AZKEN 10 SARRERAK

2017/04/16

ZIORDIA, ARBARA EKIALDEA: "ROCK CIRCUS" BIDEA, 240 m, 5c+, 2017/04/09



Antxon Gorrotxategi Egino eta Ziordian egiten ari den lana eredugarria da. Taladroa bizkarrean, gehiengook harkaitza, sastraka eta zuhaixkak besterik ikusten ez ditugun lekuetan berak eskalada bideak irudikatu, ikusi eta egi bihurtzen ditu. Eta hau gutxi ez balitz, ekipatutako bide hauen guztien zailtasun maila gehiengoon eskuetan dago, nekez pasatzen baitira seigarren gradu magiko eta sikologikotik.

Iaz Ziordian, Ziordiako ezproi famatuaren eskuinean, dagoeneko ekipatu zituen "Irati" eta "Birra Moretti" bideen artean, Javier Barbarin eta Gerardo Bilbaorekin batera "Rock Circus" bidea ekipatu zuen. 2016ko urrian Iñaki Zuzak bere "mendia eta eskalada" blogean argitara eman zuenetik irrikitan geunden bide hau eskalatzeko, txirrindu berria oparitu dioten haurra kalean estreinatzeko gogoz izaten den moduan.

Udaberria aurrera eta inguruko mendietatik elurra aspaldi joanda zegoela ikusita, ez nuen esfortzu handirik behar izan Asier, Iker eta Leku bide hau Aste Santuaren aurreko igandean eskalatzera konbentzitzeko. Larunbatean pasatako beroak buruan, goiz joatea erabaki genuen, horman goizetik eguzkiak ederki ematen diola jakinda.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 240 metro.
Luze kopurua: 6.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategi, Javier Barbarin eta Gerardo Bilbao, 2016an.
Zailtasuna: 5c+. Luzez-luze: 1ºL: II-III (25 m), 2ºL: 5b+ (55 m), 3ºL: 4b-4c (45 m), 4ªL: II (20 m), 5ºL: 5c+ (50 m) eta 6ºL: 5b (45 m).
Orientazioa: Ekialdea, hala ere eguzkiak jotzen duenean bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Ura: Ura Ziordian hartu dezakegu.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
Erabilitako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 14 express zinta (15 eraman arren), zintak bilguneetarako eta bi zinta harkaitz-zubietatik pasatzeko (harkaitz-zubi gehienak soka edota kordinoekin babestuak daude, pentsatzen dut denborak aurrera egin ahala material gehiago eraman beharko dela). Alien semaforoa (baita grisa ere) eta Limcam gorri eta horia eraman arren, ez genituen erabili. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 2h25'.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik-norakoak.


Bidearen krokisa zehatzago. Urdinez azaltzen diren bilguneak rappel puntuak dira, orlegiz azaltzen den bilgunea aldiz, "Pop Circus" bidearen laugarren bilgunea.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Bidearen oina "Irati" bidearen oinatik 20-25 metro eskuinera kokatzen da, "Irati" eta "Birra Moretti" bideen arteko sakonean. Hurbilketarako deskribapen zehatza hemen irakurri daiteke.

Gorriz, kotxea uzten den lekuraino A-1 errepidetik jarraitu behar den bidea eta urdinez jarraitu behar ez dena.


Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 20-25 minutu inguru pasako dugu lasai joanda. Bidearen oinara iristeko bidea oraindik ez da oso nabaria eta sastraka eta belar asko dago, baina bidea eskalatzen joaten den heinean bidexka eginez joango dela ziur nago. Bidearen oinean "Rock Circus" izena zuriz idatzita duen plakatxo gorria dago, eguraldiak zahartutako aitzur batekin batera.

Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera jarraitu behar den bidea hormaren gainetik ikusita.


DESKRIBAPENA

Harrobia ixten duen metalezko langara iritsi ginenean, eguzkiaren lehen izpiek hormei ematen dien urre kolorea hori bihurtzen hasita zegoen: "haizea fiñe zebilek" esan zigun Lekuk kotxetik atera zenean. Haizea, indartsua izan gabe, gorputza hozteko nahikoa zenez, badaezpada haizetarako txamarra jarrita eramatea erabaki genuen: "bazpare bilgunetan ez hozteko" esan nien.

Kotxetik traste guztiak atera eta, pisua denon artean banatu ondoren, martxan jarri ginen, presarik gabe, Ziordiako ezproi ikusgarriaren begiradapean.

Hurbilketaren lehen metroetan.


Aurretik dugun horma eguzkiaren lehen izpiaz argituta.


Hurbilketan "Birra Moretti" bidearen oinean bi eskalatzaile eskalatzen hasteko prest zeudela ikusi genuen: "hoik bai agudo ibili diela" esan zuen Asierrek.

Ziordiako ezproia, ea egunen batean eskalatzen saiatzen garen.


Bide garbirik ez zegoenez zalantza momentu bata izan genuen oinera iristeko. "Mendia eta eskalada" blogetik deskargatutako argazkia erreferentzi bezala hartuta, hormara hurbildu eta "hemen dauuu!!" Oihukatu nien bidearen izena duen plakatxo gorria ikusi nuenean.

Bidearen hasiera non dagoen identifikatzen.


Bidearen nondik-norakoak hormaren oinetik.


Motxiletatik burdin guztiak atera eta, sokak zabaltzen genituen bitartean, sokadak banatu genituen: Mujika anaiak batetik, Asier eta Leku bestetik: "Lehenengo luzea aurretio itteunak luze zalle eskalatu beharko du" ohartarazi nien irrifar maltzur bat ahoan nuela. Motxilatik lau talkie-ak atera eta, denak bateriarik gabe zeudela egiaztatu nuenean, motxilaren babesera itzuli nituen: "usadio zaharren aittu beharko gea, bata bestei oihuka" esan nien.

Ikerri ni aurretik joango nintzela esan eta, Donostiako alde zaharreko tabernetako urdaiazpikoen moduan materiala inguruan zintzilikatutakoan, Ikerri keinu egin eta eskalatzen hasi nintzen beste hiruen begiradapean.

Lehen luzea, II-III, 25 metro. "Rock Circus" izeneko plakatxo gorriaren ondoko harkaitz zubitik zintzilik dagoen kordinoan express zinta eta sokak pasa ondoren zalantzan izan nintzen aurretik nuen harkaitz plaka zuzen edo ezkerretik eskalatu. Ezkerretik errazagoa izan arren, bertan lur asko zegoenez, katuak lurrez ez zikintzeko plaka zuzen eskalatzen hasi nintzen, lehen metro hauek nahi baino gehiago konplikatuz: "joer segundokin!!" esan nion anaiari "hau da hau konplikatzea katuk ez zikintzeko". Lehen plaka hau zuzen eskalatzen bada III zailtasunaren baitan egongo dela esango nuke.

Lehen plakatik behera egindako argazkia.


Lehen plakatxoaren 2estualdia" pasata horma etzan egiten da eta helduleku onak jarraituz uztaidun parabolta eta harkaitz-zubi batez osatutako bilgunera inongo zailtasunik gabe iritsi nintzen.

Lehen bilgunetik behera egindako argazkia.


Lehen bilgunea.


Luzea erraza izanda aseguruen arteko zatia "eskuzabala" da, baina ez nuen inon babesgarririk jartzeko tentazio edo beharrik izan. Hori bai, harri eta harkaitz solte bat baino gehiago topatu nituen, honegatik luze honen zailtasunik handiena harriak soka-lagunei ez botatzean izan daitekeela esango nuke.

Bilgunea ahalik eta azkarren muntatu ondoren anaia di-da batean iritsi, soberan nuen materiala eman eta bigarren luzea eskalatzen hasi zen, Asier eta Leku ahalik eta azkarren eskalatzen hasteko.

Iker bilgunera iristen, Asier eta Leku trasteak prestatzen.


Bigarren luzea, 5b+, 55 metro. Iker bilgunetik ezkerrera diagonalean metro batzuk egin eta zertxobait  atzeraka egiten duen horma babesteko dagoen parabolt-etik express zinta eta bi sokak pasa zituen: "zuzen dijon bitarten bi sokak pasatzen jun" gomendatu nion. Paraboltean zertxobait eskuinera egin eta diedro itsurako pasabide bertikal eta motzean pausu batzuk eman ondoren, "babaresa" moduan eskalatzen den harlauza bertikalera iritsi zen. Bi eskuak harlauzaren eskuineko heldulekuan eta oinak pixkanaka igoz, harlauzari metroak irabazi, pausua gainditu eta honen gaineko erlaitzara iritsi zen: "zemuzkoa?" galdetu nion. "Buenooooo" erantzun zidan "uste baño gehio estutu behar izan det" erantzun zidan.

Harlauza eskalatu ondorengo erlaitzan.


Argazkia gertuago, ikusten diren bi expressen artean dago luzearen zailtasunik handiena.


Atseden pixkat hartu eta luzearen bigarren zatia eskalatzen hasi zen: ur-tantez osatutako horma bertikala. Nik gorrotatzen ditudan arren, Ikerrek erraztasunez eskalatzen dituen hormak izanik, maisutasunez metroak erraz irabazi zituen.

Horma eskalatu ondoren ezkerrera diagonalean pixkanaka joaten hasi zen goian ikusten zen tximinia batean sartu eta desagertu arte. Iker ez nuen ikusten baina soka-luze hau luzea zela jakinda, Ikerri emateko falta zitzaizkidan sokaren metroak zenbatzen hasi nintzen: "bederatzi, zortzi, zazpi...". Bat-batean tximiniaren amaieratik burua atera eta "Reunionnn!!" oihukatu zidan.

2019an ireki zen rappel lerroaren bosgarren rappel puntua (uztaidun bi parabolt) tximiniaren eskuinean gelditzen da. Ez nahastu rappel puntu hau bidearen bigarren bilgunearekin.

Tximinian.


Bilgunea jaso eta, Asierri eskalatzen hastea bazuela abisatu ondoren, luzea eskalatzen hasi nintzen. Ez dakit hotza harrapatu ninduelako edo baina "babaresako" zatia bide osoko pausurik zailena iruditu zitzaidan. Ez dauka zailtasun gorena baina besoetatik nahi baino gehiago tiratu behar izan nuen: "ta gañea oain goterak" pentsatu nuen pausuaren gaineko erlaitzara iritsi nintzenean.

Behatz puntekin ur-tantak ukitu eta bitan pentsatu gabe ur-tanadun horma eskalatzen hasi nintzen oinentzat helduleku onak zeudela aprobetsatuz. Ez zitzaidan eskalada zaila iruditu baina bai fina, poliki eta ongi pentsatuz eskalatu behar den horietakoa.

Ur-tantadun horma eta bilgunearen arteko tximinira diagonalean zeharka egin behar den eskalada bi iltzez babestuta dago, lehenengoa zahar itsura duen erdoildutakoa, bigarrena aldiz, gorri koloreko bat. Zati hau ez da hain bertikala eta zailtasuna jaisten da helduleku onak dituela aprobetsatuz.

Erdoildutako iltzea.


Tximinian horma berriro ere tentetzen den arren helduleku ederrak ditu eta zailtasun handirik gabe eskalatu nuen. Dena den, kontuz ibili beharreko lekua iruditu zitzaidn, tximiniaren barruan kolokan dauden harkaitz batzuk topatu nituelako. Hau ikusita, tximiniaren ezkerreko hormaren gainetik eskalatu nuen tximiniaren barrura ahalik eta gutxiena sartuz. Azken esfortzu baten ondoren, uztaidun bi paraboltez babestutako bilgunera iritsi nintzen: "ostia, hasiera kabroia, eh?" Galdetu nion anaiari. "Ya lo creo, nahi baño gehio kostauzait" erantzun zidan. "Zemuz jun die goterak?" Galdetu zidan maltzurki. "Joer, ba egie esan uste baño hobeto" erantzun nion. 

"Nahizta ta krokisen jarri 15 behar diela, azkenen 14 express erabilittut" esan zidan. "Deskuidauezkeo goiko luzen ibilikoitteu" erantzun nion, soberan zuen express bakarra hartzen nion bitartean.

Bigarren bilgunea.


Hirugarren luzea, 4b-4c, 45 metro. Sokak ordenatu ondoren eskalatzen hasi nintzen. Luzearen lehen metroak bilgunera iristeko jarraitutako tximiniaren jarraipena dirudite eta, tximinia jarraitzen arituko bagina bezala, zuzen jarraitu behar dira. Nahiz eta metro hauek zailak ez izan, lehenengo parabolta urrun zegoela ikusita, bilgunetik atera eta berehala, harkaitz baten ingurutik zinta bat pasatu eta express bat jarri nuen: "burue lasaitzeko" esan nion Ikerri irrifarrez.

Lehen metro hauek tximinian gora jarraitu ondoren, luzeak eskuineko hormatik zuzen jarraitzen du. Metro batzuk zuzen eskalatu ondoren eskuinera pausu bat (4c) egin nuen plaka bertikal bat eskalatzen hasteko. Plaka bertikala izan arrean, helduleku oso onak dituenez ez nuen inongo momentuan estualdirik pasatu, aitzitik, metro hauek gozatzekoak iruditu zitzaizkidan. Tarteka paraboltak, tarteka harkaitz zubietatik pasatako kordinoak jarraituz, luzeak eskuinerako joera hartu eta konturatzerako Iker nire azpian ikusi nuen.

4c zailtasuneko pausua eskalatu ondoren.


Luzeak bertikaltasuna galtzearekin batera aseguruen arteko tartea luzatu arren, helduleku onak zituela ikusita, behera begiratu gabe gora jarraitu eta uztaidun bi parabolt dituen bilgunera iritsi nintzen.

Bilgunera iritsi aurretik, aseguruen arteko tartea luzea den zatia eskalatu ondoren.


Hirugarren bilgunea.


Luzeak hain luzeak izatearen abantaila soka asko jaso behar ez dela izaten da, bigarren datorrenari azkarrago eskalatzen hasteko aukera emanez.

Iker babesten ari nintzen bitartean "Birra Moretti" bidea eskalatzen ari zirenak parean ikusi nituen. 5c zailtasuneko luzea eskalatzen ari ziren eta, kontutan izanda guk kotxetik atera ginenean bidearen lehen luzean zeudela, motel eskalatzen ari zirenaren susmoa izan nuen.

Iker bilgunera iristen.


"Luze ederra, eh?" galdetu nion anaiari. "Gozada bat, denbora guztin disfrutatzen" erantzun zidan. "Ni ere berdin aittu naiz" erantzun nion "umek bezela gozatzen". "Bestek zemuz?" Galdetu nion. "Oaingoz oso ondo, Lekuk bigarren luzea txapeldunen modun atera du". "Ze ona!!" Erantzun nion "burue ondo dijon señale".

Laugarren luzea, II, 20 metro. Luze honek hogei metro eskas zituela ikusita Ikerri gainean zuen materialarekin jarraitzeko proposatu nion, denbora irabazteko asmoz. Metro pare bat bilgunetik gora eskalatu eta eskuinera doan belarradun erlaitz horizontala jarraitu zuen. Erlaitza, eta zeharkaldi osoa, harkaitz zubietatik pasatako kordino eta parabolt pare batekin oso ondo babestua dago. 2019an ireki zen rappel lerroaren bigarren rappel puntua zeharkaldiaren ia erdian dago. Ez nahastu rappel puntu hau laugarren bilgunearekin. Hemengo arriskurik handiena bertan dauden harri eta harkaitz askeak dira, bakarren bat botaz gero azpitik etor daitezkeen sokaden gainera erortzeko arrisku handia dago eta.

Iker zeharkaldian.


2019ko martxoan egindako argazki honetan, Asier zeharkaldiaren erdian dagoen rappel puntuaren ondoan ikusi daiteke. Ez nahastu rappel puntu hau laugarren bilgunearekin.


Ni hirugarren bilgunean.


Bilgunea desmuntatu eta Ikerren pausuak jarraitu nituen, denbora gutxian berarekin elkartuz. Zeharkaldi osoa arraultzak zapaltzen arituko banintz bezala egin nuen, oinak ia indarrik egin gabe lurrean ipiniz. Zeharkaldia egiten nuen bitartean "Birra Moretti" bidean zegoen sokada ezin nuen begitik kendu: "joer, ba bai dijoztela poliki" esan nion Ikerri bilgunera iritsi nintzenean.

Iker laugarren bilgunean zeharkaldiaren hasieratik ikusita. Borobilduta "Birra Moretti" bidean zegoen sokadaren lehenengoa.


Laugarren bilgunea.


Laugarren luze eta zeharkaldi osoa bosgarren luzetik egindako argazkian. HIrugarren bilgunean Asier dago eta Iker laugarrenean. Leku bilgunera iristen ari da.


Bosgarren luzea, 5c+, 50 metro. "Bueno, iritsi gea 5c+ famatuko luzera" esan nion anaiari, "al loro ibili aseguratzen, eh?". Bidea eskalatzen hasi ginenean Asierrek esan zigun Josukin bide bat eskalatzen duenean luzerik zailena zein den ez dutela begiratzen. Modu honetan eskalada osoan ez dakite zein den luzerik gogorrena, baldintzatuta ez igotzeko. Uste dut gomendio ona dela eta ez dut sekula aplikatu edo, gutxienez, ordurarte aplikatu gabe nuen. Etxetik banekien bosgarren luzea zela gogorrena, baina, aitortu beharra daukat, pausu gogorra non zegoen zehazki ez nekien. Hau dela eta, bilgunetik gora begiratu eta, arnasa pare bat aldiz sakon hartu ondoren, eskalatzen hasi nintzen.

Bosgarren luzea laugarren bilgunetik ikusita.


Bilgunetik gora zuzen doan horma eta plaka bertikala eskalatzen hasi nintzen, tartean pausu finaren bat eskalatuz. Lehen metro hauek bosgarren mailako zailtasunean nahiko egonkor mantentzen dira eta, grabitateari metroak pixkanaka irabazten nituen heinean, pausu bat baino gehiago arnasestuka egin behar izan nuen. Burua neurri handi batean lasai mantentzen bada, heldulekuak aurkitzen diren horma horietakoa da.

"Zemuz?" oihukatu zidan anaiak. "Buenooo, paso batzuk badittu baña oaindio ez da 5c+ pasorik iritsi" erantzun nion. Bilgunea utzi eta 25 metro ingurura etxetik kezkatuta ninduen pausura iritsi nintzen. Pausua ezkerrera egin behar den helduleku gutxiko plaka bertikalean egiten da, baina A0 moduan eskalatu zitekeela irakurrita nuen eta hori abantaila handia izaten da honelako luzeetan.

Oinak ahal izan nuen guztia igo, asegurutik express zinta eta sokak pasatu eta "Oain kontuz, eh?" oihukatu nion Ikerri. Harkaitza ahal izan nuen guztia miatzen hasi baina ez nuen eskuentzat heldurekurik topatzen. Ezker eskuarekin eusteko  helduleku ederra ikusten nuen baina 30 zentimetroengatik ez nintzen iristen. Leku eta Asier laugarren bilgunera iristear zeudela eta nahi baino gehiago arriskatu nahi ez nuela ikusita, expresa eskuin eskuarekin heldu eta gorputza ezkerrera pasatuz ezker eskuko helduleku ederrerari eutsi nion pausua gaindituz. Metro pare bat gehiago eskalatu eta pausuari argazki bat egiteko gelditu nintzen.

Bidearen pausu gogorra (borobilduta) eskalatu ondoren.


5c+ pausua A0-n eskalatzen bada ez zitzaidan pausu gogorra iruditu, beharbada 4c pausua ere izan daitekeela esango nuke. Askoz gogorragoa iruditu zitzaidan pausu gogor honetara iristeko eskalatu behar den plaka bertikala pausu bera baino.

Pausua eskalatu eta argazkia egin ondoren helduleku oneko plaka bertikala eskalatzen jarraitu eta, metro gutxietara, goitik dugun sabaia eskuin-ezker diagonalean zeharkatzen duen erlaitza amaiera arte jarraitu nuen.

Zeharkaldiaren amaieran askean dauden harkaitz batzuetatik eskalada erraza egin eta, sabaia eskuinean utziz, metro batzuetan ezkerrera oinez jo nuen uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz. Zeharkaldianzehar paraboltetatik zinta luzeak pasatzea komeni da sokek asko tiratzen dute eta.

2019an "Pop Circus" bidea ireki eta honen laugarren bilgunea erlaitzaren ia amaieraren gainetik muntatu zuten (uztaidun bi parabolt), sabaiaren gainean, hain zuzen ere. Bilgune honetara iristea ez da zaila (IV) eta erosoago da bertan bosgarren bilgunea muntatzea atzetik datorrena begi-bistan izateaz aparte sokek ez dutelako tiratzen. Era berean, erlaitzaren amaieraren ezkerrera, 3 metro ingurura, rappel lerroaren bigarren rappel puntua dago. Ez nahastu rappel puntu hau bilgune batekin.

Bosgarren bilgunea.


Iker ez nuen begi-bistan eta, 50 metro eskalatu ondoren ez zidan entzuten, honegatik, bilgunea muntatu eta bi telefono deien ondoren eskalaten hasi zen: "zemuzkoa iruittu zaizu?" galdetu nion bilgunera iritsitakoan. "Bere gauza dauke" erantzun zidan "nik ere azkenen ezpressari eutsiot, tentazioa haundiegie zen, jejeje".

Iker bilgunera iristen.


Gora begiratu eta seigarren luzearen lehen plaka bosgarren bilgunetik 10-15 metro ingurura zegoela ikusita, nahiago izan genuen trasteak jaso eta plaka horren oinean aseguratzen hastea: "azpitio hobe aseguraukoizut" esan nion anaiari. Bilgunetik atera eta plakaren azpira iritsi nintzen.

Ni luzea aseguratzen hasi ginen lekuan, bosgarren bilgunetik ikusita. Argazki berean seigarren eta azken luzearen nondik-norakoak zehaztu ditut.


Iker bosgarren bilgunean.


Seigarren luzea, 5b, 45 metro. "Bueno azkenekoa" esan nion anaiari "ea zemuzkoa den". Materiala inguruan zintzilikatua eta ordenatua zuela egiaztatu ondoren bilgunea utzi eta eskalatzen hasi zen.

Seigarren luzea bi zatitan banatu daiteke. Lehenengo zatian erabat bertikala ez den plaka erraz eta motza eskalatzen da. Plaka hau bi paraboltez babestuta dago. Ikerrek di-da batean eskalatu eta plaka honen gaineko erlaitzera iritsi zen.

Lehenengo plaka eskalatu ondoren.


Plaken arteko erlaitzan atseden laburra hartu ondoren eskalatzen jarraitu zuen. Luzearen bigarren zatian ur-tantez osatutako horma bertikala eskalatzen da. Ur-tantetatik 5 metro inguru eskalatu ondoren, ezker eskuarekin alderantziz heltzen den harlauzan dago luzearen zailtasunik handiena. Ikerrek harlauza heldu eta, gorputza eskuinera luzatu ondoren, eskuin eskuarekin helduleku on bat heldu eta goraka jarraitu zuen: "ostia, honek ere bere gauza dauke, eh?" ohartarazi zidan pausua eskalatu zuenean.

Luzearen pausurik zailena eskalatu ondoren.


Iker pausu gogorra eskalatu eta atseden hartzen ari zen bitartean Asier azaldu zen: "zemuzko luzea?" Galdetu nion. "Ona" erantzun zidan "pasora iritsi arte bauke berea, eh?". "Zuk garbi atazu?" Galdetu nion. "Bai" erantzun zidan "bigarren luzeko babaresa paso hau baña zallagoa iruittuzait" esan zidan.

Asier bosgarren bilgunea muntatzen.


Asierrekin izandako solasalditxoaren ondoren Ikerrek keinu egin eta eskalatzen jarraitu zuen. Pausu gogorraren ondoren, helduleku ederrak zeudela aprobetsatuz, zuzen jarraitu zuen eskalatzen, harkaitz solteak izatearen itsura duen sabai txiki batera iritsiz. Harkaitzak sendoak zeudela ikusita, sabai txikia eskalatu eta, eskuinean dagoen tximinia itsurakora sartu zen, honen eskuin horman dagoen bilgunera iristeko. Antxon Gorrotxategin esanetan seigarren luze osoa bere eskuinetik ekidin daiteke II-IIIko zailtasunetik igo gabe, baina aukera hau itsusiagoa omen da. Pentsatzen dut aukera honek bilgunera iristen den tximinia eskalatuko duela.

Sabaitxoa eskalatu ondoren.


Ikerrek azken bilgunea muntatu eta igotzeko eskatu zidanean, azken luzea pazientziaz eta pausu bakoitzari ahalik eta zukurik handiena ateratzeko asmoz eskalatzen hasi nintzen. Hainbeste gorrotatzen ditudan ur-tantez ere gozatzeko kapaz izan nintzen eta, ez dakit burua ezertan pentsatu gabe neramalako edo, pausu gogorra ere uste baino errazago eskalatu nuen. Bake eta lasaitasun sentsazioaz kutsatuta azken bilgunera iritsi nintzen.

Seigarren eta azken bilgunea.


Bilgunera iristen.


Ikerren parera iritsi eta gorago jarraituko nuela esan nion: "hola bidetio atera ta materiala jasotzen hasiko gea" esan nion. Metro gutxi batzuk trepatu eta hormatik atera nintzen.

Seigarren bilgunea.


Sokak eta materiala jasotzen ari ginen bitartean, Leku eta Asierrek ere bidea eskalatzen amaitu zuten.

Leku Asierren begiradapean luzea amaitzen.


"Zemuz jun dek?" Galdetu zion Ikerrek Lekuri. "Earra, 5c+ pasoare garbi ateaiat" erantzun zion. Luze ezberdinetako zailtasunak errepasatzen ari ginen bitartean material guztia jaso eta taldeko argazkia egin genuen. Kamararen tenporizadorea martxan jarri eta ahal izan nuen azkarren beste hiruekin elkartu nintzen: "denboraik eman al dizu argazkira iristeko?" galdetu zidan Ikerrek. "Baietz esango nuke" erantzun nion. "Bazpare argazkie begiratu ta ez bada ondo atera berriz egin" gomendatu zidan. "Lasai" erantzun nion kamara gordez "seguro ondo atera dela".

Talde argazkia, Ikerrek susmatu bezala ez nintzen argazkira garaiz iritsi.


Traste guztiak jasota,"Birra Moretti" bidearen amaieratik pasa eta bertako sokadaren lehena azken luzea hasten ari zela ikusi genuen: "ba bai, hok nahiko motel dijoz" esan zigun Asierrek. Argazki batzuk egin eta, Ziordiako harrobia zeharkatzen duen bidea jarraituz, kotxea utzitako lekura 40-45minutuen ondoren iritsi ginen eskalada handi bat egin genuen sentsazioaz kutsatuta. Bidearen jaitsiera hemen deskribatuta dudanez, errepor honetan ez dut honen inguruko zehaztasunik emango.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina