Azkenaldian Aiztondon eskalatzeari gustua hartu diogu, aspaldi eskalatutako bideak berriro ere eskalatuz. Beste kronika batzuetan kontatu bezala, urte osoan eskalatzeko leku zoragarria da eta, uda garaian goiz ibiliz gero, ia eguerdira arte itzalpean eskalatzeko aukera izango dugu. Hau kontutan hartzea interesgarria izan daiteke, bide bakarra eskalatzen badugu etxera bermuta hartzera iristeko aukera emango digulako, noizik eta behin sozializatzeko aukera ere ona baita.
Eguerdirako etxean bueltan izateko asmoz, Iker eta biok horma honetako “Ainhoa”, “Irrintzi”, “Clasica Sur” eta “Iñaki Goñi” bideekin batera, zailtasun ertainaren mugan dagoen lau luzeetako azken bidea eskalatzeko asmoz igandean goiz hurbildu ginen.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 110 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: Ez dut datu hau topatu.
Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 4b (30 m), 2ºL: 5b (30 m), 3ºL: 5c (25 m), 4ªL: 6a (25 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
Ura: Uharte Arakil herrian ura eramatea hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
Jaitsiera:
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka (bidea rapelatzen badugu eskertuko dugu bi rapeletan hormaren oinean izango gara eta), luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak.
Krokisa zehatzago. Urdinez egindako bi errapelak ikusi daitezke.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Oinara iristeko deskribapena kronika honetan irakurri dezakezue.
Kotxea utzi genuen lekutik egindako argazkia. Argazkian bidearen oinara joateko jarraitu behar den bidea margotuta dago.
DESKRIBAPENA
Goizeko zortzietan etxetik atera ondoren goizeko bederatziak jota hormaren azpian geunden. Nahiz eta iragarpenek izugarrizko beroa egingo zuela esan goiza oskarbi eta fresko esnatu zen, eskalatzeko primerakoa. Hasiera batean haizerako txamarra jantzi hala ez zalantzan izan arren, azkenean besoetako oilo ipurdiari kasu egin eta txamarrak jantzi genituen: “ez al da gutzako gehiegi izango?” Galdetu zidan Ikerrek materiala prestatzen ari ginela, “nik ustet ezetz” erantzun nion, “6a pasoa A0-n eskalau daikelare irakurriet ta ezin bada mosketoi bat utzi ta bidetio jatxiko gea”. “Halare, zu lasai ibili, 6a-ri nik emangoiot” esan nion.
Ikerrek material guztia prestatu eta talkie-ak martxan zeudela ikusi ondoren eskalatzen hasi zen.
Lehenengo luzea, 30 metro, 4b. Luzea hormaren oinean dagoen enbor estuko zuhaitzaren eskuinean hasten da. Luze hau “Clasica Sur” eta “La Juakina” bideen lehen luze bera da.
Bidearen hasieran dagoen zuhaitza eta lehen luzearen nondik norakoak.
Lehenengo metroetan helduleku oneko plaka etzan batzuk eskalatzen dira hormaren erdian dagoen zuhaixka handi eta berezi baten eskuinetik pasatuz. Ikerrek metroak azkar irabazi zituen, batzuetan soka horia eta besteetan arrosa express zintetatik pasatuz. Bilgunera iritsi aurretik helduleku oneko arrail bertikal bat eskalatzen da luzeari duen zailtasuna (4b) emanez.
Arraiil bertikalaren azpian. Ikerren ezkerrean zuhaixka handi berezia ikusi daiteke.
Arrail bertikala azpitik ikusita.
Iker zein mugimendu egingo zituen pentsatzen aritu ondoren, erabakitasunez eskalatzen hasi eta arraila di-da batean eskalatu zuen. Arraila eskalatuta, horma berriro etzan eta uztaidun bi parabolteko bilgunera erraztasun handiz iritsi zen.
Luzea hastear nengoela eskalatzaile bat hurbildu zen: “honbre, zuek hemen?” galdetu zidan orain arte ezagutu ez nuen eskalatzaileak. Begiratu eta Unai zela ikusi nuen, duela astebete gurekin batera Ehunmilak lasterketan Uarraingo anoa postuan boluntario lanetan aritu zena. “San Miguel de Aralar” eskalatu behar genuela esan eta gero berak “Iñaki Goñi” bakarrik eskalatzeko asmoa zuela esan zidan. Unaikin hitz batzuk trukatu elkarri zortea opa ondoren eskalatzen hasi nintzen.
Arrail bertikalaren azpian. Nire atzean Unai trasteak prestatzen ikusi daiteke.
“Ze gradu dauke luze honek?” Galdetu zidan bilgunera iritsi nintzenean. “4b ustet, ze ba?” Galdetu nion. “Pitzadura pikantilloa iruittu zaitelako” erantzun zidan. “Joer, luze hau ia dozena erdi bat aldiz eskalauta izangozu ba, jejeje” bota nion. “Bai, baña bakizu nolakoa naizen, nere memorikin nik beti a bista eskalatzet, jejeje” erantzun zidan irrifartsu.
Bigarren luzea, 30 metro, 5b. “Bueno, hemendio aurrea territorio ezezagunen sartzegea” esan nion anaiari soberan zuen materiala inguruan zintzilik jarri nuenean. Bilgunetik atera eta zailtasun handirik gabe eskalatu nuen plaka etzanaren ondoren diedro itsurako arrail bertikalaren (5b) azpira iritsi nintzen.
Diedro itsurako arrail bertikalean. Ni nagoen lekuan ezkerrera diagonalean jarraituz gero "La Juakina" bidea eskalatuko dugu.
Diedroa lehen metroetan zuzen edota zertxobait eskuinetik eskalatu nuen, hemen baitaude heldulekurik onenak. Metro batzuen ondoren ezkerrera pasatu eta, bertan dagoen arrail baten laguntzarekin, diedroa eskalatu nuen.
Diedrotik gora plaka bertikala bihurtzen da. Hezeak nituen eskuak magnesiodun poltsan sartu eta, heldulekuak ongi begiratuz, eskalatzen jarraitu nuen. Bilgune arteko zati hau bide osoko zatirik ederrena iruditu zitzaidan, denbora osoan parabolten alde batetik eta bestetik pausu eta helduleku errazenak bilatuz. Ez dakit bi parabolten arteko zatiren zuzen egin nuen ere, jejeje!! Plaka bertikala izanda ere helduleku onak ditu eta uste baino errazago eskalatu nuen eskuineko joera jarraituz.
Bigarren bilgunea lehen bilgunetik ikusita.
Bilgunera iritsi aurretik diedroarekin batera luzeari zailtasuna ematen dion pausura iritsi nintzen (5b), heldulekuak altu gelditzen diren plaka bat. Bitan pentsatu gabe plakaren eskuinean dagoen harlauzari heldu eta, zentimetro batzuk irabazi ondoren, bilgunera arte eraman ninduen heldulekura uste baino errazago iritsi nintzen. Bilgunea ez zitzaidan oso erosoa iruditu eta eskuin oina sartu nuen erlaitz txikiaz aparte ez nuen beste luxurik topatu.
Lehen bilgunea bigarrenetik ikusita.
“Buenooo, luze hau gehio kostazait” esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean. “Ba nik kristona disfrutauet” erantzun nion. “oaingoa kinto masekoa da, ez?” galdetu zidan. “Bai” erantzun nion, “pasok indarrezkok baño teknikogok omen die”.
Hirugarren luzea, 25 metro, 5c. Lehen metroetan ezkerrera horizontalean 1,5-2 metro inguruko pausu fin bat egiten da. Zeharkaldiak eskuentzat helduleku txikiak dituen arren, oinentzat helduleku ederrak ditu. Bilgunera iritsi nintzenetik behin eta berriz zeharka begiratu nion zeharkaldi honi eta itxuraz behintzat, begiradarekin bakarrik, oso zaila zirudien.
Bilgunetik lehen paraboltera egin behar den zeharkaldia eta oinak jartzeko lekua.
Ikerrek materiala jaso, oinak zeharkaldiko zuloetan sartu eta zeharkaldia di-da batean egin zuen. Zeharkalditxoaren ondoren, hormak hodi zabal itxurakoa hartzen du metro gutxi batzuetan. Bertako helduleku kamutsei helduz, Iker paraboltera oso erraz iritsi zen: “la ostia, ze errex indezun!!” esan nion. “Joer, ba egie esan oso errexa iruittuzait” erantzun zidan paraboltetik.
Lehen paraboltean aseguratu ondoren.
Lehen eta bigarren parabolten artean heldulekuak kamutsak izaten jarraitzen dute eta Ikerrek izerdi pixka bat bota zuen bi parabolten arteko itsasgarritasunezko pausua eskalatzeko.
Lehen paraboltetik gorako zatian.
Bigarren paraboltetik gora aldiz, luzeak ezkerrerako joera hartzearekin batera, helduleku ederrak aprobetxatuz metroak berriro ere erraz irabazi zituen, bosgarren paraboltera iritsi zen arte: “nola notatzean hemendio eztela jende askoik pasa” esan zidan. “Ze ba?”. “Helduleku guztitan kriston belarra daulako”.
Bosgarren eta seigarren parabolten artean luzeari zailtasuna ematen dion (5c) pausua dago. Iker oinak batera eta bestera mugituz aritu zen, ahalik eta postura erosoena topatzeko. Gakoa eskuin oina dugun zuloan ahalik eta goienen jartzea da, oin honetan konfiantza osoa jarri eta gorputza altxatzeko. Ikerrek eskuin oina goian jarri eta gorputza poliki-poliki altxatzen joan zen. Pausuaren amaieran dagoen erlaitzera iritsi zenean behera begiratu eta “buenooo, hemen izerdie botaet baña zuk errex ingozu” esan zidan, “hamar zentimetrogatik ez nintzen heldulekura iristen”. Erlaitzetik gora helduleku oneko plaka eskalatzen jarraitu zuen. Azkeneko paraboltera aseguratu ondoren, bilgunera iristeko, zuzen eskalatu beharrean bilgunea ezkerrean utzi eta plaka eskalatzen jarraitzen zuela ikusi nuen, eskuin-ezker egin zuen 2 metro inguruko zeharkaldi horizontalaren ondoren uztaidun bi parabolteko bilgunera iritsiz.
Bigarren zeharkaldia egin ondoren bilgunea muntatzen.
Sokak jaso eta eskalatzen hasteko esan zidanean lehenengo zeharkaldia ikusi eta nola egin zalantzan hasi nintzen: “Smithy besteik eztau, oinak zulotan jarri ta poliki aurrera” lasaitu nintzen.
Ezker oina zulo batean eta eskuinekoa ondoan jarri eta, eskuetako behatz puntekin oreka mantenduz, zeharkaldia oinak mugituz uste baino errazago egin nuen. A zer nolako poztasuna sentitu nuen lehenengo paraboltera iritsi nintzenean!!!!
Bigarren bilgunetik egindako argazki hnetan luzeko 5c pausua eta bilgunera iritsi aurreko zeharkaldi horizontalaren kokalekuak adierazi ditut.
Konfiantzaz betea plaka bertikala eskalatuz jarraitu nuen. Ez dakit duen bertikaltasunagatik edo baina luze osoa bosgarren mailako zailtasunean iraunkorra dela esango nuke. 5c pausura iritsi nintzenean, Ikerri gertatu bezala, oinen postura egokiaren bila hasi nintzen. Azkenean, eskuin oina ahal izan nuen altuen jarri eta, “Kontuz oain, eh?” abisatu ondoren, ezker eskuarentzat dagoen helduleku kamutsean indar pixka bat egin, gorputza altxatu, eskuin besoa luzatu eta pausuaren amaieran dagoen erlaitzaren helduleku ederrera behatz puntekin iritsi nintzen.
5c pausua eskalatu ondorengo erlaitzetik bilgunera egindako argazkia.
Argi dago, pausu hau altuok errazago eskalatzen dugula: “joer ba hasierako pasoa hau baño okerragoa iruittuzait” esan nion erlaitzetik. “Altue zealako!! “ erantzun zidan bilgunetik, “nei hau gehio kosta zait”.
Argazki "artistikoa", jejeje.
Erlaitzetik gora helduleku oneko plaka bertikala eskalatzen jarraitu nuen bilgunearen azpira iritsi arte: “Nik gorago jarraittu ta or daun pitzaduran hankak sartuta bilguneaño trabesie indet” esan zidan Ikerrek. Berak esan bezala, plaka eskalatzen jarraitu eta, bilgunea nire ezkerrean nuenean, oinak bilguneraino doan arrail bertikalean sartu nituen, hasierako zeharkaldi horizontalean bezala, oinetan konfiantza osoa jarriz. Bigarren zeharkaldia lehenengoa baino errazagoa iruditu zitzaidan eta, oinak ongi sartzen diren arrailean egindako pausu batzuen ondoren, bilgunera iritsi nintzen. Bigarren bilgunea oso erosoa ez bazen, hirugarrena ahalik eta deserosoagoa iruditu zitzaidan.
Hirugarren bilgunea.
Laugarren luzea, 25 metro, 6a. “Bueno, momentue iritsia” esan nion Ikerri goian nuen sabaiari begiratuz. Lehenengo paraboltaren bila hasi eta ez nuen ikusten: “ez al da hor goien dauna?” esan zidan Ikerrek. Gora begiratu eta gainean genuen diedroaren amaieran Ikerrek seinalatzen zidan parabolta urrun zegoela iruditu zitzaidan: “lehenengoa hoi bada horraño iristea errexa izangoa” esan zidan animatu nahian edo.
Laugarren luzearen nondik norakoak.
Arnasa sakon hartu eta “benga guazen ba” esan ondoren eskalatzen hasi nintzen. Lehenengo paraboltera iristeko, bilgunetik atera eta ezker-eskuin diagonalean doan helduleku oneko diedro bat eskalatu nuen: “arrazoie daukezu, honaño irixtea etzen zalle” esan nion lehen paraboltera iritsi nintzenean. Diedroaren amaieratik ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraitu eta, arrail ezberdinen laguntzarekin, plaka etzan bat eskalatu nuen goiko sabaiaren azpian dagoen bloke handi batera iritsiz. Hasieran blokearen gainean eserita jartzeko tentazioa izan nuen arren, eskalatzen jarraitzea erabaki, blokearen gainean jarri eta hori koloreko plaka bereziko paraboltera aseguratu nintzen.
Blokearen gainean pausua egiteko prest.
Bilgunetik ikusten den sabai eta zuhaixkaren azpian, bidearen gakoa duen pausuaren hasieran nengoen: “hemendio aurrea kontu ibili, bale?” esan nion anaiari. Lehenengo gauza pausua babesten duen parabolta kokatzea izan zen, sabaiaren azpitik ez baita ikusten. Ikerrek gutxi gora behera non zegoen esan ondoren eskalatzen jarraitu nuen. Sabaia ez da zuzenean eskalatzen eta eskuin-ezkerreko zeharkaldia egin behar da. Zeharkaldian eskuentzat bi helduleku on daude: eskuin eskuarentzat sabaitik zintzilik dagoen koska nabaria eta ezker eskuarentzat sabaiaren ezkerrean dagoen helduleku ederra. Eskuin eskuko heldulekua eutsi ondoren ezkerrera mugitzen hasi nintzen oinak jartzeko lekuak bilatuz eta sabaiko paraboltera hurbilduz. Ezker eskuarentzat dagoen heldulekuaren bila hasi baina ez nuen topatu. Besoak nekatu aurretik, berriro ere hasierako lekura itzuli eta soka pasatako azken paraboltetik zintzilik gelditu nintzen pausua nola egin hobe ikusteko.
Sokatik zintzilik nengoela pixkat ezkerrera jo eta lehen baino 10 zentimetro inguru ezkerrerago kokatu nintzen eskuin eskuko heldulekuari eutsiz. Pausua babesten duen paraboltaren ezkerrean dagoen heldulekuari (kamustuta egon arren behatzak oso ondo sartzen dira) ezker eskuarekin eutsiz gorputza altxatu, paraboltetik express zinta jarri eta, soka pasatu ondoren, express zintari eskuin eskuarekin eutsi nion.
Zintari eutsi eta berehala ezker eskua ezkerrago eraman (paraboltetik 10 zentimetro eskasera) eta pausua errazago gainditzeko dagoen helduleku ederra topatu nuen. Express zinta askatu, eskuin eskua hasierako heldulekura itzuli eta, ezker heldulekua ongi eutsita nuela, besoekin indarra egin eta sabaiaren ezkerrean diedro itsurako metro bertikal batzuk eskalatu nituen sabaia gaindituz: “Joer, ze pena helduleku hau hasieran hartu ez izanaaa!!!” esan nion Ikerri “ikusita nun daun paso hau zutzako mukoa da, ziur atakozula” esan nion.
Sabaiaren ezkerrean dagoen diedro itsurakoa eskalatu ondoren.
Diedro itsurako metro bertikalen ondoren, bilgunera arteko helduleku oneko plaka bertikala eskalatzen jarraitu nuen. Sabaia eskalatu ondorengo bigarren paraboltera iritsi nintzenean ez nuen beste paraboltik ikusi: “joer, eztakit nun daun hurrengo parabolta” esan nion anaiari. “Bilera ere ezta oso urruti eongo” esan zidan. Parabolta atzean utzi eta pixkanaka eskuinera jo nuen erdi ezkutatutako plaka batean herdoil koloreko uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunea ikusi nuen arte. Sokak jaso nituenean Iker talkie-tik animatzen saiatu nintzen: “saiu garbi ateatzen, hau atatzeko mukoa data”.
Azken bilgunean.
Ikerrek azken luzea lasai hartu zuen, sabaia eskalatzeko indarrak gorde nahiko balitu bezala.
Iker hirugarren bilgunetik ateratzen.
Sabai azpira iritsi zenean goitik esandako bi heldulekuei eutsi eta, bertatik tira eginez, sabaia garbi eskalatu zuen: “Tomaaaaaa!!!” oihukatu zuen pausua gainditu zuenean. “Eskerrak zuk nola atazun ikusietela, bestela nik ere expressari eutsiko nion” esan zidan. “Zuk halare errex eskalau dezu ez?” Galdetu zidan. “Bai baña pixkat amorrauta nau ezkerreko heldulekue hasieran ez detelako ikusi, bestela nik uste garbi atako nula” erantzun nion, “okerro pasaet hirugarren luzen hontan baño”.
"Tomaaaaa!!!!!"
Bidearen nondik norakoak errepasatu ondoren errapela muntatzen hasi ginen. Hasieran lehenengo errapela nora egin zalantzan izan bagina ere, “Clasica Sur” bidearen bigarren bilgunera arte egitea zuzenena izango zela pentsatu genuen. Pentsatu eta egin, lehenengo errapela bertan amaitu genuen, gure ustez “San Miguel de Aralar” bidearen bigarren bilgunera egitea baino eroso eta zuzenagoa. Bigarren errapel batekin lurrera itzuli ginen, tartean soka harkaitz batean kateatuta gelditu bazen ere. Soka jasotzeko “Ainhoa” bidea eskalatzen ari zen bikotea bigarren bilgunetik atera arte itxaron, traste guztiak jaso eta, ordurako “Iñaki Goñi” bidearen bigarren luzea amaitzen ari zen Unai agurtu ondoren (a zer nolako meritua!!), etxerako bidea hartu genuen, antolatu bezala, eguerdirako txintxo eta formal itzuliz, jejeje.
Unai “Iñaki Goñi” bidearen bigarren luzea amaitzen.
Gertuago... Badauka meritua, bai jauna!!!
AZKEN 10 SARRERAK
2017/07/17
AIZTONDO, "SAN MIGUEL DE ARALAR" BIDEA, 110 m, 6a. (2017/07/16)
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
17:12
Etiketak:
aiztondo,
arakil,
aralar,
eskalada,
miguel,
nafarroa,
san,
san miguel de aralar,
smithy,
smithyrenbloga,
uharte,
uharte arakil
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina