AZKEN 10 SARRERAK
g2handiak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
g2handiak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/06/11

ORDIZIATIK AKETEGIRA: MARTXA BATEN LEHEN NOTAK... 2021/05/29


Zerain eta bere atzean Aketegi, Gipuzkoako eta Euskal Autonomi Erkidegoko mendirik altuena.

Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Azkeneko hilabeteetan Asier, Leku eta hiruok amets bat gauzatzean gabiltza buru-belarri. Amets hau amets soil batean geldituko ote den ez naiz esatera ausartzen, baina gauzatu nahi badugu hankei kilometro eta desnibela sartu beharko diegu halabeharrez.

Kilometro eta desnibel pilaketaren jolas honetan, kronika honetan azaldutako ibilbidea bururatu zitzaigun: eta etxetik Aketegiraino oinez igotzen bagara? Igoera hau pentsatze hutsarekin motibazioak gora egin zigun, egosten hasten den ardi-esnearen gainaren moduan.

Igoeraren nondik norakoak antolatzeko hiru ibilbide izan genituen ardatz: G2H mendi-lasterketaren ibilbidea, Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala eta neguan Aketegitik Nardasakonera jaisteko jarraitzen dugun bidea. Igoera Aketegiko gailurrean amaitu arren, ibilbidearen amaiera Zegaman izango zela erabaki genuen. Bertara iristeko, Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala bere osotasunean jaitsi eta hasten den lekutik SL-GI 20 bideaa hartu genuen, Gorospe auzoa zeharkatu ondoren Zegamaraino iristeko.

- 30 kilometro inguru diela esango nuke - bota nuen MAT-eko whatsapp taldean, ibilbidearen "track"-a osatu nuenean -. Ez det uste zazpi ordu baño gehio beharko ditteunik.

Maiatzaren 22a hotz eta zerua oskarbi argitu zen, oinez ibiltzeko primerakoa. Ibilbideare lehen kilometroak optimismoz gainezka hasi genituen, GPS aparatua piztu nuen arte. Ordu erdi luzez saiatu arren, ez ginen gai izan etxean grabatutako ibilbidea GPSan ikusi ahal izateko.  Mila saiakeren ondoren, ibilbidea aparatuan grabatuta ez zegoela konturatu ginen: "ostia putaaaa!!!". Ezintasunak sortutako amorruan, ibilbidea bertan behera utzi eta etxera itzultzea izan zen burutik pasa zitzaidan lehen ideia. Baina Asierri eskerrak, momentuko beroaldia baretu eta ibilbidea "itsuan" eta intuizioarekin jarraituz, Zegamako Barbari auzora arte iristea lortu genuen. Bertan, berandu egin zela ikusita, Zegamara errepidetik jaitsi, eta herriraino iristen den bidegorria jarraituz, Seguran amaitu genuen 29 kilometroko ibilbidearen ondoren.

- Bigarren "peguen" aterako deu... - bota zidan Asierrek eskaladako hizkera erabiliz, Itzi gure bila etortzeko zain geundela.

Ibilbide guztietatik beti ikasten da zerbait eta lehen "pegue" honetan ere hainbat gauza ikasi nituen: mendian orientatzeko dugun intuizioa ez da txarra, ibilbidea 30 kilometrotik gora egon daiteke eta GPSa mendian piztu aurretik etxean piztu behar da ibilbidea ongi grabatuta dagoela baieztatzeko. Honetaz aparte, ibilbidean Ormaiztegi eta Mutiloaren arteko bide-berdea ezagutzeko aukera izan nuen. Bide hau jarraitzeak Aketegi arteko igoera luzatzen badu ere, duen edertasunagatik bertatik ibiltzea merezi zuela adostu genuen.

Bigarren "pegue"-a astebete berandugorako utzi genuen:

- Oaingon GPSen aitzakiik ezteu - esan nion ibilbidearen bezperan -, bidea itten ez badeu beste gauza bategatio izangoa, jejeje.

Dena ongi ez irteteko aitzakiarik ez zegoen beraz...

IBILBIDEA

Ibilbidea Ordiziako plazan hasi genuen. Beasainera bidegorritik iritsi eta hortik aurrera G2H mendi lasterketaren ibilbidea kontrako noranzkoan Ormaiztegira arte jarraitu genuen. Ormaiztegi eta Mutiloa arteko bide berdetik Liernira igo, eta G2H ibilbidetik berriro ere, Itzubiagako bordara arte jarraitu genuen.

Itzubiagatik aurrera Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalarekin bat egin eta Nardasakon kanalaren amaiera iritsi baino lehen ezkerrera jo genuen Aketegiko gailurrera iristeko.

Aketegiko gailurretik Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala hasiera arte jaitsi eta SL-GI 20 ibilbidea jarraituz Zegamara iritsi ginen, ibilbideari amaiera emanez.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 35 kilometro.
- Punturik baxuena: Ordizia, 150 metro.
- Punturik altuena: Aketegi, 1.551 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.800 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: Irteerak ez dauka aipatzeko zailtasun teknikorik baina gomendagarria izan daiteke GPS bat eramatea bidegurutze askotan bidea galtzeko arriskua dagoelako.
- Ura: Igarotzen diren herrietako iturrietatik aparte, hainbat lekuetan hartu daiteke: Liernin eta Itzubiagako iturrietan esate baterako.
- Jaitsiera: Ibilbidea Zegaman amaitzen da. Bertara iristeko, Aketegitik Zegama-Aizkorri maratoiaren kilometro bertikaletik jaitsi ginen.
- Eramandako materiala: GPS aparatuaz aparte guk ez genuen aparteko materialik eraman.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zortzi ordu eta erdi, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Ordiziako plazara iristear nengoela musukoa etxeko sarreran zintzilik ahaztuta gelditu zela ohartu nintzen: "earki hastegea". Etxera ziztu bizian itzuli eta goizeko zazpiretan etxeko atea bigarrenez zeharkatu nuen, oraingoan erdi korrikan, berandu nindoanaren sentsazio itogarriarekin.

Ordiziako plaza hutsik zegoen, isilik, lo zeuden ordiziarren zain. Argazki pare bat egin eta, GPSak sateliteak ehizatu zituenean, arin jarraitu nuen Urdaneta kalea bere osotasunean zeharkatuz.

Ordiziako plaza.

Bidean ez nuen inor topatu, Beasaingo kale nagusian okindegi ireki berrietan sartzen ziren banatzaileak ezik. Normalean jendez betetako espazioak hutsik ikusten direnean sentsazio arraroa senti arazten naute, apokaliptikoa esatera ere ausartuko nintzen.

Beasaingo udaletxea.

- Gaur eztau pasa den asteko hotzik - esan nion Asierri berarekin elkartu nintzenean -, izerditan nator.
- Bai, sargori daula emateu - eratzun zidan.

Elastiko luzeak jantzita izateak harreta deitu zidan:

- Malla luzekin? - Galdetu nion.
- Bazpare garrapataik ez harrapatzeko - erantzun zidan arraro begiratzen niola sentitu izan balu bezala.

Beasaingo herrigunea alderik alde zeharkatu genuen polikiroldegira iritsi arte. Bertan, Ormaiztegira doan bidegorria hartu, eta Estanda lantegitik pasa eta berehala, mendebaldera doan bide bat hartu genuen, harrizko zubi txiki baten gainetik Estanda erreka zeharkatuz.

Beasaingo Igartza jauregia.

Bidegorria utzi genuen lekura iristen. Argazkiaren ezkerrean harrizko zubia ikusi daiteke.

Trenbidearen azpitik pasatu eta bidea ipar noranzkoan jarraitu genuen, katez lotutako zakurren zaunken artean baserri baten ondotik pasatuz. Zaunkak urrun geratu zirenean, A-636 errepidearen azpitik doan pasabidea zeharkatu eta malda bat igotzen hasi ginen. Orain arte jarraitutako porlanezko pista ezkerrera doan lekuan, pista utzi eta eskuinera (ipar-mendebaldera) doan bidexka bat jarraitzen hasi ginen, Sasieta zabortegira zuzenduz. Maldan gora egindako lehen metro hauek nahikoak izan ziren gaur beroa pasako genuen adierazle izateko. Ez genuen bitan pensatu ere egin soinean genuen "gehiegizko" arropa erantzi eta motxilan gordetzeko.

Trenbidea zeharkatzen duen pasabidera hurbiltzen.

A-636 errepidea zeharkatzen duen tunel txikira hurbiltzen.
Bidexkaren lehen metroak ez dira oso nabariak eta belarrak hartuak badu ere, pinudi batera iritsitakoan bidea zabaldu eta hego-mendebalderako noranzkoa hartzen du.

- Nola notatzean bertederoa itxita daula - esan nion Asierri -, hemendio pasa nintzen azkeneko aldin kriston usaie zeon ta piñuk putrez beteta zeren.

Sasietako zabortegiak lehen hondakin solidoak 1991ko martxoaren 5an jaso zituen eta ia hogeita bost urteetan jardun ondoren 2015an itxi zen. Egun, bertatik biogasa ateratzen da erregai moduan erabiltzeko. Atentzioa deitzen du lehen zaborra besterik ez zegoen lekua zelai berde bizi batez estalia ikustea. Urteetan ingurunea hartuta zuten kaio oihukariek ardi eta behi isilei lekua utzi diote, inguruneari nolabaiteko lasaitasun itxura emanez.

Zabortegia izan zena eskuinean utzi, eta amaierara iristear geundela, hego-mendebaldeko noranzkoan doan pista bat hartu genuen.

Zabortegiaren amaieran dagoen bidegurutzean hartu genuen pista.

Hurrengo bidegurutzeetan biderik nabarmenena hartuz jarraitu genuen, gehienetan hego-mendebaldeko noranzkoan zihoazenak hartuz.

Tarteka, G2H mendiko lasterketan parte hartu nuenetik gogoratzen nituen lekuetatik pasatzeak bide egokitik gindoazela adierazten zigun: huntzak hartutako baserri erdi-eroria, ganaduaren presentzia adierazten duten bi atakak eta Idiazabalgo Urbizu baserriak, non Urbizu Bekoetxe baserriak bakarrik bisita bat merezi duen.

"... huntzak hartutako baserri erdi-eroria..."

"... ganaduaren presentzia adierazten duen ataka..."

"... eta Urbizu baserriak..."

"... non Urbizu Bekoetxe baserriak bakarrik bisita bat merezi duen."

Harrigarria da memoriaren zoko ezkutuenetan zer gorde daiteken. Bide honetatik ibili nintzen azken alditik sei urte pasa baziren ere, gogoratzen nituen leku ezberdinek 2015ean bizitako abenturara behin eta berriz eramaten ninduten, leku bakoitzean sentitu izan nuena gogoratzeraino.

Urbizu baserrietako animalien oihartzuna atzean geratu zenean, orain arte jarraitutako bide zabala belarrez estalitako bidexka estu batean bihurtu zen. Asierri orain arte gordeta eta isilean neraman kezka berehala adierazi nion:

- Hemen kristoneko garrapata pila eon beharra dare - bota nion kezkati -, jun dan asteburun etxen dozena erdie baño gehio kendu nittun.

Hurrengo metroak belarren artean pozoin hilkorrez beteak izango bailiran pasa nintzen, belarren kontaktua ekiditeko egiten ari nintzen dantza psikodeliko eta postmodernoak ezertarako balio ez zuela jabetu nintzen arte. Etsita, noizik eta behin hankei igurtzi batzuk egitea eraginkorragoa izango zela baieztatu nuen. Eta esan beharra daukat sistema honek ederki funtzionatu zidala, ez bainuen etxera bisitari maltzurrik eramango.

Kaparrak gora kaparrak behera, konturatu ginenerako jauregi itxura duen Zelandietaundia baserrira iritsi ginen, hau ere G2H ibilbidetik gogoan nuena.

  Zelandietaundia baserrira iristen.

Hemendik aurrera, porlanezko pista eta bide nagusiak ipar-mendebaldeko noranzkoan bata bestearen atzetik lotu genituen, asteburu bat lehenago ezagutu nuen bide ederrera zuzenduz: Ormaiztegi eta Mutiloa lotzen dituen bide berdea.

Bide berdearen hasierara iristen.

Bide berdearen hasieran dagoen metalezko langa eta informazio gunea.

Ormaiztegi eta Mutiloa arteko bide berdea antzinako meatze trenbidearen bide bera da, Mutiloako meategiak eta Ormaiztegi lotzen zituena, bertatik, mea mundu osora zabaltzeko. Meatze trenbidea Compañía Minera de Mutiloa S.A. enpresak XIX. mende bukaeran eraiki zuen eta 2007an, birgaitze lanak amaitu eta 4,5 km-ko luzera duen bide berde bihurtu zen. Ibilbide ederra da, ikusgarria, bisita bat merezi duena.

Bide berderaren lehen zatia zeruraino hatzen moduan luzatzen diren pinuen artean doa. Ipar orientazioa duenez leku freskoeta hezea da. Metroak ibiltzen genituen heinean baso usain heze bat oparitu zigun, baita, noizean behin, trenbide zaharraren arrastoren bat ere: seinaleztapen bat, zubiren bat, denborak zahartutako errailen bat... Nolabaiteko energia berezi bat islatzen duen lekua dela iruditu zitzaidan.

Bide berdeak zehakratzen duen pinudian.

Liernira iristen.

Pinudia atzean geratu zenean Lierni parez-pare agertu zen. Bideak eskuinera doan bihurgune batean dagoen langa metaliko bat zeharkatu ondoren, belardiaren erditik doan porlanezko bide estu bat jarraitzen hasi ginen bide berdea pixkanaka atzean geratuz.

Langa metalikoa zeharkatu ondoren.

Zelaiaren erdian eraikitako porlanezko bidean.

Liernin eguneko lehen atseden motza hartu genuen, bertako iturrian zintzurra freskatzeko aprobetxatuz. Lierni leku berezia da niretzat, bertako Mujika jatetxean Itzi eta bion ezkontza ospatu genuelako. Jatetxeko leihoetan islatutako zeru garbian begirada galduta, egun berezi hura gurekin ospatu zutenen irribarre, abesti eta dantzak gogora etorri zitzaizkidan, baita orduan izan eta egun gure artean ez daudenen aurpegi alaiak ere. Egun hartako abestien notak buruan oraindik nituela, kantinplorak ur freskoaz bete, motxilan gorde eta ibilbidearekin jarraitu genuen.

- Hamarrak hogeigutxi - esan nion Asierri erlojuari begira -, pasa den asten ordu hontan oaindio oso urruti geren...
- Bai, gaur askoz leheno gabiltz - erantzun zidan -, ea punta ze ordutako iriste gean...

Lierniko baselizaren ondotik pasatuz, Donejakue bidea jarraituz, Mutiloara zuzendu ginen.

Liernin, baseliza atzean utzi ondoren Mutiloara jaisten den bidearen hasierara iristen.

Donejakue bidean...

Liernitik Mutiloara jaisten den bidea estua da, belarrez betea, bi zelaien artean mehartua doana: "garrapaten paradisuaaaaa" pentsatu nuen. Hainbat metroetako jaitsieraren ondoren bidea Lierni eta Mutiloa arteko errepidean amaitzen da, Mutiloara iristeko azken metroak errepidetik egitera behartuz.

Mutiloa errepidetik ikusita, argazkiaren ezkerrean, urrun, Aketegi ikusi daiteke.

PR arrastoen atzetik, San Miguel Arcangelen elizara zuzentzen diren eskilarak igo, eta kanpandorreak goizeko hamarrak eman ondoren, elizaren atariaren parera iritsi ginen. Etxe artean pasatu eta frontoia eskuinean utziz herrigunea atzean utzi genuen. Hemendik aurrera, tarte batean GR-283 ibilbidea ("Gaztaren ibilbidea") jarraituko genuen.

Mutiloako irteeran Gaztaren ibilbidearen inguruan jarritako kartela eta argirik gabeko farola.

Urrustierreka errekaren eskuinean mantenduz (igoerako noranzkoan) hego-mendebaldeko noranzkoan doan errepidean gora hasi ginen. Murgiondo baserria ezkerrean utzi ondoren "bidea" hitza idatzia duen egurrezko kartel batera iritsi ginen. Bertan, porlanezko errepidea utzi, erdi-lehortutako errekasto bateko harri irristakorrak kontu handiz zeharkatu, eta aldapa motz eta tente bat igo ondoren, Galparsoro baserrira iritsi ginen. Baserria ezkerrean geratu zenean errepide berri bati metroak irabazten hasi ginen.

Mugiondo baserria atzean utzi ondoren porlanezko errepidea uzten den lekuan.

- Eguzkie jotzen hasi da...
- Bai - erantzun zidan Asierrek -, ea Zerain ingurun eo krema ematea gelditzen gean.

Udaberriko eguzkia traidorea izaten da eta ohikoagaoa da mendizaleon artean azala udaberrian erretzea udan baino, goizak freskoak direnez, eguzkitako krema askotan etxean (edo motxilaren barruan) geratzen delako.

Errepideari metroak irabazi ahala Urrustierreka errekara pixkanaka hurbilduz joan ginen, erreka harrizko zubi sendo batetik gurutzatu genuen arte.

Urrustierreka zeharkatzen duen harrizko zubira iristen.

Zubia zeharkatu bezain pronto, PR GI 3008 ibilbidearen arrastoen atzetik hasi eta ibilbidearen noranzkoa zeharo aldatu genuen, hego-mendebaldetik ekialdera. Arana baserriraino bide zabal eta gozo bat jarraituz iritsi ginen arren, hemendik aurrera bidea estutu eta harrizko galtzada bihurtzen da. Aldapa bat igo ondoren, Mutiloa eta Zerain arteko errepidera irten ginen, bertatik Zeraingo herrigunera zuzenduz.

Zeraingo herrigunea.

Zerain bere txikitasunean herri ikusgarri eta ederra da, eta pote txiki batean kontzentratutako esentziak lurrin garesti baten arima gordetzen duen moduan, Zeraingo herrigune txikiak ondare aberats baten esentzia gordetzen du. Esate baterako, herriko plazako puntu altuenean, herrigunearen gainetik, Zeraingo Jauntxoen bizileku izan zen Jauregiaren aztarnak ikus daitezke. Jauregiaren parean dauden zuhaitzen gerizpean finkatutako egurrezko mahaietan eguzkiko krema emateko atseden motz bat hartzera aprobetxatu genuen.

- Oaingoz garrapataik eztauket - esan nion Asierri hanketan krema ematen nuen bitartean.
- Nik ere ez - erantzun zidan irribarretsu elastiko luzeak seinalatuz.

Eguzkitik babesteko neurri guztiak hartu, eguzkitako betaurrekoak eta txapel zabala jarri ondoren, kremagatik distiratsu, ibilbidearekin jarraitu genuen herriko plazaren goitik doan errepidetik.

Herrigunea atzean geratu zenean, lehen bidegurutzean errepidea utzi eta eskuinera jo genuen, kontu handiz jarraitu behar diren PR-GI 26 ibilbidearen arrasto iheskorrak jarraituz. "Kontu handiz" diot arrastoen kantitate eta kalitatea hainbat lekuetan ez delako nabarmena.

PR arrastoak jarraitzen hasi aurretik, errepidea uzten den lekura iristen.

PR arrastoen atzetik, bideak hasiera batean mendebaldeko noranzkoa hartzen badu ere, pixkanaka noranzkoa aldatuz doa hego-mendebaldeko noranzko argia hartu arte.

Zerain piskanaka atzean...


Hemendik aurrera bidea bidegurutzez jositako labirinto batean sartzen da, tarteka basoen itzalpean, tarteka zelaien argipean. Bidegurutze bakoitzean zein aukera hartu genuen kontatzea oso astuna izango zenez, laburtuz, denbora osoan hego-mendebaldeko noranzkoan joan ginela besterik ez dut esango, Urrustierreka errekak osatzen duen arroilaren ezkerretik (ibilbidearen noranzkoan). Hasieran PR arrastoak jarraitzen hasi ginen arren, piskanaka GR-34 ibilbideko GR arrastoak ere jarraitzen hasi ginen. Tartean, baserri-giroarekin zerikusirik ez duen eraikin berezi baten ondotik pasa ginen, denboraz eta lekuz kanpo eraikitako etxea izango balitz bezala. 

Arrolaberri baserrira iristear geundela sarrera debekatzen duen langa bat topatu genuen, nahiz eta GPS aparatuak GR-34 ibilbideak langaren bestaldetik jarraitzen duela adierazi. Langaren kartelari kasu eginez, bizkarra eman, ekialdeko noranzkoa hartu, eta PR arrastoak jarraituz, Kobaondo/Arrolazarretik pasa ginen Zegamako Barbari auzora doan errepidera iritsiz. Bertan eskuinera bota (Zegamako noranzkoa hartuz) eta errepidearen bazterretik jarraitu genuen zabalune batera iritsi arte.

Zabalunera iristen.


Zabalune hau izan zen aste bete lehenago ibilbidea amaitutzat eman genuen lekua, eta bertatik errepidea jarraituz, Zegamara jaisteko erabakia hartu genuen. Oraingoan Zegamara doan errepidea utzi eta eskuinera jo genuen, 50 metro eskas ibili ondoren errepidea utzi eta honen ezkerrean dagoen eraikin baten hesiari itsatsia doan bidexka estua jarraitzen hasteko, Urrusti baserrietara eramaten duena.

Bidexka estua hartzen den lekuan.


Urrusti baserriak eskuinean utzi genituenean, PR-GI 3008 ibilbidearen arrastoak jarraituz pista batean gora hasi ginen "Oamendi" idatzita duen PR-GI 3008 karteltxoa duen poste batekin topo egin genuen arte. Bertan, PR ibilbidea utzi eta pistaren ezkerretik basoan sartzen den bidexka hartu genuen (nahiz eta PR ibilbidea hortik ez doanaren "X" arrastoa azaldu).

Hemendik aurrera jarraitzen hasi ginen bidexkak harreta handia eskatu zigun, hego-mendebaldeko noranzkoan maldan gora pista ezberdinak zeharkatzen dituelako. GPS aparatua eraman arren, pistetako bat gurutzatzen duen leku batean nahigabe bidexka utzi eta pista jarraitzen hasi ginen. Ia 100 metro behar izan genituen okerreko bidea hartu genuela konturatzeko.

Bidexka hau igotzen lehenengo neke arrastoak azaldu ziren. Beroa handituz zihoan eta hurrengo iturria non topatuko genuen ez genekien, ura kontu handiz edatera behartuz. Bidexkak igotzen duen maldaren amaieran pinudia atzean utzi eta Arranoaitz eta Elortxiki mendien arteko lepoan zabaltzen den Osoko zelaira irten ginen.

Nola eskertu genuen zelaiko belar eta zuhaixkak leunki mugitzen zituen brisa goxoa!!!! Bertan dauden borden ezkerretik, lehenengo metroak pinudiak islatzen zuen itzaletik egin arren berehala eskuinera desbideratu eta Elortxiki eta Oazurtza mendiak mendebebaldetik inguratu genituen, hasieran bidexka estu bat jarraituz, harrizko pista zabal bat jarraituz ondoren, Oazurtzako lepora iritsi ginen arte.

Oazurtzako lepoan.


- Dauneko gure terrenotan!!! - bota nion Asierri Oazurtzako lepora iritsi ginenean.
- Bai, hemendio gora ez gea galduko...

Oazurtzako lepoan dagoen indikazio-postea atzean utzi eta berehala pistatik atera ginen, pagadian erdi-ezkutuan dagoen bide bat hartu (ehiza postu baten ondotik pasatzen dena), eta pagadia zeharkatu ondoren, berriro ere Oazurtzako lepoan utzitako pistarekin bat egiteko. Hemendik gora, pista jarraituz, Itzubiagako bordara iritsi ginen, gure neguko abentura asko hasi eta amaitzen den lekura.

Itzubiagako borda eta iturria.

- Ostia ude ze hotza daun!!!
- Bai, hola frexko-frexko ederki sartzea - erantzun zidan Asierrek.

Erlojuari begiratu eta ordubata laurden gutxi zela ikusi nuen. Ordurako bagenekien ibilbidea osatzeko kalkulatutako zazpi orduetatik gora ibiliko ginela, Aketegira igotzeko erabakia hartzen bagenuen behintzat. Eta hau izan zen orduan izan genuen zalantza: Aketegira igoko gara edo ez? Aketegira igotzea ez zen gehien motibatzen gintuena, ahalik eta gutxiago Itzubiagako ur freskoaz gozatu ondoren hanka nekatu eta minberatuak berriro ere mugitzen hasi zirenean, baina gailurrera igotzearen erabakiak atzera bueltarik ez zuela ere argi genuen.

Zegama-Aizkorri maratoiaren puntu horiak jarraitzen hasi ginen kilometro bertikalaren puntu gorriak ikusi genituen arte. Orduan maldan gora hasi ginen, poliki, indarrak ahalik eta hobekien gordetzeko helburuarekin: "gero jaisteko indarrak gorde beharra ditteu...". Pagadiaren barruan egindako metroak, sargoriaren aldetik itogarriak izan ziren. Igoera uste baino lokaztuagoa zegoen, eta ibilbide osoan lehen aldiz bastoiak falta bota nituen. Pagaditik Nardasakonera atera gienean eta, Irauleko orratza parez-pare azaldu zenean, haize fresko batek gorputzen tenperatura leuntzen hasi zen, igoera nolabati erosoago bihurtuz.

- Ehhh, hor goien izan diela esan dezaketenak eztie hainbeste izango - esan nion Asierri orratza seinalatuz.
- Ya lo kreo - erantzun zidan -, egun ederrak orduan bizitakoak.

Iazko lehen uda egunetik ez dut Irauleko orratza modu berean ikusi. Begiak itxi eta bertako gailurrean egon naizela pentsatze hutsak ileak tente jartzen dizkit. Joseba, Miren eta Jonek ez dakizue ongi zein opari egin zenidaten, beti izango naiz zorretan zuekin...

Pagaditik Nardasakonera ateratzen, parean Irauleko ipar horma eta Irauleko orratza.

Lurrera begira, aurretik genuen maldari begiratu gabe, metroak pixkanaka baina gelditu gabe irabaziz jarraitu genuen. Nardasakoneko ohiko irteeratik 30 metro ingurura geundenean kanalaren ezker horma belartsua igotzen hasi eta Aketegira zuzendu ginen. Metroak irabaztearekin batera, ezerezetik ateratako lanbro misteriotsu bat gailurrak estaltzen hasi zen, haizeak dagoeneko jaisten hasitako tenperatura geroz eta gehiago jaitsiz. Konturatu ginenerako gailurreko postontzia parean azaldu zitzaigun:

"... konturatu ginenerako postontzia parean azaldu zitzaigun."

- Itzi beandu intzaigu ta Zegama uste baño beandugo iritsiko gea.
- Nun zeate?
- Oaintxe gailurren...
- Ze ordutako iritsiko zeate?
- Eztakit, lauek aldea edo? - erantzun nion Asierri begiratuz -, Zegama iristen ai geanen deittukoizut.
- Bale, kontuz ibili...

Ordubiak laurden gutxi ziren, uste baino beranduago, baina uste baino sentsazio hobeagorekin, Itzubiagan genuen nekea ikusita.

- Igoera uste nuna baño hobe in det - esan zidan Asierrek pentsatzen ari nintzena asmatu izan balu bezala.

Gailurrean ez ginen denbora luzean egon. Tenperatura azkar jaisten ari zen, behe lainoa dena estaltzen hasita zegoen, eta hau gutxi ez bazen, oraindik Zegamara jatsi beharra genuen. Trago pare bat ur edan eta gailurrean argazki pare bat egin ondoren beherako bidea hartu genuen.

Aketegi, 1.551 metro.

Kilometro bertikaleko jaitsiera zuhurtziaz egin genuen, oin eta behatz egosiak zaintzeko asmoz. Jaitsieran zur eta lur gelditu ginen 2020ko apirilaren 9an izandako luizi erraldoiak mendian utzi duen orbain ikaragarria ikusi eta zeharkatu genuenean. Ehunka zuhaitz errotik aterata eta enbor zabaleko pago zaharrak erditik ebakita lasto lehorrak bailiran... Luiziak kilometro bertikalaren ibilbidean ere eragina izan du. Eskerrak ez zuen inor azpian harrapatu!!!

Trenbidearen azpiko pasagunea.

Trenbidea zeharkatzen duen tuneltxoa zeharkatu ondoren berehala iritsi ginen kilometro bertikala hasten den errepide bazterrera. Errepidea zeharkatu eta honen bestaldera iristen den SL-GI 20 bidea jarraitzen hasi ginen.

Kilometro bertikala hasten den errepidearen bestaldeko bidera zuzentzen.

Pista belartsua jarraituz, lehen bidegurutzera iristerakoan ezkerrera hartu eta hurrengo bidegurutzean eskuinera hartu genuen Ospitalaundi baserrira iristeko.

- Baserri hontan bildurrezko pelikula bat grabau leike... - esan nion Asierri erortzen hasitako baserriaren paretik pasa ginenean.
- Ba bai - erantzun zidan -, itxura guztie dauke.

Ospitalaundi baserrira iristen.

Ospitalaunditik aurrera bideak ekialdeko noranzkoa hartzen du. Gorospe baserrien artetik pasatu eta Gurutze Santua baselizara iritsi ginenean, Zegama eta Otzaurte lotzen dituen GI-2637 errepidera iritsi ginen, errepidearen ertzetik Zegamako herrigunera sartuz.

Gurutze Santua baseliza eta GI-2637 errepidea.
"Cegama is Zegama..." jejeje

Elizako plazara laurak hogei gutxietan iritsi ginen, 35 kilometroren ondoren, zortzi ordu eta erdiren ondoren, aurreikusitako 30 kilometroetatik urrun eta aurreikusitako zazpi orduetatik urrun.

Zegamako plaza.

Baina berandu eta nekatuak iritsi arren zoriontsu ginen. Honelako ibilbideak amaitzerakoan giharretako minak ahazten dira, urruneko oroitzapen bat izango balira bezala. Gutxienez kotxetik irteten zaren arte, orduan konturatzean zarelako biharamuna agujetek hartutako eguna izango dela, jejeje.

Adrenalinak eta euforiak jota, kotxean ibilbide hau negu giroan egitea ederra izango zela bezalako ergelkeriak botatzen hasi nintzen:

- Bai, Nardagaiztotik igota!!! - bota nion emozioz beteta.

Asierrek arraro begiratzen zidala somatu nuen, drogatutako batekin hizketan ariko bazen moduan: "hortako oso goiz atera beharko giñen" esan zidan arte.

Nork daki, Asierrek gutxienez atea ez du itxita utzi...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- smithyrenbloga. 2015/06/29. Etxegaratetik Ordiziara: zirkuluaren itxiera 2015/06/20. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2015/06/etxegaratetik-ordiziara-zirkuluaren.html
- smithyrenbloga. 2015/07/17. G2H 2015: Non gogoa han zangoa. 2015/07/10 eta 11. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2015/07/g2h-2015-non-gogoa-han-zangoa-20150710.html
- smithyrenbloga. 2020/07/01. Irauleko orratza: 20-25 m, 6a+/6b, V+/A0. Oparia une errepikaezina lekurik magikoenean bizitzea denean. 2020/06 20 eta21. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2020/07/irauleko-orratza-20-25-m-6a6b-va0.html
- G2 handiak goierri trail webgunea. Eskuragarri: https://www.ehunmilak.com/eu/g2haundiak-goierri-trail/
- Zegama Aizkorri maratoia: kilometro bertikala webgunea. Eskuragarri: https://www.zegama-aizkorri.com/eu/kilometro-bertikala
- Sasieta mankomunitatea. Proyecto de recuperación y clausura de la fase 2a del vertedero de reisduos no peligrosos de Sasieta en Beasain (Gipuzkoa). 2016/04/15. Eskuragarri: http://www.sasieta.eus/fitxategiak/ckfinder/files/Tomo_I_Proyecto_Constructivo.pdf
- Noticias de Gipuzkoa egunkaria. Los vertederos cambian de cara. 2020/02/03. Eskuragarri: https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/actualidad/sociedad/2017/06/04/vertederos-cambian-cara/500952.html
- Mutiloako meatze barrutiaren web orria. Eskuragarri: https://www.mutiloakomeatzaritza.eus/
- Mutiloako meatze barrutia: bide berdea, zatoz oinez nahiz bizikletaz. Eskuragarri: https://www.mutiloakomeatzaritza.eus/bide-berdea
- Mutiloako udalaren webgunea. Eskuragarri: http://www.mutiloa.eus/eu/hasiera
- Zeraingo udalaren webgunea. Eskuragarri: https://www.zerain.eus/
- Goierriko Hitza. Lur jausi handia izan da Aizkorriko magalean. 2020/04/11. Eskuragarri: https://goierri.hitza.eus/2020/04/11/lur-jausi-handia-izan-da-aizkorrir-aldean/


2017/07/13

EHUNMILAK 2017: ISPILUAREN BESTALDEAN


1.500 boluntario, 1.200 korrikalari, 30 herri eta 5 eskualde. Hauek izan dira 2017ko Ehunmilak, G2 Handiak eta Marimurumendi lasterketen datuak. Baina zer dago 1.500 boluntario hauen atzean? Uarraingo anoa postuan boluntario lanetan aritu naizela aprobetxatuz, boluntarioaren ikuspuntutik kronika bat idatzi nahi nuen, lasterkarien itzalean lanean aritzen diren boluntarioei nolabaiteko aitorpena eman eta lasterketa ispiluaren bestaldetik ikusteko.

Ehunmilak eta G2 Handiak frogetatik isolatuen dauden anoa postuak Aralarkoak dira, kanpin dendaren babesaren gainetik inguruan ez baitago ez borda, ez aterpe, ez pista, ezta beste ”luxurik” ere. Hauetako bat Uarraingoa da eta Asierrek lasterketaren lehen ediziotik ez du bertako arduradun izateari hutsik egin. Urtean zehar Arrastaka mendi elkartekoek antolatutako bileretara joaten da, lasterketa baino egun batzuk lehenago Uarrain eta Oidui arteko bidea balizatu, lasterketak irauten duen bitartean dena ongi doala ikusi eta, hau gutxi ez bada, Ehunmilak lasterketaren azken korrikalariarekin batera Lizarrustiko anoa postura arte “erratzarena” ere egiten du. Edizio ezberdinetan Uarraindik boluntario ezberdinak pasa diren arren, azken urteotan Asierrekin batera Mikel, Iker eta Josu lanean aritu dira, Uarraingo anoa postuari MAT kutsua emanez, jejeje.

Anoa postuko lana asteazkenean hasi zen. Lasterketa ostiralean bazen ere, ostegunerako eguraldi kaxkarra iragarrita zegoenez, Asierrek kanpin denda muntatu eta Malkorri eta Oidui arteko zatia balizatuta utzi nahi zuen. Basozainari baimena eskatu ondoren 4X4 ibilgailua hartu eta Iker, Asier eta hiruok Oiduira joan ginen. Bertan 200 baliza, bidea markatzeko argiak eta bestelako trasteak 50 litroetako motxiletan sartu eta, zamatuta, arratsaldeko bostak eta erdietan, Oiduiko sargoria atzean utzi eta Malkorriko bidea hartu genuen.

Malkorriko buzoia.


Malkorrira iritsi ginenerako basozainak lehen zamaketa egina zuen kanpin denda, anoa postuko mahai eta aulkiak eta edari eta frutaren erdia bertan utzita. Basozainaren lana eskertzekoa da, eguraldiaren arabera uzten zaion material guztia Land Roverrarekin ahal duen punturik goienera igotzen baitu, aurten Malkorriren ekialdeko lepoa.

Basozainak utzitako materialaren erdia.


Lehenengo lana kanpin denda muntatzean hartu genuen, ingurutik ekarritako harkaitz handietatik dendaren tenkagarriak pasatuz. Denda muntatuta genuela basozaina bigarrenez iritsi, Land Roverra hustu eta fruta guztia dendaren barrura sartu genuen: “behorrak ta ardik gauen frutaik ez jateko”. Basozaina agurtu ondoren balizak prestatzen hasi ginen, motxiletan igotako hagaxketan distira egiten duten zintak bridekin lotuz.

Balizak prest!!!


Lan hau amaituta, hagaxkadun 30 baliza inguru eta beste hainbat baliza-zinta kanpin dendan utzi eta, eguzkiaren azken izpiekin, Oidui arteko bidea kontu handiz balizatu genuen lehen egunari amaiera emanez.

Egunaren azken uneak.


Ostegunean, iragarritako euri zaparraden arrastorik ez zegoela ikusita, hiruok bigarrenez Aralarrera igotzea erabaki genuen, Uarrain eta arteko tartea balizatu eta asteazkenean muntatutako denda eta jarritako balizen egoera ikusteko, behor eta ardiek balizei koska egitea gustuko dute eta. Bide batez, lo zakuak, esterak, anoa postuan jartzeko argiak eta egurrezko balizak igotzeko ere aprobetxatuko genuen.

Beriain eta Andia igoeran.


A zer nolako lasaitua hartu genuen Malkorriko gailurrera iritsi eta denda zutik zegoela ikustean!!! “Bueno, aurten sendo daula emateo” esan zuen Ikerrek. Haizeak askatutako iltze eta tenkagarri bakarren bat bere lekura itzuli, barruan utzitako guztia ongi zegoela ikusi eta, lo zaku eta esterak dendan utzi ondoren, Uarrain arteko tartea balizatu genuen. Asteazkenean bezala, ostegunean ere indartuz zihoan haizearen bultzadaz eguzkiaren azken izpien argiarekin Oiduira itzuli ginen tartean eroritako balizaren bat bere lekuan jarriz, apurtutako balizak aldatuz eta baliza berriak jarriz: “goien ittezun haizekin ea dendak eusteion” esan zuen Ikerrek kotxera itzuli ginenean.

Gañeta Aizkorri eta eguzkia atzean duela


Eguna bigarrenez badoa.


Aratz eta Aizkorri.


Uztailaren 7an, ostirala, iruindarrek San Ferminak ospatzen zituzten bitartean, Mikel, Iker, Asier eta lauok Ehunmilak lasterketaren irteera ikustera hurbildu ginen. Atzerako kontaketarekin batera, arratsaldeko seietan ia 400 lasterkarik Beasaingo kaleak zeharkatzen hasi ziren.

2017ko irteera.


Irteeraren ondoren lasterketaren “alma mater”-a den Valdikin hizketan aritu ginen. Eguraldiarekin kezkati zegoen. Inor ez zen ausartzen eguraldiaren iragarpen zehatz-mehatz bat egitea eta kontrakoa esaten zuten iragarpenak ere bazituen. Eguraldia okertzekotan buruz eta zentzuz jokatzeko eskatu zigun, gure eta lasterkarien segurtasuna lehenetsiz.

Bi egunetarako arropa, janari eta traste guztiez betetako motxila handiak bizkarrean, arratsaldeko zortziak eta erdi aldera euri tanta bakarren artean Oiduitik hirugarrenez atera ginen tartean ibilbidea ahal izan genuen guztia txukunduz.

“Ostia, ze ona, dendea oandio zutik dau!!” esan nien Malkorriko gailurretik. Definitiboki denda sendo jarrita zegoen eta barruko materiala bere horretan jarraitzen zuen. Motxilak dendaren barrura sartu eta basozainak utzitako ur, freskagarri eta isotonikoen botilak dendaraino hurbildu genituen, dendaren inguruan botilez osatutako harresia eraikiz.

Dendaren likido harresia.


Asier Uarrain eta dendaren arteko zatia nola zegoen ikustera eta Iker, Mikel eta hiruok anoa postuko mahaia prestatu eta afaltzen amaitzen genuen bitartean postuan boluntario kide izango genituen Mikel, Unai eta bere bikote ordiziar gazteak azaltzen joan ziren. Eguzkia ezkutatu zenean Asierrekin batera Oidui arteko balizen egoera ikustera eta Asierrek bidea errazago jarraitzeko jartzen dituen argiak jartzera joan ginen.

Ardiak egunaren azken uneak aprobetxatzen, eskuinean Txindoki dutela.


Malkorritik ikusmira izugarria zen: zerua nahiko garbi eta, hodeiez osatutako itsaso amaigabearen gainetik, ilargi beteak zeruan bere lekua aurkitu nahian. Honetan ari ginela Valdik Asierri deitu eta, bere harridurarako, Asierrek goian genuen eguraldi garbiaren berri eman zion: “lasai Valdi, belañoa igotzen ez bada behintzet gaur eztu ebiik ingo”.

Malkorritik zegoen ikusmira.


Malkorritik behera balizak honela ikusten ziren.


Behe lainoan sartzerakoan ezusteko galanta hartu genuen: nahiz eta balizen arteko tartea 10-15 metro ingurukoa izan, balizak ia ez ziren ikusten. “Buff, hemen gehio jarri beharren gare, bestela korrikalarik galdu ingodie” esan zidan Asierrek. Inguruan topatutako harri, adar, zuhaixka eta sasietatik balizak lotuz joan eta beherako bidearekin jarraitu genuen. Oiduira iristear geundela Alain, Beñat eta Jonekin topo eta genuen kezka baieztatu zuten: “Bidea oso arriskutsu dau” esan zigun Beñatek “eztie balizaik ikusten ta markauta daun bezela seguru galdukoiela”. Ordiziatik etorritako hirukotearekin gorako bidea hartu genuen, baliza gehiago hartu eta bidea hobe markatzeko. Dendara itzuli ginenean Ikerri ikusitakoaren berri eman eta, gaueko hamabiak iristear zirela ikusita, besteok anoa postua prestatzen genuen bitartean, Iker, Beñat eta Asier Oidui arteko markaketa laugarrenez berrikustera eta baliza gehiago jartzera joan ziren: “bidea oso txukun geldittuela uste deu” esan ziguten goizeko ordu bata aldera itzuli zirenean.

Anoa postua prest!!!


G2 Handiak gaueko hamaiketatik martxan zegoen eta lehen lasterkariak iritsi aurretik lana nolabait banatuta gelditu zen: Iker eta Asier dortsalak apuntatzen, Beñat, Alain, Jon eta lauok korrikalarien botilatxoak urez betetzen eta Mikel eta besteak anoa postuko mahaian korrikalariek zituzten beharrei erantzuten, aurrera eta atzera fruta moztu eta beharrezko likidoa eskainiz.

Goizeko ordu biak eta bost minutuetan Dani Agirre pasa zen, gerora G2 Handiak irabaziko zuena. Honen ondoren, pixkanaka lasterkarien kopurua handituz joan zen, anoa postuan geunden hamaika lagunak lanean jo eta su jarri gintuzten arte. Tarteka zeruari zeharka begiratzen genion, Txindoki behin eta berriz argitzen zuten tximistek gau osoan ez baitziguten lasai utziko. Azkenean Tolosaldean botatako ekaitzak Nafarroako bidea hartu eta Mailloak aldera joango zen gu geunden lekutik pasa gabe.

Ilunpean ez genuen lasterkarien aurpegirik ikusten eta lana ahal genuen azkarren egiten genuen, formula bat kotxe lasterketetako gurpilak aldatzen dituztenen moduan. Hau eromenaaaa!!!! Botilatxoa hartu, botilatxoa bete, botilatxoa eman, beste botilatxo bat hartu, bete, eman, hartu, bete, eman, hartu, bete, eman. Orduak pasatuz joan ziren, tartean pasatako Natxo, Txauen, Andoni (esperoet hartutako Pepsiak on egin izana) ezta Aitziber Osinalde eta Monica Grajera lehen emakumezkoei kasu handirik egin gabe.

Anoa postua guri gurian.


Konturatu ginenerako ia goizeko bostak ziren. Gaua ezusteko handirik gabe pasa zen, dendan ordu erdiz zorabiatuta izan genuen Jaeneko korrikalaria alde batera uzten badugu. Lagun baten laguntzarekin larrialdietarako mantaren azpian epeldu ondoren jaiki, eskerrak eman eta bistatik galdu genuen.

Gauean nahiz eta lanpetuta ibili laino itsasoari argazki batzuk egiteko aprobetxatu genuen.


Gau magiko eta ederra izan genuen, bai jauna!!


Bostak eta erdi aldera, azken korrikalaria pasatu zenean, Javi Dominguez Amezketatik gora zihoala entzun eta lo zakuetan ordu eta erdi pasatxoko lo kuluxka egiteko aukera izan genuen. Alain eta Beñatek aldiz, etxerako bidea hartu zuten merezitako atsedena hartzeko.

“Javi Dominguez Irazustako lepon daula esan due” esan zigun lorik egin ez zuen Asierrek ametsetatik errealitatera ekarriz. Zakuetatik atera eta Mikel eta Asierrekin batera martxan jarri nintzen, hiruon artean egin beharreko lana erraz egingo genuenaren ziurtasunarekin. Ekaitzaren arriskua joana bazen ere, eguna umel eta tristea esnatu eta gauean zehar oinen azpitik izandako lanbroak pixkanaka estali gintuen, eurietarako txaketa eta galtzak jartzera behartuz.

Javi Dominguez goizeko zortziak hamar gutxiagotan pasa zen. Itsura ona, serioa, 110 km oinetan izan beharrean Larraitzetik atera berria zegoela zirudien.

Javi Dominguez Uarraingo postura iristen.


Handik bost minutura Jon Aizpuru beasaindarra iritsi zen. Aurpegi nekatuagoa zekarren eta aurretik zuen bidea nolakoa zen galdetu zigunean adarra jotzen ari ez ote zen galdetu genion. Erantzunik gabe, begirada galdua zuela, aurrera jarraitu zuen.

Jon Aizpuru.


Egunaren lehen orduan hodeien artean eguzki pixkat ikusteko aukera izan genuen.


Arrosario moduan, pixkanaka beste lasterkariak azalduz joan ziren, bakarka edo talde txikietan, G2 Handiko pilaketak sortu gabe.

Mikel eta Asier, anoa postuko nagusiak, jejeje.


Anoa postuko beste lagunak jeikitzen ziren bitartean larunbateko erreleboa osatzen zuten Marian, Luisma, Eve eta Juan Mari, iritsi ziren hamabiko taldea osatuz.

Juan Mari korrikalarien zain


Luisma eta Marian korrikalariak Txindokitik nola datozen begira.


Eguna lasai zihoan eta ez zuen euririk egiten, noizik eta behin eguzkia ere agertuz. Silvia Trigueros, lehen emakumezkoa, goizeko hamaikak aldera pasa zen, bere atzetik berrogei minutuetara sasoi betean dagoen Elena Calvillo ordiziarra eta Elenatik ordu eta erdira Jone Urkizu. Lasterketaren amaierako podiuma Uarrainen pasa ziren moduan izango zen.

Silvia Trigueros.


Elena indarrak nolabait berreskuratzen.


Jone Urkizu.


Orduak pasa ahala ordiziar gazteak anoa postua utzi eta Rikardo eta Idurre medikuak etorri ziren, baita gurutze gorriko boskote bat ere. Bisita gehiago jaso genituen, bixkiak eta Irazusta tartean, eguna eramangarriagoa eginez.







Postuko fruta bukatzen hasita, mahai gainean guretzat ekarritako urdaiazpiko, txorixo, gazta eta saltxitxoia ogiarekin jarri genituen korrikalarien aurpegiak alaituz. Zatotik ardoa edan zuen korrikalaririk ere izan zen, jejeje.





Hirukote honek arratsaldea ederki alaitu ziguten, aupa zuek!!!!














Arratsaldea gogorra izan zen. Eguraldia aldatu, lanbroak inguruak estali, ipar haizea indartu eta txirimiriaren mugatik bestaldera zegoen euriaz busti eta hozten hasi ginen.

Behe lainoa pixkanaka sartzen.


Behe lainoak estaliak.


Euria hastear.


Eskularruak janztea alferrikakoa zen eta eskuak hotz eta egosiak ahal izan genuen moduan berotzen saiatzen ginen. Azkenean, anoa postuko mahaia lekuz aldatu genuen ipar haize zakarrarengatik nolabait babestuta egoteko. Gorputza berotzeko noizik eta behin dendan sartu edota Uarrainera joan etorria egiten genuen.

Ahal genuen moduan ekaitzari aurre egiten.


Arratsaldeko erreleborako laukotea (tartean Unai eta Fran) iritsi eta erratza Larraitzetik gora zihoala entzun genuenean, gaurko eguna amaitutzat eman eta Mikel, Iker, Marian, Luisma, Eve, Juan Mari eta zazpiok Oiduiko bidea hartu genuen.

Oiduira euripean iristen.


Goian gelditu zen boskotearen egoera okerrera joan zen, haizea gehiago zakartu eta euriak erruki gabe busti zituelako. Asierrek igandean dendaren barruan amaitu zutela ere esan zigun. Gu gaueko bederatziak aldean Oiduia iritsi ginen, blai baina zoriontsu egindako lanarengatik. Etxera itzuli, dutxa beroa hartu, afaldu eta ohera zuzenean, merezitako atsedena hartzea.

Gaur uztailak 11 da. Ehunmilak, G2 Handiak eta Marimurumendi lasterketen zalapartak urruti daudenean, Iker eta Asierrek Aralarrera azken bidaia egin dute, denda desmuntatu eta anoa postuko, baliza, material eta edariak basozainak jaisteko prestatzeko. Beraien Ehunmilak partikularra gaur amaitu eta datorren urtekoari begira jarriko dira, Aralar korrika zeharkatzen duten lasterkariak ahal den neurrian etxean izango balira zaindu ahal izateko.

Denda barrutik lasterketa amaitu ondoren, zabor guztia jaso ondoren.


Denda, zaborra eta soberan gelditutako guztia basozainak jasotzeko jaso ondoren. Mendia topatu den bezala utzi behar da.


Egun hauetan guztietan lasterketa ahalik eta goxoen prestatu, markatu eta zaintzen saiatu gara, lasterkariei Aralarko leku aparte honetan bero eta gertutasuna emateko asmoz. Espero dut helburua bete eta lasterkariak itzultzeko gogoarekin gelditu izana, lana ongi egin dugunaren seinale izango baita.

Amaitzeko, bukatu hala ez, zorionak hiru lasterketetan parte hartu duzuen korrikalarioi eta eskerrik beroenak zuen aldetik jasotako tratu eta pazientziarengatik ere, benetan txalo eta eskertzekoa izan zen. Handiak zarete!!!

Kronikari amaiera borobila emateko asmotan, boluntario moduan pasatako egun hauen guztien bideoa uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.