AZKEN 10 SARRERAK

2013/03/11

AUSA GAZTELU (904 m.) ETA ESNAURRETAKO BORDAK OLAKOSAITIK, 2013/03/03

Ausa Gaztelu (Gaztelu goierritarrontzat) beharbada Goierriko Aralarren dagoen mendirik ahaztuenetako bat izango da. Txindoki handiaren itzalpean egotea ez da txantxetako gauza eta Larraitzetik irteten diren mendizale gehienek zeharka begiratzen diote Txindokiko bidean gora ari diren bitartean. Behin baino gehiagotan mendizaleei entzuten diegu "zein da horko mendi hori?" galdezka.

Mendi hau nahiz eta altuera apalekoa izan, izugarrizko bistak dauzka, Txindoki eta Aizkorriren artean gelditzen baita. Bere gailurrean Erdi Aroko dorre baten hondakinak daude. Dirudienez, dorre honek Nafarroako Erreinua defendatzeko gotorlekua zen eta XIII - XIV mendeetan erabilia izan zen. Denbora luzean Aranzadi Elkartekoak bertan ustiaketan aritu dira.

Martxoaren 2an Txindokiren ipar ekialdeko kanaletan paliza galanta jaso ondoren (erreporra irakurtzeko hemen klik egin) Lekurekin hitzegin eta iganderako bueltatxo lasaiago bat egiteko gelditu ginen. "Elurrik eongo al dek?" Galdetu zigun Lekuk "Ganbo aldea elur dexentekin zeok, hobe bazpare raketak eramaten badizkiagu" erantzun zion Ikerrek.

GURE BIDEA

Hasiera batean Ausa Gaztelu eta Beleku mendiak igotzea proposatu nien, Uarraindik Malkorrira egin genuen ibilbidean Beleku igo gabe utzi genuen eta (erreporra irakurtzeko hemen klik egin). Azkenean, Belekura igo ez, baino Ausa Gaztelutik Esnaurreta bordetaraino joatea adostu genuen. "Hola Joseban bordaño jungo gea" esan zuen Ikerrek. Joseba Ikerren kuadrilako artzain ordiziar handia da, lanaren ekinez dagoeneko hainbat sari irabazi dituena, bai Euskal Herrian baita atzerrian ere. Ardiak Aralarko larreetan dituenean Esnaurretan dauka borda eta borda hau nahiko ezaguna da, batez ere Ikerren kuadrilakoen artean, urtero-urtero Ordiziako festak hemen ospatzen hasten dira eta.

Ausa Gaztelura bi bide "normaletatik" igo daiteke: Larraitzetik eta Olakosaitik. Guk bigarren aukera hau hartu genuen, beharbada bi aukeretatik ezezagunena izango da eta.

Argazki honetan jarraitutako ibilbidea marraztu dut.


DESKRIBAPENA

08:05, Olakosai, 455 metro. Leku etxean jaso ondoren leku lasai honetara ailegatu ginen. Honaino nola ailegatzen den errepor honetan irakurtzeko aukera duzue.

Goierriko herriak oraindik laino artean. Argazkian Usurbe eta Murumendi mendiak ikusi daitezke.



Irteteko prest, goian Gazteluren gailurra ikusi daitke. Gorriz jarraitutako bidea. Argazkian ikusten den etxe zuria Akapulko Elkartea da.


"Etzeok bate hotzik" esan zuen Lekuk "pistatik igotzen bagaituk hobe". Gaztelura igotzeko bi aukera ditugu: Akapulko atzetik zelaian gora joan edo pista jarraitu. Zegoen lokatzaren ondorioz bigarren aukera hartu genuen.


Txindoki pinudiaren gainetik.


Pistan 5-10 minutu ibili ondoren pista utzi eta eskuineruntz hartuko dugu, argazkian ikusten den bezela.


Bidegurutzea hartu eta bost minutu eskasera, pinuditik atera bezain pronto pista utzi (pista jarraitu ezkero ere gailurreruntz joango gara Ausokoegi bordetara doa eta) eta ezkerreruntz hartuko dugu, mendian gora zuzen hartuz eta gure ezkerrean pinudia utziz.


Argazkian ikusten den bezela, denbora gutxian metro asko irabazi eta kotxea behean gelditzen da.


Kotxetik 35-40 minutuetara berriro ere hasieran utzi genuen pistarekin bat egin eta azken metroetan pistatik egin genituen. Argazkian Txindoki eta Gaztelu ikusi daitezke.


Ibilbidea hasi eta 50 minutuetara gutxi gora behera, 750 metro ingurura, Ausokoegi bordetara ailegatu baino lehen, pista utzi eta gailurreruntz zuzen jo genuen argazkian azaltzen den bezela.


Igoera zuzen hau hasi aurretik kristoneko haizetea topatu genuen, orain arte gorputzean hartutako berotasuna di-da batean galdu genuelarik. Honela, minutu pare batean arropa gehiago jartzeko galdiune txikia egin genuen.

"Hara, hara, hara, kanalak elegantek zeudek" esan zigun Lekuk. Buelta hartu eta gure parean Aizkorri osoa azaldu zen garbi-garbi. "Elegantek bai, baina elurre biguñe zeok" erantzun zion Ikerrek "egun batzutan itxoin beharkoiau hor sartzeko".

Aizkorriko mendikateko mendi eta kanal garrantzitsuenak.


Arropa jantzi eta Aizkorriko kanalekin disfrutatu ondoren, goiko bideari ekin genion. Gorriz, gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Aldapan gora tarteka elurra eta tarteka belarra zapaldu genuen, baina zapaldu genuen elurra oso bigun topatu genuen.Hala ere, horkatiletatik gora ez ginen inongo momentuan sartu.


Ordu laurden eskaseko maldaren ondoren, elorri bakarti batera ailegatu ginen. Hemendik aurrera jarraitutako bidea markatu dut.


Iker eta Leku gailurrera ailegatu baino lehen atzean Txindoki handia dutela.


09:20, Ausa Gaztelu, 904 metro. Ordu eta laurdeneko igoeratxo lasaiaren ondoren Gazteluren gailurrera ailegatu ginen.

Ausa Gaztelu, 904 metro.


Dorrearen hondakinak aprobetsatuz haizearen babesetik gorde eta atsedentxo bat hartu genuen zertxobait jan eta edateko.

Aizkorriko mendikate osoa Gazteluren gailurretik.


Gaztelun bi buzoi topatuko ditugu: lehenengoa dorrean bertan eta bigarrena (argazkikoa) dorrera ailegatu aurretik.


Gazteluren jaitsieran (edo Larraitzetik igo ezkero, igoeran) niretzat garrantzitsua den puntu bat dago. 1997 urtean gure lagun Karlos betirako joan zen Venezuelako Bolivar mendian. Urte berean omenaldi bat egin genion Olakosai-n eta omenaldi horretan kuadrila eta familikoek oroitarri bat jarri zuten Gazteluren igoeran dagoen arkaitz handi batean, Txindokira begira. Arkaitz honetan makina bat alditan izan naiz bertan dagoen ikusmiraz gozatzen eta Karlos oroituz.

Karlosi jarritako oroitarria.


Jaitsiera, medi gehienetan egin daiteken bezela, di-da batean egin genuen Larraitz edo Zaldibira joateko lepora zortzi minutu eskasean ailegatu ginelarik. Lepo hau gutxi gora behera 765 metroetara dago.

Iker eta biok lepoan Zaldibiaruntz begira.


Atzera begirada, gutxi gora behera jarraitutako bidea margotu dut.


Lepo berean Lekurekin baina oraingoan Larraitzera begira. Atzean gure mendia.


"Raketak jarriko ditteu?" Galdetu nien hemendik aurrera elurra nahiko iraunkorra zegoela ikusita "Nik ez dittut jarri behar" esan zidan Ikerrek "arrastoen gañetik junda elurre gogorra dau". Arrazoia zuela ikusita erraketak motxilatik zintzilika utzi eta Esnaurretaruntz abiatu ginen.

Esnaurretako bordetara joateko bideak ez dauka misterio handirik. Hasteko, hego-ekialdeko norantza hartuz, lepoan dagoen basoaren mugatik gora joan ginen malda handi bat igoz.

Iker maldaren lehen metroetan.


Malda hesi baten ondotik doa eta metro gutxietan altuera handia irabaziko dugu, ia Gazteluren parera ailegatuko garelarik.


Honela, ia 900 metroetara ailegatu ginenean, hesia utzi eta hego, hego-mendebalderuntz hartu genuen trabesia horizontal bat eginez.


Trabesia honetan, momentu batean (3-4 minutuetara) gure ezkerrean hesia zeharkatzeko igarobide bat ikusiko dugu, berau zeharkatuko dugularik.


Igarobide honen ondoren bidea hesiaren eskuinetik doa hegoalderuntz. Guk hesiaren ondotik jarraitu beharrean, goruntz jo genuen.

"Eh!!! Ez goatza ondo!!" Esan zigun Ikerrek. "Trankil, hemendio nahizta gorago atera, bordetara juteare badau" erantzun nion.

Iker GPS-ari begira gaizki ari ginela esan baino lehen.


Guk jarraitutako bidetik bigarren pasabide batera ailegatu ginen.


Eta pasabide hau zeharkatu ondoren, hegoaldeko norantza hartu genuen altuera galdu eta irabazi gabe. Bidean elurra uste baino gehiago zapaldu genuen, baina nahiz eta biguna egon, erraketarik gabe ondo ibiltzen zen.

Igaro genuen elurtegietako batean gure itzalei ateratako argazkia. Gure asmoa itzalarekin "croissant" bat egitea izan zen je,je,je.


Hegoruntz egiten den trabesian.


Bigarren pasabidea zeharkatu ondoren eta 25 minutuetako trabesia baten ondoren, Esnaurreta borden gainera ailegatu ginen.


Behin Esnaurretako bordak ikusi ondoren, zuzen-zuzen bordetaraino jaitsi ginen. Josebaren borda bietatik ezkerrekoa da, "Esnaurreta I".


10:35, Esnaurretako bordak, 841 metro.

Joseba bordan ez zegoela bagenekienez, hasiera batean atea ilegalki irekitzen saiatu ginen, je,je,je,je .


Iker eta Leku Josebaren bordaren atarian. 


Bordaren atarian trasteak bota eta merezitako atsedena hartu genuen. Bertan Iker kuadrilarekin urtero izaten duten bazkaria eta abenturen berri eman zigun eta parreen artean denborak aurrera egin zuen. Honela, 11:00etan, 25 minutu bertan izan ondoren, beherunzko bideari ekin genion.

Leku irteteko prest. Zegoen haizetea zela eta, aitzaki ona izan zuen lumadun txamarra berria estreinatzeko.


Esnaurreta bordetatik 150-200 metro iparraldera indikazio poste bat topatuko dugu.


Indikazio poste honetan, Olariagako Saroiara (Olakosai) eramango gaituen GR-35 bidea jarraitu genuen.


Bide hau ere oso polita eta bakartia da eta normalean Zaldibiatik Eniriora igotzeko bide normala da. Josebak artaldea hemendik gora igotzen du Aralarko larrak irekitzen direnean.


Jaisten ari garen ehinean Gaztelu berriro ere parez-pare topatuko dugu.


Bideak aspaldiko galtzada batetik doa.


Josebaren bordatik atera eta 40 minutu ingurura Urrustiarre bordetara ailegatu ginen. Hemen beti atentzioa eman didana bordetako batean dagoen "pintada" bat izan da. Bertan dagoen data benetazkoa bada, sekula irakurri dudan "pintadarik" zaharrena da.


Urrustiarre bordak.


12:00, Gaintzolako iturria, 525 metro inguru. Josebaren bordatik ordu betera gutxi gora behera iturri honetara ailegatu ginen. Iturri hau Zapata mendizale ordiziar zenduak eraberritu zuen beste iturri askoren artean. Iturrian arropa kentzeko eta atsedentxo bat hartzeko aprobetsatu genuen.

Gaintzolako iturrian.


Eta Gaintzolako iturritik hamar minutu eskasera CAF enpresaren deposituetara ailegatu ginen, hemendik Olakosaira doan zementuzko pista hartu genuelarik.


Olakosaira ailegatzen.


12:10, Olakosai, 455 metro. Lau orduetako ibilbidearen ondoren eta neguko botak kentzeko gogoarekin, berriro ere Olakosaira ailegatu ginen.

Parking-era ailegatzen.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina