AZKEN 10 SARRERAK

2018/06/11

EZKULEKU HARRIA (765 metro): MENDEBALDEKO EZPROIA, 80 m, IV, 2018/05/16

Ezkuleku Harrian lehen aldiz esplorazio lanetan aritu ginenean, orratzaren bi ertzetatik aparte, mendebaleko aurpegi mehartuan kokatutako ezproiak atentzioa deitu zigun. Ezproi elegante hau mendebal aurpegiaren itzalpean jaio eta, zuzen-zuzen, Ezkuleku Harria eta GR-20 bidearen arteko ertzera iristen da.

Ezkuleku Harriaren mendebaldeko horma ikusgarria. Erdian mendebaldeko ezproia ikusi daiteke.


Ezproia hiru zatitan banatzen da: beheko zatian, punta batean amaitzen dena, horma tentea dago, erdian ertz zati etzana eta bukaeran hormatxo bertikal bat. Ezproiari argazki asko egin eta ordenagailuan handitzeaz aparte, ekialdeko ertza eskalatu genuenean prismatiko batzuekin goitik behera aztertzen aritu ginen. Itxuraz, beheko zatia harkaitz onekoa zirudien arren, azken bi zatietakoarekin zalantzak genituen, landaretza handiago izanda harkaitza askea izango zela pentsatu genuelako. Hau egiaztatzeko, egunen batean ezproi hau eskalatzen saiatu beharko ginela adostu genuen.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 80 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Honen inguruko informaziorik ez dugu topatu.
- Zailtasuna: IV. Luzez luze: 1ºL: IV (25 m), 2ºL: III-III+ (55 m).
- Orientazioa: Mendebaldea.
- Ura: Uharte Arakil herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik, GR-20 bidea jarraituz, 25-30 minutu inguru.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ezkerrera (iparraldera) doan ertz zabala amaiera arte jarraitzen da GR-20 bidearekin bat egin arte. Bide honetatik 25 minutu inguruan kotxea utzitako lekura iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordubete pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

“Atsalden nola datorkizu Ezkulekura buelta bat egiteko?” zioen Asierrek Whatsapp mezuak. Lanetik atera, azkar-azkar etxera iritsi, bazkaria irentsi, motxila egin eta, mendiko arropa jantzi eta zapatilak lotzearekin batera, Asierren kotxea etxe parean gelditu zen.

Uharte Arakil herrira zuzendu, kotxea aparkatu (kotxea uzten den lekura nola iritsi hemen irakurri daiteke), motxilak hartu eta GR-20 bidean gora poliki-poliki hasi ginen.

GR-20 bidean gora pasatzen den bidegurutzetako batean.


Aurreko bidegurutzearen ondoren dagoen bidegurutzean.


Ezkuleku Harriaren mendebal aurpegira iristeko, GR-20 bidetik igotzen hasi ginen Ezkuleku Harriaren ezkerreko (mendebaldean) zelai handiaren parera iritsi arte.

Bidea uzten den lekura hurbiltzen.


GR-20 bidea uzten den lekuan, parean Ezkuleku Harria ikusi daiteke.


Bertan, bidea utzi eta, zelaian barrena, apenas altuerarik irabazi gabe, ezproiaren oinera iritsi ginen, tartean harkaitz-plaka eta harritzak zeharkatuz. Kotxea utzitako lekutik ezproiaren oinera gutxi gora behera 25 minutuetan iritsi ginen.

Zelaiaren zeharkaldian.


Ezproira hurbiltzen. Ezkuleku Harriaren mendebaldeko horma ikusgarria da.


Ezproia gertuago...


Ezproiaren mendebaldeko aurpegia.


Ezproiaren beheko zatia ekialde eta mendebaldetik aztertu ondoren, azkenean ezproiaren erditik eskalatzen hastea erabaki genuen: “gaur ni hasiko naiz, hola pixkat aldatzeko” esan zidan Asierrek irribarretsu.

Lehenengo luzea, 25 metro, IV. Lehenengo 10 metroak harkaitz oneko plaka inklinatu bat eskalatuz egiten dira. Asier plakaren amaierara iritsi zenean, bertako pitzadura batean artaka-trabagailu bat trabatu eta hemendik gora eskalatzen den horma bertikala aztertzen hasi zen. “Pareta hontako harrie ez da oso ona” esan zidan hormatik aske zeuden tamaina ezberdinetako harriak kenduz.

Plaka inklinatuaren amaieran artaka-trabagailua trabatzen.


Horma batetik eta bestetik begiratzen aritu ondoren azkenean zuzen (eta kontu handiz) eskalatzen jarraitzea erabaki zuen (IV zailtasuna) ezproiaren ezkerreko zuhaixkara zuzenduz eta bidean topatzen zituen harkaitz askeak kenduz.

Zuhaixkara iritsi zenean, bertatik zinta-uztaia pasatu eta zuzen eskalatzen jarraitzea erabaki zuen: “eskalada errexa da baña hemengo harkaitze ez da bate fidagarrie” esan zidan metro eta erdi eskalatu ondoren. “Harrie txarrabada, nahi bazu zuhaitzara jatxi ta handio jatxiko zaitut” erantzun nion. “Hor aurren daun harkaitza emateo hobea dela, hala bada goiko zuhaitzea errex iritsiko naiz” erantzun zidan.

Poliki-poliki eta hormatik kolokan zeuden harkaitzak kenduz, eskalatzen jarraitu (IV) eta lehenengo bilgunea muntatuko zuen zuhaitzaren azpiko hormatxo bertikalean kokatu zen: “hemen behintzet harrie oso ona da” esan zidan.

Hormatxo bertikalaren azpian, harri askeak dituen horma eskalatu ondoren.


Hormatxoan artaka-trabagailu bat eta friend bat sendu trabatu eta, zuzen eskalatu ondoren (III+), inongo arazorik gabe bilgunea muntatu zuen arte ederrera iritsi zen.

Zailtasun guztiak amaituta.


Badaezpada harririk ez botatzeko soka kontu handiz jaso eta eskalatzen hasi nintzen. Asierrek esan bezala eskalada ez da zaila baina harri askeak daude. Atzetik joateak ematen duen segurtasunarekin bidea ahal izan nuen guztia garbitu nuen. Bilgunearen azpiko hormatxora iritsi eta bertako harkaitz trinkoa eskalatu nuenean lasaitu nintzen.

Lehen bilgunetik behera egindako argazkia.


“Ba hau hola badau, goikoa eztakit ba nola eongoen” esan nion bilgunera iritsi nintzenean. “Lehenengo metrok errexak emateue, goien txarra badau honea destrepau ta zuhaitzetio rapelauko deu” erantzun zidan Asierrek. “Bazpare denbora guztin errexenetio jungo naiz” erantzun nion.

Bigarren luzea, 55 metro, III-III+. Material guztia jaso eta bilgunea utzi nuen. Lehen metroak erdi-oinez egin ondoren, aurretik nuen hormatxoa (II+) eskuinean dagoen zuhaitzaren adarren laguntzarekin eskalatu eta ezproiak egiten duen puntara iritsi nintzen.

Puntatik behera egindako argazkia.


Metro batzuk ertzetik erdi-oinez jarraitu eta, plaka inklinatu eta trinko baten azpiko zuhaixken enborren inguruan zinta-uztaia pasatuz lehen express zinta jarri nuen: “bueno, asuntoa oaingoz ondo dijo” pentsatu nuen.

Plaka inklinatua eskalatu (II) eta luzearen zatirik zailenera iritsi nintzen, 4-5 metro inguruko hormatxo bertikala. Hormaren azpian ongi begiratu ondoren artaka-trabagailu bat sendo trabatzeko pitzadura eder bat topatu nuen: “Oain al loro ibili” esan nion Asierri.

Hormatxoaren eskalada ez da zaila (III-III+ inguru) baina harkaitzaren kalitateak kezkatzen ninduen. Eskalada logikoena ezproiaren ertzetik eskalatzen jarraitzea bada ere, bertako harkaitzek ez ninduten inongo konfiantzarik eman, honegatik horma zuzenean eskalatzen jarraitzea erabaki nuen.

Metro bat inguru eskalatu eta friend bat fundamentuz trabatzeko pitzadura bat topatu nuen. Beste metro bat gorago nengoenean bigarren friend bat trabatu eta, inguruko harkaitz guztiak haztatu ondoren, kontu handiz, ezkerrera zeharkalditxo bat egin nuen ezproiaren ertzean kokatu eta azken metro parea erraz eskalatzeko.

Hormatxotik atera eta, belarretan 4-5 metro ibili ondoren, arte eder baten ingurutik zinta-uztaia pasatuz bilgunea muntatu nuen.

Bigarren luzearen nondik norakoak.


Asierrek hormatxoa ertzetik eskalatu zuen: “zemuzkoa?” galdetu nion. “Bah, besten antzekoa izangoela pentsatzet, III+ ingurun” erantzun zidan, “halere harkaitza uste nuna baño okerrago dau”.

Zailtasunak amaitzen diren lekuan. Azpian ezproiaren oinera iristeko zeharkatu behar den zelaia ikusi daiteke.


Harkaitz-plaka batean eseri eta materiala lasai-lasai jasotzen hasi ginen, ikusmiraz gozatuz: “hemendio norbait igoko zen?” galdetu zidan Asierrek. “Eztakit ba” erantzun nion, “baña hala bada eztet uste asko izango zienik, jejeje“. Ezproia hain estetikoa izanda pena da duen harkaitz kalitatea, Asierrek esan zuen moduan “harkaitz ona izan ezkeo eskalada elegantea izango zen”.

Traste guztiak jasota genituenean, ertzaren gainetik iparrera jarraitu eta, GR-20 bidearekin topo egin genuenean, beherako bidea hartu genuen ordu erdi eskasean kotxera itzuliz.

Asierrek esan zidan moduan, ezproi honetako harkaitza ona izango balitz eskalada ederreko bidea izango litzateke, ez dakit bidea errepikatzearen kontua izango den. Honegatik, eskalada teknikoki zaila ez bada ere, lehen luzean batez ere “psikologikoa” da, oinak non jarri ongi begiratu behar delako.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina