AZKEN 10 SARRERAK

2017/05/09

EGINO: PENELOPE (27 m, 5b), OLAF (28 m, 5a) eta GONTZAL (28 m, 5c) BIDEAK

Antxon Gorrotxategi Eginon hainbat luzeetako eskalada bideak ekipatu izanagatik ezaguna da eta, ez naiz esaten nekatuko, egindako lana eredugarria da, sari edota nolabaiteko esker ona merezi duena. "Berta", "Susi", "Elmer", "Lore festa", "Udaberri", "Txitxibiritxi", "Joe Marmota" eta "Iturrimurri" bideek bere sinadura dute.

Hainbat luzeetako bideak ekipatzeagatik ezaguna izan arren, luze bakarreko sei eskalada-bide ere ekipatuak ditu: "Lapiaz", "Nicasio ertza", "Garoa", "Penelope", "Olaf" eta "Gontzal".

Duela urte pare bat Iker eta biok "Elmer" bidea errepikatu genuenean "Lapiaz" bidea eskalatzeko aukerarik ez genuen galdu, modu honetan, "Garoa" eta "Nicasio ertza" bideekin batera, urrutien dagoen luze bakarreko bidea eskalatuz. Beste bideak eskalatzeko ez genuen denborarik hartzen, Eginora joaten ginen bakoitzean hainbat luzeetako beste bide bat eskalatzera joaten ginelako. Gainera, "Penelope", "Olaf" eta "Gontzal" bideen kasuan, kirol eskalada moduan ekipatuak zeudela jakinda, ez genituen hainbat luzeetako bideak eskalatzeko erabiltzen ditugun soka "finekin" eskalatu nahi.

Esan bezala, "Penelope", "Olaf" eta "Gontzal" kirol eskalada modura ekipatuak daude, bilguneetatik eraitsi ahal izateko mosketoia eta guzti. Hiru bide hauek "Udaberri" bidearen eskuinean gelditzen dira, bost metro eskasera, eta oinean, hurritz baten kontra jarritako egurrezko banku txikia dago, eroso eta itzalpean aseguratu ahal izateko. Hiru bideak ur-tantadun horma bat eskalatuz hasten dira nahiz eta goiko zatian plaka eta pitzadura bertikalak gehiago eskalatzen diren.

Bide hauen eragozpenik handiena hurbilketa "luzea" bada ere, jendetzatik ihes egitea gustuko dugunontzat lasai eta bakardadean eskalatzeko aukera ematen du, batez ere arratsalde pasa joanez gero. Bakarde honen arrastoa nabaria da, ur-tantadun horma itsaskor eta urratzaileaz aparte, hainbat heldulekuetan belarra luzatzen ari baita, eskalatzaile gutxik eskalatzen dituztenaren seinale.

BIDEEN DATU BATZUK

Luzera: Gehienez 28 metro.
Luze kopurua: 1.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategi eta Gontzal Avila.
Zailtasuna: Bidez bide: Penelope: 5b (27 m), Olaf: 5a (28 m) eta Gontzal: 5c (28 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendagarria da.
Ura: Egino herrian dagoen iturrian hartu daiteke.
Hurbilketa: Egino herritik 30 minutu inguru presarik gabe bagoaz.
Jaitsiera: Joatean jarraitutako bide beretik.
Eramandako materiala: Bide hauek bakarrik eskalatu nahi badira kirol eskaladarako soka eta 12 express zintekin nahiko izango dugu.

BIDEEN KROKISA

Eginoko  "Berta", "Elmer", "Udaberri", ""Lapiaz"" eta "Batean kale bestean bale" bideen kokalekua. Karratu zurian Penelope, Olaf eta Gontzal bideak daude.


Bideen kokalekua gertuago.


Bideak azpitik ikusita.


BIDEEN OINERA IRISTEKO

Goian azaldu bezala hiru bideak "Udaberri" bidearen eskuinean daudenez, bide hau eskalatu genueneko hurbilketa bera jarraitu daiteke.

"Udaberri" bidearen hasiera. Iker beste hiru bideen hasieran dago, egurrezko bankua ere ikusi daiteke.


Beste aukera bat "Batean kale bestean bale" biderako hurbilketa bera jarraitzea da, hiru eskalada bide hauek bide honen azpian dagoen harrobi txikiaren ezkerrean gelditzen dira eta.

DESKRIBAPENA

Goizean korrika saioa egin ondoren arratsaldea eskalatzen pasa nahi genuen. Eskaladaren formulan eguraldi ona, asteburua (edo jai eguna) eta arratsaldea batzen direnean emaitza ezinbestean jendetza izaten denez, lasai eskalatzeko leku baten bila hasi ginen: "ta Gorrotxategik ekipautako bideeta juten bagea?" Galdetu zidan Ikerrek.

Ez genuen bitan pentsatu ere egin. Goiz bazkaldu, kotxea Eginon utzi eta hiruetarako bideen oinean geunden.

"Udaberri" bidean sokada bat izanda hasiera batean zalantza izan genuen eskalatzen hasi ala ez, harriren bat botako zutenaren beldur ginen eta. Badaezpada kaskoa jarri eta, bilguneen arteko oihuak urrunduz joan zirenean, eskalatzeko materiala prestatu genuen.

Hormara begiratu eta bideak identifikatu nahian hasi ginen: Ezkerretik eskuinera "Udaberri" eta "Penelope" bideak ongi identifikatu genituen, bakoitzaren lehen paraboltaren azpian izena duen plakatxoa baitago. Zalantzarik handiena "Olaf" eta "Gontzal" bideak identifikatzea izan zen, "Olaf" izena duen plakatxoa bien artean dagoelako: "bietatio errexena Olaf da" esan nion Ikerri. Biak eskalatu ondoren deskubrituko genuenez, "Olaf" erdian gelditzen den bidea da, "Gontzal" aldiz, eskuinekoa. "Gontzal" bideak ez dauka izena adierazten duen plakatxorik.

"Nundio hasiko gea?" Galdetu zidan anaiak. "Ba igual ezkerretio eskubira, ez?" Erantzun nion, "hola bazpare Udaberritio aldentzen jute gea". Buruarekin konforme zegoenaren keinu eginez Ikerrek express zinta guztiak hartu eta "Penelope" bidea eskalatzen hasi zen.

Penelope bidearen plakatxoa.


"Penelope", 27 metro, 5b. Hormaren azpian dagoen bankutik eskuinera diagonalen eskalatzen hasi eta bidearen hasiera adierazten duen plakatxotik erraz pasa zen horma tentetzen den lekura arte. Lehenengo parabolta ur-tantadun hormaren hasieran dago eta bankua dagoen lekutik urrun gelditzen da. Dena den, bertara iristeko zailtasun handirik ez dagoenez, Iker di-da batean aseguratu zen.

"Oain pentsatzet plakara igo beharkoela" esan nion Ikerri bigarren parabolta gainean zuela ikusita. Luzearen lehen zailtasuna lehen eta bigarren parabolten artean dago. Eskuen heldulekuak ez dira oso onak eta oinekin fidatu beharra dago. Iker hasieran zuzen igotzen saiatu arren, azkenean eskuin oina plakatik kanpo (plakaren eskuin eta azpikaldean dagoen pitzadura txiki batez lagunduz) eta ezkerrekoa plakan zuela bigarren paraboltetik express zinta pasatzera iritsi eta soka pasa zuen: "joer, uste nuna baño gehio kostazait" bota zidan. Soka gainetik izateak ematen duen segurtasunarekin ur-tantadun plakara pasatu eta zuzen jarraitu zuen eskalatzen.

Ur-tantadun plakaren erdian.


Ur-tantadun plaka eskalatu ondoren horma bertikala bihurtzen da eta lehenengo parabolta urrun xamar dago, baina helduleku onak daudenez ongi iristen da.

Ur-tantadun horma eskalatu ondoren, parabolten arteko tartea luzea den lekuan.


Luzeari metroak segurtasun handiz irabazten zizkion bitartean Ikerren mugimendu lasaiak kontu handiz jarraitzen nituen, lekuren batean belarra zapaltzeagatik irrist eginda baitzegoen. Luzeak pixkanaka eskuinerako joerarekin jarraitzen du ia nire gainera iritsi zen arte.

Horma erabat bertikal bihurtzen den lekuan bigarren pausutxo bat dago. Plaka bertikal baten azpian ezker-eskuin doan pitzadura diagonal batetik igo eta plaka eskalatu zuen bilgunea kokatuta dagoen plakaren azpiko erlaitz txikira iritsiz. Bilgunera iristean dago luzearen hirugarren eta azken pausutxoa. Ikerrek plakaren ezkerretik altsatu eta, bilgunean dagoen mosketoiatik soka pasa zuenean, eskuinera mugimendu horizontala egin eta luzea amaitu zuen.

Luzearen amaieran.


"Zemuzkoa?" Galdetu nion lurrera eraitsi nuenean. "Oso ona, tentsio pixkat pasatzen hasten zeanen helduleku bat azaltzea".

Ikerrek egindako diagnostikoarekin ados nago. Niri ere bide ederra iruditu zitzaidan eta, berak esan bezala, urduri jartzen hasterakoan heldulekuak azaltzen dira. Pausurik zailena hasierakoa iruditu zitzaidan, lehen eta bigarren parabolten artekoa.

Hasierako pausuan, nire ustez luzeko zailena.


Ur-tantadun hormaren gainetik behera egindako argazkia.


Bilgunera iristeko egin beharreko pausuak ere zertxobait behartu arren zailtasuna hasieran dagoela esango nuke. Pena zenbait lekuetan belarra ateratzen hasita egotea, nik ere goiko plaketan irrist egin nuen eta.

Luzean jarritako material guztia berreskuratu eta "Olaf" eskalatzen hasi nintzen.

Olaf bidearen plakatxoa.


"Olaf", 28 metro, 5a. Hasieran esan bezala, zalantzak genituen "Olaf" zein zen, izena duen plakatxoa eskuineko bi bideen artean dagoelako. Plakatxo hau eskuineko bidetik gertuago dagoela esatera ere ausartuko nintzen.

"Penelope"-n bezala, hemen ere lehenengo parabolta urrun izanda ere, bertara iristeko zailtasunik ez dago. Paraboltean aseguratu ondoren ur-tantadun horma eskalatzen hasi nintzen. "Penelope"-rekin alderatuz hormaren koxka eta heldulekuak oso nabariak dira eta zailtasun handirik gabe eskalatu nituen.

Ur-tantadun plakaren amaierara iristen.


Ur-tantadun plaka atzean utzita, horma tentetu eta plaka ezberdinak eskalatzen hasi nintzen. "Penelope"-n bezala, heldulekuak non dauden bilatuz eskalatu nuen, batzuetan eskuinera eta besteetan ezkerrera mugituz. Eskalada "Penelope"-na baino errazagoa iruditu zitzaidan eta inongo momentuan ez nintzen behartuta sentitu.

Iker ur-tantadun plakaren amaieran. Bilgunea goian ikusten den artearen azpiko plakan kokatua dago.


Bilgunea plaka bertikal batean kokatua dago eta, kuriosoa iruditu zitzaidan, soka baten bidez plakaren gainean dagoen arte batera babestua dago. Bilgunera iristeak ere ez zidan aparteko esfortzurik kostatu eta bertako mosketoiatik soka pasa nuenean "Ze luze onaaa!!!" oihukatzea ezin izan nuen ekidin. Jaitsieran, bi bideek bilgune bera elkarbanatzen dutenez, "Gontzal" bideari begira gelditu eta bilgunearen aurreko asegurua arte txiki baten inguruan pasatako soka bat zela ikusi nuen.

"Ostia, ze ona, ume modun disfrutauet" esan nion anaiari, "horma daun bezela hartu ta etxe atzen jarriko nuke". "Ea ba egie den" erantzun zidan eskalatzen hastearekin batera.

Ur-tantadun plaka eskalatu ondoren.


Ikerrek ere luzea esfortzu handirik gabe eskalatu eta bilgunera zoriontsu iritsi zen: "aurrekoa baño errexegoa da, ez?", "nik hala ustet" erantzun nion. "Ba bestea 5b bada seguro hau Olaf dela" esan zidan. "Bai, ze enuke esango honek 5c-koa denik" erantzun nion.

Bilgunean.


Gertuago... Ur-tantadun plakaren ondoren eskalatzen diren plaka eta pitzadurak ikusi daitezke.


Jaitsieran "Gontzal" bidearen azken asegurutik (artearen inguruko sokatik) express zinta pasatu zuen: "bazpare gero soka nun daun ez ahazteko". Parabolt bat jarri beharrean soka bat jartzea zati erraza izanagatik zela pentsatu genuen: "holakoa badau zatie errexa izango delako izangoa".

Ikerrek materiala jaso eta "Gontzal" bideari zeharka begira jarri zen: "esango nuke goiko gotera hortan daula pasoa" esan zidan. "Zeatio esatezu, txapak gertu darelako? Jejejeje" bota nion irrifartsu eskalatzen hasi zenean.

"Gontzal", 28 metro, 5c. Iker eskalatzen hasi zenerako argi genuen "Gontzal" eskuineko bidea zela. Lehen metroak "Olaf"-en ur tantadun hormaren eskuinetik eskalatzen dira eta, "Olaf"-en bezala, Ikerrek erraz eskalatu zituen: "pentsatzet asuntoa hemen asikoela" esan zidan plakaren gainetik.

Koxka handiko ur-tantadun horma eskalatuta luzeak eskuinera jotzen du ur-tanta txikidun horma bertikal baten oinera iritsiz. Plakaren erditik eskalatuz lehenengo bi paraboltak "txapatu" ondoren ez aurrera ez atzera gelditu zen. Nondik eskalatu pentsatu ondoren eskuinera jo zuen plakaren eskuinetik eskalatuz: "Zemuzkoa?" Bota nion. "Ba uste nuna baño errexago" erantzun zidan.

Ur-tantadun plaka bertikal honen amaieran berriro ere ezkerrera jo eta bilgunea kokatutako plaka bertikalaren azpira iritsi zen: "joer, esango nuke oain datorrena askoz zaiagoa dela" esan zidan. Batera eta bestera begira egon ondoren oinak zertxobait igo eta soka artearen inguruko sokan jarritako express zintatik pasa zuen. Arnasa sakon hartu eta, fedez betetako pausua eginez, plaka zuzen eskalatu eta bilgunera iritsi zen.

Bilgunean, luzearen nondik-norakoa ikusi daiteke, baita "Olaf" bidearen plakatxoa ere..


Gertuago, ur-tantadun plaka bertikala eta hemendik gorakoa ikusi daiteke. Ikerren eskuin oinaren eskuinean dagoen arte txikian dago luzearen azken asegurua.


"Ostia goiko pasoa, ederki estutu behar izan det" esan zidan nigana iritsi zenean, "eskerrak zuhaitzetio pasatako soka daun, bestela aleje galanta bilgunera iristeko". "Nei Olafetio jatxi naizenen eskubitio errexago dela iruittu zait" esan nion, "pentsatzet handio izango dela, bestela plakan beste parabolt bat jarriko zuen, ez?". "Iristen zeanen esangoiazu" erantzun zidan Ikerrek.

Hasierako ur-tantadun plaka zaitlasunik gabe eskalatu nuen. Bigarren ur-tantadun plakaren azpira iritsi nintzenean: "zuzen eskalatzen saiau behar naiz" bota nion Ikerri.

Lehen paraboltera erraz iritsi nintzen, bigarrenera aldiz, larriago. Paraboltek jarraitzen zuten plaka garbia zegoen arren, ezkerreko oin nahiz eskuarekin heldu beharreko plaka, hezetasunaren eraginez, zikin eta lurrez estalia zegoen: "joer, hemendio zaie daula" bota nion eskuetan nuen lokatza galtzetan garbituz. "Horregatio pasa naiz eskubira" erantzun zidan. Ikerren bidea jarraituz eskuinera pasatu eta, ertzaren laguntzarekin plaka eskalatu nuen bilgune azpiko plaka bertikalera iritsiz.

Gora begiratu eta Ikerrek egindako eskalada meritu handikoa zela iruditu zitzaidan: "joer, hemendio eskalau dezu, eh?" Bota nion. Nire logikari jarraituz, plakaren eskuineko zatia begiratzen hasi eta hemendik eskalatzea errazagoa zela iruditu zitzaidan: "total, paraboltik jarri ez badue logikona errexenetik eskalatzea da". Hemendik eskalatzen hasi eta, harri txikiren bat bota ondoren, sokadun artearen parera iritsi nintzen soka express zintatik pasatuz: "oain ezkerrera jun beharren zare bestela bilgunetik urruti geldittuko zea" esan zidan Ikerrek. Oinentzat heldulekuak aurkitu eta, pausu horizontal baten ondoren bilgunera iritsi nintzen.

"Ostia zuk eskalatuzun lekutio eskalatzea meritu earra!!" Esan nion Ikerri lurrera eraitsi ninduenean, "halare nik ustet bidea berez eskubitio jungoela, errexena hortio dijota".

Erlojua begiratu eta beste bide bat eskalatzeko denbora genuela ikusi genuen. "Dona dona katona" egin eta, "Penelope" berriro eskalatu ondoren, traste guztiak jaso eta Eginora itzuli ginen.

Berde eta grisarekin jolasean.


Iphiclides podalirius tximeleta ederra, gazteleraz "chupaleches" bezala ezaguna dena. Bigarren aldia da Eginon mota hontako tximeleta ikusten dugula.


Hiru bideak izugarri gustatu zitzaizkigun, "Olaf" bidea batez ere. Bakarren batean pausu finen bat egin behar bada ere, heldulekuak onak dira eta burua larri eta behartuta nekez izango dugu. Zertxobait garbitu arren, helduleku batzuetan belarra hazten hasita dago eta irrisketaren bat izan daiteke eskaladari emozio gehiago emanez, baina inongo momentuan ez genuen arriskurik sentitu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina