AZKEN 10 SARRERAK

2016/09/05

ETXEGARATETIK ARAIARA, ARATZ ETA ELURZULOAK MENDIETATIK PASATUZ. (2016/08/23)

Gustuko ditugu Araiako igerilekuak. Mendi irteera baten edota Eginoko hormetan eskalatu ondoren, bertako ur “freskoak” indarberritu eta eguna lasai eta erlaxatua amaitzeko aukera ematen du. Gainera, eta hori izugarri baloratzen dugu, igerileku lasaia da, jendetzarik izaten ez duena, eta bertan bazkaltzeko aukera ere badago.

Igerileku honekin dugun istorioa luzetik dator: Ordizian bazen Balakataklin deitutako Atsedenaldiko Taldea. Itzi eta biok talde honetan hamabi urteetan parte hartu genuen, nerabe bezala lehenik eta begirale bezala ondoren. Uda bakoitzero Zalduondo herritik gertu dagoen zelaiune batean bi kanpaleku antolatzen genituen. Kanpaleku hauen zati nagusi bat Araiako igerilekuek betetzen zuten, ekintza eta joku asko bertan egin eta aldi berean ur beroarekin dutxatzeko erabiltzen genituelako. Igerileku hauek lehen aldiz 1.987an zapaldu nituen (bufffff!!! Zahartzen hasita nago, jejeje) eta orduz geroztik urtero bertako ur freskoan bainu bat hartzeko ahalegina egin dut. Ia hogeita hamar urte hauetan aldaketak izan ditu noski, baina oraindik ere 13 urte genitueneko kutsua gordetzen du.

Duela hiru urte igerilekura iristeko burutazio bat izan nuen, orduan "udako erokeri bat" bezala deitu niona: Otzaurtetik atera, Aizkorritik Arbelaitzera doan ertz-lerroa egin, Urbiara jaitsi eta, Zumarraunditik pasatuz, igerilekura (honen inguruko erreporra irakurri nahi baduzue hemen klik egin dezakezue). Erronka polita izan zen baina Aratz igo ez izanak ibilbidea umezurtz gelditu zela sentitu nuen.

Honegatik, duela hiru urte baino sasoi hobean nagoela aprobetsatuz, 2013an egindako ibilbideari Aratz, Elurzuloak eta Aiztontor altua batu nahi nizkion ibilbidea borobiltzeko. Honetaz aparte, ibilbideari hasiera Etxegaraten eman nahi nion kotxea utzi eta jasotzeko prozesua erraztu eta ibilbidea luzatzeko. Ikerrekin hitz egin eta, kontutan izanda bi egun lehenago 33 kilometroetako mendi-ibilbidea egin genuela, gehiegitxo izango ez ote zen esan zidan. Hau ikusita, ibilbidearen aukera motzagoa proposatu nion: Etxegaratetik atera, Aratz eta Elurzuloak mendiak Zegama-Aizkorri maratoiaren ibilbidetik igo eta hemendik zuzenean Araiaraino.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Etxegaratetik atera eta GR-121 ibilbidea jarraituz Otzaurteraino iritsi ginen, hemendik aurrera Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen ibilbidetik Aratzera iristeko. Aratzetik Elurzuloak mendira igo eta honen iparraldean dagoen lepoan pagadian sartu ginen (hego-mendebaldera) Azkosaroira jaitsi eta hemendik, GR-120 eta PR-A 3012 ibilbideak jarraituz, Araiara iristeko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 20,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Araia, 605 metro.
- Punturik altuena: Aratz, 1.443 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.200 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: Ibilbidean bi iturri topatu genituen: Otzaurtekoa eta Araiara iritsi baino 4 km lehenago (16,5 kilometroan) dagoen Iturriotz iturria.
- Zailtasuna: Bideak ez dauka inongo zailtasunik, baina behe-laino edota elurrarekin maratoiaren markak jarritzea zaila izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 3 ordu eta erdi "lasai" joanda. Tarte asko korrika txikian egin genituenez, ibilbidea oinez egin nahi bada, denborari dagokionez komeni da kontutan izatea.

OHARRA: Bidea udan egiteko aproposa izan daiteke ia bere osotasunean itzalpean joango gara eta.

Bidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Hasieran esan bezala, kotxea Etxegarateko mendatean utzi genuen. Etxegarate, N-1 errepidea jarraituz Gipuzkoa eta Nafarroa artean (Gipuzkoan dago baina Nafarroako mugatik gertu) dagoen mendatea da eta bertan dagoen jatetxe nahiz gasolindegian kotxea uzteko lekuak topatu daitezke.

DESKRIBAPENA

Elurzuloak eta Argorri mendien arteko leporaino doan ibilbidea bi erreporretan zehatzago deskribatuta ditut, beraz saiatuko naiz ahalik eta azalpen gutxien ematen.

- Etxegaratetik Otzaurtera joateko bidearen deskribapen zehatzagoa irakurtzeko hemen klik egin dezakezue.

- Otzaurtetik Elurzuloak eta Argorri mendien arteko lepora iristeko jarraitutako ibilbidearen deskribapen zehatzarako hemen klik egin dezakezue. Dena den, 2016ean Zegama-Aizkorri maratoiaren ibilbidean, Ultzama eta Anarri errekaren arteko jaitsieran aldaketak egin ziren: ordurarte, Ultzamatik behera zuzen egiten zen (hego-mendebaldeko norabidea jarraituz). 2016ean aldiz, Ultzaman ibilbideak ipar-ekialdeko norabidea hartu, Unamuno mendia hegoaldetik inguratu eta ia Beundera iristear gaudela bideak hegoaldera jotzen du errekaraino. Erreka egurrezko zubi batetik zeharkatu ondoren, Urdalur urtegitik datorren pistara iritsi eta 2016 urtera arte jarraitu den ibilbidearekin bat egiten da.

07:30, Etxegarate, 640 metro, 0 km. Eguna oso beroa zetorrenez goiz gelditu ginen. Ibilbidea betetzeko lau ordu eta erdi inguru beharko genuela aurrikusita nuen, honela eguzkiak gogor jotzen hasten zuenerako igerilekuan izateko. Kotxea Etxegaraten utzi, eguzkitarako krema eman eta hego-haizearen eraginpean martxan jarri ginen: "Hemen haizea badabil eztet imajinatu nahi Aratzen nola ibilikoen" esan nion Ikerri. Aratzen haizerik gabeko eguna topatzea zaila izaten da eta gainera haizeak askotan gogor jotzen du. Hau kontutan hartzea garrantzitsua izaten da batez ere neguan egiten diren igoeretarako, pasatu daitekeen hotza izugarria izan daiteke eta.

Irtetzeko prest.


"kotxek zenbat gradu markatze zittun?" Galdetu zidan Ikerrek atera bezain pronto. "Hogei ustet", erantzun nion. Hego-haizeak gutxienez bero sentsazioa nolabait uxatzen zuen eta Nagirizperaino (guk beti "Maizpe" bezala ezagutu duguna) nahiko arin joan ginen. Hego-haize egunek izaten duten gauza ederra mendiek egunsentian hartzen duten kolore gorria izaten da. Nagarizpera iristear geundela Aizkorri gorri-gorri jarri eta egunsenti ederraz gozatzeko aukera izan genuen, pena leku altuagoa ez izatea Aizkorriri argazkiak egiteko.

Nagirizpera iristen, atzean, erdi izkutuan, Aratz eta Aizkorriko mendi ezagun batzuk. Gorriz, jarraitu genuen bidea.


Haizeagatik babestutako tokietan beroa somatzen zen, maldan gora batez ere, ezinbestean izerdituz: "gaur bazpare hobe poliki juten bagea ur beharrak gutxitzeko, Otzaurtetio aurrea eztet uste iturrik daunik eta" esan nion anaiari.

Aizkorri Otzaurtera iritsi aurretik, egunsentiko kolore gorria dagoeneko joana zegoen.


08:05, Otzaurte, 671 metro, 4,2 km. Bentaren ezkerreko (ibilbidearen norabidean) iturrian gelditu eta gogoz hidratatzeko aprobetsatu genuen.

Otzaurteko iturrian, zuhaitzan Zegama-Aizkorri maratoiaren puntu hori adierazgarria ikusi daiteke.


GI-2637 errepidea gurutzatu, maratoiaren bidea hartu eta Otzaurtetik gora doan lariztian sartuta geundela, bapatean geunden lekutik metro gutxira orkatz famili bat lasai-lasai pasa zen. Orkatzak segurtasun metro batzuen ondoren gelditu eta elkarri begira gelditu ginen behar ez zen lekuan zein egongo ote zen pentsatzen arituko bagina bezala.

Kontu handiz argazki kamara atera eta ahalik eta zarata gutxien eginez argazki pare bat egitea lortu nuen. Hala ere, basoaren iluntasunak ez zidan fundamentuzko argazki bat egiten utzi eta orkatzek azkenean, argazkiak egiteko denbora luzeegi jarrita egon zirela erabaki zutenean, agertu bezala desagertu ziren.

Orkatzen kontua ahotan, ibilbidea eragozpenik gabe joan zen Ultzamara iritsi ginen arte.

08:25, Ultzama, 821 metro, 6 km. Ultzamara iritsi eta pilotu automatikoari jarraituz Anarri errekara zuzen jaisten hasi nintzen: "Ehhh!!! Markak hemen goien dareee!!!" Oihukatu zidan Ikerrek atzetik. "Hor? Bidea hemendio behera dijota" erantzun nion. Lurrera begiratu eta, ezabatzeko helburuarekin edo, harkaitz batean gainetik grisez margotutako maratoiko marka zaharra ikusi nuen. Atzera begiratu eta Ikerri berehala esan nion: "ez altzuten ba aurten bidea aldauko?". Atzera buelta egin eta Ikerrek topatu zuen markara iritsi nintzen: "gañea gezie eta dena dauketa, jejeje".

Ultzaman dagoen marka. Geziak adierazten duen bezala eskuinera jo beharko dugu.


Geziari kasu eginez ipar mendebaldeko norabidea hartu genuen, mendiaren belarrezko ertza jarraituz.

Ertzan, argazkian Unamuno mendia ikusi daiteke.


Gain bat igo ondoren, Unamuno mendira igo aurretik bideak ertza eskuinean utzi eta, Unamuno mendia hegoaldetik inguratuz, zeharkako bide bat hartzen du, baina zati honetan markak galdu genituen. Topatutako azken markara itzuli eta minutu batzuetan mendian gora eta behera aritu ginen hurrengo markaren bila. Azkenean momentu horretan logikoena iruditu zitzaiguna egin genuen: Beundetik datorren pistara zuzen jaitsi (azpian ikusten genuen eta) eta Beunderako norabidea hartu: "total, punturen baten bideak pista pasako du". Ibilbidea deskargatzen baduzue hau kontutan izatea komeni da, zati honetan guk jarraitu genuen ibilbidea maratoiak jarraitzen duena ez da eta.
 
Pistan 150 metro pasatxo egin eta ia Beundera iristear geundela markak berriro topatu genituen: "joer ba animalin batek eo markak botako zitun, zeatio ez da normala bide hau hain tarte luzen markaik gabe egotea" komentatu genuen. Pista utzi, bazkaltzeko mahai eta erretegien artean hego-mendebaldeko norabidean jarraitu eta ibilbideak lotsagabe behera jotzen du, hegoaldera, Anarri errekaraino. Egurrezko zubi batetik pasa, eta Urdalur urtegitik datorren pistara iristearekin batera, aurreko urteetako maratoiaren ibilbidearekin bat egin genuen.

Egurrezko zubia zeharkatzen, aurrean pista nondik doan antzeman daiteke.


Dagoeneko "terreno ezagunean" (jejeje) bidea beste lasaitasun batekin hartu genuen eta ahal izan genuen ur eta indar gehienak gordez Aratzeko gailurrera iritsi ginen. Bidean, Jordik Txindokiko ertza eskalatu genuenean esan ziguna gogora ekarri genuen: "Bide hau hain ederra izanda zein mendizale gutxi ibiltzen den. Galdutako bide horietako bat dirudi". Gutxienez mendi lasterkari batzuk noizik eta behin bide honetan ikusten dira. Gure kasuan, neska gazte korrikan bizi-bizi ikusi genuen.

Bidean ikusi daitekeen mugarrietako bat.


Aratzera iritsi aurretik dagoen pasabide eder eta ikusgarrietako batean. Hemendik pasatzen garen bakoitzean hormetara begira gelditzen gara eskalada-bideak irudikatuz.


Pagadia atzean utzi eta gailurrera iritsi aurretik, mendi honetan ohikoak diren haize boladek agurtu gintuzten: "gutxiñez oiangoz ezteu beroik pasa" esan zidan Ikerrek. "Gañea hemen haizea fiñe dabil" erantzun nion.

10:10, Aratz, 1.443 metro, 13,9 km. Gailurrera haize artean iritsi eta bertan atsendentxo bat hartzeko denbora hartu genuen.

Aratzeko gailurrean. Argazkian Elurzuloak mendiraino doan bidea margotu dut.


Mendi-zuloetan beroa pasatu arren, gailurrean haizearen eraginez gustura egoten zen, bero handirik pasa gabe; izan ere, gailurrean denbora luzean egon gabe martxan jarri behar izan genuen haizearen eraginez hozten hasita geunden eta: "Hemendio Araia zenbatea eongo da?" Galdetu zidan Ikerrek. "Joer, ba nik uste nun honea hiru ordu ingurun iritsiko ginela, ta hemendio behera ordu t'erdin, baña oain eztakit ba" erantzun nion.

Aratzen maratoiaren bidea utzi eta Elurzuloak arteko zatia di-da batean bete genuen. Tartean Elurzuloak mendiari jaramonik egin ez zion mendizale bat gurutzatu genuen: "Hau, Gaztelu mun, ahaztutako mendi hoitakoa izangoa, ta deskuidauezkeo jende asko honea ezta igoko" esan nion Ikerri.

10:18, Elurzuloak, 1.431 metro, 14,1 km. Denbora asko "galdu" gabe, argazki batzuk egin eta beherako bidea hartu genuen.

Elurzuloak.


Elurzuloak menditik behera jarraitu genuen bidea, Argorri eta Aizkorri mendiak ikusi daitezke.


Bideak ipar-mendebaldeko norabidean jarraitu genuen eta bost minutu eskasean Argorri eta Elurzuloak mendiek osatzen duten lepora iritsi ginen. Hemen maratoiaren bidearekin berriro ere topo egiten da, baina oraingoan, San Adrianera doan bidea hartu beharrean (ipar-mendebaldera maldan gora doan bidea, maratoiak jarraitzen duena), ezkerrera bihurgunea egin eta, pagadian sartuz, hego-mendebaldeko norabidean doan bidea hartu genuen.

Argorri eta Elurzuloak mendien arteko lepoan. Gorriz jarraitutako bidea.


Pagadian egiten diren lehen metroetan.


Ondo zapaldutako bideari jarraituz, lepotik hiru minutu eskasera pagaditik atera eta Azkosaroi saroira iritsi ginen (10:26).

Azkosaroi saroian.


Bertako indikazio postera hurbildu eta, Araiara iristeko GR-120 eta PR-A 3012 ibilbideak jarraitu behar zirela ikusi ondoren, GR eta PR marken atzetik hasi ginen saroia luzean zeharkatu eta berriro ere pagadian sartzeko.

Indikazio postea eta jarraitu genuen bidea.


Bidea pagadian sartzen den lekuan.


Hemendik aurrerako bideak galtzeko arriskurik ez dauka oso nabaria da eta. Gainera, bideak malda handirik ez duenez, korrika egiteko aproposa da.

GR markak jarraitzen.


Azkosaroi atzean utzi eta minutu gutxietara espero ez genuen Iturriotz iturrira iritsi ginen.

10:35, Iturriotz iturria, 990 metro, 16,5 km. "Ostia ze ona, iturri bat!!!!" Esan nion anaiari, basamortuan oasi bat topatu izan bagenu bezala. Ur-botilatxoetan genuen ur guztia edan eta iturria erruz hidratatzeko aprobetsatu genuen, bertan zeuden behien begiradapean. Ura genuenez barratxo bat jan (ur eskasarekin zaila izaten baita barratxoa irenstea, jejeje) eta atseden laburra egiteko ere aprobetsatu genuen.

Iturriotz iturrian, atzean bertako indikazio postea ikusi daiteke.


Indikazio postea gertuago.


"Oaingoz bide earra, eh?" Esan nion anaiari. "Joer, ba bai, ta gañea ia denbora guztin itzaletan". Argaki batzuk egin eta bideari ekin genion, orain arte bezala, GR-120 eta PR-A 3012 ibilbideen markak korrika txikian jarraituz.

Bidea oso ondo adierazita dago eta bidegurutzeetan indikazio posteak daude.


Argazkian ikusten den bidegurutzera iritsi ginenean bide beretik ere PR-A 3011 bidea doala ikusi genuen, beraz, baliteke Iturriotz iturritik behera GR-120, PR-A 3011 eta 3012 bideak batera Araiara iristea.


Pagoak pixkanaka haritzari paso eman eta beheraka gindoazen heinean beroa ere handituz joan zen nahiz eta itzalpean jarraitu. Azpilletatik pasa ondoren Zirauntza errekaren iturburura doan bidegurutzera iritsi ginen.

Azpilletan.


Zirauntza iturburura doan bidegurutzean, bertan indikazio poste bat dago. Gorriz, jarraitutako bidea.


Zirauntzaren iturburura joateko bidegurutzeko indikazio poste "erdi-izkutua".


"Jungo al gea nazederoa ikustea?" Galdetu nion anaiari. "Nahiagoet zuzenen piszinara jutea, bero dauta" erantzun zidan. Iturubururako bisita beste baterako utzi, pista bat pare bat alditan gurutzatu eta, porlanezko pista batera iritsi ginenean, gure ezkerrean Ajuria lantegi zaharra eta Araiako lehen etxebizitzak azaldu ziren.

Pista gurutzatu genuen lehen aldia...


... Bigarren aldia...


... Eta pistara iritsi ginen hirugarren aldia. Argazkian ikusten den edozein bide jarraituz leku berera azalduko gara.


Araiako lehen etxebizitzetan.


11:00, Araia, 605 metro, 20 km. Araiara iristearekin batera haize eta itzalaren babesetik atera eta ibilaldi osoan pasatako berorik handiena sentitzen hasi ginen. Salsamendi, Askazubizar eta Goikoetxe kaleak pasatu, igerilekuetara doan errepidera (Araia eta Zalduondo herriak lotzen dituena) iritsi eta, bost minutuetan, igerilekuen sarrerara iritsi ginen ibilaldiari amaiera emanez. Erlojua begiratu eta 11:05 zirela ikusi nuen: "Joer, uste baño ordubete leno iritsi geata" esan nion anaiari.

Araiako kaleetan eta jarraitutako bidea.


Igerilekuetara joateko errepidean, herrian dagoen indikazio postea atzean utzi ondoren.


Igerilekuetan. Sarreraino egin behar den bidea margotu dut.


"Zemuz?" Galdetu zigun Itzik. "Ondo" Ikerrek "gañea ia bide guztin itzala dau ta Araia arte ezteu beroik pasatu". Merezitako dutxa eta igerilekuan hankak freskatu ondoren (adituek korrika saioen ondoren hankak ur hotzetan sartu behar direla aholkatzen dute), ibilbidea garagardo hotz batekin ospatu genuen (hau ez dute adituek gomendatzen baina hankak ur hotzetan sartzea baino atseginagoa da, jejeje).

Eguna, pasta entsalada bat bazkaldu, merezitako siesta egin eta igerilekuan plisti-plastan amaitu genuen. Orain, igerilekuetara iristeko Aratz eta Aizkorriko ertz-lerroa elkartzea bakarrik falta zaigu, baina hori igerilekuetara joaten garen hurrengoan izan beharko da, jejeje.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina