AZKEN 10 SARRERAK

2012/08/11

ACHAR DE ALANO, BLASI-PICAZO BIDEA, 375 m. (V+, A1), 2012-07-30

Pi-pi-pi-pi-pi!!!!!!! Goizeko zazpi t'erdiak. Minutu batzuetan alperkerian aritu ondoren komunera joan leihotik begiratu eta zein eguraldi zegoen ikusi ondoren Josuren ohera hurbildu nintzen: "Ze egualdi deu?" galdetu zidan, "earra" erantzun nion "gaur behintzet egualdie ez da aitzakie izango bidea ez bukatzeko".
"Uff!!! iztarretan agujetak punttu-punttun dauzket" esan nion "notatzea aspaldin mendin ibilibe naizela".

Motxilak egin, kotxean gorde eta gosaltzera joan ginen. Atzoko eguna itzela izan zen, "Ea gaurkoa hobea den" pentsatu nuen.

Gosaldu eta gero kotxea hartu eta zortzi t'erdietarako Taxeras Parking-era itzuli ginen.

Achar de Alano Zurizako kanping-etik.


DATU BATZUK

Erabilitako materiala: 14 express zinta, Alien semaforoa, Lincam hori eta gorria, 3ko Camalota, fisurero joku erdia eta hamar bat baga (luze nahiz motzak).
Bidearen ekipatzaileak: Roberto Blasi eta Antonio Garcia Picazo 2008eko ekainaren 15ean.
Orientazioa: Ipar-mendebaldea. Orientazio hau dela eta primerako bidea da egun beroetan egiteko eguzkiak ia ez baitio ematen, honegatik komeni da erropa pixkat eramatea hotzik ez pasatzeko. Ura eramatea ere komeni da bide osoan ez baitugu topatuko.
Luzeak: 11, baina lehenengo biak ensanblean nahiz soka gabe egin daitezke.

BIDEAREN KROKISA

Krokisa Zurizako kanping-eko tabernan lortu genuen. Dena den interneten leku askotan ikusi daiteke.

Antonio Garcia Picazoren krokisa, Zurizako kanping-ean lortuta.


Nik eginiko krokisa, bidea gutxi gora behera nondik doan markatu dut.


DESKRIBAPENA

Bidera hurbiltzeko. Trasteak prestatu eta eguzkitako krema eman ondoren, goizeko 8:40tan goruntz abiatu ginen.

Achar de Alano Taxeras parking-etik. Rgazkian leku interesgarri batzuk markatu ditut: sarrerako kanala, bosgarren luzea zeharkatzen duen blokea eta aristan dagoen "El Duende" (Duendea) bloke berezia. Istripua izango nuen lekua ere markatu dut.


Blasi-Picazora doan bidea Mengual-Picazora doan ibilbide beretsua da zati handi batean. "Ni gaur atzo baino polikixeago jungo naiz, ea gutxienez izerdi gutxi botata ailegatzen naizen" esan nien bromatan. Dena den, kontutan izanda atzo baino ia bi ordu lehenago abiatu ginela denok erritmo lasai bat hartu genuen.

Abiatzeko prest, bidea nondik doan markatu dut.


Pagadia atzean utzi ondoren, pareta ikusgarria da. Istripua izandako lekua gutxi gora behera non izan zen markatu dut.


1750 metro ingurura, zelaia atzean utzi eta lehen arkaitzak hasten diren lekuan, Taxeras lepora doan bidea utzi eta eskuineruntz (ekialderutz) hartu genuen bidearen sarreraren bila.

Achar de Alano mendira doan bide normala utzi ondoren. Hemendik aurrera jarraitutako bidea markatu dut


Bidearen hasierara ailegatzeko Achar de Alano mendiaren ipar aurpegiaren azpikaldea aldez-alde zeharkatzen duen arkaiz iluneko geruza zabalaren eskuinean hartu behar da, bertan hito bat topatuko dugu. Kotxetik honaino ordubete eskas pasa genuen.

Pixkanaka lehen hitora hurbiltzen.


Behin puntu honetan gaudela, berau 60-80 metro inguruan jarraitu beharko dugu bira zabal bat jarraituz beste hito batekin topo egin arte (I).

Lehen hitoa atzean utzi ondoren, bira zabalaren lehen metroetan.


Bigarren hitoa bideari hasiera eman eta kotxetik argi ikusten den tximini zabalaren sarreran dago. Puntu honetara ailegatu, pixkat jan, edan eta atseden hartu ondoren, eskalatzailez mozorrotu eta bidea hasteko prestatu ginen.

Asier tximinia zabalaren hasieran. Bigarren hitoa ikusi daiteke.


Lehen luzea, 50 metro, III. "Behingoz bide bat nik hasi beharkoet" komentatu nien. Beti bezela, Izagirretarrek ez zuten inongo eragozpenik jarri eta Josuri argazki kamera utzi ondoren bideari ekin nion. Luzea oso erraza da baina harri soltez josia dago. Konzentrazioa eskalatzen baino harriak ez botatzean jarri behar da, baina luze polita da.

Lehen luzearen erdialdean.


Tximinia amaitzen den lekuan horma batekin topo egingo dugu. Horma hau ekiditeko eskineruntz hartiko dugu.

Hormaren azpian, eskuinaldera hartzen.


Behin horma gainditu ondoren ezkerreruntz hartuko dugu bilgunea hormaren gainean dagoen arkaitz bloke handi batean dago eta.

Bilgunera ailegatu ondoren, Asier hasteko prest.


Bilgunea parabolt batez osatua dago, baina paraboltaren ondoan baga bat sartu daiteken laja bat dago bilgunea indartzeko.

Lehen bilgunean.


Luze osoan asegururik sartu ez nuela ikusi ondoren Josu eta Asier bilguneruntz di-da batean abiatu eta nigana ailegatu ziren. "ostia, luze guapoa eh?" Josuk, "pena hainbeste harri aske eotea, bestela, gozatzeko mukoa ta berotzen hasteko earra" erantzun nion.

Bigarren luzea, 40 metro, II. Bigarren luze honi Asierrek eman zion. Luzea bilgunetik eskuineruntz doa diagonalean eta ez dauka ezertxoere gehienean oinez egiten delarik.

Bigarren luzean, lehen metroak oinez egiten dira.


Bilgunera ailegatu aurretik trepadatxo erraz batekin topo egingo dugu (II).

Asier trepatxo errazaren hasieran.


Bilgune hau ere parabolt bakarrez osatua dago eta leku oso eroso batean kokatua dago.

Bigarren bilgunea.


Nik lehenengo bi luze hauek erraz asko sokarik gabe egin daitezkela uste dut, baina hau iritzi pertsonal bat besterik ez da.

Hirugarren luzea, 30 metro, IV. Traste guztiak lehen luzetik arnesean zehar zintzilik nituela ikusita, luze honi nik ematea proposatu nien. Beti bezela, ez zuten inongo arazorik jarri. Luzea bilgunearen eskuinean hasten den tximinia zabal batetik gora doa. Luzearen erdia oinez egiten da, gero tximinian osorik sartuko gara trepada erraz batzuetatik luzeari gradua ematen dion pausurarte (IV).

Hirugarren luzean, oinez egiten den metroetan.


Tximinira sartzeko prest.


Pausua bi bloke igoz gainditzen da. Heldulekuak nahiz eta onak izan harri askez josiak zeudenez, lincam gorriarekin aseguratu nuen.

IVko pausua hasteko prest.


Friend egoki bateb bila.


Pausua gainditzeko prest...


...eta pausua gainditu ondoren.


Bilgunea pausuaren ondoren dagoen ezkerreko plakan dago eta bi paraboltez babestua dago.

Josu IVko pausura hurbiltzen...


...eta pausuarekin borrokan, bilgunea non dagoen ikusi daiteke.


Asier bilgunera ailegatzen.


Hirugarren bilgunean.


"Bidea oaingoz politte dijo, ez?" Josuk, "atzokokin konparauta notatzea jende hemendio jende guxigo pasa dela" nik, "bai, oaindio ondo garbittu behar da" Asierrek.

Laugarren luzea, 15 metro, A1, V. "Ta oain ze dator?" Josuk. "Ba krokisen arabera bideren luzeik zallena oaingoa da" esan nion bezperan krokisari ateratako argazkia aztertu ondoren. "Gustauko litzaiake nei ittea, Asier, inporta zaizu?" galdetu zion Josuk, "segi lasai, negatik arazoik eztau" Asierrek. Josuk txintxilikario guztiak arnesean jarri eta gero luzeari eman zion. Luzeak lehen metroetan plaka bat zeharkatzen du diagonalean ezkerreruntz sabai baterarte. Bilgunearen ezkerrean txapa bat jarria dago eta jarrita dagoen bezela uste dugu pausu hau dela A1-ean egin beharrekoa. Josu bilgunearen eskuinetik zuzen abiatu zen metro pare bat igo ondoren eskuin-ezkerreko trabesia bat egiteko (IV).

Eskuin-ezkerreko trabesian. Argazkiaren azpian A1-ean egiteko txapa ikusten da. Nahiz eta expresa jarri ez genuen erabili.


Trabesiaren ondoren sabaiara ailegatuko gara eta hemen dago luzearen pausua (V). Pausua ondo dago babestua, Sabaiaren azpian iltze bat eta gainean parabolt bat topatuko ditugularik. Aseguruetatik aparte, pausuak helduleku bikainak dauzka nahiz eta extraplomatua izan.

V+eko pausuan. Eskuin oina duen lekuan iltze bat jarrita dago


Pausua gaindituta.


Bilgunea pausutik irten eta metro batzuetara dago errepisa eroso batean eta bi parabolt dauzka.

Bilgunera ailegatzen.


Josu laugarren bilgunean, V+ pausutik bilgunera dagoen tartea ikusi daiteke.


"Ostras Josu, oso ona, zorionak!!!" esan nion pausua atera nuenean. Pausua atera, Josuri aseguratzeko eskatu eta Asierren luzea grabatu nuen.

Asier hirugarren bilgunetik irtetzeko prest.


Lehen metroetan.


Bideo bat argazkia baino hobea denez, hona hemen Asierren luzea. Ikusten denez luzea oraindik harri solteak ditu.

"Zeinen txanda da oain?" galdetu nuen erdi txantxetan. "ustet nere txanda dela" Asierrek. Argi zegoen denok izugarri ari ginela disfrutatzen eta irrikitan geundela gure luzeei aurre egiteko.

Laugarren bilgunean. Ikusten denez, bilgune hontan errapelatu ahal izateko argoilak daude


Bosgarren luzea, 30 metro, V+. Luze honek paretaren erdian dagoen izugarrizko arkaitz-bloke enpotratu bat inguratzen du bere ezkerraldetk. Laugarren bilgunetik ezkerreruntz doa 15 metro inguruan trabesia bat eginez (III), trabesiaren amaieran parabolt bat topatuko dugularik. Parabolt honetan txapatzen badugu, komeni da baga luze bat jartzea gerora soka hobe pasa dadin.

IIIko trabesian.


Txapatu ondoren.


Trabesiaren ondoren luzeak gora jotzen du blokearen ezkerretik 10 metro inguruan, luzearen pausua hemen dagoelarik (V+).

V+eko pausua hasteko prest.


Luzea amaitu ondoren, bilgunean.


Nahiz eta blokearen azpian sartzea tentagarria izan, hobe da zati hau bloketik metro pare bat ezkerrerago egitea, bertan dauden paraboltei jarraituz, hemen baitaude heldulekurik onenak.

V+eko pausua, hobe txapei jarraituz igotzen badugu.


Josu pausuaren hasieran...


...erdialdean...


...eta amaieran.


Behin zati hau igo ondoren, blokearen gainetik eskuineruntz trabesia eginez bilgunera ailegatuko gara (IV).

Bilgunera ailegatzen.


Bilgunea bi paraboltez babestua dago.

Bosgarren bilgunea, hemen ere errapelatu ahal izateko argoilak daude.


"Asier, zuri V+ iruittu zaizu?" galdetu nion bilgunera ailegatu nintzenean. "Nei, ez, nik IV+ emango nion" erantzun zidan. Josuri galdera bera egin ondoren "ni por el forro" erantzun zuen. Gure uste apal eta subjetiboan, eta Asierren iritzia aintzakotzat hartuz, luzeak IV+ izango du.

Seigarren luzea, 15 metro, A0, V. Luze honi bizpairu begirada bota ondoren, trasteak zintzilikatu, arnasa hartu eta bilgunetik atera nintzen bi anaien animoez babestuta. Luze hau ere ederra da, lehen 8-10 metroetan plaka batean zehar trabesia bat egiten da eskuineruntz diaginalean (bi parabolt). Trabesiaren ondoren luzeari gradua ematen dion pausua datro: bloke batzuk igo beharko ditugu (iltze bat) bilgunera ailegatzeko. Nik badaezpada blokeak gainditu ondoren, hauen eskuinean dagoen pitzadura batean lincam horia jarri nuen.

Izagirretarrak seigarren bilgunetik.


Blokeak gainditu ondoren bilgunera (bi parabolt) erraz ailegatuko gara.

Seigarren bilgunea.


Bi anaiak bilgunera ailegatzen.


"Haure eztet uste V denik, ta A0koa eztakit ba" komentatu zuen Asierrek. "Neire etzait hain zalle iruittu" komentatu nien. Luze honi IV edo IV+ emango geniokela adostu genuen.

Zazpigarren luzea, 35 metro, V-. Luze honi Asierrek aurre egin zion. Hasieran nahastu egin ginen eta IIIko gradua zuela uste genuen, baina Asierrek pausu batean pasa zituen izerdien ondoren krokisean V- gradua ematen diotela konfirmatu genuen. Luzea bilgunetik eskuinera ateratzen da asegururik gabeko laja batetik (IV). Asierrek hemen bi friend sartu zituen eroriz gero pendulo majoa dago eta.

Lajaren hasieran, IV.


Lajaren erdialdean. Ez da zaila, baina niri deserosoa egin zitzaidan.


Pausu honen ondoren diagonalean jarraitu behar da parean ikusiko ditugun bloke batzuren bila.

Blokeen hasieran.


Friend pare bat (horien artean Camalot 3-a) sartu eta blokeak gainditu ondoren (V-), hauen gainean luzean topatu genuen parabolt bakarra topatuko dugu.

3ko Camalota sartzeko prest.


Pausua gainditu ondoren. Asier dagoen lekuan luzeko parabolt bakarra topatu genuen.


Parabolt honen ondoren eta trepada erraz baten ondoren (III) bilgunera ailegatuko gara (bi parabolt). Bilgunea hurrengo luzean aristara eramango gaituen horman topatuko dugu, behetik argi ikusten den eta ipar aurpegiaren goikaldea eskuin-ezker zeharkatzen duen bira-kanal batean.

Zazpigarren bilgunea.


"Ostia, luze hau IIIkoa bada, menuda kaña!!" komentatu nien. "ba bai, oain arte jarritako graduaziokin eztauke zerikusik" Josuk. Esan bezela, gerora konturatu ginen luzearen graduazioa V- koa dela.

Zortzigarren luzea, 45 metro, A0, V+. "Hau da zailtasunen gelditzen den azkena" esan nien. "Ordun emangoiot nik" esan zuen Asierrek "beste luze gogorrai Josuk eman diota". "Primeran, hola ni atzeko errepisan geauko naiz argazkik ateatzen" esan nien. Luzea zazpigarren bilgunetik 5 metro inguru eskuinera dagoen erdi-diedro batean hasten da bira-kanal zabala jarraituz.

Zazpigarren bilgunea (ezkerrean markatu dut) eta zortzigaren luzea hasten den tokia.


Luzearen hasieran bloke handi bat dago eta bertan bilgune bat jarri genuen baga luze bat aprobetsatuz.

Baga luze batekin bilgunea jarri ondoren, luzeari emateko prest.


Luzeak urre koloreko parabolt batzuk jarraitzen ditu. Lehenengo bost metroak nahiko bertikalak dira, baina paraboltak ondo jarriak daude (gainera aseguruak jartzeko aukera gutxi dago) eta A0n igotzeko aukera ere ematen du.

Lehenengo parabolta txapatu ondoren.


Bigarren expresa jarri eta soka pasatzeko prest.


Lehen bost metro hauen ondoren luzeari gradua ematen dion V+ eko pausua dator. Pausu honen gakoa oinak ondo jartzean datza, nahiz eta helduleku onak izan eskuentzako presen arkaitzaren sendotasuna dudazkoa baita. Pausu honetan izan zen istripua izan nuen lekua, honegatik hemendik aurrera egingo dudan deskribapena Asier eta Josuk esandakoaren arabera izango da.

Asier V+ pausuan. Pausu honetan istripua izan nuen.


Pausua gainditu ondoren.


Behin pausu hau gainditu ondoren gradua jaitsi egiten da metro batzuetan azken horma baterarte. Azken horma hau gozatzen igotzen den horietakoa da (IV) eta aristara eramango gaitu, bilgunea (bi parabolt) aristaren bestaldean kokatzen delarik.

Aristara eramango duen IVko pausuan.


Azken esfortzua.


Aristara ateratzen, hau izan zen atera nuen azken argazkia.


Esan bezela, hemendik aurrerako deskribapena Asier eta Josuk esan didatenaren arabera azalduak daude. Tamalez, nahiz eta Josuri argazki kamera utzi, istripuaren ondorengo tentsioa, berandu egiten ari zela, eta batez ere Jacako Ospitalera nire bila joan behar zirela eta ez zituen luze hauetako argazkirik atera. Ulergarria da, edozeinek ere, honelako egoera bat bizi ondoren ez zen kontu askorako gauza izango.  

Bederatzigarren luzea, 40 metro, III. Bilgunetik metro batzuk destrepatu behar dira (aristaren bestaldetik) goruntz zuzen doan tximinia-zabal batera ailegatu arte. Hemendik gora jarraituko dugu bilgunera ailegatu arte. Bilgunea "El Duende" izena duen ageriko blokearen ondoan dago (bi parabolt). Luze honetako arkaitzaren kalitatea izugarria da.

Hamargarren luzea, 45 metro, IV. Luzea nondik nora doan agerikoa da arkaitzaren kalitate ona aprobetsatuz. Luzearen pausua (IV) bloke bat gainditzean dago. Bilgunea bi paraboltekin babestua dago.

Hamaikagarren luzea, 30 metro, IV. Luzea orokorrean erraza eta disfrutatzen den horietakoa da, beste gauzen artean, arkaitzaren kalitatea dela eta. IVko pausu soila dauka, baina erraz gainditzen da. Bilgunea bi paraboltekin babestua dago.

Azkenean, abentura guztien ondoren, Josu eta Asierrek 17:40 aldera Achar de Alano mendiaren gailurra zapaldu zuten.

Asier...


...Josu...


...eta bi anaiak Achar de Alano (2099 metro) mendiaren gailurrean. Ez dakit ba ospakizun handietarako ote zeuden.


ESKERRAK

Blog txiki hontatik abentura hontan parte hartutakoei eskerrak ematea besterik ez daukat:

- Josu eta Asierri momentu osoan izandako lasaitasun eta kontrolarengatik. Honelako egoeratan inguruan dituzun lagunak zer nolakoak diren konturatzen zara eta nire kasuan altxor preziatua dudala argi daukat.

- Emergentzietako koordinatzaileei eta GREIM-ari bereziki izan zuten jarreragatik, haizetearen gainetik arrisku handia hartu eta helikopteroan handik atera nindutelako. Sentitzen dut beraien izenekin ez gogoratzea, batez ere nire bila jaitsi zen "Greiman"arena, tentu eta profesionaltasun osoz helikopterora igo ninduelako. Helikoptero barruko atentzioa ere akojonantea izan zen.

- Isabeli, helikopteroko erizainari, bere xuabe eta gozotasunagatik, honelako min eta tentsio egoeratan lasaitasun eta konfidantza ematen duen norbait ondoan izatea izugarri kontsolatzen du.

- Anbulantzia gidariari, Jacako Ospitaleko bidean topatu genituen oztopoen gainetik fi-fin gidatu zuelako.

- Jacako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko profesionalei izan zuten atentzio azkar, profesional eta etengabekoagatik.

- Modu batera edo bestera kezkatu eta animo mezuak bidali duzuen guztioi.

Amaitzeko Itziarri, ardura gehien zuena eta berriro ere eskalatzen hasi arte jasango nauena. Bihotza bularrean sartzen ez zaion emaztea daukat.

Milesker denoi bihotz-bihotzez.

Josu eta biok Jacako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzutik ateratzen.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina