigarren irtengunearen irteeratik egindako argazkia.

Lasai nindoan, soka motxilatik ateratzen nuen abiadura eskalatzen nuen abiadurarekin orekatuz. Tarteka arrailaren erdian belar edo zuhaixkaren bat agertzen zen arren, ez zitzaidan iruditu enbarazu handirik egiten zuenik eta, arrailaren bi hormetan oinak kokatuz, zailtasunik gabe saihestu nituen. Luzean jarritako aseguru bakarra dagoeneko urrun zegoen, baina ez nuen bigarren aseguru bat faltan botatzen, orain arte eskalatutakoa irtengune motz pare bat besterik ez zelako izan. Dena den, hemendik gora arraila gehiago estutzen eta tentetzen zela ikusita, bigarren aseguru bat jartzeko garaia iritsi zela iruditu zitzaidan. Horretarako irtengunearen irteeratik dozena erdi bat metro gehiago eskalatu behar izan nituen, harkaitz-zubi sendo batera iritsi nintzen arte (III+).

Harkaitz-zubira iristen.

Gora eta behera begiratu eta konturatu gabe arrailaren erdia eskalatuta nuela ikusi nuen, zauriaren erdia josita, beraz, nahiz eta "bakarrik" bi puntu emanda izan.

Harkaitz-zubitik gora egindako argazkia.

Harkaitz-zubitik gora arraila gehiago estutu, sakondu eta tentetzen da: “Asuntoa hemendik gora hasiko da”, pentsatu nuen gora begira. Pare bat metro gehiago eskalatu eta ezkerrean agertu zen erlaitz txiki batera igo nintzen, atsedenaldi motz bat hartu eta hurrengo metroak nondik eta nola eskalatuko nituen pentsatzera, kezkatzen hasita nengoela sentitu nuen eta.

Erlaitz txikitik gora ikusten den panorama.

Arrailari zailtasuna emango zion irtengunearen azpian nengoen, tentea eta estua izan arren itxura batean oso zaila ez zirudiena. Orduan zer zen kezkatzen hasita ninduena? Irtengunea goitik ixten zuten harkaitz-blokeek. Sukaldeko apal batetik erdi-irtendako mikrouhin-labe handi batzuen moduan, harkaitzak kontu handiz jarrita zeudela ziruditen, desorekatuko zituzten indar baten zain. Ez zidaten susmo onik eman hasieratik, lurrera itsatsita ez zeuden itxura osoa zutelako. “Soka gainetik dudanean saiatuko naiz”, izan zen hartu nuen azken erabakia.

Erlaitz txikitik gora begiratu eta arrailaren ezkerreko harkaitz-plaka oso sendoa zela iruditu zitzaidan, baita bertan dagoen harlauza eta arrail sistema Eginon daudenen itxura hartu ere. Begietan distira berezi bat piztu zen: “Plaka zoragarri hau eskalatu beharra daukat!!!”

Argazki honetan erlaitz txikia (azpian) eskalatutako plaka zoragarria eta arraila ongi ikusi daitezke, baita arraila ixten duten harkaitz-bloke "mugikorrak" ere.

Harkaitz-plakak dituen 10-12 metroak (III+/IV-) motzak iruditu zitzaizkidan eta, neguko argiaren moduan, gustura hartzen hasi nintzenerako iluntzen hasi zen. Baina a zer nolako gozamena!!! Arraila ixten duten harkaitz-blokeen parera iritsi nintzenean azpitik susmatzen nuena baieztatu zen: blokeen sostengua ahula zirudien. “Dena den gero bertatik igotzen saiatuko naiz” erabaki nuen, blokeetatik tira egiterakoan nire pisuari eutsiko zioten ala ez baieztatu nahi nuelako.

Harkaitz-blokeen parean.

Hormaren azken metroak arrailatik eskalatu ondoren (III), "Mailenka" bidearen azken bilgunea kokatutako “bizikletaren erlaitza”-ra iritsi nintzen.

"Bizikletaren erlaitzetik" behera egindako argazkia.

Zilbor-hestea bilgunera lotu, rappelatu eta, oraingoan bai, arraila bere osotasunean erdi-erditik eskalatu nuen.

Margaritak udazken ero baten amaieran.

Nire susmoak erdizka bete ziren: eskalada osoan arretarik handiena eskatu zidan tartea harkaitz-zubitik gorakoa izan zen inongo zalantzarik gabe; baina goiko harkaitz-blokeek, mugitzen ziren arren, nire pisuari uste baino hobe eutsi ziotela iruditu zitzaidan. Hala ere, blokeetatik erabat zintzilikatzeko ausardia izan ez nuela aitortu beharra daukat, nahiz eta, soka gainetik edukitzeagatik, erortzeko arriskurik ez izan. Zailtasunari dagokionez, arrailaren azken zati hau IV inguruan ibiliko dela iruditu zitzaidan.

Bilgunera bigarrenez iritsi nintzenean pozarren nengoen, kantatzen hasteraino. Eta haizeari eskeintzen ari nintzaion kontzertuaren erdian begiratua sentitu nintzen. Bat batean goiz osoan bueltaka ibilitako putreak luma marroizko hegoak nylonezko oihal koloretsu batengatik aldatu eta giza itxura hartu zuen. Parapentista zur eta lur begiratu ninduela sentitu nuen arren ez nion jaramonik egin eta nirean jarraitu nuen, haizeari kantatzen. Une labur batez isilik geratu ondoren kontzertura batu zen, haizea eta zerua dominatzearen zoriontasunak eragindako algara eta oihuekin koruak eginez.

Haizeak ekarri zuen korista.

Kontzertua are eta gehiago animatu zen bigarren parapentista bat agertu zenean. Hirurok zoriontasunez gainezka geunden, gauza bera sentitzen ziurrenik, bertara iristeko bide ezberdinak aukeratu izan genituen arren. Zoriontasunera iristeko norberak erabaki beharko luke bidea noiz, nondik eta nola egin. Parapentistak urrundu eta kantua haizeak eraman zuenean jaisteko unea iritsi zela erabaki nuen.

Bigarren parapentista zerutik zintzilik.

"Mailenka" bidea rappelatu eta material guztia motxilan sartu ondoren arrailari leku eta perspektiba ezberdintetatik argazkiak eginez pasa nuen denbora. Geroz eta gehiago begiratzen nion heinean, negu giroan eskalatzeko aukera eder bat izan daitekeela konbentzitzen joan nintzen. Neguari begira eta kontutan hartuta Larrunarriko txoko honetan eskalada mistoa dela gehienetan egiten dena, lehen luzea M2 eta bigarrena M3/M4 inguruan egon daitekeela kalkulatu nuen, baina hau baieztatzeko frogatu beharko dugu, jejeje
"Arrailakulos" azpitik ikusita. Neguari begira etxeko lana...

Ez nuen etxera itzultzeko presarik baina mundu "zibilizatu" eta "normalean" erlojuak agintzen du eta nireak berandutzen ari nintzela gogoratu zidan. Behorrek belarrari tiraka jarraitzen zuten, erlojuari eta inguruan gertatzen zenari jaramonik egin gabe.

Gazteluberri mendia txuri beltzean

Behorren artean pasa nintzenean, bigarrenez beraien axolagabetasuna sentitu nuen eta igoeran gogorazitako berriro ere gogoratu nuen: ez, gaurkoan ere eskalada batek ez zuen mundua aldatuko. Itzuli nien esker oneko irribarre baten ondoren, beherako bidearekin jarraitu nuen.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Rodriguez JM Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa (Guía). Edición: Euskal Herriko Mendizale Elkargoa, 1979.
- Obeso G., Arrieta Tx. Gipuzkoako eskalada Gida - Guía de escalada de Gipuzkoa. Edición: Euskal Mendizale Federakundea, 2002.
- Gipuzkoako Mendi Federazioa. Txindoki liburuxka teknikoa. Eskuragarri: https://www.gmf.eus/galeria/2021/Eskalada%20Guneak/WEB%20TXINDOKI.pdf.
- Aralarren eskaladak bloga. Eskuragarri: http://aralarreneskaladak.blogspot.com


2022/11/02

LARRUNARRI (TXINDOKI), "TXEMA - PETREL" SEKTOREA: "PETREL" BIDEA, 115 m, IV/V. 2022ko URRIA



Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.


"Petrel" izan zen ipar-mendebaldeko gandorraren ondoren Larrunarrin eskalatu nuen bigarren eskalada-bidea, baita friend-ak lehen aldiz erabili nituen lehen bidea ere. Duela hamahiru urte eskalatutako bide honen inguruko kronika irakurtzen dudan bakoitzean irribarre manenkoniatsu bat marrazten zait aurpegian, garai hartan nuen idazteko moduagatik ez ezik kronikan agertzen diren aurpegi gazteak geroz eta urrunago geratzen ari direlako, iragan zoriontsu baten testigu malenkoniatsu bezala. Iraganeko kronika hau zaharkitua geratu da jada, Gipuzkoako Mendi Federakuntzak Larrunarriko bideak berrekipatu baino lehenagokoa delako.

Alberto Cabezón eta Jesús Mari Rodriguezek 1974an "Petrel" ireki zutenean ez dakit Julio Villarrek idatzitako "Eh Petrel" liburua gogoan izan zuten, Villarren ezinbesteko liburu zoragarrian kontatzen den bidaia 1972an amaitu zelako. Rodriguezek berak 1979an idatzitako "Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa" liburuan misterio hau ez du argitzen, baina liburuan bai agertzen dira "Petrel" ireki zuteneko argazki batzuk. Materialaren eboluzioak eskalada dezente "erraztu" badu ere, liburuko argazki zaharretan ageri diren larruzko bota zurrunak ikustea nahikoa da eskalatzaile hauen aurrean txapela kendu eta eskalada-bide hauek umiltasun osoz begiratu eta eskalatzeko.

"Petrel" bidearen arrail nabarmen eta ederrean eskalatzen 1975 urtean. Argazki hau JM Rodriguezen "Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa" liburutik hartua dago.

Irteera zuzena ireki zeneko argazkia. Argazki hau ere JM Rodriguezen "Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa" liburutik hartua dago.

"Mailenka" bidea bakarka eskalatu, eskaladako trastez betetako motxila astuna sorbaldetatik zintzilikatu eta beherako bidea mantso mantso hartzear nintzenean zerbaitek atzera begiratzea eragin zidan. Hormaren erdian, eguzkiaren eraginez puntu batek distira berezi bat zuen, harribitxi bat izango balitz bezala. Hurbildu nintzenean "Petrel" bidearen lehen parabolta zela ikusi nuen. Ez naiz superstiziosoa baina distira hura seinale misteriotsu baten modura hartu eta "Petrel" bakarka eskalatu nezaken hurrengo bidea izan zitekeenaren ideia pisua irabaziz joan zen hurrengo egunetan. Baita hurrengo asteburuan gauzatu ere, irteera zuzenetik hain zuzen ere, jejeje.

Bi saiakera behar izan nituen kronika hau idatzi ahal izateko, helburua "Petrel" bidearen bi irteerak kronika bakarrean jasota egotea zelako. Urriaren 9an bere hiru luzeak irteera zuzenetik (V) eskalatu nituen; urriaren 26an aldiz irteera originaletik (IV) eskalatu nuen, "Mailenka" bidearen lehen luzea gehituz eta bidea 115 metrora luzatuz. Bizipen ezberdineko bi eskalada izan arren, kronikan bi bizipenak bakarrean batzen saiatu naiz.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 90 metro + 25 metro gehiago "Mailenka" bidearen lehen luzea eskalatzen badugu.
- Luze kopurua: 3 edo 4, "Mailenka" bidearen lehen luzea eskalatzen badugu.
- Nork irekia: Alberto Cabezón eta Jesús Mari Rodriguezek 1974ko ekainaren 2an. Urtebete beranduago, 1975ko ekainaren 22an, bi eskalatzaile hauek azken luzeko irteera zuzena irekiko zuten.
- Zailtasuna: IV edo V irteera zuzenetik. Luzez-luze: 1ºL: III+ (25 m) 2ºL: IV (35 m), 3ºL: IV (30 m) eta 4ºL: IV (25 m) edo V (25 m) irteera zuzenetik. Lehenengo luzea, "Mailenka" bidearen lehenengoa izango litzateke.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bero handia pasa daiteken arren, goizaren lehen orduetan itzalpean dago.
- Ura: Hurbilketa nondik egiten den arabera, Larraitzen edo Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu lasai igota. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, Oria iturrian zintzurra freskatzeko aukera izango dugu.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: "Mailenka" bidea rappelatzea, "Arrastrakulos" kanaletik jaistea edo ipar-mendebaldeko gandorra jarraitu eta, Erlabeltzeko puntatik pasatuz, Larrunarriko gailurrera iritsi eta bertara iristen den ohiko edozein bidetik jaistea.
- Eramandako materiala: Bidea bakarka eskalatzeko, 80 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express-zinta eta bilguneak muntatzeko luzera ezberdinetako zinta-uztaiak erabili nituen. Totem sorta eraman nuen arren ez nuen erabili. Sokada batean eskalatuz gero 60 metroko sokekin nahikoa izango litzateke bidea gero rappelatu nahi bada.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu pare bat inguru, kontutan izanda bakarka eskalatzen denean bidea bi aldiz eskalatzen dela. Sokada batean eskalatuz gero denbora erdian edo gutxiagoan eskalatuko dela pentsatzen dut.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Puntu zuriz hurbilketa eta igoerak, urdinez jaitsiera posibleak eta gorriz eskalada-bidea.

Krokis zehatza. Krokisean "Mailenka" bidearen bilguneen kokalekuak eta hauen arteko distantzia urdinez adierazita daude bertatik rappelatu nahi izanez gero kontutan hartzeko.

DESKRIBAPENA

"Petrel"-ek errespetu handia eragiten zidan, zailtasun mailan koska bat igoko nuelako ez ezik, 115 metrotan ("Mailenka" bidearen lehen luzea kontutan hartuz gero) 13-14 parabolt "bakarrik" topatuko dituelako. Honegatik, badaezpada Totem sorta eta 12 express-zinta gehitu nizkion dagoeneko pisu handia zuen motxilari, parabolten arteko tartea murrizteko asmoarekin.

Zaldibiko festetatik gazteak etxera ekartzeko gora eta behera zebiltzan kotxeak agurtuz, Larraitzera Euskadi Irratiko meza nagusiaren hasierarekin batera iritsi nintzen: "Aitaren, Semearen eta Izpiritu Santuaren izenean: Amen". Mezak "animatuta", ohikoa bihurtzen ari den 15 kiloko motxila bizkarrean zintzilikatuz hurbilketaren penitentzia erdi ilunpetan hasi nuen, udazkena aurrera doan heinean egunsentia geroz eta nagiago bihurtzen dela baieztatuz.

"Nora demontre hoa motxilatzar horrekin?". Ziur naiz horixe bera pentsatu zuela belarretan etzanda hausnarrean zegoen behiak. Hormaraino luzatzen den aldapa belartsu eta zabalean dozena bat behi, dozena erdi behor, artalde txiki bat eta ni besterik ez geunden, komunitate berezi bezain arraroa osatuz. Animaliak lasai eta bakean zeuden bitartean, gizakia izerdi patsetan eta arnasestuka zihoan maldan gora, motxilaren pisuagatik eta hego-haizearen ufadengatik uzkurtuta, pareta batetik zintzilikatzera. Nola azaldu bizitza intentsitate handiz bizitzera nindoala? Nola azaldu horman pasako nuen segundo bakoitzari azken tantara arteko zukua ateratzera nindoala? Ez nau harritzen behiak begiratu zidan moduan begiratu izana.

"Nora demontre hoa motxilatzar horrekin?"

"Mailenka" hasten den erlaitz txikira iritsi nintzenean motxila lurrean gustu handiz utzi banuen ere, hego-haize zakarrak ezkutuan mantentzen diren mamuak ekarri zizkidan: "horrelako haizearekin eskalatzen hasi behar zara?", "haizeak botatzen bazaitu?", "haizeak soka nahaspilatzen badu?", galdetzen zidaten mamuek behin eta berriz. Beldur eta zalantzez betetzen hasten nintzela sentitzen nuen bitartean, kezkati begiratzen nien haizeak batera eta bestera astintzen zituen hormako belar eta zuhaixkei.

Mamuek egiten zizkidaten galderei zer erantzun pentsatzen ari nintzela haizea une batez baretu zen, tregoa bat eman nahiko balit bezala. Zalantza handiak nituen, gehiegi beharbada, lasaitasun osoz eskalatzeko. Patagoniara eskalatzera joaten direnak etorri zitzaizkidan burura: haizete gogorrekin, elurrarekin, hotzak akatzen, beraien ametsak betetzeko gai izaten dira, edo gutxienez ametsa betetzeari aukera bat ematen diote, edo bi. "Erosotasun eremutik atera gabe ez dago eboluziorik" esaten hasi nintzen nire buruari behin eta berriz, mantra baten moduan. Azkenean, balantzak kontrako aldera begiratzen zuen arren, ez dakit zergatik edo zerk bultzatuta lehenengo bi luzeak eskalatzea erabaki nuen: "goian haize gogorra badabil rappelatuko det eta listo".

- Lehenengo luzea, 25 metro, III+ ("Mailenka" bidearen lehen luzea). Oraingoan ez nintzen lehen parabolta dagoen harkaitz-plaka inklinatuaren puntu baxuenetik eskalatzen hasi, parabolt honen ondoan dagoen belarrezko erlaitz txikitik baizik. Erlaitzetik ezker aldera zeharkaldi txiki eta horizontal bat egin ondoren, sokaren muturra lehen paraboltera finkatu nuen. Harkaitz-plakak dituen zimurduretan oinetako puntak eta hatzak jarriz, parean dagoen sabaiara zuzendu nintzen (III) arren, sabaiaren azpira iritsi aurretik eskuin aldera desbideratu nintzen luzearen bigarren paraboltarekin topo eginez (III).

Lehenengo luzearen lehen metroen nondik norakoak. Hasieran sokak jarraitzen duen ibilbidea jarraitu nuen, gorago aldiz, puntu gorriz adierazitako III zailtasuneko pasagunea.

Haize ufadek gogor jotzen bazuten ere, sabaia eskuinetik saihesten hasi nintzenean kontzentrazioa hasierako beldurretatik harkaitzera pasatzen zela sentitu nuen, mamuak aldenduz. Kontzentrazio hau ez galtzeko, hirugarren paraboltera ez nuen zuzenean eskalatu (III+), eta sabaiaren eskuinean dagoen arrail sistematik eskalatzen jarraitu nuen honen gaineko erlaitzera igoz (III).

Arrail sistema azpitik ikusita.

Burutik pisu bat kendu izan banu bezala sentitzen nintzen arren, ez nengoen erabat lasai, nire baitan mamuak noiznahi agertuko ote ziren beldur bainintzen. Erlaitzaren gaineko koskadun harkaitz-plaka inklinatuan dagoen laugarren paraboltetik luzearen azken express-zinta pasatu eta arazo handirik ez nuen izan azken metro eder hauek eskalatu eta lehenengo bilgunera iristeko (III), berez "Petrel" bidearen "0" bilgunea dena.

Erlaitzaren gaineko zatia. Argazki honetan bilgunea muntatuko nuen lekua karratu baten barruan adierazi dut, "Petrel" bidearen berezko lehen bilgunea dena.

Bilgunetik zinta uztai eta express-zinta luze bat jarri eta bertatik soka pasatu nuenean nire azpian zerbaitek atentzioa deitu zidan. Bilgunea kokatuta dagoen erlaitz zabal eta erosotik metro batzuk ibili eta letagin baten itxurako piramide ilun eta erraldoi bat eguzkiaren eraginez pixkanaka murrizten zihoala ikusi nuen. Larrunarriko itzala zen, Goierriko eskualdean islatuta zegoena. Lurrean eseri behar izan nuen nire aurrean gertatzen ari zen ikuskizun zoragarriaz indar eta gogo guztiaz gozatzeko. Honelako uneak izaten dira mendizaletasuna magiko bihurtzen dutenak, nahiz eta une hauek galkorrak diren.

Larrunarriko itzala Goierrin zabalduta

Ikuskizuna amaitu eta zutitu nintzenean lasaiago sentitzen nintzen, goizeko mamuen itzaletik erabat askatzen ariko banintz bezala. Bilgunetik ezker aldera begiratu eta lehenengo paraboltera iristeko zein bide jarraituko nuen pentsatu ondoren eskalatzen jarraitu nuen.

- Bigarren luzea, 35 metro, IV. Bilgunetik ezker aldera eskalatzen hasi nintzen harkaitz-plaka inklinatuaren ertzean ikusten nuen lehen paraboltari begirik kendu gabe (III). Paraboltera heltzear nengoela ezker aldera zeharkaldi txiki bat egin eta harkaitz-plakaren ezkerrean dagoen arrail zabalera pasa nintzen, arrailak amaieran osatzen duen erlaitz txikitik express-zinta paraboltetik modu erosoago batean pasa ahal izateko (III).

Lehen parabolta bilgunetik ikusita. Ezkerrean ikusten den arrail nabarmenetik eskalatuz gero errazagoa da. Argazkian borobil zuri baten barruan bilgunea ikusi daiteke.

Parean harkaitz-plaka etzan bat nuen, trinkoa, eta itxura batean behintzat, helduleku txarrik ez zuena. Bitan pentsatu gabe zuzen eskalatzen jarraitu nuen, heldulekuak txikiak izan arren onak zirela baieztatuz (III).

Lehen eta bigarren parabolten arteko harkaitz-plaka etzana, eskalatzen den heinean inklinatuz doana.

Metroak eskalatuz nindoan heinean harkaitz-plakaren inklinazioa ere igotzen zihoan baina, heldulekuei dagokionez, oraingoz lasai nindoan eskalatzen, nahiz eta noizik eta behin haize ufadaren batek astindu txiki bat eman. Harlauza zuri baten parera iritsi nintzenean, bigarren paraboltera iritsi baino 3-4 metro beherago, dagoeneko inklinatua zen harkaitz-plakaren heldulekuak gutxitu eta txikitzen zirela ikusi nuen. Heldulekuak txiki eta justuak dituen tarte honetan jarri behar izan nuen luze osoko arretarik handiena, eta pasagune hau luzeak duen zailena iruditu zitzaidan, ez zailtasunagatik (IV- inguru), duen esposizioagaik baizik, lehenengo parabolta oso behean geratzen baita.

Bigarren paraboltera iritsi aurretik eskalatu behar den helduleku txiki eta justuko tartea.

Bigarren paraboltaren gainetik irten nintzenean, belarra duen zati bat eskuin aldetik inguratzen hasi eta zuhaixka bat duen beste belar zati nabarmen batera zuzendu nintzen (III). Hirugarren parabolta ez nuen ikusten eta, aurrera jarraitu aurretik, batetik bestera horma begiratzen hasi nintzen harkaitzean iltzatutako altzairuzko pieza txiki honen bila, hormaren eskuineko ertzean bat ikusi nuen arte. Ez nuen bitan pentsatu ere egin bertara joateko baina, bustita zegoen zati bat kontu handiz zeharkatu eta paraboltaren ondora iritsi nintzenean, egindako hanka-sartzeaz ohartu nintzen: "Ostia!!!! Parabolt hau Mailenkana da!!!".

Argazki honetan bigarren parabolta eta jarraitu beharreko bidea ikusi daiteke baita, eskuinean, hanka-sartzea eragin zidan parabolta ere.

Parabolt "faltsura" arte egindako bidea kontu handiz desegin eta zuhaixkaren azpian kokatu nintzen berriro ere: "goraka joatea besterik ez dago" pentsatu nuen, hurrengo parabolta non topatuko nuen jakin gabe.

Zuhaixkaren azpian. Nahiz eta soka zuzen jarraitu, zuhaixkaren eskuinean dagoen harkaitz-plaka inklinatutik jarraitzen da.

Zuhaixkaren eskuin aldera pasatu eta bertan dagoen harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraitu nuen horma bat topatu arte (III+). Bertan topatu nuen luzearen hirugarren parabolta.

Ezusteko hau gaindituta, begi-bistan nituen bigarren bilguneko ("Mailenka"-ko lehenengoa zenbatuta) uztaidun bi parabolt distiratsuak. Hasieran tentatuta izan nintzen hirugarren paraboltetik zuzen eskalatzen jarraituz bilgunera iristeko baina azkenean, zuhurtziaren mesedean, ezker aldera pare bat metroko zeharkaldi horizontala egin eta helduleku on eta puntaduneko hormatxo bat eskalatu ondoren bilgunera iritsi nintzen, hormaren oinetik nabarmen ikusten den arrail zuriaren oinean dagoena (IV).

Soka bilgunera finkatu, motxila bertatik zintzilikatu eta, sokaren beste muturrera arte rappelatu ondoren, lehenengo bi luzeak berriro ere eskalatu nituen jarritako express-zintak errekuperatuz.

Bigarren bilgunea. Motxilaren ezkerrean arrail zuria ikusi daiteke.

"¿Eskalatzen jarraituko dut?", izan zen urriaren 26an erantzuna eman behar izan nuen galdera soka motxilan biltzen hasi nintzenean. Haizeak bazterrak astintzen jarraitzen zuen, eta mentalki nuen oztoporik handiena hau bazen ere, behin honaino igota goitik ez irtetea pena ematen zidan: "txarrenean friend-ak jartzen jungo naiz seguruen artean eta listo", izan zen aurrera jarraitu ahal izateko nire buruko mamuak engainatzeko aukeratu nuen erantzuna . Urriaren 9an aldiz ez nuen zalantza izpirik izan, haize leun eta goxo bat besterik ez zegoelako.

- Hirugarren luzea, 25 edo 30 metro metro, IV. Motxilaren kanpoan geratu zen sokaren muturra bilgunera finkatu nuenean, zertxobait ezker aldera mugitu eta arraila eskalatzen hasi nintzen. Arraila bertikala bada ere helduleku oso onak ditu. Babariar teknika erabiliz metroak lasaitasun osoz irabazten joan nintzen, nahiz eta arraila babesten duten bi parabolten arteko tartea luzea den (IV). Aukeran, parabolten arteko tartea murrizteko friend ertainak trabatzeko aukera handiak daude, baina ez nuen behar hau sentitu, ziurrenik eskaladan oso kontzentratua nindoalako.

Hirugarren luzeko arrail zoragarria azpitik ikusita.

Lehenengo metroetan arraila sakona da baina sakontasun hau pixkanaka galtzen doa belar zati batzuk agertuz. Hala ere belar zati hauek ez dute eskalada oztopatzen eta heldulekuak onak izaten jarraitzen dute, zailtasuna IV inguruan egonkor mantenduz.

Arrailak belar zatiak dituen lekuan, baina belarrek ez dute eskalada oztopatzen.

Bigarren paraboltaren parean arraila bitan banatzen da. Puntu honetan erabaki bat hartu behar izan nuen: "irteera zuzenetik edo irteera originaletik?". Lehen aldirako irteera zuzena aukeratu nuen, bietatik zailena bada ere (V), duela hamahiru urte Josurekin eskalatu nuena hau izan zelako. Egia esan irteera honen inguruan ez nuen oroitzapen handirik baina asko sufritu ez nuela oroitzen nintzen: "gainera orain duela hamahiru urte baino hobe eskalatzen det".

Erabakia hartuta, ezkerreko arraila eskalatu (IV) eta harkaitz-plaka bat ezker aldera eskalatzen jarraitu nuen hormatxo baten gainean ikusten ari nintzen uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera zuzenduz. Belar zati batzuk saihestu nituen arren, hormatxoaren azpira iritsi nintzenean (III+) bertan dagoen erlaitz belartsuaren gainean kokatu behar izan nuen nahitaez, eskerrak lehorra zegoen. Hormatxoaren eskalada ez da zaila baina oina asko altxatzea eskatu zidan eta askotan idatzi izan dudan moduan nire abileziarik preziatuena ez da malgutasuna. Hormatxoa eskalatuta (III), bilgunera arazorik gabe iritsi nintzen.

Argazki honetan ikusten den bigarren parabolta bilgunean jarrita dago. Bertara iristeko ez da sokak jarraitzen duen bide zuzena jarraitu behar eta bilgunearen azpian eta zertxobait ezkerrean dagoen hormatxoa eskalatu beharko dugu. Puntu zuriz, irteera originalera zuzentzeko jarraitu behar den bidea.

Bilgunera iritsi eta, express-zinta luze bat eta soka pasatu ondoren gora begiratu nuenean, onartu beharra daukat irteera oztopatzen duen sabai itxurako horma bertikalak goitik behera zeharkatu ninduen hotzikara bat eragin zidala: "gutxienez helduleku onak dituela ematen du" pentsatu nuen baikor mamuak berriro ere agertu aurretik. Arnasketa sakon batzuk egin eta, nire burua behin eta berriz animatuz, azken luzeko eskaladari ekin nion.

- Laugarren luzea, "irteera zuzena", 30 metro, V. Bilgunetik gora dagoen harlauzak osatzen duen arrail motza babariar teknika erabiliz eskalatu ondoren (III+), harkaitz-plaka inklinatu batera igo nintzen, goiko zatian luzearen lehen parabolta duena. Harkaitz-plakaren eskuin aldeko tarte errazenetik eskalatzen jarraituz, paraboltaren ezkerrean kokatu eta ez nuen zailtasun handirik izan bertatik lehen express-zinta pasatzeko (III+).

Azken luzearen nondik norakoak. Argazkiaren eskuinean luzearen hasieran eskalatzen den harlauzak osatutako arrail txikia ikusi daiteke. Lehen paraboltera iristeko ez da soka doan lekutik igo behar, honen eskuinetik baizik.

Horma bertikalaren azpian nengoen arren, luzearen bigarren paraboltaren azpira iristeko ezker aldera 2-3 metroko zeharkaldi horizontal bat egin beharra nuen. Zeharkaldi hau lasaitasun osoz hartu nuen, harkaitz-plakaren zimurduretan oinentzat dauden heldulekuak aprobetxatuz (III+). Bilgunetik horma bertikala iruditu zitzaidan; bigarren paraboltari azpitik begiratu nionean aldiz, horma zertxobait makurtzen zela egiaztatu nuen: "Goazen Smithy!!!", animatu nintzen.

Horma babesten duen lehenengo parabolta azpitik ikusita. Argazkian bigarren parabolta ere ikusi daiteke.

Azpitik egiaztatu nuen moduan, hormaren lehen metroek zertxobait atzeraka botatzen dute baina helduleku oso onak daude. Hormaren lehen paraboltera iritsi nintzenean, besoei pisua kentzeko oinak ongi kokatu eta, express-zinta eta soka pasatu nituenean, arnasa lasai eta sakon hartu nuen: "Onaaaa!!!", animatu nintzen, luzearen pasagunerik zailena eskalatu nuela sinestuz (IV+).

Baina luzearen pasagunerik zailena lehen eta bigarren parabolten artean dago eta datu kurioso eta garrantzitsu honetaz ez nintzen gogoratzen, ez orduan behintzat, jejeje.

Horma babesten duten bi parabolten arteko 5-6 metroak amaigabeak iruditu zitzaizkidan eta nahi baino gehiago estutu behar izan nuen. Heldulekuak ez dira hasierakoak bezain onak eta fedea oinetan jarri behar da batez ere. Lehen paraboltaren gainetik metro pare bat inguru eskalatu ondoren eskuin aldera zeharkaldi motz eta horizontal bat egin behar izan nuen bigarren paraboltaren azpian kokatzeko (V). Erabili ahal izan nituen baliabide fisiko, tekniko eta, batez ere, psikologikoekin, pixkanaka metroak irabazten joan nintzen, bigarren paraboltaren babesera iritsi nintzen arte (V). Kuriosoa bada ere, luze hau bigarrenez soka gainetik nuela eskalatu nuenean ez nuen estualdirik pasatu eta askoz errazago eskalatu nuela iruditu zitzaidan.

Zeharkaldiaren ondoren bigarren paraboltera iristeko dagoen tarte bertikala.

Bigarren paraboletik gora zailtasuna zertxobait jaisten da baina, bilgunera arte parabolt gehiago ez daudenez, burua hotz mantendu behar izan nuen "bizikletaren erlaitza"-ra iristeko (IV). Horma eskalatuta, zertxobait eskuinean geratzen den bilgunera oinez iritsi nintzen, gorputzean sartzen ez zitzaidan zoriontasun batez betea.

Laugarren bilgunea irteera zuzenetik ikusita.

Irteera honi inork beldurra hartu aurretik esan beharra daukat azkeneko luze honetako horma bertikalean friend-ak trabatzeko aukera badagoela. "Orduan zergatik ez zenuen friend-ik erabili?" Pentsatu dezake bakarren batek. Kontraesana dirudien arren eta nigan ohikoa ez bada ere, egun hartan burua estutu nahi izan nuelako. Buruak bere tranpa eta mamuak jarri nahi izan zizkidan noski eta uneren batean amore ematea ere pentsatu nuen, baina eskalatzen ari zarenean iristen da puntu bat atzera bueltarik ez duzuna eta aukera bakarra goitik irtetea dena. Bob Marley-k esan omen zuen esaldi bat burura etorri zitzaidan: "batzuetan ez dago hurrengorik, batzuetan ez dago bigarren aukerarik, batzuetan orain edo inoiz ez da". friend bat trabatu izan banu burua berriro ere berearekin aterako zela pentsatu nuen. Portaera hau masokista edo zentzugabea dela pentsa daiteke baina nire barreneko txoko txiki batean eroriko ez nintzenaren konbentzimendu osoa nuen. Eta konbentzimendu honi tinko heldu nion metro hauek kontrola galdu gabe eskalatu ahal izateko.


Oraindik ez nekiena zen hamazazpi egun beranduago bide berean antzeko egoera batean egongo nintzela, oraingoan haize ufaden eraginez.


Eta horrela ba, hamazazpi egun beranduago, urriaren 26an, hirugarren luzeko arrail zoragarria babesten duen bigarren paraboltaren parean nengoen berriro ere, arraila bitan banatzen den lekuan hain zuzen ere. Oraingoan eskuineko arraila aukeratu eta, eskalatu nuenean (IV), eskuin alderako noranzkoan eskalatzen jarraitu nuen helduleku oneko harkaitz-plaka inklinatu batetik, parean ikusten ari nintzen parabolt bakarti batera zuzenduz (IV).

Argazki honetan arrail nagusia bitan banatzen den lekua ikusi daiteke (paraboltaren ezkerrean), baita irteera originalera iristeko dagoen lehen parabolta ere (sokari jarraituz). Puntu zuriz irteera zuzeneko bilgunera (karratu zuri baten barruan) iristeko jarraitu behar den bidea.

Parabolt "bakartira" iritsi arteko harkaitz-plaka inklinatua.

Parabolt bakarti honetara iritsi arteko harkaitz-plaka inklinatua trinkoa da, nahiz eta leku isolaturen batean fidagarria ez den heldulekuren bat izan (IV). Paraboltetik gora harkaitz-plakak belar tarte batzuen artetik jarraitzen du. Zailtasunaren aldetik berdintsu mantentzen zela iruditu zitzaidan (IV) diedro baten azpira iritsi nintzen arte.

Paraboltera iristen, goian diedroa ikusi daiteke (harkaitz zuri eta ilunez osatutakoa).

Diedroa ez da azpitik dirudien bezain bertikal eta beldurgarria eta helduleku oso onak dituela iruditu zitzaidan. Barruan duen arrailan askatutako harkaitzak dauden arren, eskalatzeko garaian ez zidaten enbarazurik egin.

Diedroa azpitik ikusita.

Diedroa eskalatuta (IV-), erlaitz belartsu batean dagoen bilgunera iritsi nintzen. Bilgunetik express-zinta pasatzear nengoela 2-3 metro eskasera "Mailenka"-ren azken luzeko paraboltak ikusi nituen. "Nolatan ez nuen bilgune hau ikusi " Mailenka" eskalatu edo rappelatu nuenean?". Argitu gabeko misterio bat hau ere, jejeje.

Hirugarren bilgunea. Atzean "Mailenka" bidearen azken luzeko paraboltetako bat ikusi daiteke.

Une batez haizea baretu zela iruditu zitzaidan, azken luzea erraztu nahiko balit bezala. Baina bilgunetik express-zinta eta soka pasatu nituenean haizea berriro ere harrotu egin zen, gaurko azken metroa eskalatu arte bakean utziko ez ninduela argi utziz.

- Laugarren luzea, "irteera originala", 25 metro, IV. Bilgunearen oinean dagoen erlaitz belartsutik eskuin aldera metro pare bat oinez ibili ondoren erlaitzean bertan jaiotzen den arrail tente bat eskalatzen hasi nintzen, luzearen lehen parabolteraino luzatzen dena. Metroak irabazten nituen heinean zailtasuna pixkanaka gorantz zihoala iruditu zitzaidan; lehen metroetan III+, geroago IV- eta, paraboltera iristear nengoela, IV. Parabolta gertu ez badago ere arrail honen eskalada zoragarria da eta helduleku onak ditu. Gainera, lasaitasun gehiagorako, arrailan bertan friend-ak trabatu daitezke.

Azken bilgunetik gorako nondik norakoak. Lehen paraboltera iristeko eskalatu behar den arraila zoragarria da.

Paraboltetik express-zinta eta soka pasatu eta bigarren (eta azken) parabolta identifikatu nuenean, bertara iristeko ezkerrean dagoen harlauza nabarmenera igo beharko nintzela ikusi nuen.

Lehen paraboltetik gorako zatia. Zeharkaldia egin aurretik belarrez estalita dagoen arrail zatia eskalatu behar izan nuen.

Paraboltetik gora arrailatik ia metro pare bat eskalatzen jarraitu eta, ezker hanka zabaldu eta oina koska txiki batean jarriz, gorputza ezker aldera baskulatu nuen ezker eskuarekin harlauzari helduz. Ezker besoarekin indar pixka bat egin eta harlauzara pasatu nintzen, zeharkaldi horizontal bat eginez (IV). Harlauzaren ertzari bi eskuekin helduz, ezker aldera mugitu eta harlauzaren gainera igo nintzen luzearen bigarren paraboltera iritsiz (IV). Harlauzak osatzen duen erlaitz zorrotzean kontuz ibili behar da oinak jartzen diren leku batean harri batzuk solteak daudelako. "Joder, ze luze ona!!!", pentsatu nuen paraboltetik aseguratu nintzenean.

Luzea orain arte zaila ez zitzaidan iruditzen ari, baina orain artekoak aspaldi eskalatutako metrorik ikusgarrienak iruditu zitzaizkidan.

Zailena atzean utzita nuela pentsatu nuen arren, paraboltetik gaineko lehenengo 3-4 metro bertikalek luzea eskalatzen den arte garaipenik ez dela ospatu behar gogorazi zidaten. Metro hauek bertikalak badira ere, helduleku oso onak dituzte, arrail eta harlauzez beteak daudelako. Izan ere, friend-ekin aseguratzeko aukera handiak ditu nahiz eta, irteera zuzena eskalatu nuenean egin nuen bezala, aukera hau burutik baztertu.

Luzearen bigarren paraboltetik gorako zatia. Luzea amaitu arte ez da garaipenik ospatu behar.

Argazki honetan azkeneko luzearen lehen metroetako krokis zehatza ikusi daiteke.

Hasiera batean uste nuena baino estutasun gutxiago pasatuz erlaitz txiki batera iritsi nintzen (IV) eta bertan ezusteko galanta hartu nuen, erlaitz txiki honetara igotzeko eusteko eskatzen digun harkaitz-bloke handi bat kolokan dagoelako. Hala ere, ez dago zertan harkaitz-bloke horri heldu behar erlaitzera igotzeko.

Erlaitzetik behera egindako argazki honetan nire oinaren ondoan ikusten den harkaitz-blokea da kolokan dagoena.

Erlaitzetik gora horma zertxobait inklinatzen da eta heldulekuak oparoak izaten jarraitzen dute (III+), auto-babesteko primerakoak. Tarte honetan kolokan zegoen harkaitzen batekin kontuz ibili behar izan nuen arren beti topatu izan nuen harkaitz-plaka sendoan helduleku trinkoren bat.

Horma inlinatuaren amaieratik behera egindako argazkia.

Horma inklinatua eskalatuta (III+), "bizikletaren erlaitza"-ra iritsi nintzen, baita bilgunera ere.

Laugarren bilgunea irteera originaletik ikusita.

Irteera zuzena eskalatu nuenean bezala, bilgunera gorputzean sartzen ez zitzaidan zoriontasun batez betea iritsi nintzen. Oraindik "Mailenka" rappelatu behar banuen ere, nire buruaz oso harro sentitzen nintzen, eskaladaren hasieran (baita tarteka eskaladan zehar ere) agertu ziren mamuek eragindako zalantza eta beldurrak kudeatzeko gai izan nintzelako, kontrola galdu gabe. Errazena haizearen "aitzakia" erabiliz etxera itzultzea izango balitz ere beti izango nuen "eta saiatu izan banintz?" galdera buruan. Berriro ere Bob Marley-ren esaldia burura etorri zitzaidan: "batzuetan ez dago hurrengorik, batzuetan ez dago bigarren aukerarik, batzuetan orain edo inoiz ez da". Inork ez ditzala hitz hauek ulertu zuhurgabekeriaren aldeko aldarrikapen bat bezala, haizearen eraginez, edo beste edozer gauzagatik, nire burua arriskuan ikusi izan banu eskalada bertan behera utziko nuelako bitan pentsatu gabe. Izan ere, oraindik ere ez daukat oso ziur non dagoen erosotasun eremuaren amaiera eta zuhurgabekeriaren hasieraren arteko muga, nahiz eta muga honetara inoiz iritsi ez naizela ziur nagoen.

Zebilen haizerako lau rappelak nahiko ongi egin nituen, soka inon nahaspilatu gabe.

Azkeneko luzean eskalatzen den harlauz ikusgarria lehen rappeletik ikusita.

"Orain bai, bidea eskalatutaaa!!!!", esan nion nire buruari azkeneko rappelaren amaieran sokaren goiko muturra oinetara iritsi zenean. Zoriontasun eta harrotasun sentimenduen arteko nahasketaren eraginez hunkituta nengoen, bizipozez betea. Katu oinak alde batean utzita erlaitzean oinutsik etzan eta, hego-haizeak behatzak freskatzen zizkidan bitartean, eskertua eta zorionekoa sentitu nintzen, bake sentsazio batez kutsatuz.

Hau bizipoza!!!!

Ez dakit zenbat denbora egon nintzen "meditazio" egoera honetan baina laburra iruditu zitzaidan. Motxilak berriro ere pisua hartzen zuen bitartean Itziri mezu bat bidali nion eskalada amaitu nuela esateko:

- Larraitzera jaistea bakarrik falta zait.
- Oso ondo - erantzun zidan -. Disfrutatu dezu?
- Ikaragarri!!!

Ekialdeko filosofiaren arabera ezer ez da aldaezin mantentzen eta dena aldaketa etengabean dago. Duela hilabate horma honetan eskalatu nuen lehen bidetik aldatuta sentitzen nintzen. Egun bakoitzean horma ere ezberdin topatu nuen, baita eguraldia ere. Eskalada bakoitzaren ondoren zerbait eraman nuen, zerbait ikasi nuen, zerbait aldatu nuen, zerbait eboluzionatu nuen. Ez dut pedante itxura eman nahi, baina hori guztia sentitu nuen Larraitzerainoko bidea urratzen hasi nintzenean.

Azkeneko hilabetean jomuga izan dudan hormari azken begirada.

"Petrel" bide zoragarria iruditzen zait, bakartia, autobabes-eskaladan hasteko aproposa, inongo zalantzarik gabe. Friend eta artaka-trabagailuak eramaten ez baditugu buru hotzarekin eskalatzea eskatuko digun bidea da, honegatik entrenamendu mota honetarako ere bide aproposa izan daiteke.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Rodriguez JM Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa (Guía), 171-176. Edición: Euskal Herriko Mendizale Elkargoa, 1979.
- Obeso G., Arrieta Tx. Gipuzkoako eskalada Gida - Guía de escalada de Gipuzkoa, 160. Edición: Euskal Mendizale Federakundea, 2002.
- Gipuzkoako Mendi Federazioa. Txindoki liburuxka teknikoa. Eskuragarri: https://www.gmf.eus/galeria/2021/Eskalada%20Guneak/WEB%20TXINDOKI.pdf.
- Eskalatzen bloga. Txindoki - Petrel (4b, 90 m, derrigorrez 4a) y Patxirena (4b, 90 m, derrigorrez 4a). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2010/10/txindoki-petrel-4b-90-m-derrigorrez-4a.html