AZKEN 10 SARRERAK
goierri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
goierri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/05/01

MURUMENDI ITSASONDOTIK: PR GI-53 BIDEA DESKUBRITUZ... 2021/04/25


Murumendiko ekialdeko harresia, eskalatzaile askoren amets baina harkaitz hauskorrekoa.

Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Urtea motel doa, luze, gogor eta hodeitsu, apirileko egun heze eta hotz baten moduan. Pentsatzen hasten banaiz, iluntasun hau 2020ko martxora arte luzatzen dela esango nuke, Txinako merkatu baten bazter batetik ihes egin zuen birus bat Euskal Herrira iritsi zen arte. Orduz geroztik, lana eta emozioei dagokionez, errusiar mendi baten moduan gora eta behera gabiltza, kupidarik ez duen birus honen hedapena gelditu nahi, eta tamalez, gelditu ezinik.

Pasa den urtearen azken egunean birusaren aurkako lehen txertoak jarri genituen eta orduz geroztik birusaren amaieraren itxaropena 5 edo 10 ml eskas duten potetxo hauetan jarrita daukat, egunaren 24 orduetan, asteko zazpi egunetan, falta eta behar diren txerto berriak noiz eta nola iritsiko diren inork ez baitu ziurtatzen.

Pandemia baten bilakaera ez da faktore bakarraren eraginez sortzen faktore askorena baizik: faktore indibidualak, sozialak, ekonomikoak, sanitarioak, politikoak, hezkuntzakoak... Pandemia hau ikasketa aparta izaten ari da, faktore hauetan guztietan ditugun zer hobetuak behin eta berriz seinalatzen ari delako. Berandu izan baino lehen hausnarketa sakon bat egin beharra dugu, bai bakarka, bai gizarte mailan, baita Osasun edo Hezkuntza Sistema mailan ere, nolabaiteko ardura sozial edo politikoa dutenek egin beharko duten hausnarketa ahaztu gabe, Eusko Jaurlaritza mailan, Foru Aldundi mailan edo udalerri mailan badaude ere.

Nekatuta nago, mentalki nekatuta, emozionalki nekatuta eta arima ere nekatzen hasi zaidala esango nuke. Umorea aldatu zait, erraz haserretzen naiz, erraz egiten dut negar eta ez dut erraz irribarrerik egiten. Lanetik kanpo jendearekin egotea larri jasaten dut: birus honetaz hitz egiteaz nazkatuta nago eta ez daukat inongo gogorik eta denbora alperrik galtzeko asmorik errua besteek dutela etengabe esaten dutenekin. Egoera honetan bakea eta intimidadea aurkitzea ezinbestekoa da, argi izpi bat besterik ez bada ere, izpirik txikienak iluntasunik handiena argitzeko indarra duelako. Izpi hauek mendian bakarrik aurkitzen ditudala esatea gezurra izango litzateke, Itziren berotasun eta maitasunak eragiten didan bake izpiengatik izango ez balitz mendira joatea kosta egingo zitzaidalako.

Eta mendiari buruz idazten hasita, hemen ere urtea arraroa doa. Orain arte, udalerrien kolorea dena delakoa izanda ere, Euskal Mendizale Federazioan federatuak egoteko zortea genuenok Erkidegoko mendietan "entrenatzeko" baimena genuen, bai horizontalean baita bertikalean ere, mugarik gabe. Aste Santua iristearekin batera aldiz udalerrietako konfinamenduen gurutz-bidera itzuli ginen. Kristori gertatu zitzaion bezala berpizkundea hirugarren egunean iritsiko ote da? Duela bi mila urte gertatu zen moduan, azkenaldian berriro ere Pilatosen eskuetan ez ote garen maiz pentsatzen ari naiz...

Eginon eskalatutako bide pare bat alde batera utzita, azken hilabeteetako "entrenamendu" eta "terapia" gunea Aralar izan da. Gehienetan bakarrik, bertan gorputzari beroaldi majoak emateko aprobetxatu dut, min fisikoaren bidez beste min guztiak atzean uzteko asmoarekin. Azkeneko beroalditik (ibilbidea ikusteko hemen klik egin dezakezue) erlaxatzeko dutxa beroa hartu ondoren, liburu bat irakurtzen ari nintzen bitartean Asierren mezua jaso nuen: "Smithy, bihar mendia jun behar dezu? Edo gaur nahikoa egin dezu, jejeje". Asierren mezua jasotzeak ilusio handia egin zidan, bere urtea ere makala izaten ari baita. Eskumuturreko lesio batek eragin dion ebakuntza baten ondorioz mendia zapaldu gabe denbora luzea darama, berak nahi baino motelago doan errehabilitazioa errepidearen segurtasunean egindako ibilbideekin tartekatuz.

Asierren mezuak buruan aspaldi nuen igoera bat gogorazi zidan: Itsasondotik Murumendira menditik igotzea. Itsasondotik Murumendi behin igota nuen, Idoiaga (Ioia) baserrietaraino luzatzen den errepidetik. Urkia auzora doan errepidetik ere igo daiteke baina, mendizalearen begietatik, igoera garbi bat egin nahi nuen, errepide eta porlanezko pistak ahalik eta gutxien zapalduz. Erantzuna Itsasondoko udalaren mapa toponimikoan aurkitu nuen PR GI-53 ibilbidea deskubritu nuenean. Ibilbidea herrian bertan hasi, eta suge baten moduan, ezagutzen ez nituen baso, baserri eta auzoak Murumendi iparrean dagoen Zarateko leporaino sigi-sagan zeharkatzen zituela ikusi nuen. Zarateko lepotik aurrera doan bidea ezagutzen nuenez, hemendik aurrera galtzeko arriskurik ez nuen izango.

"Murumendia Itsasondotik igotzeko asmoa dauket animatzen bazea, poliki, poliki, poliki, jejeje..." proposatu nion. Baiezkoa berehala iritsi zitzaidan.

IBILBIDEA

PR GI-53 ibilbidea Itsasondoko Andra Mari Jasokundearen elizaren ondoan hasten da, eta ibilbidearen arrasto zuri-horiak jarraitzea besterik ez da Urkia auzoko Gurutze Santuaren baselizaraino. Bertan PR GI-53 ibilbidea utzi eta PR GI-54 ibilbidea jarraitzen hasiko gara Murumendiko iparrean dagoen Zarateko lepora iritsi arte. Ibilbideak Itsasondoren gainean landaretzak hartutako baso itxi eta pagadiak zeharkatzen ditu eta, besteak beste, Urkia eta Lizardiko auzoak aukera izango dugu.

Zarateko lepotik aurrera ibilbidea GR 34 ibilbidearekin elkartzen da. Hego-mendebalderako noranzkoan jarraituz, Murumendira iritsiko gara.

Jaitsieraren lehen zatia Ordizia udalerriko muga jarraituz egin genuen, Arrapaitz eta Eizeata gainetatik pasatu eta bigarren honetan dagoen Beasain-Itsasondo-Ordizia mugarriari bisita eginez. PR GI-54 ibilbidea utzi gabe, Ordiziara arte jarraitu genuen ibilbideari amaiera emanez.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 15,7 kilometro.
- Punturik baxuena: Itsasondo, 113 metro.
- Punturik altuena: Murumendi, 868 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 850 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: Ibilbideak ez dauka inongo zailtasun teknikorik, PR arrastoak argiak dira eta bideak oztopo aipagarririk ez dauka. Tarteka harreta jarri beharko dugun lokatz handiko lekuak zeharkatuko ditugu, baita erreka pare bat ere.
- Ura: Itsasondon, Lizardiko errotaren ondoko iturrian eta Arrapaitz iturrian ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: PR GI-54 ibilbidea jarraituz.
- Eramandako materiala: Ez da material berezirik behar.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Ibilbidea poliki eginez lau ordu eskas, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue. Ibilbidea zirkularra da berez, baina partekatutako ibilbide hau Itsasondon hasi eta Ordizian amaitzen da:
Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Hitzordua goizeko bederatzietan jarri genuen. Igandea giro freskoa eta zeruan ostarteekin esnatu zen, aitzakirik gabe ibiltzeko eguraldi aparta:

- Goien haizea ibilikoa... - esan zidan Asierrek zeruan txikle baten modura luzatzen ziren hodeiei begira.
- Eztet uste atzo Aralarren sufrittu nuna baño fuertegoa izatea - erantzun nion Aralarren bezperan hezurretaraino sartu zitzaidan haizete bortitz eta hotza gogora ekarriz.

Herriaren sarreran dagoen "Itsasondo" kartela atzean utzi ondoren 1 Errepide Nazionala utzi eta Goiko kalean gora hasi ginen, malda gogor honen ondoren eskuinera hartu eta Andra Mari Jasokundearen elizara iristeko.

1 Errepide Nazionala utzi genuen lekuan.

Goiko kalearen lehen metro gogorren amaieran, eskuinera hartu behar den bidegurutzera iristen.

- Hara, hortxe PR marka!!! - bota nion Asierri elizaren ezker hormara hurbilduz.

Ibilbidearen lehen PR arrastoa, eskuinean Andra Mari Jasokundearen eliza.

Ibilbidearen lehen metroek galtzada itxurako bide estu bat jarraitzen dute, maldan gora, bazterretako zuhaitzek osatzen duten tunel berde bizian sartuta. Ez zen denbora luzea pasatu manga motzetan jarri eta musukuak motxiletan gorde baino lehen, herrigunea atzean gelditzen ari zenaren seinale.

PR GI-53 ibilbidearen lehen metroetan, galtzada itxurako tartean.

Agarreazpi eta Agarre baserrietara iritsitakoan, bigarren baserria iparretik inguratu, eta ipar-ekialderantz zuzentzen den belarrez estalitako pista bat jarraitzen hasi ginen.

Agarre baserriaren ondoan, ibilbideak hemen eskuinera jotzen du.

Ibilbidearen hasierako maldak atzean utzita, ipar-ekialdera zuzentzen den pistak indarrak berreskuratu eta inguruneaz gozatzeko aukera ematen du.

Altuerarik irabazi gabe, belarrez estalitako pista gozoa, bizitza beraren moduan, bidegurutze bakoitzaren ondoren hauskor bihurtuz joan zen, baita estutzen ere, txabola baten ondoan bidexka estu batean bihurtu zen arte.

"... bidegurutze bakoitzaren ondoren hauskor bihurtuz...".

"... txabola baten ondoan bidexka bihurtu zen arte".


Bidexkak basoaren erdian jarraitzen du, landaretzak hartutako kaos eta desordenaren erdian pasagune garbi bat eskainiz.

- Bidea uste nuna baño garbigoa dau...
- Bai, hasieran pentsatzen nun hemendio etzela iñor ibiliko, baña itxuragatio badabil jendea... - erantzun nion Asierri.

Bidexka garbia da...

... eta bidegurutzeetan oso ongi dago adierazita jarraitu beharreko bidea.

Tartean garai bateko arbel meategien aztarnak ikusteko aukera daude eta itxitako meategi baten ahotik ere pasako gara. Itsasondo arbelaren meatzaritzarekin lotutako herria izan zen 1860 eta 1970 hamarkadaren artean. 1860 urtera arte nekazal eta abeltzaintzatik bizi zen herria zen, baina arbela ustiatzen hasi zenetik hau izan zen herriaren iturri ekonomiko nagusiena. Arbelaren meatzaritzak, bi krisi bizi izan zituen, biak uholdeen ondorioz sortutakoak. Gerra Zibilaren aurretik izan zen lehena, non herriaren populazioak ere behera egin zuen, hainbat familiek erroldatik baja eman behar izan zutenean. Gerraren ondoren meatzaritzak berriro ere gora egin bazuen ere, 1953 urtean izandako bigarren uholde batek eta 1955 urtetik aurrera bizi izan zen krisiak arbelaren ustiaketarekin urte oparoekin amaitu zuen. Azkenean, 1970ko hamarkadan meatz guztiak itxiko ziren. Egun, ustiaketa honen isla dira Itsasondoko etxe askoetako arbelezko teilatuak.

Altuerari dagokionez metro gutxi irabazita, basoaren muga osatzen duen Bekoetxeko errekara iritsi ginen.

Bekoetxeko erreka zeharkatzen.

Zelaien argitasunera atera eta, "teilakaskoz" (teilen pusketak, milesker Jon Ordoñez hitz honengatik) estalitako bide batean gora, basoaren iluntasuna atzean utzi genuen, lehen aldiz Larrunarriren edertasuna klorofilaz gainezka egindako baso berdearen gainetik nabarmenduz.

Baso guztien gainetik.

Larrunarriri begiradarik kendu gabe zelaiaren ertzean Aurretxe, Domingotegi eta Gakotxe (Garaikoetxea) baserriek osatzen duten oasi txikira iritsi ginen. Urkia auzoa osatzen duten lehen baserrietan geunden.

- Hemendio gertu nere aman baserrie dau - esan zidan Asierrek.
- Ta bertan oaindio bakarren bat bizi da?
- Bai, osaba, aman anaie - erantzun zidan.

Aurretxe baserrira iristen.

Atarietan aparkatuak egoten diren todoterrenoetatik izango ez balitz, herriguneetako zalapartatik urrun dauden baserri hauetara iristea denboran atzera egitea bezala da. Baserrietako ateetara katearekin lotuta dauden zakurren zaunkak eta baserritarrek botatako susmo eta jakin-min arteko begiradak nahi eta nahi ez arrotz senti arazten zaituzte, mendeetan jarraitu duten orden eta oreka apurtzearen mehatxatzaile izango bazina bezala.

Gakotxea baserrira iristen.

Baserriak atzean utzita, porlanezko pista batetik jarraitu genuen, Larrunarri bere osotasunean ikusteko lehen aukera eskeini ziguna. Zerua kiribilduta zegoela zirudien, hodeiek haize indartsuarekin izaten ari ziren dantzaren ondorio.

- Goien ez da giroik izango...
- Eztet uste.

Larrunarri bere osotasunean, zerua kiribilduta.

Porlanezko pista mendiak osatzen duen ezproi zabalera iristen denean bidegurutze bat dago. Bertan, pista utzi eta ezproiaren ertzetik zuzen-zuzen igotzen den bidea hartu genuen, "Sarasola" baserrira zuzentzen dena.

Porlanezko pista uzten den lekuan.

Ezproiaren ertza utzi gabe, bideak zuzen-zuzen jarraitzen du, bidexka bihurtu, eta Saletxeberri baserritik gertu, lehen utzi dugun porlanezko pistara bueltatuz.

Porlanezko pistarekin berriro elkartzen den lekuan.

Porlanezko pistan gora jarraituz berehala iritsi ginen Urkia auzoko Gurutze Santuaren baselizara.

- Garai baten plaza txiki hontan urtero erromerie itten zen - esan zidan Asierrek -, taberna ireki, aizkolarik, musika ta ermita ondoko frontoi txikin pilotan aitze giñen.
- Hainbesteako? - galdetu nion.
- Olasagasti ta guzti hemen izanda dau eh... - erantzun zidan -, amai bialtzeko argazki bat in behar det.

Urkia auzoko Gurutze Santuaren baselizaren aurreko plazatxoa.

"Maiatzaren 3an eta irailaren 14an Gurutze Deunaren eguna ospatzen da Urki auzoan. Egun horietatik hurbilen egokitzen den asteburuetan, ekitaldiak egiten dira Urkian: hamaiketakoa, bazkariak, afariak... Horrez gain, maiatzean, mus eta toka txapelketa egiten da. Irailean, berriz, herri kirolak" (Itsasondoko udaleko web orritik jasoa).

Baselizaren ondoko indikazio-kartela.

Argazki batzuk egin genituen, eta aintzinako erromerietako trikiti noten eta aizkorakaden kolpeen oihartzunak oraindik belarrietan genituela bidearekin jarraitu genuen, baselizaren gainean dagoen pinudiaren eskuinetik doan bidea hartu eta basoan berriro ere sartuz.

Gurutze Santuaren baseliza eta hemendik gora jarraitzen den bidea.

Hemendik aurrera basoan pagoa eta haritza dira nagusi, horregatik ez da harritzekoa Gurutze Santuaren baselizan dagoen indikazio kartelan onddo zuri baten argazkia agertzea. Bideak ez du altuerarik irabazten eta tarteka maldan behera ere hasi ginen:

- Lekun baten goraka hasi beharko deu... - esan nion Asierri.
- Bai ze Murumendi oaindio oso goien ikustea...

Pagadian behera...

Baselizatik hogei minutu eskasean Lizardi errotara iritsi ginen. Kuriosoa da errota honetara iristen den errekaren izena, mapa toponimikoan errotaraino Muko erreka edo Errekaundi izena eta errotatik behera Lizardiko erreka izena jasotzen baita.

Lizardi errota.

Erreka zeharkatu eta honen ondoko iturrian zintzurra freskatu ondoren ibilbidearekin jarraitu genuen.

Muko erreka eta honen ondoko iturria.

Errota atzean utzita, berehala Lizardierdikoa eta Lizardibehekoa baserrietara iritsi ginen. Kronika hau idazteko prestatzen ari nintzela bi baserri hauetako biztanleak 1926 urtean Beizamako Korosagasti baserrian izan zen krimenean protagonista izan zirela irakurri nuen. Korosagasti baserriko ama eta alabetako bat hilik azaldu ziren, ziurrenik ardien ilea mozteko guraizeekin. Hilketa honen inbestigazioan atxilotu asko izan zen, horien artean Lizardi auzoko baserrietako hainbat kide. 1927an egin zen epaiketan denak errugabetzat jo zituzten. 17 urte beranduago, Itziarko Santuaran baserriko Luxiano tratanteak, "Mekatxis"-ek, hilzorian zela apaizari aitortutako bekatuen artean Korosagastiko hilketa aitortu zuen. Ezin izan da jakin "Mekatxis"-ek hilketa zergatik burutu zuen, lapurreta bat edo Korosagastiko ama eta alaba isilik mantentzeko hilketa ordaindua. Zergatik emakume hauen isiltasuna mantendu? Agustin Linazasoro irakasle ordiziarraren tesiaren arabera, Korosagasti baserrian garai hartako jauntxoen gehiegikeri sexualen ondorioz jaiotako haur jaioberriak desagerrarazten zituzten. Agustinek baserrian hogei haurren hezurrak aurkitu omen direla dio.

Lizardierdikoa eta Lizardibehekoa baserrietara iristen.

Lizardiko baserriak atzean utzi eta porlanezko pista bat bost minutu eskasean jarraitu ondoren, maldan gora doan lurrezko pista batera iritsi ginen. Pista honen lehen metroetan, hauspoaren mesedetan, abiadura jaitsi behar izan genuen.

Porlanezko pista uzten den lekuan.

Malda igotzen hastearekin batera parez-pare Murumendiko ekialdeko horma bertikala desafiatzaile azaldu zen.

- Hor Mikelek ez al dauke bian bat irikita? - Galdetu zidan Asierrek Mikel Saez de Urabain eskalatzaile ordiziarrari erreferentzia eginez.
- Nik dakidadala bide bakarra dau - erantzun nion -, Mirallesek irikitakoa.

1971ko maiatzan Javier Miralles eta Damian Sarasola mendizaleek Murumendiko horma hauetan D zailtasuneko bide bat ireki zuten. Murumendiko harkaitza oso hauskor eta kaskarra dela kontutan izanda ez dut uste errepikapen asko izango dituenik.

Murumendiko ekialdeko horma ikusgarriaren itzalpean.

Pistak atseden eman zigun lekuan basoa garbitzearen eraginez sortutako zabalune zabal batera iritsi ginen, zuhaitz berriak landatu dituzten zabalune handi batera. "Modan" jarri den eukaliptoa izango zela pentsatu genuen arren, gerora jakingo genuen Itsasondoko udalak erositako lur-sail bat dela, bertako zuhaitzak (haritza batez ere) eta basoak berreskuratzeko erosi duen lur-sailetako bat.

Itsasondoko udala bertako basoa berreskuratzen ari den zabalune handia.

Hemendik gora malda gogortu egiten da eta ez zigun atsedenik eman Zarateko lepora iritsi ginen arte. Igoera honetan Asierrek pinudien ustiaketaren nondik norakoak azaldu zidan. Pinudia garbitu aurretik "tasatzea" komeni izaten da. Honetarako, ordainketa baten truke Foru Aldundiako teknikari batek pinudia ikusi eta txosten bat idazten du. Teknikari honek idatzitako txosten edo tasazio hau izaten da pinudiaren jabeak kontutan izaten duena pinua eramango duen enpresarekin pinuaren prezioa negoziatzeko.

- Oain pinuditan sartu den gaitzagatik prezio oso bajuk eskeintzen ai die, badakitelako pinudin balioa urtetik urtera jaitsiko dela. Kasu askotan tasatutakon erdie baño gutxigo eskeintzen ai die.

Pinua gora pinua behera ari ginela Zarate lepora iritsi ginen. Iritsi aurretik aspaldi ikusten ez genuen Ikerren kuadrilako Aimarrekin hizketaldi labur bat izateko parada izan genuen. Esfortzu guztiak amaituta, bizikletarekin maldan behera ziztu bizian desagertu zen.

Zarate lepoan.

Zarate lepoan dagoen indikazio postea.

Orain arte jarraitutako bidea Zarateko lepoan GR-34 ibilbiearekin elkartzen da. Lepoan ezkerrera jo, eta hego-mendebaldeko noranzkoa hartuz, Murumendiren iparrean dagoen pagadi ikusgarriaren barnera sartu ginen, piskanaka soineko berdea janzten ari zena. Malda gogor baten ondoren Mandubiara doan bidegurutzearen parean GR ibilbidea utzi, eta basoan maldan gora doan bidexka bat jarraituz, Murumendiko gailurraren ingurko larreetara atera ginen.

Murumendiko iparrean dagoen pagadia.

Basoaren babesik gabe haize hotzaren menpe gelditu ginen. Goizeko hamabiak ziren Murumendiko gailurrera iritsi ginenean eta orain arteko bakardadea apurtu zenean. Haur talde handi bat gailurrera hurbiltzen zela ikusita, haize hotza aitzaki bezala jarri, eta gailurrean atsedenik hartu gabe, Asierri beherako bidea hartzea proposatu nion.

Murumendiko gailurrean Luis Pedro Peña Santiagoren omenezko oroitarria.

Beherako bidea Ordizia eta Itsasondoren arteko muga jarraituz egin genuen, tartean Arrapaitz eta Eizeata gainetatik pasatu eta Itsasondo, Beasain eta Ordizia udalerrien arteko muga adierazten duen mugarri "ezkutua" bisitatuz.

Udaberri eztanda Goierrin...

PR GI-54 ibilbidearekin berriro ere elkartu ginenean Ordiziara iritsi arte ez genuen utzi. Gustukoen dudan urtaroa udazkena bada ere udaberriak ere badu bere xarma. Neguan lo egon ondoren, natura berriro ere esnatu, ernatu eta bizitzara itzultzen da. Mendiak marroi koloredun jantzi tristea kendu eta berde kolore bizi batez ordezkatzen du, bizitzari aukera berri bat emanez.

Pandemiarekin gauza bera gertatuko da?

Garo berriak badatoz...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Rodriguez J.M. Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa (Guía), 126. Itziar. Euskal Herriko Mendizale Elkargoa, 1979.
- Itsasondoko udalaren web orria. Eskuragarri: https://www.itsasondo.eus/
- Itsasondoko mapa toponimikoa 2006. Eskuragarri: https://www.itsasondo.eus/mapa-toponimikoa
- Goiberri aldizkaria. Urkiatik Murumendira, itsasondoko aberastasun ezkutua ezagutuz, 2021eko martxoak 21. Eskuragarri: http://goiberri.eus/2021/03/22/urkiatik-murumendira-itsasondoko-aberastasun-ezkutua-ezagutuz/
- "Bertsolari" web orria. Beizamako krimena: hilketak, knspirazioak... eta bertsoak, -02-04. Eskuragarri: https://www.bertsolari.eus/erreportajeak/beizamako-krimena-hilketak-konspirazioak-eta-bertsoak/


2018/09/10

LARRUNARRI (TXINDOKI), TARTEKO EZPROIA: "EZKUTUA" BIDEA, 130 m, IV+/V. 2018/08/22

Hainbat luzeetako eskaladarekin goierritar askok lehen aldiz kontaktua izandako eskola Larrunarri izan da. Mendebal aurpegiko harkaitzean asko izan gara indarrak neurtu ditugunak, baita ametsak bete ditugunak ere.

Aspalditik uste nuen lerro bertikalez zeharkatutako aurpegi honetan bide berririk irekitzea ez zela posible, honegatik, Euskal Herria Trad blogean “Ezkutua” bidearen berri izan nuenean zeharo harritu nintzen: “Txindokin bide berrie, ekipatu gabe, harroka onen ta gañea IV+? Hoi probau beharren gare”.

“Ezkutua” bidea “Arrastrakulos” kanala eta “Plaka Gorriak” sektorearen arteko ezproi nabarmenean kokatzen da. Bidea ireki zutenen esanetan, izenaren jatorria “ezkutua” hitzaren esanahi bikoitzarekin lotua dago: alde batetik bidea nolabait ezkutuan gelditzen da eta bestetik bigarren luzeko sabaiak ezkutu (gazteleraz “escudo”) itsura dauka.

Abuztuaren 12an bide honi lehen saiakera egin genion. Buenooo, saiakera zerbait esateagatik, krokisa etxean ahaztuta, ez ginelako krokisa interneten aurkitzeko gai izan. Azkenean traste guztiak hartu eta Plaka Gorrietako “Peter Punk” bidea eskalatzen amaitu genuen. Astebete beranduago, egoskorkeriak jota, Asierri bide hau eskalatzeko proposatu nion: “Goizen liatuta nau, atsalden juten bagea?”. Eguraldi sargoritsu eta beroa iragarrita zegoela ikusita, “primeran, bostetan jasoko zaittut” erantzun nion.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Pitu, Lertxun eta Auxkin 2017ko azaroan.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (50 m), 2ºL: IV (20 m), 3ºL: IV (35 m) eta 4ºL: II (25 m).
Orientazioa: Hego-mendebaldea. Goizean-goiz joanez gero ia eguerdira arte itzala izango dugu. Hala ere udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ura Larraitzen eta Oria iturrian hartu daitekeen arren, uda aurrera doan heinean Oria iturriko isuria dezente murrizten da, batzuetan lehortzera iritsiz.
- Hurbilketa: Larraitzetik ordu bete pasatxo lasai joanez gero. Bertara hurbiltzeko azalpena hemen irakurri daiteke.
- Jaitsiera: "Arrastakulos" kanaletik. Bustia badago kontuz ibili beharreko jaitsiera da, II zailtasun mailako irtengune pare bat jaisten direlako. Bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura ordubete pasatxo pasako dugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Camalot 3 eta 4a (edo 3a errepikatuta) eramatea ere gomendagarria izan daiteke. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta laurden.

Ezproiaren kokalekua eta bertara iristeko (edo bertatik jaisteko) bideak: zuriz, guk jarraitu genuenea eta urdinez "Tximista" bidea.


Ezproia gertuago. Zuriz igoerako bidea, gorriz eskalatutakoa eta urdinez jaitsierako bidea, "Arrastakulos" kanala, alegia.


BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Egun oskarbi eta sargoritsua izan arren, Asier jasotzeko orduaren zain nengoen bitartean, etxeko leihotik Txindoki laino itxi batek pixkanaka biltzen zuela ikusi nuen. Lepoan jarritako bufandaren moduan, noizik eta behin Larrunarriko gailurraren burua besterik ez zen ikusten: “ea harkaitze bustie eztaun” esan nion Asierri kotxean sartu zenean.

Larraitzen gora burdin eta sokaz betetako motxilekin hastearekin batera izerdi patsetan hasi ginen. Haize arrastorik ez zegoen eta eguzkiak gogor eta errukirik gabe jotzen zuen motxilen azpian geroz eta gehiago makurtu araziz. “Tximista” bidera iritsi gabe, bidean zeharkatzen den pinudia atzean utzi eta berehala zelaian gora hasi ginen hurbilketa motzagoa egiteko asmoz. Maldan gora, lurrari begira, Txindokik jantzitako lainozko “bufandari” begiratzen nion bakoitzean izerdi tantetan urtutako eguzkitako krema begietan sartzen zitzaidan, erresumin eta azkura eraginez: “joerrrrrr!!” kexatzen nintzen izerditan blai nuen kamisetarekin begiak lehortzeko gelditzen nintzen bakoitzean.

Laino artean sartu ginenean kremak eragindako malkoek murriztutako ikusmira ahalik eta gehiago murriztu zen, hamar-hamabost metroetara besterik ez. Inguratzen gintuen mundua airean esekitako ur tantetara mugatzen zen, noizik eta behin laino artetik zuhaitz, harkaitz edo zaldi itsurako irudi bat azalduz: “eztakit ba harrie sekoa eongoen” esan zidan Asierrek zalantzaz betea. “Bustie badau, honaño motxilekin igo ta jaixtea entrenamendu earrare izangoa”, erantzun nion animatu nahian.

Bat-batean, laino artean ezerezetik Plaka Gorriak eta honen ezkerrean eskalatu nahi genuen ezproia azaldu ziren. Hauen gainetik, zerua oskarbi zegoela zirudien. Ezproira zuzendu eta honen oinean blai egindako motxilak bota genituen: “Nikie piszina baten sartu izan banitz bezela dauket” esan nion Asierri, “baita nik ere” erantzun zidan kamiseta kendu eta harkaitz batean lehortzeko esperantzarekin utziz. Lainoaren mugan geunden. Tartean ezproia erabat estaltzen zen, tartean garbitu eta zeru urdinaz gozatzeko aukera genuen.

Ezproia lainoz erdi-estalia.


“Gutxiñez harrie sekoa daula emateo” esan zidan Asierrek, “baña ezer ikusibe goraka itsun hastea eztakit ba…”. Lainoak gora edo behera egingo zuen itxaroten, mendian askotan gertatzen den bezala, naturaren azken hitzaren zain gelditu ginen. Krokisa atera eta, ezproia hodeiez garbitu zen une laburretako batean, bidearen erdiko ezkutu itsurako sabai nabaria identifikatzeko kapaz izan ginen: “bueno gutxiñez bakigu noaldea jun beharren gare”.

Lehen luzeko nondik norakoak aztertzen.


Lainoa pixkanaka behera egiten hasi zenean eskalatzen hastea erabaki genuen: “joer, kaskoa eztet ekarri” esan zidan Asierrek motxilatik arnesa atera zuenean. “Ahhhh pajarooo, luze guztik aurretio eskalatzeko truko zaharra” erantzun nion irribarretsu. Kaskoa bisera batengatik ordezkatu eta lainoak berriro ere ezproia ezkutatu zuenetako batean eskalatzen hasi zen.

- Lehenengo luzea, 50 metro, IV+/V. Bidea ezproiaren eskuinaldean (azpitik begiratuta) hasten da, urak harkaitz-plaka inklinatu batean mendeetan higatutako kanal nabari batzuk (“kanalizoak”) eskalatuz. Lehen 4-5 metroak ez dira zailak (III) eta Asierrek oinak “kanalizoen” barruan ongi trabatuz erraz eskalatu zituen.

"Kanalizoak" eskalatzen.


“Kanalizoak” eskalatuta horma etzan eta harkaitz-zubi batean lehen asegurua jarri zuen. Horma etzanean ezkerrera jarraitu zuen (II) bertan dagoen harkaitz zuridun arrail batera zuzenduz. Bertan friend bat trabatu eta goraka zuzen jarraitu zuen (babaresa moduan eskalatu daiteke baina ez da beharrezkoa) harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz (III).

"Kanalizoak" eskalatu ondorengo harkaitz-zubitik zinta-uztai bat pasatzen.


“Hemen puenterroka baten kordino bat jarrita dau” esan zidan. “Bai, kronikan kordino bat ta iltze bat utzi zutela jartzeo” erantzun nion. Harkaitz-zubiko kordeletik express-zinta pasatu eta metro batzuetan eskuin aldera diagonalean eskalatu ondoren, hormaren oinean dagoen arrail zabal edo harkaitz-zulo nabarmen batera iritsi zen.

Luzearen zailtasunak hemendik gora hasten dira, horma tentetzen baita. Harkaitz zulotik gora doan harkaitz-plaka tentean metro pasatxo eskalatu eta, ezkerrera zeharkaldi horizontal bat eginez, bertako arrail inklinatu nabarira iritsi zen (IV).

Hurrengo metroak arrail inklinatu hau eskalatuz egin zituen, arraila asko zabaltzen den puntu batera arte (hemen ere harkaitz-zulo itsura hartzen du). Krokisean lehen bilgunea harkaitz-zulo honetan muntatzen bazuten ere, harkaitz-zuloan 3-ko Camalota trabatu eta Asierrek eskalatzen jarraitzea erabaki zuen.

Arrail inklinatuaren amaieran.


Bigarren harkaitz-zulotik atera eta itsasgarritasunezko pasabidea eskalatu aurretik.


Harkaitz-zuloaren gainetik lehen luzeko (eta bide osoko) pasabiderik gogorrena dator, harkaitz-plaka tente batean eskalatzen den 4-5 metro inguruko itsasgarritasunezko pasabide fina (IV+/V). Harkaitzaren zimur eskasetan oinak (eskuentzat heldulekurik ez dago eta) non jarri ongi begiratu ondoren, “oain kontuz, eh?” esan eta pasabidea poliki eskalatu zuen, gorputzaren pisua oinen artean kontu handiz jarriz. Hiruzpalau pausuen ondoren plakaren gaineko arrailera iritsi zen: “ñooo, paso fiñe, eh?” esan zidan.

Lehen bilgunera iristen.


Arraila jarraituz azken metro batzuk egin eta belar eta harkaitz soltez estalitako erlaitz eroso batera iritsi zen: “reuniónnn!!!”. Bilgunea, artaka-trabagailu eta 4-ko Camalot batekin (eraman genuen bigarrena) muntatu zuen.

Lehen bilgunean, argazkian bigarrenaren nondik norakoak ikusi daitezke.


Lehen bilgunea.


Lehen bilgunetik behera egindako argazki honetan bidearen pasabiderik gogorrena ikusi daiteke.


“Ostia adherentziko pasoa!!” esan nion bilgunera iritsi nintzenean. “Honi ze emateie?” galdetu zidan. Krokisa atera eta “kuarto mas” erantzun nion. “Nei gehio iruittu zait” esan zidan “gutxiñez kinto emateare ez legoke gaizki”. “Neire hala iruittu zait, bazpare krokise ittetenen kinto izan daikela jarrikoet” erantzun nion.

"Kanalizoak" eskalatu ondoren gora egindako argazkia. Ezkerrean harkaitz zuriko arraila ikusi daiteke.


Irekitzaileek utzitako harkaitz-zubi muntatua (kordel gorriarekin). Gorago lehen harkaitz-zuloa ikusi daiteke.


Bigarren harkaitz-zulotik gora egindako argazkia. Irekitzaileek lehen bilgunea hemen muntatu zuten.


Lainoa dagoeneko azpian genuen, bailara osoa estaltzen zuen kotoi itsurako itsaso zuria osatuz. Gure gainetik belatxinga talde bat aurrera eta atzera zebilen bion ikuskizuna ikusteko leku baten bila izango balira bezala. Bilgunera aseguratu, Asierri gainean nuen materiala eman eta, eroso jarri ondoren, eskalatzen jarraitu zuen.

- Bigarren luzea, 20 metro, IV. Bigunetik atera gabe, gorputza luzatu eta irekitzaileek utzitako iltzera iritsi zen.

Bilgunetik ateratzeko prest. Argazkian bide osoko iltze bakarra ikusi daiteke.


Iltzetik express-zinta pasatu eta, goiko sabaira zuzenduz, iltzearen ezkerretik gora doan helduleku oneko arrail bertikala babaresa moduan eskalatzen jarraitu zuen (IV).

Bigarren luzearen nondik norakoak.


Arraila ia amaiera arte eskalatu zuen ezkutu itsurako sabaiaren azpian kokatuz. Bertan friend bat sendo trabatu eta, sabai azpitik, eskuin-ezkerreko zeharkaldi horizontala egin zuen sabaia ezkerretik eskalatuz.

Sabaia azpitik zeharkatu ondoren.


Gertuago...


Sabaiaren gainera iritsi zenean metro batzuetan eskuinera egin eta bi harkaitz-zubi handien laguntzarekin bilgunea erlaitz eroso batean sendo muntatu zuen.

Sabaiaren gainetik lehen bilgunera egindako argazkia.


Lehen bilgunetik bigarrenera egindako argazkia.


Luzea azpitik dirudiena baino errazagoa iruditu zitzaidan.

Sabaiaren azpira iristen.


Sabaia eskalatzeko ez genuen honen ezkerreko diedroaren laguntzarik behar izan eta bertan topatu nituen harkaitz askeak kentzeko aprobetxatu nuen, pasabidea ahalik eta garbien utziz.

Sabaia eskalatzen.


- Hirugarren luzea, 35 metro, IV. “Hemendio gora nundio eskalau zuen?” galdetu zidan. Krokisa begiratu eta gainean ikusten den tximini nabarmen batetik eskalatu zutela iruditu zitzaigun. “Hori bai, harri txarra daula jartzeo” ohartu nion.

Lehen metroak bilgunearen gainetik harkaitz-plaka inklinatu eta sendo bat eskalatuz egin zituen (III) horma bertikal motz batekin topo egin arte. Hormatxoa ezkerretik eskalatu ondoren (III) metro batzuetan gora egin eta tximiniaren azpiko belarrez estalitako erlaitz batera iritsi zen: “bueno, oain arte harrie ez da txarra” esan zidan.

Bigarren bilgunea. Asier lehen ezkerretik eskalatu zuen hormatxo bertikala eskalatu ondoren.


Tximiniaren oinean friend bat trabatu eta eskalatzen jarraitu zuen.

Tximiniara (bere ezkerretik diagonalean gora doana) eramango zuen zeharkalditxoa egin aurretik.


“Kontuzzzz!!!” oihukatu zidan bat batean. Gora begiratu eta harri handi bat horman behera zetorrela ikusi nuen. Bilgunetik 10 metro ingurura pasa ondoren ezproian behera amildu zen, bidean ke eta erre usaina utziz. “Buff!!! Hemen harrik oso suelto dare” esan zidan, “oain eroi dana eskukin ikuttu besteik eztet egin”.

Tximiniaren eskalada oso arriskutsua izan zitekeela ikusita, metro batzuk jaitsi eta tximiniaren ezkerreko hormara zuzendu zen. “Hemen ere harrie ez da bate ona” esan zidan. Azpitik dirudiena baino bertikalagoa den hormari metroak kontu handiz irabazten zihoan bitartean soka poliki ematen nion, edozein momentuan erortzeko arriskuan izango balitz bezala. Reversoari soka zentimetroka janez hormaren gainera iritsi zen (IV) begi bistatik galduz. Hormatik gora 3 metro inguruko diedrotxo bertikala eskalatu (IV) eta ezproiaren gandorrera iritsi zen sendo zirudien harkaitz handi batean bilgunea muntatuz.

Horma bertikaletik ateratzen.


Horma bertikala arteko eskalada ona iruditu zitzaidan, harkaitz onean egiten dena. Horma bertikalaren eskalada aldiz arriskutsua iruditu zitzaidan, sendoak ez diruditen harkaitz handietan gorputzaren pisua kontu eta fede handiz jarri behar den horietakoa.

Horma bertikaletik atera eta diedro azpira iritsi nintzenean urre koloreko argi batek atentzioa deitu zidan. Argia zetorren lekura begiratu eta eguzkia laino-itsasoan urtzen hasita zegoela ikusi nuen. Asierri sokatik eusteko eskatu eta, kamara ateratzearekin batera, presaka eguzkiari azken argazki batzuk egin nizkion. Momentu magiko honek horma bertikalean pasatako urduritasunak astindu zizkidan bake sentsazio batez kutsatuz. Argazki kamera gorde eta diedrotxoa eskalatu ondoren Asierren ondora iritsi nintzen.

Eguzkiaren azken izpiak.


Hirugarren bilgunean. Laugarren luzeak atzean ikusten den gandorra jarraitzen du.


- Laugarren luzea, 25 metro, II. “Argi gutxikin ta hemengo harrie nolakoaen ikusita hobe deu sokakin ittea” esan nion. “Bai, hobe deu” erantzun zidan. Bilgunetik atera eta gandorraren amaiera arteko zatia (II zailtasuna) arin egin zuen tartean friend pare bat trabatuz.

Bilgunetik atera ondorengo lehen harkaitz-blokeak eskalatu ondoren.


Bilgunetik atera nintzenean zeruertza eguzkiak utzitako su koloreko arrasto gorri batez tintatua zegoen. Honen azpitik kotoizko itsasoa, gainetik aldiz, pixkanaka belzten zihoan zerua. Asierrek argazki bat egin eta berarekin elkartu nintzen: “Gutxiñez biatio ezkea gauez atera” esan nion.

Laugarren bilgunera daraman gandorrean zailtasun guztiak amaitu ondoren.


Hemendik aurrera helburua iluntasunak ahalik eta behean harrapatzea izan zen. Traste guztiak azkar-azkar jaso, etxekoak lasaitu eta kopetako argiak buruan genituela “Arrastrakulos” kanalean behera hasi ginen. Bertako bi irtenguneak jaisteko kopetako argiak piztu eta kanalaren oinera iluntasunarekin batera iritsi ginen: “Bueno, zaillena atzen utzi deu” esan nion Asierri zelaian behera hasiz.

Laino artean sartu ginenean tenperatura eta hezetasuna bat batean igo, izerditan hasi eta kopetako argiek ez ziren kapaz lainoa zeharkatzeko. Argiak zuzentzen genituen leku guztietan lainoa besterik ez genuen ikusten, kotxearekin laino artean argi luzeak pizten direnean bizitzen den egoera biziz. Hau gutxi ez balitz, izerdi eta argiak erakarrita, inguruko eltxo eta inurri hegaldunak azal bustian itsatsi eta belarri, sudur eta aho-zulotik sartzen zitzaizkigun, kontzentrazioa galdu, irrist egin eta belar bustian behin eta berriz erori araziz. Atseden galanta hartu genuen lainoa atzean utzi eta Txindokira doan ohiko bidearekin bat egin genuenean!!!

Larraitzera hamarrak eta erdi emanak iritsi ginen. Bertako iturrian azalean itsatsiak genituen azken intsektuak kendu ondoren motxilak kotxe barrura bota eta Larraitz atzean utzi genuen, etxean hartuko genuen merezitako dutxa goxoa buruan genuela.

“Ezkutua” orokorrean gustatu zitzaigun. Lehen bi luzeak ederrak iruditu zitzaizkigun, oso onak, pena hirugarren luzean harria hain txarra izatea. Ez dakit hirugarren luze hau beste nonbaitetik modu seguruago batean eskalatzerik izango den. Hala balitz, bidea Txindokiko klasiko bat izatera deitua dago inongo zalantzarik gabe. Zorionak eta eskerrik asko bidea ireki zuten Pitu, Lertxun eta Auxkini!!!!