AZKEN 10 SARRERAK

2012/08/09

ACHAR DE ALANO LEHEN ORRATZA, MENGUAL-PICAZO BIDEA, 310 m. (V+, Ae), 2012-07-29

Ringgg, Ringgg.
- Bai?
- Atsaldeon Josu
- Baita zurire
- Aurten e festetan zerbait in beharko deu ezta?
- Ziur zerbait pentsau dezula.
- Ba bauzket bi proiektutxo Frantzi alden, ea gustatzen zaizkizun. 

Urtero bezela, herriko festetan mendira nora joan pentsatzen aritu nintzen. Iker Peru aldera joana zen eta Lekuk Elirekin planak zituenez, oraingoan Josu, Asier eta hiruok nora joan planeatzen hasi ginen. Hasiera batean Larribet aldera joatera proposatu nien, bertan ireki berri dituzten eskalada bide batzuei saiakeratxo bat egin asmoz. Baina abiatu baino hiru egun lehenago Josuk deitu zidan Frantzian eguraldi txarra iragarrita zegoela esanez. Aemet, Euskalmet, Accuweather eta Meteofrance orriak irekiak nituela Josuri deitu nion:

- Bueno Josu ea egualdi ona nun dagoen.
- Gourette?
- Egualdi txarra.
- Benasque?
- Ez due oso fidagarrie ematen. Baina Izaba alden ez due txarra ematen. Zuriza aldera juten bagea? Aspalditik daukeu Mengual-Picazo bidea itteko gogoa, ta ondo ibilizkeo inguruko besten bat e in dezakeu. Ze ustezu?
-Oso ona, anaiari esango diot.

Hamar minutuetan hasierako plana aldatu, Zurizako kanping-eko albergean lekua hartu eta motxila egiten hasi nintzen. Gure plana? Uztailaren 29an herritik goizean atera, posible izanez gero egun berean Achar de Alano mendiaren lehen orratzera doan Mengual-Picazo bidea egin, Zurizako aterpean lo egin eta 30ean Ezkaurre aldean zerbait egin. 29an eguraldia oso fidagarria izango ez balitz Linza aldean dauden deportibako bideei bisitatxo bat egin eta Mengual-Picazoa 30erako utziko genuen.

Goizeko zortzirak eta laurdenean herritik atera ondoren, 10:45tarako Taxeras parking-era ailegatu ginen. "Nola ikustezue?" Izagirretarrei galdetu nien. "Beno, ebiik ingo donik ez do ematen" erantzun zuen Asierrek. Honela ba, trasteak prestatu eta bost minuetan martxan hasi ginen.

DATU BATZUK

Erabilitako materiala: 14 express zinta, Alien semaforoa, Lincam hori eta gorria, fisurero joku erdia eta hamar bat baga (luze nahiz motzak).
Bidearen ekipatzaileak: Jordi Mengual eta Antonio Garcia Picazo 2005eko abuztuaren 8an.
Orientazioa: Mendebaldea. Orientazio hau dela eta primerako bidea da egun beroetan egiteko eguzkiak ia ez baitio ematen, honegatik komeni da erropa pixkat eramatea hotzik ez pasatzeko. Ura eramatea ere komeni da bide osoan ez baitugu topatuko.
Luzeak: Krokisean zortzi azaltzen dira baina guk azkeneko biak ensanblean egin genituen.

BIDEAREN KROKISA

Krokisa leku ezberdinetan topatu dezakegu: interneten, Antonio Garcia Picazok idatzitako "Guía de Escalada en roca Valle de Ansó" liburuan eta Zurizako kanping-eko tabernan. Azkeneko hontan inguruko bide guztiak topatzeko aukera izango dugu.

Antonio Garcia Picazoren krokisa.


Neronek eginiko hala-nolako krokisa.


DESKRIBAPENA

Bidera hurbiltzeko. Bidearen hasierara doan bideak ez dauka inongo galerarik. Taxeras Parking bertatik (1270 m.) orratza ikusten da eta Achar de Alano mendira doan bidea jarraitzera besterik ez dugu, bide hau Parking-etik bertatik markatua dagoelarik.

Asier Taxeras Parking-ean irteteko prest, bidea gutxi gora behera nondik doan markatu dut.



Bideari 10:50tan ekin genion. Parking-en ondoan dagoen erreka gurutzatu ondoren pagadi batean sartuko gara.

Pagadira sartzen.


Honelakoetan pasatzen den bezela, "hemen e onttok eongo die" esatea ezin izan genuen ekidin.

Pagadian, bidea oso ongi dago markatua.


Lehen maldatxo batzuk, Parking-etik gora doan pista batzuetan gurutzatu eta pagadia atzean utzi ondoren, borda eta ikuilu batzuetara ailegatuko gara (1520 m., 11:10).

Pagaditik ateratzen.


Pagaditik atera eta Achar de Alano mendia eta gure gaurko helburua parez pare izango ditugu.


Gaurko helburua gertuago....


Borda/ikuiluetatik ikusi daiteken panorama itzela da.


Hemendik aurrera pagadiak zelaiari paso emango dio eta malda ere zertxobait tentetuko da. "Ufff nola notatzea aspaldi ez naizela mendin ibili!!!" bota nien bi anaiei izerdi patxetan igotzen ari nintzela.


1750 metro ingurura zelaia atzean utzi eta harrikara hasiko da, baina bidea gozo doa ibilbidea erraza delarik.
Pixkanaka bidera ailegatzen...


Taxeras lepora (1910 m.) ailegatu aurretik bi arkaitz bloke handi topatuko ditugu bertan bidea hasten delarik. 11:50ak aldera bidearen hasierara ailegatu ginen, Izagirretarrak frexko-frexko eta ni ahal izan nuen bezela.

Trasteak prestatzen ari ginela bidea egitetik jaisten ari ziren bi eskalatzaileekin topo egin genuen. Beraiekin solasalditxo bat izan ondoren baliagarri izango litzaiguken informazioa eman ziguten: paretan haizea zebilela eta bosgarren luzeko pitzadura hezea topatuko genuela. Eskalatzaileak agurtu eta bideari ekin genion.

Josu prest.


Lehen luzea, 35 metro, V+. Lehen luze honi Asierrek eman zion. Luzea hasi eta berehala laja bat duen pausua topatuko dugu (IV).

Asier IVko pausura sartzen...


...eta gainditu ondoren


Laja hau pasa ondoren metro batzuetan eskalatu eta luzeari gradua ematen dion tximiniara ailegatuko gara (V+).

V+ pausuaren sarreran.


Asierrek tximinian alde batera eta bestera ibili ondoren, tximiniatik kanpo, honen eskuinean friend bat sartu, berriro ere tximiniaren barrura sartu eta pausua atera zuen.

Tximiniaren eskuin aldetik pausua atera nahian.


Pausua friend batekin babestu ondoren, berriro ere tximinian...


Pausua gainditu ondoren.


Pausu honen ondorenetik bilerara gradua berriro leuntzen da (IV). Bilgunea bi paraboltekin babestua dagoen errepisa eroso batean dago. "Zemuzkoa?" oihukatu genion. "enintzen ondo akordatzen baño kostau zait" erantzun zigun. Sokak jaso eta arnesean tiroikada sentitu ondoren, Josuk eta biok bideari ekin genion.

Luzea hasi azpitik honela ikusiko dugu.


Ez dakit hotzagatik edo, baina lehen luze  hau ateratzeko izerdi galantak pasa nituen Josuren animoekin.

Josu IVko pausua pasa ondoren.


Pausu gogorra "en derrigor" teknikan atera eta Josuren zai gelditu nintzen argazkiak ateratzeko. Josuk pausua di-da batean atera zuen: "luze guapo-guapoa", esan zigun "ta arkaitza izugarrie". Guri kostatu zitzaiguna eta gero "buenoooo" batekin erantzun genion. Egia esateko, arkaitza oso ona dauka.

Josu V+eko pausuaren sarreran.


Oinak non jarri bila...


...eta pausua gainditu ondoren.


Asier lehen bileran gure zai.


Lehen bi luzeen krokisa


Bigarren luzea, 25 metro, IV. Josuren txanda. Luzeak ez dauka misterio handirik. Bilgunetik atera ondoren (III), diagonalean doan tximinia etzan batetik gora doa (kontuz harri solte asko dago eta).

Josu IIIko pausuan.


IIIko pausuaren ondoren IVko pausura ailegatu aurretik dagoen diagonal hautsian.


Tximinia honen bukaeran bideari pausua ematen dion pausu bertikala topatuko dugu (IV).

Pausura sartzeko prest.


Pausua ez da zaila, helduleku onak dauzka eta parabolt batez dago babestua.

Josu pausua gainditu ondoren.


Bilgunea pausuaren ondoren dagoen leku eroso batean dago, lehen bilgunea bezela, bi paraboltez babestua.

Asier bilgunetik irten ondoren, III.


...eta IVko pausuan.


Lehenengo bi luzeen detailea, argazkia jaitsieran aterata dago.


Hirugarren luzea, 30 metro, IV. Nire txanda. Bilgunetik atera eta bertan dago gradua ematen duen pausua parabolt batez babestua (IV). Nire uste xumean pausu honek ez dauka markaturiko gradua, baina iritzi erabat pertsonala da. Pausu honen ondoren, bigarren luzean jarraitu dugun diagonala jarraitzea besterik ez da, trepada erraz batzuetatik hasieran, eta bidexka bat jarraitzen ondoren. Bilgunea errepisa zabal batean dago, beste bilguneak bezela bi paraboltez babestua.

Hirugarren luzeko bilgunea. Tamalez hau da luze honetan atera genuen argazki bakarra


"Zemuz dijo?" galdetu nien bi anaiei, "oaingoz politte" erantzun zidan Josuk. "Ba oain datoz luzeik polittenak" esan zuen Asierrek.

Asierrek komentatu zigun berak bide hau egin zuenean laugarren eta bosgarren luzeak batean egin zituela baina sokak gehiegi tira egin ziola. "Zuk ikusikozu" esan zion Josuk "denboraz ondo goaz ta beharbada hobe luzeak daren bezela itten baditteu". "Nik e bitan ingo nittuzke" komentatu nuen. Honela ba, bi luzeak krokisean dauden bezela egitea adostu genuen.

Laugarren luzea, 30 metro, Ae (askean 7ko gradua omen du). Esan bezela luze honi Asierrek eman zion.

Asierrek luzeari emateko prest.


Luzea hasiera batean ezker-eskuin doa plaka batetik gora doa (V).

Trabesiaren hasieran...


...eta trabesiaren ondoren


Honen ondoren belar fajatxo bat pasa eta luzea nahiz bideari gradua ematen dion pausura ailegatuko gara. Pausu honetan paraboltak nahiko gertu daude eta A1-ean ongi ateratzen da. Pausua Asierrek maisutasun handiz pasa zuen express bakoitzetik baga bat zintzilik utzi zuelarik. Bagetatik tiraka eta bagetan oinak sartuz pausua erraz atera genuen.

Asier Ae pausuan.


Pausua gainditu ondoren.


Bilgunea jarrita, gu hasteko prest.


Josu oraingoz bidearekin gozatzen.


Bideo honetan Josu Ae pausua gainditzen ikusi daiteke.


"Ea oain nola sartzen gean" esan zidan Asierrek bilgunera ailegatu nintzenean. Bilgunea bi paraboltez dago babestua baina hiruentzat lekua eskasa zegoenez, Josu ailegatu, materiala eman eta ia atseden hartu gabe bosgarren luzeruntz abiatu zen.

Bosgarren luzea, 30 metro, V+. "Hau zemuzkoa da?" galdetu zuen Josuk atera aurretik. "Zailtasune goiko pitzadura zabal hortan omen dau, irakurri detenez ez omen da barrun asko sartu behar" komentatu nion. "Nei kostau zitzaidala ustet" esan zuen Asierrek. "Ea ba" Josuk. Luzea pitzadura fin batetik gora hasten (V+) pitzadura zabal batera ailegatuko garelarik (V+).

Josu lehen pitzaduraren hasieran, V+.


Luze honetan aseguruak urrun gelditzen direla eta bi pitzadurak erabat bertikalak ez direnez Josuk friend bat baino gehiago sartu zuen luzea babesteko. Hau gutxi ez balitz, bi pitzadurak bustiak topatu genituen, batez ere lehenengoa. Josuk lehen pitzadura erraz atera zuen.

Josu lehen pitzadura gainditu ondoren...


...eta bigarrenera sartzeko prest.


Bigarrenera ailegatu zenean, friend bat jartzeko pitzaduran sartu eta pitzaduratik ateratzea kosta zitzaion batez ere bizkarrean zuen 50 litroetako motxila dela eta, bigarren zati honetan kristoneko enbarazua egin ziolarik. Pitzaduraren lehen metroetan.


Frienda sartu nahian.


Frienda jarri ondoren "fede" pausu batean.


Pitzaduraren amaierara ailegatzen.


Azken esfortzuan.


"REUNIONNNN" oihukatu zuenean lasaitu ederra hartu zuen dudarik gabe.

Luzea hasteko prest.


Bilgunetik atera aurretik ateratako argazkia.


Gure txanda ailegatu eta nire kasuan Josuri pasakoaren alderantzizkoa pasa zitzaidan. Lehen pitzadura ez nuen eroso pasa (hezetasuna dela eta oinek pare bat aldiz irrist egin zuten), baina bigarrena ez zitzaidan hain gogorra iruditu, esan behar da nik pitzaduraren kanpoaldetik igo nintzela gehienean eta nire motxila 22 litroetakoa dela. Asierri argazkiak ateratzen ari nintzen bitartean "Zemuz?" galdetu eta "bueno, nahiko ondo" erantzun zidan. Makina bat da Izagirretarreetatik gazteena.

Asier pitzaduraren azken metroekin borrokan.


Dagoeneko borda/ikuiluak oso azpian gelditu dira.


Pitzaduratik ateratzen.


Bilgunea bi paraboltez babestua dago eta leku eroso batean dago.

Argazki honetan lau eta bosgarren luzeen krokisa egin dut.


Seigarren luzea, 30 metro, V+. Pixkat pentsatu ondoren eta errotazioarekin jarraitu asmoz luzeari eman nion. Luze hau ederra iruditu zitzaidan. Hasiera batean erdi-babaresan 10 metro inguruko trabesia bat egin behar da plaka batean zehar (paraboltez babestua), gero zati bertikal batekin topo egingo dugu (parabolt bat) eta amaizeko sabai baten azpitik eskuineruntz diagonalean bilgunera ailegatuko gara (bi iltze bata bestearen ondoan eta parabolt bat). Sabaia atzean uzten denean diagonalean jarraitu behar da hamar bat metro inguru bi paraboltdun bilgunera ailegatzeko.

 Josu sabaiaren azken zatian...


...eta sabaiatik ateratzen.


Seigarren bilgunean.


Izagirretarrak seigarren bilgunean.


" Irakurri detenez, hemendio aurrea hobe ensanblen jarraitzen badeu" komentatu nien Josu eta Asierri. Aurretik genuena krokisean begiratu ondoren, soka bat jaso eta hirurok ensanblean jarraitu genuen 135 metro inguru orratzaren gailurreraino. Dena den, krokisean azaltzen diren azken bi luzeak luzeka egin izan genituen bezela deskribatuko ditut.

Argazki honetan azken hiru luzeen gutxi gora beherako krokisa egin dut.


Zazpigarren luzea, 25 metro, IV. Seigarren bilgunetik eskuineruntz joango gara kanal batera jaitsiz. Kanal honen ondoren luzeari gradua ematen dion pausua dago (parabolt bat). Gure uste xumean IVko gradura ez da ailegatzen, baina iritzi pertsonala da. Pausuaren ondoren eta trepadatxo erraz baten ondoren (beti eskuineko norantzan) bilgunera ailegatuko gara.

Ensanblean, Asier IVko pausua gainditu ondoren. Parabolta ere ikusi daiteke.


Zortzigarren luzea, 40 metro, II. Luzea plaka etzan eta erraz batetik gora doa. Luze osoan bi parabolt topatuko ditugu. Zortzigarren bilgunetik (bi parabolt) gailurrera 70 metroetako ibilbidea izango dugu, hasieran trepada erraz batetik (II) eta gero arista erraz batetik.

IIko plakan. Gutxi gora behera Asier dagoen lekuan bidearen azken bilgunea dago.


Rgazki honetan azken bi luzeak gixi gora behera nondik doaz markatu dut.


Gailurrera 15:30 aldera ailegatu ginen hiru ordu t'erdi eskaseko eskaladaren ondoren. "Earra, earra benetan" Josuk. "Oso ona bai, netzako zailena lehen ta bosgarren luzek, bestek gozatzeko mukok" esan nien. "Nahizta bigarren aldiz in, aurrekon baño gehio gustau zait" Asierrek. "Bakizu, konpañia onen bidek polittegok die beti je, je, je" esan nion.

Achar de Alano mendiaren lehen orratzaren gailurrean.


Broma eta irrifarren artean zerbait jan eta edan, gailur argazkia atera eta beherunzko bidea hartu genuen.

Jaisteko trasteak berriro ere motxilan gordetzen.


Jaitsiera. Jaisteko orratzera doan bide normala jarraitu genuen, lehenik Taxeras leporaino eta hemendik behera, igoerako bidea jarraituz, Taxeraz Parking arte. Gailurretik Parking-a ordu eta hamar minutu eskas pasa genuen lasai jaisten eta argazkiak etengabe ateratzen.

Taxeras lepotik azken bi luzeen plaka honela ikusten da.


Taxeras lepotik azken hiru luzeak gutxi gora behera.


Bidearen hasierara ailegatzen.


Behin mendia atzean utzi ondoren zaila da atzeraka ez bueltatzera.


Berriro ere ikuilu/bordetan, atzean dugun ikusmira izugarria da.


Ezinezkoa da honi argazki gehiago ez ateratzea.


Kotxera ailegatu, trasteak jaso eta Zurizako kanping-era zuzendu ginen bertan izena eman eta dutxa gozo bat hartzeko. Etxera deitu eta dena ongi joan zela esan ondoren hidratatzeko momentua ailegatu zen.

Taxeras Parking-ean.


Ea asmatzen duzuen zein mendi den je,je,je.


Tabernara sartu, bertako krokisen liburua hartu eta garagardo batzuen inguruan 30eko bidea aukeratzeari ekin genion.

Gaurko gailurra Zurizatik ikusita.


Hainbat bideen izenak mahai gainean jarri ondoren eta ia Ezkaurreko Estel bidea egingo genuela erdi erabakita genuela Asierrek "ta Blasi-Picazo bidea itten badeu?" bota zuen. Josu eta biok Asierrek muturraren aurrean zuen krokisa hartu, nondik nora doan ikusi eta gradua kontutan izanda Estel bidea baino egokiagoa zela ikusi ondoren, Asierrek proposatutako bidea egingo genuela adostu genuen. Antonio Garcia Picazoren liburuan bide honen krokisik ateratzen ez denez, argazki kamera eta telefono mugikorrarekin argazki bana atera genion krokisa nolabait eramateko.

Erabakia hartuta, egunean zehar Achar de Alano mendiari ateratako argazkietan bidea nondik nora doan asmatzen saiatu ginen: "sarrerako kanala argie da", "hemen ikusten den arkaitz txurie R4a jartzen den lekue izango da", "aristan ikusteen koxka hoi Duendea izangoa"...

Gaurko eta biharko helburuak ilargipean.


Bederatziak aldera afaltzera joan eta bertan etorkizuneko planen inguruan aritu ginen, baina gerora gogoratuko nintzen gai bat jorratu genuen: mendian egiten diren lesioak eta hauen artean artikulaziotan ematen direnak, batez ere artikulazioa bere lekutik atratzen denean. Oraindik gogoan daukat Josuri sorbalda nahiz aldakako artikulazioa behin aterata bere lekura sartzea oso zaila dela esan niola. Nork daki baina batzuetan izaten diren solasaldiek etorkizunean gertatu daitekeena iragarri ditzaketela dirudi.

Azken garagardo baten ondoren lo egitera joan ginen. Gosariak goizeko zortziretan ematen zituztela esan zigutenez, lasai asko lo egiteko prestatu ginen.

Gure gaurko hotela.


Oraindik ez nekien gau hori hainbat egunetan ondoen lo egingo nuena izango zela...

Bigarren egun honen erreporra irakurtzeko, hemen klkatu.