2015eko Urtarrilaren hirugarren astean, gripearekin batera aurtengo neguko hirugarren elurteak bisitatu gintuen, edo hobeki esateko, elurtearekin batera gripea iritsi zen. Ospital eta anbulategiak gaixoz betetzen ziren bitartean, inguruko mendiak egunez-egun zurituz joan ziren.
Honelakoetan gertatzen den bezela, telefonoa astean zehar gori-gori egon zen, plan bat zehazteko asmotan Whatsapp-ak jaso eta bidaliz. Aizkorriko kanalak egoera onean egongo ez zirelakoan (hala ere asteburuan kanaletan gora eta behera jendea aritu zen), gure begiak neguan alde batera utzita izaten dugun Aralarrera zuzendu ziren, mahai gainean aukera ezberdinak bota eta aukera ezberdinen artean elur-erraketekin ibilbidetxo bat egingo genuela adostuz. Baina nora? Berriro ere aukera ezberdinak mahai gainera bota eta, aukera batzuk beste baterako utzi ondoren, Lizarrustiko mendatetik abiatuta, Oidui-ko bordetatik pasatuz Malkorri eta Uarrain mendiak igoko genituela adostu genuen.
Aitortu beharra daukat elur-erraketekin ez garela asko ibiltzen, baina ibiltzen garen bakoitzean ederki gozatzen dugu, egun honetan ere gertatu zen bezela. Ikerrek ibilaldia elurretarako erosi zituen zapatilla berriak frogatu eta nik aspaldi jarri gabeko bota zahar eta zorurik gabekoekin ibiltzeko aprobetsatu genuen. Ibilaldiaren amaieran, kotxera iritsi eta biok oinak blai eginda genituela ikusita, zerbaitetaz konturatu ginen: Ikerren zapatilak elur bustiarekin barrutik busti egiten direla eta azken urteotan igotako ia hirumilako guztietan bidelagun izan ditudan bota zaharrek erretiratzeko ordua iristear dutela.
JARRAITUTAKO BIDEA
Kotxea Lizarrusti mendatean dagoen aparkalekuan utzi eta, GR-283 (Gaztaren ibilbidea) ibilbidea jarraituz, Lareoko urtegiraino iritsi ginen. Hemendik, Eniriora Errekabeltzetik pasa ginen bertako Oidui bordetaraino iritsiz. Oiduiko bordak atzean utzi eta hemendik gora Malkorriraino doan maldan gora hasi ginen Malkorri eta Uarrain mendiak igoz. Azken finean, Beasainen urtero ehunmilak eta g2h ultratrail frogek jarraitzen duten ibilbide bera jarraitu genuen baina kontrako norantzarekin.
Mapa honetan urdinez igoerako bidea eta gorriz jaitsierakoa ikusi daitezke.
Irteera honetarako hartu genuen aukera ahalik eta arinen joatea izan zen, motxilen barruan ustez beharko genuen minimoa eramanez. Nire kasuan, haizerako xira fin bat, gore-tex arin bat, ordezko eskularru batzuk, botikina, artilezko gorroa, buru-beroki arin bat eta barratxo eta gel batzuk, litro t’erdi urarekin batera. Erraketak ere gainean eraman genituen tarte batean.
DESKRIBAPENA
08:50, Lizarrustiko mendatea, 621 metro. Mendatearen gipuzkoar aldean dagoen aparkalekuan kotxea utzi, motxila arinak gainean jarri (alde ederra sokak eta eskaladarako trasteak eramaten ditugun motxilekin), eta aparkalekuan zegoen hotzarengatik ihesi edo, arin-arin martxan jarri ginen.
Irteteko prest.
Aparkalekutik gora jarraitutako bidea.
Lizarrustitik Lareo urtegira doan bideak zailtasunik ez dauka eta denbora osoan “bide nagusia” jarraitzea besterik ez da, GR arrastoak jarraituz.
Bide nagusian, atzean Lizarrusti ikusi daiteke.
Lareoko urtegiraino doan bide hau ezagutzen ez baduzue, bisitatxo bat egiteak merezi du, ederra baita. Eta gainera ibilbidearen ondoren Lizarrustiko interpretazio gunean hamaiketakoa egin ezkero, eguna ederki borobilduko duzue.
Bideak galtzeko arriskurik ez dauka.
Bideari metroak “jan” ahala, elurraren kantitatea ere handituz joan zen, hala ere, gauean ederki gogortutako arrastotik erraz ibiltzen ginela ikusita, erraketak jartzea ez genuen pentsatu ere egin.
Bideak duen pasabide interesgarri eta ederretako bat.
Elur-erraketak oraingoz jartzea baztertuta, ohituak gauden baino erritmo biziago eta ustez baino erosoago batekin, Lareoko urtegira iritsi ginen.
09:30, Lareoko urtegia, 740 metro inguru. Herriko hiru mendizalek elur-erraketak jartzen ari zirela ikusita, gu ere jartzeko zalantzan izan ginen: “Errekalbetz eta gero jartzen baditteu igual hobe izangoa ez?” Galdetu nion anaiari. “Ba igual bai”, erantzun zidan, “gañea oaingoz arrastotik ondo jutea”.
Lareoko urtegian.
Lareo urtegiko ura sekula baino lasai eta leunagoa topatu genuen, eta inguruko mendi eta basoak ispilu baten moduan islatzen zituen.
Urtegiaren urak jasan eta mantentzen dituen horma jarraitu eta, nire ustez, matxinsalto baten itsura duen egurrezko zubi berezi bat zeharkatu ondoren, Errekabeltzaraino eramango gintuen pistarekin topo egin genuen. Pistan bertan, ez galtzeko, indikazio-poste bat dago. Guk zuzen aurreruntz jarraitu genuen.
Iker indikazio postea ezkerrean duela.
Pistan oinen arrastoak desagertu eta, trenbide baten moduan, aurretik eski arrasto bat besterik ez genuela ikusita, berriro ere zalantzan izan ginen elur-erraketak jarri hala ez. Azkenean Errekabeltzan elur gutxi egongo zelakoan, berriro ere elur-erraketak ez jartzea erabaki genuen, izoztutako eski arrastoen gainetik ibiliz.
Pistak maldan behera jarraituz lehen bihurgunean (bertan bigarren indikazio poste bat dago) ezkerreruntz hartu genuen Errekabeltzan sartuz. Errekabeltz izena nondik datorren ez dakit, gainera bertatik doazen urak pasabidean zapaltzen diren harrien azpitik doaz.
Indikazio postea eta guk jarraitu genuen bidea.
Guk pentsatu bezela, pasabide honetan elur gutxiago topatu genuen, baina hala ere elur-erraketekin joan izan bagina ez genien kalterik egingo. Errekabeltzan berriro ere oin arrastoak topatu genituen eta arin-arin joan ginen pasabidearen amaieran dagoen presa txikiraino. Guk pasabide honi beti Errekabeltz deitu izan diogu, baina Imanol Goikoetxearen Aralar mapan pasabide bera Baiarrate izenarekin azaltzen da. Mapa honetan Errekabeltz Eniriotik behera doan errekatxoari deitzen zaio.
Presa txikia atzean utzi eta lehen pagadian sartzearekin batera arrasto guztiak desagertu egin ziren: “oain, bai hala bai erraketak jantzi beharkoitteu” esan zidan anaiak motxila kentzen zuen bitartean.
Motxiletatik elur-erraketak askatu, elurretara bota, oinak sartu eta motxilak berriro ere jarri genituenean, ia atsedenik hartu gabe, goruntz jarraitu genuen. Hasiera batean Eniriotik datorren ohiko bidea jarraitzea pentsatu genuen, baina azkenean, eta batez ere elur geruza handiak “errazten” zuelako, bide zuzenago bat jarraitzea adostu genuen.
Poliki-poliki, arrastoa irekitzerakoan arin-arin joatea zaila izaten baita, aurretik genuen maldari metroak jaten hasi ginen. Gogorra izanda ere, gustuko dut arrastoa irekitzea, inongo eta inoren biderik jarraitu gabe, norberak bidea nondik nora joango den erabaki eta jarraitzeagatik ematen duen sentsazioagatik. Ayyy, zenbat gauza egiten ditugun bizitzan besteek irekitako bide eta arrastoen atzetik. Filosofiakeriak alde batera utzita eta berriro ere lurrera itzuliz, aitortu beharra dago arrastoa irekitzea lan gogor, astun eta askotan esker txarrekoa izaten dela, eta kasu honetan, tonto-tonto, aurretik genuen maldak hauspoa ederki berotu zigula jejeje.
Maldaren amaieran, argazki bat egiteko aitzakiarekin, ura edateko atsedentxo bat egin eta aurreruntz jarraitu genuen, oraingoan arinago, Oiduiko bordetaraino.
Oidui-ra iristen.
10:20, Oidui, 850 metro inguru. Ihazko ehunmilak frogan bolondres bezela lanean aritu ginenean Ikerrek Gurutze Gorriko bolondresekin izandakoak gogoratu eta bordeei errezeloz begiratu ondoren (bertan egoten direnek duten jarreraren errua izango balute bezela), goruntz jarraitu genuen denborarik galdu gabe.
Oiduitik gora doan maldaren lehen metroetan.
Atzera begirada, Oidui eta bertaraino iristeko jarraitutako bidea ikusi daitezke. Atzean Aizkorri eta Aratz.
Hemendik Malkorriraino doan igoera lasaitasunez hartu genuen, oso gogorra izan gabe, malda leku gutxietan lasaitzen baita.
Haize eta eguzkiaren indarrarengatik gogortutako elur zatiak aprobetsatuz, eta ipar ekialdeko norantza jarraituz, uste baino errazago igotzen joan ginen.
Igoerak atsedentxo bat ematen duen lekuetako batean.
Goruntz begiratu eta haizearen eraginez hodeiak mendietatik ziztu bizian ihez egiten zutela ikusi genuen. “Ostia, hor goien kriston haizea dau” baieztatu zuen Ikerrek. Haizeak Gañeta, Malkorri eta Uarrain mendien arteko ertzatik elurra biolentzia handiz altsatu eta gu igotzen ari ginen aurpegiruntz botatzen zuen olatu erraldoi bat izango balitz bezela.
Igoeratan goruntz baino beheruntz gehiago begiratzeko joera izaten da, baina oraingoan, goian zain genuenari begirik kendu gabe igotzen jarraitu genuen.
Haizea indartzen hasi zenean martxa gelditu, motxilatik haizerako xira eta buru-berokia atera eta bideari ekin genion haizeak elurra eramandako lekuak aprobetsatuz. Ertzara iristear geundela, haizerako xiraren gorroa buru-berokiaren gainetik jarri, hestutu, eta ertzara irten ginen.
Haizerako xira eta buru-berokia jarri ondoren. Haizeak elurra nola eraman zuen ikusi daiteke.
“Ongietorriak infernu zuriraaaa!!!” Oihukatu nion anaiari. Haizeak xiraren kontra egiten zuen “pla-pla-pla-pla-pla-pla-pla” zarata eta haizearen orroen artean, bata besteari apenas entzun gabe, eta pausuak baldar xamar emanez, Malkorriko gailurrera iritsi ginen.
11:25, Malkorri, 1329 metro. “Holako haizekin Uarrainaño jarraittu behardeu?” Oihukatuz galdetu zidan anaiak. “Nekatik bai” erantzun nion nik ere oihukatuz, “ertzen ezkerretik junda igual haize gutxigo izangoeu”.
Malkorrin, 1329 metro.
Denborarik galdu gabe, geldirik gelditzerakoan gorputzak tenperatura azkar-azkar galtzen zuen eta, aurreruntz jarraitu genuen, gure eskuinean Malkorri eta Uarrain mendien arteko ertza utziz. Nahiz eta haize ufadak noizik eta behin handiak izan, metroak uste baino errazago irabazten joan ginen.
Bat-batean, Uarrain mendiaren gailurrera iristeko ehun metro inguru falta zirenean, gugana zetorren mendizale bat ikusi nuen. Nengoen lekuan itxaron eta nigana iritsi zenean “Eunon, han atzen ikusteiken mendiye Txindoki al dik?” Galdetu zidan Azpeitia aldeko euskerarekin, hodeiengatik erdi ikusten zen Txindoki seinalatuz. “Bai, halaek” erantzun nion. “Mekabendiooooooo!!!” Erantzun zidan nik emandako erantzunak bere susmoa egiaztatu izan balu bezela. “Galdute niok, uste nian Txindokirare hemendio juteuala. Ganbon izan niok ta animali baten hanka markik jarraittute ona azalduniok. Brujulie bazeukiat baña erabat galduniok”. Irazustako lepotik Alotzara doan bidean arrastorik ez zegoela ikusita, “onena daukek Txindoki erreferentzi bezela hartuta zuzen jarraitzea” esan nion, honetarako brujula lagungarri izango zitzaiolakoan. “Milesker” batekin agurtu eta bere bidea jarraitu zuen. Anaia harrapatu eta gertatutakoa esan ondoren, Alotzako larrak zeharkatuz elur-erraketarik gabe arrastoa irekitzen ari zela ikusita, “Ufffff, gaur horrek paliza earra hartukou” esan zidan.
Azpeitiarra bere borrokarekin utzi eta guk gureari eman genion, eta minutu gutxietan, haizearekin borrokan aritu ondoren, Uarrain mendiaren gailurrera iritsi ginen.
Uarrain mendira iristen.
11:40, Uarrain, 1343 metro. Argazki azkar bat egin eta, haizeagatik berriro ere ihesi, beherunzko bidea hartu genuen.
Uarrainen, 1343 metro.
Malkorrirako itzuleran, haizeak behin baino gehiagotan lurrera botako gintuenaren mehatxupean, pausuak non ematen genituen ongi neurtuz joan ginen. Behin Malkorritik behera, mendiaren babesean, arropa erantzi eta bat-batean tenperaturak hamar gradu gora egin izan balu bezelako sentsazioa izan genuen. “Joer, goien geundenean aurpegie izoztuintzait” esan zidan Ikerrek. “Nik ere eskuetako behatz punta batzuk mindutaittut” erantzun nion.
Oiduitik jaitsi beharrean Errekabeltzara ahalik eta zuzenen jaisten saiatu ginen bideari metro eta minutu batzuk irabazteko asmotan, baina gero etxean ikusiko genuen bezela, igoeran baino metro gehiago egin genituen jejeje. Elur-erraketen erabilera ere ahalik eta errentagarrien egiteko asmoarekin, ia elurrik ez zegoen lekuraino jantzita eraman genituen. Elur-erraketak lurraren kontra "krak-krak" kexatzen hasi zirenean, berriro ere motxilara lotu eta arin-arin, tarteka korrika txikian ere, bost orduren ondoren, 13:50ak aldera, Lizarrustira iritsi ginen, gaurko ibilbideari amaiera emanez.
Amaitzeko, irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.
AZKEN 10 SARRERAK
2015/01/28
MALKORRI (1369 m) ETA UARRAIN (1343 m) LIZARRUSTITIK NEGU GIROAN, 2015/01/24
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
18:51
Etiketak:
aralar,
elurra,
lareo,
lizarrusti,
malkorri,
negua,
oidui,
uarrain
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina