AZKEN 10 SARRERAK

2014/06/26

ARALARREN BARRENA: ARRITZAGA ERREKA ETA ENIRIO ARTEKO MENDIETATIK, 2014/06/22

Ihaztik ideia bat (beste batzuentzat ziur aski eroki bat izango dena) buruan nenbilen: Larraitzetik irtenda, Amezketatik Igaratzaino doan "Minas"-eko bidea (Arritzaga errekaren ondoan doana) eta Enirio arteko mendi guztiak egun batean igotzea.

Orduan, etxean dudan Imanol Goikoetxearen Aralarko mapa hartu eta maparen gainean igo beharreko mendiek osatzen zuten azalera margotu nuen: alde batetik Amezketatik Igaratzara doan "Minas"eko bidea, bestaldetik Eniriora doan pista eta goitik Igaratza (edo Errenaga) jarri nituen muga bezela. Ondoren hauen barruan zeuden mendiak identifikatzen hasi nintzen. Badaezpada, etxean nuen beste mapa bat hartu eta beste mendi "berri" batzuk identifikatu nituen. Amaitzeko,  Javi Urrutiak kudeatzen duen "mendikat" web orrira jo eta ahal izan nituen mendi guztiak identifikatu nituen, guztira 34.

Behin mendi guztiak identifikatu ondoren denbora gehien eramango zidan lanarekin hasi nintzen: zein izango zen mendi guztiak igotzeko biderik "motz" edo gutxienez logikoena. Bizpahiru zirriborroren ondoren, txukunen zirudien ibilbidea Ikerri bidali nion, GPS-aren programan sartu eta ibilbidea egiterik bazegoen jakiteko. Badaezpada, Ikerrek nik egindako bideari aldaketa batzuk egin zizkion, bere GPS-ko mapan azaltzen ziren bide gehienak aprobetsatuz.

Behin plan teorikoa egin ondoren ibili beharko ginen terrenoa ezagutzeko irteerak hasi ziren, batez ere ezagutzen ez genituen mendienak: honela, 2013ko azaroan nire ikerketa lanekin hasi nintzen, Txindokiren inguruko mendi ezezagunak igotzen (erreporra hemen ikusi dezakezue). Irteera honen ondoren Uzkuiti eta Olamuño arteko mendiak ezagutzeko bigarren irteera bat egin nuen, handik aspaldi pasa gabe nengoen eta. Egun berean Maldako punta mendia non zegoen ere identifikatu nuen. Amaitzeko Malkorriren hegoaldean dagoen Ondartxuri mendia non zegoen ikusteko azken irteera pare bat egin nituen, baina nahiz eta mila buelta eman, ez nuen mendi hau topatu.

Beste mendiak eta hauen arteko bideak ezagutzen genituenez, ikerketarako eginiko irteeretatik lortutako informazioarekin ibilbide osoaren plangintza zehatzago bat egin genuen.


Ekaina iritsi eta ibilbide hau pendienteen karpetatik ateratzeko eguna iritsi zela pentsatu genuen, modu honetan gure udako prestateka nola zihoan ikusteko aukera ere izanez. Gainera aste hau ez zen oso ona izan Ikerren koadrilako Bloke gure artetik joan zelako. Guk 34 mendi igo genituen, Blokek zituen urte bakoitzeko bat. Bion pentsakeran ia etengabe izan genuen, eta ibilbide hau berari eskeini nahi diot. Badakit berari ilusi handirik ez ziola egingo, ez baitzen mendizalea, baina Xbox makinarekin erronkarik ez dudanez (jejeje), gutxienez gure modura omenalditxo hau eskeini nahi diogu.

EGINDAKO BIDEA

Esan bezela, Larraitz jarri genuen irteera eta helmuga bezela. Larraitzetik atera eta Txindokira igo ginen, bidean Amezti eta Erlabeltzeko Punta igoz. Txindokiko gailurretik jaitsi eta Bilingaratz eta Zumalerdi mendiak igo genituen atzera itzuli eta Auntzizegi igotzeko. Hemendik, Txindokira doan Muitzeko bidea jarraituz, Aitzegi eta honen ondoren Larraone, Etitzegi, Uzkuiti eta Salingain igo genituen. Salingaindik berriro atzera buelta egin eta Aoki mendia igo genuen. Aokitik hegoalderuntz jarraitu eta Arrubi gañe, Ganbo Txiki, Zealar eta Ganbo igo genituen. Ganbon hamaiketakoa egiteko atsedena hartu, bere ipar-ekialdeko aurpegitik jaitsi eta Menditxiki igo genuen. Menditxikitik, Pardarriren ipar aurpegiaren azpitik doan erlaitz zabal bat jarraituz, Pardarriren ipar ekialdera pasa, eta Muñotxikieta, Ortzanburu eta Olamuño igo genituen. Olamuñon maldan gora hasi eta Putreaizko punta eta Pardarriren txanda izan zen. Hauek igo ondoren, bide beretik jaitsi eta Maldako punta mendiraino jaitsi ginen. Hemendik Ondartxuri mendira eta bertatik zuzenean Uarrainera igo ginen. Behin Uarrainen, mendi hau eta Kilixketaren arteko guztiak igo genituen: Ekialdeko Malkorri, Malkorri, Hegoaldeko Urrusti, Iparraldeko Urrusti, Gañeta, Bustia eta Beleku. Kilixketatik ipar mendebalderuntz jaitsi eta, mendi guztien igoerarekin amaitzeko, Ausa Gaztelu igo genuen, hemendik berriro ere Larraitzera itzuliz.

Argazki honetan egindako ibilbidea ikusi daiteke. Ibilbidea erlojuen orratzen norantza berean egin genuen. Mapan, igo genituen mendi batzuen izenak ez dira azaltzen.



IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 35 kilometro.
- Altuera minimoa: Larraitz, 404 metro.
- Altuera maximoa: Ganbo, 1412 metro.
- Desnibel positiboa osora: 2950 metro.
- Ura: iturri bakarra dago Aoki eta Arrubi Gañe mendien artean.
- Zailtasuna: Zailtasun handirik ez dauka. Gu Ameztira II+ zailtasun inguru duen kanal batetik igo ginen baina ohiko bidetik oinez igo daiteke. Erlabeltzeko puntara igotzeko igo behar den kanalak hiru erresaltetxo ditu, zailena II+ ingurukoa. Ez dira erresalte zailak baina belarrari tira egin behar zaio.
- Igotako mendiak: 34.
- Guk egindako denbora: 11 ordu eta 15 minutu.



Argazki honetan ibilbidearen profila ikusteko aukera duzue.



Ibilbidearein "track"-a deskargatu nahi izanez gero.

Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

07:35, Larraitz, 404 metro. Ostiral gauen Lekuren deia jaso genuen: Bera eta bere lagun batek Txindokira ipar aurpegitik igo behar ziren, eta behintzat lehen metroak elkarrekin egiteko gelditu ginen.

Larraitzen.


Aspaldi ez nintzela Lekurekin egoten (aitatasunaren ondorioak), eta atsegina izan zen igoeraren lehen metroak elkarrekin elkarbanatzea.

Argazkian ikusten den bezela, Txindokira doan ohiko bidea jarraitu genuen.


Azkeneko pista gurutzatzen den lekuan Leku eta bere laguna agurtu eta guk goruntz jarraitu genuen, Txindokira doan ohiko bidetik. Guk jarraitu genuen bidea Txindokiko ertzara doan bide bera zenez, pinudi baten hasieran dagoen langa zeharkatu ondoren Txindokira doan ohiko bidea utzi eta ezkerreruntz, ekialderuntz hartu genuen. 

Iker langara iristen. Hemendik gora jarraitutako bidea margotu dut.



Ibilbidea luzea izango zela jakinda, langatik gora doan malda pazientziz hartu genuen. Ibilbide osoan jarraitu nahi genuen leloa hauxe zen: maldan gora lasai hartu eta lautada nahiz aldapa beheratan korrika txikian aritu. Irakurriko duzuen bezela, egoerako behartuta ezin izan genuen leloa jarraitu.

Iker maldan gora. Ameztira nondik igo ginen margotu dut.



Ameztiren azpira iristen ari ginela, zalantzan egon ginen zuzen igo edota Txindokiko mendebaldeko ertzara doan bidea jarraituz igotzea. Azkenean, lehen aukera hartu genuen, baina nire ustez hobe da bigarrena hartzea, nahiz eta luzeagoa izan, azkarragoa baita.

Ameztira igotzeko, bere mendebaldeko aurpegian argi ikusten den belar kanal bat igo genuen. Kanalean ez genuen zailtasun handirik topatu, hasieran dagoen 2-3 metro inguruko erresaltetxo bertikal bat ezik (II+ zailtasunekoa). Behin erresaltetxo hau igo ondoren, nahiko erraz iritsi ginen gailurrera.

Iker kanalaren azpira iristen. Argazkian erresaltetxoa non dagoen kokatu dut.


Ni erresaltetxoa igo ondoren.


Iker atzetik. Azpian Ausa Gaztelu ikusi daiteke, dena ongi joanez gero igoko genuen azken mendia.


Nahiz eta ostiral arratsaldean kriston euri eta kazkabar zaparrada bota, belarra eta arkaitza lehorrak topatu genituen, igoera asko erraztuz.

Zailtasun guztiak amaitu ondoren, gailurrera eraman gintuen ertzan.



 08:30, Amezti, 982 metro. Nahiz eta askotan mendi honen ondotik ibili, gure lehen igoera izan zen, eta egia esan, bertako gailurretik Txindokiko mendebaldko ertzara dagoen ikusmira erabat txunditu gintuen.

Ameztin, 982 metro.



Ameztitik Erlabeltzeko puntara igotzeko biderik motzena, Txindokiko hegoaldeko horman dauden eskalada bideetatik jaisteko jarraitzen den kanal bat denez, Ameztiren gailurra ekialderuntz jaitsi eta Txindokiko eskalada bideen azpitik zeharkaldia egin genuen.

Iker Amezti eta Txindokiren artean dagoen lepoan eta hemendik gora jarraitu genuen bidea.



Ausa Gaztelutik ateratako argazki honetan Ameztitik Txindokiraino jarraitu genuen bidea margotu dut.



Zeharkaldiaren hasieran harkaitz solteak dituen pare bat harrikara zeharkatu beharko ditugu. Puntu honetan kontuz ibili behar da ezbeharrik izan nahi ez bada, harri eta harkaitzak oso askeak daude eta.

Zeharkaldian harrikarak atzean utzi ondoren. Dagoeneko Amezti behean gelditzen da. 



20 minutu inguruko zeharkaldiaren ondoren, kanalaren hasierara iritsi ginen.

Iker kanalaren hasieran.


Lehen metroetan...



Kanal honek zailtasun handirik ez dauka eta hiru erresalte igo beharko ditugu. Hauetako batean dago zailtasunik handiena, II+ inguru. Kanal hau bustia badago kontu handiz igo behar da oso irristakorra izaten baita.

Kanala amaitzen den lekutik zuzen jarraitu genuen metro batzuetan, harkaitz batzuetatik eskaladatxo erraz bat eginez.

Eskaladatxoaren amaieran.



Eskaladatxoaren amaieran aukera ezberdinak daude goruntz jarraitzeko. Guk daudenetatik zuzen eta azkarrena hartu genuen: irteeratik zertxobait eskuineruntz doan belar kanal bat. Kanal hau oso erraza da eta eragozpenik gabe igo genuen.

Iker bigarren kanalaren azpian.



Bigarren kanal honen irteeratik Erlabeltzeko puntaren gailurrea minutu gutxietan iritsi ginen.



09:15, Erlabeltzeko punta, 1312 metro. Puntara iritsi, argazki batzuk egin eta bideari ekin genion.

Erlabeltzeko puntan, 1312 metro.


Erlabeltzeko puntatik Txindokiko gailurrera, bertatik jaisten den mendebaldeko ertza jarraitu besterik ez genuen egin.


Iker Erlabeltzeko puntan.


Erlabeltzeko punta eta Txindokiren arteko ertzan.


Ertzaren azken metroetan. Bidea nondik doan margotu dut.


Zailtasun eta neke handirik gabe, 8 minutu inguruan Txindokiko gailurrera iritsi ginen.

Txindokiko gailurrera iristen.



09:23, Txindoki, 1341 metro.  Argazki batzuk egin eta goizaren frexkura ahalik eta gehien aprobetsatzeko intentzioarekin martxan jarri ginen.

Txindokin, 1341 metro.


Txindokiko gailurretik gertu, argazkian igo genituen mendi batzuk non dauden ikusi daiteke.



Hurrengo hiru mendiak gertu daude eta lehendik ere igota genituenez, bide hau zalantza eta galtzeko arriskurik gabe egin genuen.

Txindokira eramaten duen ohiko bidean behera. Hurrengo hiru mendiak igotzeko jarraitu genuen bidea gutxi gora behera nondik doan margotu dut.


Txindoki eta Auntzazegi mendien arteko lepora iristerakoan eskuineruntz (hegoalderuntz) hartu genuen Txindokira doan ohiko bidea gure eskuin eta azpian utziz. Aldapatxo bat igo ondoren, Auntzizegi mendiaren mendebaleko aurpegian zeharkaldi bat egin genuen Bilingaratz mendiraino.

Iker zeharkaldian, argazkian Bilingaratz mendia ikusi daiteke.


09:44, Bilingaratz, 1135 metro. Gailurrean gelditu gabe (ez genuen gailurreko argazkirik atera) Zumalerdirantz zuzenean jarraitu genuen.


Iker Bilingaratz mendiaren gailurrera iristen.



Bilingaratz eta Zumalerdi mendien artean lautadatxo bat dago. Bertara jaitsi, igo eta di-da batean Zumalerdiren gailurrera iritsi ginen.

09:52, Zumalerdi, 1215 metro. Mendi honen gailur belarditsu eta txapalaren punturik altuenera joan eta bertan argazkiak egin genituen.

Zumalerdiren gailurrean.


Zumalerdin, 1215 metro. Atzean Txindoki ikusi daiteke.


Hego ekialderuntz eginiko argazkia. Gaur parean ikusten diren punta gehienak igotzeko asmoarekin hurbildu ginen.


Zumalerdi eta Auntzizegi mendien arteko bidea ahalik eta zuzenena egin genuen, denbora eta distantzia murriztuz.

Zumalerditik Auntzizegira jarraitutako bidea.



10:03, Auntzizegi, 1247 metro. Hemen ere, ia gailur guztietan egingo genuen bezela, argazki pare bat egin eta bidea jarraitu genuen.

Auntzizegin, 1247 metro.


Auntzizegiko buzoia, bertan Donostiako mendi talde bateko igoeraren orria topatu genuen.


Txindokiruntz ateratako argazkia.



Hurrengo pausua Muitzeko arroilaruntz jaistea zen eta honetarako zalantzak izan genituen: Txindokira hemendik doan ohiko bidea jarraitu (Txindokiko azken maldaraino itzuliz) edota zuzen jaitsi. Azkenean bigarren aukera hartu genuen.

Honetarako, Auntzizegi mendia bere ipar aurpegitik jaitsi eta ipar ekialderuntz doan bidexka zapaldu bat jarraitu genuen. Lehen aukera izan genuenean Muitzeruntz hartu genuen errekatxo bat jarraituz.

Argazkian Autzizegitik behera jarraitutako bidea margotu dut.


Txindokitik ateratako argazki honetan gorriz jarraitu genuen bidea margotu dut eta urdinez jarraitutako bideari egin daiteken alternatiba bat, beharbada guk egin genuena baino motz eta erosoagoa.



Muitzetik behera doan ohiko bidera iritsi eta korrika txikian hasi ginen.



Iker bidean behera eta jarraitutako bidea. 



Aitzegi, Larraone eta Etitzegi mendietara igotzeko, ihaz jarraitu nuen bide bera jarraitu genuen (irteera honen deskribapena irakurtzeko hemen klik egin dezakezue), baina oraingoan Aitzegira eskalatzen igo ordez, bere eskuinetik (goranzko norantzan) gora doan malda gogor eta belartsu batetik igo ginen.

Eta malda honetan izan genuen beharbada eguneko ezustekorik txarrena: belarra oso luze eta erabat bustia zegoenez, alde batetik igoera izugarri zaildu (malda igozten ari ginela arnasten zen airearen hezetasuna izugarria zen eta izerdiaz blai iritsi ginen gora) eta, beharbada okerrena, oinak erabat busti zitzaizkigun.

Iker Aitzegira doan maldan "sufritzen".



10:50, Aitzegi, 1135 metro. Moralki tarte baterako ukitu gintuen malda honen ondoren, eta urrats bat ematen genuen bakoitzeko zapatiletatik ura irtetzen zela, gailurrera iritsi ginen.

Aitzegin, 1135 metro.


"Ia hiru ordu t'erdi ibili ondoren oinak hola baditteu eztet imajinau nahi nola bukau behar deun" esan zidan Ikerrek, urrats bakoitzero "flazt-flazt" bat entzuten zela. Ni ere larritu egin nintzen, normalean oinak egosteko erraztasun handia izaten baitut.

Aitzegi eta Larraone mendien artean dagoen ertzara iristeko bidearen egoera ez zen hobea eta dagoeneko bustiak genituen oinak gehiago busti zitzaizkigun.

Iker Aitzegi eta Larraoneren arteko bidean.



"Hemendik aurrea hobe deu korrikaik ez ittea eta pausuak ondo ematea babik ez ateatzeko" esan nion anaiari Larraonera eramango gintuen ertzara iritsi ginenean.

Iker Larraonera daraman ertzan.


Ertzaren zatirik errazenak jarraituz, Larraonera inongo zailtasunik gabe iritsi ginen.

11:01, Larraone, 1198 metro. Argazki pare bat atera eta ertza amaieraino jarraitu genuen.

Larraonen, 1198 metro. Atzean Txindoki ikusi daiteke.


"Ikusi al dezu hau?" Galdetu zidan Ikerrek bat batean. "Zer?" Erantzun nion. "Sugegorri bat!!" oihukatu zidan. "No jodas!! Oaintxe hortio begiratu gabe pasa naiz eta!!" erantzun nion gorputzean zehar hotzikara bat igotzen zitzaidala sentituz. Ezusteko honen ondoren ertzaren amaierara iritsi ginen.

Iker ertzaren amaieran.


Ertzaren amaieran dagoen lepoa zeharkatu eta Etitzegira igotzen.



11:15, Etitzegi, 1196 metro. Gailurrera igo, argazkiak egin eta bidea jarraitu genuen.

Etitzegin, 1196 metro.



Hurrengo helburua? Uzkuiti, Salingain eta Aoki mendiak.

Mendi hauek lotzeko ibilbidea lehendik ere egina nuenez, GPS-a gorde eta aurreruntz jarraitu genuen. Etitzegi mendiaren hego aurpegitik lepo bateraino jaitsi eta hemendik parean dugun mendia igo ondoren, mendiaren ezkerrean (igoerako norantzan) dagoen amildegitik gertu jarraitu eta Uzkuitiraino iritsi ginen.

Etitzegiren jaitsieratik Uzkuitiraino egindako bidea.


Etitzegi azpian dagoen lepotik Txindokiruntz egindako argazkia.


Bidea xamurra eta ibiltzeko gozoa topatu genuen, baina oraindik oinak erabat bustiak genituenez, pazientziaz hartu genuen.

Iker, urrutian (parean) Uzkuiti duela.



11:42, Uzkuiti, 1332 metro. Bertara iritsi eta Salingain mendia gertu genuela ikusita, argazki pare bat egiteko denbora hartu eta aurreruntz jarraitu genuen.

Uzkuitin, 1332 metro.


Salingain Uzkuti mendiaren hego ekialdean dago eta bertan harriz eginiko hito handi bat topatu genuen. Bi mendiak lotzeko biderik azkarrean bien artean ia altuerarik galdu gabe jarraitzea da.

11:52, Salingain, 1322 metro. Bertan gel bat hartu eta aurreruntz jarraitu genuen. Ibilbide osoan, hamaiketakoa alde batera utzita, dozena erdi bat gel hartu genituen eta hiru litro pasatxo ur.

Iker Salingain mendiaren gailurrean, atzean Uzkuiti ikusi daiteke.



Hurrengo mendia Aoki zen. Aoki mendiak ez dauka bere gailurrean ezer identifikatu ahal izateko. Ni ikerketan etorri nintzenean, Salingain eta Zealar mendien arteko punta guztiak igo nituen horietako bat Aoki zelakoan eta oraingoan ere Salingain menditik hegoalderuntz zuzen jarraitu genuen.

Lehen puntara iristear geundela, Ikerrek GPS-a hartu eta "ez goatz ondo" esan zidan. "Ez esan" erantzun nion. "Ba ez, Aoki han dau" esan zidan mendebaldean ikusten zen mendi txapal bat seinalatuz. "Joer ba inbestigatzea etorri nintzenen alperrik igo nituen hemengo tontortxo guztik" bota nion irrifartxo batekin.

Igo behar genuen puntatxoa utzi eta mendebalderuntz zuzen jarraitu genuen Aoki mendiruntz.

Buelta hartu ondoren egindako argazkia eta Aoki mendira iristeko jarraitutako bidea.



Atzean Salingain mendia. Argazkia ateratako lekura zuzen joanez gero, bidea zertxobait moztuko dugu.



12:10, Aoki, 1317 metro. Aoki, Zumalerdi moduan, belarrez beteriko gailur txapal bat da. Zumalerdin egin genuen bezela, punturik altuena topatu eta bertan argazkia egin genuen.

Iker Aokiren gailurrean.


Aokin, 1317 metro.


Hurrengo helburua? Arrubi Gañe, Zealar, Ganbo eta Menditxiki mendiak.

Arrubi Gañera iristeko, lehenik Aokitik mendebalde, hego-mendebalderuntz hartu genuen, bi mendien artean dagoen iturri batera iritsiz.

Aoki eta Arrubi Gañeren artean egin genuen bidea. Argazkian iturriaren kokalekua adierazi dut.


Iturria abereentzat prestatutako aska bat da, baina bertatik irteten den ura edangarria da. Ordurako eguzkiak jotzen hasita zegoenez, ur trago majoa bota eta Camelbag-ak berriro bete genituen. Iturri honetan ditugun kantinplorak ongi betetzea merezi du ibilbide osoan topatuko dugun iturri bakarra baita.

Iker iturrian.



Iturrian frexkatu ondoren bideari ekin genion. Berriro ere hego, hego-mendebaldeko norantza hartuz, berehala iritsi ginen Arrubi Gañeren gailurrera.

Azken metroetan...



12:25, Arrubi Gañe, 1320 metro. Orain arteko mendi gehienetan bezela, argazki parea atera eta Ganbo Txikiruntz abiatu ginen.

Arrubi Gañen, 1320 metro.


Arrubi Gañetik Ganbo Txikira igotzeko, lehenik lepo zabal batera jaitsi behar da eta gero hemendik, hego-ekialdeko norantzan, pazientziz hartu beharreko malda bat igoko dugu, Ganbo Txikiren gailurra osatzen duten harkaitzetaraino.

Arrubi Gañe eta Ganbo Txikiren arteko bidea.



12:36, Ganbo Txiki, 1377 metro. Ganbo Txikira igotzen ari ginela, hamaiketakoa Ganbon egingo genuela adostu genuen. Dagoeneko urdaila marmarka hasita zegoenez, denbora askorik galdu gabe Zealar mendiruntz abiatu ginen.

Ganbo Txikin, 1377 metro.


Ganbo Txikiren gailurretik ateratako argazki honetan, Zealar eta Ganbo mendietara igotzeko jarraitu beharreko bidea margotu dut.



Ganbo Txikitik Zealar mendira jarraitu beharreko bideak ekialdeko norantza jarraitzen du gutxi gora behera eta ahal den neurrian altuerarik txikiena galtzen badugu, hobe.

Zealar mendia Ganboren iparraldean gelditzen den tontor bat da. Mendi hau non zegoen hasieran zalantzan aritu ginen, GPS-ak guk uste genuen puntatik beherago zegoen puntatxo bat markatzen zigun eta. Badaezpada puntatxo honetaraino jaitsi egin ginen, baina Ganboren iparrean eta puntatxo honetatik gertu dagoen punta altuago bat ikusiz, gailur argazkia bertan egitea pentsatu genuen.

12:50, Zealar, 1401 metro. Mendikat web orrian guk argazkia atera genuen puntari Zealar izena ematen dionez, bertan argazkia egin eta Ganboruntz abiatu ginen. 

Zealarren, 1401 metro, atzean Ganboren gailurra ikusi daiteke.


Zealar eta Ganboren arteko bideak misterio handirik ez dauka. Ertza bat jarraituz hegoalderuntz jaitsi genuen pasabide baterarte eta hemendik gora malda bat igo genuen Ganboren gailurreraino.

Zealar mendiaren gailurretik Ganboraino doan bidea. Argazkian Menditxiki mendia ere ikusi daiteke, gure hurrengo helburua.


Ganbora iristen...


12:56, Ganbo, 1412 metro. Bertan argazkia atera eta, haizetik babestuz, hamaiketakoa egiteko leku baten bila hasi ginen.

Ganbon, 1412 metro.


Ganboren gailurra eta Iker hamaiketakoa prestatzen. Parean (ipar-ekialdean) Menditxiki mendia ikusi daiteke, eta argazkiaren eskuinean Pardarri eta Putreaizko punta.



Ikerrrek egindako patata tortilla ogitartekoa jan ondoren, Menditxikiraino jaitsi ginen.

13:10, Menditxiki, 1247 metro. Gailur hau ere ez dago identifikatua eta zaila da gailurra non dagoen jakitea. Hala ere, gailurrean karratu formako estruktura metaliko txiki bat topatuko dugu.

Menditxikin, 1247 metro.


Gailurrean dagoen estruktura metalikoa eta atzean Ganbo mendia.



Hurrengo helburua? Igaratzatik gertuen dauden mendiak igotzea: Muñotxikieta, Ortzanburu eta Olamuño.

Muñotxikietara igotzeko, Menditxikitik hegoekialderuntz jo genuen eta Lizasoko lepora (Ganbo eta Pardarri mendien arteko lepoa) iritsi baino lehen, Pardarri mendiaren ipar aurpegian dauden  bi erlaitzetatik beherago dagoena jarraitu genuen. Imanol Goikoetxearen mapan erlaitz hauek dauden lekuari Gerrikoola izena ematen zaio.

Argazki honetan Menditxiren jaitsieratik beheko erlaitzaren amaieraraino jarraitutako bidea margotu dut. Argazkian Pardarri mendia ere ikusi daiteke.


Erlaitzaren amaieratik hegoalderuntz begiratuz, gure azpian Muñotxikieta eta Ortzanburu mendiak ikusi genituen.

Iker erlaitzaren amaieran. Argazkian Muñotxikieta eta Ortzanburu mendiak ikusi daitezke.



Muñotxikietara iristeko belar malda handi bat jaitsi egin behar izan genuen lehenik, eta honen ondoren, harkaitz artetik, erraz iritsi ginen bertako gailurrera.

13:38, Muñotxikieta, 1259 metro. Argazkia egin eta aurrera jarraitu genuen.

Muñotxietan, 1259 metro. Atzean Pardarri mendia ikusi daiteke.



Muñotxikieta eta Ortzanbururen arteko zatiak misterio handirik ez dauka. Gauza bakarra bien artean dauden harkaitz zatiak, bihurritu bat egiteko primerako lekua da eta. Zati hau, oinak berriro ere "lehorrak" genituela pentsatuz, bizi egin genuen.

Muñotxikieta eta Ortzanburu artean.


13:48, Ortzanburu, 1283 metro. Ortzanburuko gailurrean plaka bat eta haize-orratz bat topatu genituen.

Iker Ortzanbururen gailurrean. Argazkian Muñotxikieta eta gero igoko genituen Putreaizko punta eta Pardarri ikusi daitezke.


Ortzanburun, 1283 metro.



Hurrengo erronka, Olamuño mendia non zegoen topatzea. "Inbestigatzea etorri nintzenen, bazpare ingruruko punta guztik igo nittun" esan nion anaiari.

Badaezpada GPS-ak Olamuño mendia non zegen adierazten zuen belarrezko malda txapalera "igo" ginen lehenik.

13:55, Olamuño, 1261 metro. "Ba honek eztauke mendi itxuraik" esan zidan. "Ba ez" erantzun nion.

Iker Olamuño mendiaren gailurrean.



Aurrekoan nik egin nuen bezela, badaezpada Olamuñoren mendebaldean topatu genituen punta guztiak igo eta bakoitzean argazki bat egin genuen. Mendebalderuntz jarraitu genuen gure azpian Maldako punta ikusi genuen arte.

Maldako punta lehen aldiz ikusi genuen lekuan.



Hemen hasieran zalantzan izan ginen nora joan lehenik: Putreaizko punta eta Pardarrira edo Maldako puntara. Azkenean lehen aukera hartu genuen. Honetarako iparralderuntz jo eta Igaratzik Putreaizko puntara doan ohiko bidea jarraitu genuen.

Aurreko argazkia ateratako lekutik Putreaizko puntaruntz jarraitu genuen bidea.



Putreaizko puntaraino doan bidea galtzeko arriskurik ez dauka nahiko zapaldua dago eta.

14:21, Putreaizko punta, 1382 metro. Gailurrean dagoen zementuzko blokean argazkia atera eta Pardarriraino jarraitu genuen.

Putreaizko puntan, atzean Pardarri ikusi daiteke.



Putreaizko punta eta Pardarriren arteko bideak ez dauka nabarmentzeko ezer eta di-da batean iritsi ginen.

14:26, Pardarri, 1396 metro. Argazkia atera eta beherunzko martxa hartu genuen.

Pardarrin, 1396 metro.


Jaisteko  igoerako bide bera jarraitu genuen, berriro ere Putreaizko puntatik pasatuz.


Berriro ere zelaira iritsi ginenean Maldako puntara iristeko biderik motzena zein ote zen begiratzen aritu ginen. Azkenean, nahiz eta ahal genuen guztia laburtu, Igaratzatik behera doan pistaraino joan ginen hemendik behera, Maldako puntaren azpian dauden borda batzuetaraino.

Iker bide motzena nondik hartu daiteken begira. Azkenean gorriz margotutako bidea jarraitu genuen.


Beheruntz gindoazen ehinean, orain arteko haizea gelditu eta izugarrizko beroa egiten hasi zen. "Ostia, hau labe puta bat bihurtzen ari da", bota zuen Ikerrek. Egia esan hemendik aurrera, tarte batean, izugarrizko beroa pasa genuen.

Iker Igaratzatik behera doan pistatik. Argazkian Maldako punta non dagoen adierazi dut.


Pistaren amaieran dauden bordaen eskuinetik (beherunzko norantzan) dagoen bidetik inguratu (bide hau Enirioraino doan ohiko bidea da) eta Maldako puntara izugarrizko beropean igo ginen.

15:01, Maldako punta, 1015 metro."Guazemazu hemendio kixkali baño lehen" bota nion anaiari.

Maldako puntan, 10105 metro. Hau da beroa pasa genuena.


Gailurretik metro batzuk jaitsi eta elorri baten itzalpean atseden hartzea adostu genuen. Atsedenaldia zertxobait jan eta edateko, eta eguzkitarako krema emateko aprobetsatu genuen. Hala ere, nahiz eta neurri guztiak hartu, Larraitzera azala gorri-gorri genuela iritsi ginen.

Hurrengo mendia? Ondartxuri. Mendi honen inguruan zalantza handiak genituen: alde batetik orain arteko irteeratan gailurra topatu gabe etxera itzulita nengoen (GPS gabe joateagatik gertatzen diren gauzak), eta bestaldetik zein bide jarraitu beharko genuen ere ez genuen batere argi. Aukeren artean bi genituen: Eniriora doan ohiko bidea jarraitu eta gero Eniriotik Uarrainera doan ohiko bidetik igo, edo zuzenean, ipar-mendebalderuntz diagonal bat eginez, Uarrain eta Malkorriruntz hurbiltzen joatea Eniriotik datorren bidearekin bat egin arte. Azkenean, gainean genuen eguzki eta beroa, eta gure oinak pixkanaka egosten ari zirela ikusita, bigarren aukera hartu genuen.

Honetarako, lehenik Maldako punta utzi eta Eniriora doan bideraino jaitsi ginen.

Iker Eniriora doan ohiko bidetik jaisten.



Bidea ezkerreruntz nabarmen egiten duen bihurgune baten ondoren, bidearen eskuinean erdi-izkuturik irteten zen bidexka bat jarraitzeari eman genion: "ipar-mendebalderuntz doan bitartean ondo jungo gea" esan zidan Ikerrek.

Bidexka hartu ondoren.


Pixkanaka metroak irabazten joan ginen bidean hainbat artzain borden ondotik pasatuz eta denbora osoan ipar-mendebaldeko norantza jarraituz. Ondartxuri mendiak 1220 metro dituela genekienez, 1200 metrotik ez igotzea adostu genuen.

Argazkian Iker Kutisoo izena izan dezaken (Imanol Goikoetxearen maparen arabera) bordara iristen. Gorriz hemendik gora jarraitu genuen bidea margotu dut. Parean ikusten den ertzara igo ginen.



 Kutisoo bordaren ondoan geundela, urrutira Uarrain aldera doan ertza bat ikusi genuen. "Ez da ba hortan eongo?" Galdetu nion Ikerri. "Eztakit baña GPS-aren arabera haruntz jun beharra deu" erantzun zidan.

Ertzara iritsi aurretik, lizardi baten erdian GPS-ak Ondartxuri mendian geundela adierazi zigun. "Hau ote?" Galdetu zuen Ikerrek. "Ezetz esango nuke" erantzun nion. "Batzutan mapetan mendiri beste leku bateko izena emateie, igual hemen gauza bera pasatu da" esan zidan. Telefono mugikorra atera eta mendikat web orrira sartu nintzen mendi honen inguruko informazioa berriro ere irakurri eta, batez ere, argazkiak ikusteko. Argazkiak ikusi eta Malkorri alderuntz doan ertza batean zegoela irakurri ondoren, parean genuen ertzara igo eta hemendik goruntz pixkanaka igoko ginela erabaki genuen. "Topatzen ez badeu, ke le den por saco" pentsatu genuen.

Ertzara igo eta goruntz ari ginela, Arantzadik adierazitako tumulu baten ondotik pasa ginen: "Tumulu hau mendikat-en ere azaltzea" esan zidan Ikerrek. "Ba ordun bide onetio goaz" erantzun nion, "ziur ertza honetan dagoela".

Ertzan topatu genuen tumulua.



Ertzan gora gindoazela bapatean Ikerri irrifar bat azaleratu zitzaion: "Yasta, han dau" bota zuen. "Nun?" Erantzun nion. "Han pareko harkaitz horren gañen dauna ez al da buzoi bat?" Galdetu zidan. Goruntz begiratu eta buzoia ikusi nuenean izugarrizko zoriona hartu nuen.

Iker buzoia (borobilaren barnean) ikusi zuen momentuan.



Gailurra gertuago...



 16:17, Ondartxuri, 1220 metro. Hainbeste buelta eman ondoren, azkenean gailur galdu hau topatu genuen. "Gogoa emateit buzoia hemendio behera botatzeko" esan zidan anaiak. "Utzi bertan" erantzun nion, "beste batzuk ibili daitezela gu bezela honen bila, jejeje".

Iker Ondartxuriren gailurrera iritsi zenean. Bere aurpegiak dena esaten du.


Ondartxurin, 1220 metro. Beroa, galduta geundenaren sensazioa, nekea eta oinak egosita genituenen ondorioz ateratako argazkia.



Ondartxuritik gora lehenik Uarrain mendira igotzea pentsatu genuen, gero hemendik behera gelditzen zitzaizkigun beste mendiak igotzeko. Honetarako, ongi zapaldutako bide batetik igo eta Uarrain eta Malkorri mendien arteko lepora atera ginen, hemendik zuzen-zuzen Uarrainera igoz.

Iker lepoan eta Uarraineraino jarraitu genuen bidea.



16:36, Uarrain, 1343 metro. Hemen berriro ere, gure lasaitasunerako, eguraldia aldatu zen: bapatean zerua lainoz bete eta haize frexko batek hartu gintuen dagoeneko erreta genuen azalaren mesederako.

Iker Uarrainen gailurrean.


Uarrainen, 1343 metro.



Uarrainera iristea izugarrizko lasaitasuna izan zen guretzat, hemendik amaierarteko bidea oso ongi ezagutzen dugu eta. Nahiz eta oraindik bi ordu pasatxo aurretik izan, mendi honetara iristeak indarberritu gintuen.

Uarraindik aurrera genuena: aurretik genituen hainbat mendiren kokalekua adierazi dut.


Uarraindik aurrera, Bustia mendiraino doan ertza zabala besterik ez genuen jarraitu, tarteka, iparreko Urrustirekin gertatu zen bezela, ertza utziz.

Uarraindik behera goazela lehenik arkaitz tontortxo bat igo genuen.

Iker lehen tontortxora iristen.


Lehen tontortxo honen gailurrean.


Tontortxo hau atzean utzi ondoren bigarren harkaitz punta bat topatuko dugu. Punta honi mendikat-en Ekialdeko Malkorri izena ematen diote.

Iker Ekialdeko Malkorrira iristen.



16:43, Ekialdeko Malkorri, 1320 metro. Bertan argazkia atera eta Malkorriruntz abiatu ginen denborarik galdu gabe.

Iker Ekialdeko Malkorriren galurrean.



Ekialdeko Malkorri atzean utzi eta ertza hego-mendebalderuntz Malkorriraino gozo-gozo jarraitu genuen.

Iker Malkorrira iristen.



16:47, Malkorri, 1329 metro. Buzoian notatxoren bat ba ote zegoen begiratu eta aurreruntz jarraitu genuen.

Iker Malkorriren gailurrean.



Malkorritik Gañetaraino ertza zabala jarraituz gero Iparreko Urrusti igo gabe utziko genuela jakinda, ertza zabal hau utzi eta Iparreko Urrustira doan beste ertza jarraitu genuen, ipar mendebaldeko norantzarekin.

Malkorriren gailurretik egindako argazki honetan bi Urrustiak eta Gañeta  ikusi daitezke.


Malkorri eta Iparreko Urrustiren arteko ertzak ez dauka inongo zailtasunik eta arin-arin igo genuen.

16:54, Iparreko Urrusti, 1312 metro. Bertan argazki bakarra egin eta Hegoaldeko Urrustiraino igo ginen bi Urrustien arteko ertza jarraituz.

Iker Iparreko Urrustira iristen.



16:59, Hegoaldeko Urrusti, 1324 metro.  Hemen, berriro ere Malkorri eta Bustia mendien arteko ertza zabalarekin elkartu ginen. Gailurrean argazkia egin eta Gañetaruntz abiatu ginen.

Iker Hegoaldeko Urrustiren gailurrean dagoen hitora iristen.


17:05, Gañeta, 1324 metro. Ertza jarraituta dagoen urrengo mendia da. Gañetaren gailurrera iritsi aurretik izenik gabeko beste gailurtxo bat igo genuen.

Iker Gañetaren gailurrea iristen.


Gañetaren gailurreana dagoen buzoia. Argazkian gaur igotako hainbat mendi kokatu ditut.


Gañeta atzean utzi eta honen ekialdean dagoen Bustia mendia igo genuen, orain arte jarraitutako ertzari amaiera emanez.

Iker Gañetatik behera eta Bustiaraino jarraitu genuen bidea. Argazkian hurrengo helburua ere ikusi daieke: Beleku.


Azken metroetan...



17:11, Bustia, 1280 metro. Hemen ere argazki bat egiteko denbora hartu eta aurreruntz jarraitu genuen.

Iker Bustian, 1280 metro.



"Ale, ale hiru bakarrik falta direla" animatu nuen anaia. "Ba bauket gogoa bukatzeko" erantzun zidan. Bustiatik Belekura joateko ipar-mendebalderuntz hartu genuen norantza honetan dagoen mendixka bateruntz.

Ibilbidearean amaieragatik animatuta edo, berriro ere korrika txikian hasi ginen: "nork esango ziten hamar ordu ta gero korrikan arittuko nitzela!!!" Bota zuen Ikerrek.

Beleku bidean. Lehenik Belekuren aurretik ikusten den mendixka harritsua igo behar da.


Belekuren aurretik dagoen mendixka harritsua igo baino lehen, oinazpietan aspaldi sentitzen ez nuen erredura sentsazio bat sentitzen hasi nintzen, goizeko bustiaren ordaina. "ustet hankazpitan babak dittudala" esan nion anaiari. Korrika egiteari utzi eta berriro ere oinez hasi ginen.

Belekutik gertu.


17:20, Beleku, 1253 metro. Gailurrera iritsi, argazkia azkar-azkar egin eta aurreruntz jarraitu genuen.

Iker Belekun, 1253 metro. Atzean Arrubi-Gañe, Ganbo Txiki eta Ganbo ikusi daitezke.



Kilixketa zen paraje hauetan igo beharreko azken mendia. Bertara iristeko, Belekutik mendebalde, ipar-mendebalde norantza hartu genuen, oraingoan ere, Kilixketaren aurretik beste menditxo bat igoz.

Beleku eta Kilixketaren arteko bidea.



Kilixketaren aurretik dagoen menditxoan. Kilixketa amaieran ikusten den mendia da.



17:26, Kilixketa, 1141 metro. Hemen ere, beste mendi batzuekin egin genuen bezela, punturik altuenera igo eta bertan argazkia egin genuen.

Kilixketan, 1141 metro. Atzean Txindoki ikusi daiteke.



"Bueno, goazen azkenekoren bila" bota nion anaiari,. Ausa Gaztelura igotzeko lehenik dexente jaitsi beharra daukagu. Jaitsiera ipar-mendebalde norantzan doan bide batetik egiten da, hasieran gozo-gozo, baina bukaeran malda handia duena, nire oinazpien kalterako.

Kilixketan behera. Azpian Ausa Gaztelu ikusi daiteke, gaurko azkeneko mendia.


Hogei minutu pasatxo jaisten aritu ondoren Ausa Gaztelura eramango gintuen azken maldaren azpira iritsi ginen. Argazkian igoera nondik nora doan margotu dut.


Orduetako ibilbideagatik nekatuta sentitzen ginen, baina hala ere lurrera begiratu, hortzak hestutu eta bata bestea animatuz ttirri-ttarra Ausa Gazteluren gailurrera iritsi ginen.

Iker azken esfortzua egiten, atzean Txindoki.



18:02, Ausa Gaztelu, 904 metro. Iker gailurrera iritsi zenean sekulako besarkada eman genuen elkar, beste oihu eta algaren artean. Honelakoetan sentitzen dena zaila izaten da hitzetan jartzea.

Gailurrean atseden hartu, gelditzen zitzaigun ur apurra eta azken gela amaitu, argazki pare bat egin eta Larraitzeruntz abiatu ginen.

Iker Ausa Gaztelun, 904 metro.


Bi anaion argazkia Ausa Gaztelun. 



Larraitzera itzultzeko, hemendik Ausa Gaztelura doan ohiko bidea jarraitu genuen. Azkenean ibilaldia denboraz joan zitzaigun (nik zortzi bat ordu aurrikusita nituen), baina indarrez nola ibili ginen ikusita, oso zoriontsu iritsi ginen Larraitzera.

18:50, Larraitz, 404 metro. Bertara iritsi, iturrian frexkatu eta argazki pare bat egin ondoren, kotxea hartu eta etxera itzuli ginen, ibilaldiak nire oinazpietan izandako ondorioak baloratzeko.

Bi anaiak Larraitzen. Lortu deu!!!!!!!!!!!!



Azkenean, nahiz eta oinak erabat egosiak izan, bi baba txiki besterik ez nituen izan. Artikulu honetan azaldu nuen bezela, bi babetatik haria pasatu eta egun pare batean berriro ere oinak mendian ibiltzeko pronto nituen.

Orain beste ideiatxo bat buruan badabilkigu, ea noiz burutzen dugun.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina