Muskildi, Espilleta eta Aiztondoko eskalada eskolaren artean kokatutako zirko txikia da. Bere sabelean Amurgin erreka jaiotzen da eta Aralarko San Miguelera doan GR-20 eta “Meatzeko bidea” ibilbideek behetik gora zeharkatzen dute. “Mehatzeko bidearen” inguruko informazioa Uharte Arakiletik eta San Miguel artean 2016an egindako ibilbidean irakurri daiteke.
Muskildi zirkoa Uhartetik ikusita.
Ibilbideak alde batera utzita, eskaladari dagokionez, zirko honek badu ezusteko atseginik: Uharte Arakiletik begiratzen badugu hainbat orratz ikusi daitezke, denetatik ikusgarri eta nabarmenena zirkoaren ekialdeko Ezkuleku Harria, 765 metro dituena.
Ezkuleku Harria orratz ikaragarria da, bere gailurrera iristeko nahi eta nahi ez eskalatu beharko duguna. Hegoaldetik harkaitz-plaka bertikalez defendatua dagoen bitartean, mendebaldean izugarrizko horma makurtua du, euria botatzen duenean bustitzen ez den horietakoa. Iparraldetik eskalatu nahi badugu, harkaitz-bloke soltez osatutako 10-12 metroetako horma makurtu eta arriskutsua eskalatu beharko dugu. Ertzei dagokionez, deigarrienak hiru dira: mendebaldeko aurpegiaren itzalpean ezkutuan dagoen ezproi eta ertz motza, mendebaldeko ertz bertikala eta ekialdeko ertza.
Orratzaren esploratze lanetan aritu ginen egunetan, Berro anaiek mendebaldeko ertzari egindako saiakera batean utzitako mosketoidun iltze bat topatu genuen arren, ekialdeko ertz osoan eta orratzaren gailurrean inor pasa den arrastorik ez genuen ikusi. Eta azkeneko hau harritzekoa da, orratzetik jaisteko derrigorrez rappela egin beharra dagoelako.
Espilletako orratzen eskaladarekin gertatu zen moduan, proiektu hau A-10 errepideko joan etorrietan jaio zen. Ezkuleku Harria aspalditik genuen begiak jota eta leku eta alde ezberdinetatik argazki dezente eginak bagenituen ere, bisita egitea pendiente genuen, harkaitzaren kalitatea ez baita argazkietan ikusten. Eskaladako trasteekin egin genuen lehen bista maiatzaren lehena izan zen, nahiz eta, ezusteko bat dela eta, maiatzaren 2an berriro ere itzuliko ginen ...
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 170 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Honen inguruko informaziorik ez dugu topatu.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV (30 m), 2ºL: III+ (30 m), 3ºL: IV (50 m), 4ºL: IV+ (20 m) eta 5ºL: IV+ (40 m).
- Orientazioa: Hego-ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Uharte Arakil herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 25-30 minutu inguru.
- Jaitsiera: Gailurretik iparraldera 12-15 metroetako rappela egin eta ertza jarraitu amaiera arte. Azken harkaitzak atzean utzi ondoren GR-20 bidearekin bat egingo dugu. Hemendik, 30 minutu ondoren kotxea utzitako lekura itzuliko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 2 ordu eta berrogeita bost minutu.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak. Azken bilgunea hobe rappela muntatuta utzi genuen lekuan muntatzen bada.
Krokisa zehatzago.
KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO
Iruñako noranzkoan bagoaz , A-10 errepidea 12garren irteeran ("Uharte-Arakil") utziko dugu (Irurtzundik etorrita ere, A-10 errepidea uzten den irteera 12garrena da). Irteeraren ondoren dagoen biribilgunean laugarren irteera hartu eta, A-10 errepidearen gaineko zubia zeharkatu ondoren, bigarren biribilgune batera iritsiko gara. Hemen NA-2410 errepidera doan irteera hartuko dugu. Eskuinera doan bihurgunearen ondoren bidegurutze batera iritsi eta ezkerrera hartuko dugu (NA-2410 errepidea jarraituz). Errekaren ondoko makaldian dagoen atseden lekua pasa eta zementuzko eraikin baten ondoan, ezkerrera doan errepidea hartuko dugu, Amurgin baserrira doana hain zuzen ere. Errepidea jarraitu eta eraikin nabarmen bat dagoen bidegurutzean eskuinera joko dugu baserri batera (Bitorianoren etxea) zuzenduz. Baserriaren atzean, parez-pare, Ezkuleku Harria izango dugu.
Bitorianoren etxea eta honen atzean Ezkuleku Harri.
Baserria gure eskuinean utzi eta, 100 metro eskasera, bigarren eraikin batera (Elzegilleneko borda) iristeko bideak behera egiten hasten duenean, errepidearen ezker bazterrean 2-3 kotxe uzteko tokia topatuko dugu.
Trasteak prestatzen.
DESKRIBAPENA
Goizeko korrika saioaren ondoren, goiz bazkaldu eta arratsaldeko hiruak eta erdi aldera kotxetik martxan jarri ginen. Kotxea uzten den lekutik GR-20 bidea hartu genuen ondoko zelaiko ardien begiradapean.
GR-20 ibilbidearen lehen metroetan.
Bidea nabaria da eta galtzeko arriskurik ez dauka. Metalezko langa bat pasatu eta metro batzuetara, GR-20 ibilbidea utzi eta eskuinera doan bidexka hartu genuen, gure helburua Ezkuleku Harriaren ekialdera hurbiltzea baitzen.
GR-20 ibilbidea utzi genuen lekuan.
Neguak botatako hianbat zuhaitzen artetik pasatu eta, bidea garbitzearekin batera, "Sasilazko kueba" izeneko leizera iritsi ginen: “leku earra animalik babesteko” esan zidan Asierrek leizearen sarreran makurtuta.
"Sasilazkokueba"-ren sarreran eta hemendik gora jarraitu genuen bidea.
Leizetik aurrera bidexka ekialdeko noranzkoan jarraitu genuen zuhaitzen adar artean nolabait Ezkuleku Harria erreferentzi bezala hartuz. Ekialdera gehiegi desbideratu ginela uste izan genuenean bidexka utzi, basoan sartu eta ahalik eta zuzenen gora jo genuen, Ezkuleku Harriaren azpian (hego-ekialdean) kokatutako orratz txikira iritsiz: “honen igoera ere interesantea izan leike” pentsatu genuen orratzaren hego eta ekialdeko horma aztertu ondoren. Orratzaren iparreko lepora igo eta Asier gailurreraino eskalatu zuen: “ea hemen bileraik montatzeik daun”. Bilgunea muntatzea posible zela baieztatu ondoren berriro ere jaitsi eta, nahiz eta hasieran tentatuta izan, orratza beste baterako utzi genuen, gaurko helburua Ezkuleku Harriaren ekialdeko ertzean bide bat eskalatzea baitzen.
Hego-ekialdeko orratzaren gailurrean.
Baina zein bide eskalatu? Nondik hasi? Hau zen kezkarik handiena. Orratz txikiaren eskuinean (ekialdean) dagoen horma ezker-eskuin aztertzen hasi ginen. Ekialderako noranzkoan, 30-40 metro inguruko zeharkaldiaren ondoren erlaitz handi batera iritsi ginen: “leku hau hasteko earra emateo” esan nion Asierri, “gutxiñez aseguratzeko erosoa da”. Gora begiratu eta, hormaren harkaitza nahiko trinkoa zirudiela iruidtu zitzaigun. Erabakia hartua genuen: eskalatzen hemendik gora hasiko ginen.
Lehenengo luzea, 30 metro, IV. “Bueno, bagoaz” bota nion Asierri eskalatzen hastearekin batera. Lehenengo metroak plaka etzan erraz bat eskalatuz bete nituen plaka tente eta trinko baten oinera iritsiz. Bertan, harkaitz-zubi bat aprobetxatuz luzearen lehen express-zinta jarri nuen: “hor ondo zare?” galdetu zidan Asierrek. “Bai” erantzun nion. Asierrek argazki kamera atera eta pare bat aldiz saiatu ondoren “joer, error tarjeta de memoria jartzeo” esan zidan. “Bueno, luze honetan argazki asko ez ditteu izango, jejeje” erantzun nion.
Aurretik nuen plaka trinkoa aztertzen hasi eta auto-babeserako aukera handirik ez zuela ikusi nuen. Helduleku ederrak zituenez, bitan pentsatu gabe plakaren 3 metroak zuzen eskalatu (III-III+) eta tximini bertikal itsurako baten oineko belarrez estalitako erlaitz txiki batera iritsi nintzen: “ostia, a ze tirada!!” esan zidan Asierrek “hau eroiezkeo bertan geldittukoa, pentsau det”. “Lasai, kristoneko heldulekuk dareta” erantzun nion.
Erlaitzean zalantzan izan nintzen tximinia zuzen eskalatu edo honen ezkerretik jarraitu. Tximiniak helduleku onak zituela ikusita, artaka-trabagailu bat trabatu eta kontu handiz eskalatzen jarraitu nuen. Nahiz eta harri onekoa izan, bertatik harri askeren bat kendu (Asierrek geroago tximinia gehiago garbituko zuen) eta, bigarren artaka-trabagailu bat trabatu ondoren, tximiniaren gainera iritsi nintzen.
Tximinia eskalatuta, hormaren gaineko zuhaixkara zuzendu nintzen, helduleku oneko 2-3 metrotako plaka inklinatua eskalatu eta hormatik ateraz.
Lehenengo luzea azpitik ikusita. Hau izan zen egin genuen argazki bakarra.
Nengoen lekutik 5-6 metro gorago bilgune sendo bat muntatu ahal izateko arte eder bat ikusi nuen. “Soka asko gelditzea?” galdetu nion Asierri. “Bai, oaindio bai” erantzun zidan. “Nahibazu soka askau, ze hemendio bilgunea oñez juteik dauket” bota nion. Asierrek soka askatu eta arin-arin artera iritsi nintzen. Bertako enborretik zinta-uztai luzea pasatuz lehen bilgunea muntatu nuen.
Lehenengo luzean, Asierren argazki makina "konpondu" ondoren.
“Luze politte ta harkaitze oso ona” esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean. “Neire gustau zait” erantzun nion.
Lehen bilgunetik gora eskalatzen jarraitzeko aukera ezberdinak aztertu ondoren (tartean tximinia interesgarri bat), azkenean ertzetik ahalik eta gertuen mantentzea erabaki genuen: “ertza eskalatzea etorri bagea, ertza eskalatu beharko deu”. Tartean, ez dakigu nola, teknologiaren mirariak, Asierren argazki kamera lanean hasi zen.
Bigarren luzea, 30 metro, III+. Asier bilgunetik gora doan ertza eskalatuz jarraitu zuen. Lehen metro etzanak eta errazak izanda, zailtasunik gabe eskalatu zituen.
Luzearen lehen metroetan.
Ertza tentetzen den lekuan oinak ongi kokatu, friend bat trabatu eta ertzaren ahotik (III+) jarraitu zuen luzeak dituen zailtasunei amaiera emanez. Nahiz eta azpitik hala ez iruditu, zati honetan harkaitza dirudiena baino trinkoagoa da.
Ertza tentetzen den lekuan.
“Zemuzkoa?” galdetu nion. “Ba, errexa” erantzun zidan ertzak bertikaltasuna galtzen duen lekutik.
Leku beretik bilgunera egindako argazkia.
Zati bertikala eskalatuta, metro batzuk erdi-oinez egin (II) zituen ertzaren amaierara iritsiz. Bertatik oinez, sastraka batzuk ezkerretik inguratuz, ekialdeko orratzaren oinera iritsi zen, honen oinean harkaitz-zubi pare bat aprobetxatuz bilgunea muntatuz.
Ertzaren amaieratik bigarren bilgunera egindako argazkia. Ezkerretik inguratzen diren sastrakak, hirugarren luzearen hasierako tximinia eta aurretik ditugun bi orratzak ikusi daitezke.
Hirugarren luzea, 50 metro, IV. “Ea luze baten orratzan gailurreaño igotzeik daun” esan nion Asierri bilgunetik atera baino lehen. Luzea, bilgunetik gora doan tximinia eskalatuz hasi nuen (IV). Tximinia hau eskalatu nahi ez bada, eskuineko ertzetik eskalatuz metroak azkarrago irabaziko ditugu.
Tximiniaren gainean.
Lehen metro tente hauen ondoren ertza etzanez doa (II), azkeneko metroak erdi-oinez irabaziz. Zati honetan, badaezpada, harkaitz-zubi batean zinta-uztai bat pasatu nuen, aurretik nuena ez bainekien nolakoa izango zen.
Aurretik, begiak jota arte bat nuen: “ea horraño seguruik jarri gabe iristeik dauketen” esan nion nire buruari soken marruskadura buruan.
Arte honetara iritsi aurretik ertza tentetzen da (III+). Zati honetan adi ibili behar izan nuen bertako harriren bat erdi-aske zegoelako (hala ere bion artean ahal izan genuen guztia garbitu genuen). Artearen enborrari eskuekin heldu, gorputza altxatu eta zati tente hau eskalatu nuen: “kontuz, soka bukatzena ai da ta” esan zidan Asierrek talkie-tik. Gora begiratu eta orratzaren gailurretik 5-6 metroetara nengoela ikusita, “5 metro bauzket?” galdetu nion. “Baietz ustet” erantzun zidan “bestela reuniotik ateako naiz”.
Artearen enborraren inguruan gainean nuen zinta-uztairik luzeena pasatu eta orratzaren gailurrera iristeko eskalatu beharreko harkaitz-plakaren azpira iritsi nintzen: bi arrakalek goitik behera zeharkatzen duten 3 metro inguruko plaka trinko eta bertikala. Arrakaletako batean friend bat sendo trabatu, oinak ongi kokatu eta plaka eskalatu nuen gailurrera iritsiz (IV).
Orratzaren gailurrean.
“Ea oain runioa montatzeko zeoze topatzeten” esan nion Asierri gailurretik. Hasiera batean orratzean izan nuen sentsazioa Eginoko Aztorearen hegoekialdeko ertza eskalatu genuenekoa izan zen, ez bainuen bilgunea muntatzeko fundamentuzko harkaitzik topatzen. Orratzaren iparretik begiratu eta nire azpian ertz estu bat besterik ez nuen ikusi. Orduan belarrek erdi-estalitako harkaitz-zubi bat zapaltzen ari nintzela ikusi nuen. Inguruko belarra kendu eta zinta-uztai bat pasatzearekin batera bigarren harkaitz-zubi bat topatu eta bilgunea bi harkaitz-zubiekin muntatu nuen: “reuniónnnn!!!”.
“Hobe deu orratzen bestalden reunio bat montatzea, hemendio aseguratzea kabroi xamarra izangoealako” esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Hemendio jaisteko rappelau behar da?” galdetu zidan. “Ezetz esango nuke” erantzun nion.
Asier hasierako tximinia eskalatu ondoren. Argazkian gailurraren azpiko arte ederra ikusi daiteke.
Gailurrera iristeko eskalatu behar den harkaitz-plaka azpitik ikusita.
Plakatik ateratzen.
Orratzatik jaitsi aurretik hurrengo luzea nondik joko genuen aztertzen izan ginen. Parean genuen hormaren eskuinean arte eder bat dago, baina hemendik eskalatzea erraza izan zitekeela ikusita, begiak hormaren ezkerreko plaka trinkora joan zitzaizkigun: “emateko plaka hortan daren fisuretatio igotzeik badaula” esan nion Asierri.
Oraindik sokatik helduta nuenez, Asier orratzaren bestaldera pasatu eta eskuak erabiliz jaitsi egin zuen: “zemuzko destrepea?” galdetu nion. “Ba, ez da zaile” erantzun zidan. Orratzaren iparreko ertz estua zeharkatu eta, hainbat lekutan begiratu ondoren, azkenean ertzetik gertuko zuhaixka baten enborretatik zinta-uztai parea pasatuz bilgunea muntatu zuen.
Orratzaren gailurretik egindako argazki honetan hirugarren "bis" bilgunea ikusi daiteke. Hasieran Asierren atzeko artean bilgunea muntatzekotan izan ginen, baina laugarren luzea aseguratzeko erosoa ez zela ikusita ideia baztertu genuen.
Lau eta bosgarren luzeen nondik norakoak orratzaren gailurretik ikusita.
Asierrek esan bezala, orratza jaistea ez da zaila eta metro pare bateko pasabide tentea besterik ez da. Asierrek bilgunetik emandako argibideak jarraituz orratzetik jaitsi eta bilgunera berehala iritsi nintzen.
Laugarren luzea, 20 metro, IV+. “Plakatio emangoiot” esan zidan Asierrek bilgunetik atera baino lehen, “ez badet argi ikusten eskubira jun ta zuhaitzetio igoko naiz”. Bilgunearen auhaixkaren ezkerretik atera eta pareko plaka eskalatzen hasi zen (III+) erlaitz txiki batera iritsiz..
Erlaitz txikian friend bat trabatzen.
Friend bat trabatu eta, eskuinera metro pasatxoko zeharkaldi horizontala egin ondoren, harkaitz-plaka goitik behera zeharkatzen duten bi pitzadura bertikalen azpian kokatu zen. Bitan pentsatu gabe eskuineko pitzaduran friend bat trabatu eta eskalatu zuen (IV+) sabai txiki batera iritsiz. Bertan artaka-trabagailu bat trabatu eta hormatik atera zen, oinez 5-6 metro gorago lurrean dauden harkaitzetako harkaitz-zubietan bilgunea muntatuz.
Pitzadura bertikala eskalatzen.
Motza izan arren, luze honetako eskalada ederra iruditu zitzaidan, harkaitz trinko eta itsasgarrian egiten dena, pena pitzadura luzeagoa ez izatea.
Pitzadura bertikala eskalatu ondoren atzera egindako argazkia. Ekialdeko orratza eta Uharte Arakil ikusi daitezke.
“Bueno, azkeneko luzea” esan nion bilgunera iritsi nintzenean. Orain arteko luzerik luzeenak nik eskalatuak nituela kontutan izanda Asierri bidea amaitu nahi zuen proposatu nion, bitan pentsatu gabe baiezkoa erantzunez.
Bosgarren luzea, 30 metro, IV+. Bidearen luzerik, bertikal, eder eta teknikoena inongo zalantzarik gabe. Asier, bilgunetik atera eta zuzen jarraituz, plaka etzan ezberdinak eskalatu (II-III) eta pareko horma bertikalaren azpian kokatu zen. Horma harkaitz-plaka trinko batez osatuta dago eta igotzeko, zailtasun mailari dagokionez, aukera ezberdinak ditu. Gure kasuan Asierrek plakan bertan 2 metro ingurura dagoen harkaitz zubi nabari batetik zinta-uztaia pasatu eta zuzen eskalatzen jarraitu zuen.
Plaka trinkoan dagoen harkaitz-zubitik zinta-uztaia pasatzen.
Helduleku eder eta arrakala ezberdinak jarraituz (IV), zuhaixka batera iritsi eta hemendik eskuinera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin zuen erlaitz txiki baten gainean kokatuz: “zemuz zoaz?” oihukatu nion, “oaingoz oso ondo, hemedio gora asuntoa hasteala emateo”, erantzun zidan.
Zuhaixkaren eskuineko erlaitz txikian.
Friend bat trabatu eta erlaitzetik gora eskalatzen jarraitu zuen (IV+) arrakala ezberdinak aprobetxatuz. Erreferentzi bezala hormaren gainean dagoen hildako zuhaitz nabaria hartu zuen, helburua bertako enborrean bilgunea muntatzea zelako.
Hormatik ateratzen, gainean hildako zuhaitzaren adarrak ikusi daitezke.
Baina hormatik atera eta zuhaitzera iritsi zenean: “bufff, erabat hilda dau, hemen ezin da reunioik montau” esan zidan. Zuhaitza atzean utzi eta bilgune bat muntatzeko leku baten bila hasi zen. Orratzaren gailurrean bueltaka ibili ondoren, bertako harkaitz guztiak askeak zeudela eta orratzaren gailurretik gertu ere zuhaitzik ez zegoela ikusi zuen. Alde batera eta bestera bueltaka ibili ondoren, azkenean gailurraren azpiko ertzeko bloke batzuetatik zinta-uztaiak pasatuz bilgunea muntatu zuen.
Bosgarren eta azken bilgunea.
Luzea ikaragarria iruditu zitzaidan: auto-babeserako aukera handiak, bertikala eta helduleku onekoa. Bilgunera iritsi nintzenean Asierrek bilgunea muntatzeko izandako abentura kontatu zidan: “ba oain ea hemendio nola jaisten gean” erantzun nion. Bilgunetik atera eta metro erraz batzuen ondoren Ezkuleku Harriaren gailurrera iritsi ginen.
Iparraldera begiratu eta 10-12 metro beherago zegoen lepora iristeko rappela egin beharko genuela baieztatu genuen. Baina nondik? Galdera honi erantzuna ematea izan zen hurrengo minutuetako buruhaustea. Gailurreko harkaitz guztiak askea zeuden eta harkaitzen artean ere ez genuen harkaitz-zubirik topatu. Nahiz eta gailurraren mendebaldean zuhaitz estu bat egon, rappela egiteko garaian azpiko lepotik urrun gelditzen da eta, Ezkuleku Harriaren mendebaldeko horma makurtuan zintzilik geldituko ginenaren beldurrez, ideia hau baztertu genuen. Aukera bakarra gailurrean dagoen harkaitz-bloke handiaren ingurutik zinta-uztai bat pasatzea zen, baina honetarako ere ez genuen hain zinta luzerik. Denbora aurrera zihoan eta eguzkia erabat ezkutatu arte ordubete eskas izango genuen.
“Onena bloketio soka pasa eta bertatik rappelatzea deu” erabaki genuen azkenean. Hala egin eta, sokak eutsiko gintuela egiaztatu eta gero, Asier lehenik eta ni ondoren, orratza rappelatu genuen. Rappela motza izan arren, makurtutako horma batean egiten da ertz estu batera iritsiz.
Rappelean.
Hormaren zati makurtua rappelatu ondoren.
“Bueno zailena indeu” esan nion Asierri. Asier soka jasotzen hasi eta mugitzen ez zela ikus zuen: “goien engantxau da” esan zidan. Soka gailurreko blokean trabatuta, batetik eta bestetik tira egin arren ez zuen askatzeko inongo asmorik. Minutu batzuen ondoren amore eman eta soka bertan uztea erabaki genuen: “bihar etorriko gea”.
Ezkuleku Harria soka utzi genuenean.
Hurrengo egunean, langar artean, soka finkoa zegoela aprobetxatuz, honen laguntzarekin orratzera berriro igo eta gailurreko bloke handiaren inguruan 10 milimetroetako bi soka-uztai eta segurtasunezko mosketoi bat utzi genituen bertatik rappela egin ahal izateko. Rappela muntatzeaz aparte, pentsatzen dugu bertan bosgarren bilgunea muntatzeko lekurik aproposena ere izan daitekela.
Ezkuleku Harriaren gailurrean rappelatzeko utzitako soka-zutaiak eta mosketoia.
Gailurrean zoriontsu rappela muntatu ondoren.
Asier rappelatzen.
Zailtasun guztiak amaituta, rappela amaitzen den lepotik ertza amaiera arte ipar noranzkoan jarraitu eta GR-20 bidearekin topo egin genuen ,behin hemen 20-25 minutu inguruan kotxea utzitako lekura itzuliz.
GR-20 ibilbidearekin topo egin arte jarraitu beharreko bidea.
Orratza atzean gelditzen da, atzeago Beriain.
GR-20 ibilbidean.
Jaitsieran Ezkuleku Harriaren mendebaldeko horma ikusgarriaz gozatzeko aukera izan genuen: "ustet horma hoi gutzako gehiegi dela" esan nion Asierri. "Ya lo creo, hoi profesionalentzako da", erantzun zidan.
Ezkuleku Harriaren mendebaldeko horma makurtua.
Jaitsieran topatutako ezusteko atsegina.
Gertuago...
Zozoak ere hasi dira udaberriaren magiaz gozatzen.
Soka "erreskatatu" genuen egunean denboraz ongi gindoazela ikusita, Ezkuleku Harriaren ezkerrean (mendebaldean) dagoen betortz itsurako orratz bakarti eta ikusgarria aztertzera joan ginen. Orratza ia 360 graduetan inguratu ondoren etorkizunerako ideiaren bat hartu genuen. Baina orratzaren ekialdeko horman geundela hots berezi bat entzun eta begirada hormatik zintzilik dagoen zuhaixkara joan zitzaigun. Bertan putre ama eta honen azpian putre kabia ikusi genuen: "bueno honek ere itxoin beharko du" esan zidan Asierrek. "Bai, gutxiñez irailak 15 arte" erantzun nion. Argazki batzuk egin eta beherako bidearekin jarraitu genuen.
Ezkuleku Harriaren mendebaldeko orratza ren ekialdeko horma, ikusgarria benetan.
Putre ama eta kabiari egindako argazkia. Lasai ibili, urrira arte ez gara itzuliko eta!!!!!
Ezpilletako orratzak eskalatu genituenean gertatu zitzaigun bezala, Ezkuleku Harriaren eskalada ederra iruditu zitzaigun eta, "galduta" dagoen orratz bakartia izateko, harkaitz oso onekoa. Izugarrizko orratz honetan zailtasun ezberdineko eskalada bideak irekitzeko aukera handia dago, guk buruan bi proiektu baditugu behintzat, jejeje. Ea noiz itzultzen garen.
Ezkuleku Harriari egindako azken argazkia. Bere eskuinean, beheko orratza eta gutxi gora behera eskalatzen jarraitu genuen ertza ikusi daitezke.
AZKEN 10 SARRERAK
2018/06/04
EZKULEKU HARRIA (765 metro): EKIALDEKO ERTZETIK, 170 metro, IV+
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
16:53
Etiketak:
aralar,
eskalada,
ezkuleku,
ezkuleku harri,
harri,
muskildi,
nafarroa,
sakana,
smithy,
smithyrenbloga,
uharte,
uharte arakil
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina