AZKEN 10 SARRERAK

2015/07/17

G2H 2015: NON GOGOA HAN ZANGOA, 2015/07/10 eta 11

2015eko uztailaren 10 eta 11aren artean Beasaingo Arrastaka taldeak antolatzen duen G2H (Goierriko bi handiak) mendi lasterketan parte hartu genuen. Beran irakurriko duzuen bezala, emozio eta sentimentuz betetako lasterketa izan zen, baina deskribapenarekin hasi aurretik lasterketaren datu hotz batzuekin hasi nahiko nuke.

IBILBIDEAREN DATU TEKNIKOAK

G2H lasterketak dituen 88 kilometro eta 6000 metro positiboetan Aralar eta Aizkorri parke naturalak zeharkatzeko aukera izango dugu.

Ibilbidearen zehaztasun tekniko, anoa puntu, ibilbidea deskargatzeko aukera eta detaile guztietarako hemen klik egin dezakezue.

Aurten besoan jartzen zuten kalkamonian ibilbidearen profila ikusi daiteke.


Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.





FROGA HONETARAKO ERAMANDAKO MATERIALA

Beharrezko materiala: Motxila, bi frontal eta ordezko pilak, euritarako txamarra eta galtza luzeak (nire kasuan euritarako ere), biziraupen maindira, txiribitua, litro bat ur eramateko bi botilatxo, ordezko janaria (gure kasuan 5 barratxo energetiko eta lau gel, gatz pilulekin batera, sakeleko telefonoa, nortasun agiria, txapela eta benda itsasgarria.

Beharrezko materialatik aparte eramandakoa: babak sendatzeko materiala (partxeak, gasak, goraizeak eta zauriak josteko puntuak), galtzerdi pare bat, makuluak, sakeleko telefonoan musika entzuteko kaskoak, buff motako zapia eta eskularruak. Etxegaraten eguzkitarako betaurreko eta krema utzita nituen.

Etxegarate mendateraino eramandako materiala.


DESKRIBAPENA

Ostegunean dortsala jasotzera joan ginenean gainean genuen urduritasunaz konturatu ginen: motxilaren barruko materiala topatzea kosta zitzaidan eta beharrezko materiala dardaraz ateratzen nuen. “Hau da hau” esan nion anaiari “Guardiazibillen katxeo baten bezela nau”. “Ya te digo” erantzun zidan izerdiaz blai eta dardarka zituen eskuak erakutsita.

Ostegunetik ostiralerako gaua luzea eta lorik gabekoa izan zen, oposaketak egiten nituen gauen antzerakoa. Goizean lanera joan eta nahiz eta gorputza Ospitalean izan, nahiko lan izan nuen burua menditik jaisteko. “Gutxiñez etxera iristen naizenen siesta botakoet” pentsatu nuen. Baina bazkal ostean ohean sartzearekin batera, etxean lanean ari diren langileen makinen zaratak esnatu eta izugarri kosta zitzaidan ordu erdiz jarraian loaren definiziotik urrun dagoen zerbait egitea.

Honela ba, logura puntu batekin, bederatzi eta erdietan pasta platerkada afaldu, korrikalari mozorroa jantzi eta Iker eta Natxo jaso ondoren, itzik Beasainen utzi gintuen. “Bihar arte” esan nion muxu batekin batera.

Itzik Beasainen utzi ondoren egindako argazkia.


Beasaingo kaleetan urduritasuna arnastu zitekeen: korrikalariak infinitura begira, musika entzuten, komunetan ilarak … Udaletxe azpiko Plazape tabernan animatzera etorri ziren Marian eta Maripaz lankideekin egoteko tartea izan nuen (“Milesker bioi, a ze detallea!!!”). Marianen senarrak argazki pare bat egin eta Natxoren aita-amaginarrebekin hitz egin ondoren irteerara hurbildu ginen.

Ez dakit San Ferminetako entzierroa hasteko zain izaten diren korrikalariek zer sentituko duen baina ez dut uste guk sentitu genuenaren urrun egongo denik. Hamaikak jotzear, agurra dantza, bertsoak eta azkenik Vangelis musikariaren “1492: Paradisuaren konkista” filmerako egun zuen abesti nagusia bozgorailuetan entzungai izan genuen. Azken hamar segundoen atzera kontua denon artean egin eta hamaikak jotzearekin batera korrikan hasi ginen.

Lehenengo metroak, oraindik aurpegiek urduritasuna islatzen dute. Argazkia: Festak.com


Beasaingo kaleak gainezka, aurpegia ezin ikusi nuen animatzaileen animoen artean Ordiziara iritsi ginen, etxera.

Ordiziako Urdaneta kalea igotzen. Argazkia: Iñaki.


Herria korrikan zeharkatu genuen lasterketa ikustera bertaratu ziren lagunen animoen indarrarekin (milesker Gus!!!). Altamira iristear geundela, zaleen artean Leku atera eta metro batzuetan bidelagun izan genuen berak bakarrik grabatzen dakien bideo horietako bat grabatuz. Altamiran berriro ere Itzi zain genuen, oraingoan Jose Manuelekin: “Aupa Smiiii!!!! Aupa Ikerrrrr!!!! Aupa Natxoooo!!!!”.

Altamiran.


Bagenekien Ordiziako Altamira auzoraino korrikan egingo genuela, honegatik, Oiangurako igoera hasi genuenean “Benga hemendio aurrea gure lasterketa hastea” bota nion anaiari ehungarrenez. Hemendik aurrera pultsazioak kontrolpean mantentzea adostuta genuen eta erritmoa gutxituz gorputzeko sentsazioei baino teknologiak esaten zigunari arreta handiagoa jartzen hasi ginen.

Oiangura igotzen. Argazkia: Sasoian.


Oiangu parkean afaltzen ari zirenen animoak atzean utzi, bertako iturrian ura edan eta Zaldibiara di-da batean jaitsi ginen, tartean Txesko, Itzi eta Jose Manuel berriro ikusiz.

Zaldibia, 175 metro, 7 km, 51'. Zaldibian ia ez ginen gelditu. Txipa irakurgailutik pasatu, hainbat baso ur edan eta platano pusketa batekin batera korrikan aurrera jarraitu genuen. Hemendik Etxegarateraino, Jokinek emandako aholkuak jarraituz, ordu erdiro barratxo heren bat eta trago bat ur edaten joan ginen. Barratxoaren azken pusketarekin batera gatz pilula bat hartzen genuen, badaezpada.

Zaldibiako irteeran espero ez genuen Marian, Maripaz, Albaro, Jon, Txesko eta Anttonen animoek izugarrizko ilusio egin eta Larraitz arteko zatia animotsu hartu genuen. Herria eta zibilizazioa atzean utzi ondoren, korrikalarien arnas, pausu eta gauaren isiltasuna izan genuen bidelagun denbora luzean.

Zaldibian, atzean Marian eta Maripaz animatzen. Argazkia: Festak.com


Bideak ezagutzeak duen abantailarekin, tarte batean baino gehiagoan korrikalari batzuk pasa genituen eta konturatzerako Errekontako lepotik behera korrikan hasi ginen. “Ea zemuzkoa daun jatsiera, kriston lokatza egoten data” esan zuen Ikerrek. Azkeneko egunetako beroek bere lana ederki egina zuten eta normalean lokaztua izaten den bidea nahiko lehor izanda Larraitz arteko bidea aparteko zailtasunik gabe egin genuen.

Larraitzera iristen. Argazkia: Lasterketak.eus


Larraitz, 404 metro, 18 km, 2h43'. Larraitzeko anoa postuan botilatxoak bete, ura asko edan, txokolate eta platano zati pare bat hartu eta martxan jarri ginen, berriro ere Albaro, Jon eta Txeskoren animoen artean. Milesker denoi bihotz-bihotzez!!!!!

Eguneko lehen mendatearen hasieran geunden, Txindokiko igoera. “Gutxigorabera kalkulautauket ordu terdin igoko bagiñe bezela igo beharko deula” esan nien. Igoera lasai hartu genuen korrikalarien linternek osatzen zuten suge dizdiratsua jarraituz. Konturatzerako, Txindokiko lepora iritsi ginen txalaparta eta adarraren soinu liluragarrien artean.

Txindokiko lepoa, 1179 metro, 23 km, 3h50'. “Hemendio gora hotza zeok!!!” Bota zigun bertako postuan zegoen boluntarioetako batek. Esandakoari kasu eginez, motxiletako uretarako txamarra eta eskularruak jantzi eta aurrera jarraitu genuen. Ilunpe eta lanbro artean Ganbo Txiki eta Ganbo mendiak atzean utzi (tartean Natxok linternaren pila aldatu beharra izan zuen) eta Irazustako lepora arin-arin jaitsi ginen, azkeneko urteotan lanean aritu garen Uarraingo postura iristeko gogoz.

Uarraindik behera hastearekin batera “Esa peña del PDM!!!!!” Oihukatzen hasi ginen. Anoa postuan ikusi genuen lehena Asier izan zen, “Demonio”rekin batera dortsalen zenbakiak apuntatzen, eta hauen atzean, postuan, “Mike” zebilen Marian eta beste boluntario batekin korrikalariei likidoa banatzen. Postuaren ondoan gu animatzeko pankarta eta guzti zegoen: “Aupa Sudur anaiak!!!!” Jejejeje. Botilak bete, ura eta isotonikoa edan eta lagunei ia kasurik egin gabe martxan jarri ginen. Eskerrikasko zuei ere koadrilaaa!!!!!

Anoa postutik aurrera aurretik genituen linternen argiak jarraituz segi genuen, bideari arreta jarri gabe. Bat-batean, Malkorrira iritsi aurretik, korrikalari talde bat bueltan zetorrela ikusi genuen: “¿Conocéis el camino?” Oihukatuz zihoazen. “Bueno, hoixe behar genun, gure terrenon galtzea” pentsatu nuen. Gutxi gora behera non egongo ginela jakinda, Uarrain eta Malkorriren arteko hertzara igotzen hasi nintzen, hertza jarraituz Malkorriko gailurrera iristeko asmoarekin. Gure atzetik talde bat igotzen hasi zen, baina gandorrera iristear geundela bat oihuka hasi eta momentu batean bide zuzenetik zihoazen korrikalariak ikusi zituela esan zuen. Zalantzan izan ondoren, ahalik eta metro gutxien galduz bidearekin bat egin eta Malkorriko gailurrera iritsi ginen.

Baina tartean Natxo galdu egin genuen: “Natxooooo!!!!!” Oihukatu genuen erantzunik jaso gabe. Minutu pare bat zain egon ondoren, gailurrean zegoen haizetetik ihesi, Oiduira kontu handiarekin jaitsi ginen, eta bertan, uretako txamarra kentzeko aitzakiarekin, Natxoren zain gelditu ginen pasatzen ziren korrikalariei begira. “Ez da ba aurretio jungo?” Esan zidan anaiak. “Joer, ba igual bai” erantzun nion “ta hau dabilen martxan deskuidauezkeo Lizarrustin dau”. Natxo “galdutzat” emanda, Lizarrustira jarraitu genuen korrika txikian.

Lizarrusti, 621 metro, 36 km, 6h15'. Lizarrustiko anoa postuan gauzak lasaitasunez hartu genituen, Etxegarateraino genuen tarte gogorra kontutan izanda: Ur erreserbak bete, fruta, olibak, fruitu lehorrak eta pastak jan eta atseden pixka bat hartu. Postutik irtetzear geundela Natxo sartzen zela ikusi genuen: “Ostia Natxo, ze ona!!!”. Malkorrin elkarrengandik banatu ginenean bere atzetik geundela pentsatu eta gure zain egon zela esan zigun. Azkenean, azaltzen ez ginela ikusita, guk egin genuen bezala, aurrera jarraitzea erabaki zuen.

Berriro elkartuta, errespetu handiena nuen tarteari ekin genion. Badaezpada Lizarrustitik irten baino lehen kafeinadun produktu bat hartu nuen zati hau “txispa” apur batekin egiteko, baina, gero ikusiko nuen bezala, lagundu baino kalte gehiago egin zidala uste dut.

Lehenengo maldak gogo eta indartsu hartu genituen baina ordubete eskasera gorputza ongi ez zihoala sentitu nuen: bihotz taupadak gora, denbora osoan pixa egiten (edaten nuen likidoa baino gehiago), eta gauarekin “enparanoiatzen” hasi nintzen. Aurreko egunean egindako lo eskasak eta batez ere Lizarrustin hartutako kafeinak kalte egiten ari zela konturatu nintzen: “Joerrrr!!!!!” Pentsatu nuen “ta oain gutxiñez 3-4 ordu itxoin beharra kafeinan efektue pasa arte”.

Nire barne-prozesio eta ondoezarekin nolabait aurrera jarraitu nuen. Ordurarte izandako sentsazio onak bat-batean joanak ziren eta gehiago emateko kapaz ez nintzelakoan metroak luze eta minutuak amaigabeak egiten zitzaizkidan. Stanley Kubrick zinegile handiaren “The Full Metal Jacket” filma ezaguna burura etorri eta pausuak emateko garaian “Un, dos, tres, cuatro, marines americanos” (seigarren minutuan ikusgai duzue) mentalki behin eta berriz errepikatuz pausu bat bestearen atzetik ematen hasi nintzen. Zapatila batek ematen zidan minagatik, linternaren argi eskasagatik, pixagura behin eta berriz nuelako, taupadak ez zirelako jaisten … edozein aitzakia ona zen morala jaitsi eta nire buruarekin haserretzeko. Pentsamendu negatiboen espiral batean sartuta nengoen eta ez nuen irtenbiderik ikusten.

Egunsentiarekin batera Etxegaratera korrikan iritsi ginen.

Etxegaratera iristen. Argazkia: Luis Arratibel. 


Etxegarateko anoa postura sartzear. Argazkia: Luis Arratibel.


Etxegarate, 658 metro, 50 km, 8h47'. Bertan gure “supporter”-ak zeudela bagenekin eta Itzi ikustearekin batera negarrez hasi nintzen. “Zemuz?” Galdetu zidan. “Ezin det hitzein” erantzun nion begiak malkoz beteta. “Baña, ondo?” Galdetu zidan berriro, “Fisikoki bai, baina kriston agobiokin nau, ohian sartzeko gogoa bakarrik dauket” erantzun nion. Azkar-azkar arropa eta zapatilak aldatu, nolabait garbitu, eta nire burua makarroi platerkada bat jatea behartu nuen. Patata tortilla zati txiki bat eta sandia pusketa bat nolabait jan eta martxan hasi ginen Itzi erabat kezkatuta utzita. Gero etxean ikusiko nuen bezala, nahiz eta mentalki jota joan, korrikalariak pasatuz joan ginen denbora osoan, eta entrenamenduetan baino denbora hobeagoa egin genuen, baina orduan ez nintzen kontziente eramaten ari ginen abiadurarekin eta denbora osoan nituen pentsamendu negatiboek erabat hartu ninduten.

Indarrak berritzen. Argazkia: Luis Arratibel.


Emaneurreeeee!!! Argazkia: Luis Arratibel.


Etxegarateko anoa postua atzean utzi ondoren.


Etxegarateko gasolindegira iristen.


Hala ere, Itzi ikusteak izugarrizko indarra eman zidan eta barrutik gogoa pixkanaka pizten hasi eta Otzaurtera iristerako, nahiz eta erabat osatuta ez izan, mentalki hobe nengoela sentitu nuen. “Hurrengo helburue Aldaola” bota zuen Ikerrek bertan Iban eta Iñaki zain genituela jakinda.

“Aupa chavales!!!!” Oihukatu zigun Ibanek Aldaolara iritsi ginenean. Beraiekin elkarrizketatxo motz bat izan ondoren argazki bat egin, edaten ari ziren Coca-Colak edan, eta aurrera jarritu genuen San Adriango anoa posturaren bila.

Aldaolan egindako argazkia. Argazkia: Iñaki.


San Adrian, 1000 metro, 59 km, 11h01'.San Adriango postuan ia ez ginen gelditu ere egin. Txipa irakurgailutik pasa, platano pusketa pare bat jan eta aurrera jarraitu genuen, Iñaki kobaraino bidelagun izan genuela.

San Adriango kobara iristen, Argazkian ikusten den Lierni eta bere bi bidelagunekin batera denbora luzean ibili ginen. Argazkia: Festak.com


Iker eta biok San Adrianen. Atzean Iñaki ikusi daiteke argazkiak egiten. Argazkia: Festak.com


“Bueno Smithy, oain Kalbarioa, ea zemuz dijon” pentsatu nuen oraindik zalantzaz betea. Kalbarioa lasai hartu genuen, baina hala ere aurretik genituen korrikalariak pasatzen ari ginela ikusteak indartzen ari ziren animoei bultzada bat eman zion. Metroak igotzearekin batera tenperatura ere jaisten hasi zen, honegatik, pagaditik ateratzear geundela euritarako txamarrak jantzi (langarra eta haizea zebilen) eta Aizkorritik behera zetozen mendizaleen animoen artean Aizkorrira iritsi ginen.

Kuriosoa da baina igoera honek mentalki izugarrizko bultzada eman zidan eta jaisten hasi ginenerako burua erabat osatuta nuela sentitu eta ordu batzuk lehenago galdutako umorea ere itzuli zitzaidan. Jaitsieran, ohikoa den bezala, Natxo eta Ikerrek aurrera jo zuten. Arbelarreko bordetan berriro ere elkartu ondoren Mearreko pasora eramango gintuen azken aldapa gogorrari ekiteko prestatu ginen. Aizkorriko igoera osoan Beasaindar talde batekin (Eduardo, Josemari eta Lierni) joan ginen denbora osoan, batzuetan aurretik eta besteetan atzetik. Igoeran, Liernik jarri zuen abiadura gozoa jarraituz, Mearreko pasora frexko-frexko iritsi ginen.

“Bengaaaaaa!!!!” Animatu nien erabat errekuperatuta, “hemendik dena behera Oazurtzañooooo!!!!!”. Jaitsiera, orain arteko guztiak bezala, lasai hartu genuen eta aurrikusitako denboren barruan Oazurtzara iritsi ginen.

Oazurtza, 741 metro, 68 km, 13h35'. “Zemuz?” Galdetu nion Ikerri, “ondo, baña iztarra gogortzen detenean bolak igo nahiko balu bezela sentitzet” erantzun zidan. Postuan zerbait jan eta edan, botilatxoak bete eta bertako karparen berotasunetik ihesi aurrera jarraitu genuen. Anoa postuan pasarte kurioso bat gertatu zitzaidan: Liernikin zihoanetako bat hurbildu eta “Zu dietista zea ezta?” Galdetu zidan. “Bai” erantzun nion nondik ezagutuko ninduen pentsatuz. “Ez, eske ihaz nere semeari institutun elikadura inguruko txarla bat eman zenion”. Ordurarte konturatu gabe nengoen, baina semea San Adrianen beraiekin elkartu eta Beasain arteko bidea egiteko asmoa zuen. Semea begiratuz “Esperoet sikiera zerbait ikasi izana” erantzun nion irrifar batekin.

Oazurtzatik behera eguzkiak pixkanaka bazterrak berotzen hasi zen, baina hala ere Zerain arteko tartea inongo ezustekorik gabe egin genuen. Zerain lasterketa kalera irtendako zaleen oihuen artean ttirri-ttarra zeharkatu eta Mutiloa arteko jaitsiera animoso hartu genuen.

Mutiloara iristear geundela “Aupa Xabiiiiii!!!!” Oihuak entzun nituen. Gora begiratu eta Ander, Oihana, Jon eta Maren ikusi nituen. “A ze emozioa!!!!!” Begiak berriro ere malkoz busti eta Anderren parera iritsi nintzenean ia hitzegiteko kapaz ere ez nintzen izan, eta “de puta madre zoazte!!” Esan zidanean “Si yo te contara…” bat bakarrik erantzuteko talentua izan nuen. Ander eta familiarekin metro batzuk egin ondoren korrika Mutiloara iritsi ginen bertaratuen animoen artean.

Mutiloara iristen. Argazkia uste dut Erikak egina duela.


Mutiloako kaleetan.


Mutiloa, 240 metro, 78 km, 15h02'. Anoa postuan berriro ere Itzi, Mª Pilar, Jose Manuel eta Natxoren familia (Erika buru zutela, jejeje) zain genituen. “Kriston ondo zoazte” esan zigun Erikak “denbora guztin Xabik jarritako denboretan, emateo nahita aizatela”. Anoa postu honetan lehen aldiz kontziente izan nintzen froga bukatuko nuenaz eta berriro ere hunkitu egin nintzen.

Mutiloako anoa postuan Itzirekin, nola hala barrenak ederki erre zizkidan kafea edan nahian.


Mutiloan San Adriandik aurrera jarraitutako errutina jarraitu genuen: fruta eta pasta batzuk jan, ederki hidratatu eta botilatxoak bete. Barrenak ederki berotu zizkigun kafe baten ondoren, familiari agur esan, Itziri muxu eman eta “Beasainen elkar ikusiko dugu!!!” Batekin korrikan alde egin genuen.

“Bueno azken mendatea” esan nien herritik irten ginenean. Lierniko igoera pazientziaz hartu genuen, presarik gabe, indarrak gordez. Liernin Ander eta familia berriro ere zain genituen: “aupa Xabiiiii!!!! Aupa Ikerrrrrr!!!!!” Beraiekin berriro ere metro batzuk korrika egin ondoren, jatetxean eztei-bazkariaren zain zeuden gonbidatuen artean pasatu eta “Gora ezkonberriak!!!!” Oihukatuz Lierni atzean utzi genuen. Milesker bihotzez Ander eta familia emandako animoengatik!!!! Ez dakizue zenbat eskertzen den eta zein indar ematen duen honelako froga batean lagun bat ikusteak.

Liernitik aurrera “pilotu automatikoa” jarri eta katalan batzuekin batera seikote bat egin genuen. Bagenekien azken kilometroak luze egin zitezkeela, honegatik indarrak gordetzen joan ginen eta Sasietako zabortegira iristerako Katalanak atzean utzi genituen. “Bengaaaaaa, azken maldan behera ta Beasaingo polikiroldegin gare!!” Bota zuen Natxok korrika hastearekin batera.

Beasaingo polikiroldegira iritsi aurretik ibilbide osoan atzera eta aurrera izan genituen Iraitz, Oihan eta Iñaki pasa genituen, sobra ere beraietako baten gihar arazoek ez zioten korrika egiten utzi eta lasterketa luzea egiten ari zitzaion.

“Azken bi kilometroakkk!!!!” Bota zuen Natxok “Bengaaa, loriaren kilometroak!!!!” Erantzun nien. Korrikan hasi eta Ikerrek iztarretako “bolak” igotzen zitzaizkiola esan zigun. “Sikiera tren geltokitik atzera korrika ingodeu” bota zuen Natxok. Tren geltokiraino oinez azkar iritsi eta korrikan hasi ginen: “eztakit korrikan iristeko kapaz izango naizen” esan zuen anaiak “Benga ostiaaaa!!!” Erantzun genion “Azken esfortzue!!!”.

Azken kilometroa benetan berezia izan zen. Ikerrek hortzak hestututa, ezagutzen ez genituen zaleen animoen artean helmugara hurbiltzen joan ginen. Helmuga dagoen azken aldapatxoa hastearekin batera familia, lagun eta ezagunak oihuka ikusi genituenean izugarrizko garaipen sentimendua sentitu nuen eta “Ostiaaaaaa!!!!!!” Batekin helmuga gurutzatu genuen.

Azken metroetan. Argazkia: Erika.


Ostiaaaaaaaa!!!!! Argazkia: Ina Olaizola.


Helmuga zeharkatzen. Argazkia ez dakit nork egina den.


Bideo honetan helmugara nola iristen garen ikusi daiteke.



Azken txip irakurgailua, hau egina dago!!!! Argazkia ez dakit nork egin duen.


Hemendik aurrerakoak besarkadak , zorion hitzak eta animoak izan ziren. G2H lasterketa amaitua zegoen, aurtengo erronka nagusia.

Lanak amaituta, dena zoriona da.


AMAIERA

Bakarren batek G2H lasterketa zer den galdetuko balit ibilbide bat dela erantzungo nioke. Ibilbidean denetik sentituko duzu: tristura, zoriona, haserrea, esker ona, errukia, mina, hotza, beroa, gosea, egarria, logura. Negar nahiz barre egiteko gogoa izango duzu eta ez duzu jakingo zergatik, eta sentimenduak pilpilean izango dituzu egun batzuetan. Ez dakit norbera ezagutzeko froga izan daiteken baina hain denbora motzean biziko dituzun egoera eta sentsazio ezberdinen intentsitatea eta helburua betetzerakoan duzun barruko bakea ere izugarria da. Momentu askotan euskal esaerak dioen “Non gogoa han zangoa” “mantra” betetzen da eta beharbada esaera hau izan daiteke lasterketa hobekien laburtzen duena.

Dena den, gure kasuan, lasterketak ofizialki 16 ordu eta 55 minutu iraun bazuen ere, errealitatean urtebete baino gehiagoko iraupena izan du, azken bi urteotan Uarrainen boluntario lanetan aritu ondoren, anaia eta biok lasterketan parte hartzeko pausua ematera erabaki genuenetik.

Urtea luzea izan da, kontutan izanda 25 urte bazirela ez genuela korrikarik egiten. Egun onak izan dira, baita txarrak ere, batez ere neguan: entrenatzeko gogo gutxi, hotza, euria, elurra, egun motzak eta entrenatzera behartzeagatik anaion arteko haserre bat edo beste ere.

Eskerrak eman nahi dizkiot Haritzi emandako aholkuengatik. Eskerrak era Haritzen bidez ezagutu dugun Jokini ere, ez ditut hitz nahikoak berak gu bezalako bi “paketeetan” galdutako denbora eskertzeko. Haritz , Jokin, joan den asteburuan gertatutakoaren “errudun” zarete, dudarik ez izan.

Eskerrak Natxo eta Ikerri erronka honetan bidelagun eta pasatako momentu txarretan ondoan izan zaretelako. Eskerrak anaiari, bera gabe hau ezinezkoa izango litzateke.

Eskerrak Ehunmilakeko familia osatzen duzuen guztioi eta batez ere boluntarioei, boluntario lanetan ari zarenean ematen duzun laguntzaz ez zara ohartzen, baina izugarria eta bihotzez eskertzekoa da.

Eskerrak modu batean edo bestean lagundu eta animatu gaituzuen guztioi, seme txikiak etxean utzita goizeko ordubietan ohiuka izan zaretenoi, todoterrenoarekin kristo etxeraino hurbildutakoei, kotxearekin batera eta bestera ibilitakoei. Zuen animoek emandako indarra izugarria izan da.

Amaitzeko, bada etxeko isiltasun goxoan urte hau eta lasterketa bera nik baino gehiago sufritu duena. Nire mendiko txapa guztiak jasan (eta jasaten jejeje) dituena. Nire egun txarrak bizi eta muxu goxo baten ondoren negar egiteko sorbalda utzi didana. Denbora osoan, nekatu gabe, babesa eman eta askotan nire osasuna bereari lehentasuna eman diona, inoiz ezer eskatu gabe. Mendira noan bakoitzean, nahiz eta urrun egon, ondoan dudala sentitzen dudana. Ziur naiz Itzi eman didazun indarrarengatik ez balitz ez nuela lasterketa hau sekula amaituko. Nire bihotzeko eskerrik beroena zuretzako Itzi.

Biharamunean Marimurumendi maratoiaren amaiera ikusten. Datorren urtean itzuliko gara? Nork daki, jejejeje


LASTERKETAREN BIDEOAK

Amaitzeko lasterketaren bideo pare bat uzten dizkizuet.

oianguren1-ek eginikoa.




Goierri telebistak egindako erreportai zabala.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina