AZKEN 10 SARRERAK

2015/04/21

ESKALADA MAILAKETAK

Hainbat leku eta herrialde ezberdinetako eskalada eta mendi gidak begiratzen ditugunean, kirol-eskaladako gidetan ezik, besteetan zailtasun mailaketa sistema ezberdinak ikusteko "arriskua" dugu.6a+? MD inf? II/IV? Ae1? WI3? Zer esan nahi du honek guztiak?

Nire kasuan, hainbat lurralde ezberdinetako gidak erosi nituen garaian, erabat galduta ibili nintzen ez bainuen erabat ulertzen eskalada-bide bakoitzeko zailtasuna zein nolakoa den. Gida bakoitzaren hasieran zailtasunaren inguruan agertzen diren azalpenei eskerrak, pixkanaka kirol-eskaladatik kanpo mailaketa ezberdinak badirela ikasi nuen.

Artikulutxo honetan, ohiko eskalada mota ezberdinetan gehien erabiltzen diren eskalada mailaketei buruz arituko naiz, hala nola, harkaitz-eskalada, izotz-eskalada, eskalada mistoa, alpinismo bideak eta neguko korridoreak . Mailaketa hauek guztiak nagusiki bidearen zailtasunari erreferentzia egiten diote. Dena den, artikuluaren amaieran irakurriko duzuen bezala, bidearen konpromiso eta esposizioari egiten dion mailaketa bat ere badago, aurrekoen osagarri bezala erabili daitekeena eta gida batzuetan erabiltzen dutena. Informazio iturri bezala etxean ditudan gida guztiak erabili ditut, hemen lortutako informazioa internet-eko hainbat orrialde ezberdinetan topatutakoarekin osatuz.

HARKAITZ ETA KIROL-ESKALADA

Iker Nafarroako San Fausto eskolako seigarren mailako bide batean.


Gure inguruan, kirol-eskaladan frantses mailaketaren erabilera da onartua dagoena, 1etik 9ra doan zenbakia a-tik c-ra doan letrarekin osatuz. Zailtasuna gehiago definitzeko, hitzaren atzean “-“ edo “+” bat ere egon daiteke. Modu honetan, 5a eta 5b arteko zailtasuna izan dezaken bide bat 5a+ edo 5b- zailtasunekoa izan daiteke, lehenengoan 5a zailtasunetik gertuago eta bigarrenean 5b zailtasunetik gertuago, baina 5a eta 5b mailara iritsi gabe.

Harkaitz-eskalada edo eskala klasikoan aldiz, UIAA (Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasuna) eta frantses mailaketen arteko nahasketa bat erabiltzen da. UIAA mailaketak I-etik V-era erromatar zenbakiak erabiltzen ditu eta zailtasuna hobe definitzeko “-“ edo “+” zeinuekin osatzen da.

Luze bakarreko eskalada-bide batean, zailtasuna luzean dagoen pausurik zailenak definitzen du. Luze bat baino gehiagoko eskalada-bideari aldiz, zailtasuna luzerik zailenak emango dio, edota beste modu batera esanda, luzerik zailenean dagoen pausurik zailenak.

Bi mailaketen arteko nahasketaren ondoren sortutakoa honela geldituko litzateke:

I maila(1 maila frantses mailaketan): Oreka mantentzeko batez ere besoak jartzea eskatzen duen eskaladatxoa. Agerikoak izan daitezken pausuetan eta esperientzia gutxiko eskalatzaileak badaude, sokarekin lotzea gomendagarria izan daiteke.

II maila (2 maila frantses mailaketan): Igotzeko esku eta besoak erabiltzea eskatzen duen helduleku oneko eskaladatxoa. Helduleku eskaseko malda batean egiten den eskaladatxo edota zeharkaldia ere maila honen barruan egon daiteke.

III maila, “-“ eta “+” zeinuekin (frantses mailaketan 3a, 3b, eta 3c mailak): Bertikala izan daitekeen helduleku oneko eskalada. Igotzeko sokaren laguntza eta jaisteko “rapel”-a egitea eskatzen du. Maila honetako eskaladetarako eskaladan ezagutza izatea eskatzen da, eta neguan maila honetako eskaladak zailak izan daitezke.

IV maila, “-“ eta “+” zeinuekin (frantses mailaketan 4a, 4b, eta 4c mailak): Berezko eskalada. Helduleku onak dituen eskalada bertikala, tximinia, diedro eta arrakalak (pitzadurak) izan ditzakeena. Maila honetako eskaladetan katu oinak jaztea gomendagarria izan daiteke. IV-ko mailatik gora, heldulekuen kalitate, kantitate eta zailtasuna igotzen den heinean, zailtasun-maila ere igotzen joaten da.

V maila, “-“ eta “+” zeinuekin (frantses mailaketan 5a, 5b, eta 5c mailak): V, eta batez ere V+ zailtasuna duten eskalada klasikoekin (ez kirol-eskaladan) kontu handiaz ibili beharra dugu. 1950-80 hamarkaden artean ez zen frantses graduazioa erabiltzen eta bideen zailtasun-mailarik altuena V+ekoa zen. Bide hauetako askok egun erabiltzen den frantses graduazioarekin 6b mailakoak izatera iritsi daitezke, beraz, kontu handiarekin ibili beharra dugu zailtasun honetako ibilbide bat egiten denean, eta batez ere ongi informatu beharko dugu lehen igoera noiz egin zen.

V zailtasun-mailatik gora frantses mailaketa bakarrik erabiltzen da, egun 9garren mailaraino.

Nork erabakitzen du eskalada-bide baten zailtasun-maila zenbatekoa den? Bideen mailaketa ez da objektiboa izaten eta maiz gertatzen da bi lekuren arteko maila bereko eskalada-bideek zerikusirik ez izatea. Eginoko eskalada-eskolan adibidez, monolito eta “La Leze” sektoreetako bideen zailtasun-maila erabat ezberdina da. Monolitoetakoak zailagoak dira eta bertako askok, “La Leze”-n daudenekin alderatuz, 6a mailakoak izan daitezke. Zein da graduazio egokia? Jakiterik ez dago. Normalean eskalada-bide bat lehen aldiz irekitzen duenak, batez ere zailtasun handiko bideetan, bidearen zailtasun-mailaren proposamen bat egiten du. Bide horretatik pasatzen diren hurrengo eskalatzaileek maila hori baieztatu edo proposamen berri bat egiten dute, gehien onartutako proposamena onartuz.

Harkaitz-eskalada edo eskalada klasiko bat egiterakoan, zailtasun-mailari begiratzen badiogu, komeni da bi gauza kontutan izatea: bidea zein urtetan (lehen komentatu dudan bezala) eta nork ireki duen jakitea, zailtasuna, ziurrenik bere eskalada mailaren arabera egongo da eta. Ez naiz harkaitz mota ezberdinen arteko eskaladaz arituko, eskolak duen harkaitz motak (kare-harria, granitoa, konglomeratua) eta bideen ezaugarriek ere (plakak, pitzadurak, diedroak, itsasgarritasuna etab), zailtasunean eragina dute eta.

IZOTZ-ESKALADA ETA ESKALADA MISTOA

Josu Picos del Infierno ipar korridoreko izotz goulotte-ean.



Izotz-eskalada eta eskalada mistorako erabiltzen den mailaketa kanadiarra da.

Izotz-eskaladaren zailtasun-maila izotzaren kalitate eta ur-jauziaren inklinazioaren menpean egoten da batez ere. Izotz ur-jauzi bat ez dago egoera berean aurretik inor pasatu ez denean edo hainbat kordada pasa ondoren. Bigarren kasuan, beti ere izotz kalitatea paregabea denean, pasatako kordadek utzitako zuloak aprobetxatuz, izotz ur-jauzia “errazago” eskalatu daiteke.

Izotz eskala eta eskalada mistoan mailaketa bera erabiltzen da, zailtasun-maila adierazten duen zenbakiaren aurretik doan letra aldatuz. Eskalada mistoaren kasuan “M” bat eta izotz eskaladaren kasuan, izotz motaren arabera, “WI” (“Water Ice” edo neguan ura izoztegatik sortzen diren izotz ur-jauziak) edo “AI” (“Alpine Ice” edo etengabe dagoen izotza, glaziarretan adibidez) letrak topatuko ditugu. Zailtasun-maila definitzeko jartzen den zenbakia, izotz ur-jauziak duen inklinazioari erreferentzia egiten dio batez ere.

Izotz ur-jauzi baten zailtasunak, ur-jauzia, izotz kalitate eta kantitateari dagokionez, egoera ezin hobean dagoen momentuari erreferentzia egiten dio.

Zailtasuna, harkaitz eskaladan gertatzen den bezala, “-“ edo “+” zeinu batekin osatu daiteke.

1 zailtasun-maila: 60 graduetako maldatik beherako ibilbidea. Piolet bat nahikoa izan daiteke zailtasun hau duten ibilbideetan ibiltzeko.

2 zailtasun-maila: 60-70 graduetako tarteak eta babesgarriak jartzeko aukera onak dituen ibilbidea. Izotza oso ona izaten dute kalitate nahiz kantitateari dagokionez.

3 zailtasun-maila: 70-80 graduetako tarteak dituen ibilbidea. Inklinazio handiko tarteak bilgune eroso eta sendoak egiteko lekuekin tartekatzen dira eta babesgarri onak jarri daitezke. Pausu bertikal eta oso motzak egon daitezke (4 metro inguru). Hemen ere izotzaren kalitatea oso ona da.

4 zailtasun-maila: 75-85 gradu arteko aldapa iraunkorrean, 90 graduetako tarte motzak (10 metro arte) dituen ibilbidea. Izotza orokorrean ona da eta bilgune onak egiteko aukera du. Babesgarriak jartzeko leku delikaturen bat topatu daiteke.

5 zailtasun-maila: 20 metro arteko luze bertikala (85-90 gradu) duen ibilbidea. Maila tekniko eta fisiko ona izatea eskatzen du eta babesgarriak jartzeko leku kaskarrak izateaz aparte, atseden-leku eskasak dituen ibilbidea da. Izotza kalitate txarrekoa izan daiteke.

6 zailtasun-maila: 30-60 metro arteko luze bertikala (85-90 gradu) edo zertxobait extraplomatua duen ibilbidea. Atseden leku eskas edo gabekoa izan daiteke. Izotzaren kalitatea eta babesgarriak jartzeko lekuak nahiko kaskarrak izan daitezke. Indar eta teknika handia izatea eskatzen dute.

7 zailtasun-maila: Erabat bertikal edo extraplomatua den bidea, oso delikatua, erdipurdikoa eta lodiera gutxiko izotza duena. Babesgarriak jartzeko aukera gutxi ditu.

Arbelaitz mendiaren ipar aurpegian, M4 (III+) luzea eskalatzen.



Kirol eskalada mistoan edo “dry-tooling”-ean, zailtasun-maila M12 mailaraino igotzen da.


ALPINISMO EDOTA KORRIDOREETAN ERABILTZEN DEN MAILAKETA

La Fourche korridorean, AD mailako korridorea.



Hemen erabiltzen den mailaketa Frantzian alpinismo bideen mailaketarako erabilitakoa da eta letraz bakarrik osatuta dago. Beste mailaketekin gertatzen den moduan, zailtasun-maila osatzeko “-“ eta “+” zeinuak erabiltzen dira. Batzuetan “Inf” (“inferior”) eta “sup” (“superior”), hitzak ere ikusiko ditugu “-“ eta “+” zeinuen ordez. Izotz-eskaladan gertatzen den bezela, bidearen zailtasun-mailak, elur eta izotz kalitate eta kantitateari dagokionez, egoera ezin hobean dagoen momentuari erreferentzia egiten dio. Honek zer esan nahi du? AD zailtasun-maila duen bide bat egoera onean ez badago D zailtasun-maila izan dezakeela. Honegatik, bide bat egin aurretik duen egoeraren berri ongi informatu beharra dugu ezustekorik ez izateko.

F (erraza, espaineraz “Fácil”): 45 graduetatik beherako harkaitz, elur edota izotz aldapak eta II gradu arteko eskaladatxoak izan ditzaken ibilbidea. Pitzaduraren bat edo beste duen glaziarren bat zeharkatu daiteke eta neguan piolet bakarraren laguntzarekin igo daitezke.

PD (zailtasun eskasekoa, espaineraz "Poco Difícil"): 45 graduetatik gorako harkaitz, elur edota izotz aldapak baina oinez igotzen direnak. Hertza estu eta agerikoak. III gradu arteko eskaladatxoak eta pitzatutako glaziarrak zeharkatu daitezke. Soka behin baino gehiagotan erabili daiteke.

AD (zail xamarra, espaineraz "Algo Difícil"): 50 graduetatik gorako harkaitz, elur edota izotz aldapak baina oraindik oinez igo daitezkeenak. Hertza estu eta agerikoak. III-IV gradu arteko eskaladak eta oso pitzatuak dauden glaziarrak zeharkatu daitezke. Sokaren erabilera ezinbestekoa da.

D (zaila, espaineraz "Difícil"): 50-60 graduen artean mantentzen den igoera. Segurtasun eta teknikaren inguruko ezagutza izatea eskatuko du eta eskalada ere etengabea da, harkaitzean IVko pausoak behin baino gehiagotan eskalatuz.

MD (Oso zaila, espaineraz "Muy Difícil"): Elur, izotz nahiz harkaitzean zailak diren eskaladak egitea eskatzen duen ibilbidea, harkaitzean V gradura iritsiz. Teknika handia eskatzen dute luzera handikoak eta oso agerikoak dira eta.

ED (Izugarri zaila, espaineraz "Extremadamente Difícil"): Muturreko zailtasuna eta oso agerikoa, luzea eta urruneko hormetan egiten dena. Zailtasunaren arabera “-“ eta “+” desagertu eta ED1, ED2, ED3 edo ED4koak izaten dira.

ABO (gogaikarria, espaineraz "Abominable"): Muturreko zailtasun eta arriskua duen eskalada. Zailtasun tekniko handikoa, oso agerikoa eta babestu ezin dena. Bizitza jokoan jarri nahi bada, hau da aukerako bidea.

Beste mailaketekin ez bezala, letrak bide osoaren zailtasuna hartzen du erreferentzi bezala luzerik zailenari erreferentziarik egin gabe. Honegatik, bidearen zailtasun-maila osatu asmoz, batzuetan harkaitz edota izotz eskaladan duen zailtasuna ere irakurri dezaekgu. Adibidez: AD, IV zailtasuna duen bide batek orokorrean AD mailako zailtasuna izango du baina bidean egingo dugun luzerik zailena IV mailakoa izango da.

Beste batzuetan zailtasunarekin batera maldaren gehiegizko inklinazioa ere azaldu daiteke, adibidez: F, max. 45º. Honek esan nahiko luke ibilbidearen zailtasun orokorra F dela eta maldaren gehiegizko inklinazioa 45 graduetakoa topatuko dugula.

Elur kanal eta korridoreetan erabilia izaten den beste mailaketa-sistema bat korridoreak duen inklinazioa soilik adieraztea izaten da, igoeraren zati ezberdinek duten gehiegizko inklinazioa adieraziz.

ESKALADA ARTIFIZIALA

Ohikoa ez den eskalada bat denez, honen inguruan bi gauzatxo bakarrik komentatuko ditut, askotan, eskalada bide bat egin behar dugunean A0, A1 eta honelakoak irakurtzeko aukera dugulako.

Artifiziala den eskaladaren letra adierazgarria "A" letra da eta batzuetan “e” letra ere azaldu daiteke: honek zer esan nahi du? Bidea ekipatuta dagoela, hau da, paraboltak eta bestelako babesgarriak dituela. Hau izango da gure ingurunean topatuko dugun eskalada artifizialik "errazena".

Ekipatutako eskalada artifiziala A0e-tik A3e-ra doa. A0e eskaladan eskalatu ahal izateko paraboltetik pasa dugun mosketoian jarritako zintari tira egin beharko diogu. A1e eskaladatik gora estriboak erabili beharko ditugu eta zailtasuna bertikala den hormatik (A1e) sabai bateraino (A3e) joango da.

Josu Achar de Alano mendiko Mengual Picazo bidearen Ae1 luzean.


Ekipatua ez den eskalada artifiziala eskalatzaile gutxik egiten dute eta zailtasun-maila materiala eta segurtasunaren arabera doa A0tik A6ra. Hemen ere “-“ edo “+” bat azaldu daiteke zailtasun-maila osatzeko.

ESKALADA BIDEAREN KONPROMISOA ADIERAZTEN DUEN MAILAKETA

Goian azaldu ditudan graduazio ezberdinek kontutan duten gauza nagusia bidearen zailtasuna da.

Zailtasunetik aparte, badago bidearen konpromisoa adierazten duen mailaketa bat, aurreko graduazioen osagarri bezala azaldu daitekeena. Modu honetan eskalada bide batek mailaketa bikoitza izango luke, alde batetik, konpromisoa eta bestaldetik zailtasuna adierazten duena. Mailaketa bikoitz hau oso erabilia da “Picos de Europa” eta Kantauri mendikateko gidetan, adibidez.

Konpromisoa adierazten duen mailaketarako Kanadako mailaketa-sistema erabiltzen da eta hainbat gauza kontutan hartzen ditu: Bidearen desnibela, zailtasunaren jarraitutasuna, hurbiltze eta jaitsiera, bideak duen hornidura (parabolt-ak, spit-ak etab) eta bidean izan daitezken arrisku objektiboak. I-etik VII-ra doazen erromatar zenbakiekin adierazten da.

I mailako ibilbidea: Ibilbide motza, urruti ez dagoena eta jaitsiera erraza duena. Arriskurik gabeko bidea, aseguratua joan behar den pasabide gutxi dituena. Arrisku objektibo gutxi ditu.

II mailako ibilbidea: Ibilbide luzeagoa (4-6 ordu), objektiboak diren arrisku batzuk dituena. Aseguratua joan beharreko luzeren bat izan dezake eta eskaladaren ibilbidea jarraitzeko arreta eskatzen du. Jaitsieran “rapel”-en bat egin daiteke.

III mailako ibilbidea: Ibilbide luzea, egunaren zati handia eramango gaituena. Zati askotan aseguratuak joan beharko dugu. Hurbiltze konplexukoa, neguko tekniken ezagutza eskatzen duena. Behin bidean atzera egitea zaila izan daiteke. Igoeraren zati batean arrisku objektiboak eta jaitsiera zaila dituen bidea.

IV mailako ibilbidea: Altueran egiten den luzera handiko ibilbidea, egunaren zati handia eramango gaituena. Alpinismoan esperientzia izatea eta forman egotea eskatuko digu. Arrisku objektiboak hurbiltze eta igoeran. Hurbilketa luzea eta konplikatua eta jaitsiera ere konplikatua. Behin bidean sartuta atzera egitea zaila da.

V mailako ibilbidea: Altueran egiten den horma handi bateko ibilbide luzea, egun osoa eramango gaituena, zaila, eta hurbiltze eta igoeran arrisku objektibo handien menpean dagoena. Behin bidean sartuta atzera egitea oso zaila da, bideak babesgarririk ez dauka eta jaitsiera zaila du. Kordadak esperientzia eta forma fisiko handia izan beharko du.

VI mailako ibilbidea: Oso urrun dagoen horma handi bateko ibilbidea eta egun batean oso gutxik eskalatuko dutena. Harkaitz, izotz edota elur-eskaladen nahasketa izango du eta bertan arrisku handiak izan daitezke: elur-jausiak, “serak” erorketak etab. Hurbiltze eta jaitsiera oso zailak eta luzeak ditu. Behin bidean sartuta, atzera egitea oso arriskutsua izan daiteke. Eskalada tekniko eta zaila eskatuko du eta babesgarriak jartzeko leku gutxi edota kaskarrak.

VII mailako ibilbidea: Bidea egiteko hainbat egun beharko ditugu. Muturreko konpromisoa eskatzen duen bidea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina