AZKEN 10 SARRERAK

2012/11/04

MENDIAN JAZTEKO MODUA: HIRU GERUZETAKO SISTEMA

Nori ez zaio gertatu mendi baten aurpegi batetik gozo-gozo igo, mendiaren aristara ailegatu eta bestaldean haizearen eraginez kriston hotza pasatzea? Edo goizean zeruan zeuden bost hodeiak arratsalderako handitu, koadrila egin eta kazkabarra ekartzea? Mendian edozein aktibitate egiten ari garela, kontutan izan beharra dugu mendiaren egoera aldakorra izan daitekela (beroa, hotza, euria, haizea...), gure jazteko modua ahalik eta hobekien aldakortasun honetara egokitu behar dugularik.

Orokorrean, jantzita dugun arropak funtzio hauek bete beharko ditu:
  • Guk sortzen dugun hezetasuna kanporatzea eta gure gorputza lehorra mantentzea.
  • Gure gorputzaren baitan beroa mantentzea gorputza ez hozteko ezta gehiegi berotzeko ere. Gure gorputza 36,8 Cº eta 37,5 Cº-en artean murgiltzen da hobekien. Tenperatura hauetatik gora edo behera bagoaz, alde batetik hotza sentitu eta bestaldetik izerdia botatzen hasiko gara, bi efektu hauek energia gehiago erre araziko gaituelarik.
  • Kanpoko egoeragatik babestea (euria, elurra, haizea...).
Azken urteotan, mendiko produktuen fabrikatzaileak hiru funtzio hauek beteko dituen produktu bakar baten bila ari dira, eta produktu batzuk honela saltzen dizkigute, baina oraindik ez da funtzio hauek guztiak beteko dituen produktua asmatu. Ederra izango litzateke mendira joaterakoan arropa bakarra jaztea.

Bitartean, mendian jazteko dagoen modurik egokiena hiru geruzetako sistemarena da. Sistema honek, goian azaldutako funtzioak beteko ditu gorputzaren gainean hiru arropa geruza jantziz. Honetaz gain, geruza ezberdinak jarrita ditugunez, eguraldia eta egoeraren arabera, geruza ezberdinekin "jolasteko" aukera emango digu, geruza bakarra, bi edo hiru jantziz edo geruzak bata bestearekin aldatuz. Sistema hau gorputz osora aplikatu daiteke.

Hiru geruzen funtzioen eskema adierazgarria: Lehen geruzak (berdea) hezetasuna eta gorputzaren beroa kanporatuko du, bigarrenak (gorria) gorputzaren beroa mantenduko du eta hezetasuna kanporatuko du, hirugarrenak (urdina) gorputzaren hezetasuna kanporatuko du eta euri nahiz haizeagatik babestuko gaitu.



Esan bezela, arropen geruzetako sistemak hiru geruzaz osaturik dago:


Lehengo geruza

Geruza hau gure azalaren gainean doa (honegatik komeni da gorputzaren formari ongi egokitua joatea) eta bere funtzioa gorputzak sortzen duen hezetasuna ahalik eta azkarren kanporatu eta gorputza lehorra mantentzea da. Honetarako erabiltzen den materiala oso iragazkorra eta oso azkar lehortzeko gaitasuna izan beharko du. Produktuaren lodiera ere udan eta neguan ezberdina izango da.

Orokorrean, lehenengo geruza honen funtzioak hauek izango lirateke:
  • Izerdi eta hezetasunaren kanporaketa, hau da, transpirazio altuko produktua.
  • Azkar lehortzeko ahalmena. Produktua zenbat eta lehorragoa egon ahalik eta "beroen" mantenduko gaitu.
  • Aireari iragazkorra izatea. Modu honetan, geruza bakar bezela eramaten badugu hezetasuna (eta honekin batera beroa ere) ahalik eta azkarrago kanporatuko dugu.
  • Neguko produktuetan, lodiagoak izango direnez (arropa termikoa deitzen dena), gure inguruan beroa zetxobait mantenduko dute (gure inguruan aire beroz osatutako geruza fin bat sortuko dute eta) nahiz eta hau ez izan beraien funtziorik nagusiena.

Atxerito mendian geruza bakarreko bi produktu ezberdinekin, manga motxeko kamiseta eta mangarik gabekoa.



Iker Midi d'Ossau mendiaren azpain. Hemen lehen geruzarako beste sistema bat ikusi daiteke: manga motxeko kamiseta eta txirrinduan ibilitzeko "mangitoak". Formula hau askotan erabiltzen dugu goizean hotz eta eguerditik atzera bero egiten duen egun horietarako.


Bigarren geruza

Bigarren geruza lehenengoaren gainetik doa eta bere funtzioa gure gorputzaren beroa mantentzea da, honetarako gure gorputzaren inguruan aire beroz osaturiko geruza bat sortuko duelarik. Funtzio honetatik aparte hezetasuna kanporatzeko ezaugarria eta neurri handi batean ur eta haizeari iragazkorra izan beharko da. Bigarren geruzaren artean forro polarrak, eta luma natural nahiz luma sintetikoa duten txamarrak aurkitu daitezke. Kategoria honetan ere azkenaldian modan jartzen ari diren Soft Shell eta Windstopper-ak egongo lirateke. Leku batzuetan lumazko produktuei "laugarren geruza" deitzen zaiela ere irakurriko duzue, gehienetan aktibitatea egiten ari dela ez baitira jazten, ondorioz, geldirik gauden uneetan jazten direlarik (bilguneetan, kanping dendan, etab.).

Bigarren geruzaren funtzioak hauek izango lirateke:
  • Gorputzaren beroa mantentzea gorputzaren inguruan aire beroz osaturiko geruza bat sortuz.
  • Gorputzak sortutako hezetasuna kanporatzea.
  • Pisu eta bolumen eskasa.
  • Ur eta haizeari iragazkorra izatea edo gehienez txirimiri edota haize xuabea jasateko ahalmena izatea.

Peyreget mendiaren gailurrean bi geruza jantzita ditugula. Jantzita dugun bigarren geruza muturreko hotzeko egoera batean lehen geruza bezela ere erabiltzerik egongo litzateke..


Vignemale mendiaren glaziarrean bigarren geruza fin bat jantzita dudala.



Hirugarren geruza

Hirugarren geruza ingurunetik isolatuko gaituen geruza da, honetarako euri, elur eta haizeari iragazkaitza izango delarik. Hirugarren geruzaren artean Gore Tex®, Sympatex®, Novadry®, Precip® eta antzerako produktuak topatuko ditugu. Geruza honetara, Soft Shell berriak geroz eta gehiago hurbiltzen ari dira.

Hirugarren geruzaren funtzioak hauek izango lirateke:
  • Urari iragazkaitza barruko geruzak busti ez daitezen.
  • Haizeari iragazkaitza gure gorputza hoztu ez dadin.
  • Gure gorputzak sortutako hezetasuna kanporatzea, hau da, transpirazio handikoa izatea, gu ere barrutik busti ez gaitezen.
Guk azkenaldian bi produktu ezberdin eramaten ditugu hirugarren geruza bezela: alde batetik urari iragazkaitza den materiala duen produktua, eta bestaldetik haizeari bakarrik iragazkaitza den produktua (azpiko argazkian azaltzen dena). Egia esan bi produktuetatik bigarrena da batez ere erabiltzen duguna, lehenengoa oso egoera gutxitan erabili dugularik.

Anetoko Estasen korredorean, hemen hirugarrengo geruza haizeagatik babesteko txamarra fin bat besterik ez genuen eraman. Txamarra honek langar edo gehienez txirimiri batetik babesten gaitu transpirazioaren mesedetan.


Pinetako Balkoian ateratako argazki honetan Izagirre anaiek (Josu eta Asier) daramaten hirugarren geruza urari iragazkaitza den Gore Tex® materialekoa da.



GERRITIK BEHERA ZER GERTATZEN DA?

Gerritik behera "nahi gabe" askotan hiru geruzen sistema betetzen dugu. Nola? Zatika joango naiz azaltzen.

Gerri ingurua

Eramaten dugun azpiko arropak (kantzontziloak, kuleroak) lehen geruzaren funtzioa betetzen du. Honen gainean beti galtza doanez, jazten dugun galtzaren arabera bigarren edo/eta hirugarren geruza izango dugu. Hotz handia egiten duenean gainean jantzita eraman dezakegun txamarrak ere zati batean ipurdi aldea babestuko digu eta gainera elastiko ("malla") batzuk baditugu babesa oraindik ere handiagoa izango da, geruzen kopurua handituz.

Iztarrak

Gehienetan iztarren gainean zuzenean galtza joaten da (udan galtza motza ez badugu behintzat) eta gehienetan honekin nahikoa izaten da. Zergatik? Izterretako kuadrizeps eta bizeps giharrak gorputzean dauden muskulurik handienetakoak dira eta bero handia sortzen dute. Gainera, gihar hauek oso kasu gutxitan hozten dira eta ez dute behar gorputza bezainbat bero mantentzerik modu egokian lanean aritzeko. Honegatik, gehienetan geruza bakarrarekin ongi moldatuko gara. Dena den, hotz handiko kasuetan galtzen azpitik elastikoak eraman daitezke.

Hankak

Galtza motzak baditugu, hanken zati bat galtzerdiek babestuko dituzte (galtzerdien luzeraren arabera, noski). Galtza luzeekin aldiz, galtzerdien babesari galtzarena batuko zaio. Neguan, elurra dagoenean, geruzak honela banatzen dira: Ia belaunerarte doazen galtzerdiak (lehen geruza), hauen gainetik galtzak (bigarren geruza) eta galtzen gainetik urari iragazkaitzak diren polainak (hirugarren geruza).

Oinak

Oinen lehen geruza galtzerdiak dira. Bigarren geruzaren funtzioa urari iragazkaitz ez den edozein oinetako beteko luke. Hirugarren geruza berriz urari iragazkaitz izateko tratamentua duen edozein oinetako izango da.


ETA ESKUETAN ETA BURUAN ZER?

Eskuak

Eskuetan orokorrean hiru geruzak bi geruzetara mugatzen dira, batez ere lehen geruza bat edukitzeak eskuak asko hoztu gabe hauen mugikortasuna handiagotuko du eta (adibidez mosketoiak maneiatzeko).

Eskuetan beroa eta hezetasuna kanporatzeak ez dauka horrenbesteko garrantzirik, eskuek ez baitute horrenbesteko berorik sortzen, helburu nagusiena termikoa delarik (hau da, eskuak beroak mantentzea).

Eskuetan bi aukerekin jokatu dezakegu:
  • Lehen geruza bat eta honen gainean bigarren eta hirugarren geruzen funtzioa beteko duten beste eskularru/manoplak (lumadunak eta ura nahiz haizeari iragazkaitzak).
  • Bigarren geruzaren funtzioa betetzen duen lehen eskularrua (hemen windstopper-ak sartu daitezke) eta hauen gainetik urari iragazkaitza bakarrik den beste eskularru/manopla bat.
Bi geruza erabiltzearen sistema honek ere desabantaila bat dauka: Sokak nahiz mosketoiak maneiatzerakoan bigarren eskularruak kentzen ditugun bakoitzean, eskuak hoztu egingo zaizkigu, inguruan sortu dugun aire beroz osaturiko geruza, neurri handi batean, galduko dugulako. Korridore batean bagaude ere, lehen geruza osatzen duten eskularru hauek busti daitezke (ondorioz eskuak azkarrago hoztuko direlarik).

Burua

Burua udan eta neguan nolabait estaltzea gomendagarria da, kasuak-kasu, eguzkiagatik babestu edo/eta beroa mantentzeko. Negurako, kontutan izan behar dugu gorputzaren beroaren erdia baino gehiago burutik galtzen dela. Errusiako esaera batek dio: "hotzik baduzu, txapela bat jantzi".

Orokorrean buruan txapela bat eramaten da eta giro oso hotzetan txapela honen gainetik bigarren edo hirugaren geruzako produktuaren txapela jartzen da. Hotz handia egiten duenean komeni da belarriak eta sudurra estaltzea. Honetarako produktu ezberdinak topatuko ditugu: Buff motako lodiera eta material ezberdineko zapiak, eskiatzeko erabiltzen diren neoprenozko maskarak etab.

Askotan belarriak estaltzen dituen txapela eta Buff motako zapia besterik ez dira behar izaten burua hotzetik ongi babesteko .


Udan, buruaren inguruan itzala emango digun txapel batekin ongi moldatuko gara.



Ikusten duzuenez, artikulu honetan hiru geruzen funtzioa modu orokor batean azaldu dut. Nire ustez, lehenengo geruza beti jantzita eraman beharko genuke, egoera eta tenperaturaren arabera, beste geruzak gainetik jarriko ditugularik.

Geruzetako sistemen mundua oso zabala denez, datozen artikuluetan, banaka-banaka, geruza ezberdinen misterioak zehazten joango naiz.


2 iruzkin:

  1. bigarren geruzaren azalpenean, puntukako azalpenean "aire beroS" jarri dek...
    o
    zorionak! hik hartzen dituk lanak!

    Haritz

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker Haritz!!! Daoneko aldatu diat. Lana? Zetxobait bai, baina tira, bakarren bati lagungarri bazaio, gaitzerdi

    Abenduak 17rarte!!

    ErantzunEzabatu