AZKEN 10 SARRERAK

2015/05/10

ORDIZIATIK ETXEGARATERA LIZARRUSTITIK PASATUZ 2015/05/01

G2h froga geroz eta gertuago dugu eta prestaketa aurrera doa. Pixkanaka frogaren zati guztiak betetzen ari gara, zein egoeratan dauden ikusi eta bidea betetzeak gutxi gora behera zenbat denbora eramango gaituen kalkulatzeko.

Joan den ostiralean, maiatzak 1, anaia eta biok Lizarrusti eta Etxegarate mendateen arteko bidea egitea pentsatu genuen. Urte asko ziren ibilbide hau egiten ez genuela, honegatik berriro ere egiteko irrikitan geunden. Bidea egiteko bi aukera baloratu genituen: Kotxea Lizarrustin utzita Etxegaratera joan-etorria egin edota etxetik oinez atera eta Etxegarateraino joan, bezperan utzitako kotxean itzultzeko. Azkenean bigarren aukera hartu genuen, eta kotxea utzi beharrean, Itzik taxista lanak egingo zituela esan zigun.

Ibilbidearen luzera zenbatekoa zen ziur ez genekien. Gutxi gora behera 32-35 kilometro inguru, eta azken irteeretako abiadura mediak eta ibilbideak desnibel askorik izango ez zuela kontutan izanda, 5 ordu eta erdi eta sei orduren arteko denbora beharko genuela kalkulatu genuen. Zazpiak eta erdietan geldituta geundenez, Itziri Etxegaratera ordubatak aldera iritsiko ginela esan nion.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Jarraitutako ibilbideak ez dauka misterio handirik. Ordiziatik irten eta, Altamira auzotik (polikiroldegia eta errugbi zelaia dagoen auzoa) Oiangu parkera igo ginen. Hemendik,  GR-283 (Gaztaren bidea) bidea jarraituz Intxusti iturrira iritsi ginen. Intxustitik, Lareoko urtegira pasa eta hemendik Lizarrustiraino doan bidea jarraitu genuen. Lizarrusti eta Etxegarate arteko bidea GR-121 bidea jarraituz egin genuen. Bidea ederra da, pagadi ikusgarriak zeharkatzen ditu eta udan itzalpean joateko aukera emango digu. Dena den, basoak duen gauza "txarra" kontutan hartuz, hezetasun handia izango dugu eta, guri gertatu bezala, euria egin eta euritako txamarra jarri beharra badugu, izerdi galantak botako ditugu.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 33 km.
- Punturik baxuena: Ordizia, 145 metro.
- Punturik altuena: Irumugeta, 962 metro.
- Desnibel positiboa osora: 1540 metro.
- Igotako mendiak: 2 (Irumugeta eta Intsusburu).
- Ura: Ordiziatik Intxustiko iturriraino ez dago inongo arazorik eta iturriak leku askotan topatu daitezke. Intxustiko iturria eta Lizarrusti artean iturri bakarra topatu genuen (Lizarrustira iritsi aurretik). Lizarrustiko aterpetxean ura ere hartu daiteke. Lizarrusti eta Etxegarate artean ez genuen iturririk ikusi.
- Zailtasuna: Bideak ez dauka inongo zailtasunik baina Lizarrusti eta Etxegarate arteko zatia gogorra egin daiteke denbora osoan maldan gora eta behera doan bidea da eta.
- Egindako denbora: bost ordu eta laurden. Kontutan izan zati batean baino gehiagoan korrikan aritu ginela.

IBILBIDEA ETA PROFILA



Powered by Wikiloc


Profila.


DESKRIBAPENA

07:30, Ordizia, 145 metro. Gudarien etorbidearen amaieran dagoen Frai Andres estatuaren azpian elkartu ondoren, martxan jarri ginen. “Zemuz hankak?” Galdetu nion anaiari bezperako serietako entrenamendua oraindik buruan (eta hanketan jejeje) nuela. “Bufff” erantzun zidan, “atzokoa kriston gorra izan zen, ea gaur hankak nola juten dien”.

Bezperan pasatakoak berriro ere gogoratuz, konturatzerako Oiangu eta Lazkaomendi atzean utzi eta ordu eta berrogei minutuetan gutxi gora behera Intxustiko iturrira iritsi ginen, tartean, g2h bezalako froga bati begira, hesteetako ezusteko bati aurre egiteko paperezko mukizapiak motxilan eramatea beharrezkoa izango dela argi utziz.

Intxustiko iturrian ura edan eta aurrera jarraitu genuen lehen euri tantoekin batera, hogei minutu inguruan Lareoko urtegira iritsiz. Hasiera batean zalantzan aritu ginen euritako txamarra jantzi hala ez, baina azkenean zalantza guztiak argitu ziren euria gogotik hasi zen eta. “Buff, sargorie ta ebitako txamarra ez da konbinazio ona, ea zemuz bukatzen deun” esan nion anaiari.

Lareo atzean utzi eta ttirri-ttarra Lizarrustiko bidea hartu genuen.

09:10, Lizarrusti, 622 metro, 18garren kilometroa. Lizarrustira iritsi aurretik dagoen iturrian botilatxoak bete eta Lizarrustiko aterpetxean gelditu gabe aurrera jarraitu genuen. Errepideraino iritsi, 30-40 metro inguru Nafarroa aldera egin eta errepidea maldan behera hasten den lekuan eskuinera hartu genuen GR markak jarraituz. Errepidea utzi ondoren malda gogor baten atarian geundela ikusita, motxilatik barratxo energetiko bat atera eta, gelditu gabe, arnasestuan, hala nola jan genuen.

Iker Lizarrusti mendateko gainara iristen.



Hemendik aurrera paraje “ezezagunean” sartu ginen, urte asko baitziren hemendik pasa gabe geundela. Karteltxo batean Etxegarateraino 15 kilometro zeudela irakurri (gero etxean ikusiko genuen zertxobait gehiago badela) eta honaino pasatako denbora ikusi genuenean uste baino azkarrago iritsiko ginela pentsatu genuen, aurretik zer genuen jakin gabe. Hasteko, erritmoa dexente jaitsi eta malda pazientziaz hartzea erabaki genuen. Lehen metroetan bidea eroso egiten da, baina bat-batean bidea oraindik eta maldatsuago bihurtu, harriak desagertu eta lokatzetan gora igotzen hasi ginen, tarteka irristatuz. “Pena makuluak ekarri ez izana” esan eta esango genuen behin baino gehiagotan.

Lehenengo malda luze eta gogor honen ondoren bideak atsedenalditxo bat eman zigun, baina atsedenalditxoa ez zen “benetakoa” izan eta konturatzerako beste malda bat igotzen hasi ginen, hemendik aurrera joera hau behin eta berriz errepikatuz, hau da, malda bat igo, malda bat jaitsi.

Malda bakoitza igotzerakoan bukaeran ikusten genuen zerua erreferentzi bezala hartu eta “benga, amaiera hortxe dau” esaten genion elkarri, baina behin baino gehiagotan, “zerura” iritsi behar ginenean, ezerezetik beste malda bat azaltzen zen. Inguruko punturik garaienera iritsi eta dena beheraka hasiko ginela uste genuenean ere, bost minutu inguruan behera egin eta beste malda bat agertzen zen. Gainera, bidearen lokatzak eta nire zapatila zaharren zoruaren egoeraren konbinaketak jaitsierak interesgarriagoak egiten zituen eta behin baino gehiagotan lurrera joateko zorian izan nintzen.

Gelditzen ez zen euripean eta ez dakit zenbat malda igo eta jaitsi ondoren, iztarrak “kexatzen” hasi eta indar eta morala jaisten hasi zitzaigun, gainera, GPSak metroak irabazi baino galtzen ari ginela adierazten zuela zirudien: “la ostia!!! Hau da bidea, noiz hasiko gea behera jaisten?”, bota zuen Ikerrek, “kontutan izan atzoko entrenamenduko nekeare gañen izango deula” esan nion, ez dakit bera edota nire burua konbentzitu nahian. Burumakur Ataun, Etxarri Aranaz eta Burundaren arteko mugarriaren ondoan dagoen buzoi batera iritsi ginen. “Hau mendi bat izango al da?” Galdetu nion anaiari. “Eztatik bat” erantzun zidan “bakizu, Leku handiari galdetu beharko diogu”.

Buzoi "ezezagunean".



10:55, Irumugeta, 962 metro, 21garren kilometroa. Oraindik ez bagenekien ere Irumugeta mendian geunden. Izenik ez duen buzoian argazki pare bat egin eta hemendik aurrera dena behera izango zenaren itxaropenean jarraitu genuen. Baina gure itxaropenak berehala belarrondoko galanta hartu zuen berriro ere maldan gora hasi ginenean. “Pilotu automatikoa” jarri eta Aste Santuko prozesioen antzera, galtzada elegante batean ibili ondoren, bigarren buzoi batera iritsi ginen.

Irumugetan dagoen mugarriak Ataun, Etxarri Aranatz eta Burunda mugatzen ditu.



Mugarrian Ataungo aldean egindako argazkia.



11:35, Intsusburu, 942 metro, 25garren kilometroa. “Hemen behintzat izena jartzeo: Intsusburu” esan nion anaiari. “Orain bai, ez?” Erantzun zidan, “hemendio den malda behera izangoa”. GPSa begiratu eta 6 kilometro inguru faltako zirela ikusita, Etxegarateraino maldan behera joango ginelakoan Itziri deitu eta ordu erdi inguruan bertan izango ginela esan nion: “ordu erdi?” Erantzun zidan “Azkartxo zoazte, ezta?”. “Ba bai” erantzun nion, “denboraz uste baño askoz hobe baña hankak uste baño nekatugo”.

Argazki honetan gorriz igoerako bidea eta orlegiz jaitsierakoa margotu ditut.



Intsusburu menditik behera zoriontsu korrikan hasi ginen, eta behingoz dena guk nahi bezala zihoala uste genuenean, bihurgune bat hartu eta gure aurrean kristoneko malda azaldu zen. Egia esan malda ez zen hainbesterako baina gure indar eta morala kontutan izanda “Tourmalet” handia igotzeko atarian geundela iruditu zitzaigun.

“Pilotu automatikora” itzuli eta malda uste baino “frexkoago” igo genuen ehiza postu batzuetara iritsiz. Hemendik aurrera maldatxo bat igo eta Gazteluberri mendia eta N-1 errepidea bistan genituela maldan behera hasi ginen. Ez dakit nekearengatik, lokatzarengatik edota zapatilen zoruaren egoeragatik izan zen baina, maldaren amaierara iristear geundela, zelai batean eskuin oinak irrist egin eta ziplo erori nintzen duela urte batzuk ateratako sorbaldan min eginez. “Hoixe behar non oain” pentsatu nuen jaikitzerakoan “sorbalda berriz ateatzea”. Besoa aurrera eta atzera mugitu eta dena kolpe bat besterik ez zela izan baieztatu ondoren aurrera jarraitu nuen.

N-1 errepidera iritsi ginenean 100-150 metro Nafarroa aldera egin eta errepidea azpitik zeharkatu genuen, errepidearen bestaldetik, kanal bat jarraituz, Etxegaraten dagoen gasolindegira etxetik atera ginenetik bost ordu eta laurdenera iritsiz. “Ez dakit noizbait hainbeste poztu naizen nire koñata ikustez” esan zidan Ikerrek bertara iritsitakoan. Intsusburutik ordu erdi izan behar zena hiru ordu eta laurden pasatxo bihurtu ziren, eskerrak Itzik irakurtzeko liburu bat eraman zuenik jejeje.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina