AZKEN 10 SARRERAK

2015/06/04

EH MENDI ERRONKA, 2015/05/30

"Aleeeee mitz, benga ostia, Leitza hortxe deula!!!!!!" oihukatuz azken jaitsiera hala nola jaisten hasi ginen. "Eztakizue zenbat sufritzen ainaizen" erantzuten zigun behin eta berriz hortzak hestututa. Bapatean, zuhaitz batzuen artean, Leitza herria ikusteko aukera izan genuen. "Ostia, hau egina diau!!!" pentsatu nuen.

Pasarte honen hasiera hamaika ordu eta erdi lehenago hasi zen, aurreskua eta Gorka Azkaratek botatako bertsoaren ondoren, EH mendi erronka lasterketa martxan jarri zenean.

Ihaz, azken bi urteotan bolondres bezala lanean aritu ondoren, 2015ean G2handiak lasterketan parte hartzeko pausua ematea erabaki genuen. Zapatila batzuk erosi eta mendian korrikan, edo zehatzago esateko, korrikan hasi ginen (hogei urte baino gehiago neramatzan korrikarik egin gabe jejeje). Urte honetan zehar denetatik bizitzeko aukera izan dugu: egun onak, egun txarrak, mendira joateko burua behartu beharreko egunak (batez ere egun ilun, euritsu eta hotzetan), eskalada denbora baterako alde batera uztea, astean zeharreko entrenamenduak, serieak, infernuko sentadillak (nork esan zuen korrikarako onak zirela? jejeje), etab. Baina mendia modu berri batean ezagutu eta disfrutatzeko aukera ere eman digu, eta korrika saio baten ondoren sentitzen den nolabaiteko asebete sentsazio hori (mediku batek hotzean eta erromantizismorik gabe fisiologikoki endorfinen ondorioa dela esango lukeena) eskalada bide baten ondoren sentitutakoarekin alderatu daiteke, batez ere saioa gogorra egin eta etxera sentsazio onekin iristen garenean.

Ingurukoek G2handiak lasterketaren aurretik gutxienez beste lasterketa bat egin beharra genuela esaten ziguten: "konpetizioan bizitzen dena sentitu beharra dezue", "ez da gauza bera zuen kontura ibili edo lasterketa batean aritzea". Gure lehengusu Haritzek EH mendi erronkan parte hartzeko aukera ez galtzeko esan zigun: "antolaketa paregabea, ibilbidea earra eta ederki balizatua". Trail kontuetan Haritzi kasu egiten diogunez, izena emateko epea ireki bezain pronto, bitan pentsatu gabe, bertan parte hartzeko izena eman genuen. Paisai ederrak, antolaketa primerakoa eta bide batez euskal selekzioen aldeko aldarrikapena egiteko aukera, zer gehiago eskatu daiteke?

Entrenamenduak batzuei eta besteei aholkuak eskatuta gure kontura aurrera eramaten ari ginen kilometroak eta orduak pilatzen. Entrenatzearen kontua ere mundu bat dela konturatu gara: "taupada baxuetan ibili beharrra dezue beti", "luzapen handiko mendi martxak egin", "atsedenak aprobetsatu", "serierik ez egin", "beno, abiadura nahi badezue serieak egin", "astean behin gimnasiora joan", "astean hiru aldiz entrenatu", "...edo lau", "...edo bost"... Hau da hau erokeria!!!!!

Berriro ere Haritzen eskutik, Jokinen eskuetan erori ginen. F1 bateko mekanikoak ohiko kotxe baten kapota irekitzerakoan pentsatuko duena buruan, "A ze parea, bi hok noa jungoie?" pentsatuko zuen urte hasieran egindako esfortzu frogen emaitzak ikusi zituenean, jejeje. Jokinek aholku orokor batzuk eta azken hiru hilabeteetarako gidari izango genuen plangintza bat eman eta serio eta zintzo entrenatzen jarraitu genuen. Milesker Jokin bihotzez!!!!

Entrenamentuak gora eta entrenamentuak behera konturatzerako Ekainaren 29ra iritsi ginen, dortsala jasotzeko eguna. Azken korrika saioa egin, dutxa bat hartu, Natxo eta anaia jaso eta Leitzara joan ginen. Bidean, Haritz gurekin San Miguel arte etorriko zela baieztatu zigun, "ona" pentsatu nuen "gutxiñez ibilbidea egiña dun batekin jungo gea". Leitzan gure datuak eman, telebistatik ezagunak egiten zitzaizkidan korrikalari batzuen artetik pasatu, dortsala jaso eta ezusteko atsegina jaso nuen: "ostia, 23a, Michael Jordan bezala" bota nien. Iraitz Uriarte antolatzailearekin azken orduko batzuk konpondu (milesker denagatik Iraitz) eta NBAk eman duen jokalari onenak hain famatu egin zuen zenbakia izateak emango zidan zorte onaren esperantzan, goiz afaldu eta gorputza ohean sartzera behartu nuen.

Ohean emandako bueltatxo "batzuren" ondoren (urduri ni? Ke ba, jejeje), goizeko 5:45ak uste baino lehenago iritsi ziren. Ohiko moduan gosaldu (adituek lasterketetan esperimentu arrarorik egin behar ez dela esaten dute), "ultra-trailero" mozorroa jantzi eta Natxo eta Ikerren bila joan nintzen.

Leitzara goizeko zazpirak pasatxo iritsi ginen. Kotxetik jaitsi eta guretzat erabat berria zen ikuskizuna topatu genuen: korrikalariak alde batera eta bestera korrika saioak egiten, beste batzuk luzaketak egiten, izen arrarodun likidoak edaten, hankak depilatuak, sudurrean arnasa hartzeko pegatinak, dena giro profesional batean. New Yorkeko Harlem auzoan askatutako hiru zuri bezala sentitu nintzen, beste planeta batean egongo bagina bezala. "Noa kristo etorri gea?" Pentsatzen nuen alde batera eta bestera begiratzen. Aitortu beharra daukat lehen momentu honek ikaratu egin ninduela, nire begietara inguruko guztiek profesional itsura zuten eta. Hiruetatik Natxo zegoen lasaien, lasterketetan eskarmentu handikoa da eta mendi lasterketetan ere, Zegama-Aizkorri maratoian behin baino gehiagotan parte hartutakoa.

Irteerara hurbildu, maskuria pare bat aldiz hustu (eskerrak urduri ez nengoen jejeje), "korralitoan" sartu eta aurreskua eta Gorka Azkarate handiaren bertsoaren ondoren, zortzirak jotzearekin batera, martxan jarri ginen, Leitzatarren animo eta oihuen artean.

"Korralitoan" irteteko prest.



IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Irteera eta helmuga: Leitzako herria.
- Luzera: 65 kilometro, nahiz eta guri GPSak 67 kilometro inguru zirela esan.
- Desnibel positiboa osora: 3500 metro.
- Punturik baxuena: Arribe, 220 metro.
- Punturik altuena: Irumugarrieta, 1430 metro
- Zailtasuna: Ibilbideak ez dauka aparteko zailtasunik. Alli herrira iritsi aurretik aldapa handiko jaitsiera pare bat dago baina antolatzaileek soka finko bat jarri zuten jaitsiera errazteko. Euripean zailtasunak gora joko duela nabarmena da.
- Egindako denbora: 11 ordu eta 34 minutu.
- Ibilbidea: Ibilbidea ederra da, paisaia ikusgarrietatik doana eta, besteak beste, Nafarroako Aralar ezagutzeko aukera paregabea ematen duena. Ibilbidearen gehiengoa baso artean doa, eguzkia badago primerakoa. Euritan aldiz, beste kontu bat izango dela uste dut.
- Antolaketa: Hamarrekoa, bidea primeran adierazita, bolondresen lana izugarria denbora osoan lasterkarien egoeraz arduratuta eta anoa-postuen kokalekuak toki egokietan, guri Lekunberri eta Igaratza arteko distantzia luze egin zitzaigun (nekeak ere zer esanik izango du jejeje).

PROFILA

Profila EH mendi Erronakaren web orritik aterata.



EGINDAKO IBILBIDEA


Ibilbide ofiziala uzten dizuet, bakarren batek jaitsi nahi badu.





DESKRIBAPENA

Hasi baino lehen esan beharra daukat kronika honetan azaltzen diren argazki gehienak ez direla nireak: argazkiak Haritz, Erika eta interneten topatu ditudanak dira. Bakarren batek argazkia kendu edota bere izena esaterik nahi badu, atsegin handiz egingo dut.

Aurreko egunetan gure erritmoan lasai-lasai ibiliko ginela hitzeginda genuen, indarrak denbora osoan gordetzen joan eta lasterketaren azken zatira fresko iristeko. "Baita zea ere!!!!!" Hasiera ematearekin batera, korrika bizian hasi ginen, zerbait galdu izan bagenu bezala. Leitzako kaleak di-da batean zeharkatu genituen eta konturatzerako kotxea utzitako industrialdean geunden. Hurbildutako jendetzaren artean Iñaki Perurena ikusteko aukera izan genuen: "HARRIYA!!!!!" Oihukatu nuen Lekuk egiten dion imitazioa ezinbestean burura etorri zitzaidanean.

Kilometro pare bat egin ondoren Haritz eta Uxoa elkartu zitzaizkigun. Gure arteko aurkezpen azkar baten ondoren (ezin zen denborarik galdu jejeje) gelditu gabe jarraitu genuen. Uxoarekin ihaz fisikoki oso indartsu ibili ondoren aurten dituen arazoaz hizketan aritu ginen, begietan nolabaiteko tristura antzematen zitzaion, espero dut gurekin egindako entrenamentu lasaia (fresko eta indartsu joan zen denbora osoan, pasiatzen joango balitz bezala jejeje) gutxienez morala pixkat altsatzeko balio izana. Animo Uxoa eta besarkada bat!!!!

Gogotsu hartu genuen lehenengo mendi malda, alde batetik orain arte jarraitutako zementuzko pista uzten genuelako, baina batez ere korrika egiteari utzi geniolako. Hala ere arin-arin igotzen hasi ginen. Maldan gora hastearekin batera pagadi batean sartu eta gorputzari lehen beroaldia eman genion. Oraindik irteeraren urduritasunaren menpean eta lasterkarien arnas hestuen artean ("joer, hasieran hola badijoz nola jungoie Irumugarrieta igotzen?" -Pentsatu nuen-), konturatzerako Guratz mendia igo (6 km, 9:00ak) eta berriro korrika lasterrean hasi ginen Pagozelaiko anoa-postuaren bila.

Guratz mendiaren gailurrean egindako argazkia.



Pagozelaiko postura (10 km) uste baino goizago iritsi ginen. Hidratatu (lasterketa osoan etengabe hidratatzea izan zen nire obsesioa), Santa Barbara baseliza dagoen gainara igo aurretik (Haritzek "Hezurmendi" izena duela esan zidan, hilerria bertan izanda izen "kuriosoa" da jeje) hainbat izerdi bota eta berriro ere maldan behera korrikan hasi ginen Arribe herriraino (ibilbideko punturik baxuena). Nahiz eta bizi ibili, indarrez ondo gindoazen, arazorik gabe. Goizeko freskurak hontan ere asko lagundu zuen.

"Hezurmendi"ren maldaren hasieran.



"Hezurmendi" jaitsi ondoren.



"Hemendio gora 1200 metroko desnibela deu" bota nien "eskerrak tartean Gaintzako anoa-postue daun". Arribetik Gaintzara itzalpean dagoen bidexka bat jarraitu genuen, banaka joan behar izaten den bidexka hestu horietakoa, eta bi herrien arteko igoera lasai egin genuen. Gaintzara iristear geundela, zaldibitar batek Prontxio (herritik etorri zen lasterkarietako bat) sabeletik ongi ez eta bazter batean botaka ari omen zela esan zigun. "A ze putadea!!" pentsatu genuen.

Gaintzara (18 km) goizeko 10:15tan iritsi ginen. Erlojua begiratu eta "Joer! Bi ordu eta laurden Leitzatik!" esan nion anaiari, "Usurbe-Murumendiko buelta azkar itten deunen bezela etorri gea". Gaintzako anoa-postuan atsedentxo luzeago bat egitea pentsatuta genuen, Irumugarrietaraino genuen kilometro bertikala lasaitasunez hartzeko. Oraindik lehen 18 kilometroak egindako abiaduragatik harrituta (eta zergatik ez esan, akojonatu xamar ere bai, ahulaldi bat izateko beldur nintzen eta, jejeje), motxilan neraman hirugihar eta gaztadun tortila ogitarteko erdia (hau bai barrita energetikoa!!!), barrita bat, dexente edan eta 20 minutu inguruko atsedenaldiaren ondoren martxan jarri ginen. Anoa-postuaren irteeran Gorka Azkaratekin hitz gutxi batzuk egiteko aukera izan nuen, internet mundutik aparte ez baikenuen elkar ezagutzen. Mendizale handia Gorka, ziur honelako froga bat motz gelditzen zaiola jejeje. Uda honetarako Piriniotarako izango dituen asmoen beldur naiz.

Gaintzako anoa postuan.



Gorka esatari lanetan utzi, txiparen irakurgailua zengoen lekutik pasa eta goruntz jarraitu genuen.

Gaintzatik ateratzen.



Gaintzatik gora, oooooooso goooooora, Haritzek bidea nondik nora doan esaten zidan bitartean, nik eskuinean genuen Balerdiko hegoaldeko hertzaren ingurukoak kontatzen joan nintzen, bakoitzak berearekin, euskaldun on bezala, bi elkarrizketa ezberdin batera eginez eta elkar ulertzen. Gaintzatik irtetzear geundela Prontxiokin hizketan aritu ginen, nahiz eta sabela gaizki izan bazirudien hobe zegoela. "Buenoooo, notizi onak" pentsatu genuen. Gerora lasterketa utzi beharrean izan zela esan ziguten, animo artista!!!!!

Balerdi Gaintzatik, hegoaldeko hertza ikusi daiteke.


Haritz eta Uxoa Gaintzatik irteten.



Natxoren hitzetan gaurko "Cima coppiren" igoeraren hasieran geunden. Bidea ez genuen batere ezagutzen, baina lasterkariak kristo etxean ikusten genituen. Haritzek jarritako erritmoa jarraituz igotzen hasi ginen, hasieran zelai tente batean gora eta gero pagadi bat zeharkatuz. Haritzek ihaz igoera honetan zegoen lokatzaz hizketan joan zen, "pausu bat gora eta bi behera" aritu omen ziren. Benetan eskertzekoa pagadiaren erdian dagoen iturrian bi bolondres gazte egin zuten lana, iturriko ura korrikalariei edalontzietan eskeiniz. Bejondeizuela pareja!!!

Gogorrena amaituta, atzean Irumugarrieta ikusi daiteke.



Atzera begirada, argazkian Uxoa ikusi daiteke.



Gora egiten genuen heinean korrikalari batzuen aurpegi eta arnas egiteko moduagatik nekearean arrastoak antzematen hasi ziren. Igoeran pixkanaka talde txikiak egiten joaten ginen, bakoitzak bere erritmoarekin baina talde batek bestea aurreratu gabe, eta egia esan, uste baino frexkoago eta umore handiz, mendizalez beteta zegoen Irumugarrietako gailurrera (22,5 km) 11:57tan iritsi ginen, Gaintzatik irten eta ordu eta hogeitalau minutuetan. "Bengaaaaa, gaurko okerrena egin dezuelaaaa" oihukatu ziguten.

Azkeneko metroak.



Irumugarrietan, 1420 metro.



"Hala, oain beste korrika saioa Unagako putzuraño" pentsatu nuen. Pentsatu eta egin. Iker aurrean jarri eta Irumugarrietatik behera dauden arkaitz artetik saltoka jaisten hasi ginen. Orain arteko sentsazioak paregabeak, apenas nekatu eta inongo arazorik gabe.

Irumugarrietako jaitsieran.


Bideo honetan zein umore onean gindoazen ikusi daiteke.




Su Ta Gar taldearen akordeen artean Unagako putzura iritsi ginen (24 km, 12:18ak): "Jaio nintzen bai, guda baten erdian, eta amorrua izan dut gurasotzat, iritsiko da herriaren ordua, egindakoa ordaindu beharko dute..." doinuen artean hidratatu (nola ez ba, jejeje) eta motxilan neraman hirugihar eta gaztaren ogitartekoaren beste erdia urdailean sartzera behartu nuen. Iker bitartean zapatilen lokarriak gehiago hestutzeko lurrean eseri eta iztarretan kalanbre antzeko batzuk sentitu zituela esan zigun. "Ostia" esan zuen, "ia bolak igo zaizkit". Oraindik ez genekien baina gerora izango zuen gainbeheraren lehen sintomak hauek izan ziren. Natxo lasai zegoen, indarraz gainezka egoteak ematen duen lasaitasuna isladatuz.

Unagako putzuko anoa-postuan.


Anoa-postutik irtetzear.



Unagako putzuan zegoen kontzertu eta berbena giroa utzi eta Albira jo genuen, Tuturrera igo gineneko bide bera jarraituz, korrika egiteari utzi gabe. Jaitsieran Natxo eta Haritz aurreratu eta Iker, Uxoa eta hiruok atzerago gelditu ginen. Tartean, honelako lasterketetan eskarmentu handiko Roberto herritarra ere aurreratu egin genuen eta lasterketaren zati luze batean paretsu ibili ginen, batzuetan bera eta besteetan gu aurretik geundela.

Albira iristear geundela bapatean anaiak iztarretako mina gora zihoala esan zidan: "zer die kalanbrek bezela?", "Bai" erantzun zidan. "Ta zeatio eztezu gatz pixkat hartzen?". Motxilatik gatz pirula bat atera eta hartu egin zuen. "Gaintzarte ia eztet urik edan ta ustet deshidratatu ein naizela" esan zidan.

Erritmoa moteldu eta Albira (28 km) 12:53etan iritsi ginen. Hemendik aurrera, nahiz eta maldan gora nahiko ongi eta azkar ibili, anaiari jaitsierak geroz eta gogorragoak egiten hasi zitzaizkion.

Albi bizi-bizi zeharkatu eta, boskotea berriro elkartu ondoren, pagadi batean sartu eta Hartxuetako igoera uste baino luzeago egin zitzaigun, batez ere niri, eta ez indarren faltagatik, Unagako putzuan bigarren ogitarteko erdia jan nuenetik tripak erabat nahastuta nituelako baizik. Igoera hau izan zen niretzat gogorrena, ez maldagatik, ipurdia denbora osoan hestututa eraman nuelako baizik, tripen orroen artean. Hartxuetaren gailurrera (31,5 km) 13:36etan mendizaleen animoen artean igo eta San Migueleko anoa-postua gure azpian ikusi genuen. "Bengaaaa, zallena indezuela" esaten ziguten bertan zeudenek. "Okerrena ez altzeon ba Irumugarrietan?" Pentsatu nuen irrifartsu.

Albi atzean utzi ondoren.



Albitik gora dagoen pagadian.


Hartxuetako igoeraren azken metroetan.


Bigarren bideo hau Haritzek Hartxuetatik behera egin zuen. Hemen dagoeneko Iker ez doa hain zoriontsu.




San Miguelera (32,5 km) 13:52etan iritsi ginen. Hau zen Haritz eta Uxoaren helmuga eta bertan Goretti eta Intza zituzten zain. Goretti eta Intzari ia kasurik egin gabe, larri eta hestu, bide bazterrera joan, makurtu eta tripa orroei ateak ireki ondoren izugarrizko lasaitasuna hartu nuen.

Goretti eta Intzakin.



Izugarrizko onura egin zidan tripak hustutzeak. Berriro ere anoa-postuan, nire obsesioari jarraituz, ongi hidratatu, familia argazkia egin eta Goretti eta Intzari kasu gehiago egin ondoren, Haritz, Goretti, Intza eta Uxoa agurtu eta maldan behera hasi ginen. Milesker lauoi animo eta aholkuengatik!!!!!! Eta animo Haritz ekainaren 13an duzun erronkarako!!!!

Familia argazkia San Miguelen.



San Migueletik behera anaiaren iztarretako arazoak gora jo zuen eta Alli herrira (15:10, 42 km) iristerako trostan ibiltzeko ia ez zen kapaz. Honelakoetan animoak ematea zaila izaten da, ez baita erraza izaten nola asmatu, baina Natxo eta bion oihuen artean ahal izan genuen animorik handienak eman genizkion.

Jaitsiera honetan beroa sentitzen hasi (eta nik bisera etxean utzita!!!!) eta luze egin zitzaidan, beroarekin ez bainaiz batere ongi moldatzen. Gainera, bi oinetako behatz txikietan anpulu bana izango nuenaren beldur nintzen, San Migueletik anpuluek sortzen duten min berezi horrekin netorren eta. Beldur nintzen Lekunberrira iristerakoan galtzerdi azpian zer topatuko nuen. Lekunberrin sartu eta talde batek "bengaaa, okerrena egin dezuela" oihukatu ziguten hirugarrenez jejeje. Anoa-puntuaren aurretik Jose Manuel, Maria Pilar eta nire bihotzeko Itzi ikusteak izugarri emozionatu ninduen: malkotxoren bat isuri, behatzetan nuen mina "ahaztu" eta izugarrizko indarra eman zidan. Lekunberrira (45 km)15:35etan iritsi ginen, Leitzatik 7 ordu eta hogeitamabost minutuetara. Nahiz eta honela pentsatuta izan, Lekunberrin ez nintzen ausartu galtzerdiak aldatzeaz, azpian topauko nuenaren beldurrez. Lekunberrin Natxoren bikotea den Erika ere zain genuen animoak emateko. 45 kilometro lasterrean eramateko sentsazio ederrekin iritsi nintzen, indarrez oso ondo eta, behatzetako minetik aparte, inongo min "arrarorik" gabe.

Lekunberrira iristen Maria Pilar "erbiarena" egiten ari zen bitartean.



Lekunberrin bizitza osoan jan dudan pasta entsaladarik goxoena jan (zer ongi sartu ziren!!), ongi hidratatu (Lekunberrin ura eta Poweradetik aparte Coca Cola bazegoen) eta familiakoen animoen artean, Itziarri muxu eman eta berriro ere korrikan zoriontsu hasi ginen Plazaolako bide berdea jarraituz. Gure zorionak eta korrika saioak ordea 200 metro inguru iraun zituen, Ikerren iztarrek berriro ere "kieto parau" joateko marmarreatzen hasi ziren eta.

Haritzek Lekunberritik aurrera lasai ibiltzeko aholkua eman zigun: "Lizarrusti-Etxegarate arteko zatin antzekua da, maldak igo eta jetsi aittuko zeate". Baita Haritzek asmatu ere. Trenbide zaharra utzi, pagadi batean sartu eta denbora osoan gora eta behera aritu ginen. Iker goraka nahiko ongi zihoala ikusita, maldan gora azkartxo igotzen ginen, baina jaitsieratan irabazitako denbora galdu eta igoeran aurreratutako korrikalariek berriro ere aurrea hartzen ziguten. Ez dakit zenbat gora beheren ondoren, pagadiaren amaieran parez-pare Ireber mendia ikusi genuen, gaurko azkeneko mendia, hau ere oooooooooso goian.

Mendiaren magalean dagoen Iontza anoa-postuan (53,5 km, 17:20ak) berriro ere ederki hidratatu (hemen kafe goxo bat hartzeko aukera zegoen) eta gel bat hartu nuen, aurretik genuen maldari begira odol eta giharretan azukre azkarra izateko asmoz. Postutik ateratzear geundela, gure ondotik Iraitz korrikan pasa zen: "Hombreeee zemuz, dena ondo?" Galdetu zigun. "Oraingoz bai, sikiera umorea deun bitarten" erantzun nion. Tipo jatorra Iraitz.

Ireberreko igoera lasai hartu genuen, indarrak kontrolatuz, Piriniotako erritmoa (edo hainbat lekuetan Alpeetakoa ere jejeje) gogora ekarriz, baina hala ere pixkanaka hainbat korrikalari aurreratzen joan ginen eta mendiaren goiko harkaitzetara iristerako aspaldi aurreratu gintuen bikote bat ere harrapatu eta aurreratu genuen. "Joer" pentsatu nuen "nahizta Iker izorrauta jun, pausu hontan 11 orduetatik behera erraz ingodeu". Natxo txapeldun baten moduan igo zen, ia izerdirik bota gabe. Eskertzekoa da askoz azkarrago joateko aukera eta indarra izanda bide osoan gurekin joan izana. Milesker krak!!!!

Baina hemendik aurrera, nire "zorigaitzerako", jaitsieratan anaiaren minak itzuli (noizbaitean alde egin bazuten bezala) eta behin baino gehiagotan gelditu beharrean izan zen minak jota. Kriston pena eta amorrazioa sentitu nuen anaia horrela ikusteaz, ni eta Natxo (ez dakit ibilbide osoan izerdirik bota zuen, a ze makina!!! Jejeje) fisikoki ongi geundelako batez ere. "joer, sikiera mina hiruon arten banatzeik bazeon" pentsatzen nuen hortzak nola hestutzen zituen ikusten nuen bakoitzean.

Lehenengo gailurra atzean utzi (17:52, 56 km gutxi gora behera) eta mendilerroa jarraitu genuen haizegailuz jositako mendien artetik. Zati hau ere luze xamar egin zitzaigun, korrika egiteko aproposa, baina ezin. Behintzat iparreko haize frexkoa ederki eskertu genuen. Gure arteko animoen artean, hala nola Igaratzako anoa-postura iritsi ginen (59 km, 18:20ak). Bertan txistorra eta gazta eskeini ziguten eta nik sagardo frexkorik ba ote zuten galdetu nienean, "Nafarroan eztik sagardoik edaten" erantzun zidaten, "Nafarroan ardo nafarra edaten dik" jejejejeje.

Anoa-postuan platano zati pare bat jan ondoren, zeudenen animoen artean azken kilometroei aurre egitera abiatu ginen. "Noiz hasiko gea jaisten?" Galdetu nien. "Eztakit" erantzun zuen Natxok bere erlojuari begira, "baña gelditzen denagatik kriston jaitsiera izangoa". "Hoixe bea falta nun" erantzun zuen Ikerrek. Ez dakit noiz eta non baina gizon bat zegoen azken tontortxo batera iritsi eta "hemendik dena behera dik" esan zigunean aurretik genuen jaitsiera ikusi eta "Bufffff" pentsatu nuen, "ea Iker nola jaisten den".

Pixkanaka jaisten hasi eta Iker aurretik jarri zen, hobe, gu aurretik joaten ginen bakoitzean nahigabe bere erritmoa behartzen ez ote ginen beldur nintzen eta. Jaitsiera gogor batzuen ondoren (metro batzuetan atzeraka ere jaitsi zen), neska gazte batzuk zeuden azken anoa-postura (Borda, 63,5 km, 19:17ak)iritsi ginen: "Edateko zeozer?" Galdetu ziguten. "Ez, milesker!!!" Erantzun genien. "Bengaaaa, azken malda hortxe duzue eta!!!!" batekin agurtu gintuzten.

"Aleeeee mitz, benga ostia, Leitza hortxe deula!!!!!!" oihukatuz azken jaitsiera hala nola jaisten hasi ginen. "Eztakizue zenbat sufritzen ainaizen" erantzuten zigun behin eta berriz hortzak hestututa. Bapatean, zuhaitz batzuen artean, Leitza herria ikusteko aukera izan genuen. "Ostia, hau egina diau" pentsatu nuen malkoren bat edo beste isuriz.

Leitzarako azken kilometroa zeharkako jaitsiera "leun" bat jarraituz egin genuen eta kaleetara iritsi ginenean, halabeharrez korrikan hasi eta azken metroak, herriko jendetza eta lasterketa amaitutako korrikalarien animoen artean egin genituen, herritik atera ginenetik hamaika ordu eta erdi pasatxoren ondoren helmuga zeharkatuz.

Helmuga zeharkatzerakoan ez nuen ezer berezirik sentitu lasterketa amaitutzat emandako amorrazio puntu batetik aparte. Ez malkorik, ez zoriontasun berezirik ezta pozgarririk ere. Fisikoki nekatuta baina sentsazio onekin iritsi nintzen, mentalki ordea gehiago emateko aukera galdu izanaren "frustrazio" txikiarekin. Egun batzuk pasatu arte uste dut frustrazio txiki honek ez zidala momentu horretan lasterketaz gozatzen utzi. Iker iztarrekin nahiko jota iritsi zen eta berak ere aparteko sentimenturik ez zuela sentitu esan zigun. Natxo ordea, lasterketan atera berri egongo balitz zegoen, fresko-fresko.

Helmugan sartzen. "Ostiaaaaa!!!" bat besterik ez zitzaidan atera.



Helmugan Erika genuen gure zain eta dortsala utzi eta "finisher" ginela adierazten zuten mahukak jaso ondoren, garagardo frexko bat hartu, goizean utzitako motxila jaso eta Leitzatik ahalik eta azkarren etxera ihes egin genuen, aparteko emozio eta zorionik gabe.

Lasterketa amaitu zenetik egun batzuk eta agujetak pasa dira eta interneten beste korrikalari batzuek igo dituzten argazki, bideo eta idatzitako kronikekin emozionatu eta malkoren bat edo beste ere isuri dut. Distantziak ematen duen hoztasunean sentitzen hasi naiz maiatzaren 30ean arratsaldeko zazpi eta erdietan sentitu behar nuen hura. Orain benetan dastatzen ari naiz EH mendi erronka lasterketa amaitzeak uzten duen zapore gozoa, ziur ahaztuko ez dudana. Lasterketa honetara lau helburu ekarri nituen: lasterketa amaitzea, hurrengo lasterketei begira ikastea, lesiorik ez izatea eta ahal bazen 10-11 ordu artean amaitzea. Lau helburuetatik bete ez den bakarra denborarena izan da, baina gauzak nola joan ziren ikusita egindako lan txukunari garrantzia handiagoa ematen diot. Urte bete korrikan eta gehienez 45 kilometro mendian egin ondoren, gure lehen mendi lasterketa izan da eta amaitzeko kapaz izan gara, anaiak batez ere (pasa zituenak kontutan izanda). Agujetak izatetik aparte ez dugu aparteko lesio edo kalterik sufritu eta mota honetako lasterketa baterako asko ikasi dugu (zer eta zenbat jan eta edan, korrikan aritzeko abiadura, hasierako urduritasunaren sentsazioa, etab), zer gehiago eskatu daiteke?

Eskalatzen dudanean hitzetan azaltzea zaila egiten zaidan sentimentua izaten dut, arima, burua edota izpiritua asebeteko balira bezalako sentimentua. Momentu honetan sentimentu bera izaten ari naiz eta honi ematen diot garrantziarik handiena eta berriro ere mendian korrikan egiteko irrikitan nago (larunbatean ordea, zapatilak etxeko zoko ilunera bota nituen jejeje).

Bukatzeko ez dut aukerarik galdu nahi EH mendi erronka osatzen duzuen familia osoari eskerrak bihotz-bihotzez emateko, ez dauzkat hitzik sentiarazi nauzuena deskribatzeko, baina beste korrikalariei gauza bera sentiarazteko kapaz bazarete gauza handia egiten ari zarete erotutako mundu honetan. Bejondeizuela!!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina