AZKEN 10 SARRERAK

2018/05/09

TORRE DEL FRIERO (2.445 metro): IPARREKO ERDIKO KANAL EDO KANAL ESTUTIK, 1.000 m, IV/III, D+, IV+, max. 70º, 2018/05/05



Urteetan infohielo web orria izan da mendiko izotz eta elur egoeraren erreferentzia. Bere sortzaile Luis Alonso mendi istripu batean 2017an zendu zenetik infohielo umezurtz gelditu eta orria eguneratu gabe gelditu zen. Hau ikusita, Fernando Lainez mendizaleak infohielo orriaren izpiritua berreskuratu eta Facebook-en “Condiciones de nieve y hielo” taldea sortu zuen, egun taldea osatzen dugun ia 6.700 mendizalek mendiko izotz eta elurrari buruzko informazioa partekatzeko. Talde honen arrakasta handia izan da eta egunero hainbat leku ezberdinetako egoeren berri jasotzeko aukera dago.

“Gaur Condiciones de nieve y hielon ikusi det astearten Friero egin zutela, larunbatan ona ematen du eta juteko asmoa dauket . Ze esaten dezu? Ostiral atsalden jun ta larunbaten afaltzea etxea” zioen Asierrek ostegun eguerdian bidalitako whatsapp mezuak. Ez nuen bitan pentsatu: “Baiiiiii”.

Torre del Friero mendiaren iparreko erdiko korridore edo kanal estuari buruz esan daitezkeenak asko dira: 1.000 metro desnibeletik gorako kanala, Espainiar estatuko luzeena, estua, estetikoa, eskalatu beharreko hainbat irtengunez osatua eta, hau gutxi ez bada, ia 2.500 metroetako Torre del Friero mendiaren gailurrean amaitzen dena. Okerrena? Euskaldunoi kristo-etxean gelditzen zaigula. Aspaldiko ametsa zen kanal hau eta eskalatzeko aukera izateak animatu eta aldi berean urduritu ninduen.

Normalean korridorea eskalatzeko aukera ezberdinak planteatzen dira: bi egunetan eskalatu nahi bada batzuk Collado Jermoso aterpera igo eta bertan lo egiten duten bitartean, beste batzuk Vega de La Sotín lautadatxoan bibakeatzen dute. Korridorea egun berean eskalatu nahi bada aldiz, ibilbidea Cordiñanes de Valdeón herrian hasi eta amaituko dugu. Bien arteko aldea? Ordu eta erdi pasatxoan eta 600 metro positibotan ibilbidea laburtuko badugu ere, egun berean ibilbidea eginez gero arinago ibiliko gara, bibakeatzeko materialik ez baitugu gainean eramango. Guk bigarren aukera hartu genuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 11,5 kilometro inguru, horietatik 1.000 metro kanalean sartuta.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.600 metro inguru, horietatik ia 1.000 metro kanalean.
- Nork irekia: Pedro Marcos Fierro eta Juan José Iglesias Arrieta 1977ko martxoak 5 eta 6an. Irteera zuzena Gonzalo Suárez, Juan José Iglesias eta Santiago Álvarezek lehen aldiz 1979ko martxoaren 6an eskalatu zuten.
- Zailtasuna: D+, gehienez 70º. 2018ko elurteen ondoren guk ezohiko egoera itzelean topatu genuen. Erreferentzi bezala, AD zailtasun mailaren baitan egongo zela adostu genuen.
- Orientazioa: Ipar ekialdea. Goizetik goikaldean eguzkiak ematen dioenez komeni da goiz ibiltzea.
- Ura: Cordiñanes de Valdeón herriaren sarreran iturri bat dago.
- Hurbilketa: Cordiñanesetik Vega de La Sotín lautadatxora PR-PNPE 16 ibilbidea jarraituz igo beharko dugu. Vega de La Sotín alderik alde zeharkatu ondoren kanalaren hasierara iritsiko gara.
- Jaitsiera: Gailurretik ipar ekialdeko sorbaldara jaitsi (kanala berez hemen amaitzen da) eta hemendik Chávida lepora doan elur pala jaitsiko dugu. Lepora iritsi aurretik iparrera joko dugu La Sotín kanalera zuzenduz. Jaitsieran, zuzen-zuzen behera doan kanala jarraitzeko tentazioari eutsi eta pixkanaka eskuin aldera jo beharko dugu. Jaitsieraren beheko zatian zertxobait ezkerrera eta gero, gure eskuinean horma handi bat utzita, eskuinera zakar joko dugu, metatutako nekeagatik gogorra egin daitekeen elur-pala bat igo eta harkaitz-zubi txiki batean kordel gorri batekin muntatutako rappel batera iristeko. 12 metro inguruko rappelaren ondoren, elur-pala luze bat jaitsi eta La Sotín kanalera iritsiko gara, denbora gutxian Vega de La Sotín lautadatxora itzuliz.
- Eramandako materiala: 60 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 6 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, 3 izotz-torloju eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak.
- Ibilbidea egiteko pasatako denborak:
  • Cordiñanes – Vega de La Sotín: ordu eta 40 minutu.
  • Vega de La Sotín – kanalaren sarrera: 15 minutu.
  • Material prestaketa: 25 minutu.
  • Kanalaren hasiera – Torre del Frieroko gailurra: 2 ordu eta 20 minutu.
  • Gailurrean argazkiak eginez: 10 minutu.
  • Gailurra – Vega de La Sotín: 2 ordu eta 50 minutu. Kontutan izan behar da jaitsieran ordubete baino gehiago rappelaren bila galduta izan ginela.
  • Vega de La Sotín lautadatxoan atseden hartzen: 15 minutu.
  • Vega de La Sotín – Cordiñanes: ordu eta bost minutu.
  • Denbora osora atsedenak sartuta: 9 ordu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen krokisa "La Garafa" blogetik hartua. Puntu zuriz gutxi gora behera guk egin genuen jaitsiera margotuta dago.


CORDIÑANES DE VALDEON HERRIAN KOTXEA NON UTZI

Posada de Valdeón eta Cordiñanes de Valdeón herriek lotu de Caín herrira doan errepideak herria hegotik iparrera zeharkatzen du. Gure ezkerrean “El Tombo” ostatua ikusi eta bere parera iritsitakoan eskuinera maldan gora doan kalea hartuko dugu (“Cares kalea”) . Eskuinera bihurgune bat egin bezain pronto ezkerrera hartu eta zuhaitz artean kokatutako aparkalekura iritsiko gara. Bertan, 15-20 kotxe inguru uzteko lekua dago.

Cordiñanes de Valdeón herria eta aparkalekuaren kokalekua. Herriko iturria non dagoen ere adierazita dago, baita Collado Jermoso aterpera doan PR-PNPE 16 bidearen lehen metroak.


DESKRIBAPENA

Asierrek lauretan jaso eta martxan jarri ginen. Burgos, Palencia eta Leoneko lautada amaigabe eta monotonoak zeharkatu ondoren, zeruertzean elurtutako mendilerroa azaldu zen: “hoik Picos de Europa izangoie, ez?” galdetu nion Asierri. “Baietz pentsatzet” erantzun zidan.

Lautadek mendiei paso eman eta pixkanaka baso eta urez gain zihoazen errekak zeharkatuz joan ginen. Riaño eta hautsak harrotu zituen urtegi polemikoa atzean utzi eta ia 1.500 metro dituen Panderrueba mendatera iritsi ginenean aho-zabalik gelditu ginen.

Riaño eta bere urtegia. Paraje ikusgarrian kokatua dago. Argazkia maiatzak 6koa da.


Gure aurrean kareharrizko hormez osatutako paisaia zabaldu zen. Eguneko azken argiek hormetan itsatsitako elurrean eginiko efektuak mendien handitasuna ahalik eta nabariagoa bihurtu zuen: “Alpeak ematedue” esan zidan Asierrek, “ya lo creo…” erantzun nion begiak zabal-zabalik.

Panderrueba mendateko ikusmira. Argazkia maiatzak 6koa da.


Google maps aplikazioarekin izandako gaizkiulertua eta ia bost orduetako kotxe bidaiaren ondoren, gaueko bederatziak hamar gutxiagotan Cordiñanes de Valdeón herriko aparkalekura iritsi ginen. Gure hurrengo helburua afaltzea zenez, furgoneta utzi eta afaltzeko leku baten bila hasi ginen.

Herri osoa zeharkatu ondoren, afarirako ogitarteko bat erosteko taberna eta ostatu guztiak itxita zeudela baieztatu genuen. Aparkalekura itzuli, furgoneta hartu eta Posada de Valdeón herrira zuzendu ginen, bertako edaritegi batean ogitarteko parea erosi eta berriro ere Cordiñanesera itzultzeko.

Aparkalekuan ibilgailu gehiago izan arren, biko bi sokada bakarrik ikusi genituen. Denei agurtu arren, airean nolabaiteko urduritasuna sentitzen zen, nahiz eta ezer esan, denen helburua zein zen argi zegoelako: “bueno biharko hiru kordada bakarrik bagare ezta txarra” esan nion Asierri furgoneta barruan ogitartekoa afaltzen genuen bitartean.

Afaltzen amaitu, motxilak prestatu, furgonetaren ohea muntatu eta, dena prest genuenean, gaueko hamarrak pasatxoan, lo zakuetan sartu ginen.

4:10, Cordiñanes de Valdeón, 850 metro. Alarmak goizeko hiruak eta erdietan Morfeoren besoetatik askatu gintuen. Aurreikusten genuen egun luzeari begira urduri samar, jaiki, arropa jantzi eta bezperan erositako sobatu pasiegoa gosaldu ondoren, dena pronto genuela baieztatu, Ikerrek utzitako GPS-a piztu eta goizeko laurak eta hamar aldera martxan jarri ginen.

Atera aurretik egindako argazkia.


Furgonetaren termometroak bi gradu adierazi arren kalean ez zen hotzik sentitzen eta haize leun batek zuhaitzetako hostoak goxo-goxo mugitzen zituen.

Aparkalekutik gora Collado Jermoso aterpera doan bidea hartu beharra dago, PR-PNPE 16 ibilbidea, alegia. Ibilbidea aparkalekuaren atzetik ipar-ekialdeko noranzkoan doan pista jarraituz hasten da, pista jarraitzen hasi eta 100-150 metro inguruan, indikazio panel eta poste baten ondoan, eskuinera (igoerako noranzkoan) hartuz.

Pista uzten den lekutik gora jarraitzen den bidea. Argazkia jaitsieran egina dago.


Gure aurretik, 200 metro ingurura, aparkalekuan lo egindako sokadetako baten kopeta-argiek bidea gutxi gora behera nondik jarraitu beharra genuen adierazten ziguten, itsasargi baten moduan. Hasieran, malda handirik irabazi gabe, harkaitz bloke handi batzuen artetik pasa ginen. Blokeak atzean utzi ondoren zelai tente bat igo eta berehala kareharrizko horman zizelkatutako bidea jarraitzen hasi ginen. Ilunpean joan arren, gure ezkerrean amildegia zegoela sentitzen genuen, are eta gehiago eskubanda moduan hormari itsatsitako sokara finko luzera iritsi ginenean.

Soka finkoa amaitzen den lekutik mendiaren bestaldera pasatu eta pixkanaka La Sotín kanalean sartu ginen metro batzuk galduz.

Kanalaren erdira iristear geundela bideak berriro ere gora egiten du La Sotín pagadia zeharkatuz. Hain goiz izanda bion arteko solasaldia ez zen izugarrizkoa izan eta bakoitza, erdi-esnatuta edo erdi-lo, pilotu automatikoa jarrita metroak irabaziz joan ginen. Pagadia atzean utzi ondoren berriro ere kareharriaren eremuan sartu eta azken malda luze baten ondoren Vega de La Sotín lautadatxora iritsi ginen.

5:50. Vega de La Sotín, 1.450 metro. Vega de La Sotín izena duen indikazio postea ikusi arte ez ginen ziur izan non geunden, nahiz eta poliki joan, igoera uste baino azkarrago egiten ari gineraren sentsazioa genuelako. Aurreko sokada askoz aurrerago zihoan eta beraien argiak jarraituz lautadatxoa zeharkatu genuen pixkanaka kanalaren azpiko elur-konora hurbilduz. Elurrik ez zuten azken harrietara iritsi ginenean alpinistez mozorrotzea erabaki genuen.

“Oaingoz ondo, ez?” galdetu nion Asierri. “Bai” erantzun zidan, “hotzik eztau ta lasai goaz”. Trasteak lasaitasun osoz prestatzen ari ginen bitartean hirugarren sokadaren argiak Vega de La Sotín zeharkatzen ikusi genituen: “ea goikok azkar ateatzeien gurekin distantzie itteko” esan zidan Asierrek. Kanalari buruzko egoera jakinda, hasiera batean soka motxilan uztea erabaki genuen, azken irtenguneetan ikusiko genuen zer egin.

25 minuturen ondoren traste guztiak prestatuta eta aurrekoak martxan jartzen ez zirela ikusita “martxan jarriko gea?” proposatu zidan Asierrek. Baiezkoa erantzun ondoren goizeko seiak eta erdi aldera martxan jarri ginen.

Goizeko 6:30ak, ateratzeko prest. Argazkian (Asierren ondoan) goitik genuen sokada ikusi daiteke.


Elur konoaren lehen metroak ez dira tenteak, 40 gradu inguru, eta aurreko egunetan pasatako sokadek utzitako arrasto nabaria jarraituz metroak erraz irabaziz hasi ginen: “oain fondoko karrera bezela hartu beharko deu indarrak dosifikatuz” esan nion Asierri. “Abiadura hontan ondo, ez?” galdetu zidan, “oaingoz primeran!!!” erantzun nion.Igoera poliki-poliki eskuineko noranzkoa hartuz doa hormen artean atzematen den pasagune estura hurbilduz.

Pasagune estura iristen.


Behera begiratu eta bigarren sokada 50 metro inguru beherago zetorrela ikusi nuen: “aurretio zijoztenak badatoz” esan nion Asierri, “eztatik bat, eo arazon bat izan due eo eztaukea soltura handirik” erantzun zidan.

Behera begirada. Nire atzean bigarren sokada ikusi daiteke eta honen azpian, urrun, hirugarrena.


Malda tentetzen hasi zenean (45 gradu inguru), kanala beste egoera batean dagoenean eskalatzen den lehen irtengunera iritsi ginen. Oraingoan elurrez erabat estalitako errimaia txiki baten itsurako koska tente bat besterik ez zen eta inongo zailtasunik eskalatu genuen. Izan ere, bigarren irtengunera iritsi arte zalantzan izan ginen lehen irtengunea eskalatuta genuen edo ez.

Lehen irtengunea eskalatzen.


Arrastoa oso nabaria izanda, eskailera bat igotzen ariko bagina bezala gindoazen, poliki-poliki, hauspoa berotu gabe: “emateo gaur hemendio norbait pasa dela” esan zidan Asierrek, “ba eztakit ba” erantzun nion “Vega de L Sotiñen lo indako bakarren bat ez bada…” erantzun nion. Lehen irtengunetik gora malda 45-50 gradu artean mantentzen da baina erraz igo genuen bigarren irtengunearekin topo egin genuen arte.

Lehen irtengunearen ondorengo zati estuan.


Zati berean.


Bigarren irtengunea, 2-3 metro ingurukoa, harkaitz baten ondoan sortutako elur hormatxo bertikalez osatuta zegoen. Asier hurbildu eta, elurra gogorra zegoela ikusita, erraz eskalatu zuen. Niri ere ez zitzaidan zaila iruditu: “holakok Aizkorrin dexente igota gare” esan nion bertatik atera nintzenean.

Bigarren irtengunean.


Bigarren irtengunea eskalatzen.


Bigarren irtengunetik ateratzen.


Bigarren irtengunetik gora kanala estutzen da eta ezinbestean Irauleko orratzaren kanala burura etorri zitzaidan: “hau Iraulekon iguala baño a lo bestia da” bota nion Asierri. Ezker hormatik gertu mantenduz, izotz geruza fin batez estalitako harriz jostiako koska batera iritsi ginen. Bertan, ezker hormatik eskuinera metro pasatxoko zeharkaldi horizontala egin eta, pioletak harrien arteko izotz eta elur gogorreko zatietan sartuz, koska erraz eskalatu genuen. “Oaingoz ondo, ez?” bota nion Asierri. “Bueno, errexa iruitzen ai zait” erantzun zidan.

Zeharkaldi horizontala egin ondoren, koska eskalatzen hasteko prest.


Koskatik ateratzen.


Koska atzean utzita 50 inguruko malda igotzen jarraitu eta kanala zertxobait zabaldu zen, arrastoak ezker horman zegoen erlaitz inklinatu batera eramanez.

Kanala zabaltzen den lekuan, Asier erlaitz inklinatuan.


Erlaitz inklinatura iristen.


Bertan, trago bat ur eta geletako baten erdia hartu eta gora jarraitu genuen zerua ikusten uzten zuen lepo antzeko batera zuzenduz. Lepo antzeko honetara iritsi aurretik kanalak ezkerrera jotzen du zertxobait tentetuz.

“Hara, eskalatzaile bakarti bat” esan zidan Asierrek. Gora begiratu eta gure aurretik 30-40 metro ingurura eskalatzaile bat ikusi nuen. Mugitu zenean soka bat lotua zuela ikusi genuen: “esaten non ba gaur hemendio norbait igota zeola” esan zidan Asierrek irribarretsu.

Kanalak ezkerrera hartzen duen lekuan, argazkian aurretik genuen eskalatzailea ikusi daiteke.


Sokaz lotuta zihoala ikusita, hemendik gorako zatia serioa jarriko zenaren zalantza izan genuen. Elurra nahiko gogorra zegoen eta kranpoien aurreko puntak bakarrik sartzen ziren arren, zalantzak ez zuen asko iraun eta soka atera gabe jarraitzea erabaki genuen.

Konturatzerako sokadaren bigarren eskalatzailearen parean geunden. Elkar agurtu ondoren, lasai asko aurretik jarraitzeko esan zigun: “mi compañero va a dos por hora, con lo que nos dejaréis atrás pronto”. Eskerrak eman ondoren aurretik beste sokada bat zihoala ere esan zigun: “ellos también han vivaqueado en la Vega de La Sotín”.

Eskalatzaiea agurtu eta hirugarren irtengune batera iritsi ginen. Sokadako lehenak iltze bat sartzen ari zen: “nei etzait ba zaile iruitzen” esan zidan Asierrek. Aurretik zihoanak irtengunea eskalatu zuenean gure txanda iritsi zen. 2 metro inguruko irtenguneak izotza eta elur gogorra zuen eta bere eskuinetik zailtasunik gabe eskalatu genuen sokadako lehenaren parera iritsiz.

Hirugarren irtengunea eskalatzen.


Hirugarren irtengunearen irteeran.


Metro batzuk atzetik eskalatu ondoren eta berak ere aurrea hartzeko esan zigunean, eskerrak eman, atzean utzi eta laugarren irtengune batera iritsi ginen, beharbada hirugarrena baino tente eta luzeagoa baina itsura berekoa, elur gogor eta izotzez estalitako harkaitz blokea, alegia. Irtengune hau ere bitan pentsatu gabe eskalatu eta, metro batzuk gorago, gure begien aurrean mila argazkietan ikusitako elur-leizearen aurreko bloke trabatu handia azaldu zen.

Laugarren irtengunean.


Laugarren irtengunetik ateratzen.


“Buffff, earraaaa” bota nion Asierri, “pentsatzet hemendio gora asuntoa zailduko dela”. Asierrek botako zituen izotz pusketetatik babesean, blokearen eskuinean kokatu eta berak elur-leizea eskalatu arte ez nintzen eskalatzen hasi: “kontuz pareko elurrekin, bigun xamarra dauta” ohartu zidan leizetxoa eskalatu ondoren.

Harkaitz bloke trabatuaren azpira sartzen.


Blokea azpitik zeharkatu eta 3-4 metro inguruko leizetxoa eskalatzen hasi nintzen. Asierrek esan bezala, pareko horman elurra ez zegoen oso gogorra. Oinak harkaitz-blokea eta elurraren artean trabatu eta, irteeraren eskuineko elurrean pioletak sartu nituenean, elurra gogorra dagoeneko “krok” hotsa entzun nuen. Bi pioletak sendo sartu eta leizetxoa arazorik gabe eskalatu nuen: “Ostia, ze ona, eh?” bota nion Asierri.

Leizetxoan, oinak trabatzeko leku baten bila.


Leizetxotik ateratzen.


Leizetxoa eskalatu ondoren.


Leizetxotik gora eskalatzen jarraitzeko bi aukera daude: bertikalean zuzen jarraitzea 1.979 urtean eskalatutako irteera zuzena eskalatuz, edo irteera originaletik jarraitzea ezker aldera doan kanal estua eskalatzen jarraituz. Lehen aldia izateko bigarren aukera hartu genuen.

Leizetxotik gora egindako argazki honetan kanalaren irteera originala (Asier dagoen lekuan) eta irteera zuzena (parean dagoena) ikusi daitezke.


Irteera originalaren lehen metroetan.


Kanal estuan sartu eta berehala bidearen azken bi irtenguneak parez-pare izan genituen: “pentsatzet soka atazkeo hemen atako beharko deula” esan zidan Asierrek.

Argazki honetan azken bi irtenguneak ikusi daitezke.


Lehenengo irtengunea, metro ea erdi pasatxo izango zituen eta pioletak irtengunea osatzen duen harkaitz blokearen gainetik elur eta izotzean sendo sartuz eskalatu genuen. Hain irtengune estua izanda zertxobait kosta zitzaidan gorputza postura onean jartzea. Azkenean, pioletetatik besoekin tira eginez irtengunea eskalatu nuen.

Azken aurreko irtengunean.


Azken aurreko irtengunea eskalatzen.


“Kontuz hontan elurre ez daulako oso gogorra” esan zidan Asierrek azken irtengunearen gainetik. Irtengunearen azpian kokatu eta, bertako harkaitz-blokearen gainean pioletak sendo sartu ondoren, eskuin oina altxatu eta, eskuin eskua harkaitz horman jarriz, lehenengoa baino errazago eskalatu nuen: “Luze izatek duen bentajetako bat pioletak urrutigo sartzeko aukera emateizula da, jejeje” bota nion irribarretsu irtengunea eskalatu eta gero.

Azken irtengunea eskalatzen.


Kanalaren zailtasun guztiak amaituta, 45-50 gradu inguruko malda eskalatzen jarraitu eta dagoeneko eguzkipean zegoen ipar-ekialdeko sorbaldara iritsi ginen.

Kanalaren azken metroetan.


Ipar-ekialdeko sorbaldara iristen. Puntu gorriz sorbaldatik gora jarraitu beharreko bidea.


Kanalaren amaieran. Argazkiaren eskuinean ipar-ekialdeko sorbalda ikusi daiteke.


“Denboraz oso ondo goaz, ez?” esan zidan Asierrek sorbaldan. “Eztakit ze ordu den ere” erantzun nion, “lau bat ordu pasako genitun?”. Mugikorra begiratu gabe ipar ekialdeko sorbaldatik gorako zatia eskalatzen jarraitu ginen. Sorbaldatik metro batzuk gora egin eta, parean zuzen-zuzen doan kanala ezkerrean utzita, eskuinera (igoeraren noranzkoan) 30 metro inguruko zeharkaldia egin, harkaitz batzuen artetik pasatu eta gora zuzen doan 40-45 gradu inguruko elur pala eskalatzen jarraitu genuen gailurraurrera hurbilduz. Eguzkiak garai honetan duen indarra agerian, elur pala biguna zegoen eta arrastotik kanpora ia belaunetaraino sartzen ginen.

Elur palan. Elurraren biguntasunagatik maldari begira jaitsiko genuen.


Gailurraurrera iritsi aurretik behera zihoan sokadarekin topo egin genuen. Arrastoa gailurraurrera arte jarraitzen zuela esan ziguten: “no lo hemos visto claro y nos hemos quedado allí, para nosotros esa ha sido la cumbre”. Asierrek begiratu eta “para una vez que venimos habrá que intentar…” bota zien. Bikotea agurtu eta metro batzuk eskalatu ondoren gailurraurrera iritsi ginen.

Gailurraurrera iristen.


Leku berean baina oraingoan goitik ikusita.


“Zemuzkoa ikustezu?” esan zidan Asierrek gailurraurre eta gailurra arteko ertz zatia ikusi genuenean. “joer, ba hola, a bote pronto, errexa emateo” erantzun nion. Ertzak haizeak sortutako erlaitz txikia zuen arren, bere eskuinean mantenduz metroak irabazten hasi eta, tartean elurra biguna bazegoen ere, gailurrera zailtasunik gabe iritsi ginen.

Gailurraurre eta gailurraren arteko ertzaren lehen metroetan arrastoa irekitzen.


Azken metroetan...


8:50, Torre del Friero. 2.445 metro. Gailur ospetsu honetara kanal ospetsu honetatik iristea momentu hunkigarria izan zen. Betetako beste amets bat!!!! Elkarri besarkatu eta buzoiaren bila hasi ginen, elurretik metalezko zati txiki bat ikusi nuen arte. Bitan pentsatu gabe makurtu eta pioletaren palarekin metalezko zatiari elurra kentzen hasi. Pixkanaka, gure zorionerako, elurpetik “O”, “R”, “I”, “E”, “R” eta “F” hitzak azaldu ziren.

Buzoia elurpetik ateratzen.


Buzoia elurpetik atera, gailurrean argazki batzuk egin eta ateratako lekuan berriro utzi genuen: “ba al dakizu ze ordu den?” esan zidan Asierrek, “beatzik hamar gutxi”. “No jodas!!” erantzun nion, “ze igo deu bi orduterdin baño gutxigon?”. “Ba hala emateo” erantzun zidan.

Torre del Friero gailurrean, 2,445 metro.


Elurra geroz eta gehiago biguntzen ari zela ikusita gailurrean argazki batzuk azkar-azkar egin eta goizeko bederatziak aldera beherako bidea hartu genuen: “elurretio aldeiten deunen zeoze jango deu”.

Asier gailurretik jaisten hasteko prest.


Elurra igoeran baino bigunago egonda, segurtasunegatik, hainbat metro maldari begira jaitsi genituen. Sorbaldara iristear geundela aurrea hartu genion sokadarekin topo egin eta, palaren egoeraren berri eman ondoren, lurrean zuten soka hartzea erabaki zuten.

Ipar-ekialdeko sorbaldara itzultzen.


Gailurretik ipar-ekialdeko lepora ordu laurden pasatxoan iritsi eta gelditu gabe behera jarraitzea erabaki genuen, eguzkiak jotzen zuen moduan, elur-jausien arriskutik ahalik eta azkarren alde egiteko.

Sorbaldatik beherako 40 gradu inguruko elur-pala biguna zegoen eta dozena erdi bat pausu zuzen nekez ematen genituen, tartean hanka elurrak ezkutatutako zuloren batean sartzen genuelako. Elurretan eseri eta “ipurdi-eski” moduan jaistekotan ere izan ginen baina elurra hain biguna izateak atzera bota gintuen.

Ipar-ekialdeko sorbaldatik behera, argazkiaren eskuinean Chávida lepoa ikusi daiteke, baita jarraitu beharreko bidea.


Elur-pala jaisten genuen bitartean, eskuinean Chávida lepoan amaitzen de izugarrizko horma utzi genuen. Eguzkiak hormaren harkaitzean gogor jotzen zuenez, elur-jausien beldurrez, abiadura zertxobait bizitu genuen horma eta malda handienetik ihes egiteko.

Chávida lepora iritsi gabe ezkerrera (iparraldera) jo eta, elur-jausi baten hondarren ondotik, La Sotín kanalerako noranzkoa zuzen hartu genuen.

Ezkerrera hartu ondoren, Asierren aurretik gailurraurrean gurutzatutako sokada ikusi daiteke.


Maldan behera. Arrastoengatik elurra biguna zegoela ikusi daiteke.


Maldarik handiena atzean utzi ondoren, gailurraurrean gurutzatu eta harkaitz batean atseden hartzen ari zen sokada harrapatu genuen: “¿Habéis llegau a la cima?” galdetu ziguten. “Sí”, erantzun genion. “Joer, ya habéis andau rápidos”. “Bueno”, erantzun genien “la verdad es que viendo la nieve tan blanda no hemos estado mucho tiempo”. Beherako bidea nondik doan ba al genekien galdetuta ezezkoa erantzun genien. Gu bezala, Torre del Friero bisitatzen zuten lehen aldia zen eta, gu bezala, jaitsieraren berririk ez zuten: “ayer me dijeron en el pueblo que no hay que seguir ni las huellas de la derecha ni las de la izquierda, que hay que ir por el centro hasta llegar a un puente de roca con un cordino rojo” esan ziguten. Informazio hau jasota, eskerrak eman eta beherako bidearekin jarraitu genuen.

Orain arte zegon arrasto bakarrari segika, beherako bidearekin jarraitu genuen arrastoak muin batean amaitu zen arte. Muinaren gaineko harkaitzetan batera eta bestera ibili ondoren ez genuen arrasto gehiagorik ikusi, muinaren ezkerrean hasten zen elurrezko kanalaren azpian ikusten zen arrasto bakarti bat izan ezik: “ba besteik eztau” esan zidan Asierrek. Ur pixka bat edan, kranpoiak eta eskaladako burdinak motxiletan jaso eta, muinaren ezker hormatxoa eskuak erabiliz jaitsi ondoren, elur kanal bigunean behera zihoan arrastoa jarraitu genuen.

Argazki honetan zuriz guk jarraitutako bidea, gorriz aldiz, jarraitu behar izan genuena. Bi bideak amaitzen diren lekua arrastoak amaitzen ziren muinoa da.


50 metro baino gehiago jaitsita genituenean, kanalak elurra eta, harri artean jaisten jarraitu genuen. Gure azpian Vega de La Sotín ikusten genuen eta rappela jaisten ari ginen kanalaren amaieran izango zela pentsatu genuen. Baina horma bertikal batekin topo egin genuenean gure usteak erdi ustel bihurtu ziren: “ostia, hemendio ezin gea jatsi” esan zidan Asierrek. Alde batera eta bestera begiratu ondoren, gure parean, La Sotín kanalaren bestaldean, orratz berezi batek atentzioa deitu zidan.

Argazkian ia amaierarte jaitsiko genuen kanala ikusi daiteke, baita erreferentzi bezala hartu daiteken orratz berezia ere.


Galdutako desnibelaren zati handi bat berreskuratu eta kanalaren ezkerreko plaka trinko batzuetara atera ginen. Bertan, atzean utzitako sokada gu geunden lekutik 100 metro ingurura ikusi genuen: “habéis encontrado el ráppel?” oihukatu ziguten, “no, ¿vosotros?” erantzun genien, “tampoco” izan zen beraien erantzuna. “Hok gu bezela galduta dare” esan zidan Asierrek.

Bat batean motxilan GPSa nuela gogoratu nuen.“Lasai, Ikerren GPSa daukeu” bota nion irribarretsu eta konfidantza osoz. GPSa motxilatik atera eta “bateria baja” mezua irakurtzearekin batera gure muturren aurrean itzali zen: “manda huevossss!!!”.

Kanalatik kanpo eta GPS gabe, harkaitz plaka trinko ezberdinak zeharkatuz, ezkerraldera (igoerako noranzkoan) zeharkaldia egiten hasi ginen gure ezkerrean La Sotín kanala utziz: “hormaren ertzetio gertu mantentzen bagea nunbaiten rappela topauko deu” komentatu nion Asierri. Eskuak erabiliz eta hainbat harkaitz-plaka trinko erdi-eskalatu ondoren mendizaleek utzitako hainbat arrasto ezberdin zeharkatzen zuten elurrezko zabalgune batera iritsi ginen.

“Bazpare hobe deu bakoitza noa dijon ikustea” erabaki genuen. Ezkerretik hasita, lehenengo arrastoa 40-50 metro inguru jarraitu eta pasabiderik gabeko leku batera iritsi ginen. Atzera buelta egin eta bigarren arrastoa emaitza berberarekin jarraitu genuen. Bata bestearen atzetik arrasto guztiek pasabiderik gabeko lekuetan amaitzen zirela baieztatu genuen.

Eguzkia erruz jotzen hasita zen eta geroz eta nekezagoa zen elurretan ibiltzea: “Ze ostia, ez al deu ba rappel puta hoi topauko?” bota nion Asierri. “Sikiera jatsierako bidea hito batzukin jarriko balue” erantzun zidan, “hemen behe lañoa edo egualdi txarra sartu ezkeo komerik izangoie”. Denbora aurrera zihoan eta beroa, elur bigun eta rappela ez topatzeagatik nazkatzen hasiak azkeneko arrastoa jarraitzen hasi ginen, eskuinean zegoena eta ipar-ekialdeko noranzkoan maldan gora zihoana.

Maldaren amaierara iristear geundela “rappela hemen dau!!!” oihukatu zidan Asierrek. Bera zegoen lekura hurbildu eta harkaitz-zubi txiki batean jarritako kordel gorria ikusi nuen. “Su puta madre, lekutan zeon!!!!” esan nion Asierri, “ta gañea erdi ezkutauta, ze hau ikusteare…” erantzun zidan. Rappelak 10-12 metro eskas izan arren, 60 metroetako soka izanda, ahal izan genuen guztia jaitsi ginen.

Rappelean.


Asier rappelatzen.


Soka berreskuratuta elur zopaz estalitako malda tente batzuk jaitsi eta behingoz La Sotín kanalera iritsi ginen.

Rappelatik beherako elur palan atzera egindako argazkia.


Kanalean behera gindoazela, hasieran jaitsi genuen kanal harritsuaren parean ikusitako orratz berezia azaldu zen: “hara, goien ikusi deun orratza, beste bateako badakigu orratz horren eskubita jo beharra daula”.

La Sotín kanalean, parean orratz berezia ikusi daiteke.


Kanala jarraituz inongo zailtasunik gabe Vega de La Sotín lautadatxoaren belar gozora itzuli ginen.

Vega de La Sotín lautadatxora iristen.


11:50, Vega de La Sotín, 1.450 metro. Harri handi baten ondoan, arnesak, pioletak eta soberako arropa guztia motxiletan jaso eta, makuluak eskuetan, zerbait jan eta edan ondoren berriro ere martxan jarri ginen. Tartean, Torre del Frieroren kanal zabalaren lehen metroak ikusten aritu ginen.

Kanal zabalaren lehen metroak, kanal estua egoera onean ez dagoenean eskalatu daiteken aukera alternatiboa.


Lautadatxoa zeharkatzen ari ginela aurretik jaitsitako sokadaren kanpadendaren ondora hurbildu eta rappela topatzearen inguruko abenturaz hizketan aritu ginen: “pues ya habéis estado un buen rato buscándolo, porque llevamos más de una hora aquí” esan ziguten. Bikotea agurtu ondoren “ba hok ordubete atera badigue seguro denbora gehio egon geala galduta, beraiek baño azkarrago ibiltzen ai giñen eta” esan zidan Asierrek arrazoi osoz.

Collado Jermoso aterpera doan bidegurutzeko indikazio postera iritsi ginenean, bertatik azken argazki batzuk egin, Torre del Frierori bizkarra eman eta beherako bidea hartu genuen.

Vega de La Sotín lautadatxoko indikazio postea eta Collado Jermoso aterpera iristeko igo behar den kanala.


Vega de La Sotín eta Torre del Friero mendiari eginiko argazki panoramikoa. Gorriz jaitsierako bidea, orlegiz kanal estuaren sarrera eta urdinez kanal zabalarena.


Vega de La Sotín-etik behera ilunpean igotako bidearen edertasunaz gozatzeko aukera izan genuen.

Vega de La Sotín lautadatxotik beherako lehen metroetan.


La Sotín pagadiaren tamainak harritu gintuen baita bidearen ertzeko amildegiak ere.

La Sotín pagadian.


Bidearen zati ikusgarrietako batean.


Soka finkodun zati luzea ederra iruditu zitzaigun, kuriosoa da bide batzuk nola egiten diren.

Soka finkodun zatian.


Soka finkodun zatiaren amaieran (jaitsierako noranzkoan) eta amaieratik behera jarraitu beharreko bidea.


Bota zurrun eta beroaren eraginez oinak kexatzen hasi zirenerako, bihurgune baten ondoren Cordiñanes herria azaldu eta tirriki tarraka aparkalekura iritsi ginen.

Cordiñanes de Valdeón mendien babes eta magalean.


13:10, Cordiñanes de Valdeón, 850 metro. “Oain bai, lortu deuuuuu!!!!” esan nion Asierri bostekoa emanez. Motxilak lurrean utzi, botak kendu eta hortik aurrerakoak azkar pasa ziren: trasteak jaso, arropa lehorra jantzi (horrenbeste orduen ondoren galtzerdi eta galtzontzillo lehor batzuk jartzeak ez du preziorik), Itzi eta MATekoi dena ongi atera zela esateko abisatu, kotxea hartu eta martxan jarri ginen.

Riaño.


Argazki batzuk egiteko gelditu eta erdibidean eguneko menu goxoa hozten hasi baino lehen di-da batean irentsi (“mendiak a zer nolakoa gosea ematen duen!!!”) ondoren, afaltzeko ordua baino lehen etxean geunden.

Ikusmira ederreko etxea...


Kanalak sentsazio bikoitza utzi zigula esango nuke: alde batetik duen edertasuna izugarria da, mehartua, tentea, luzea eta oso estetikoa, ikusgarria benetan. Bestalde teknikoki zailagoa izango zela espero genuen. Kanala topatu genuen egoera itzela ezohikoa izan zen inongo zalantzarik gabe, ziurrenik aurtengo negu elurtsuaren erruarengatik. Zailtasunaren inguruan aritu naizenean esan dudan bezala, nahiz eta egoera normalean D+ zailtasuna duen, guk ez dugu uste AD baino zailagoa topatuko genuenik. Urteetan Aizkorriko kanaletan landutako "Aizkorri style" bere fruituak ematen ote? Jejeje.

Asierrek kotxean esan zidan bezala: “nik normalen AD edo AD+ arte sokaik gabe nahiko ondo moldatzen naiz, horregatio eztet uste hoi baño gehio izango zunik”. Sentsazioak sentsazio, kanala erabat gomendagarria da inongo zalantzarik gabe, errepikatzea inporta ez duen horietakoa.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina