AZKEN 10 SARRERAK

2012/11/12

MENDIAN GERUZEN BIDEZ JAZTEKO SISTEMA: LEHEN GERUZA

"Beroa eta deshidratazioa mendian" artikuluan azaldu nuen bezela, aktibitate bat egiten dugunean gorputzak irabazi eta kanporatzen duen beroaren artean oreka bat egon beharra dago, oreka hau mantendu ahal izateko gorputzak sortzen duen gehiegizko beroa prozesu ezberdinen bidez kanporatzen duelarik: Konbekzioa, kondukzioa eta erradiazioa. Hiru hauetatik lehenengo biak dira garrantzitsuenak:  
  • konbekzioan gure inguruko haize eta aire korronteek gure azala hozten dute.
  • kondukzioan aldiz, gorputzaren beroa gure gorputzarekin kontaktuan dagoen azalera hotzago batera pasako da, gure kasuan, lehenengo geruza bezela jarritako kamiseta. Behin geruza hau berotzen denean, berriro ere konbekzioaren  bidez (geruza bakarra badugu) haizeak hoztu egiten du prozesua berriro ere hasiz.

Gorputzak beroa galtzeko dituen sistema ezberdinen marrazkia. Ebaporazioa ur lurrun eta izerdiaren bidez galdutako beroa izango litzateke.



Ezin dugu ahaztu gorputzak irabazten duen beroa kanporatutakoa baino handiagoa denean beste prozesu bat martxan hasten dela: izerdia botatzea (ebaporazioa goiko marrazkian). Izerdia botatzearen sistema oso eraginkorra da urak beroa aireak baino 20-25 aldiz azkarrago garraiatzen baitu. Izerdia botatzean, gorputzean dugun gehiegizko beroa larru azalera kanporatzen den ur beroaren bidez botatzen dugu, honen ondorioz, lehen geruza moduan jantzita dugun kamiseta bustiko dugularik.

Uraren bidez beroa azkarrago galtzen dugunez, aktibitatea gelditzerakoan, galtzen dugun beroa irabazitakoa baino handiagoa izango da (arropa bustia dugu eta), ondorioz gorputza hoztu egingo delarik.

Goian azaldutakoagatik, "Mendian jazteko modua: geruzetako sistema" artikuluan (irakurtzeko hemen klik egin) azaldu bezela, lehen geruza honen funtzioak hauek izan beharko dira:
  • Izerdi eta hezetasunaren kanporatzea, hau da, transpirakorra izatea.
  • Azkar lehortzeko ahalmena. Produktua zenbat eta lehorragoa egon ahalik eta "beroen" mantenduko gaitu, izerdiagatik kanporaturako uraren bidez ez baita horrenbeste berorik galduko.
  • Aireari iragazkorra izatea. Modu honetan, geruza bakar bezela eramaten badugu hezetasuna ahalik eta azkarrago kanporatuko dugu konbekzio prozesuaren bidez.
  • Neguko produkuetan, lodiagoak izango direnez (arropa termikoa deitzen dena), gure inguruan beroa zetxobait mantenduko dute nahiz eta hau ez izan beraien funtziorik nagusiena, baina ordainetan lehortzeko ahalmena ere gutxitu egingo da.

Hiru geruzen funtzioen eskema: Lehen geruzak (berdea) hezetasuna eta gorputzaren beroa kanporatuko du batez ere.


Lehen geruzarako produktua erosteko garaian batez ere bi gauza kontutan izango ditugu: Produktua eginiko materiala eta produktuaren diseinua.
LEHEN GERUZARAKO DITUGUN MATERIALAK

Orokorrean materialak bi multzotan sailkatuko ditugu: Zuntz natural eta Zuntz sintetikoz eginiko ehunak.

Zuntz naturala

Zuntz naturalaren barnean erabilienak bi dira: Kotoia eta artilea. Goazen bien abantail eta desabantailak ikustea:
  • Kotoia. Arropetan oso erabilia. "Kalerako" dugun arroparen gehiengoa kotoiez egina izango dugu ziurrenik.
    • Abantailak: Transpirakorra da, beroarako aproposa eta lehorra dagoenean erosoa.
    • Desabantailak: Ur kantitate handia xurgatzen du (bere pisuaren adina xurgatu dezake), bustita dagoenean beroa mantentzeko ahalmena galtzen du, eta lehortzeko denbora asko behar du.
  • Artilea. Nori ez dio amonak edo amak artilezko jertxe potoloa edota abarkekin jazteko artilezko galtzerdirik egin?
    •  Abantailak: Ez du horrenbeste urik xurgatzen, beraz, tenperatura baxuago eta denbora gutxiago behar du lehortzeko (artilea zenbat eta tratatuagoa egon geroz eta ur gehiago xurgatuko du, ondorioz, busti egingo delarik). Bustia dagoenean beroa mantentzeko ahalmena zertxobait mantentzen du, haizeagatik ondo babesten dute, urraduren aurrean (izotza, arkaitza etab) gogorra da eta tenperatura altuekin (adibidez, hornillo baten ondoan bagaude) ez da urtzen. Urradurari dion iraunkortasuna dela eta mendiko galtzerdietan oso erabilia da.
    • Desabantailak: Bolumen handiakoa eta astuna. Artilezko produktu askok azkurea ematen dute, batez ere artilea tratatu gabekoa bada.

%100 artilea duen lehen geruzako kamiseta. Kamiseta hau gutxitan jartzen dut, nahiz eta jasanezina ez izan, azkurea ematen du eta.


Zuntz sintetikoa

Gaur egun pixkanaka zuntz naturalek urteetan izan duten lehentasuna galtzen ari dira, nahiz eta azkenaldian fabrikatzaile ezberdinak berriro ere artilearen apostua egiten ari diren, produktu askotan artilea bakarrik eta zuntz sintetikoekin konbinatuta erabiliz. Zuntz ezagunenak eta hauen abantail eta desabantailak hauek dira:
  • Poliesterra.
    • Abantailak. Orokorrean ur gutxi xurgatzen du. Arina da eta bustitzen denean beroa mantentzeko ahalmena mantentzen du.
    • Desabantailak: Zuntz honekin eginiko produktu batzuk usaina hartzen dute, batez ere izerdia bota ondoren. Gaur egun, usaina ekidin nahian, fabrikatzaile batzuek zilar zuntzak nahasten dituzte poliester zuntzen artean, zilarrak usaina ematen duten bakteriak hiltzen baititu. Dena den, zilar honen efektua mugatua izaten da. Bukatzeko, poliesterrrak haizearen aurrean ez du ondo babesten eta tenperatua altuetan urtu daiteke.
  • Polipropilenoa.
    • Abantailak. Poliesterra baino azkarrago lehortzen da eta arinagoa da.
    • Desabantailak. Desabantail nagusiena hartzen duen usaina da, poliesterra baino handiagoa, baina poliesterrarekin gertatzen den bezela, produktu honekin ere zilar zuntzak erabiltzen dira. Zilar zuntzetatik aparte, egun beste produktu batzuk erabiltzen dira, kuprea, banbua eta moluskuen proteinak ("Chiltosan") besteak-beste.
  • Nailon/Nylon edo poliamida.
    • Abantailak: Sendoa eta iraunkorra. Arina. Haizeagatik ondo babesten du eta urraduren aurrean gogorra.
    • Desabantailak. Uraren aurkako tratamenturik ez badu, ur asko xurgatu dezake. Lehortzeko denbora behar du eta tenperatura altuekin urtu daiteke.
  • Nailon eta ehun elastikoen (lycra, spandex, Elastan...) nahasketa.
    • Abantailak: Erabilera anitzekoa. Elastikoa, iraunkortasun handikoa, oso isolatzailea ona eta haizegatik ondo babesten gaitu. Azkar lehortzen da eta oso erosoa da. mugikortasun handia ematen digularik.
    • Desabantailak: Produktu batzuk lehortzeko denbora behar izaten dute, garestiak izaten dira eta jantzita dugula, gorputzari erantsita dagoen sentsazioa izan dezakegu.

Zuntz sintetikodun kamiseta baten etiketa.



Ikusten denez, materialaren aukera handia da. Hala ere, nik, ura ez xurgatzeko duen ahalmenagatik, zuntz sintetikodun lehen geruza bat jaztearen apostua egiten dut beti.

Zuntzetatik aparte, zuntz hauek ehun ezberdinak egiteko erabili duten prozesua kontutan izan behar da, zuntz berdinarekin produktu ezberdinak egiten dira eta. Uda eta neguko produktuen arteko ezberdintasuna zuntza ehun bihurtzeko prozesuan dago, hari sintetikoari "puntua emateko" modua ezberdina delarik. Honela, udako ehunari "ehun hotza" (funtzioa batez ere beroa eta hezetasuna kanporatzea duena) eta negukoari "ehun beroa" (beroa eta hezetasuna kanporatzearen ahalmen pixkat beroa mantentzearen mesedetan irabazten da) izena ere ematen zaie.

MERKATUAN ZER DISEINU MOTA TOPATU DAITEZKE?

Diseinuaren kontuan aukerak mila topatuko ditugu, baina nik gauza hauek kontutan izaten ditut:

Lodiera
  • Produktu finak. Gehien erabiltzen direnak izaten dira. Produktu hauek 0,25 eta 0,50 milimetroen arteko lodiera izaten dute.
    • Abantailak: Lehenago lehortuko dira, arinagoak dira eta mugikortasun handiagoa emango digute.
    • Desabantailak: Errazago urratu daitezke eta neguan hotza pasatu genezake beroa eta hezetasuna kanporatzeko pentsatuak baitaude.
  •  Produktu lodiak. 1,5 eta 2,5 milimetroen artean egon daitezke. Hotz handiko kasuetara mugatzen dira.
    • Abantailak: Neguan "beroago" mantenduko gaituzte eta sendoagoak dira.
    • Desabantailak: Finak baino beranduago lehortzen dira, oso lodia bada mugikortasuna mugatu dezakete (kontutan izan eskalatzeko erosten badugu) eta astunagoak dira.
Orokorrean, komenigarriena lodiera ezberdineko produktuak edukitzea izango litzateke, baina beharbada aukera hau mendizale askok ekonomikoki ezin izango dutenez, beti bezela, produktuari emango diogun erabileraren arabera lodiera ere aukeratuko dugu. Produktu bakarra erostekotan nik produktu fin bat erosiko nuke mota hontako produktua arazorik gabe ia urte osoan erabiliko dugu eta.

Negurako beste aukera bat ehun hotz eta bero bat konbinatzea izan daiteke. Ehun hozdun produktua azalaren gainean joango litzateke beroa eta hezetasuna ahalik eta gehien kanporatzeko. Ehun beroduna hozdunaren gainetik joango litzateke beroa mantentzeko. Nik, aukeran nahiago dut ahal den neurrian produktu bakarra jantzita eramatea, baina konbinazio hau egoera batzuetan interesgarria izan daiteke.

Manga luzea edo manga motza

Aurreko puntuan bezela, komenigarriena bakoitzetik bat izatea izango litzateke, neguan eta udan erabili ahal izateko. Nik lau aukera hauek frogatu ditut: Mangik gabea, manga motza, manga luzea eta manga motza txirrindularien "mangitoak" jantzita. Laugarren aukera hau oso praktikoa da batez ere goiz edota arrats frexkoa duten egun berotsuetan, goizean mangitoak jarrita eraman eta eguna berotzen hasten denean mangitoak kendu eta motxilan gordetzen ditugu. Aukera hau neguan ere emaitz onekin frogatu izan dut. Manga luzea edo manga motza jartzeko aukerak duen abantailetako bat da eguzkitik hobe babestuko gaitula erredurak ekidinez.

Iker Midi d'Ossau mendiaren azpain. Konbinaketa: %100 polesterra duen manga motzeko kamiseta eta txirrinduan ibilitzeko "mangitoak". Aukera hau balio anitzeko aukera interesgarria da.



Kremaileraduna edo kremailera gabea

Bi aukerak interesgarriak dira baina duen praktikotasunagatik nik kremaileraduna aukeratuko nuke, nahiz eta pisu handiagoko produktua izan. Zergatik? Gorputza berotzen hasten denean, kremailera irekitzen badugu beroa erraz eta azkarrago kanporatuko dugu, beraz, lehorrago mantenduko gara. Kremaileradun kamisetak manga luzekoen artean errazago topatzen dira, baina egun, pixkat bilatu ezkero, manga motzekoetan ere aurkitu daitezke. Mangik gabeko kamiseten artean ere kremaileradunak badira.

Joskurak

Lehen geruza azalaren gainean doanez, joskurei ongi begiratu beharko diegu azalean urradurarik ez sortzeko. Egun, joskura gabeko produktuak ere topatu daitezke, baina oso garestiak dira.

Ongi pentsatutako kamiseta: %100 poliesterra, manga motzekoa, arina, kremaileraduna eta atzetik luzeagoa motxila eramaten denean gerrialdea babesteko. Baina lehen aldiz motxila astun batekin jantzi nuenean, lepotik besapeetara doazen joskurek azala urratu zidaten. Honelako gauzik ez gertatzeko, komeni da ahal den neurrian kamiseta erabiliko dugun egoera berean jaztea.


Besapeetako xehetasunak

Aukera hau oso interesgarria da. Besapeetatik izerdi handia botatzen dugunez, badira besapeetan "sare" itsurako materiala edo material finago bat dutenak izerdia eta beroa azkarrago kanporatzeko helburuarekin.

%100-ko poliesterra duen kamiseta honetan besapeak sare forma dutela ikusten da. Kasu honetan besapea poliamida eta elastanez egina dago elastikoagoa izan dadin.



Elastikoa edo ez?

Hasieran komentatu bezela, produktu hau azalatik gertu joan behar da, honegatik, elastikotasun pixkat badu hobe. Dena den, produktua oso elastikoa eta gorputzari oso hestu badoa, gure mugikortasunean eragina izango du. Kontutan izan behar da orokorrean zuntz elastikodun produktuak garestiak izaten direla eta askotan elastikoa ez den produktuak ere lehen geruzaren funtzioa erraz bete dezakela. Nik dudan produktu elastikoduna negurako bakarrik erabiltzen dut.

Talla bereko bi kamiseta: gainean dagoena %92 poliamida eta %8 elastanez egina da, azpikoak aldiz %100ean poliesterra du.



Elastikotasunaren barnean azken urtetan giharrei heusten dien produktu interesgarriak saltzen hasi dira. Dirudienez, giharretako lesio asko eta fatiga ekiditen dute, baina oraingoz, honen inguruko ikerketa serioak ez dira egin.

Lepo luzekoa hala ez?

Lepo luzea eta kremaileraduna den produktu batek aukera ezberdinak eman ditzazke, batez ere hotz egiten duen egunetarako. Hotza dagoenean kremailera itxita eraman daiteke lepoa babestuz eta berotzen garen ehinean kremailera jaitsi daiteke. Nik, lepo luzeko produkturik ez dut,  hotza egiten duenean "Buff" motako zapi bat lepoan eramaten baitut. 

Eskuak babesten ditu?

Manga luzeko produktuen artean badira manga oso luzeak dituztenak ere. Produktu hauek mangaren azpikaldean zulo bat dute bertatik behatz lodia pasatu eta esku-azpia babesteko. Aukera hau ona izan daiteke eskaladan behatzak aske uzteko, baina behatzak hoztu egingo zaizkigu. Kontutan izan hotzaren eraginez gehien sufritzen dutenak behatzak izaten direla eta esku-azpian hotza sentitzerako
 ziurrenik behatzak "izoztuta" izango ditugula. 

Eskuak babesten dituen kamiseta baten argazkia.



Kolorea

Nahiz eta tontakeri bat iruditu, koloreak zer esana dauka produktu hauetan, batez ere geruza bakar bezela erabiltzen baditugu.

Kolore beltza, uhin elektromagnetikoen islada da, ondorioz, ikusgarri izateko, inguruko uhin guztiak (infragorriak eta ultrabioletak barne) xurgatzen ditu. Kolore zuriak aldiz, ikusgarri izateko uhin gutxien xurgatzen duen kolorea da uhin gehienak isladatzen dituelarik. Honen ondorioz, kolore ilun batek argi batek baino erradiazio gehiago xurgatuko du, eta beraz, uhin ultrabioleta eta infragorrien eragina gure azalean baxuagoa izango da. Uhin argi batekin aldiz, uhinak isladatzen dituenez, bero gutxiago pasako dugu. Bitxikeri gisa, interneten zera topatu dut: Bigarren Mundu Gerran, amerikarrek Hiroshima eta Nagasaki hirietan bonba nuklearrak bota zituztenean, ikusi zen arropa argia zeramatenen artean erredura gutxiago izan zela arropa ilunak zeramatekin alderatuz (arropa argiarekin bero gutxiago pasatzen baita).

Nazioarteko arau bat dago arropak duen Ultrabioletarako Babes Faktorea (UBF) neurtzen duena. Honen arabera, kotoiak UBF baxuagoa dauka, nailon, artilea eta poliester-a baino. Ehunaren porositatea pisu eta lodierak era UBF-an eragina dauka, honela, ehunaren pisua eta lodiera handia bada eta ehunaren harien arteko tartea txikia bada UBF altuagoa izango dugu. Kolorean aldiz, kolore ilunek UBF altuagoa dute, honegatik basamortuan bizi direnak koloreko iluneko arropak izaten dituzte.

Koloreaz aparte, badira ultrabioleta uhinen aurka tratamentua duten produktuak, eta hau udari begira interesgarria izan daiteke.


ETA GERRITIK BEHERA ZER? 

Hiru geruzetako sistema nolakoa den azaldu nuen artikuluan, honen inguruan azalpen batzuk eman nituen jada. Laburbilduz, gerritik beherako zati ezberdinetarako aholkuak hauek izango lirateke:

Gerrialdea 

Artikulu honetan azaldutakoari jarraituz, azpiko arropa (kantzontziloak, kuleroak, etab) izango da lehen geruzaren funtzioa beteko duena. Nik, joskurarik gabeko zuntz sintetikodun azpiko arropa eramatea gomendatuko nuke. Emakumetan sujetadorea material berekoa eramatea ere gomendatuko nuke, gainera, mota hontako azpiko arropak supermerkatu handietan merke topatu daitezke.

Iztarrak 

Gehienetan iztarren gainean zuzenean galtza joaten da (udan galtza oso motza ez badugu behintzat) eta egoera gehienetarako honekin nahikoa izango dugu. Zergatik? Iztarretako kuadrizeps eta bizeps giharrak gorputzean dauden muskulurik handienetakoak direlako, ondorioz, bero handia sortzen dutelarik.

Hala ere, hotz handia dagoenean galtzen azpitik elastikoak ("mallak") eramatea gomendagarria izan daiteke. Azken kasu honetan, elastiko fina eta belaunerainokoa izatea da komenigarriena, hotz handiko kasu hauetan hanketan dagoeneko hiru geruza eramango ditugu eta (galtzerdiak, galtzak eta polainak).

Mendebaldeko Gabietou mendiaren gailurrean ateratako argazki honetan Gorettik belaunetik beheraxeagoko elastikoak ditu, nire ustez, mendirako balioanitzenak.



Hankak (Belaunetik horkatilara)

Hanketan iztarrekin gertatzen denaren antzekoa gertatzen da, hau da, gainetik dugun galtzaren menpe gaude. Dena den, lehen geruzaren funtzioa gehienetan galtzerdiak beteko du, galtzerdiak duen luzeraren arabera, noski. Beste aukera bat elastiko luzea jantzi eta honen gainetik galtzarik jantzita ez eramatea izan daiteke.

Oinak

Oinetan argi dago lehen geruzaren funtzioa galtzerdiak beteko duela. Mendirako galtzerdietan gehien erabiltzen diren zuntz sintetikoak bi dira: Thermolite® (Thermax® edo Thermastat®) eta Coolmax®. Azkenaldian, negurako galtzerdietan Polartec® ehuna ere erabiltzen hasi da, gama altuko galtzerdietan Primaloft® zuntza ere erabiltzen hasi delarik. Zuntz naturalari dagokionez, artilea da nagusi, nahiz eta "kalerako" diren galtzerdien gehiengoa kotoiez egina izan.

Coolmax® zuntzadun galtzerdiak beroa egiten duen egoeratarako pentsatuta daude, lehenago lehortzen baitira. Polartec® eta Thermolite®-a duten galtzerdiak berriz, hotz handia egiten duen egunetarako aproposak dira, oina beroago mantenduko baitituzte, baina denbora gehiago beharko dute lehortzeko. Artiledun galtzerdiak aldiz, urtaro guztietan erabili daitezke lodiera ezberdinetakoak baitaude.


Galtzerdien lodierari dagokionez, orokorrean udaberri-udarako 1 eta 2 mm artekoak erabiliko ditugu, udazken-negurako 2,5-4,5 mm artekoak utziko ditugularik.

Negurako aukera ezberdinak: Eskuinekoa betiko artilezko galtzerdia da. Erdian dauden biak Polartec® ehunez eta ezkerrekoa, "beroena", Polartec® eta Primaloft® zuntzez osatua dago.



Galtzerdi motekin amaitzeko, aukera bakarra aukeratzekotan Coolmax®-ekoak aukeratzea gomendatuko nuke ia urte osoan jantziko ditugu eta.

Ikusitakotik aparte, galtzerdietan beste gauza batzuk kontutan izan beharko ditugu: Gure odol zirkulazioaren mesedetan asko ez hestutzea, hezurrak babesteko dituen babesgarriak, oinazpia babesteko azpian duen lodiera eta joskurak.

Galtzerdien munduan izaten den zalantza bat, pare bat edo bi jantzita eramatearena izaten da. Bi galtzerdi eramatearen ideia defenditzen dutenek esaten dute lehen parea lehen geruzaren funtzioa egiten duela (beroa eta hezetasuna kanporatu), bigarren parea bigarren geruza eta babesgarri funtzioa betez. Nik beti galtzerdi pare bakarra eramaten dut, hotz handia egiten duenerako dudan galtzerdiak (goiko argazkian), artilezkoak ezik, geruza ezberdinak baitituzte.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina