AZKEN 10 SARRERAK

2012/10/09

MURUMENDI (864 m.) ETA USURBE (704 m.) ORDIZIATIK, 2012-10-06

Murumenditik Usurbera doan bidea aspalditik ezagutu nahi nuen. Usurbera hiru aldiz igota nintzen, behin, duela urte dexente, ibilaldi neurtu batean, eta beste bitan Beasain herritik gora doan errepidetik. Baina Murumenditik Usurbera doan bideak izugarri erakartzen ninduen eta berau ezagutzeko irrikitan nengoen.

Honela, eta sorbalda arazoa dela eta azkenaldian egiten ari naizen etxe inguruko ibilbideekin jarraituz, Ikerri bide hau ezagutzeko aukera proposatu nion. "Ondo, gero Usurbetio barriora AHT-ko bidetio jatxi gaitezke" esan zidan. "Primeran" erantzun nion.

Barrioa Ordiziako Mariaratz kaleari deitzen diogu. Hemendik gora doan Mariaratz errekan eta mendietan pasa genuen gure haurtzaroa errekako putzuetan saltoka, zapaburuekin jolasean, amuarrainak eta karramarroak harrapatzen, txabolak egiten, zuhaitzetara igotzen eta perretxikuak biltzen. Urte onak izan ziren, adin ezberdinetako haurrak elkartzen ginen eta orduak eta orduak pasatzen genituen bertan jolasean. Gure jolasen artean, bote-botea, beisbola eta gure auzoan bakarrik jolasten zen jokua: Kuadroak.

Gure "barrio"-tik gora askotan joten ginen Usurbe aldera, batez ere lau baserrietaraino ("Los Cuatro caseríos"). Urte batzuk beranduago, mendian zeuden pinudien garbiketarako pista batzuk egin zituzten eta orduan mountainbike-n garaia ailegatu zen pista hauetatik gora lehen oinez egiten genituen ibilbideak egiten hasi ginelarik.

Duela urte pare bat, AHT-ren lanak direla eta, lehen basoa garbitzeko erabiltzen zen pista zaharratik pista berri bat egin zuten. Pista berri honetatik behera jaistea izango zen gure helburua.

GURE BIDEA

Nahiz eta irteeraren helbururik nagusiena Murumenditik Usurbera doan bidea ezagutzea izan, azkenean ibilaldi majoa prestatu genuen. Etxetik atera, Murumendi mendira igo, hemendik Usurbe mendira pasa, Usurbertik gure "barrio"-ra jaitsi AHT-a dela eta egin duten pista jarraituz eta berriro etxera bueltatu.

Murumenditik aurrerako bidea ahalik eta hobe jarraitzeko, gure laguna den Jon Ordoñezek utzitako track-a jarraitu genuen. Jonekin ihaz Panticosa inguruko hirumilakoak igo genituen.

DESKRIBAPENA

8:35, Ordizia, Garagartza plaza, 170 metro. Ordiziatik Murumendira doan bidea hemen deskribatuta dudanez, deskribatutako bidearen beste bariante batetik igotzea pentsatu genuen. Bariante hau Arramenditik gora hartzen da.

Beasain herria babarrun parden artean, atzean Aratz eta Aizkorri ikusi daitezke.


Igoera lasai hartu genuen eta 20 minutu ibili ondoren Arantzegi baserriak atzean utzi, eta hemendik 200 metro ingurura dagoen 90 graduetako bihurgunera ailegatu ginen. Baina oraingo honetan bihurgunea utzi eta PR-GI 53 bidea jarraitu ordez, bihurgunea jarraitu genuen.

PR-GI 53 bidea (gorriz) eta guk jarraitutakoa (urdinez).


Bihurgunea hartu eta berehala ezkerrera ateratzen den pista bat jarraituko dugu.

Pista hartuko dugun bidegurutzean...


Pista hau zabal-zabala da eta zelai batetik gora doa Z handi bat eginez. Bidean hiru langa pasako ditugu, hirugarrenaren ondoren PR-GI 53 bidearekin bat egingo dugularik.

Iker pistaren hasieran.


Lehenengo langa pasatzen...


... Eta bigarren langa pasatzen.


Zelaian goran egingo dugun Z-ren bigarren zatia hasteko prest.


Zelaiaren azken zatian, bukaeran hirugarren langa ikusi daiteke.


Hirugarren langa pasatzen. Langa pasa eta berehala ezkerretik dagoen PR-GI 53 bidearekin bat egingo dugu, hemendik aurrera Murumendiko deskribapenean jarraitutako bidea jarraituko dugularik.


9:55, Arrapaitz iturria, 770 metro. Lasai-lasai eta hauspoa asko berotu gabe, iturri honetara ailegatu ginen. Bertan basokada ur pare bat hartu eta goruntz jarraitu genuen.

Arrapaitz iturrian.


Iturrian dagoen plaka: "Arrapaitz iturria, Tratatu gabeko ura".


Iturrian ur baso eder eta frexkoaren ondoren Murumendiren gailurreruntz jarraitu genuen, zazpi minutura bertara ailegatu ginelarik.

10:02, Murumendi, 864 metro. Bertara ailegatu, kamara atera eta gailur argazkia atera ondoren beherunzko bideari ekin genion.

Murumendi, 864 metro. Eskuin sorbaldan dudan postura "arraroa" nabaritu daiteke.


Usurbera doan bidea topatzeko lehenik Mandubira doan bidea hartu beharko dugu Arrapaitz iturritik berriro pasatuz.

Murumendiko azken aldaparen hasieran dagoen pinudi itxi eta berezian. Arrapaitz iturrira bueltatzeko Mandubira doan bidea hartu beharko dugu.


Arrapaitz iturrian soberan dagoen erropa kentzen.


"8 bat nahi al dezu?" Ikerrek, "lau erosi dittut". "Lau?", "Eske pillabat gustatzen zaizkit, astebururo lau-sei erosten dittut" Ikerrek. Konturatu nintzenerako lehenengo biak di-da batean jan zituen.

Gailurretik jaitsi eta ordu laurden ingurura (iturrian gelditutako denbora barne) pinudi batera ailegatuko gara. Pinudi honetan bi aukera ditugu: ezkerrera hartu (jaisteko norantzan) eta igo garen bidetik behera Ordiziara joan (PR markak alde batera utziz) edo PR markak jarraitzea. Oraingo honetan bigarren aukera hartuko dugu.

Iker pinudian, ezkerrera Ordiziara joateko bidea non dagoen markatu dut. Guk pista jarraituko dugu.


Ordiziara doan bidea alde batera utzi eta 30-40 metro ingurura beste bidegurutze bat topatuko dugu. Bidegurutze honetan bi aukera izango ditugu: Mandubira doan PR-GI 55 bidea edo Garin Auzora doan PR-GI 54 bidea hartzea. Guk bigarren aukera hartuko dugu.

Bidegurutzera ailegatzen, gorriz Mandubira joateko eta urdinez guk jarraitutako bidea.


Bidegurutzean dagoen postea. Argazkian erre den lekuraino Beasaingo Garin Auzotik gora kotxez ailegatu daiteke.


Bigarren bidegurutze hau atzean utzi eta pistatik jarraituko dugu, orain arte bezela. 4-5 minutu ibili ondoren beste bidegurutze bat topatuko dugu. Bigarren bidegurutze hau oso garrantzitsua da, ezkerreko bidea hartu ezkero Ordiziara eta eskuinekoa hartu ezkero Garin Auzora joango garelarik. Bidegurutze honetan mendizale asko nahastu dira, beraien zoritxarrerako Ordizia jaitsi beharrean Beasaingo Garin Auzoan amaitu dutelarik.

Bigarren bidegurutzean, ezkerreko bidetik Ordiziara joango gara. Oraingoan, Usurbera joateko, eskuinekoa hartuko dugu.


Bidegurutzean atzera begirada. Erdi izkutuan dagoen indikazio postea ikusi daiteke.


Indikazio postea gertutik, guk Garin Auzora doan PR-GI 55 bidea jarraituko dugu.


Hemendik aurrera bidea gozo-gozoa, laua edota maldan behera doa denbora osoan. Bidegurutzea utzi eta 3-4 minutuetara beste bidegurutze bat topatuko dugu. "Zein da eskubikoa hala ezkerrekoa?" galdetu nion. "Jonek eskubikoa hartu zun" erantzun zidan Ikerrek GPS-ari begira. Gero konturatuko ginen bidegurutze honetan zein bide hartzeak ez daukala garrantzi handirik bi bidexkek leku berera eramaten dute eta.

Bidegurutzera ailegatzen, bidexka bat edo bestea hartzea berdin dio.


Bi bidexkak berriro batzen diren lekuan.


Bidea gozoa da eta zailtasunik gabea, primerakoa haurrekin edota txirrinduarekin ibiltzeko.


Aurreko bi bidexkek bat egiten duten puntutik 4-5 minutu ingurura beste bidegurutze bat topatu genuen. Hemen, Jonen track-a jarraituz, eskuineko bidea (zabalena) jarraitu genuen. Ezkerreko bidexka nora doan ez dakit, egunen batean ikertu beharko dugu jeje.

Bidegurutzean, guk eskuinekoa hartu genuen.


Hasiera batean Ordizia nahiz Garin Auzora doan bidegurutzetik 9-10 minutura pinudi batean dagoen bi pista handiren bidegurutze batera ailegatu ginen guk zuzen jarraitu genuelarik.

Iker pinudiko bi pisten bidegurutzean, guk aurrera jarraitu genuen.


Eta azken bidegurutze hau hartu eta hamar minutu eskasera, malda bat jaitsi ondoren, Beasain herritik Usurbe mendiaren errepidearekin bat egingo dugu.

Usurbe mendia eta bere antena (ez da oso ondo nabaritzen). Beheran Beasaindik datorren errepidea ikusi daiteke.


Errepidera eramango gaituen maldan behera. Parean Usurberen antena ikusi daiteke.


Errepidera ailegatzear geundela Goierriko irudi tipiko bat topatu genuen: bi aitona sega eta eskuarea eskutan zutela belarra moztu eta traktorean jasotzen. Egun baserri munduak bizi duen mekanizazioa dela eta geroz eta arraroagoa da honelako irudia ikustea. Pena traktorea izan beharrean idiak izatea, baina dena ezin da. Hala ere, bi gizon hauek lanean ikusita, urte askotan atzera egin genuela iruditu zitzaigun.

Baserritarretako bat eskuarea eta belarra bizkarran duela.


Beste baserritarra sega zorrozten."Bijilantea" ere bazuten...


10:40, Usurbera doan errepidea, 660 metro inguru. Errepidera ailegatu ginenean berau metro batzuetan goruntz jarraitu eta ezkerreruntz doan bidexka hartu genuen, hemendik gora Usurbeko gailurrera ailegatuko garelarik.

Iker errepidea utzi genuen puntuan.


Denbora batez maldan beheran aritu eta gero, bidexka fundamentuz hartu genuen baina 30 metro ingurura erritmoa jaitsi egin behar izan genuen hauspoa ederki berotzen hasi zen eta. "Presaik al dau?" Galdetu nion anaiari arnas sakonen artean. "Ostras, balienteegi hasi gea baña hobe erritmoa jaixten badeu" erantzun zidan. Pena honelako esaldietan arnasak egiten duen zarata ezin idaztea.

Bidexkaren malda amaitzen, gailurra gertu dago.


Azken metroetan.


10:49, Usurbe mendia, 704 metro. Etxetik abiatu eta bi ordu eta laurden eskasera Usurbera ailegatu ginen, pozaz zoratzen.

"Joer uste baño leno allau gea" esan nion Ikerri. "Egie da, halare ia ez gea geldittu" erantzun zidan arrazoi osoz.

Iker Usurbe mendiaren gailurrean.


Usurbe gailurreko buzoia.


Gurutzea aurretik...


...eta atzetik.


Gurutzean dagoen plaka.


"8 bat nahi?" esan zidan berriro ere. "Emaiazu baten erdie", "zero bat ordun", "hoixe, zero bat". Ikerrek azken zortzi t'erdia jan eta ura (kriston egarria ematen du eta) edan ondoren,, pixkanaka beheranzko bidea hartzeko prestatu ginen.

Usurbe mendia Goierri ikusteko atalaia ederra da eta bertako ikusmira zoragarria da. Behin Iurgi Ezkiaga "Auñamendi"-k esan zidan bezela, "leku earra dek egunsentin Aizkorrin ta ilunabarren Txindokin argazkik ateatzeko". Arrazoi osoa dauka, "Ametsez beteriko mundu bat" blogaren sortzaileak.

Ordizia herria Aralar atzean duela. Eguerdia ez da ordurik onena Txindokiko argazkiak ateratzeko.


Aizkorrik ordea argi hobea du.


Iker merezitako atsedena hartzen 8 guztiekin amaitu eta gero.


Hamar minutuetako atsedena eta Ikerren "ochoak" (zortziak) jaten eman zuen erakustaldiaren ondoren, etxera telefonoz deitu eta 11:00ak aldera beheranzko bidea hartu genuen.

Jaisteko aukerarik errezena Beasain herrirarte errepidea jarraitzea da. Baina guri errepidetik jaisteak ez zigun grazia handirik. "Ustet ibilaldi neurtua egin nunen hemendio igo ginela" esan nion Ikerri Usurbeko ekialdeko hertzaruntz begiratuz. Azkenean, ia zalantzarik gabe, errepidea ahalik eta gutxien zapaldu asmoz, Usurbeko ekialdeko hertzatik jaistea pentsatu genuen gero errepidearekin topo egiteko asmoarekin.


Gailurrari azken argazkia.


Hertzara eramango gaituen pasabidea zeharkatu ondoren.


GPS-arekin jolasean, atzean Murumendi mendia ikusi daiteke.


Hemendik aurrera jarraituko dugun bidea. Bidea langa batean amaitzen da.


Jaitsierak misterio handirik ez dauka eta bi zatitan banatzen da, bi zatien artean pasabide bat zeharkatu beharko dugularik.

Jaitsierak dituen bi zatien arteko pasabidea zeharkatu ondoren.


Atzera begirada.


Malda honen ondoren langa batera ailegatuko gara. Hemendik aurrera, beheruntz bidexkarik ez zihoala ikusi ondoren, errepidea beheruntz jarraitu genuen Usurbe mendira doan errepide "nagusira" ailegatuz.

Langa pasa ondoren...


... Eta Usurbera doan errepidera ailegatzen.


Behin errepidean Mariaratz auzora jaisteko bidea nondik hartu daiteken pentsatzen hasi ginen. Honetarako, lehen gauza lau baserrietara ("cuatro caserios") ailegatu beharko genuen.

11:24, Lau baserriak ("cuatro caseríos" bezela ezagutua). Errepidea jarraitu eta baserri hauek atzean utzi ondoren, eskuinerantz (beherako bidean) doan bihurgune batean, Erauskinzar baserria eta San Andres baselizara doan bidea hartu genuen.

Lau baserrietan. Urte batean Euskal Herriko itzuliko kronoigoera bat hemen amaitu zen. Orduan Cabestany-k irabazi zuen etapa eta itzulia.


Erauskinzar baserria eta San Andres baselizara eramango gaituen bidegurutzean.


Erauskinzar baserria pasa ondoren.


San Andres.


San Andres-era ailegatu ginenean bertako baserritar bati hemendik Mariaratzera jaisterik ba ote den galdetu genion. "Bidea badau, hasieran garbie baña gero hestutu eta itxi itten da, baña errex allauko zeate" erantzun zigun.

San Andres bere ezkerretik pasa ondoren errepidea amaitu eta bide bat hasten da. Bideak 25-30 metroetan jarraitu ondoren ezkerreruntz (jaisteko norantzan) hartuko du beste hainbat metroetan pinudi batean amaituko delarik.

Bideak ezkerreruntz hartzen duen zatian.


Pinudian bidea sasiz erdi estalitako bidexka bihurtzen da.


OHARRA: Lau baserrietatik Mariaratz errekara jaisteko bide garbiagoa (eta askoz hobea) ibilbide honetako igoeran deskribatutakoa da.

11:35, Mariaratz errekatik gora datorren pista zaharra. Bidexkan metro batzuk egin ondoren, gure eskuinean 30 metro ingurura Mariaratz auzotik datorren pista zaharra topatuko dugu. Pista hau, hasieran komentatu bezela, bere garaian ireki zen basoko garbiketa lanak egin ahal izateko. Jarraitzen ari ginen bidexka nora doan ikertu gabe berau utzi eta pistaraino sasi artean zuzen jaitsi ginen.

"Sasing" pixkat egin ondoren pista zaharrean dagoeneko. Ikerren hanketan sasiaren ondorioak nabaritu daitezke


Pista zahar hau eskuineruntz (jaitsierako norantzan) 2-3 minutu jarraitu ondoren, azkenik AHT-ren obra lanak direla eta egin duten pista berrira ailegatu ginen.

"Pena pista honen bukaerara ez allatzea" Ikerrek. "Bueno, beste baten ibilbidea alderantziz ein dezakegu pista hontatik gora nora ateatzen garen jakitteko", erantzun nion.

Pista berrira ailegatzen, egunen baten hemendik gora joan beharko dugu.


Pista hontatik behera dagoeneko terreno ezagunetik zehar murgildu ginen: Basekotxe baserria, Piedras Blancas, Cendon-en baratza, "la presa de los chicos" eta "la presa de las chicas", Eleknor etxea etab.

Pista berrian behera, parean "basekotxe" baserria ikusi daiteke.


"Las Piedras Blancas" parean eta bertan Basekotxera igotzeko egin duten zubi berria.


Eleknor etxera ailegatzen.


Azkenean 11:50tan, hiru ordu eta laurden ibili ondoren, berriro ere etxera ailegatu ginen.

Berriro ere herrian, kale honetan pasa nuen nire haurtzaroa.


MURUMENDIRA BESTE IGOERA BATZUK

- Murumendi Ordiziatik.


2 iruzkin:

  1. Egurre Xabi! ta animo asko. Erreportaia ederra.

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker artista!!!!

    Mantxo-mantxo baino hobetzen ari gara. Orain umetan egiten nituen ibilbideak berreskuratzen ari naiz, bide errezak, bazpare erorketarik ez sufritzeko (erori ezkero beso "bakarra" daukat eta).

    Ondo izan!!!

    ErantzunEzabatu