AZKEN 10 SARRERAK

2012/07/09

EGINO, BERTA BIDEA, 220 m. 5c (5b behartua)

Duela hamabost egun Udaberri bidea egin ondoren, Berta bidea begi artean jarri zitzaigun. Helburua? Eginon ekipatu dituzten bide berri hauek pixkanaka betetzen joatea.

Oraingorako Leku ere etorri zen gurekin eta San Fermin eguna zela aprobetsatuz, Ikerren etxean entzierroa telebistan ikusi ondoren kotxea hartu eta Eginorantz jo genuen (eskerrak entzierroa motza izan zela je, je, je).

Eginon kotxea utzi ondoren, 8:45ak aldera herritik abiatu ginen.

DATU BATZUK

Erabilitako materiala: 14 express zinta eta baga batzuk eta zinta luze batzuk bilguneetarako.
Bidearen ekipatzailea: Antxon Gorrotxategi. Eskalatzaile honek bide gehiago ekipatzen baditu Eginon bere estatua bat jarriko dute, Russelli Gavarnien bezela.
Orientazioa: Hego-mendebaldea, komeni da ura eramatea beroa eginez gero bidea luzea egiten da eta. Gainera behin Egino herritik atera ezkero ez dago inon urik.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen krokis orokorra. Puntu zuriz oinez egiten diren tarteak eta jaitsiera.


Krokis osoa zehatzago.


Bidearen lehen luzeak zehatzago.


Bidearen azken luzeak zehatzago.


OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dago. Eginora itzultzeko kronika honetan azaldutako bideak jarraitu beharko digutu.

Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.


DESKRIBAPENA

Esan bezela, Egino herritik 8:45tan atera ginen.

Bidera hurbiltzeko: Paretarainoko bidea hemen daukat deskribatuta.

Egino herritik ateratzen.


Bideen aurretik dagoen errekatxoa zeharkatzen.


Errekatxoa gurutzatu ondoren pixkanaka ezkerreruntz joango gara bidearen hasierara ailegatzeko.

Bidearen sarrera non dagoen jakiteko, ezkerrean gelditzen den arkaitz berezi bat erreferentziatzat hartuko dugu.

Bidearen ezker eta atzekaldean dagoen arkaitz berezia.


Bidea, Elmer bidearen ezkerretik doa (10 metro ingurura) eta bere hasieran Berta izena duen harritxo bat topatuko dugu. Bertara ailegatu ginenean Zumarragar eskalatzaile bikote jator bat topatu genuen bide bera egiteko asmoarekin. Beraiekin solasalditxo bat (tartean Antxon Gorrotxategiren lana goraipatuz) eta biak lehen bilgunera ailegatzera itxaron ondoren, bideari ekin genion.

Bidearen hasieran zumarragarrak abiatu ondoren. Borobil gorriz bidearen izena dagoen harritxoa markatu dut.


Harritxoa gertuago. Argazkia 2017koa da.


Traste guztiak prestatu ondoren, goizeko 10:00etan bideari ekin genion. Udaberri bidea egin genuenean azken bi luzeak Berta bidearenak egin genituenez, oraingo honetan azken bi luzeak Udaberri bidearenak egitea pentsatu genuen. Honegatik, erreportaia honetan azaltzen diren azken bi luzeak Udaberri bidearenak dira.

Lehen luzea, 50 metro, 5b. Lehenengo asegurua urruti xamar dago, 15 metro ingurura, baina bertara ailegatu arteko zatia nahiko erraza da. Dena den, badaezpada lehen aseguruaren aurretik dagoen arkaitz zubi batean zintatxo bat jarri nuen.

Bidearen lehen metroetan.


Arkaitz zubian zinta jartzen.


Aseguru honen ondoren, metro erraz batzuk egin eta plaka tentexeago batera ailegatuko gara.

Plakara ailegatzen, argazkian luzea bere osotasunean ikusi daiteke.


Plaka honetan luzeari gradua ematen dion itsasgarritasunezko pausua topatuko dugu, baina helduleku onak topatu daitezke.

Plakaren hasieran, nire gainean zumarragar eskalatzaileetako bat ikusi daiteke.


Plakan gora, niri izugarri gustatu zitzaidan, bidea ondo hasteko luze gozagarri bat.


Pazientziarekin eta oinei etengabe begira, plaka hestuasun handirik pasa gabe aterako dugu.


Plaka gainditu ondoren beheruntz ateratako argazkia.


Plaka gainditu ondoren, plaka errazago bat topatuko dugu, bertan bi arkaitz zubi daudelarik, eta honen ondoren, bilgunera arteko azken 15-20  metroak harri eta lur askez jositako malda batetik gora egingo dugu (kontuz harriak erraz bota daitezke eta). Bilgunea parabolt batekin babestua dago. Dena den, paraboltaren eskuinean friend txiki bat sartzeko moduko pitzadura txiki bat dago (guk friend-ik eraman ez genuenez bilgunea paraboltean jarri genuen).

Leku luzearen hasieran...


...baita Iker ere.


Iker plakaren amaieran.


Lehen bilgunea.


Bigarren luzea, 25 metro, 4c. Lehen bilgunearen eskuinean dagoen 6 metro inguruko pitzadura batean hasten da. Pitzadura fina eta ederra, helduleko asko eta onekin.

Leku luzea hasteko prest.


Leku pitzaduran lanean, gainean zumarragarrak ikusi daitezke.


Pitzaduratik irteten.


Pitzaduratik atera ondoren.


Pitzaduraren ondoren, bigarren bilgunerarte ur tanta handiez jositako plaka etzan batetik gora igoko gara. Plaka ederra da eta oinentzat leku ugari dituena. Bigarren bilgunea bi paraboltez babestua dago.

Leku plakan gora.


Leku bilgunera ailegatu eta jarri ondoren, anaion txanda iritsi zen.

Iker pitzaduran...


...eta bertatik irtetzen.


Ni pitzaduran murgilduta...


...eta bertatik irteten.


Ur tanta handiz jositako plaka etzanean Lekuren begiradapean.


Bigarren bilgunean.


Ni plakan. Argazkian ikusten den bezela, gehiago ibili behar da oinak jartzeko lekuen bila eskuentzat heldulekuen bila baino.


Iker bigarren bilgunean. Ikusten denez bi paraboltez babestua dago.


Hirugarren luzea, 35 metro, 5c. Aurreko luzea motza zenez Lekuk jarraitu zuen lehen eskalatzaile moduan. Luzea ederra eta fin-fina da. Lehen metroak ur tantez jositako plaka etzan batetik gora doa.

Leku luzeari emateko prest.


Lehen metroak Lekuren ezkerrean doazen ur tantetatik gora doa. Kontuz Lekuk eskuin eskua jarrita duen arkaitzarekin soltea dago eta.


Ur tantetako plaka etzanaren ondoren plaka bertikal batera sartuko gara. Sarrera honetan dago luzearen pausua, dena den, pausuaren hasieran dagoen arkaitz batekin kontu handia eduki behar da kolokan dago eta. Ziurrenik arkaitz hau goiz edo beranduago eroriko da.

Leku pausuari ekiteko prest, ezker oina jarrita daukan arkaitza da kolokan dagoena.


Esan bezela, pausua fina da eta nire ustez errazena plaka bertikalean dagoen lehen asegururen eskuinetik hastea da, gero pixkanaka asegurura hurbildu eta zuzen jarraitzeko. Dena den, Antxon Gorrotxategik ekipaturiko bideetan ohikoa denez, aseguruak gertu daude eta A0-n atera daiteke.

Leku lehen asegurura txapatu ondoren, pausuan murgildua. Ikusten denez ezkerreruntz (asegururaruntz) egiten ari da mugimendua.


Behin lehen asegurua pasa ondoren, aseguruetatik gora zuzen jarraituko dugu zati errazago batetik.

Leku pausua atzean utzi ondoren.


Bilgunera ailegatu aurretik luzea berriro ere hestutu egiten da eta egia esan niri gehiago kosta zitzaidan pausu hau ateratzea plakaren sarrerakoa baino. Pausu honen ondoren bidea berriro errazten da hirugarren bilguneraino. Hirugarren bilgunea bi paraboltez babestua dago.

Leku bilgunera ailegatu arteko pausu finean...


...eta pausua gainditu ondoren. Argazki honetan luzea bere osotasunean ikusi daiteke.


Hirugarren luzearen lehen metroetan.


Bigarren bilgunetik gauzak honela ikusten dira.


Leku eta Iker hirugarren bilgunean.


Ni bilgunera ailegatu aurreko pausu finean.


Laugarren luzea, 40 metro, 5c. Hemen txandapasa egin eta luzeari Ikerrek eman zion. Lehen asegurua urruti xamar dago, baina bertara ailegatu arteko zatia oso erraza da (bilgunetik ezkerrera doan igoera/trepadatxo bat).

Iker lehen asegurura ailegatu arteko zatian.


Behin lehen asegurua pasa ondoren, ezkerrera pasa eta ur tantez osaturiko plaka etzan batetik gora joko dugu.

Iker plakaren hasieran.


Plaka hau erraza eta gozatu daiteken horietakoa da.


Plakaren amaieran, hemen hasten da pausuari gradua ematen dion pausua.


Plakaren amaieran horma bertikal bihurtzen da eta pitzadura-diedrotxo batetik gora doa. Zati hau da luzeari zailtasuna ematen diona. Hemen ere aseguruak gertu daude A0-n egin ahal izateko.

Iker diedrotxoan sartzen, hemen hasten dira zailtasunak.


Diedrotxoan sartuta...


Leku bere txandaren zai Iker lanean ari den bitartean.


Pausua gainditu ondoren, dagoeneko zailtasun guztiak amaituta, plaka batera irtengo gara. Plaka honetan eskuineruntz hartu beharra dugu metro gutxi batzuren ondoren arista antzeko batera irtengo garelarik. Arista antzeko honetan (erraza) azken hamar metro inguruak aseguru gabe egin ondoren laugarren bilgunera ailegatuko gara. Bilgunea bi paraboltez babestua dago.

Iker pausua gainditu ondoren.


Ikerren ondoren gure txanda ailegatu zen.

Leku ur tantetako plakaren amaieran...


...pausu finaren hasieran...


...diedrotxoan...


...eta lehen zailtasuna gainditu ondoren.


Diedrotxotik irten ondoren.


Ni diedrotxoan murgilduta. Esan beharra daukat nire ustez bide osoko pausurik zailena hemen dagoela. Luzea uste baino gehiago kosta zitzaidan hasiera batetik postura txarrean sartu nintzen eta.


Ederki hestutzeko prest...


...eta azken hestuasunean.


Hestuasun guztiak pasa ondoren.


Bilgunera ailegatu aurreko aristatxo zatian.


Iker laugarren bilgunean.


Azken bi luzeak Udaberri bidearenak egin genituen. Luze hauetara joateko. lehenik laugarren bilgunea bere ezkerretik jaitsiko dugu.

Iker laugarren bilgunean.


Bilgunea atzean uzten.



Laugarren bilgunearen ondoren bi luze falta dira bidea amaitzeko. Bi luzen hauek topatzeko laugarren bilgunearen ezkerretik atera eta 100 metro inguruan eskuinaldera ibili behar da sasi-bidexka batetik. Erreferentzi bezala hormaren azpian dauden zuhaitz batzuk hartu eta hauen eskuinera joko dugu zeharo. Metro hauen ondoren hormaren azpian dagoen kobazulo batera iritsiko gara.

Bosgarren luzetik egindako argazki honetan laugarren bilgunea eta bosgarren luzearen hasieraren arteko bide zein den gutxi gora behera margotu dut. Argazkia 2017koa da.

Kobazulo honetatik gora bi luze ikusiko ditugu. Ezkerrekoa "Berta" bidearen bosgarren luzea da, "Udaberri" bidearena aldiz, eskuinekoa.

"Berta" bidearen bosgarren luzea hasten den kobazuloa.

"Udaberri" bidea eskalatu genuenean nahi gabe "Bertaren" azken bi luzeak eskalatu genituen, honegatik, kronika honetako amaiera egun horretakoak izango dira, "Berta" bide osoaren deskribapena izateko. Argazki batzuk 2017an egindako eskalada batekoak dira, zenbait leku hobe ikusteko.

Bosgarren luzea, 40 metro, 5c. Luzea kobazuloaren eskuinetik hasten da. "Ostras, hau 4b da?" esan nuen, "ez dakit, baina nik 5eko gradua ere emango nion" Ikerrek. Orduan oraindik ez genekien luze hau "Berta" bidekoa zela. Lehen metroetan luzea hormaren ur tanta batzuetatik gora doa, nahiko erraz, pareta bertikal bihurtzen den arte. Pausuari zailtasuna ematen dion tartea hemen dago eta hemen zertxobait hestutu behar da, nire kasuan zertxobait baino gehiago. Dena den, aseguruak nahiko gertu daude eta hestuasun handiak pasaz gero A0-an atera daiteke. Behin pausu hau gainditu eta metro batzuetan zuzen igo ondoren trabesia bat egin behar da ezkerrera azken erresalte bertikal bat igotzeko. Erresalte honetan berriro ere zertxobait hestutu ondoren, dagoeneko zailtasun guztiak amaituta bilgunera ailegatuko gara. Bilgune hau bi paraboltez osatua dago.

Luzea hasteko prest.


Datorrenari begira, hasieran 4b-ko luzea zela uste genuen lehen metroetan sartu ginen arte. "Udaberri" bidearen azken luzeak paretaren hertzetik doaz.

Pausu gogorraren hasieran. Argazkia 2017koa da.


Plaka bertikalaren amaieran.


Eskuin ezker doan zeharkaldia hasten.


Iker bosgarren bilgunera ailegatzen.


Bosgarren bilgunea, argazkia 2017koa da.


Seigarren luzea, 30 metro, 4a. Bosgarren bilgunetik gora zuzen abiatuz, parean dugun hormaren gainean dagoen hildako zuhaitza erreferentzi bezela hartzen da. 10-15 metro oinez ibili ondoren luzea kanal batetik gora doa (kanalean dago lehen asegurua). Egokiena horma honen azpitik aseguratzea da, bestela bosgarren bilgunera arte tarte luzea dago.

Seigarren luzea hasten den hormaren azpitik bosgarren bilgunera egindako argazkia. Argazkia 2017koa da.


Azken luzea aseguratzeko lekurik egokiena hau izan daiteke. Argazkia 2017koa da.


Kanalean metro batzuk egin ondoren helduleku onak dituen plaka batetik gora luzea amaituko dugu. Bilgunea, harkaitz bloke bat aprobetxatuz jarri genuen. Segurtasun handiagoarekin aseguratu asmoz, azken bilgunea hobe kanalaren hasieran jartzen badugu.

Iker kanalaren lehen metroetan.


Luzea amaitzen, hildako zuhaitza garbi ikusi daiteke.


Azken luzea azpitik ikusita. Argazkia 2017koa da.


Zailtasun guztiak amaituta, bidea gurea da!!!!

Azken luzeko kanalaren sarreran.


2017an bidea amaitu ondoren.


Bidearen amaieran hito bat topatuko dugu (bidearen hasieran bezela). Hitoei jarraika hasten bagara, trepadatxo batzuen ondoren mendiaren gainera ailegatuko gara.

Jaitsiera. Jaitsiera Xabier bidearen deskribapenean idatzia daukat. Hemengo bideetan ohikoa den bezela, jaitsiera Aztorea eta Usoaren atzetik jaisten da.

Bidea amaitu eta atseden hartzen ari ginela gure atzetik lau eskalatzailez osatutako kordada bat azaldu zen, hauen artean Juanito Oiarzabal handia zegoelarik. Beraiekin batera Eginora jaitsi ondoren, bertan berarekin argazki bat atera eta solasalditxo eta irrifar batzuen ondoren elkar agurtu genuen. Tipo jatorra Juanito, bai jauna!!!

Eginon Juanito Oiarzabalekin, eguna amaitzeko modu ezinobea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina