AZKEN 10 SARRERAK

2016/08/30

MURUMENDI (864 m.), KIZKITZA (676 m.) ETA IZAZPI (973 m.) AGORTATIK, MARIMURUMENDI MARATOIAREN BIDEA JARRAITUZ (2016/08/21)

Urtea aurrera doa eta aurtengo erronka nagusienak iristear daude. Uztailaren 10ean Marimurumendi maratoian parte hartu nuenetik korrika saio luzerik egin gabe nengoen, saio luzearekin 20 kilometroetatik gorakoa ulertzen bada, jejeje. Iker ere pixkanaka urte osoan erdipurdi izan duen lesiotik irtetzen ari zen eta saio luze bat egiteko irrikaz zegoen, baina "pasatu gabe" berak esan zidan bezala, jejeje.

Marimurumendi maratoia prestatzen ari nintzela, maratoiaren aurreko asteburuan Agortatik Agortara doan ibilbidea entrenamentu moduan egin nuen. Kilometroen aldetik maratoiak baino 10 kilometro gutxiago dituenez (orduan hau ez nekien) entrenamentu ona izan zen bidea ezagutu eta oraindik igo gabe nituen Kizkitza eta Izazpi mendiak igotzeko. Nahiz eta ibilbidea ederra iruditu ez nuen erabat gozatu: eguraldi kaxkarra, lokatz handia ibilbide gehiengoan (leku askotan ibiltzea ere asko kosta zitzaidan) eta gorputz aldetik ere ez nuen sentsazio onik izan. Gainera buruan nenbilen denboratik gora joan eta sikologikoki kolpe latza hartu nuen. Hau izan zen facebook-en irteera honi buruz idatzitakoa: Gaur goizean datorren astean ospatuko den Marimurumendi lasterketaren aurreko azken entrenamendu luzea egin dut, Agortatik Agortara dagoen zatia ezagutu eta tartean Murumendi eta Izaspi mendiak igoz. Nahi baino entrenamendu luzeagoa atera da (33 km) eta langar eta lokatzak ere tarte batean baino gehiagoan ibilbidea zaildu dit, lekuren batean hesi bati helduta babaresa pausuren bat edo beste eginez, jejeje. Ibilbidea ederra iruditu zait eta lehen aldiz Kizkitza baseliza eta Izaspi mendia bisitatzeko aukera izan dut. Dena den, ibilbidea mendizaleontzat baino korrikalarientzat aproposagoa dela esango nuke, Rajoy-k esango luken moduan "recorrido de muy correr y mucho correr", jejejeje.

Uztailaren 2an Kizkitzatik pasa nintzenean.


Egun berean Izaspi honela zegoen, langar artean eta igoera lokatzez betea.


Astebete beranduago aldiz, maratoiaren egunean, sentsazioak bestelakoak izan ziren eta nahiz eta azkenean beroa eta deshidratazioaren eraginez sufritu, bideaz gozatzeko aukera izan nuen.

Ibilbide hau berriro egiteko gogoa nuen, denbora alde batera utzi eta "lasaiago" gozatzeko: Ikerri, jakinda desnibel aldetik ibilbide gogorra ez dela, bidea egiteko proposamena egin nion, eta denbora osoan poliki joango ginela hitz eman ondoren konbentzitu egin nuen. Bide batez Ikerrek ere lehen aldiz Izazpi eta Kizkitza mendiak igoko zituen.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Bidea Agortan hasi eta bukatzen da Marimurumendi maratoiak 2016 urtean jarraitu zuen ibilbidea jarraituz. Agortatik Murumendi mendia igo eta Mandubiako mendatera joan ginen. Mandubiatik, Kizkitza igo eta Atxurtzatik pasa ondoren Izazpi mendia hegoaldeko ertzatik igo eta mendebaldekotik jaitsi ginen Atxurtzara itzuliz.

Atxurtzatik Ezkiora jaitsi eta berriro Kizkitzara itzuli ginen hemendik Beasaingo Arriaran auzora jaisteko.

Amaitzeko, Arriarango urtegia zeharkatu eta Agortara itzuli ginen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 33 kilometro.
- Punturik baxuena: Arriaran, 206 metro.
- Punturik altuena: Izazpi, 973 metro.
- Desnibel positiboa osora: 1.500 metro inguru.
- Igotako mendiak: 3.
- Ura: Ibilbidean iturri ezberdinak topatu genituen: Murumendiko Arrapaitz iturria, San Gregorio baselizakoa, Atxurtzakoa, Izazpiko Altzoiturri iturria eta Arriarango elizaren ondoan dagoena.
- Zailtasuna: Ibilbideak duen luzeratik kanpo ez dauka zailtasun teknikorik. Duen zailtasunik handiena ez galtzea da, bidegurutze asko dago eta. Honegatik, bidea ezagutzen ez bada, komenigarria izan daiteke GPS bat eramatea. Guk oraingoan ez genuen eraman nire memorian konfidantza osoa jarrita genuen eta jejeje, baina hala ere, irakurriko duzuen bezala, tokiren batean baino gehiagoan metro batzuetan bidea ez genuen ongi hartu.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 5 ordu "lasai" joanda. Tarte asko korrika txikian egin genituen, beraz, denborari dagokionez komeni da hau kontutan izatea ibilbidea oinez egin nahi bada.

Bidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Agortara iristeko Beasaindik Usurbe mendira doan errepidea jarraitu beharko dugu, Agorta Usurberen ipar-mendebaldeko lepoa baita. Honetarako, N-1 errepidetik Beasainera sartzerakoan tren-makina bat duen biribilgune batera iritsiko gara. Biribilgune honetan lehen (Gasteiz edo Iruñatik etorri bagara) edo bigarren (Donostiatik etorri bagara) irteera hartuko dugu gure eskuinean taberna gune bat lehenik eta aparkaleku zabal bat ondoren utzita.

Aparkalekua utzi ondoren Oria ibaia zeharkatzen duen zubia zeharkatu eta ezkerrera hartuko dugu aldapa bat igo eta hemendik Beasaingo elizara iristeko.

Beasaingo eliza gure eskuinean utzi ondoren errepidea jarraitu eta eskuinera doan bihurgune itxi bat egin ondoren gora doan errepidea jarraituko dugu. Errepide hau kilometro batzuetan jarraitu ondoren (asfalto izatetik porlanezkoa izatera pasatzen da) Agortara iritsiko gara.

Beasaindik Usurbera doan errepidera iristeko jarraitu beharreko bidea. Gorriz Donostiatik etortzen bagara eta urdinez Gasteiz edo Iruñatik bagatoz.


DESKRIBAPENA

08:00, Agorta, 620 metro, 0 km. "Gaur ia eztet loik in" esan zidan Ikerrek, "kriston nerbioso nau ta eztakit bukatzeko kapaz izango naizen". "Lasai" esan nion "gaur poliki jungo gea ta, bestela Itziarri deituko diogu Arriaranera bila etortzeko,jejeje". Kotxea Agortan utzi eta denbora asko galdu gabe martxan jarri ginen. Bideak PR-GI 55 bidea jarraitzen du. Honetarako porlanezko pistatik iparrera doan pista hartu genuen. Metalezko langa bat zeharkatu ondoren maldan gora hasi ginen.

Agortan, gorriz jarraitu genuen bidea eta urdinez hemendik bost orduetara abiapuntura ekarriko gaituena.


Murumendira doan ibilbidea oso ezaguna dugu, astean zehar gutxienez behin hemendik pasatzen gara eta. Ibiltzen hasi eta Ikerrek bere erlojuarekin arazoak izan zituen, nahiz eta GPS seinalea hartu ez baitzion bihotz taupadik hartzen: "etzea ba hilda egongo?" Esan nion irrifartsu. Pila kendu, pila jarri, bularreko banda askatu, berriro ere lotu eta hala ere ez zuen martxan jartzerik lortu: "lasai, denbora oson abiadura lasaie jarriko deuta" esan nion.

Lehenengo aldapan, atzean, Usurbeko antena ikusi daiteke.


Eguna ederra esnatu zen, ez oso beroa, ibiltzeko ederra. Argazkian Arriaran urtegi eta auzoa lainopean, hemendik ordu batzuetara igoko gara. Ezkerrean Aizkorri eta eskuinean Izazpi laino artean ikusi daitezke.


Agortatik 20 minutu eskasera argazkian ikusten den bidegurutze nabarira iritsi ginen. Bidegurutze honetan zuzen jarraitu beharra dago. Eskuineko bidetik PR-GI 54 bidea dator eta bide hau hartzen bada Idoiaga baserrietara joango gara eta hauetatik Ordizia nahiz Itsasondora jaisteko aukera izango dugu.


Ordiziara doan bidegurutzea atzean utzi ondoren aldapa motza baina maldatsu bat igo genuen. Malda oinez igo eta metro batzuetan korrika egin ondoren Garin auzora doan bidegurutzera iritsi ginen. Guk aurrera jarraitu genuen. Hemendik aurrera PR-GI 54 bidea eta GR-34 bideak bat egiten dute, PR-GI 55 bideak aldiz, Garin auzora jarraitzen du.

Garin auzora doan bidegurutze parean eta guk jarraitu genuen bidea.


Agortatik 25 minutu eskasera Arrapaitz iturrira iritsi ginen. Azken egunetan egindako bero handiak iturria ederki lehortuta zuten baina hala ere ondo hidratatzeko nahikoa izan zen.


Iturriko ur freskoaren ondoren, Murumendira jarraitu genuen oso nabaria den bidetik. Pinudi adierazgarri batera iristerakoan GR-34 bidea alde batera utzi eta pinudiaren ezkerretik aurrera jarraitu genuen Murumendiko gailurrera daraman azken maldaren bila. Hasieratik malda guztiak oinez igoko genituela adostu genuen, korrikarako malda beherak eta leku lauak utzita. Honegatik, Murumendiko gailurrera daraman malda lasaitasun handiz hartu genuen.

Murumendiko azken igoeran.


Malda lasai eta indarrak gordez igo ondoren, Agortatik ordu erdian gailurrera iritsi ginen.

08:30, Murumendi, 864 metro, 2,8 kilometro. Argazki pare bat azkar-azkar egin, barratxo bat jan eta martxan jarri ginen.

Murumendiko gailurrean.


Ibilbidearekin jarraitzeko ipar ekialdeko aurpegian oso agerikoa ez den bide batetik jaitsi ginen.

Jaitsieraren lehen metroetan, parean Izazpi ikusi daiteke.


Zelaian behera gindoazela gure eskuinean dugun basoa erreferentzi bezala hartu genuen, basoaren ezkerretik jaitsi beharra dugu eta.

Jaitsieran azpian GR-34 bidea jarraitzen duen pista ikusten da, baina ez gara zuzen jaitsiko. Bapatean, gailurretik 100-150 metro egin ondoren, basoan sartzen den bidexka bat jarraitu genuen.

Basoan sartzen den bidexkara iristen.


Bidexkaren lehen metroetan.


Bidexka jarraituz GR-34 ibilbideak jarraitzen duen pistara iritsi ginen. Murumendiko gailurretik puntu honetara 5 minutu eskas pasa genuen.

GR-34 ibilbidea jarraitu beharrean, pista zeharkatu eta erdi-izkutuan ezkerrera doan bide bat hartu genuen. Bidexka hau hartzeko erreferentzi bezala eroritako pinu bat hartu genuen.

GR-34 ibilbideak jarraitzen duen pistan eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea. Argazkian eroritako pinuaren kokalekua adierazi dut.


Bidea pinudiaren erdian sartzen da eta nahiz eta hasieran estua izan, pixkanaka zabaltzen doa.


Bideak ez dauka galtzeko arriskurik eta galtzeko izan dezaken bidegurutze bakarra argazkian ikusi daitekeena da. Hemen eskuinera hartu genuen.


Maldan behera egindako metro heze eta irristakor batzuen ondoren bidea lautu eta korrikan lasai egiteko aukera izan genuen.

Bidean dagoen langa adierazgarrietako bat.


08;40, Pagorriaga, 663 metro, 4,6 km. Murumenditik 10 minutu ingurura bidea zelai zabal batean amaitzen da. Zelai honen bestaldean Pagorriaga baserria dago.

Pagorriako zelaira iritsi eta berehala ezkerrera hartu genuen bihurgune itxi bat eginez.


Hemendik aurrea bidea baso batean sartu eta tarte batean gora eta behera ibili ginen batzuetan korrika eta besteetan oinez.

Basoan sartu aurretik zeharkatzen den pasabidean.


Basoaren amaieran zelai batera iritsi eta honen eskuinetik doan bidea jarraitu genuen.


Murumenditik ordu erdi pasatxora Astigarreta auzoan dagoen Larrarte baserrira iritsi eta parean duen bordatxoa ezkerretik inguratu ondoren, honen atzean dagoen zelaian gora hasi ginen.

Ezkerretik inguratu genuen bordatxoa.


Bordatxoa inguratu ondoren jarraitu beharreko bidea.


Zelaia zeharkatu ondoren baso batean eta honekin batera izugarrizko lokaztian sartu ginen: "Marimurumendin leku hau ezkerretio dijon bitxur batetik ingurau genun" esan nion Ikerri. Hala ere, azkeneko egunetan jasandako bero handiek lokatza lehortuko zutenaren esperantzan aurrera jarraitu genuen.

Bai eta zera ere!!!! Iker hasieran eta ni ondoren oinak lokatzetan ederki sartu eta, orkatzen moduan saltoka, lokaztia nola-hala zeharkatu genuen: "hau da hau hanka sartzea, jejeje, gañea literala!!!" esan nion Ikerri.

Lokaztia atzean utzita bideak behera egin eta beste lokazti batera iritsi ginen. Bertan, orain arteko bide nabaria utzi eta eskuinera doan bidexka hartu genuen.


Bidegurutze honetatitk bost minutu pasatxora, maldan behera baten ondoren, beste bidegurutze batera iritsi ginen, berriro ere eskuinera hartuz.

Bigarren bidegurutzera iristen.


Bidegurutze honetan San Gregorio baselizara joateko adierazten duen indikazio postea topatu genuen, 30 metro ingurura baselizara iritsiz.

Bidegurutzean dagoen indikazio postea.


San Gregorio baseliza eta honen ondoko iturria, gorriz gero jarraituko genuen bidea margotu dut.


San Gregorio baselizako (09:15, 9,1 km) iturrian hidratatu, zertxobait jan eta aurrera jarraitu genuen. Bideak baseliza bere iparraldetik inguratu ondoren basoan sartu eta, inongo galerarik gabe, aldapa irristakor bat jaitsi ondoren, Mandubiako mendatera iritsi ginen.

09:30, Mandubia, 532 metro, 10,2 km. "Zapatilak kentzeko gelditu beharrauket, hanka lokatzez beteta dauket eta" esan nion anaiari. Aparkalekuaren ondoan dagoen banku batean gelditu, zapatila kendu eta barruko lokatz-hondarrak hustu ondoren martxan jarri genuen.

Mandubian dagoen aparkalekura iristen, atzean Izazpi geroz eta gertuago. Gorriz, jarraitutako bidea.


Aparkalekua zeharkatu, Beasain eta Azpeitia lotzen dituen GI-2635 errepidea Azpeitiko norabidean (iparraldera) 150 metro inguru jarraitu eta ezkerrera doan porlanezko pista bat hartu genuen. Gure hurrengo helburua? Kizkitza.

GI-2635 errepidean eta jarraitu genuen ibilbidea.


Porlanezko pistan, Kizkitza gainean ikusten den mendia da.


Mandubia eta Kizkitza arteko bideak galtzeko arriskurik ez dauka, Kizkitzako baselizagatik oso ongi adierazita dago eta. Nahiz eta pista bat jarraituz ia bertaraino iristeko aukera izan, pistaren bidea laburtzen duen bidezidor bat hartu genuen.

Bidezidorra hartzen den lekuan.


Ehiza postu batzuen ondotik gora doan malda motz eta gogorraren ondoren berriro ere pistara iritsi eta pista ixten duen kate bat zeharkatu genuen handik metro batzuetara eskuinera doan bidexka hartzeko. Bidexkaren amaieran dagoen eskailera igo eta Kizkitzara iritsi ginen.

Eskilarak igotzen.


09:45, Kizkitza, 676 metro, 11,4 km. Kizkitzaren gailurrean puntu geodesiko bat topatuko dugu, baita mahai, erretegi eta baseliza ere. Baselizari dagokionez ez dago oso argi zein urtean eraiki zen, dirudienez 1622 urtean, baina 1959 urteko Inuxente egunean sute batek suntsitu eta 1962 urtean berriro ere eraiki zen. Bertan, aldare nagusian, itsasontzi baten gainean Arrosarioko amabirjina jarrita dago eta baselizaren kanpoan eta atzealdean faro txiki bat ere ikusi daiteke. Eta zer egiten du itsasontzi eta faro batek Urola Garaiako baseliza batean? Honen inguruan bi azalpen daude: lehenengoak, inguruko basoa untzigintza egurrez hornitzeko erabili zela dio. Bigarrenak aldiz, baseliza ondoko faro txikiak Gipuzkoako kostaldetik zebiltzan ontziak gidatzeko balio zuela esaten du. Bi azalpenak politak dira, baina lehenengoak sinesgarritasun handiagoa dauka.

Egun dagoen Amabirjinaren irudiak ere bere istorio xelebrea dauka: lehenengo irudia, ustez mirariak egiten zituena, Bigarren Guda Karlistan "desagertu" zen (ziurrenik norbaiten etxea apainduko du, jejeje). Bigarrena ere, berriztatzea eraman ondoren, "desagertu" zen (non egongo ote da? Jejeje). Egun dagoena XVII. mendekoa da eta oraindik ez da "desagertu", dirudienez oraindik ez zuten berriztatzera eramango, jejeje.

Kizkitzan argazki pare bat egin eta ia atsedenik hartu gabe aurrera jarraitu genuen. Bideak baseliza bere ezkerretik (ibilbidearen norabidean) inguratzen du eta faro txikia gure eskuinean utzi ondoren maldan behera hasi ginen.

Baseliza inguratzeko jarraitu behar den bidea.


Kizkitzatik behera doan maldan, guk lehorra topatu genuen baina bustita dagoenean oso irristakorra da. Parean Izazpi ikusi daiteke.


Malda lautzen denean bidegurutze bat badago ere aurrera jarraitu genuen (gorriz). Argazkian Ezkiotik Kizkitzara itzultzeko jarraitu genuen bidea urdinez margotu dut.


Hurrengo geldialdia Atxurtzako iturrian egitea aurrikusita genuen, dagoeneko uraz juxtu xamar genbiltzan eta. Atxurtzara iristeko Kizkitzatik bertara doan pista jarraitzea besterik ez da. Eskuinean ehiza postuak utzita, gora eta behera ibili ginen gure oinen nekearen mesederako. Kizkitzatik 20 minutu eskasean Atxurtzara iritsi ginen.

10:05, Atxurtza, 678 metro, 13,8 km. Orain arteko ibilaldian Atxurtza izan zen mendizale bat ikusi genuen lehen lekua: "zemuz zoaz?" Galdetu nion anaiari, "oaingoz ondo, ea hemendio aurrea zemuz". "Bai, gañea Izazpiko aldapea potentea da" erantzun nion.

Atxurtzan jan eta hidratatzeko aprobetsatu eta ur-botilatxoak bete ondoren aurrera jarraitu genuen.

Atxurtzako iturrian zintzurra freskatzen.


Iturria atzean utzi eta, korrika txikian, orain arteko pista nagusia jarraitu genuen langa batekin topo egin arte. Hemen traktore txiki batean zihoazen aiton-biloba ikusi genituen: "ez al dijo umea traktorea eramaten?" Galdetu zidan Ikerrek. Begiratu eta han zihoan lasai asko 8 urte eskas izango zituen haurra traktorea gidatzen: "honek hogei urte itteako traktoren makiña kilometro inda izangoittu" esan zidan irrifartsu.

Langara iristen, traktore txikia ikusi daiteke.


Langa utzi eta metro gutxira gure ezkerrean borda handi bat utzi genuen. Hemen bi aukera ditugu: pista jarraitu eskuinean utziko dugun bigarren borda bateraino edo, guk egin genuen bezala, pistaren eskuinetik mendian sartu eta borda berara mendian zeharkalditxo bat eginez iritsi. Jarraitzen dugun bidea jarraitzen dugula, bigarren bordaren parera iritsitakoan orain arte jarraitutako pista utzi (gero pista honetatik itzuliko gara) eta zelai bat igo ondoren basoaren mugan dagoen langa metalikora iritsiko gara. Bertan "Izazpi" idatzita duen egurrezko karteltxoa ikusiko dugu.

Metalezko langara iristen.


Langa zeharkatu eta maldan gora hasi ginen abiadura jaitsiz. Hauspoa ederki berotu zigun maldatxoaren ondoren bigarren langa bat zeharkatu eta gailurrera eramango gintuen malda gogorraren azpira iritsi ginen.

Bigarren langan, argazkian gailurrera eramango gintuen malda ikusi daiteke.


"Malda hau lasai hartu beharren gare, Txindokiko rayoren antzekoa data" esan nion anaiari. Plater txikia eta piñoi handia hanketan sartu eta pixkanaka igotzen hasi ginen.

Aldapa basoaren erdian hasten bada ere, basotik atera eta honen eskuinetik (igoerako norabidean) doa, Izazpiren hegoaldeko ertzetik gertu.

Maldan gora.


Esan bezala igoera lasai hartu genuen, Izazpiko gailurra ibilbidearen erdia gutxi gora behera zela bagenekien eta. Sudurretik behera izerdi tantak bata bestearen atzetik isuriz gaurko "Cima coppi"-ra iritsi ginen.

10:35, Izazpi, 973 metro, 15,5 km. "A ze diferentzie duela hilabetekin" esan nion anaiari, "dagoeneko hemen bolak zertxobait sentitzen hasita neon". "Nire zertxobait sentituittut" erantzun zidan, "baña nekena, jejeje".

Izazpiko gurutze azpian argazki batzuk egin, ura edan, zerbait jan eta jaitsierako bideari ekin genion.

Izazpin, gurutzearen inskripzioak "pakea eta maitasuna" dio, egun bat nahiz bestearen eskasian bizi gara.


Igoera mendiaren hegoaldetik egin bagenuen ere, jaitsiera mendebaldetik egin genuen.

Jaitsieraren lehen metroak.


Pinu batzuen artean metro batzuk egin ondoren pasabide bat zeharkatu eta, pinudia gure ezkerrean utzita, jaisten jarraitu genuen metalezko ate batera iritsi arte.

Metalezko atera iristen.


Metalezko atea zeharkatu, basoan sartu eta ondo zapaldutako bide batetik jarraitu genuen, hasieran basoaren erditik, eta ondoren basoa berriro ere gure ezkerrean utzita, zelai baten erdian trikuarri itsurako mugarri batera iritsi ginen arte. Bertan, zuzen jarraitu eta mugarria gure ezkerrean utzi beharrean, mugarriraino jarraitu eta honen atzetik maldan behera doan bidexka jarraitu genuen.



Mugarrian eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea.


Hemendik behera doan bidexkak ez dauka galtzeko arrisku handirik eta harkaitz labainkor batzuetatik jaitsi ondoren belardun pista batera iritsi ginen ezkerrera (ibilbideko norabidean) jarraituz. Pista honetan metro batzuk egin ondoren bidegurutze batera iritsi ginen (gutxi gora behera 16,5 kilometroan): "ostia, hemen enaiz ondo akordatzen nundio zen" esan nion anaiari, "baña igual beheraka zen". Beheko bidea hartu eta metro batzuk egin ondoren bide hau okerra zela konturatu nintzen. Berriro ere atzera egin eta belardun pista jarraituz segi genuen.

Nahastu ginen bidegurutzean ("EZ" idatzita duena), eta jarraitu beharreko bidea.


Pista nahiko laua da, korrika egiteko aproposa. Pista maldan behera hasten denean bigarren bidegurutze bat topatu genuen, eta eskuinera hartu genuen.


Bigarren bidegurutze honen ondoren 15-20 metro eskas egin eta, ezkerrera, basoan sartzen den bidexka bat hartu genuen orain arteko pista alde batera utzita.


Bidexka hau nahiz eta estua izan oso ongi zapaldua dago eta galtzeko arriskurik ez dauka.


Dena den kontu zati honetan handiz ibili behar da, bidexka hau hartzen den lekutik 60-75 metro ingurura gure ezkerrean pinu artean doan bidexka estu bat hartu beharra dago eta. Bidexka "izkutu" hau hartzeko lekua ez da oso nabaria eta adi ibili beharko dugu.

"Bidexka izkutua" hartzen den lekuan.


Nahiz eta hasiera batean bidexka oso nabaria ez izan, metro gutxietara, nahiz eta estua izan, ongi zapalduta dagoela ikusi genuen eta beherako joerarekin Altzoiturri iturrira iritsi ginen, gutxi gora behera ibilbidearen 18garren kilometroan.

Iker Altzoiturri iturrian. Ur-negar bat besterik ez zen ateratzen.


Iturritik aurrera bidexkak leku ederrak zeharkatzen ditu eta konturatzerako Izazpira igotzeko utzi genuen pistara iritsi ginen, igoeran pasa genuen bigarren bordaren ondoan.

Zeharkatzen den lekuetako bat. Bidea hesiaren ondotik doa.


Igoeran ez bezala oraingoan pistatik jarraituz Atxurtzara itzuli ginen.

11:05, Atxurtza, 678 metro, 19,6 km. "Zemuz dijo asuntoa?" Galdetu nion anaiari. "Nekatzen hasita baña uste baño hobeto". Berriro ere hidratatu eta jateko apobetsatu eta gatz-pirula bat hartu genuen dagoeneko botatako izerdia nabaria zen eta.

Atxurtzako iturrian hidratatzen.


Hurrengo helburua? Ezkiora jaistea.

Atxurtzako iturritik atera eta pista 60-75 metro inguruan jarraitu ondoren bidegurutze batera iritsi ginen. Nahiz eta Kizkitzatik eskuinetik (goitik) datorren pistatik etorri, Ezkiora jaitsi nahi genuenez, eskuinera doan pista hartu genuen.


Pistak beherako joera hartzen du eta guk oso lehorra topatu genuen, baina euria botatzen duenean pista honetan izugarrizko lokatza egiten da, zapatilen oinen azpian metatzen den horietakoa.

Bideak galtzeko arrisku handirik ez dauka eta bertan topatu genuen bidegurutze nagusi bakarrean, argazkian azaltzen dena, eskuinera, hau da, behera, jo genuen.


Metroak izugarri jaitsiz erdi eroritako eraikin batera iritsitakoan eskuinera hartu genuen.


Eraikin hau atzean utzi eta 100 metro eskasera beste bidegurutze batera iritsi ginen. Bidegurutze honetan, ezkerrera hartu genuen porlanezko pista bat hartuz.


Porlanezko pistan beste ehun metro eskas egin eta beste bidegurutze batean ezkerrera doan bidea hartu genuen, dagoeneko Kizkitzara hemendik joaten dela adierazten duen indikazio posteari kasu eginez.


Ibilbidea ez da Ezkio herrigunera iristen baina bertatik ehun metro eskasera pasatzen da, beraz, nahi edo beharra izan ezkero, bertako ostatuan indarrak berreskuratu daitezke.

Ezkioko bidegurutzetik Kizkitzara pista bat jarraitzea besterik ez da. Bidean aldapatxoak eta zati lauak tartekatuz dagoeneko nekatzen hasita geundela nabaritu genuen, ibilaldiaren hasieran korrikan egiten genituen maldatxoak dagoeneko oinez egiten genituelako. Bideak galtzeko arriskurik ez du eta denbora osoan bidegurutzeetan gora doan aukera hartzea besterik ez da.

Ezkio eta Kizkitza artean nahastu gaitezken bidegurutze bakarra argazkian ikusten dena iruditu zitzaigun. Hemen ezkerrera (gora) doan aukera hartu genuen.


Pagoen itzalpean doan malda igo ondoren Kizkitzatik jaitsi gineneko bidegurutzera iritsi ginen. Oraingoan eskuineko aukera hartu eta goizean jaitsitako malda gogorra igota Kizkitzara itzuli ginen.

11:35, Kizkitza, 676 metro, 23,2 km. Oraingoan ez ginen gelditu ere egin eta, baseliza gure ezkerrean eta erretegia gure eskuinean utzita, puntu geodesikora iritsi eta hemendik behera zuzen jarraitu genuen.

Kizkitzan jarraitu genuen bidea. Borobil batean puntu geodesikoa non dagoen adierazi dut. Eskuinean, erretegia ikusi daiteke.


Kizkitzaren hegoekialdetik behera doan malda hau oso aldapatsua eta irristakorra da, batez ere bustia badago. Bertan 4X4 kotxe baten arrastoak ikusi genituen: "hemendio igo bada ez da eozein izango" esan genuen.

Kizkitzatik beherako maldan.


Malda gogorrena lautzen den lekuan, gutxi gora behera 23,5 kilometroan, bide nagusia utzi eta eskuinera doan bidexka hartu genuen.


Eta bidexka hau 150-200 metro eskasean jarraitu ondoren pisten arteko bidegurutze batera iritsi ginen eskuinera doana hartuz.


Bidegurutze honetan eguneko bigarren nahastea izan genuen, pista hartu eta berehala eskuinera doan bidexka bat metro batzuetan jarraitu genuen eta. Baina, oraingoan ere, metro gutxi hauek egin ondoren bide okerra hartuta genuela konturatu eta atzera itzuli ginen pista nagusia jarraitzeko.

Nahastu ginen bidegurutzean. Gorriz jarraitu beharreko bidea adierazi dut.


Berriro ere pistan, 200 metro eskasean jarraitu genuen argazkian ikusi eta ezkerrera doan bidea hartu arte.


Bide hau jarraituta pista batera atera eta, zaldiak entrenatzeko erabiltzen den itxitura batera lehenik, eta Mendiguren baserrira ondoren, iritsi ginen.

Zaldiak entrenatzeko erabiltzen den itxituraren parean.


Mendiguren baserrira iristen eta jarraitu beharreko bidea.


Goiko argazkian ikusten den moduan baserriko langara iristear gaudela ezkerrera doan bidexka hartu genuen. Bidexka pixkanaka zabaltzen doa moztutako pinudi batek utzitako zabalune batera iritsiz. Hemen, eskuinera bihurgune itxi bat eginez, Urteaga baserrira iritsi ginen.

Bihurgunea hartu ondoren, aurrean, erdi izkutuan, Urteaga baserria ikusi daiteke.


Gure zoriontasunerako baserri honen hormetako batean iturri bat topatu genuen. Iturria ireki, ura ahoan sartu eta sartzearekin batera bota egin nuen: "ostia, ustel gustoa daukela iruittu zait" esan nion anaiari. "Tragatuzu?", "Ez baña zerbait sartuko zen" erantzun nion.

Baserrira iristen den porlanezko pistaren ezkerretik jarraitu eta adreiluz egindako pista batean sartu ginen.

Urteaga baserriaren parean eta jarraitu beharreko bidea


Adreiluzko pista amaieraino jarraitu eta behera doan pistatxoa hartu genuen ezkerrera doana alde batera utziz.


Pistatxoak pinudi batean sartzen da argazkian ikusten den bordaren ezkerretik pasatuz.


Eta Izagirreaundi baserrira iristear geundela, 26,5 kilometroan gutxi gora behera, 180 graduetako bihurgunea egin eta bertan hasten den bidexka hartu genuen.


Bidexka honek ez dauka galtzeko arrisku handirik eta denbora osoan zapalduen dagoen bidea maldan behera jarraitu genuen.

Bidexkan.


Bidexkan behera gindoazela gure eskuin eta azpian Arriarango etxe eta eliza geroz eta gertuago ikusten hasi ginen, baina bertara iritsi aurretik lehenik GI-2635 errepidea zeharkatu behar izan genuen.

GI-2635 errepidera iristen eta jarraitu behar den bidea.


Errepidea zeharkatu ondoren, bidea hobe ikusita.


Errepidea zeharkatu eta 200-250 metro ondoren Arriaranera iritsi ginen.

Arriaranera iristen. Gorriz jarraitutako bidea eta urdinez gero jarraituko duguna.


12:05, Arriaran, 206 metro, 27,5 km. Zuzenean eliza ondoko iturrira joan ginen: "ostia, bero itteo eh?" Esan zidan Ikerrek. "Bai, baña maratoian pasa genunekin eztauke konparazioik" erantzun nion. "Bai, gaur konturatzen ai naiz ez zenutela batere ondo pasau" bota zidan.

Arriarango elizaren ondoko iturrian.


Ahal izan genuen guztia hidratatu, barratxo bat jan eta martxan jarri ginen: "benga, azken maldatxoa eta kotxen gare" esan nion anaiari.

Bideak errekaren ezker ertzetik doa Arriarango urtegiraino.

Olea baserriaren ondoan, jarraitu beharreko bidea gorriz adierazi dut.


Bideak galtzeko arrisku handirik ez dauka, baina argazkian ikusten den elektrizitaterako postearen ondoan eskuineko bidea hartu beharko dugu malda bat jaitsi ondoren urtegira doan errepidera iristeko.


Urtegira doan errepidera iritsitakoan bideak ezkerrera jarraitzen du.


Arriarandik irten eta hamar minutura urtegira iritsi ginen. Urtegia 1993 urtean amaitu zen eta Goierriko herri gehiengoak hornitzen ditu. Urtegiaren uhatean Nestor Basterretxearen eskultura ikusi daiteke.

Urtegian.


Urtegiaren euste-horma alderik alde zeharkatu, Arriaran eta Garin auzoak lotzen dituen GI-3192 errepidera iritsi eta ezkerrera hartu genuen.


Errepidean gora hasi eta, eskuinera egiten duen lehen bihurgunearen aurretik eskuinera doan bidea hartu genuen.


Bideak galtzeko arrisku handirik ez dauka eta bidegurutzeetan ezkerrera doan aukera hartu beharko dugu, gehienetan bide nagusia izango delarik.

Hala ere, azpiko argazkian ikusten den bidegurutzean nahastu eta eskuineko aukera hartu genuen. 100 metro inguru beteak genituenean gaizki joaten ari ginela konturatu eta buelta hartu genuen berriro ere bidegurutzera itzuliz. Ikusten denez, hemen ere ezkerreko aukera hartu beharra genuen.


Arriarandik gora doan bide honen amaieran metalezko pasabide bat topatu eta porlanezko pista batera iritsi ginen.

Metalezko pasabidera iristen


Metalezko pasabidea gainditzen ari nintzela bapatean okada bat izan eta botagurea jarri zitzaidan: "ostia, ez nau batere ondo" esan nion anaiari txistua botatzen nuen bitartean. "Derrepenten jarri zaizu?" Galdetu zidan. "Bai, baña tripatako miñik eztauket" esan nion bigarren okadarekin batera. Minutu pare batean gelditu eta nahiz eta okada pare bat gehiago izan ez nuen txistuaz aparte besterik bota: "etzen ba baserri hortako ur ustel hoi izango ezta?" Galdetu zidan, "nik e gauza bea pentsatuet baña eztet urik edan" erantzun nion. "Jarraitzeko modun zare?", "Bai, baña bazpare poliki jungo naiz".

Porlanezko pistan gora poliki hasi ginen noizik eta behin txistua botatzen ari nintzela. Gorputzean ez nuen ezer berezirik baina zerbait ongi ez zihoala sentitzen nuen.

Metalezko pasabidea zeharkatu ondoren porlanezko pistan gora jarraitu behar den bidea.


Gel bat eta ur pixkat edan eta kalterik egiten ez zidala ikusteak lasaitu ninduen. Gorputzari pixkanaka buelta emanez pistaren amaieran dagoen Lupazketa baserrira iritsi ginen.

Lupazketa baserrira iristen. Goian adierazi dudan elektrizitaterako zutabea kontutan izan behar da, ibilbideak bertara eramaten gaitu eta.


Baserriaren ezkerrean (igoerako norabidean) dagoen metalezko langa pasatu eta hemendik gora doan bidea jarraitu genuen.

Langa pasatu ondoren jarraitu behar den bidea, argazki honetan ere erreferentzia bezala izan behar den elektrizitaterako zutabea adierazi dut.


Elektrizitaterako zutabera iristeko, bideak "Z" handi bat egiten du. Baserria atzean utzi ondoren bideak eskuinera egiten du borda txiki baten ondora iritsi arte.

Borda txikira iristen.


Bordaren parean bideak ezkerrera jo eta diagonalean maldaren amaieran haritz bakarti baten eskuinean dagoen metalezko langara iristen da.

Metalezko langara eramaten duen maldaren hasieran.


Metalezko langara iristen, honen eskuinean dagoen haritz bakartia ikusi daiteke.


Langa zeharkatu ondoren malda lautu eta esfortzu handirik gabe baserritik erreferentzia bezala hartutako elektrizitate zutabera iritsi ginen. Bertatik, gora doan bidea hartu genuen aurrean ikusten den bigarren zutabea erreferentzia bezala hartuz.

Lehenengo zutabearen ondoan eta hemendik gora jarraitutako bidea. Bigarren zutabea ikusi daiteke.


Bigarren zutabera iritsi aurretik eskuinera jo genuen zelaiaren gainean dagoen metalezko pasabide batera iritsiz.


Zelaiaren gaineko pasabidea.


"Zemuz zoaz?" Galdetu zidan anaiak, "ba sentsazio arraro batekin baña gutxiñez botagureik eztauket" erantzun nion.

Pasabidea zeharkatu eta zuzen doan bidea hartu genuen eskuinera doana alde batera utzita.


Hemendik aurrera bideak ia ez du aldaparik igotzen eta nahiko goxo doa Agortaraino, korrika erraz egiteko aukera emanez. Anaiak leku ezagunak identifikatzen zituen heinean abiadura azkartuz joan zen: "bakizu, nik kotxea gertu ikustedetenen di-da iritsi beharrauket" esan zidan irrifartsu.

Agortara iristen, kotxeak ikusi daitezke.


Honela, konturatzerako Agortara itzuli ginen.

13:00, Agorta, 620 metro, 33 km. "Zemuz jun da entrenamentue?" Galdetu nion Ikerri. "Ostia ba akojonauta etorri naiz eta uste baño hobe bukau det" erantzun zidan. Gelditzen zitzaigun ur eta janari apurra amaitu, Itziarri dena ongi joan zela esateko deitu eta martxan jarri ginen.

Agortan.


"Hurrengon ibilbide bea etxetik ateata inbeharko deu" esan nion anaiari, "total, 10 kilometro exkax gehio izangoie, jejeje".


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina