Hondartzan sartzen nintzen bakoitzean urrun ikusten nuen arratoi itsurako formazio batek atentzioa deitzen zidan: "Hori Getariko arratoia da" esaten zidaten izenagatik galdetzen nien bakoitzean, "ez al dezu burue, gorputze ta isatsa ikusten?". Aho zabalik gelditu eta Getariaren muturrean etzandako izugarrizko arratoia irudikatu ondoren "horrea igotzea badau?" galdetzen nien. "Ba, eztakit" erantzuten zidan amonak "baña baietz ustet". Garai hartan Getariako arratoiak izugarri erakarri ninduen eta orduko itsasoko marrazki guztietan marrazten nuen: "egunen baten amonak honea eramango nau" zen nire itxaropena.
Getariako arratoia Zarauzko malekoietik ikusita.
Baina urteak pasa ziren, amona, izeba eta osabak Zarautzera joateari utzi zioten eta Getariako arratoia, beste gauza askorekin batera, denboran ahaztu zen.
Aurtengo Aste Santuan izeba Maria Dolores eta osaba Peiok Zarautzera egun batzuk pasatzeko aukera eman ondoren, Getariako arratoia gogora itzuli eta Zarauztik bertara korrikan joan etorria egiteko aukeran pentsatzen hasi nintzen, haurtzaroko amets ahaztua betetzeko asmoz.
Bertara iristeko aukera ezberdinak begiratzen aritu nintzen: menditik, errepidetik, mendi eta errepidetik... Aukera guztiak onak eta tentagarriak izan arren, azkenean errazena hartzea erabaki nuen, Zarautz eta Getaria lotzen dituen N-634 errepidea jarraitzea. Zergatik? Berriro ere haurtzarora itzuliz, osabak Getariako jatetxe ezagun batean urtero ordaintzen zuen bazkarira joateko amona, osaba eta izebak oinez jarraitzen zuten ibilbidea baitzen.
Getariako arratoiaren informazio bila ari nintzela San Anton izena zuela deskubritu nuen. XV. mendera arte uhartea izan eta, mende hartan, istmo artifizial baten bidez herriari lotuta gelditu zela ere irakurri nuen. Dirudienez itsasargia dagoen lekutik bale edota ekaitzen berri ematen zuten. Informazio hau guztia eta gehiago "getariaturismo" web gunean irakurtzeko aukera dago.
IBILBIDEA
Goian azaldu bezala ibilbideak misterio handirik ez dauka. Zarauzko hondartzan korrikan hasi eta, N-634 errepidearen ondoko espaloia jarraituz, Getariako bidea hartu nuen. Herrira iritsi aurretik, hondartzara doan bidea hartu, portua zeharkatu eta bertatik gora doan errepidea jarraitu nuen San Anton eta itsasargiaren arteko lepora iristeko. Lepotik hegoaldera doan bidea hartuz San Anton mendiaren gailurrrera iritsi nintzen.
Jaitsiera San Anton menditik hegoaldera doan bidetik egin nuen, portura itzuli eta, berriro ere N-634 errepidea hartuz, Zarauzko hondartzara itzultzeko.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 11,7 kilometro.
- Punturik baxuena: Zarauzko hondartza, 0 metro.
- Punturik altuena: San Anton, 113 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 160 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Zarautz eta Getariaren arteko leku pare batean iturria dago.
- Zailtasuna: Ibilbidea ia bere osotasunean espaloiatik doa eta, espaloiatik kanpo, ongi asfaltatutako bidetik. Zailtasun bakarra San Antonera doan aldaparen igoera izan daiteke baina, lasai hartuz gero, ongi igotzen da.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora:1h10', atsedenaldi guztiak kontutan hartuta.
Bidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
08:05, Zarauzko hondartza, 0 metro, 0 km. Gau hotz baten ondoren, kalera irten aurretik jantzita eramango nuen arropa kopurua izan zen nire zalantza. Leihotik begiratu eta zerua oskarbi zegoela ikusi nuenean, Getariatik itzultzerakoan beroa pasako nuenaren beldurrez, azkenean haizeagatik babesteko txamarrarik ez eramatea erabaki nuen.
Kalera atera nintzenean hotzaren belarrondokoa sentitu nuen: "joer, ba frexko-frexko dau" pentsatu nuen. Zalantzazko momentu baten ondoren, haizetarako txamarra hartzeko Itzi ohetik ez jaikitzea egokiena zela pentsatu eta, oinez arin-arin, hondartzarako bidea hartu nuen.
Zarauzko hondartzan, erloju eta termometroa duen postea eta antena itsurako eskultura bereziari argazkia egin ondoren korrikan hasi nintzen.
Abiapuntua, goizeko zortzirak eta bost minuto.
Malekoian alkohol, pixa eta hainbat likidoek bustitako zerrauts nahasketaren usaina arnasten zen, bart gaueko festaren azken arrastoen seinale. Garbitzaileak mila zatietan apurtutako beirak eta plastikozko edalontzi eta botilak azkar-azkar jasotzen ari ziren, zarauztarrak esnatu aurretik herriari aurpegia garbitu nahiko baliote bezala.
Malekoiaren amaieran dauden eskiralak igo eta, banku baten ondoan otoitz jarrerarekin eguzkiari agurra egiten ari zen bikote baten ondotik pasatuz, herritik atera nintzen.
Urte asko ziren Zarauzko portutik pasatzen ez nintzela. Ezinbestean, memoriak atzera egin eta, piratek itsasontzietan egiten zuten moduan, portuko horman etzanda jartzen zen enborra gogora etorri zitzaidan, baita enborraren muturreraino iristen saiatu eta uretara erortzen ziren haur eta gazteak ere. Pentsamentu hauetan murgilduta, konturatzerako errepideak zeharkatzen duen lehen tunelaren ondora iritsi eta aurrean San Anton mendia azaldu zen.
Itsaso eta hondartza zalea ez naiz, baina onartu beharra daukat itsasondoan korrika egiteak duen efektu lasaigarriaz aparte, bost zentzuekin korrika egiteko aukera ere ematen duela: ikusmira ederra eta, itsas brisa aurpegian sentitzen den bitartean, olatuek harkaitzen kontra jotzerakoan egiten duten soinu lasaigarriaz eramaten utzi, kresala usaindu, eta gatzaren zaporeak ahoko dastamen-papilak estaltzen ditu. Lastima "Zen" sentsazio hau noizik eta behin txirrindulari talde edo kotxeren batek haustea, baina tira, dena ere ezin eskatu.
Getariara hurbiltzen.
Korrika saioari dagokionez, bihotz taupadak baxu eramatea nuen helburu. Nire harridurarako, taupada kopuru berean, kilometroak normalean baino 25-30 segundo azkarrago betetzen nindoan, gorputza atseden hartuta nuenaren seinale. Honetaz aparte, normalean korrika egiten dudan lekua baino bide lauagoa izateak ere eragina izango zuen, jejeje.
Goizaren freskuran eta nire itzalaren atzetik, ia konturatu gabe goizeko zortzirak eta hogeita bost minutu pasatxoan Getariako hondartzara jaisten den errepidera iritsi nintzen. Hasiera batean herria erditik zeharkatzeko zalantza izan nuen, baina azkenean maldan behera hasi eta, hondartza eskuinean utziz, portura iritsi nintzen.
Hondartzarko bidea hartu nuen lekuan, San Antonera doan malda ikusi daiteke.
08:30, Getariako portua, 0 metro, 4,7 km. Portuek izaten duten gasolio eta arrain usain bereziaz estalia, itsasora joateko prestatzen ari ziren marinelen artetik bizi-bizi pasa nintzen San Anton mendiko itsasargira doan errepideak gora jotzen duen lekura arte.
Maldaren hasieran dagoen indikazio panela.
Abiadura eta bihotz taupadak malda gogorrera egokitu eta, kaio eta beste itsas-txorien oihu eta zaraten artean gora jo nuen. Alfred Hitchcock zuzendari handiaren "txoriak" filmaren aktoreen moduan, txoriez inguratuta, begi bat errepidean eta bestea inguruan nuenari begira, San Anton eta itsasargiaren arteko lepora iritsi nintzen.
Lepotik itsasargira egindako argazkia.
Igoeran gogoan izan nuen Getariako portuan izan nintzen azken aldia; orduan, kaio batek amak erositako alkondara zuri eta berriaren gainera kaka mokordo galanta bota zidan, eskerrak amonak erositako helatuaren gainera ez zela erori.
Lepotik egindako beste argazki bat.
08:37, San Anton eta itsasargiaren arteko lepoa, 60 metro, 5,75 km. Bertara iritsi eta sekulako ezustea hartu nuen itsasargira igotzeko atea giltzaz itxita zegoela ikusi nuenean: "Ez sartu, baimendutakoa izan ezik" zihoen atetik zintzilikatutako kartelak.
Itsasargira doan atea.
Itsasargira igotzeko bide alternatibo baten bila hasi baina ez nuen biderik topatu. Azkenean amore eman eta, itsasargiari bizkarra emanez, San Anton mendira zuzentzen ziren eskiralak igotzen hasi nintzen, denbora gutxira mendiaren gailurrean dagoen puntu geodesikora iritsiz.
Argazkian ikusten diren eskilaretatik gora jo nuen.
Puntu geodesikoa eta Katxapo eraikina.
08:40, San Anton, 113 metro, 6 km. Ez dakit zergatik baina, mendiak San Anton izena izanda, goiko eraikina baseliza bat izango zela uste nuen. Eraikinaren barrura sartu eta, leihoen itsura ikusi ondoren, baseliza baino Gerra Zibileko bunkerra iruditu zitzaidan. Gero eraikin honen izena Katxapo dela irakurriko nuen.
Katxapotik egindako argazkia.
Jaitsieran Getariari egindako argazkia.
Katxapotik dagoen ikusmiraz gozatu eta hainbat argazki egin ondoren, hegoaldera doan bidea hartu eta, arratoiaren bizkarra jarraituz, "isatsara" itzuli nintzen. Jaitsieran, erdoildutako zapalgailua dagoen biribilgunera iritsi aurretik eskuinera doan bidea hartu nuen.
Zapalgailua dagoen biribilgunea eta jarraitutako bidea.
Malda jaitsita, metro batzuen ondoren portuan berriro ere sartu nintzen.
08:51, Getariako portua, 0 metro, 7 km. Portuan sartzearekin batera arrantza-ontzi pare batek portua uzten ari ziren. Itsasoan pixkanaka nola galtzen ziren begiratzen ari nintzen bitartean arrantzaleen familiak burura etorri zitzaizkidan. Goimendiko mendizalearen familiarekin gertatzen den bezala, arrantzalearen familia izatea ez da erraza izango.
Itsasontziak bistatik galdu nituenean portutik atera eta, oraingoan hondartza ezkerrean utziz, N-634 errepidera itzuli nintzen. Eguzkira hurbiltzen nintzen heinean Getariako azken etxeak atzean geldituz joan ziren. Eguzkiak indarra hartzen ari zen eta, parez pare izanda, zenbait lekuetan begiak erdi itxita eraman behar izan nituen aurretik nuena ikusi ahal izateko.
Eguzkia parez pare.
Itzultzea joatea baino motzagoa egin zitzaidan eta tarte askotan maldan behera nindoanaren sentsazioa ere izan nuen. Abiapuntura Itzikin batera iritsi nintzen.
Berriro ere abiapuntuan.
Nik korrika saioa egiten nuen bitartean bera hondartzan batera eta bestera bizi-bizi aritu zen: "goiz, ez?" Galdetu zidan. "Uste baño motzagoa intzait" erantzun nion, "gañea pentsatzen nuna baño kilometro gutxigore badie".
Izugarrizko mendi balentria egin ez nuela jakinda ere oso zoriontsu nengoen, ibilbideak dituen hamaika kilometro pasatxoetan denboran atzera egin, haurtzarora itzuli eta, batez ere, orduko ametsa bete nuelako. Ospatzeko, txokolatezko napolitana ederra gosaldu genuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina