AZKEN 10 SARRERAK

2018/05/22

AIZTONDO: "ALDE HEMENDIK" BIDEA, 90 metro, 6a+. 2018/05/19


"Alde hemendik" bidearen oineko spit zaharra.


2017an MEKNF (Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Erakundea) erakundeak Aiztondo eskalada eskolako bide gehienak kimikoekin berrekipatu zituen. Berrekipatze honetan “Clásica Sur” bidearen bigarren eta laugarren luzeetan eta “Ainhoa” bidearen laugarrenean aldaketak egin ziren, bi bideei nortasun propioa eman eta, “Ainhoa” bidearen kasuan, bidea ireki zeneko irteera originala berreskuratuz.

Aspalditik nenbilen bi bide hauek berriz eskalatzeko gogoz, batez ere blogean argitaratutako kronikak eguneratzeko, honegatik, Asierri bi bideak egun berean eskalatzeko proposatu nionean bitan pentsatu gabe baiezkoa erantzun zidan. Plana, larunbata goizean goiz gelditu eta Uhartera joatea zen 5c zailtasun mailako bi bide hauek eskalatzeko.

Planean 6a+ zailtasuneko bide bat eskalatzen bukatuko genuela ez zen sartzen, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 85 metro.
Luze kopurua: 3.
Nork irekia: Honen daturik ez dut topatu. 2017an MEKNF erakundeak berrekipatua.
Zailtasuna: 6a+. Luzez-luze: 1ºL: 6a (30 m), 2ºL: V (30 m) eta 3ºL: 6a+ (30 m).
Orientazioa: Hego-mendebaldea. Eguerdirarte gutxi gora behera ez dio eguzkirik ematen.
Ura: Uharte Arakil herrian hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu. Kotxea non utzi eta hurbilketa nondik egin hemen irakurri daiteke.
Jaitsiera: Bidean beste sokadarik ez badago azkarrena rappelatzea da, inguruan beste biderik ez dagoelako. Sokadaren bat egongo balitz, azken bilgunetik gora metro batzuk eskalatu, hormatik atera eta, “Makurketa” sektorea gainetik zeharkatuz oinez jaitsi daiteke.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express zinta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


HIrugarren luzeko krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

Nahiz eta goiz ibili eta nahiz eta arin eskalatu, “Clásica Sur” bidea eskalatu genuenerako (bidearen eguneraketa hemen irakurri daiteke) Aiztondoko ia bide guztietatik sokada bat zintzilik zegoen: "Ainhoa beste bateako utzi beharko deu" esan zidan Asierrek.

Clásica Sur” bidearen lehen bilgunean.


Clásica Sur” bidearen bigarren luzearean hasieran.


Clásica Sur” bidearen hirugarren bilgunean. Bilguneak berri-berriak direla ikusi daiteke.


Clásica Sur” bidearen laugarren eta azken luzean.


Bidea rappelatu eta hormaren oinera iritsi ginenean, begiak sokadarik gabe zegoen “Iñaki Goñi” bidera joan zitzaizkidan.“Ta Iñaki Goñi eskalatzen badeu?” galdetu nion Asierri.

Asier ixil-ixil zegoen. “Zuk Alde Hemendik eskalauta daukezu?” galdetu zidan ixiltasuna hautsiz. “Bufff, ke baaaa” erantzun nion, “gañea oaindik ez nau seisamaseko luze bat eskalatzeko mun”. “Nik aspaldi eskalau nun ta goiko pasoa indarrekoa zela gogoratzen naiz” bota zidan, “hola hemengo beste bide bat eskalaukozu”.

Ez dakit nola konbentzitu ninduen baina azkenean baiezkoa esan nion. Traste guztiak hartu eta bidearen oinera zuzendu ginen.

"Alde Hemendik" bidearen oinean, lehen metroetan eskalatzen den diedro inklinatua ikusi daiteke.


Lehen bilgunera bi luze ezberdin iristen dira, bat 6a eta bestea V+ zailtasun mailakoa. 6a+ zailtasuneko luzea eskalatu behar bagenu, 6a luzetik eskalatzen hastea erabaki genuen, jejeje. 6a luzearen oinean, diedro inklinatu nabariaz aparte, spit zahar bat topatuko dugu, kronikaren hasierako argazkian azaltzen dena, hain zuzen ere.

“Bueno, luzek nola dijozten ikusita zu hasiko zea, ezta? jejeje” esan nion Asierri irribarretsu. Asierrek honen susmoa bazuela pentsatzen dut, galdera egin nionerako express-zintak arnesean zintzilikatzen hasita zegoen eta.

Lehenengo luzea, 30 metro, 6a. Luzea diedro inklinatuan gora hasten da. Lehenengo metroak, uraren higaduragatik edo, leun xamarrak dira eta gorputza ongi kokatu behar da metroak irabazteko, diedroaren eskuin hormak enbarazu egiten baitu.

Asier, erabat kontzentratuta, metroak poliki irabazten zituen express-zintak kimikoetatik bata bestearen atzetik lasaitasunez pasatuz: “uste baño gehio kostau zait” esan zidan diedroa eskalatu zuenean, “ez naiz ondo kolokau ta etzait komodoa egin”.

Diedro inklinatua eskalatu ondoren.


Diedroa eskalatuta, luzeak eskuinera diagonalean jotzen du, harkaitz-plaka tente eta teknikoa eskalatuz. Eskuentzat helduleku gutxi, txiki eta leunak dituenez, Asier eskuak baino oinak non jarri begiratzen joan zen denbora osoan, bilgunera pixkanaka hurbilduz.

6a zailtasuneko harkaitz-plakan.


Bilgunea, arte nabari baten eskuinean kokatua, kate eta eraitsi ahal izateko mosketoi batez osatua dago.

Lehen bilgunean.


“Zemuzkoa?” galdetu nion luzea eskalatzen hasi baino lehen. “Ondo” erantzun zidan, “azkeneko plaka hau zikina daula iruittu zait”. “Ea kimiko edo expressei ez dieten eusten, jejeje” erantzun nion horretarako burua konbentzitu nahian.

Asierrek sokak jaso eta eskalatzen hasi nintzen. Diedroaren lehen metroak ez zitzaizkidan zailak iruditu baina bertatik irteteko izerdi bat baino gehiago bota nuen: “bueno lehenengo pasoa inda” animatu nintzen.

Harkaitz-plaka eskalatzen hasi nintzenean eskuentzat heldulekuen bila batera eta bestera hasi nintzen: “nire berdin aittunaiz” esan zidan Asierrek bilgunetik, “hankakin igotzekoa da”. Begirada behera zuzendu eta oinak pixkanaka mugitzen hasi nintzen harkaitz-plakari metroak irabaziz. Egia esan oinentzako lekuek hasiera batean dirudiena baino gehiago eusten dute eta, nahiz eta bilgunera arnasestuka iritsi, luzea uste baino zailtasun gutxiagorekin eskalatu nuen.

Lehen bilgunera iristen.


Bigarren luzea, 30 metro, V. Bigarren luzetik gora bidea paraboltekin babestua dago. “Zenbat ematen diote honi?”. “Kinto edo kinto menos esango nuke” erantzun nion. “Ustet hasierako harrie etzela oso ona” erantzun zidan. “Hori, hori, zu animatzen, jejeje” bota nion bilgunetik atera aurretik.

Luzea bilgunea eta artearen artetik doa, zertxobait makurtua dagoen 2-3 metroetako horma eskalatuz. Heldulekuak oso onak dituen arren, Asierren azken hitzak buruan, pasabidearen eskuin hormako harkaitzek ez zidaten konfiantza handirik ematen. Besaurreak nekatzen hasi baino lehen harkaitz hauei eutsi eta, mugitzen ez zirela ikusita, pasabidea arazo handirik gabe eskalatu nuen: “Harkaitzek onak die” esan nion pasabidearen gainetik.

Horma bertikala eskalatu ondoren.


Lehenengo metro bertikal hauen ondoren, aurretik nuen harkaitz-plaka tentea eskalatuz jarraitu nuen. Bilgunera arteko harkaitz-plaka honetan izugarri gozatu nuen, esku eta oinentzat heldulekuen bila (oso onak ditu) eskalatuz ibili behar delako. Bilgunea, uztaidun bi paraboltez osatua, ez dago leku erosoan.

Bigarren bilgunetik lehenengora eginiko argazkia.


Bigarren bilgunea muntatzen.


Asierrek eskalatzen zuen heinean, gure ezkerrean (eskaladaren noranzkoan) laukote bat “Iñaki Goñi” bidea eskalatzen ari zen. Bide honen bideo erreportajea egiteko “Alde Hemendik” bidea talaia ederra izan daitekela iruditu zitzaigun.

Hirugarren luzea, 30 metro 6a+. Bilgunearen leku txikian materiala bata besteari ahal izan genuen moduan pasatzen aritu ginen: “bueno ea azkeneko hau ateatzeten” esan zidan bilgunetik ateratzearekin batera.

Hirugarren luzearen nondik norakoak bigarren bilgunetik ikusita.


Lehenengo metroak, bigarren luzearen moduan, helduleku oneko harkaitz-plaka tentea eskalatuz egiten dira, helduleku gutxiko plaka leun eta tente batera iritsi arte.

Helduleku oneko harkaitz-plaka tentearen amaieran.


Plaka honetan Asierren orain arteko abiadura iraunkorra bat-batean gelditu eta batera eta bestera begiratzen hasi zen. Une baten ondoren, metro bat eskuinera bota eta plaka honen pasabidea (gure ustez 6a inguruan izan daitekeena) eskuinetik erdi-saihestu zuen, gorputza luzatu eta pasabidearen goiko paraboltetik express-zinta pasatuz. Pasabide hau eskalatu eta, putreen gorotzez zikindutako metro batzuen ondoren (V+), bilgunetik ikusten den makurtutako diedro nabariaren azpiko hormara iritsi zen.

6a pasabideari ematen hastear.


Horma lasaitasun handiz eskalatu (V+) eta bideari zailtasuna ematen dion diedro makurtuaren azpian kokatu zen. Batera eta bestera begiratuz eta topatzen zuen helduleku bakoitzari sendo eutsiz, 3-4 metroetako diedro makurtua erraz eskalatu zuen.

Diedroa eskalatuta, bilgunera iristeko eskuinera diagonalean zeharkaldi fina egin beharra dago. Pasabide motz hau izan zen Asierri denbora gehien eraman ziona baina, hau ere, maisutasun handiz eskalatu zuen, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz.

Hirugarren bilgunea muntatzen.


Gertuago... Bigarren eta hirugarren parabolten artean 6a pausua dago. Argazkian diedro makurtua ere ikusi daiteke, nahiz eta soka honen eskuinean gelditu.


Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita. Nire eskuinean “Iñaki Goñi” bidea eskalatzen ari zirenak ikusi daitezke.


Kuriosoa da burua nolakoa den baina aurretik nuen luzea 6a+ zailtasunekoa zela jakin eta sinistuta bilgunetik urduri eta baldar atera nintzen.

Azken luzea eskalatzen hasteko prest.


Helduleku oneko plaka atzean utzi ondoren, Asierrek eskuinetik erdi-saihestutako plaka leun eta tentera iritsi nintzen. Soka gainetik eramanda pasabidea zuzen eskalatzen saiatuko nintzela erabaki nuen. Oinak helduleku txiki batzuetan kokatu, gorputza luzatu eta ezker eskuarekin helduleku bat topatu nuen. Gorputza altxatzen hasi eta, pasabidea eskalatuko nuela sinisten hasita nengoenean, ezker oina dardaratzen hasi eta bitan pentsatu gabe express-zintari eutsi nion. Hurrengo metroak eskalatzen jarraitu eta makurtutako diedroaren oinean kokatu nintzen.

“Pasok kanto ona dauke, hankak ondo begiratu” ohartu zidan Asierrek bilgunetik. Oin eta eskuentzat helduleku onak topatu eta gorputza altxatzen hasi nintzen. Orduan, trebeak ez garen eskalatzaileei azaltzen zaizkigun deabru eta aingerua azaldu zitzaizkidan: “eutsiozu expressari, total, azpiko besteari dauneko eutsiozu” deabruak. “Ez eutsi eta estutu, segundo junda etzea eroiko eta” esaten zidan aingeruak. Asierrek ere “estutu lasai Smithy, bilgunea earra data” animatzen zidan. Luzeak iruditu zitzaizkidan segundo batzuen ondoren, azkenean, nahiz eta bi baten aurka izan, deabruari kasu egin eta express zintari eutsi nion. Gorputza berriro ere kokatu eta hurrengo express zintara iritsi nintzen diedroa atzean utziz.

“Ea oain pasotxo hau nola ittezun” esan zidan Asierrek, “nei gehien kostazaitena izan da”. Plakan oinak ongi kokatu eta Asierrengana hurbilduz joan arren, deabruak berriro ere belarrira hitz egiten hasi zitzaidanean, express-zintari hirugarrenez eutsi eta bilgunera iritsi nintzen. “Ta okerrena da ez detela erabat estutu” esan nion, “besaurrek etzaizkit petaure egin”.

“Egunen baten deportibako bide batea jun beharren gare expressetatio botatzea” esan nion Asierri, “ea modu hontan burue ittedeun”. “Bai hala da” erantzun zidan, “ez daukeu bueloik itteko ohitturaik ta notatzea”.

Bidetik jaisteko, azpitik inor ez zetorrela jakinda, rappela egitea erabaki genuen.

Rappelaren lehen metroetan, sabaiatik behera jaitsi ondoren.


Lehen bilgunera iristen.


Asier lehen rappelean.


Lehen rappelean lehen bilgunera iritsi eta bigarrenarekin lurreratu ginen.

Bigarren rappelean.


Trasteak jasotzen ari ginela sentsazio gazi-gozoa nuen: alde batetik zoriontsu nengoen, nahiz eta A0 moduan eskalatu, 6a+ zailtasuneko luzea eskalatzeko kapaz izan nintzelako, baina bestetik nire buruarekin amorratuta nengoen, atzetik joanda gehiago ez estutzeagatik. Dena den, eta irakurketa orokorra eginez, goiza borobila izan zen, “Clásica Sur” bidea berriro ere eskalatu eta, Asierrengatik izango ez balitz, eskalatzeko urteak beharko nituen bidea eskalatzeagatik.

Igandeko erronka Ziordia eta Egino arteko 300 metroetatik gorako bidea eskalatzea izango zen, baina honen ingurukoak hurrengo kronikarako utziko ditut...




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina