AZKEN 10 SARRERAK

2017/07/13

EHUNMILAK 2017: ISPILUAREN BESTALDEAN


1.500 boluntario, 1.200 korrikalari, 30 herri eta 5 eskualde. Hauek izan dira 2017ko Ehunmilak, G2 Handiak eta Marimurumendi lasterketen datuak. Baina zer dago 1.500 boluntario hauen atzean? Uarraingo anoa postuan boluntario lanetan aritu naizela aprobetxatuz, boluntarioaren ikuspuntutik kronika bat idatzi nahi nuen, lasterkarien itzalean lanean aritzen diren boluntarioei nolabaiteko aitorpena eman eta lasterketa ispiluaren bestaldetik ikusteko.

Ehunmilak eta G2 Handiak frogetatik isolatuen dauden anoa postuak Aralarkoak dira, kanpin dendaren babesaren gainetik inguruan ez baitago ez borda, ez aterpe, ez pista, ezta beste ”luxurik” ere. Hauetako bat Uarraingoa da eta Asierrek lasterketaren lehen ediziotik ez du bertako arduradun izateari hutsik egin. Urtean zehar Arrastaka mendi elkartekoek antolatutako bileretara joaten da, lasterketa baino egun batzuk lehenago Uarrain eta Oidui arteko bidea balizatu, lasterketak irauten duen bitartean dena ongi doala ikusi eta, hau gutxi ez bada, Ehunmilak lasterketaren azken korrikalariarekin batera Lizarrustiko anoa postura arte “erratzarena” ere egiten du. Edizio ezberdinetan Uarraindik boluntario ezberdinak pasa diren arren, azken urteotan Asierrekin batera Mikel, Iker eta Josu lanean aritu dira, Uarraingo anoa postuari MAT kutsua emanez, jejeje.

Anoa postuko lana asteazkenean hasi zen. Lasterketa ostiralean bazen ere, ostegunerako eguraldi kaxkarra iragarrita zegoenez, Asierrek kanpin denda muntatu eta Malkorri eta Oidui arteko zatia balizatuta utzi nahi zuen. Basozainari baimena eskatu ondoren 4X4 ibilgailua hartu eta Iker, Asier eta hiruok Oiduira joan ginen. Bertan 200 baliza, bidea markatzeko argiak eta bestelako trasteak 50 litroetako motxiletan sartu eta, zamatuta, arratsaldeko bostak eta erdietan, Oiduiko sargoria atzean utzi eta Malkorriko bidea hartu genuen.

Malkorriko buzoia.


Malkorrira iritsi ginenerako basozainak lehen zamaketa egina zuen kanpin denda, anoa postuko mahai eta aulkiak eta edari eta frutaren erdia bertan utzita. Basozainaren lana eskertzekoa da, eguraldiaren arabera uzten zaion material guztia Land Roverrarekin ahal duen punturik goienera igotzen baitu, aurten Malkorriren ekialdeko lepoa.

Basozainak utzitako materialaren erdia.


Lehenengo lana kanpin denda muntatzean hartu genuen, ingurutik ekarritako harkaitz handietatik dendaren tenkagarriak pasatuz. Denda muntatuta genuela basozaina bigarrenez iritsi, Land Roverra hustu eta fruta guztia dendaren barrura sartu genuen: “behorrak ta ardik gauen frutaik ez jateko”. Basozaina agurtu ondoren balizak prestatzen hasi ginen, motxiletan igotako hagaxketan distira egiten duten zintak bridekin lotuz.

Balizak prest!!!


Lan hau amaituta, hagaxkadun 30 baliza inguru eta beste hainbat baliza-zinta kanpin dendan utzi eta, eguzkiaren azken izpiekin, Oidui arteko bidea kontu handiz balizatu genuen lehen egunari amaiera emanez.

Egunaren azken uneak.


Ostegunean, iragarritako euri zaparraden arrastorik ez zegoela ikusita, hiruok bigarrenez Aralarrera igotzea erabaki genuen, Uarrain eta arteko tartea balizatu eta asteazkenean muntatutako denda eta jarritako balizen egoera ikusteko, behor eta ardiek balizei koska egitea gustuko dute eta. Bide batez, lo zakuak, esterak, anoa postuan jartzeko argiak eta egurrezko balizak igotzeko ere aprobetxatuko genuen.

Beriain eta Andia igoeran.


A zer nolako lasaitua hartu genuen Malkorriko gailurrera iritsi eta denda zutik zegoela ikustean!!! “Bueno, aurten sendo daula emateo” esan zuen Ikerrek. Haizeak askatutako iltze eta tenkagarri bakarren bat bere lekura itzuli, barruan utzitako guztia ongi zegoela ikusi eta, lo zaku eta esterak dendan utzi ondoren, Uarrain arteko tartea balizatu genuen. Asteazkenean bezala, ostegunean ere indartuz zihoan haizearen bultzadaz eguzkiaren azken izpien argiarekin Oiduira itzuli ginen tartean eroritako balizaren bat bere lekuan jarriz, apurtutako balizak aldatuz eta baliza berriak jarriz: “goien ittezun haizekin ea dendak eusteion” esan zuen Ikerrek kotxera itzuli ginenean.

Gañeta Aizkorri eta eguzkia atzean duela


Eguna bigarrenez badoa.


Aratz eta Aizkorri.


Uztailaren 7an, ostirala, iruindarrek San Ferminak ospatzen zituzten bitartean, Mikel, Iker, Asier eta lauok Ehunmilak lasterketaren irteera ikustera hurbildu ginen. Atzerako kontaketarekin batera, arratsaldeko seietan ia 400 lasterkarik Beasaingo kaleak zeharkatzen hasi ziren.

2017ko irteera.


Irteeraren ondoren lasterketaren “alma mater”-a den Valdikin hizketan aritu ginen. Eguraldiarekin kezkati zegoen. Inor ez zen ausartzen eguraldiaren iragarpen zehatz-mehatz bat egitea eta kontrakoa esaten zuten iragarpenak ere bazituen. Eguraldia okertzekotan buruz eta zentzuz jokatzeko eskatu zigun, gure eta lasterkarien segurtasuna lehenetsiz.

Bi egunetarako arropa, janari eta traste guztiez betetako motxila handiak bizkarrean, arratsaldeko zortziak eta erdi aldera euri tanta bakarren artean Oiduitik hirugarrenez atera ginen tartean ibilbidea ahal izan genuen guztia txukunduz.

“Ostia, ze ona, dendea oandio zutik dau!!” esan nien Malkorriko gailurretik. Definitiboki denda sendo jarrita zegoen eta barruko materiala bere horretan jarraitzen zuen. Motxilak dendaren barrura sartu eta basozainak utzitako ur, freskagarri eta isotonikoen botilak dendaraino hurbildu genituen, dendaren inguruan botilez osatutako harresia eraikiz.

Dendaren likido harresia.


Asier Uarrain eta dendaren arteko zatia nola zegoen ikustera eta Iker, Mikel eta hiruok anoa postuko mahaia prestatu eta afaltzen amaitzen genuen bitartean postuan boluntario kide izango genituen Mikel, Unai eta bere bikote ordiziar gazteak azaltzen joan ziren. Eguzkia ezkutatu zenean Asierrekin batera Oidui arteko balizen egoera ikustera eta Asierrek bidea errazago jarraitzeko jartzen dituen argiak jartzera joan ginen.

Ardiak egunaren azken uneak aprobetxatzen, eskuinean Txindoki dutela.


Malkorritik ikusmira izugarria zen: zerua nahiko garbi eta, hodeiez osatutako itsaso amaigabearen gainetik, ilargi beteak zeruan bere lekua aurkitu nahian. Honetan ari ginela Valdik Asierri deitu eta, bere harridurarako, Asierrek goian genuen eguraldi garbiaren berri eman zion: “lasai Valdi, belañoa igotzen ez bada behintzet gaur eztu ebiik ingo”.

Malkorritik zegoen ikusmira.


Malkorritik behera balizak honela ikusten ziren.


Behe lainoan sartzerakoan ezusteko galanta hartu genuen: nahiz eta balizen arteko tartea 10-15 metro ingurukoa izan, balizak ia ez ziren ikusten. “Buff, hemen gehio jarri beharren gare, bestela korrikalarik galdu ingodie” esan zidan Asierrek. Inguruan topatutako harri, adar, zuhaixka eta sasietatik balizak lotuz joan eta beherako bidearekin jarraitu genuen. Oiduira iristear geundela Alain, Beñat eta Jonekin topo eta genuen kezka baieztatu zuten: “Bidea oso arriskutsu dau” esan zigun Beñatek “eztie balizaik ikusten ta markauta daun bezela seguru galdukoiela”. Ordiziatik etorritako hirukotearekin gorako bidea hartu genuen, baliza gehiago hartu eta bidea hobe markatzeko. Dendara itzuli ginenean Ikerri ikusitakoaren berri eman eta, gaueko hamabiak iristear zirela ikusita, besteok anoa postua prestatzen genuen bitartean, Iker, Beñat eta Asier Oidui arteko markaketa laugarrenez berrikustera eta baliza gehiago jartzera joan ziren: “bidea oso txukun geldittuela uste deu” esan ziguten goizeko ordu bata aldera itzuli zirenean.

Anoa postua prest!!!


G2 Handiak gaueko hamaiketatik martxan zegoen eta lehen lasterkariak iritsi aurretik lana nolabait banatuta gelditu zen: Iker eta Asier dortsalak apuntatzen, Beñat, Alain, Jon eta lauok korrikalarien botilatxoak urez betetzen eta Mikel eta besteak anoa postuko mahaian korrikalariek zituzten beharrei erantzuten, aurrera eta atzera fruta moztu eta beharrezko likidoa eskainiz.

Goizeko ordu biak eta bost minutuetan Dani Agirre pasa zen, gerora G2 Handiak irabaziko zuena. Honen ondoren, pixkanaka lasterkarien kopurua handituz joan zen, anoa postuan geunden hamaika lagunak lanean jo eta su jarri gintuzten arte. Tarteka zeruari zeharka begiratzen genion, Txindoki behin eta berriz argitzen zuten tximistek gau osoan ez baitziguten lasai utziko. Azkenean Tolosaldean botatako ekaitzak Nafarroako bidea hartu eta Mailloak aldera joango zen gu geunden lekutik pasa gabe.

Ilunpean ez genuen lasterkarien aurpegirik ikusten eta lana ahal genuen azkarren egiten genuen, formula bat kotxe lasterketetako gurpilak aldatzen dituztenen moduan. Hau eromenaaaa!!!! Botilatxoa hartu, botilatxoa bete, botilatxoa eman, beste botilatxo bat hartu, bete, eman, hartu, bete, eman, hartu, bete, eman. Orduak pasatuz joan ziren, tartean pasatako Natxo, Txauen, Andoni (esperoet hartutako Pepsiak on egin izana) ezta Aitziber Osinalde eta Monica Grajera lehen emakumezkoei kasu handirik egin gabe.

Anoa postua guri gurian.


Konturatu ginenerako ia goizeko bostak ziren. Gaua ezusteko handirik gabe pasa zen, dendan ordu erdiz zorabiatuta izan genuen Jaeneko korrikalaria alde batera uzten badugu. Lagun baten laguntzarekin larrialdietarako mantaren azpian epeldu ondoren jaiki, eskerrak eman eta bistatik galdu genuen.

Gauean nahiz eta lanpetuta ibili laino itsasoari argazki batzuk egiteko aprobetxatu genuen.


Gau magiko eta ederra izan genuen, bai jauna!!


Bostak eta erdi aldera, azken korrikalaria pasatu zenean, Javi Dominguez Amezketatik gora zihoala entzun eta lo zakuetan ordu eta erdi pasatxoko lo kuluxka egiteko aukera izan genuen. Alain eta Beñatek aldiz, etxerako bidea hartu zuten merezitako atsedena hartzeko.

“Javi Dominguez Irazustako lepon daula esan due” esan zigun lorik egin ez zuen Asierrek ametsetatik errealitatera ekarriz. Zakuetatik atera eta Mikel eta Asierrekin batera martxan jarri nintzen, hiruon artean egin beharreko lana erraz egingo genuenaren ziurtasunarekin. Ekaitzaren arriskua joana bazen ere, eguna umel eta tristea esnatu eta gauean zehar oinen azpitik izandako lanbroak pixkanaka estali gintuen, eurietarako txaketa eta galtzak jartzera behartuz.

Javi Dominguez goizeko zortziak hamar gutxiagotan pasa zen. Itsura ona, serioa, 110 km oinetan izan beharrean Larraitzetik atera berria zegoela zirudien.

Javi Dominguez Uarraingo postura iristen.


Handik bost minutura Jon Aizpuru beasaindarra iritsi zen. Aurpegi nekatuagoa zekarren eta aurretik zuen bidea nolakoa zen galdetu zigunean adarra jotzen ari ez ote zen galdetu genion. Erantzunik gabe, begirada galdua zuela, aurrera jarraitu zuen.

Jon Aizpuru.


Egunaren lehen orduan hodeien artean eguzki pixkat ikusteko aukera izan genuen.


Arrosario moduan, pixkanaka beste lasterkariak azalduz joan ziren, bakarka edo talde txikietan, G2 Handiko pilaketak sortu gabe.

Mikel eta Asier, anoa postuko nagusiak, jejeje.


Anoa postuko beste lagunak jeikitzen ziren bitartean larunbateko erreleboa osatzen zuten Marian, Luisma, Eve eta Juan Mari, iritsi ziren hamabiko taldea osatuz.

Juan Mari korrikalarien zain


Luisma eta Marian korrikalariak Txindokitik nola datozen begira.


Eguna lasai zihoan eta ez zuen euririk egiten, noizik eta behin eguzkia ere agertuz. Silvia Trigueros, lehen emakumezkoa, goizeko hamaikak aldera pasa zen, bere atzetik berrogei minutuetara sasoi betean dagoen Elena Calvillo ordiziarra eta Elenatik ordu eta erdira Jone Urkizu. Lasterketaren amaierako podiuma Uarrainen pasa ziren moduan izango zen.

Silvia Trigueros.


Elena indarrak nolabait berreskuratzen.


Jone Urkizu.


Orduak pasa ahala ordiziar gazteak anoa postua utzi eta Rikardo eta Idurre medikuak etorri ziren, baita gurutze gorriko boskote bat ere. Bisita gehiago jaso genituen, bixkiak eta Irazusta tartean, eguna eramangarriagoa eginez.







Postuko fruta bukatzen hasita, mahai gainean guretzat ekarritako urdaiazpiko, txorixo, gazta eta saltxitxoia ogiarekin jarri genituen korrikalarien aurpegiak alaituz. Zatotik ardoa edan zuen korrikalaririk ere izan zen, jejeje.





Hirukote honek arratsaldea ederki alaitu ziguten, aupa zuek!!!!














Arratsaldea gogorra izan zen. Eguraldia aldatu, lanbroak inguruak estali, ipar haizea indartu eta txirimiriaren mugatik bestaldera zegoen euriaz busti eta hozten hasi ginen.

Behe lainoa pixkanaka sartzen.


Behe lainoak estaliak.


Euria hastear.


Eskularruak janztea alferrikakoa zen eta eskuak hotz eta egosiak ahal izan genuen moduan berotzen saiatzen ginen. Azkenean, anoa postuko mahaia lekuz aldatu genuen ipar haize zakarrarengatik nolabait babestuta egoteko. Gorputza berotzeko noizik eta behin dendan sartu edota Uarrainera joan etorria egiten genuen.

Ahal genuen moduan ekaitzari aurre egiten.


Arratsaldeko erreleborako laukotea (tartean Unai eta Fran) iritsi eta erratza Larraitzetik gora zihoala entzun genuenean, gaurko eguna amaitutzat eman eta Mikel, Iker, Marian, Luisma, Eve, Juan Mari eta zazpiok Oiduiko bidea hartu genuen.

Oiduira euripean iristen.


Goian gelditu zen boskotearen egoera okerrera joan zen, haizea gehiago zakartu eta euriak erruki gabe busti zituelako. Asierrek igandean dendaren barruan amaitu zutela ere esan zigun. Gu gaueko bederatziak aldean Oiduia iritsi ginen, blai baina zoriontsu egindako lanarengatik. Etxera itzuli, dutxa beroa hartu, afaldu eta ohera zuzenean, merezitako atsedena hartzea.

Gaur uztailak 11 da. Ehunmilak, G2 Handiak eta Marimurumendi lasterketen zalapartak urruti daudenean, Iker eta Asierrek Aralarrera azken bidaia egin dute, denda desmuntatu eta anoa postuko, baliza, material eta edariak basozainak jaisteko prestatzeko. Beraien Ehunmilak partikularra gaur amaitu eta datorren urtekoari begira jarriko dira, Aralar korrika zeharkatzen duten lasterkariak ahal den neurrian etxean izango balira zaindu ahal izateko.

Denda barrutik lasterketa amaitu ondoren, zabor guztia jaso ondoren.


Denda, zaborra eta soberan gelditutako guztia basozainak jasotzeko jaso ondoren. Mendia topatu den bezala utzi behar da.


Egun hauetan guztietan lasterketa ahalik eta goxoen prestatu, markatu eta zaintzen saiatu gara, lasterkariei Aralarko leku aparte honetan bero eta gertutasuna emateko asmoz. Espero dut helburua bete eta lasterkariak itzultzeko gogoarekin gelditu izana, lana ongi egin dugunaren seinale izango baita.

Amaitzeko, bukatu hala ez, zorionak hiru lasterketetan parte hartu duzuen korrikalarioi eta eskerrik beroenak zuen aldetik jasotako tratu eta pazientziarengatik ere, benetan txalo eta eskertzekoa izan zen. Handiak zarete!!!

Kronikari amaiera borobila emateko asmotan, boluntario moduan pasatako egun hauen guztien bideoa uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina