AZKEN 10 SARRERAK

2017/03/12

ACONCAGUA 2016-2017: 8. ACONCAGUATIK IHESI

"Mendia nire indarra da, hobekien sentitzen naizen lekua; baina bizirik sentiarazten nauena maite ditudanak dira, beraiek dira ibili ahal izateko arnastu eta behar dudan airea" Miriam Garcia Pascual.





Bigarren egunez jarraian haizeak gau osoan zehar denda kupidarik gabe astindu zuen, aluminiozko eskeleto eta tenkatzaileak behartuz. Orain arteko aurpegi maitagarria izkutatu eta Aconcagua haserre zegoela zirudien, Coleran muntatutako dendak batera eta bestera okertuz, gainetik kendu nahiko balitu bezala. Hotza egiten zuen, espedizio osoko hotzik handiena dudarik gabe, eta dendatik kanpo haizearen txistua besterik ez zen entzuten. Haize ufadek esnatu arren, denbora luzean lo egin nuen. Burua eta arima bakean nituen, ez zegoen haserrerik ezta buruko minik ere. Zalantzarik gabe orain arteko lorik indarberritzaileena Coleran pasatako azken gauekoa izan zen. Gaurko ibilbidea Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentuan amaituko zenez, kanpamentua uzteko presarik ez zegoen, izan ere, iratzargailurik ere ez genuen jarri. Gelditzen zitzaigun janaria Ibon eta Arkaitzen dendan zegoen eta termoan eramateko Capuccinoa lauontzat prestatuko zutenez, gosaria prestatzeko ere ez genuen denborarik "galdu" behar.

Esnatu bezain laster kanpoan utzitako materialarekin gogoratu nintzen: "haizek etzittun ba motxila ta bastoiak eramango?" Galdetu nion anaiari. "Esperoet ezetz baño ez bate harrittu" erantzun zidan lo zakuaren barrutik. Pixontzia husteko aitzakiarekin dendaren ondoan utzitako materiala bere lekuan zegoela egiaztatu nuen. Zerua itsasoak izaten duen urdin ilunez jantzita zegoen eta haizeak, inguruak gogor astinduz, erdi-makurtuta ibiltzera behartu ninduen. Dendan sartu nintzenerako eskuak hotzagatik minduta nituen: "Rediosss ze hotza itteon!!!" esan nion Ikerri eskuak berotzen nituen bitartean.

Dendaren barruan ahal izan genuen guztia biltzen hasi ginen. Lo zakuak biltzen ari ginela Ibon azaldu eta janariaren banaketatik zegokiguna eman zigun. Gauean dendaren barruan termometroak -14C graduetara iritsi zela esan zuenean, kanpoko sentsazio termikoa -30Cº ingurukoa izan zitekeela kalkulatu genuen. Hobe sentitzen zen baina gau osoa pixa egiten pasa zuen, atzo jarritako botikaren ondorioa dudarik gabe. Hotzagatik ez zen denbora luzean egon eta berehala alde egin zuen dendaren kremailera itxiz.

Denda barruko gauzak bilduta, Ikerri dendan gelditzeko eskatu eta, gailur egunean eraman nuen arropa guztia jantzita, motxila prestatzera atera nintzen. Haize izoztuak aurpegian min egiten zuen, begiak erdi-ixtera behartuz, irekita izanez gero begietan min egiten baitzuen. Motxila erosoago manipulatzeko eskularru fin batzuk bakarrik jantzita nituen, huts barkaezina, denbora gutxian hatz-mamietan mina sentitzen hasi nintzen eta. Mina pixkanaka handituz joan zen, hatzetara odolik iritsiko ez balitz bezala. Denda barrura sartu eta, belauniko, Mekari otoitz egiten arituko banintz bezala, eskuak berotu nahian hasi nintzen: "Ayyyyyyyy!! Ayyyy!!" arnasestuka kexatzen nintzen eskuak gorputzaren kontra igurtziz. Igurtziak indarrez egiten nituen baina eskuak ez ziren berotzen. Burutik pasa zitzaizkidan mugimendu eta neurrien ondoren, eskuak hanka tarte eta, plumiferoaren barrutik, besapeetan sartuz, beroa eta mugimendua oso poliki berreskuratzen nuela sentitzen hasi nintzen, eskuin eskuko behatz batean ezik. Eskuak berotu nahian nebilela Iker motxila prestatzera atera zen, baina bera ere denbora gutxira itzuli zen: "Ostiaaa, hau da hotzaaaa!!!" kexatu zen, "buffffff, hanketako hiru behatzetan kriston miñe dauket". Motxilak denda barruan sartu eta trasteak presaka eta inongo orden edo konturik gabe sartzen hasi ginen. Bata hatzetako minez, bestea behatzetako minez, dendatik atera eta ahalik eta azkarren desmuntatzeko ordua iritsi zen.

Aluminiozko hagaxka eta iltzeak kendu bezain pronto denda haizearen mende gelditu zen, lehortzen jarritako alkondararen moduan. Elkarri oihuka aritu beharra genuen, haizeak gure hitzak urrun eramatetik aparte, dendaren astinduen zalaparten gainetik ez baitzen ezer entzuten. Ikerren laguntzarekin sabaia dendaren zorroan eta denda motxilaren barruan edozein moduan sartzen nituen bitartean, berak hagaxka eta iltzeak jaso zituen. Honetan ari ginela haize ufada batek plumiferoaren txapela kendu zidan. Txapela bere lekuan jarri arteko denbora laburrean belarriak hoztu eta izugarrizko mina sentitzen hasi nintzen: "hoixe behar det, eskutatio aparte belarrik izoztea" pentsatu nuen. Hotzak akabatzen, gosaltzea ere "ahaztu" zitzaigun eta buruan genuen gauza bakarra handik ihes egitea zen. Lurrean gelditzen zen materiala ahal  genuen moduan motxiletan sartu edo alboetan zintzilikatu genuenean, ziztu bizian Coleratik alde egin genuen.

Coleratik beherako lehen metroak izan ziren konplikatuenak. Teknikoki zailak izan gabe kontuz ibili beharrekoak ziren eta jaitsiera errazteko harkaitzean zirga bat lotuta zegoen. Motxilen pisu eta haizearen indarragatik kontu handiz jaisten hasi ginen, pausuak poliki emanez, kamera geldoan mugituko bagina bezala. Beldur pixkat ere pasa nuen, eskuak minberatu eta gogortuak nituenez, irrist eginez gero zirga sendo eusteko kapaz izango nintzenik ere ez nekielako. Pasabidearen amaierara iritsi nintzenean arnasa sakon hartu nuen arrren, denborarik galdu gabe, haize eta hotzarengatik ihesi, ahalik eta azkar eta zuzenen "Nido de Cóndores" kanpamentura jo genuen.

Gure atzetik izurrite bat etorriko balitz bezala jaisten ari ginen, atzera begiratu gabe. Haur nintzela, Felix Rodriguez de la Fuenteren "El hombre y la tierra" saioetako batean "¡¡El lobo!! ¡¡El lobo!!" oihukatuz korrika azaltzen zen artzainaren saioa eta eszena burura etorri zitzaidan.

Zirga atzean utzi ondoren. Nire aurpegia pasatzen ari nintzen hotzaren adierazgarri.


Beherago, Nido de Cóndores kanpamentuaren gainetik.


"Nido de Cóndores" kanpamentura iritsi ez arren, Plaza Argentinaren isurialdean dauden goiko kanpamentuekin alderatuta, handia iruditu zitzaidan, heliportu eta guzti. 100-150 metro inguru eskuinera utzi eta, hotzak jota, ihesaldiarekin jarraitu genuen. Metroak galdu ahala haizearen indarra baretuz joan eta beroaren sentsazio goxoa berreskuratzen hasi nintzen: gorputza izan zen berotu zen lehena, hatzak aldiz, hotzak izan arren, gutxienez mugitzeko gai nintzen: "oain ulertzet Everesten dendak uzten dutenak" esan zidan Ikerrek, "gaur ordaindu ta dena ingo nuke norbaitek denda desmontatzeagatik".

Nido de Cóndores atzean utzita "Cambio de pendiente" deituriko lekura bero-bero iritsi ginen. Kanpin-dendak muntatzeko prestatutako lekuetako batean motxilak utzi eta atseden hartu genuen. Baraurik, urdailak ederki eskertu zuen janarien hondar eta Arkaitz eta Ibonen termotik edandako Capuccino beroa. Hatz bat ezik eskuak beroak nituen, gorputza aldiz, izerditzen hasita zegoen. Nork esango zuen ordu bete lehenago izoztuta izan ginela. Arkaitzek haizearen eraginez dendan tenkatzaile pare bat moztu eta zuloren bat ere bazegoela esan zigun: "gure denda itxuraz ondo zeokela esango nikek" erantzun zion Ikerrek. Gosea nolabait engainatu, soberan genuen arropa erantzi eta, hala nola motxilan lotu ondoren, martxan jarri ginen.

Cambio de Pendiente lekuan gehiegizko arropa gordetzen.


Atsedenaren ondoren, martxan jartzear.


Aconcaguaren haserrea baretzen hasita zegoela zirudien eta, hotzik ez genuenez, Iker eta biok jaitsiera lasai hartu genuen. Ibon eta Arkaitz aldiz, Aconcagua berriro ere haserretuko zelakoan, orain arteko ihesaldiarekin jarraitu zuten, pixkanaka urrunduz. Atzean gelditu arren, oraingoan ez nuen ezer sentitu; ez amorraziorik, ez haserrerik, ez ezer, beharbada dendak muntatzeko lekurik hartu behar ez zelako.

Anaia eta biok maldan behera.


Nahiz eta hasiera batean malda gozo eta erosoa izan, pixkanaka tentetzen joan zen, batez ere Plaza Mulas maldaren amaieran ikusten hasi ginenean. Desnibel antzekoa izanda ere, Plaza Argentinatik doan bidea baina maldatsu eta malkartsuagoa iruditu zitzaigun. Tartean kontu handiz elurtegi edo glaziar hondar batzuk zeharkatzen genituen eta, harritxintxarren gainetik, pausu bakoitzarekin mendia gure oinen azpian nola hausten zen sentitzen genuen. Jaitsierak Eginoko Aztoretik behera doan ohiko jaitsiera gogoratu zidan.

Goi-mendiko botekin ibiltzeko leku ezerosoa izanda, baldar xamar gindoazen, iztarrak eta sorbaldak ederki zigortuz, azkenekoak motxilan pisua edozein moduan banatuta eramatearen ondorioz. Plaza Mulas ikusi nuenetik iritsi ginen arteko denbora oso luzea egin zitzaidan eta, basamortuetako oasien antzera, jaitsi ahala urruntzen zela zirudien, iristeko gogo bizia nuenaren seinale. Coleratik atera eta bi ordu ingurura, sorbaldak txikituta eta egarriz, kanpamentura iritsi ginen.

Plaza Mulas kanpamentua. Zenbat kostatu zitzaigun bertara iristea!!


Plaza Argentina ikusi nuenean herri txikiaren irudia izan banu ere, Plaza Mulas herri handi bat iruditu zitzaidan, herri handietako luxu eta erosotasun guztiekin, helikoptero zerbitzua eta 4G konexioa eta guzti. Egun batzuk beranduago Mendozan Heberrekin izan ginenean, Plaza de Mulasen bere etxean baino konexio hobea zuela esan zigun. Hemen ere espedizioetako agentzia bakoitzak bere kokalekua zuen, honegatik, Inkaren domoak identifikatu bezain pronto, bertara zuzendu ginen.

Kanpamentuaren iparraldera egindako argazkia. Inkaren domo bereziak ikusi daitezke.


Kanpamentuak hiri bateko etorbide nagusia jai egunean zirudien, mendizale eta langileak gora eta behera, itsuraz inongo orden edo zentzurik jarraitu gabe. Kanpamentuko gehienek, gu bezala, gailur saiakera urtarrilaren 7an egina zutenez, goiko kanpamentuetatik bueltan, Plaza Mulas pixkanaka betetzen hasita zegoen langileen lana biderkatuz. Urtarrilaren 8an Inkako gunean bakarrik, 120 mendizale eta 30 langileentzat otorduak prestatuko zituzten. Gure bitartekaria Lorena zen, neska beltzaran, irrifartsu eta atsegina. Sukaldeko atarian egindako ongietorri beroaren ondoren Arkaitz eta Ibon zeuden domora lagundu zigun.

A zer nolako lasaitua motxila gainetik kendu nuenean. Motxilak domoaren bazter batean utzi eta, denborarik galdu gabe, Inkakoek ekarritako zukuekin hidratatzen hasi ginen. Plaza Argentinatik bidalitako petateak bertan zeuden, beraz, lau egunen ondoren, arropa garbia jartzeko aukera izango genuen. Bi ordu pasatxo jantzita izan arren, mendiko botekin kokoteraino nengoen. Petatetik zapatilak atera eta jantzi nituenean deskribatzen zaila den plazerra sentitu nuen: "denbora luzerako botak akabo" pentsatu nuen. Bazkaltzeko kristoneko bi enpanada ekarri zizkiguten, urdaiazpikoduna lehena, begetala bigarrena. Hasieran bakarra jango genuela pentsatu arren, euskaldun petoen moduan, biak di-da batean asetu arte irentsi genituen. Eta enpanadekin batera oinarrizko kanpamentuan egotearen beste plazer bat: garagardo freskoa. Horrela bai bizi!!!

Botak domoaren kanpoan Aconcagua zaindari dutela.


Bazkaltzen eta zintzurra freskatzen.


Bazkaldu ondoren arazo burokratikoak hasi ziren, zibilizaziora hurbiltzen ari ginenaren seinale: kanpamentua beteta, litera guztiak emanda zeuden eta bi kanpin-dendetan lo egiteko aukera eman ziguten: "gutxiñez koltxoi baten gañen lo ingodiau" esan zuen Arkaitzek dendak ikusi aurretik. Normalean hala bada ere, koltxoi guztiak ere banatuta zituzten, beraz, beste behin esteren gainean lo egin beharko genuen. Kanpin-denda ordea, zabal eta ederra zen, OZARK etxekoa, The North Face etxeko VE-25 denda ezagunaren imitazioa. Lo egiteko trasteak eraman eta domora itzuli ginenean, azken lau egunetako arropa zikina erantzi eta arropa garbia jantzi genuen. Eskuoihal eta ur pixkatekin gorputza nolabait garbitu eta arropa garbia janzteak izugarrizko plazerra eman zidan, gorputza ez ezik arima ere garbitu banu bezala. 

Plaza Mulaseko hotela.


Hurrengo pausu burokratikoa parke zaindarien eraikinera joatea izan zen, poltsa zuri eta laranjak entregatzeko. Bertan, gailurrera igo zirenen izenak hartu eta poltsak eraikinetik metro batzuetara zegoen edukiontzira bota genituen. Gorputz eta motxiletako zabor, hondakin eta kaka guztiak kenduta, purifikatu sentsazioarekin domorako bidean gindoazela Ari ikusi genuen. Haizearen eraginez lau bezeroekin Coleratik jaitsi berria, Heber beste bezero batzuekin gailurrerako bidean zela esan zigun. Oraindik gailurrera iristerik izan zuen ez bazekien ere, Heberrengan konfidantza osoa zuela esan zigun.

Plaza Mulas eta Aconcagua.


Arikin hitz egin ondoren, 4G konexioa aprobetxatuz, domotik atera eta Itziri telefonoz deitzera ausartu nintzen. Eta ausartu hitza propio idatzi dut berarekin negarrik egin gabe hitz egitea kapaz izango ez nintzela banekielako, ez harrotasunagatik, literalki hitz egiteko kapaz izango ez nintzelako baizik. Mendozatik irten ginenetik bere ahotsa entzun gabe nengoen eta, solasaldiak iraun zuen denboran, espedizioan bizitako momentu on eta txarrak kontatzen saiatu arren, behin baino gehiagotan negar egin nuen. Eguzkia bitartean Aconcaguaren gailurra gorritzen hasita zuen eta inguratzen ninduen edertasuna ikus eta sentiarazi nahi nion: "triste zare?" Galdetzen zidan behin eta berriz. "Ez, negargurea dauket, besteik ez" erantzuten nion malkotan, ondotik pasatzen zirenen begirada arraroetatik ihesi. Barruan nituen korapiloak askatuta nituen eta emozioen ate eta leiho guztiak parez-pare irekiak nituen. Egun hauetan bakarrik sentitu zela esan eta malkoei eutsi nahian zebilela iruditu zitzaidan. Momentu horretan bitan pentsatu gabe gainean nituen hondasunak ere emango nituen bere ondoan egon eta besarkatzeko, etxeko atarian biluzik azalduko banintz ere.

Itzikin hitzegin nuen lekutik egindako argazkia.


Domora itzuli nintzenean lauotatik aparte italiar bikote bat, hauen mendi gidaria, aleman bat eta honen mendi-gidaria zeuden, domoaren biztanlegoa handituz. Ariren bezeroak ezik, bazirudien 7an gailurrera irtendako guztiek lortu zutela, edo gutxienez gure ingurukoek, denek gailurrera igo zirela esaten ziguten eta. Honek berriro buelta azkarregi hartu ez ote genuen pentsatzera eraman ninduen eta, beste mendizaleak zoriontsu ikusten nituen bitartean, momentu batez tristura eta inbidiaren ziztada sentitu nituen. Orduan, egun bat lehenago mendizale gehienak gailurretik Colerara nola iristen ziren gogoratu eta "momentu hortan hartzeik zeon erabakik onena hartu genun" batekin sentimentu negatiboak buru eta gogotik bota nituen.

Plaza Mulasen igandero haragi errea afaltzeko ohitura zegoen, sistema berezia erabiliz: Inkako gunea osatzen genuenok ilaran jarri eta bakoitzari haragi pusketa txiki bat ematen ziguten, zorte pixkatekin haragai eta txorizo pusketa bana. Haragi pusketatxoa jan ondoren, batzuetan domorako bidean (haragi baino hezur gehiagoko zatia bazen), besteetan domoan bertan, ilarara itzultzen ginen prozesua berriro ere hasiz.

Ilaran txintxo eta formal geunden bitartean, lehenengo haragi eta txorizo pusketak mendi-gidari eta bezeroentzat izan ziren, afari banaketaren sisteman lehentasunak zeudenaren seinale. Eguzkia sartu zenetik tenperaturak behera ziztu bizian egin eta, nahiz eta berokiak jantzita izan, hotza pasa genuen. Afaria lau euskaldun asetzeko eskasa izan zen eta, sukaldarien harridurarako, laugarrenez ilaran jarri ginenean, gelditzen zena bereientzat zela esan ziguten afaririk gabe geldituko zirenaren beldurrez. Afaltzen ari ginela Ari eta Luis "Manzanitarekin" hitz egiteko aukera izan eta domo berean zegoen alemaniarraren mendi-gidaria Lito Sanchez beteranoa zela esan ziguten. Gure igoerari dagokionez, Luisek Ibon hain gaizki ikusi ez zuela esan zigun: "¡¡¡No veis, tampoco iba tan mal!!!" esan zigun Ibonek Arkaitzek gailurrera iristen grabatutako bideoan ikusitakoa sinistu izan ez balu bezala.

Domoan jarrita zegoen taxi hegalariaren zerbitzua, garestia izan arren, dirudienez ekologikoa.


Zilar koloreko ilea eta mila zimurrez zeharkatutako aurpegia izan arren, Lito Sanchezen eskuak sendoak ziren. Aurrera eta atzera, galduta zegoenaren sentsazioa transmititzen zuen. Zortzimilako bat igotako lehen argentinarra zen eta, euskaldunak ginela esan genionean, Juanito Oiarzabalen adiskidea zela esan zigun. Bezero alemaniarrarekin batera,  poloniarren bide zuzena eskalatzetik zetorrela esan zigun, baita glaziarraren egoera paregabea zela ere, igoerari garrantzirik emango ez balio bezala. Litokin hitz egiten ari ginela postrea iritsi eta, honen ondoren, Ibon eta italiarretako batek xanpain botilaren kortxoarekin zuten punteriaren erakustaldia eskeini ziguten. Ohitura zen gailurrera iritsitakoen artean kortxoa domoaren leihotik sartuz gero bigarren xanpain botila bat irabaztea, baita biek lortu ere. Bigarren xanpain botilare ordez haragi edo postre gehiago ekarri izan baligute zoriontsuago izango ginen dudarik gabe. Lorenari Horcones arte zenbat denbora beharko genuen galdetzeko aprobetxatu eta, "lo normal son unas ocho horas pero hay quien lo hace en siete incluso en seis" erantzun zigunean, zortziretan gosalduko genuela esan genion. Aurretik mandazainek garraiatzeko petate eta poltsak prestatu beharra genituenez goizeko zazpiak eta erdietan jeikiko ginela adostu genuen.

Etapa honetako ibilbidea deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


Lo zakuetan egin genuen azkeneko gaua epel, eroso eta sakona izan zen, espedizio osoan iratzargailuak esnatu gintuen lehena, ondo lo egin genuenaren seinale. Dendaren kanpoan aspalditik entzun gabeko hots ezaguna entzun nuen: "ez al du ba ebiik aittuko, ez?" Galdetu nion anaiari. Dendatik burua atera eta kanpamentua lainoak estaltzen zuela ikusi nuen. Hotz egiten zuen eta hotzaren ondorioz, langarrak, izotz malkoetan bihurtua, dendaren sabaia jotzen zuen. Lainoak kanpamentuari nolabaiteko itsura misteriotsua ematen zio eta Aconcagua, agurtu nahiko ez bagintu bezala, lainoaren artean izkutatua zegoen, agur esaterakoan gurasoen hanken artean izkutatzen den haur lotsatiaren moduan.

Zerua gris eta tristea.


Dendako trasteak jaso eta petate eta motxilak prestatzera joan ginen. Mandoetan bakoitzak eraman genitzazkeen 20 kiloetara iritsi arte tartea genuenez, anaia eta biok ahal izan genuen guztia petate eta plastikozko zakuetan sartu genuen, jaitsierarako biontzat motxila arin bat bakarrik utziz. Arkaitzek motxila eramatea erabaki zuen eta Ibonek motxilaren "txapela" gerriko poltsa moduan jarri zuen. Traste guztiak pisatu eta dena ongi zegoela egiaztatuta, gosaldu, Inkakoek honetarako prest zuten karpa batetik ibilbiderako janaria hartu eta, Luis eta Lorena agurtu ondoren, goizeko bederatzietan martxan jarri ginen.

Plaza Mulasi egindako azken argazkia.


Leku beretik behera egindako argazkia.


Plaza Mulas uztean ez zen tristura sentsaziorik izan ezta momentu hunkigarririk ere. Kanpamentura azkeneko aldiz begiratu nuen, Aconcagua bere osotasunean ikusiko nuenaren itxaropenean: "ez diguzu igotzen utzi ta etzea agur esatekore azaldu behar?" aurpegiratu nion. Esandakoari jaramonik egin gabe lainoen artean isilik jarraitzen zuela ikusita, hortzak estutu eta, amorratuta, maldan behera bizi-bizi hasi nintzen. Aconcaguara dagoeneko ezerk lotzen ez ninduela sentitu nuen eta, mendiaz aspertu eta asetuta, buruan nuen gauza bakarra Horcones eta Penitentesera ihes egitea zen, dutxa beroa hartu eta ohe batean lo egiteko.

Plaza Mulas atzean utzi ondoren.


Plaza Mulasera iristeko dagoen "Cuesta brava" malda erdi-korrika jaitsi genuen, ultra mendi lasterketa batean izango bagina bezala. Iraganaren eredu zen Refugio Colombiaren hondakinak eskuinean utzi genituen. Dirudienez hemen kokatu ohi zen Plaza Mulas kanpamentu zaharra, elur-jausi batek aurretik eraman zuen arte.

Cuesta Brava jaitsi ondoren, argazkian ez da ikusten baina eskuinean Refugio Colombiaren hondakinak daude.


Goiza freskoa zen baina ez zen hotzik. Jaitsiera oso azkarra egin genuen, atzera begiratu gabe, Coleran laurok hasitako ihesaldiarekin jarraitu nahiko bagenu bezala. Zerbaitegatik geldituz gero, gelditzearen arrazoiaren arabera noski, korrika saio txiki edo luzea egin beharra zegoen taldera iristeko. Zeruak tanta soilen bat bota arren lehor mantentzen ginen eta pausuen hotsaren gainetik Horcones errekaren kantua besterik ez zen entzuten.

Nahiz eta Horcones erreka ondoan izan bailara oso lehorra da.


Confluenciara iritsi aurretik dagoenarekin batera, jaitsiera osoan topatu genuen aldapa bakarrera iristen.


Arkaitz Playa Chicaren hasieran.


Playa Chica zeharkatzen.


Haizea indartuz joan zen baina alde izanda, txirrindularitzako erloju kontrako taldekako probaren moduan, Arkaitz, Iker eta hiruok tartekatuz abiadura bizia mantenduz joan ginen. Gure artean ez zen solasaldi luzerik eta bazirudien hiruon helburua abiadura bizi hori mantentzea besterik ez zela.

Harrigarria bada ere anaiak aurretik.


Horma konglomeratuak.


Playa Chicaren erdian.


Denbora baten ondoren, Ibon, abiadura erosoagoa hartzea erabaki, eta pixkanaka atzean geldituz joan zen. Besteok azkar jaitsi arren, harrigarria bada ere, inguratzen gintuzten mendi eta haranez gozatu eta argazkiak egiteko aukera izan genuen. Ikusmirak ez zuen Vacas errekaren bailararen antzik. Isurialde hau lehorragoa zen, eta inguruko mendien estrato eta lur gorriak erakarri ninduten. Haizeak lur lehorretik izugarrizko hauts olatuak altxatzen zituen, batez ere Playa Chica eta Plaza Ancha lautadetan, gure ibilbidea baino, goraka zihoazen mendizaleen ibilbidea zailduz. Goitik behera estalita zetozten, hautsarekin borrokan, haizearekin borrokan, mendiarekin borrokan.

Bailara lehorra izan arren, noizik eta behin belarra ikusteko aukera genuen.


Playa Anchan.


Metroak oso azkar galdu genituen eta pixkanaka harri eta harearen artean belar eta zuhaixkak ikusten hasi ginen haran honetan bizitzarik badagoela gogoratuz. Hego hormaren oinean kokatutako Plaza Francia kanpamentura doan sakanaren ikusmiraz gozatu eta, denboraren poderioz erdi erdoildutako zubi zaharra pasa ondoren, hamabiak eta hogeiak jota Confluencia kanpamentura iritsi ginen.

Zubiaren aurretik dagoen kartela.


Confluencia, Aconcaguara Horcones sakanetik igotzen direnen lehen kanpamentua zen. Plaza Francia eta Plaza Mulas kanpamentuetara doazen sakanek bat egiten duten zelaigune zabal eta lauean kokaturik zegoen. Zuen tamainagatik mendizale ugari mugitzen zen kanpamentua zela argi zegoen.

Confluenciara iristen, atzeko mendia ikusgarria iruditu zitzaigun. Cerro Almacenes izena duela uste dut.


Mendia gertuago, Vignemaleko eskisto gorriak gogora ekarri zizkidan.


Sarreran zegoen iturritik ur freskoa edan eta, Ibonekin elkartu ondoren, Inkako sukaldea zegoen domora zuzendu ginen. Bertako langileek jan eta edatekoa eskeini ondoren mahai batean atseden hartu eta Plaza Mulasen hartutako janaria jan genuen. Inkako langileetako batek Horconesera zein orduetan iritsiko ginen galdetu zigun, gure bila norbait jasotzera bidaltzeko: "Pues no sé, ¿Cuánto se tarda?" Galdetu genion. "¿Cuánto han tardado para llegar acá? galdetu zigun berak. hiru ordu eta erdi baino gutxiago pasa genuela esan genionean ordu biak eta laurdenetarako iritsiko ginela aurrikusi eta ordurako gure bila norbait bidaliko zutela esan zigun.

Confluenciatik behera destrepatu eta eskalatu behar den errekatxoa pasa ondoren.
Duela urte batzuk hemen izugarrizko lu-jausia gertatu zen.


Bidean behera atzera egindako argazkia, belarra pixkanaka lurrari lekua hartzen.


Confluenciatik behera ihesaldiarekin jarraitu genuen, Arkaitz, Iker eta hiruok bizi-bizi, Ibon lasaiago, Horcones errekaren burrunba gure eskuinean handituz zihoan heinean. Zerua saretuz zihoan eta lehen orduko lainoa mila pusketatan apurtzen hasia zegoen, lurrera eroritako platerraren moduan. Bailarari zegokionez, belarrak pixkanaka  lurrari tartea irabazten hasita zegoen, bidaiaren amaierara iristen ari ginearen seinale. Zubi eseki bat zeharkatu eta, aspaldiko partez, txoriak ikusi genituen. Turista askoko lekuan geundela argi zegoen, ogi papurren eskean izango balira bezala, txoriak gure inguruan oinez zebiltzan eta, hirietako usoen moduan. Txoriei argazkiak egiten ari ginela zubiaren bestaldera Ibon iritsi eta laurok berriro ere elkartu ginen arte.

Zubia zeharkatzen.


Zubiaren bestaldean zeuden txori txikiei argazkiak egiten.


Ibon zubira iristen.


Zubia zeharkatzen.


Zibilizaziora iristen ari ginen eta espedizio osoan lehen aldiz igandezaleak ikusi genituen. Hauek, guk beraiei moduan, harridura aurpegiarekin begiratzen gintuzten, lekuz kanpo nor zegoen pentsatzen arituko balira bezala. Sandalia eta galtza motz garbiak jantzita zeuden bitartean gu goitik behera hautsez beteta gentozen: ze espero zuten ba Aconcaguatik jaitsitako batzuetatik?

Zubitik aurrera pista zabal bat jarraitu genuen Horcones urmaelara iritsi ginen arte.

Horcones urmaelara iristen.


Horcones urmaela.


Lurralde lehorraz inguratua, Horcones urmaelak basamortuaren erdian dagoen oasia zirudien, belar eta ihiz inguratua. Ahatak ez molestatzekon zihoen kartela izan arren ez genuen ahatik inon ikusi, nonbait iparraldera joanda izango ziren. Argazki batzuk egin eta, Horcones urmaela atzean utzi ondoren, Horconesera ordu biak eta laurden ematear iritsi ginen, Confluenciako langileak aurrikusi bezala, nire ihesaldiari amaiera emanez. Zain genuen autobus itsurako furgonetan sartu eta, Parkearen sarrerako eraikinean parkera baimen orrian irteera zigilatu ondoren, autobusak Penitentesera eraman gintuen espedizioari amaiera emanez.

Urmaela zeharkatzen.


Horcones parkean dagoen heliportu eta helikopteroa.


Ibilbidearen amaieran, argazkiaren ezkerrean helikopteroa ikusi daiteke.


Azken etaparen ibilbidea deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


Begiak itxi eta Penitentesen izan ginen egun bakarrean pentsatzen jartzen naizenean, zalantzarik gabe oroitzapenik ederrenak hartutako dutxa beroa, edandako Quilmes garagardo freskoak eta ohean lo egitetik datoz. Gauza asko egiteko aukerarik ez genuen izan, Plaza Argentina eta Plaza Mulasetik iritsitako materiala petate eta motxiletan berrantolatzea denbora luzea eraman zigun eta. Hoteleko WIFIak Itzikin whatsapp bidezko mezu gutxi batzuk elkarbanatzeko aukera eman eta afalostean Mariano Galvanekin mahai baten inguruan garagardo batzuk edateko aukera izan genuen. Coleran izan nuen inpresioa oso ona ez izan arren, Penitentesen izandakoa bestelakoa izan zen, garagardoak izan dezakeen sozializazio funtzioa batzuetan gutxietsita dago dudarik gabe. Sei hilabete beranduago, ekainaren 24an, Euskal Herrian San Juan suen errautsaren usainarekin esnatzen ginen bitartean, Nanga Parbat mendiko Mazeno gandorra eskalatzen ari zirela Mariano Galvan eta Alberto Zerain mendizale gasteiztar indartsuaren arrastoa galdu zen. Astebetez eguraldi txarraren eraginez beraien bila atera ezinik izan ondoren, ekainaren 30ean helikoptero bat beraien arrastoa galdutako lekura iritsi eta bertan elur jauzi ikaragarria izan zela baieztatu zuen, erreskate lanak bukatutzat eta itxaropenak galdutzat emanez. Goian bego bi mendizale handi hauek.

Penitenteseko hotelean sozializatzen.


Biharamunean presarik gabe jaiki eta bigarren dutxa beroa hartzeko aukera izan nuen. Gelako trasteak motxiletan jaso eta, bila etorri zen furgonetan sartu ondoren, Penitentes betirako utzi genuen. Bidaian isiltasuna eta lo kuluxkak nagusitu ziren, batez ere atzean eserita zetozenen artean, solasaldi guztiak amaituta izango balira bezala. Hirurogei urte ongi betetako autobus gidaria ez zen oso hiztuna eta berarekin izandako solasaldia eskasa izan zen. Isiltasuna hautsi zuten hitz gutxien artean Mendoza arteko bidea motza egin zitzaidan.

Hoteleko logelara sartu ginenean petate eta motxilak gelan zehar justu ibiltzeko utzi eta, nekatuta, ohe gainera bota ginen. Zibilizaziora itzuliak ginen, porlanezko mendira, kotxeen klaxon eta zaratak isiltasuna betirako kanporatutako lekura, aire egokitutako lekura eta, azken finean, normalean ihesaldiak hasten diren lekura. Oraingoan ihesaldia hemen amaitzen zen, Aconcaguatik ihesi netorren, nekatuta, aterpe bila. Mendozan aterperik topatuko al nuen?

Hoteleko logela.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina