Bigarren geruza lehenengoaren gainetik doa (nahiz eta bigarren geruzarako erabiltzen diren produktu batzuk lehen geruza bezela ere erabili) eta bere funtzioa gure gorputza bero eta lehorra mantentzea da, honetarako gure gorputzaren inguruan aire beroz osatutako geruza bat sortuko duelarik. Funtzio honetatik aparte, geruza honek hezetasuna kanporatzeko ezaugarria eta neurri handi batean ur eta haizeari iragazkorra izan beharko da.
Bigarren geruza bezela jantzi izan dugun produkturik tipikoena: Betiko forro polar lodia. Argazkia Aizkorrin aterata dago, 2005 urteko neguan.
"Mendian jazteko modua: geruzetako sistema" artikuluan (irakurtzeko hemen klik egin) aurreratu nuen bezela, bigarren geruza honen funtzioak hauek izango lirateke:
- Gorputzaren beroa mantentzea.
- Gorputzak sortutako hezetasuna kanporatzea.
- Pisu eta bolumen eskasa.
- Ur eta haizeari iragazkorra izatea edo gehienez txirimiri edota haize leun bat jasateko ahalmena izatea.
Hiru geruzen funtzioen eskema: Bigarren geruzaren (gorria) funtzioa gorputzaren beroa mantendu eta hezetasuna kanporatzea izango da.
Bigarren geruzaren artean forro polarrak, eta luma natural nahiz luma sintetikoa duten produktuak aurkituko ditugu. Azken bi produktu hauek leku batzuek "laugarren geruza" bezela ere izendatzen dituzte, gehienetan geldirik gauden uneetan jazten baitira (bilguneetan, kanping dendan, etab.) eta kasu askotan hirugarren geruzaren gainetik (hemendik "laugarren geruza" izena).
Luma natural eta luma sintetikodun produktuetan artikulu bana idatzita dudanez, artikulu honetan forro polarren inguruan bakarrik arituko naiz.
FORRO POLARRAK
Hasiera batean forro polarrak zuntz naturalekin (kotoia, artilea) egiten ziren, baina merkatuan zuntz sintetikoak sartu zirenetik (poliesterra eta poliuretanoa batez ere) zuntz naturalek atzera egin dute. Ehunei dagokionez, ezagunen eta salduena Polartec® ehuna da. Ehun honetan eginiko forro polarrak lodieraren arabera lau multzotan sailkatzen dira (mikro, 100, 200 eta 300) eta sailkapen hau da polar ezberdinen lodierak ezberdintzeko erabiltzen dena.
Forro polarren sailkapenaren zenbakiak ehunak metro karratuko dituen gramuak adierazten ditu, honela, 300-eko forro batek 300g/m2-ko izango dituelarik. Beraz, zenbat eta zenbaki altuagoa, ahalik eta lodiagoa izango da eta bero handiagoa mantenduko du.
Txindokitik behera ateratako argazki honetan bigarren geruzen sistema ezberdinak ikusi daitezke: Ikerrek manga luzeko lehen geruza baten gainetik Soft shell motako txaleko polarra dauka, Josuk aldiz, lehen geruzaren gainetik 300eko forro polarra dauka.
Lodieratik aparte, geruza bakarreko edo hainbat geruzako forro polarrak ere badira.
GERUZA BAKARREKO FORROAK
Forro polar hauek duela urte batzuk oso erabiliak izan ziren. Hauetatik lodienak 300-koak izaten dira eta 5 mm inguruko lodiera izaten dute.
Geruza bakarreko forroak abantail eta desabantailak ditu:
Abantailak
- Beroa ongi mantentzen du pisu baxuan.
- Goprutzeko ura ongi kanporatzen du eta erabat bustita dagoenean bere pisuaren %1-a bakarrik xurgatzeko ahalmena dauka.
- Azkar lehortzen da eta nahiz eta hezea egon beroa neurri batean oraindik mantentzen du.
- Haizeari iragazkorra da. Modu honetan hezetasun eta beroa errazago kanporatuko du.
- Birziklatutako materiala erabili daiteke forroa egiteko.
- Pisu berean, gehien konprimitzen den forroa da, beraz, motxilan gutxiago okupatuko du.
- Erraz erre daiteke. Denoi pasa izan zaigu garai batean parrandan forroarekin atera eta erretzaileren baten ondorioz hainbat zulokin etxera bueltatzea.
- Ehuna osatzen duen zuntza petroleotik lortzen da, eta dakigunez, petroleoa lehengai mugatu bat da.
- Haize handiko egunetan hotza pasa dezakegu.
- Euria egiten duenean erabat bustiko gara ura erraz pasatzen uzten duelako.
- Azken bi desabantail hauengatik, gomendagarria izan daiteke mota honetako forro batekin batera, motxilan haizeari bakarrik edota haize eta euriari iragazkaitza den beste produktu bat eramatea. Dena den, egun, mota hauetako forro hauetako batzuei urari nolabait iragazkaitz izateko tratamentu bat ematen diete, iragazkaitz izateko balioa Schmerber testaren arabera (beherago ikusiko dugu) 300-500 milimetro ur zutabe (baxua) izan daitekelarik.
Josu Vignemaleko Pique Longue-n dagoen Paradiso kobaren sarreran geruza bakarreko 100eko forro polarra jantzita duela.
GERUZA BAT BAINO GEHIAGOKO FORROAK
Geruza bat baino gehiago duten forroak batez ere egoera oso hotzetarako pentsatuta daude. Hauen artean forro polar laminatuak, windstopper forroak eta Softshell forroak topatuko ditugu:
Forro polar laminatuak
Bi geruza dutenen artean ezagunenak laminatuak dira. Forro hauek duela urte batzuk asko erabiltzen ziren eta azkenaldian berriro ere erabiltzen hasi dira. Mota hontako forroen ezaugarriak honako hauek dira:
- Arkume ilearen itsurako barne geruza.
- Kanpoko geruza neopreno itsura duen poliamidaz eginiko geruza lisoa.
- 5-7mm inguruko lodiera.
- Pisu handikoak. Mota hontako forro polar asko kg baten inguruan daude.
- Oso beroak dira, baina duten lodieragatik mugikortasuna asko mugatzen dute (hau eskaladan kontutan izateko puntua izan daiteke).
- Bizi iraupen luzeena duten forro polarrak dira, eta hau eskertzekoa den datua da, oso garestiak izaten dira eta.
- Forro hauetako batzuei, mintz bakarrekoekin pasatzen den bezela, nolabait iragazkaitz izateko tratamentua ematen diete goian azaldutako iragazkaitasun balio berdinekin.
Mintz bakarreko forroek dituzten desabantailak (batez ere haizearekiko iragazkortasuna) ekidin nahian, mendiko produktuen fabrikatzaileek WindStopper forro polarrak kaleratu zituzten.
Funtsean mota hontako forro polar bat hiru geruzez osatua dago: bi forro polar geruza eta bien artean, ogitarteko baten moduan, geruza plastiko bat (gehienetan poliuretanoa edo tefloia). Sistema hau oso ondo doa hotza handiko egun lehorretan, aktibitate xuabeetan edo geldirik egoteko.
Eskoziako Rosslyn kapera-n Wind stopper motako forroarekin.
Baina aktibitatea egiten ari garen bitartean sortzen dugun hezetasun eta gehiegizko beroa kanporatzeko zailtasuna handiak dauzka (erdian duen poliuretano mintzagatik), ondorioz, gehiegi berotu eta izerdiaz bustitzeko arrisku handia izango dugularik (eta barnetik bustitzen bagara errazago hoztuko gara). Gainera, produktu berean hiru geruza edukitzeak bere erabilera asko mugatzen du (ezin baititugu geruzak banatu) eta, egun euritsuetan, forroaren gainetik hirugarren geruza jartzen badugu, erabat egosita bukatuko dugu, gorputzak sortutako bero eta hezetasuna nekez kanporatuko delako. Bestalde, produktuaren kanpoko geruza forro polar ehunez egina dagoenez (eta forro polar ehuna ez da lisoa), neguan kanal batean sartzen bagara forro polarrean elurra eta hezetasuna pilatuko da beroa mantentzeko duen ahalmena gutxituz.
Windstopper klasikoek hezetasuna kanporatzeko duten zailtasuna ekidin eta haizeari iragazkaitza izaten jarraitu nahian ehun tapituagoak sortu dira, hauen artean ezagunena Polartec windpro® delarik.
Windstoper-ek duten desabantailak ekidin nahian nik honakoa egiten dut: Lehen geruzaren gainetik mintza bakarreko forro polarra eramaten dut eta honen gainean, haizea badabil, haizearengatik bakarrik babestuko nauen produktu fin bat. Gainera, haizearen kontrako produktu hau lisoa denez, ez da elur eta hezetasunik pilatzen.
Nire "Wind stopper" sistema lanean Bisaurin-era eramaten duen aristan. Ikusten denez, haize gogorra zebilen. Haizerarentzako txamarra finaren azpitik 100eko forro polarra eta manga motzeko lehen geruza bat jantzita nuen.
SoftShell forroak
Windstopper forroen zailtasunak ikusita, fabrikatzaileek Softshell forroak sortu zituzten. Asko sinplifikatuz, Softshell forro batek bi geruza ditu: barruko geruza bat forro polar finez osatutakoa eta kanpoko geruza bat nylon ehunaz osaturikoa.
Teorikoki funtzio hauek betetzeko jaio zen:
- Haizeari iragazkaitz izatea.
- Euri eta elurrari neurri batean iragazkaitza izatea. Txirimi edo euri fin bat ongi jasaten dute baina euri gogor baten azpian busti egingo gara. Honegatik, euri gogor baten aurrean, gomendagarria izango da motxilan urari iragazkaitza den beste produktu bat eramatea.
- Euriari erabat iragazkaitza ez denez, gure hezetasuna Windstopperrak baino gehiago kanporatuko du.
- Produktuaren pisua dexente jaisten da.
- Zuntz elastikoak eramaten dituzte (Spandex® motakoa, adibidez), gorputzaren formara forro polar klasikoak baino hobe egokituz.
- Forro polar fineko barne geruza dutenak ia urte osoan erabili daitezke.
Jon Garmo Negro mendiaren gailurra atzean uzten Soft shell motako forro polarra jantzita duelarik.
ZER DA KONTUTAN EDUKI BEHARREKOA FORRO POLARRA EROSTEKO GARAIAN?
Ikusten denez, forro polarren mundua oso zabala da, eta hau gutxi ez bada, egun izen berriak ikusten ditugu: Polartec windpro®, Neoshell®, Thermal Pro®, Polartec Windblock®, Apex Climate Block®, etab, baina funtsean goian azaldutako berezitasunak betetzen dituzte modu batean edo bestean.
Forroetan hainbeste aukera ditugunez, emango diogun erabilpena oso argi izan beharko dugu.
Orokorrean, forro polar bat erosteko garaian puntu hauek kontutan izatea komeni da:
Manga luzea hala txalekoa?
Bat edo bestea egoera ezberdinetan erabiliko dugu. Txaleko motako forroek mugikortasun handiagoa ematen dute eta aktibitate handiko egoeratako primeran datoz, transpirazio handiagoa dute eta.
Vignemaleren gailurrean: 100eko forroaren gainean Soft Shell motako txalekoa jarrita daukat.
Euriari iragazkaitasuna
Goian azaldu bezela, iragazkaitasun tratamenturik jaso gabeko produktuek euria pasatzen utziko dute.
ISO 811:1981 arauak dioenez, iragazkaitasuna PSI-tan (ontza karratuko dauden librak) neurtzen da. Honela, produktua inpermeable bezela katalogatua izateko gutxienez 25 PSI izan beharko ditu. Ondorioz, zenbat eta PSI altuagoa inpermeabilitate handiagoa izango dugu. Iragazkaitasunean erabiltzen den beste unitatea ur zutabearena izaten da.
Zer da ur zutabea? Adibide baten bidez erraz ulertuko da. 1000 mm-ko ur zutabea izateak honako hau esan nahi du: Ehunak zentimetro karratuko, metro bateko altuera duen ur zutabea jasaten duela ur tanta bat alderik alde pasa aurretik. Hau guztia Shmerber testaren bidez neurtzen da.
Zer lotura dago PSI eta ur zutabeen artean? 10-15 PSI 5000 mm izango dira, 25-30 PSI 10.000 mm eta 40 PSI baino gehiagokoak 20.000 mm.
Urari iragazkaitz izateko tratamentua jasotako forroek iragazkaitasun baxua izango dute (300-500 mm ur zutabe) eta hainbat SofShell-ek iragazkaitasun altua edo oso altua izan dezakete (10.000-20.000 mm ur zutabe).
Iragazkaitasuna kalkulatzeko froga.
Trasnpirazioa
Hemen, iragazkaitasunean ikusitakoaren kontrakoa pasako da. Produktua zenbat eta iragazkaitasun altuagoa, ahalik eta transpirazio baxuagoa izango du. Gauza bera pasatzen da Windstopper forroekin. Orokorrean, iragazkaitasun tratamenturik gabeko mintz bakarreko forroak izango dira transpirazio altuena dutenak.
Egoera normalean, ariketa fisikorik egin gabe, gorputzak 750 ml ur kanporatzen du lurrun gisa egunean zehar. Ariketa fisiko bat egiten dugunean, kanporatutako ur kantitatea 500ml ordukoa izan daiteke, aktibitate oso gogorretan (bero handia badago) litro bat ordu bakoitzeko izan daitekelarik.
Tranpirazio testak ehunaren metro karratu batek 24 ordutan kanporatu dezaken ur gramu kopurua neurtzen du. Honetarako, neurtu behar den mintzaren 0,258 m2 ur lurrun kontzentrazio ezberdinetako bi guneen artean jartzen da, 35Cº-tako tenperaturan, 1 metro/segundu-ko haize eta %40eko hezetasunarekin.
Transpirazioa neurtzeko unitateari RET (Resistant to Evaporation Transfer) deitzen zaio, hau da, lurruna pasatzeari ehunak dion erresistentzia. HOnela, zenbat eta RET altuagoa izan ahalik eta transpirazio baxuagoa izango dugu. ISO 11092 arauak dioenez, ehun bat tranpirakorra dela esateako 20 RET baino gutxiago izan beharko ditu. Transpirazio maila 6 RET-etik beherakoa bada, produktua muturreko tranzpirazioa duela esango da.
Transpirazio frogaren diagrama bat. Berde kolorean lagina azaltzen da, hau da, analizatuko den ehuna. Ehunaren tamaina 0,258 m2-takoa izango da.
Pisua
Orokorrean pisu handiagoa duten forroak beroagoak izaten dira. Baina forroen pisuan horrenbesteko aukerak ditugunez, lodiera ezberdineko forroek aukera handiak emango dizkigute bata bestearen gainean jartzen baditugu.
Forro lodi bat neguko egun hotzetarako primeran etorriko zaigu, baina beharbada aukera handiagoak emango ditu, nahiz eta pisuan irabazi, finago diren bi forro bata bestearen gainean jantzita eramatea. Gainera, aktibitatea egiten ari garen bitartean, forro arin bat edo bestea jartzeko aukera izango dugu. Hau gutxi ez bada, egoera hotzetan 100-eko forro bat lehen geruza bezela erabili ahal izango dugu.
Gauzak gehiago konplikatzeko, beste adibide bat jarriko dut: Egoera hotz batean 300-eko forro polar batek forro polar fina duen Sofshell batek baino bero handiagoa mantenduko digu, baina egun berean haize bolada handia altsatzen bada eta euri fin bat hasiko balitz ziurrenik Soft shell-ak beroa gehiago mantentzen bukatuko du.
Produktuaren kanpoko itsura
Kanpoko itsura lisoa dutenak ez dute horrenbesteko hezetasun eta elur pilatuko. Ile edota forro klasikoen itsura dutenek aldiz (lehenengoek batez ere), egoera hotz eta lehorrean beroa hobe mantenduko dute.
Produktuaren barruko itsura
Ilea dutenak beroagoak izango dira lisoak baino. Zenbat eta ile luzeagoa (batzuetan korapilo itsurakoa) ahalik eta bero handiagoa mantenduko du.
Forroaren neurria
Forroa gorputzari egokitu behar zaio. Hala ere ez da komeni oso hestu gelditzea, besoak altsatzerakoan besaurreak eta gerrialdea aidean ez uzteko.
Txapelik ba al du?
Txapeladun forroa erosten badugu, bi puntu hauek kontutan izatea komeni da: Kaskoa jantzita dugula sartzen zaigu? Buruan jarrita dugula eta kaskoa gainetik jazten badugu, kaskoak gure segurtasuna bermatzen du? Honetaz aparte txapelak bisera edo hestutzeko tanka edo gomarik baduen edota txapela forrotik kentzea badagoen begiratu beharko dugu.
Andraitz mendiaren gailurrean, bere ipar aurpegitik igo ondoren. Josuk txapeladun Soft shell-a eta nik 100eko forro polarra jantzita dugula.
Kremailerak
Forroak kremailera edukitzen badu, hezetasun eta beroa azkarrago kanporatuko du.
Kremailerak nolakoa diren kontutan edukitzea garrantzitsua da. Egun YKK motako kremailerak oso hedatuak daude mendiko produktu iragazkaitzen artean eta egia esan, niri oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Honetaz aparte, eskularru batzuekin erraz irekitzen den hala ez ere ikusi beharko dugu.
YKK motako kremailera iragazkaitza. Argazkian ikusten den bezela, kremailerak soka txiki bat dauka eskularruekin errazago irekitzeko
Kremailera motatik aparte, kremaileraren luzera ere garrantzitsua da. Beroki itsurako forroetan kremailera beheraino iritsiko da noski, baina "jertse" motako forroetan kremailera bularreraino ailegatzea komeni da bi arrazoiengatik: alde batetik bero eta hezetasun gehiago kanporatuko dugu eta bestaldetik kaskoa jantzita dugula errazago jantzi eta erantziko dugu.
Kremailera babestuta dagoen hala ez ere ikusi beharko dugu. Forro batzuek lepo aldean urraturik ez egiteko kremaileraren barrutik babesgarri bat izaten dute. Beste batzuek aldiz, babesgarria kremailera osoan izaten dute.
Soft Shell motako forro honetan kremailera barrutik babestua dagoela ikusi daiteke. Lepo aldea ere babestua dauka urradurak ekiditeko.
Orain arte esandakoaz aparte, forro batzuk besapeetan kremailerak izaten dituzte beroa eta hezetasuna azkarrago kanporatzeko. Forro motaren arabera, hau kontutan izateko puntu bat izan daiteke.
Besapeetan kremailea duen Soft Shell baten argazkia.
Amaitzeko, komenigarria izango litzateke gorputzean doan kremailera goitik eta behetik irekitzeko aukera, edozein beharretarako (fisiologikoak barne) forroa osoa ez irekitzeko.
Lepoa
Forro folar batek lepo luzea edukitzea eskertzen da, batez ere egun hotzetan. Lepoa hestutzeko goma edo tankarik baduen ere ikusi beharko dugu.
Babesgarriak
Forro askok ukalondo eta sorbaldetan babesgarriak izaten dituzte motxilarekin edota eskalatzen ari garela forroa ez urratzeko. Aukera hau ere interesgarria da, baina kontutan izan behar da babesgarria dagoen lekuetan transpirazioa oso baxua izango dela.
Sorbaldetan babesgarriak dituen forroa.
Eskumuturrak
Eskumuturren egitura nolako den ikustea interesgarria da. Estutzeko sistemarik duten hala ez begiratzea komeni da (goma bat, belkroa, etab.). Forro batzuek manga luzeagoak dituzte mangaren azpikaldean zulo bat dutelarik, behatz lodia hortik pasatu eta esku-azpia babesteko. Aukera ona izan daiteke eskaladan behatzak aske uzteko, baina behatzak hoztu egingo zaizigu.
Soft Shell batek eskumuturrak hestutzeko dituen belkro sistemaren argazkia.
Joskurak
Joskurak itxiak izan beharko dira, eta termikoki itxiak badaude ahalik eta hobe, bertatik ez baita urik sartuko ezta berorik galduko ere. Lehen geruzaren inguruan aritu ginenean bezela, joskurak ongi begiratu behar ditugu, barruan daramagun arropan edota gure azalean urradurarik ez egiteko.
Gerrialdea
Forro polarra gerrialdean nola gelditzen ere ikusi eta forroak gerrialdea hestutu ahal izateko goma edo tankarik ba ote duen ikusi beharko dugu.
Poltsikoak
Nahiz eta tontakeri bat iruditu, poltsikoetan gauza hauek ikustea komeni da:
- Forroak duen poltsiko kopurua. Normalean gerrialdean bi poltsiko izaten dituzte, baina konbinaketa gehiago izan daitezke: hirugarren poltsiko bat bularraldean, laugarren poltsiko bat besoan, etab.
- Poltsikoen tamaina. Interesgarria, aktibitate askotan (eskaladan adibidez) poltsikoetan materiala eraman beharko dugu eta (eskularruak, janaria, krokisak, etab.). Gainera, poltsiko txikietan eskularruekin gaizki moldatuko gara.
- Poltsikoen kokalekua. Motxila lotuta dugula poltsikoetan duguna hartzerik badaukagu? Arazo hau ekidin nahian badira gerrialdeko poltsikoak altuago dituzten forroak.
- Poltsikoetako kremailera. Kremailera badute ez da barruko materiala erortzeko arriskurik izango.
- Poltsikoen egitura. Poltsikoak barrutik sare itsura badute, irekita eramaten baditugu gorputzaren bentilaziorako ere erabilgarri izango dira, bertatik beroa eta hezetasuna kanporatuko dugu eta.
Forro polarren munduarekin amaitzeko, Eroski consumer aldizkariak 1998 urtean forro ezberdinen artean eginiko konparatiba baten artikulu interesgarrirako lotura jartzen dizuet (artikulua irakurtzeko hemen klik egin). Artikuluan forro polar klasikoak alderatu zituzten (Windstopper eta SoftShell-ak ez) eta berau irakurtzea gomendatzen dizuet bertan ateratako ondorioa "kuriosoa" baita.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina