Vignemaleren ipar horma Oullettes de Gaube-tik ikusita.
XX. mendeko mundu-gerren arteko garaian gaude. 1929 urtearen amaieran New York-eko poltsak porrot egin ondoren, “Hogeita hamar hamarkadaren Depresio Handia“ bezala ezagututako mundu mailako krisi ekonomiko handia piztu zen, populazioaren langabezia eta txirotzea ekarriz. Mendizaletasunari dagokionez, egoera sozioekonomiko honetan eskalatzeko materiala izan eta erostea zaila zen. Espartzu edo kalamuzko soka astunak eskalatzaileen artean partekatu eta oin hutsik edota alpargatekin eskalatzen zuten mendiko botak oinez ibiltzeko bakarrik utziz. Errazago eta ekonomikoagoa zen alpargata batzuk konpontzea larruzko botak konpontzea baino. Iltzeak, gehienetan herrietako errementaldegietako labeetan ekoiztuak, oso preziatuak ziren. Honegatik egurrez egindako takoen erabilera ohikoa zen. Eskalatzeko materiala hain preziatua izanda halabeharrez zaindu eta ahalik eta materialik gutxiena erabiltzen saiatzen zen edota, aukera izanez gero, aurretik pasatako sokadek jarritako iltzeak berreskuratzen ziren bigarren erabilera bat emanez.
Garai hartan Pirinioetako horma eta korridore zailenak eskalatzen hasiak ziren, eskalatzaileen arteko lehia sutsua piztuz: nor izango zen eskalatu gabeko horma edo korridoreetan lehena? Frantses eskalatzaileen artean Henri Barrio eta François Cazalet-en arteko lehia ezaguna zen. Cazalet-ek bere proiektuak lau haizetara zabaltzeko ohitura zuen bitartean, Barrio, isil-isilik, zuzenean ekintzara pasatzen zen. Biek 1889 urtean eskalatutako Gaube korridorearen lehen errepikapena buruan zuten. Cazalet-ek 1933ko uztailaren 15ean eskalatuko zuela aditzera eman ondoren, Barrio aurreratu eta, Cazaleten harridura edo haserrerako, uztailaren 14ean eskalatu zuen. Gaube korridorea eskalatuta, begiradak Pique Longue-ren ipar hormara zuzendu zituzten: nor izango zen hormatzar hau eskalatuko zuen lehena?
Abuztuaren 7an, Gaube korridorearen lehen errepikapenetik hilabete eskasera, Henri Barrio eta Robert Bellocq Ossue-ko haranetik atera eta Baysellance aterpea atzean utzi ondoren, Oullettes de Gaube haranera iritsi ziren. Orduan ez zen izen bereko aterperik eta, Glacier des Oullettes glaziarraren oinean, harkaitz handi batek osatutako sabaiaren babespera zuzendu ziren. Babesleku natural hau, “La Villa Meillon” bezala ezaguna, oraindik ere badago. Barrio berak idatzi zuen moduan, afari arin baten ondoren, belar lehorrez estalitako lurrean bata bestearen ondoan nolabait lo egin eta goizeko bostetan martxan jarri ziren. Hormaren oinean begiratzen aritu ondoren, goizeko seietan, Gaube korridorearen errimaia baino 40 metro beherago, ipar hormaren punturik ahulena aurkitu zuten. Harkaitzaren zulo batean motxila bat, pioletak eta botak utzi eta, alpargata arin batzuk jantzita, 30 metroetako tartera sokaz lotu ziren eskalatu gabeko hormatzarraren eskalada hasiz. Barriok dio poliki eta kontu handiz eskalatu zutela, motxila bakarrean iltzeak eramanez. Horma zertxobait etzaten den lekuan “dezepzionatu xamar” sentitzen hasi zirela ere kontatzen du, horma askoz bertikalagoa izatea espero baitzuten. Eskisto gorrietan, pasabide txar batek geldituta, Gaube gandorrera iristeko rappel motz bat muntatu behar izan zuten. Eguerdiko hamabiak eta erdietan, eskalatzen hasi eta sei ordu eta erdi beranduago, iltze bakar bat jarri gabe, Pique Longue mendiaren gailurrera iritsi ziren, “Vignemaleren ipar klasiko” bezala ezagutuko zen bidea irekiz. Minutu batzuetan gailurraren ikusmiraz gozatu ondoren beherako bidea hartu zuten Ossue glaziarra alpargatekin eta pioletik gabe zeharkatuz. Ossue bailarara daraman bidera iritsi zirenerako alpargatak txikituta zituzten.
Henri Barrio. Argazkia internet-etik hartua da.
Robert Bellocq. Argazkia internet-etik hartua da.
Eskerrak poliki eta kontu handiz eskalatu zuten!!!! Barrio eta Bellocq-en eskalada itzela izan zen, egun dugun oinetako, material eta informazioarekin ere hormatzar hau sei ordu eta erdietan eskalatzea sekulako denbora baita. Horma honetan eskalatzen den metro bakoitzarekin bi eskalatzaile hauen balentria geroz eta gehiago mirestea ezinbestekoa da.
Urteak pasatzearekin batera Vignemaleren ipar horman zailtasun ezberdineko bide berriak ireki eta “ipar klasikoa” ahalik eta klasikoago bihurtu zen. Gaston Rebuffat eskalatzaile handiak ere horma honekin indarrak neurtuko zituen.
Rebuffat Vignemaleren ipar klasikoa eskalatzen. Argazkia Patrice de Bellefon-en "Los Pirineos: las 100 mejores ascensiones y excursiones" liburutik hartuta dago.
1976ko ekainaren 28an, Vignemaleko ipar klasikoa eskalatzeko asmoz Oullettes de Gaube aterpetik bi euskal sokada atera ziren: Martin Garcia, Mendizabal Regil eta Marcos Alustiza batetik eta Fernando Terradillos, Sebastian Sanchez eta Jose Luis Orbegozo bestetik. Fernandoren sokada aurretik zihoan eskalada filmatzen. Bidea amaitzear zeudela, aurretik zihoan Jose Luis erori, erorketan Fernando eta Sebastian soka-lagunak zeuden bilgunea eraman eta hiruak horman behera amildu ziren. Euskal mendizaletasunarentzat kolpe handia izan zen, Ordizian esanik ez, Fernando herritarra baitzen. Ni orduan besoetako haur kaskar bat besterik ez nintzen eta istripu honen zehaztasunen berri hainbat urte beranduago Ander (Fernandoren semea) lagunaren bidez jakin nuen. Egun, hiru mendizale hauen oroimenez Murumendi mendian gurutze eta plaka bat eraikita dago. Nik ez nuen Fernando ezagutu noski, baina Anderrek kontatutako eskalada eta irteerek berarekiko nolabaiteko miresmena piztu zidaten.
Fernando Terradillos Alpeetako Aiguille Verte-ren gailurrean. Argazkia Anderrek utzia da.
2004eko abuztuan gaude eta Igor eta Josurekin batera Vignemaleko Pique Longue lehen aldiz igo dut. Bizitza osoan igotako lehen hirumilakoa izateaz aparte, ipar horma Pitón Carré mendiaren gailurretik ikusteko aukera izan nuen. Eskisto gorrien azpiko amildegiak hitzik gabe utzi eta ezin izan nuen imajinatu hormatzar horretatik gora inor eskalatzeko kapaz izango zenik. Orduan Barrio eta Bellocq-en berririk ez nuen eta, begiak itxita, Anderren aita gogora etorri zitzaidan berarekiko miresmena ahalik eta gehiago handituz: “hormatzar hau eskalatzen ari ziren istripua izan zutenen?”. Orduan ez nuen imajinatu ere egiten egunen batean horma hau eskalatzen saiatuko nintzenik ere.
Ipar horma bere osotasunean 2013an Petit Vignemale-ren "serak-en bidea" eskalatu nuenean ikusi nuen. Ordurarte ikusi gabeko horma bertikalak txundituta utzi eta izugarri erakarri ninduen. Elurraz estalia, ur-jauzien moduan zerutik eroritako amildegiak menperaezinak ziruditen, Alpeetako ipar horma baten itsura beldurgarria emanez. Egunen batean horma horretan zintzilik egotearekin amets egin nuen. Urte berean Patrice Bellefon-en "Los Pirineos: las 100 mejores ascensiones y excursiones" liburu ospetsua erosi eta orrien artean Vignemaleren "ipar klasikoa" topatu nuen. Deskribapena ia ikasteraino irakurri ondoren, Bellefonek atzerriko eskalatzaileei egiten dien gomendioa buruan gelditu zitzaidan: "Pirinioetako eskaladaren ideia bat egin eta egun bakarra izanez gero, Vignemaleren ipar horma aukeratu". Horma hau egunen batean eskalatu beharra nuela sentitu nuen, baina noiz?
2018ko udara iritsi gara. Urtebeteko prestaketa eta entrenamendu espezifikoaren ondoren, Asier eta biok abuztuaren 2an Pont D’Espagnera zuzendu gara urteko erronka nagusiari aurre egiteko asmoz: Vignemaleren ipar klasikoa. Lortuko dugu? Zailtasunik izango ditugu? Espero dut eskalada handi honen kronika gustuko eta baliagarri izatea.
BIDE HAU ESKALATZEN HASI AURREKO AHOLKU BATZUK
Hurbilketa, eskalada eta jaitsiera kontutan hartuta aurretik egun luzea izango dugu, dena ongi badoa 12-13 orduetakoa gutxi gora behera. Gure abilezi eta azkartasunaz aparte, aurretik sokadarik izateak eragingo digu, batez ere gu baino motelago badoaz. Eguna hain luzea izanda, eguraldiaren iragarpena, arropa, materiala, elikadura eta hidratazioa kontutan izan eta eguna oso ongi planifikatu beharko ditugu.
Vignemaleren ipar klasikoa goi-mendiko eskalada da, 3.000 metro erraz gainditzen dituen mendi batean egiten dena. Topatuko dugun harkaitza orokorrean ez da sendo eta trinkoa izango eta eskalada tarte luzeak asegururik jartzeko aukerarik gabe (edo aseguru fidagarririk gabe) egin beharko ditugu. Hau gutxi ez bada, altuera irabaztearekin batera hauspoa ederki berotuko zaigu.
Teknikoki zailtasun handirik ez badu ere, fisiko eta psikologikoki estutuko gaituen eskalada da. Hau kontutan izan metroak eskalatzen diren heinean akats tontoak (edo ez hain tontoak) egiteko aukera handituz joango delako.
Horma hau eskalatzeko plangintzarik “erosoena” hiru egunetakoa da: lehenengoan Pont D’Espagnetik Oullettes de Gaubera iristeko, bigarrenean horma eskalatu eta Oulletes de Gaubera itzultzeko eta hirugarrenean Pont D’Espagnera itzultzeko.
Katu-oinak, botak, zapatilak? Denetik ikusi genuen. Guk hurbilketa mendiko bota, kranpoi eta piolet bakarrarekin egin genuen, bidea katu-oin eroso batzuekin eskalatuz. Halere mendi-korrikarako zapatila eta mini kranpoiekin joan zirenak ere bazeuden. Askotan esan izan dudan moduan arriskuaren kudeaketa norberaren esku gelditzen da.
Kontutan izan eramaten dugunaren arabera motxilek pisua irabaziko dutela. Gure kasuan, 7 kg inguruko motxilak eraman genituen (2 litro ur zenbatuta) eskaladako materiala kontatu gabe (soka, express zintak, friend eta arta-trabagailuak, etab). Ez da gauza bera IV zailtasuneko pasabideak pisurik gabe edo 7 kg bizkarrean dituzula eskalatzea. Komeni da urtean zeharreko entrenamenduetan pisuarekin eskalatzea.
Bidearen ooinera goiz iristea komeni da, goizak aurrera doan heinean Gaube korridoretik harriak eta Petit Vignemaleren seraketatik izotz pusketa handiak erori eta glaziarra arriskutsu bihurtzen delako. Modu honetan ere, bero handiko eguna iragarrita badago, egunaren freskura ahalik eta gehien aprobetxatuko dugu.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 950 metro inguru.
- Luze kopurua: 25.
- Nork irekia: Henri Barrio eta Robert Bellocq 1933 urtean.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: V (45 m), 2ºL: IV (45 m), 3ºL: III+ (45 m), 4ºL: III (40 m), 5ºL: III+ (40 m), 6ºL: III+ (75 m), 7ºL: IV (30 m), 8ºL: III+ (30 m), 9ºL: IV (30 m), 10ºL: IV (30 m), 11ºL: IV (45 m), 12ºL: IV (25 m), 13ºL: IV+ (20 m), 14ºL: III+ (45 m), 15ªL: IV (25 m), 16ºL: III (50 m), 17ºL: III (35 m), 18ºL: IV (40 m), 19ºL: III (45 m), 20ºL: IV (35 m), 21ºL: III+ (35 m), 22ºL: III+ (45 m), 23ºL: III (25 m), 24ºL: II (50 m), 25ºL: II (20 m). Teknikoki oso zaila ez den arren, eskalada agerikoa, psikologikoa, fisikoa eta orokorrean ona ez den harkaitzean egiten dena da. Bidean zehar garai ezberdinetako iltzeak topatuz joango gara, bide egokia jarraitzen ari garenaren adierazle. Luze bakoitzari jarritako metroak orientagarriak dira eta zailtasuna guri iruditu zitzaizkigunak. Gure 2 eta 6 luzeen arteko zatia ensanble moduan, 8 eta 9 luzeak luze bakarrean, 12 eta 13 luzeak luze bakarrean, 14 eta 15, eta 17 eta 18 luzeen arteko tartea ensanble moduan, 20 eta 21 luze bakarrean eta 22tik aurrerako luzeak ensanble moduan eskalatu daitezke.
- Orientazioa: Ipar-ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Oulletes de Gaube aterpean edo izen bereko haranean isurtzen diren errekastoetan.
- Hurbilketa: Oullettes de Gaube harana alderik alde zeharkatu eta, Glacier des Oullettes glaziarraren egoeraren arabera, honen eskuin edo ezkerretik (igoerako noranzkoan) igoko dugu. Orokorrean seguruagoa da glaziarraren eskuinetik igotzea Petit Vignemaleko seraken eta Gaube korridoreko harrien erorketetatik babestuta izateko, baina baliteke glaziarra arrailaz josita egon eta eskuineko igoera oso zaila edo ezinezkoa bihurtzea. Hurbilketak ordu eta erdi eta bi orduren artean eramango gaitu.
- Jaitsiera: Baysellance aterpetik Pique Longuera doan ohiko bidetik, Ossue glaziarra zeharkatuz. Aterpetik aurrera, gauak harrapatzeko arriskuan bagaude, egokiena GR-10 edo HRP bidea jarraituz Oullettes de Gaubera itzultzea da. Goiz bagabiltza, azkarrena Hourquette d’Ossue lepora igo eta bertatik behera oso nabaria ez den xenda batetik jaistea da. Jaitsiera, ordura arteko nekearen menpe dagoen arren, abiadura normal batean gutxienez hiru ordu beharko ditugu.
- Eramandako materiala: 55 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 10 express zinta (lehen luzean denak erabiliko ditugu), Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko edota ensanblean eskalatzen diren tarteetarako. Kranpoi eta pioletak (bat gutxienez) ere eraman beharko ditugu glaziarretan egiten diren zeharkaldietarako. Kaskoa ezinbestekoa da!!!!
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Kronika askotan 8-10 ordu artean irakurri daiteken arren, osora hamabi ordu pasa genituen, izandako ezusteko eta arazoak kontutan hartuz.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak.
Krokisa zehatzago. Laugarren jendarme bezala izendatu dudana berez erdibideko gandorraren amaiera da. Bakarren batek argazki hau tamaina handiago batean nahiko izanez gero, korreoz (smithymujika@gmail.com) eskatzea besterik ez duzue.
DESKRIBAPENA
ABUZTUAK 2
Pont D’Espagne-ko aparkalekua jende eta kotxez gainezka zegoen. Tiketa hartu (aparkalekuaren prezioa 15 minutu arte doan, 14:00ak arte 6 euro eta 14:00etatik hilabete batera 8 eurotakoa da), furgoneta adierazi ziguten lekuan utzi eta, eguzkitako krema erruz eman ondoren, motxila astunak bizkarreratu eta argazki bat egin genuen: “ostia, hau da pixueeee!!!”.
Ateratzeko prest!!!
Igoera lasai hartu genuen, presarik gabe, biharko ahalik eta freskoenen iristeko asmotan. Aparkalekuan hasitako solasaldia maldan gora hastearekin batera amaitu zen, bakoitza bere pentsamenduetan murgildu eta eskaladarako indarra gorde nahiko bagenu bezala. Gaube lakura arteko bidea jendetzaren zalaparta, oihu eta presen artean egin genuen: “hoik ez al die Petiten serakak?” galdetu zidan Asierrek lakuaren ertzera iritsi ginenean. “Bai, hoik die”.
Gaube lakua. Ezkerrean taberna/jatetxea eta parean, urrun, Petit Vignemale eta bere serakak. Bideak lakuaren eskuin ertzetik jarraitzen du.
Bisitarien gozamenerako eraikitako taberna/jatetxea ezkerrean utzi eta Gaube lakua eskuin ertzetik (igoerako noranzkoan) inguratuz jarraitu genuen denbora osoan GR arrasto gorri eta zurien atzetik. Eguzkiak errukirik gabe astintzen gintuen motxilen pisua biderkatuz. Sorbalden lasaitasunerako egin genuen atseden motz baten ondoren, arratsaldeko 16:30etan, beroa eta zamen pisuarengatik uzkurtuta, Oullettes de Gaube aterpera iritsi ginen.
Oullettes de Gaube aterpera iritsi aurreko aldapatxoa, ipar hormatzarra dagoeneko bere osotasunean.
Aterpetik gorako ikusmira itzela da: kotoi itsurako lore gozoz estalitako bailara erreka saltariek zeharkatzen dute. Bailararen gaineko morrenak eta ezerezetik eskegitako izotzek Vignemaleko ipar hormatzarrek osatutako zirko bertikalaren oinarri ziragarriak dira. Horma bertikal eta amildegiek aldi berean nolabaiteko erakarpen eta ukatze sentimendua pizten dute. Merezi du leku zoragarri honen azpian eseri eta ikusmiraz gozatzea. Oso txiki sentiaraziko gaitu eta mendiaren handitasunak bake sentsazio lasaigarria piztuko digu. Nire uste apalean Pirinioetako ikusmirarik basati eta itzelena da zalantzarik gabe.
Aterperan sartu gabe, glaziarrek isuritako erreka egurrezko zubixka batetik zeharkatu eta Oullettes de Gaube harana eskuinean dituen belar gozoaz estalitako bibak lekuak zeharkatu genituen. Gure asmoa Barrio eta Bellocq-en “La Villa Meillon” babeslekua topatzea zen. Bibak leku guztiak atzean utzi eta, “Puerto de los Mulos” mendatera iristeko bidegurutzera iritsi aurretik, ezkerrera jo genuen morrena zeharkatu eta honen bestaldeko harkaitz bloke handietara zuzenduz.
Oullettes de Gaube aterpetik "La Villa Meillon" bibak lekura jarraitu genuen bidea.
“La Villa Meillon”-era iritsi ginenean ez genuen Barriok deskribatutako belar lehorrez estalitako zoru bigunik topatu. Belar lehorraren lekuan ardi eta ahuntzen hanken arrasto eta gorotz pila topatu genuen: “Kaka zaharra!!!”.
"La Villa Meillon".
"La Villa Meillon"-en sarrera.
Sarrera gertuago... Bibak babestua baina ardi eta ahuntzen gorotzez betea.
Motxilak bertan utzi eta handik metro gutxi batzuetara, bi motxilek okupatutako bibak eder baten ondoan, harkaitz handi batek babestu eta hondar finez estalitako bibak erosoa topatu genuen: “txarrenen gauen ebie hasten bada La Villan sartuko gea ez bustitzeko” erabaki genuen.
Gure bibak lekua. Argazki azpian bi motxilek okupatutako bibak ederra ikusi daiteke. Atzean, urrun, Oullettes de Gaube aterpea.
Bibak egiteko lekua muntatu eta bazkari-merienda-afari funtzioa bete zuten ogitartekoak jan ondoren hurrengo egunean gauez glaziarra arte jarraituko genuen bidea ikustera joan ginen.
Inbestigatzera atera aurretik, atzeko teloia itzela benetan.
Bibak lekutik biderik zuzenena morrenaren erdian altxatzen diren harrizko muinoen gainetik jarraitzea zen, gure ezkerrean erreka nabarmen bat utziz.
Biharko helburua, zaila da argazki batean hormak duen tamaiaren idea egitea.
Mugarri batzuk jarraituz glaziarraren azpiko elurretara iritsi eta eskuinetik (igoerako noranzkoan) arrasto bat bazegoela ikusita, glaziarraren barren barrenetik zetorren haizeak hozten hasi gintuenean bibak-era itzuli ginen, eraikitako mugarrien artean mugarri gehiago eraikiz: “ehunmilaken modun balizatuko al deu?” bota zidan Asierrek irribarretsu. “Hamabost pausuro hito bat, jejeje” erantzun nion. Arratsaldea lasai igaro genuen, errekaren zurrumurru, marmoten txistu eta ardien been artean.
Muinoetako baten gailurreko mugarria.
Gaueko hamarrak eta erdietan, lo-zakuan nengoela, ondoko bibak lekua hartua zuten bizilagunak azaldu ziren. "Ipar klasikoa" eskalatzetik zetozela esan ziguten. Asierrek egindako galderei erantzunez, bi bizkaitarrek lehen luzea oso “txapatuta”, erdibideko gandorrera igotzeko ezkerrera egin behar den zeharkaldiaren hasiera ofita-betaren amaieran jarritako iltze berri batek adierazten duela (“zuek ofita berdea bukatu arte jarraitu!!” esan zioten pare bat aldiz, “ta ofitan amaieran iltze berri bat dagoen lekun ezkerrera horizontalen hasi”) eta eskisto gorrietako eskalada oso arriskutsua zela esan zioten. Bi gomendio ere eman zizkioten: oso goiz eskalatzen hastea (beraiek goizeko bostetan hasi eta arratsaldeko seietan amaitu zuten) eta aurretik sokadaren bat izanez gero bidea eskalatu ala ez ongi pentsatzea: “a ze nolako harrik eroitzeien!!” esan zioten behin eta berriz. Gure harridurarako hotzik pasatu ez zutela esan ziguten, ia denbora osoan mahuka motzetan eskalatuz, eta glaziarreko arrailekin kontu handiz ibiltzeko ere aholkatu ziguten, tarteka oso handiak zeudelako. Atseden motz baten ondoren bibak osoa jaso eta, eskerrak emanez, elkar agurtu eta beherako bidea hartu zuten.
“Kriston lasaitue hartuet” esan zidan Asierrek. “Hotzakin, lehen luzekin ta aristako trabesikin preokupauta neon baña argi utzi diate”. “Primeran” erantzun nion, “zu lasai bazare nire bai”. Bizkaitarrek emandako aholkuari jarraituz, esnatzeko ordua ordubete aurreratu genuen hiruak eta hogeian ezarriz. Iluntzearekin batera zeruan izarrak pixkanaka piztuz joan ziren milioika argiz osatutako panel ikusgarria osatu arte. Haranaren isiltasuna hausten zuen erreken hots lasaigarriak izan ziren lo gelditu aurretik entzun nuen azkena.
Ondoloin!!!
Gauaren erdian merkantzia-tren bat ondotik pasa izan balitz bezalako zarata handi batek esnatu ninduen: “Brummmmmmm!!!!!!!!!!!!!!!”. “Aittu al dezu?” galdetu zidan Asierrek. “Joer, bai” erantzun nion. “Glaziarretio behera eroitako izotz pusketa haundie izangozen, ez?” esan nion. “Bai, ea bihar holakoik etzaigun paren tokatzen” erantzun zidan berriro ere lo gelditu aurretik.
ABUZTUAK 3
Gauean zehar glaziarretik pare bat tren gehiago pasa ondoren iratzargailuaren doinua nahi baino lehenago iritsi zen. Ez genuen erabateko atsedenik hartu eta lozakuetatik baldar eta erdi lo atera ginen, oraindik non geunden jakingo ez bagenu bezala.
“Iritsi da euneee!!!” bota zidan Asierrek loguretik aldenduz. Bezperatik utzitako ogitarteko zati txiki bat, barratxo bat eta trago bat ur gosaldu eta, erabiliko ez genuen guztia bizkaitarrek utzitako bibak lekuan utzi ondoren, bezperan prestatutako motxilak hartu eta glaziarrera zuzendu ginen.
Martxan hasi aurreko azken prestaketak.
Gure mundua kopeta-argiek argitutako mugarrietara mugatzen zen. Lehenengo pausuak eman ondoren, morrenaren eskuinean ziztu bizian zihoazen bi argi ikusi genituen: “Hara, hor dijo kordada bat ostia baten” esan zidan Asierrek argiak seinalatuz. Bi argiak korrikan joango balira bezala zihoazen. Konturatu ginenerako glaziarrean gora hasita zeuden: “belozidade hortan eskalatzen badue pie de biara iristeako hoik oso goien eongoie” esan nion Asierri.
Argazki honetan bibak lekutik elurra hasten den lekura arte jarraitu genuen bidea ikusi daiteke.
Glaziarraren zeharkaldia
Lehen elurretara iritsi ginenean kranpoi eta pioleta atera eta glaziarraren eskuinetik igotzen hasi ginen. 40 gradu inguruko malda gogor baten ondoren izotz-horma batek bidea itxi zigun. Pasabiderik errazena bilatuz ezkerrera metro batzuetako zeharkaldia egin eta hormaren zirrikitu ezberdinetatik sartu ginen marmola zirudien izotz gogorrean piolet eta kranpoiak ahal genuen sendoen sartuz. Espero baino zailtasun handiagoak pasatuta, glaziarraren goiko zatira igo ginen. Gure lasaitasunerako, aurretik zihoan sokada diedro horiaren bidean gora bizi-bizi eskalatzen hasita zeuden: “hoik hor sartuta badare eztie eozein izango”, pentsatu genuen.
Glaziarra gainditzeko jarraitu genuen bidea.
Glaziarraren zatirik teknikoena atzean, ezkutuan gordetzen dituen ezustekoei aurre egiteko prestatu ginen: arrailak. Glaziarrean gora hasi eta berehala zailtasunik gabe saihestu genuen arrail txiki bat topatu genuen. Metro batzuk gorago lurretik zetorren haize hotz batek seko gelditu gintuen. Gure aurrean metro eta erdi zabalerako arrail luze eta sakon batek glaziarra alderik alde erdibitzen zuen: “Ta oain?”. Arrailaren ertzetik gertu ezkerrera (igoeraren noranzkoan) jo eta 20 metro inguru ibili ondoren arraila ixten ez zela ikusi genuen: “joer, berriro ere bueltau beharren gare”. Atzera egin eta arraila ixten zen lekuraino iritsi ginen.
Arraila ixten zen lekutik metro pare batera kontu handiz gora egin eta, Vignemaleren hormatik ahalik eta gertuen mantenduz, ezkerrera jo genuen, bidean pare bat arrail gehiago saihestuz. Eskerrak arrail bakoitzera hurbiltzerakoan haize hotz bat nabaritzen den, arrailen bat ikustea kosta zitzaigun eta.
Arrailen “laberintoa” atzean utzita malda gogor bat igo eta bidearen hasiera den ofita orlegiko beta nabariaren oinera iritsi ginen.
Argaki honetan urdinez guk jarraitutako bidea ikusi daiteke, baita arrailen kokalekua ere. Marra gorriz glaziarra alderik alde erdibitzen zuen arrailaren kokalekua adierazi dut. Bide gorria bidearen oinera iristeko bide alternatiboa da, mendizale askok jarraitu zutena. Bide hau azkar eta errazagoa bada ere, oso goiz ibiltzea eskatzen du Petit Vignemaleren seraken erorketen bidean baitago.
Errimaia eta eskaladaren hasiera
Izotza zaalduz zutik erdi eroso egoteko plataforma txiki bat egin, pioletak izotzean sendo sartu eta bertatik motxilak zintzilikatu ondoren errimaia aztertzen hasi ginen. Ofita-betaren parean nahiko zabala zegoen arren, honen ezkerrean (igoerako noranzkoan) errimaiak plataformatxo bat osatu eta hormatik metro batetik beherako tartera gelditzen zen: “erosona hortio eskalatzen hastea izangoa” esan nion Asierri. Bigarren aukera bat errimaiaren barnera sartzea izan zitekeela baloratu genuen, horretarako ofita-betatik metro batzuk beherago arazorik gabe sartuz.
Errimaiaren azpiko ofita-beta kopeta-argiekin argitu eta parabolt batek distira egin zuen: “hoi luzeko lenengoa izangoa” esan zidan Asierrek, “atzokok esan ziaten bigarren parabolta rimayatio metro pare batea daula”. Oraindik ilun, nahiz eta linternen argiekin argitu ez genuen beste parabolt edo iltzerik ikusten, ofitaren iluntasuna besterik ez.
Iluntasunean, luzea nondik nora zihoan ikusi gabe eskalatzen hastea ez genuen seguru ikusten. Argitzeko zain, eskaladako materiala lasaitasun handiz prestatzen hasi ginen. Primaloft eta eskularruak jantzita izan arren giroa ez zen oso hotza eta kopeta-argiek ez zuten lehen luzeko misterioa argitzen, nahiz eta noizbehinka hormara zuzendu. Glaziarrean gora beste bi sokada zetozela ikusi genuen: “hoitako bat Iñakiña izangoa” esan zidan Asierrek, gu bezala, gaur ipar horma eskalatzeko asmoa zuen lankideari erreferentzia eginez.
Eguna argitzearekin batera luzearen bigarren parabolta (guretzat lehena izango zena) ikustea lortu genuen, gu geunden lekutik 3 metro pasatxora: “igual hauntzaño eskalau, soka pasau ta honaño jatxiko naiz preparatzekon soka gañetio eukitzeko” esan zidan Asierrek. Bi pioletekin bilgunea muntatu ondoren, erdi-ilunpetan, hotz eta mendiko botekin eskalatzen hasteak Asierrengan eragin izan zuen. Ofitara iristeko zeharkalditxo horizontala egin, ofitatik zuzen eskalatu eta, nahi baino estutasun gehiagorekin, bueltaka zebilen paraboltetik express-zinta eta soka pasatzea lortu zuen: “onaaa Asier!!!”. Bilgunera itzuli zenean arnasa lasai hartu zuen.
Soka gainetik izateak ematen duen segurtasunarekin, errimaiaren plataforma txikira pasatu, kranpoi eta botak kendu, katu-oinak jantzi eta, behar ez zuen guztia motxilan sartu ondoren, eskalatzen hasteko prestatu zen. Ordurako Iñaki eta bere soka-laguna gure parean zeuden: “goiz esnatu zarete” esan zigun Iñakik. Solasalditxo motz bat eta ia bi orduz eguna argitzeko zain izan ondoren, goizeko zazpiak pasatxo zirela Asier "Ipar klasikoaren" eskaladari ekin zion.
Lehenego luzeak
- Lehenengo luzea, 45 m, V. Asier ofita-beta bertikala erditik eskalatzen hasi zen. Lehen parabolta atzean utzi ondoren zuzen jarraitu zuen noizik eta behin topatzen zituen iltzeetan express-zintak pasatuz (IV+). Metroak, Barrio eta Bellocq-en moduan, poliki eta kontu handiz irabazten zituen, heldulekuetatik tira egin aurretik sendoak zirela ongi ziurtatuz. Errimaiatik 20 metro ingurura dagoen sabaitxora iritsi aurretik bilgunea muntatu ahal izateko hiru iltze topatu zituen. Iltzeetako batetik express-zinta luze bat pasatu eta eskalatzen jarraitu zuen.
Metro batzuk gorago, horma ixten duen sabaitik gertu, harkaitz bloke handi bat ezkerretik eskalatu eta, ia sabaiaren azpira iritsi behar zenean, eskuinera jo zuen harkaitz blokearen gainetik jarraituz (IV+). Eskuinaldera zeharkaldia eginez, tximini/diedro bertikal bat eskalatu (V) eta iltze eta apurtutako spit batez osatutako bilgunera iritsi zen: “zenbat soka falta zait?” galdetu zidan. “15-20 metro gutxi gora behera” erantzun nion. “Express bakarra gelditzen zait” erantzun zidan, “ea goiko reunioa iristeik deten”. Bi friend trabatzea lortu ondoren, bilgunetik gora doan tximinia eskalatu (III) eta plataforma zabal batera iritsi zen metro gutxietan (II) iltze eta kordel batez osatutako bilgunera iritsiz.
Lehen bilgunea.
“Tenso ikusi zaio, ez?” galdetu zidan Iñakik. “Bai, nik ere inseguro xamar ikusiet, ta normalen hola eskalatzen dunen ni estutzen juten naiz” erantzun nion. Asierrek soka jaso zuenean, errimaiaren plataformara pasa eta ahal izan nuen moduan katu-oinak jantzi nituen. Izotzan katu-oinen gainean oreka hala hola mantenduz trasteak motxilan jaso eta Asierri eskalatzen hasteko prest nengoela esan nion. Soka arnesetik tira egiten hasi zenean, Iñaki eta soka-laguna agurtu eta eskalatzen hasi nintzen. Iñakiren eskalada erraztu asmoz lehen parabolteik express-zinta eta soka pasa nion, modu honetan, gu bezala, prestaketa lanak soka gainetik zutela egiteko. Gero Asierrek esango zidan moduan, bidea beste baterako utzi eta glaziarrean behera jo zuten.
Nire harridurarako lehen luzea uste baino errazago eskalatu eta heldulekuak espero baino sendoagoak iruditu zitzaizkidan. Iltzeak dauden arren beraien arteko tartea luzea da eta hormaren bertikaltasunak edozein momentuan azpiko errimaiak irentsiko zaituenaren sentsazioa ematen du. Zain zeudenen itxarotea laburtzeko asmoz arin eskalatzen saiatu nintzen eta, konturatu nintzenerako, luzeari zailtasuna ematen dion tximinia/diedroa eskalatzen nengoen. Bilgunean ez genuen denbora luzerik galdu; Asierrek soberan zuen materiala pasatu, arnesean ordenatu eta eskalatzen jarraitu nuen: "hemendio gora ensanblen atako gea?” galdetu nion Asierri. “Ez dakit,
igual bazpare zu atea ta luzea errexa bada ikusiko deu” erantzun zidan.
Lehenengo bi luzeetako krokis zehatza eta lehen luzea eskalatzeko aukera ezberdinak. Argazkian bi sokada ikusi daitezke.
- Bigarren luzea, 45 metro, IV. Bilgunetik gora 4-5 metro inguruko arrail bertikala eskalatu nuen (IV).
Arrail bertikala eskalatu ondoren lehen bilgunera egindako argazkia.
Hemendik gora horma zertxobait etzaten da zailtasuna ere III inguruan mantenduz.
Arrail bertikala (argazkian ikusi daiteke) eskalatu ondoren.
Harkaitz trinko eta pasabide errazenak aurkitu nahian ezkerrerako joerarekin eskalatuz jarraitu nuen tarteka iltze zaharren bat topatuz, bide egokitik nindoanaren adierazle. Eskalada ez zen zaila baina bai kontuz ibili beharrekoa, leku askoetako heldulekuak ez baitziren oso sendoak. Bilgunetik atera nintzenetik ezkerrera egindako 20-25 metroetako eskaladaren ondoren (tartean ofita orlegiko beta estu batetik metro batzuk eskalatu nituen), pixkanaka zuzen eskalatzen hasi eta zertxobait eskuinera zuzenduz joan nintzen iltze, spit eta kordel urdin berri batez muntatutako bilgune batera iritsi nintzen arte: “zenbat soka falta zait?” galdetu nion Asierri. “8-10 metro, gehio ez” erantzun zidan. “Ondo da, reunión!!!”.
Bigarren bilgunea. Behatzekin zenbagarren bilgunean geunden adieraztea adostu genuen, nahiz eta, gero ikusiko den bezala, keinu hau egiteaz ahaztu.
- Hirugarren luzea, 45 metro, III+. Harkaitzaren kalitatea ikusita Asierrek ensanblean eskalatzen jarraitzea seguru ikusten ez zuela esan zidan: “bueno, gutxiñez ia 50 metrotako luzek itten ditteun bitarten ez da txarra”, erantzun nion. Eguzkiak horma berotzen hasita eta bilgunea erosoa zela aprobetxatuz, berokiak kendu, eguzkitarako betaurrekoak jarri eta zintzurra freskatzeko aprobetxatu genuen.
Asierrek luzea bilgune gaineko harkaitz plaka zuzen eskalatuz hasi zuen (III+). Harkaitz plaka eskalatuta nahiko zuzen eskalatzen jarraitu zuen, bigarren plakatxo baten ondoren (III), lehenengo luzean eskalatzen hasitako ofita-betara itzuliz. Tarteka iltze zahar bakarren batean express-zinta pasatuz, tarteka friend bat edo beste trabatuz, metroak irabazi zituen kordeldun bi iltze (horietako bat kordel urdin bat) zuen bilgunera iritsiz. Bigarren luzean gertatu bezala, soberan genituen metroak gutxi zirela ikusita, bilgunera bertan muntatzea erabaki zuen.
Hirugarren bilgunea, goian, eguzkitan, lehen jendarmea.
Ofita orlegizko beta, bidearen galera eta Reversoaren hegaldia
Hemendik gorako luzeak ofita orlegizko beta jarraituz eskalatu genituen.
- Laugarren luzea, 40 metro, III. “Pentsatzet hemendio gora ofita jarraitzea besteik ezteula izango” esan nion. Bilgunetik atera eta ofita-beta eskalatzen jarraitu nuen. Kuriosoa da hormaren paretik hain nabarmena den beta horman zaudenean apenas nabaritzea, izan ere, Asierrek bilgunea ofitan bertan muntatuta zuenik ez zen konturatu.
Metroak orain arte bezala irabazten joan nintzen, errazenetik eta harkaitz sendoena topatzen nuen lekutik, seguruen arteko tartea nahi baino gehiago luzatuz. Luzea III zailtasunaren baitan mantentzen da, inongo momentuan bertikal izan gabeko horma inklinatua eskalatuz.
Bat batean horma bertikal batek bidea itxiko zidala ikusi nuen. Soberan nuen soka horma eskalatzeko nahikoa izango ote zen jakin gabe, bertara iritsi baino 8-10 metro lehenago, ofita-betaren ezkerrean, bi iltze eta kordelez osatutako bilgunean gelditzea erabaki nuen.
Laugarren bilgunea.
Asier bilgunera iristen, amildegi ikaragarria bere azpian irekitzen dena.
Laugarren bilgunean.
- Bosgarren luzea, 40 metro, III+. Asierrek materiala jaso eta, ofita-betatik eskuinera, 2-3 metroetako zeharkaldi horizontala egin zuen (II).
Zeharkaldia egin ondoren horma bertikala saihesten.
Friend bat sendo trabatu ondoren metro batzuetan zuzen eskalatu (III+) eta, horma bertikalaren parera iritsi zenean, berriro ere ezkerrera zeharkaldia egin zuen (II) ofita-betatik eskalatzen jarraituz. Bi iltzez eta kordel urdinez osatutako bilgune sendo bat topatu zuenean bilgunea muntatu zuen.
Ofita-betara itzultzen.
Oullettes de Gaube bailara bere osotasunean.
- Seigarren luzea, 75 m, III+. “Teorikamente luze hau trabesiaren hasierarte in beharko genuke, ez?” esan nion Asierri. “Bai”, erantzun zidan, “segundoko tximenea bat eskalau ta bertan daun iltzen baterarte”. Bilgunetik atera eta ofita-betaren erditik jarraitu nuen, II eta III zailtasuneko pasabide motzak tartekatuz, metroak arin irabaziz.
Luzearen lehen metroetan, argazkian bosgarren bilgunea eta lehen jendarmea ikusi daitezke, baita diedro horia eskuinean ere.
Metro batzuk eskalatuak nituenean, ezkerrean horman diagonalean doan ofita orlegiko tximini estu bat identifikatu nuen. Bezperan bidearen nondik norakoak ikertzen aritu ginenean tximini hau zeharkaldiaren hasiera ez ote zen pentsatzen aritu ginen, bizkaitarrek zeharkaldia gorago zegoela esan ziguten arte.
Asier bosgarren bilgunean.
Tximini hau eta zeharkaldiaren hasieraren artean 20 metro inguruko tartea zegoela kalkulatua nuen. Bat batean, harri batzuen azpian zerbait distiratsua ikusi nuen. Harriak kendu eta, hondar artean, mosketoi bat azaldu zen: “hara, gaurko sarie” esan nion nire buruari mosketoia arnesetik zintzilikatuz.
“Ensanbleee” esan zidan Asierrek talkietik. “Ensanble?” pentsatu nuen, “soka hain azkar bukau da?”. Bizkaitarrek bezperan esandakoa gogoan, ofita-beta amaiera arte eskalatzeko asmotan jarraitu nuen, beraiek behin eta berriz esandako iltze berria topatu nahian. Horma zertxobait etzaten den leku batean betaren ezkerrean zinta zahardun iltze batetik express-zinta pasatu eta harkaitz-plaka tente batzuetara iritsi nintzen. 5-6 metroetako lehenengo plaka eskalatu (III) eta bigarrenaren azpian kokatu nintzen. “Ez altzea gehiegi igo?” galdetu zidan Asierrek talkietik. “Eztet uste” erantzun nion, “denbora guztin ofitatio nijo ta oaindio eztet iltze berrik ikusi”. Gorputza pixkat atzera bota eta harkaitz-plakaren gainean bi iltze eta zinta batez osatutako bilgunea ikusi nuen. “Ni naun lekutio 4-5 metro ingurua reunio bat dau. Bertaño igoko naiz”. “OK” erantzun zidan.
III+ zailtasuneko bigarren plaka bertikala eskalatu eta bi iltzedun bilgunera iritsi nintzen. Bilguneko zinta zaharra ikusita bilgunea sendotzea pentsatu nuen. Ezkerreko iltzetik segurtasunezko mosketoi bat pasa eta arnesetik bigarren mosketoia hartu nuenean “klin” bat entzun nuen. Nahi gabe eskuan Reversoa eramaten dudan mosketoia nuen eta arnesetik ateratzeko garaian Reversoa atera egin zen.
Hotzikara batek gorputza alderik alde zeharkatu ninduen. Izututa eta ezer egiteko kapaz ez nintzela Reversoa horman behera saltoka nola amiltzen zen ikusi nuen, bistatik galdu nuen arte: klin-klin-klin-klin-klin-klin-klin-klin…
Automatikoki segurtasun mosketoia iltzetik pasatu eta bilgunea sendotu nuen, gertatutakoari garrantzirik emango ez banio bezala. “Reversoa eroi zaizu?” galdetu zidan Asierrek talkietik. “Ostia, bai!!!” erantzun nion urduritasunez betea. “Ta oain?” galdetu zidan.
“Ta oain?” galderak nire barnean egin zidan oihartzunak orain arte sentitu gabeko beldurra sentiarazi ninduen. Lurretik 300 metro ingurura bilgune ezeroso batetik zintzilik nengoen, Asier aseguratzeko modurik gabe. Eskalada helikoptero baten barruan amaituko ote zenaren pentsamendua burutik pasa zitzaidan: “Puta mierda!!!!!”.
Pentsamendu “positibo” hauetan murgilduta argi bat piztu zitzaidan: “korapilo dinamikoa!!! Korapilo dinamiko bat itten baet Asier ondo aseguraukoet”. Bilgunetik segurtasun mosketoi bat pasatu eta korapiloa egiten saiatu arren, urduritasun edo tentsioagatik ez nuen asmatzen, gehienetan korapilo blokeagarria eginez: “joerrrr, ostia, joerrr!!!!”. Deseperatzen hasita nengoela telefonoan Ikerrek bidalitako argazki batekin gogoratu nintzen, korapilo dinamikoa nola egiten den azaltzen duen argazkia, hain zuzen ere. Telefonoa galtzaren poltsikotik kontu handiz atera, argazkiaren laguntzarekin korapiloa egin eta Asierri eskalatzen jarraitzeko eskatu nion.
“Joer, a ze putadea!!! Gutxiñez korapilokin nola hala aseguratzeik badau” esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Bai, gauza txarra daukena da soka dexente rizatzeola” erantzun zidan. Gora begiratu eta lehen jendarmetik gertuegi geundela iruditu zitzaigun. Bilgunetik 8 metro ingurura erlaitz itsurako bat ikusten zen: “ta hortio ezkerreta badijo?” galdetu nion Asierri. “Ez dakit, ustet gehiegi igo geala ta deskuidau ezkeo hortio ez bada... Ufff” erantzun zidan, “Halere begiratzea jungo naiz”.
Asier bilgunetik atera eta metro batzuetan eskalatzen jarraitu zuen pitzadura batean hiru friend ahal izan zuen sendoenen trabatuz. Bilgunetik 5-6 metroetara zegoela hortik eskalatzen jarraitzea argi ikusten ez zuela esan zidan. Behera begiratu eta geunden lekutik 15 metro ingurura, azken express-zinta pasatuta nuen zinta zahardun iltzea zegoen lekuan gutxi gora behera, pasabidearen hasiera izan zitekeena iruditu zitzaidan: “Ta hor azpitio saiatzen bagea? proposatu nion Asierri. “Ta hau dena destrepau?” erantzun zidan. “Bueno bilgunen mosketoi bat utzi ta batek destrepatzeon bitarten bestek sokakin aseguratzeauke”. “Bai, baña lenengo reunioa iritsi beharrauket ta destrepe hau zaile dela iruitzen zait”. Asierrek arrazoi zuen. Bilgunetik gora eskalatutako metro delikatuak jaitsi beharra zituen eta gainera ongi trabatu gabeko friend batzuetan konfiantza jarriz.
Behera begiratu eta gure atzetik zetorren sokada hurbiltzen zela ikusi nuen: “nik ustet onena horrea jatxi eta hoiei etxoitea dela” esan nion. “Bidea badakie arazoa konponduta”. Asierrek gora begiratu, behera begiratu, niri begiratu eta, arnasa sakon hartu ondoren, eskalatuak zituen metroak tentsio handiz jaisten hasi zen goienen jarrita zuen friend-etik soka pasatuta utziz. Arnasaren abiadura pixkanaka azkartuz, bere mugimenduek tentsio handia islatzen zuten. Azken friend-a kendu zuenean bilgunera arnasestuka iritsi zen.
Luzean topatutako mosketoia bilgunearen zinta zaharretik zintzilikatu eta bertatik soka pasatu ondoren, Asierrek aseguratuta metroak kontu handiz jaisten joan nintzen, sokatik zintzilikatu gabe. “A zer nolako lasaitua hartu nuen zinta zahardun iltzera iritsi nintzenean!!!”. Azpiko sokadaren burua nengoen lekutik 4-5 metroetara gelditu zen: “¿La travesía?” galdetu nion, “¿Sabes dónde está la travesía?”. Begira gelditu eta erdi frantsesez erdi gazteleraz hizketan hasi zitzaidan, goraka igotzen jarraitu behar zuenaren keinu eginez. “Por aquí no” esan nion, “muy arriba, creemos que es por aquí abajo”. Frantsesak metro pare bat gehiago eskalatu, ofita-betaren eskuinera pasa eta “spit!!!” esanez segurtasun mosketoia bertatik pasa zuen. Igoeran ez nuen spit hori ikusi, denbora osoan ofita-betaren erdi edo ezkerretik eskalatzen aritu nintzelako.
Frantsesa bilgunea muntatzen ari zela ikusi nuenean, Asierren soka jaso eta behera hasi zen, bera ere kontu handiz, harririk bota gabe. Nire parera iritsi zenerako frantses-sokadaren bigarrena bilgunean zegoen: “nahibazu frantsesak daren lekuaño aseguraukoizut. Leku hoi hau baño erosogo emateo”. Asierrek baiezkoa esan eta zailtasun handirik gabe frantsesen bilgunera iritsi zen, ni iltzetik zintzilik geldituz.
Frantsesek ere zeharkaldiaren hasiera non zegoen argi ez zuten, denbora osoan krokis ezberdinak begira eta beraien artean eztabaidan ari zirelako. Guk denbora osoan goitik ezin zela eta geunden lekutik izan zitekeela esaten genien. Azkenean, sokadaren burua ni nengoen iltzeraino igo eta zeharkaldia egiten hasiko zela esan zigun.
Bidetik atera eta Reversoa amildu zenetik ordu betetik gora galdua genuen.
Erdibideko gandorra arteko zeharkaldi eta tximinia
Frantsesa ni nengoen iltzetik zinta bat pasatu eta ezkerrera horizontalean zeharkaldia eginez metroak irabazten hasi zen. 7-8 metroetara irribarre bat piztu zitzaion: “piton!!!!” esan zigun. Zeharkaldiarekin jarraitu eta beste 10-12 metroen ondoren, denon gozamenerako, bigarren iltze bat topatu zuen. Zeharkaldiaren amaieran tximini motz eta bertikal bat metro batzuetan eskalatu ondoren horman sartutako burdin oker batean bilgunea muntatu zuen.
Bigarren frantsesa eskalatzen hasi aurretik spit bakarrez osatutako bilgunera jaitsi eta soka bildu genuen: “hobe deu hauen atzetio jarraitzea, hola bidea gutxi gora behera nundio dijon ikusiko deu” esan nion Asierri.
- Zazpigarren luzea, 30 metro, IV. Bigarren frantsesa zeharkaldiaren amaieran zegoenean Asier eskalatzen jarraitu zuen. Zintadun iltzetik express-zinta pasatu ondoren, plaka inklinatu bat zeharkatuz egiten den ageriko zeharkaldiarekin (IV) hasi eta metro gutxi batzuk behera egin zuen. Zeharkaldiko lehen iltzea topatzea kosta zitzaion, ezkutuan baitago. Bertatik express-zinta pasatu eta, amildegia oinen azpian zuela, zeharkaldi horizontalarekin jarraitu zuen bigarren iltzearen aurretik pixka bat jaitsiz. Zeharkaldiaren amaierako tximini motza eskalatu (IV) eta frantsesen bilgunearen eskuineko iltze batean bilgunea muntatzea lortu zuen.
Zeharkaldia aurkitzeko gomendioa: ofita-betaren erdi edo ezkerretik eskalatu beharrean bere eskuin ertzetik eskalatu. Lehen jendarmearen (hori kolorea duena) oinera hurbiltzerakoan, horma zertxobait etzaten den lekuan, ofita-betaren eskuinean (betatik kanpo) harkaitz sendo batean jarritako spit bakarrean bilgunea muntatu, zeharkaldia hemendik ezkerrera hasten baita. Lehenengo 3-4 metroak ezkerrera diagonalean goraka eskalatu zinta zahardun iltze bat topatu arte. Hemendik ezkerrera horizontalean eta metro batzuk behera eginez zeharkaldiarekin hasi. Lehen iltzea (erdi ezkutua) zintadun iltzetik 6-8 metro ingurura dago eta bigarrena lehenetik beste 10-12 metro ingurura. Zeharkaldia agerikoa bada ere helduleku onak ditu eta IV zailtasunaren baitan dago. Zeharkaldiaren amaieran tximini bertikal eta motz bat eskalatuko dugu (IV) burdin oker batez osatutako bilgunera iritsiz.
Lehen jendarmearen zeharkaldiaren nondik norakoak azaltzen dituen krokisa. Puntu zuriz, zeharkaldia egin gabe zortzigarren luzean eskalatzen den tximinira iristeko jarraitu daiteken bide alternatiboa. Goiko puntu zuriek guk galduta ibilitako bidea adierazten dute.
- Zortzigarren luzea, 30 metro, III+. Hurrengo luzeak, frantsesak aurretik genituenez, 30 metroetako luzerarekin eskalatu genituen. Asierrek frantsesak nondik sartu ziren ikusi zuenez aurretik jarraitzeko eskatu nion. Pasatako tentsio uneak errepaso galanta eman zigun eta metroak arnasestuka irabazten hasita ginela sentitu nuen. Eguzkia ere indarrez jotzen hasita zegoen eta ez dakit noiztik urik edan eta jan gabe geunden: “hurrengo bileran atsedentxo bat hartuko deu” pentsatu nuen.
Asier bilgunetik atera eta metro batzuk ezkerrera egin ondoren ofita orlegiz osatutako tximinia inklinatu bat eskalatzen hasi zen (III+), ezkerrean duen bigarren beta baten paralelo doana. Nik bitartean korapilo dinamikoagatik kizkurtzen hasita zegoen soka ahalik eta hobekien ematen saiatzen nintzen. 30 metro eskalatu eta atzetik zihoan frantsesaren parera iritsi zenean, hau bilgunetik atera arte itxaron eta bilgunea muntatu zuen. Bilgunera iritsi nintzenean zeozer jan, biok “Camel-bag”-etik edan eta atseden motza hartu genuen.
- Bederatzigarren luzea, 30 metro, III+. Ofitazko tximiniaren bigarren zatia eskalatzen jarraitu nuen (III+) pasabide errazenak bilatuz eta ahal izan nuen tokietan friend bat edo beste trabatuz. Buruan nuen gauza bakarra frantsesak bistatik ez galtzea zenez, izugarrizko zoriontasuna hartu nuen erdibideko gandorraren ertzeko bilgunera iritsi eta bigarren frantsesa oraindik han zegoela ikusi nuenean. Bilgunea harlauz batetik pasatako zinta-uztai batekin muntatuta zuten. Harlauzaren eskuinean pitzadura bat ikusi eta bitan pentsatu gabe bi friend trabatu nituen bilgunea muntatuz.
Erdibideko gandorra
- Hamargarren luzea, 30 metro, IV. “Hemendio gora harkaitzak itsura ona daukela emateo” esan zidan Asierrek. Bilgunea desmuntatu, Asierri bi friend-ak eman eta frantsesek bilgunea muntatutako lekuan berriro ere muntatu nuenean eskalatzen jarraitu zuen.
Erdibideko gandorraren lehen metroetan, goian frantsesak ikusi daitezke.
Luzea gandorraren ertzetik doa, eskuin eta ezker amildegiak irekitz, bigarren jendarmearen oinera arte. Harkaitza ona eta sendoa da, friend-ekin ongi babesteko aukera ematen duena. Pasabide tente batzuen ondoren (IV) gandorra zertxobait inklinatzen da. Bigarren jendarmearen oinera iritsi aurretik pare bat harkaitz plaka motz (III) eskalatu eta bilgunea jendarmearen oinaren ezkerraldean muntatu zuen.
Asier bilgunera iristen, bigarren frantsesa badoa.
“Ze luze ona” esan zidan “oainarteko onena”. Asier luzeaz gozatzen ari zen bitartean ni desesperatzen hasia nengoen korapilo dinamikoak sokan sortutako kizkurrekin borrokan.
Luzea hasteko prest.
Bilgunera iritsi nintzenean Reversoa luzean buru doanari eta korapilo dinamikoa atzetik doanari babesteko erabiltzea proposatu nion: “segurugo iruitzen zait aurretio dijonai Reversokin aseguratzea, atzetio dijona azken fiñen soka goitio dauke”. Asierrek proposamenari baiezkoa esan eta, frantsesak nondik jo zuten ikusi zuenez, Reversoa eman eta aurretik jarraituko zuela esan zidan.
- Hamaikagarren luzea, 45 metro, IV. Luzea bilgunetik ezkerrera metro pare bat jaitsiz (II) hasten da erlaitz baten gainean kokatuz. Asier erlaitzetik ezkerrera gorputza luzatu eta hankak irekiz pasabide horizontal bat egin (III) eta, sabaitxo baten azpian mantenduz, gorri koloreko beta bat jarraituz 15 metro inguruko zeharkaldia egin zuen (III), bigarren jendarmearen gaineko lepora daraman okre koloreko tximini nabari eta tentearen azpian kokatuz.
Zeharkaldiaren amaieran. Asier dagoen lekutik eskuinera jo zuen bigarren jendarmearen gaineko lepora daraman tximinia eskalatzen hasteko.
Tximinia zuzen eskalatzen hasi zen, hasierako metroetan IV zailtasuneko pasabideren bat eskalatuz. Tximinian gora eskalatzen den heinean zailtasunak III+/III inguruan mantentzen dira erdibideko gandorraren ertzera itzuliz, bigarren eta hirugarren jendarmeen arteko lepoak osatzen duen pitzadura zabalera hain zuzen ere. Bilgunera non muntatu zalantzan aritu ondoren azkenean bigarren jendarmearen gaineko uztaidun iltze batean muntatzea erabaki zuen.
Luze hau bideak fisikoki errepasoa ematen ari zigunaren baieztapena izan zen. Asier arnasestu eta aieneka eskalatu zuen bitartean, ni ere, arnasestuka, ahoa eta eztarria lehorrak eta ezpainak zarakar batez estaliak nituela, motel eta baldar bilgunera iritsi nintzen. Zertxobait piztu gintuen ur tragoxka edan, barratxo bat hala nola eztarri lehorretatik pasatu eta krokisa begiratzen hasi ginen: “hurrengo luzen, soka osokin itten badeu kuarto ta kuarto maseko bi paso ditugu” esan nion. “Zemuz zoaz?” galdetu nion. “oso nekatuta” erantzun zidan. “Nire oso nekauta nau ta momentu hontan kuarto bat esklatzekore fundamentuik ez detela ustet” bota nion. “Dena den nahibazu saiauko naiz baña ustet kriston denbora beharkoetela luzea ateatzeko”. “Bale, saiauko naiz ni ea zemuz ateatzeten” erantzun zidan.
- Hamabigarren luzea, 25 metro, IV. Gandorraren ertzetik jarraituz eskalatzen jarraitu zuen, tartean topatu zuen iltze paretik express-zintak pasatuz. Plaka inklinatu bat eskuinetik eskalatu ondoren (III), 5-6 metroetako horma bertikalaren azpian kokatu zen, eskuinetik eskalatzen hasiz. Arnasestuen artean, poliki eta indarrak ahal zuen egokienen dosifikatuz, horma eskalatu zuen (IV) honen gaineko erlaitzera iritsiz: “Hemen reunioa montakoet” bota zidan nekatuta bertako iltze batetik segurtasun mosketoia pasatuz.
Hamabigarren bilgunera iristen.
Sokak behartuta horma zuzen eskalatu nuen. Arnasestuka eskalatu arren helduleku onak zituela iruditu zitzaidan. Hala ere bilgunera oso nekatuta iritsi nintzen.
- Hamahirugarren luzea, 20 metro, IV+. Gris-berde koloreko arrail nabariko horma bertikal baten azpian geunden. Bueno, egia esateko, horma bertikal baino makurtua zela esango nuke. Arrailaren goiko zatian kordel bat zintzilik zuen iltze bat ikusi genuen: “holakok eoteienen bertatio tiratzeko jarrita eoteie” esan zidan Asierrek. Bitan pentsatu gabe eskalatzen hasi zen.
2-3 metro eskalatuak zituenean,arrailera iritsi aurretik, nik jasotako materialik gabe eskalatzen hasi zela konturatu ginen. Eta oker eta arriskutsuena!!! Soka Reverso-tik pasa gabe!!!
Nekearen ondorioz akatsak egiten hasiak geunden. Hemendik aurrerako bilguneetan eman beharreko segurtasun pausu guztiak bion artean errepasatuko genituela adostu genuen, hegazkin bateko pilotuek aireratu aurretik hegazkinaren aparatuekin egiten duten moduan.
Lehenengo errepasoa egin eta eskalatzen jarraitu zuen. Makurtutako hormaren azpian kokatu, kordeldun iltzetik express-zinta pasatu eta, gorputza altxatuz, arrail bertikalari metroak irabaziz hasi zen: “kontuz!!!” ohartu zidan. Iltzearen gainetik pare bat friend trabatu eta kordelaren laguntzaz luzearen pasabiderik gogorrena (IV+/V) eskalatu zuen. “Ostia Asier, ze onaaaa!!!!” saiatu nintzen animatzen.
Lehen metro zail hauen ondoren pitzaduratik metro pare bat jarraitu eta pixkanaka ezkerrean utziz eskalatzen jarraitu zuen (III+/IV) eskuinaldera diagonalean eskalatuz. “Ez da oso zaie baña harrie ezta ona” esan zidan arnasestuen artean azkeneko metro errazago batzuen ondoren (III) bi iltzez osatutako bilgunera iritsi zenean.
Hamahirugarren luzearen nondik norakoak. Luzea gogorra iruditu zitzaigun.
Ez nuen bitan pentsatu ere egin. Kordelaren azpira iritsi nintzenean kordelaren laguntzarekin pasabiderik zailena eskalatu nuen. Pasabidetik gorako tartea ere ez zitzaidan paseo bat iruditu. Gainean genuen nekea kontutan hartuz, Asierrek eskalatutako luze hau meritu handikoa iruditu zitzaidan, inongo zalantzarik gabe.
- Hamalaugarren luzea, 45 metro, III+. “Nahizu luze honi nik ematea?” esan nion bilgunera iritsi bezain pronto. “Bai mesedez” erdi erregotu zidan, “hola pixkat deskantsaukoet”.
Bilgunetik 8-10 metro eskuinaldera diagonalean ikusten zen kordel urdindun iltze batera zuzendu nintzen (III). Iltzetik gora ahalik eta leku errazenetatik eskalatuz jarraitu nuen (II/III), ahal nuen lekuetan friend bat edo beste trabatuz. Nekeak jota, luzeari metroak nahi baino motelago irabazten nizkion.
“8 metro gehienez gelditzen zaizkizu” esan zidan Asierrek bat batean. Gora begiratu eta erdibideko gandorraren amaiera arte 15 metro gutxienez falta zirela ikusi nuen. Batera eta bestera begiratu ondoren, gandorraren amaieran uraren higadurak sortutako kanaltxo batzuen azpian topatu nuen lehen iltzean bilgunea muntatu nuen.
Hamalaugarren bilgunean, nire ondoan kanaltxoak ikusi daitezke.
- Hamabosgarren luzea, 25 metro, IV. “Luze honekin behingoz aristan bukaera iritsiko gea!!!!!” bota nion Asierri. “Aristan bukaeran daun kolladun deskantsatzeko kriston gogoa dauket” esan zidan bilgunetik atera baino lehen.
Kanaltxoak eskalatzen jarraitu (III+) eta atzean utzi zituenean gandorraren ezker aldera pasa zen, metro erraz batzuen ondoren (III) arrail estua duen diedro bertikal batekin topo eginez. Diedroko arrailean erabat trabatutako bi friend-etatik express-zinta bana pasatuz diedroa eskalatu (IV) eta erdibideko gandorraren gainera iritsi zen iltze batean bilgunea muntatuz.
“Ez naiz tontakerikin ibili” esan nion bilgunera iritsi nintzenean “azkarrago ibiltzeko friend-etatio tiraka igo naiz”. “Lasai, nik ere gauza bera indet” erantzun zidan, “denbora luzen ataskautako friendak gaur askauko etzirela pentsatzen”.
Erdibideko gandorrari amaiera ematen dion diedroa azpitik ikusita.
Bilgunera iristearekin batera lurrean eseri ginen. Asier katu-oinek sortutako oinetako minez zegoen. Basamortu moduan erabat lehortuak genituen eztarrietako mina apaldu asmoz, motxila kendu eta barrutik ur botila atera zuen: “hau hemen bukau ta zure Camelbag-etio edaten jarraituko deu”. Atseden hartzen ari ginela aspaldi aurreratu gintuen frantses sokada Gaube gandorrean gora ikusi genituen: “Hoik dauneko hor badare etzaigu asko faltako” esan nuen bion animoak altxatu nahian. Gertu planeatzen ari zen belatxinga bikote bat adi begira genuen, jaten ari ginen barratxoaren zati bat nahiko balute bezala. Kafeinadun gel bana hartu ondoren atsedenari amaiera eman genion.
Eskisto gorriak
- Hamaseigarren luzea, 50 metro, III. Erdibideko gandorraren gaineko lepo zabalean metro batzuk egin ondoren ezkerrera pasa eta ezkerraldera zeharkaldi erdi horizontal bat egiten hasi nintzen, eskisto gorrietatik eskuin ezker zeharka jaisten den ezproi nabarmenaren oinera zuzenduz. Zeharkaldia ez da zaila eta ia denbora osoan II zailtasunaren baitan dago III zailtasuneko pasabide motz pare bat eskalatuz. Hori bai, harkaitza hauskor eta askea dagoenez, denbora osoan heldulekurik sendoenak non dauden ongi begiratu beharko dugu. Zeharkaldi osoa bi iltzez babestua dago. III zailasuneko eskaladatxo baten ondoren ezproiak osatzen duen sorbaldara iritsi eta bertako ertzean topatu nuen uztaidun iltze zahar batean bilgunea muntatu nuen.
Hamasei eta hamazazpigarren luzeen nondik norakoak erdibideko gandorraren amaieratik.
Asier beste eskalatzaile batekin batera bilgunera iritsi ziren: “bi hok a toda ostia datoz” esan zidan. Atzetik zetorren sokada mendian korrika egiteko zapatilekin zetozen. Atzetik zetorrenari pasatzen utzi eta goraka ziztu bizian abiatu zen. Gure ondoan gelditu zenak Diedro horia eskalatzetik zetozela esan zigun: “¿Sois los que a la mañana estabais escalando?” galdetu zion Asierrek. “Oui” erantzun zigun. Diedro horiaren bidea eskalatu, Gaube arista eta “Puerto de los Mulos” mendatetik behera Oullettes de Gaubera itzuli eta, gelditu gabe, Vignemaleren ipar klasikoa eskalatzen ari ziren. “¿Y cuanto tiempo llevais escalado hasta aquí?” galdetu zion Asierrek, “dos hogas más o menos” erantzun zion. Txundituta gelditu ginen: “bi ordu honea iristeko? Eta diedro horia eskalau ondoren? A ze barbaridadea!!!”. Pasatzen uzteagatik eskerrak eman ondoren ziztu bizian desagertu zen.
Hamaseigarren bilguneko ikusmira ikusgarria.
- Hamazazpigarren luzea, 35 metro, III. “Bueno Asier, ea gutxiñez oain ez ditteun aurrekok bistatio galtzen azkeneko luzek nundio dijozten ikusteko” esan nion. Frantses sokada gaztearekin alderatuz, Asierren lehen metroak oso motelak izan ziren.
Ezproiaren lehen metroetan friend bat trabatu aurretik.
Ezproiaren lehen metroen ondoren friend bat trabatu eta eskalatzen jarraitu zuen, ezproiak eskisto gorrietan osatzen duen gandor itsurakoaren ertzetik. Luzea nahiko zuzen doa eta, harkaitzaren kalitatearengatik izango ez balitz, gozatzeko moduko eskalada izango litzateke, denbora osoan II/III zailtasunaren baitan kokatuz. Luze bakarrean eskisto gorrietatik Gaube gandorreraino doan zeharkaldiaren hasierara iritsiko ez zela ikusita, sendo sartutako iltze batean bilgunea muntatu zuen.
Bilgunera iritsi nintzenerako frantsesen sokada Gaube aristan gora zihoazen: “hurrengo luzea nundio doan ikusizu?” galdetu nion. “Gutxi gora behera bai” erantzun zidan “nahiko zuzen dijo, nahibazu nik emangoiot”.
- Hemezortzigarren luzea, 40 metro, IV. Asier bilgunetik atera eta orain arte jarraitutako gandorra eskisto gorriekin batzen den lekura arte jarraitu zuen (II).
Hemezortzigarren luzean.
Hamazazpigarren bilguneko ikusmira.
Hemendik gora horma zertxobait tentetzen da (III), harlauz nabari baten ezkerretik pasatuz (bertako arrailean friend bat trabatu zuen). Harlauza atzean utzi ondoren horma gehiago tentetu eta, harkaitz hauskorren artean helduleku sendoenak aurkituz, zuzen eskalatzen jarraitu zuen tartean iltze zaharren batean express-zintak pasatuz. 10-15 metroetako horma bertikal hau eskalatuta (IV), hormak egiten duen barrunbe antzeko batean, txaparik gabeko spit baten ondoan bi friend-ekin bilgunea muntatu zuen.
Hemezortzigarren bilgunean eta bertara iritsi aurreko nondik norakoak. Hemeretzigarren luzea nondik doan ere ikusi daiteke.
“Bide honek ez du luze bakarrare barkatzen” esan zidan bilgunera iritsi nintzenean. “Hemen ere tentsio haundie pasaet”.
Arraildun harlauzan. Zailtasunak hemendik gora hasten dira. Asier bilgunean ikusi daiteke.
- Hemeretzigarren luzea, 45 metro, III. Bilgunearen ondoko txaparik gabeko spit-etik artaka-trabagailu baten kablea trabatu eta eskalatzen jarraitu nuen. “Aristan ikusteen plataformara igo beharren zare” esan zidan Asierrek bilgunetik. Bilgunetik ahalik eta horizontalenen eskalatzen jarraitu nuen pitzadura batean artaka-trabagailu bat trabatuz (III).
Hemezortzigarren bilgunean.
Gerutago... Asierren azpian eskisto gorriak zeharkatzeko eskalatzen den ezproi eta gandorra ikusi daitezke, baita eskisto gorrietako harkaitzaren kalitatea ere.
Luzearen erdia gutxi gora behera eskalatuta nuenean metro pare bat jaitsi (II) eta horizontalean beste 3-4 metro egin ondoren (II) hormatxo motz bat eskalatu nuen (III) azken metro erraz batzuen ondoren (II) ezkerrean tximini nabari bat utzi eta Gaube gandorrera iritsiz.
Une batez bila ibili ondoren, gandorrean eraikitako bibak lekuaren atzeko harkaitz sendoan leku guztietan azaltzen den parabolta topatu nuen: “reunionnnnnn!!!!”.
Gaube gandorreko parabolta.
Gaube gandorrean muntatutako bilgunean.
Vignemaleren ipar-hormatik ateratzen.
Argazki honetan eskisto gorrietan eskalatzen diren hiru luzeen nondik norakoak ikusi daitezke. Puntu zuriz, ipar hormaren irteera zuzena (V), 1967 urtean Gohier eta Ravier anaiek ireki zutena.
Gaube gandorra
Oso nekatuta izan arren, Gaube gandorrera iristean izugarrizko gorakada sentitu genuen, eskalada amaitua balego bezala: “bueno, gutxiñez ipar hormatio atea gea!!!” esan nion Asierri. “Oain artekoa ikusita ni ez naiz bate fiatzen” erantzun zidan, “seguro oaindio eskalau beharko deula”. “Gañea Anderren attek istripue zati hontan izan zun” esan nion, “hemen bai ezin geala realajatu”.
Gelditzen zitzaigun ur apurra bukatu eta, krokis eta deskribapenen laguntzaz, hemendik gorako luzeak nondik joko zuten identifikatu genituen.
- Hogeigarren luzea, 35 metro, IV. Asierrek bibak lekua zeharkatu eta pareko horma zabala zuzen eskalatzen hasi zen, gainean eta zertxobait eskuinean dagoen makurtutako hormara zuzenduz. Makurtuen dagoen lekutik ezkerrera eskalatzen hasi (III+) eta iltze zahar batera iritsi zen.
Luzearen lehen iltzera iristen.
Iltzearen ezkerretik zeharkaldia eginez jarraituta (IV) bigarren iltze batera iritsi zen. Ordurako, jarritako friend-ak sokan izugarrizko marruskadura sortzen ari ziren Asierren eskalada zailduz: “onena hementxe reunioa montatzea izangoa” esan zidan, “gañea toki komodoa da”.
Asier hogeigarren bilgunean. Gaube gandorretik gora eskalatu genituen hiru luzeen nondik norakoak ikusi daitezke.
Sokak nekez jaso ondoren eskalatzen hasi nintzen. Luze hau ez zitzaidan erraza iruditu eta denbora osoan oinak non jarri ongi begiratuz eskalatu behar izan nuen. Asierren ondora iritsi nintzenean, soberan zuen materiala jaso, Reversoa eman eta ahalik eta azkarrenen eskalatzen jarraitu nuen.
- Hogeita bat garren luzea, 35 metro, III+. Bilgunearen gaineko hormatxo bertikala zuzen eskalatu nuen (III+). Hormatxo hau eskalatuta pareta inklinatu egiten da. Hurrengo luzeko arrail inklinatua erreferentzi bezala hartuz, bertara iristeko biderik errazenaren bilatuz jarraitu nuen (III) metroak pazientzia eta lasaitasun handienarekin irabaziz. Artaka-trabagailu bat eta pare bat friend trabatu ondoren, arrail inklinatutik 8-10 metroetara iltze zahar bat eta metro batzuk gorago beste bat topatu nituen: “de puta madre, ondo nijo”. Azken esfortzu txiki baten ondoren arrail inklinatuaren azpiko erlaitz erosora iritsi eta bertako iltze batean bilgunea muntatu nuen.
Bilgunera iristen.
- Hogeita bigarren luzea, 45 metro, III+. “Hemendio gora ze?” galdetu zidan Asierrek. “Ba lenengo pitzadura hau ta gero terzeroko tximini bat eskalatzea”, erantzun nion. Material guztia hartu eta arrail inklinatua eskalatzen hasi zen.
Arraila azpitik dirudiena baino errazagoa da, helduleku ederrekoa eta auto-babeserako aukera handiak dituena. Hainbat friend trabatu ondoren Asierrek arraila eskalatu zuen (III+).
Arrail inklinatuan.
Ezkerrera zeharkaldi bat eginez hasi (II) eta tximini tente baten azpian kokatu zen. Tximinia zuzen eskalatu ondoren (III) iltze batean bilgunea muntatu zuen.
Arrailaren eskalada ederra iruditu zitzaidan, pena hain nekatuta egotea. Tximinia ere, oso zaila izan gabe, polita iruditu zitzaidan. Asier gailurretik gertu egongo zela pentsatuta, tximiniatik atera eta parean gailurraren azpiko horma bertikala ikusi nuenean ahozabalik gelditu nintzen: “hau noiz kristo bukatzea?” pentsatu nuen.
- Hogeita hirugarren luzea, 25 metro, III. “Esperoet luze honekin zailtasun guztikin bukauko ditteula” esan nion Asierri. “Nik ere hala esperoet” erantzun zidan neke ahots batekin. Bilgunetik eskuinaldera atera eta eskuineko gandorrean ikusi nuen sorbalda txiki batera zuzendu nintzen (II). Erdi horizontalean egindako 15-20 metroen ondoren, plataformara iritsi aurretik hormatxo bat eskalatu (III) eta gandorrera igo nintzen, bertako iltzean aseguratu eta bilgunea muntatuz.
Hogeita hirugarren bilgunea, iltzeetan muntau genuen azkena.
Bilgunea muntatu nuenean luze osoan asegururik jarri ez nuela ohartu eta Anderren aitaren istripua berriro ere burura etorri zitzaidan: “hoixe behar genun, azken luzen konfiauta jutegatio eroitzea”.
Azken metroak
“Eskalada bukau deuuuu!!!” bota nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Hemendio gailurrea 60 metro eskas omen dare”. “Oain artekok ikusita seguro 60 baño gehio izangoiela” erantzun zidan.
- Hogeita laugarren luzea, 50 metro, II. Soka jasotzeko gogorik ez, fisikoki lehertuta eta ziurrenik luze bakarrean gailurretik gertu amaituko genuela sinistuta, beste luze bat egitea adostu genuen, azken metroak seguru eskalatzeko. Bilgunearen eskuinetik atera eta metroak irabaziz jarraitu zuen. Gainean zuen nekea nabaria zen, nik bezala, dagoeneko pausuak baldar ematen baitzituen, eskalada osoan bota gabeko harriak botaz.
Gandorraren eskuinetik gertu mantenduz (bertan baitago harkaitzik sendoena) soka amaitu arte jarraitu zuen: “anteciman nau, gailurretio 15-20 metro ingurua” esan zidan talkietik. Sokak jaso eta berarengana iritsi nintzenean gailurrera iristeko berak jarritako aseguru eskasekin nahiko izango nuela esan nion.
- Hogeita bosgarren luzea, 20 metro II. Azkeneko metroak kontu handiz hartu nituen.
Azken metroak...
Gailurraurre eta gailurraren arteko gandorraren ertzetik jarraitu, gandorrak osatzen duen sakonune motz bat zeharkatu eta, azken pausu baldar batzuen ondoren, leher eginda, deshidratatuta, aho eta ezpainak lehor eta lehortasunak eragindako eztarriko minez, arratsaldeko zazpiak jota Vignemaleren gailurreko zementuzko puntu geodesikora iritsi nintzen: “Ostia putaaaaaaaa!!!! Gora Euskadiiiii!!!! Tomaaaaaa!!!! Ese MAT!!!!!” oihukatzea ezin izan nuen ekidin.
Pique Longue-ren gailurrean: lortu deu!!!!!!!!!
Puntu geodesikoaren ingurutik soka pasatuz Asierri azken metroak aseguratu eta gailurrera iritsi zenean bostekoa eman eta elkar besarkatu genuen.
Fisiko eta psikologikoki txikituta, gailurrean eseri eta lasaitu ederra hartu genuen: “eztet sekula sikologiki hainbeste exigitu diten mendi aktibidadeik egin” esan zidan Asierrek. “Nik ere ez”. Gailurrean ez zen malkorik isuri, ez zen izugarrizko zoriontasunik izan, nekeaz errendituta geunden besterik gabe.
Minutu batzuetako atsedenaren ondoren, mendiko botak jantzi eta eskaladako materiala jasotzen ari ginela, Russell-en “Paradiso lezean” lo egiteko asmoa zuen hirukotea gailurrean azaldu zen. Solasalditxo baten ondoren, elkarri argazki batzuk egin eta zazpiak eta erdi pasatxoan beherako bidea hartu genuen.
Ese MAT!!!!!!!!.
Jaitsiera
Ossue glaziarrean behera hasi ginenean mugikorrak “piiiit, piiit” egin zuen, telefono estaldura genuenaren seinale. Bitan pentsatu gabe gelditu eta etxera deitu genuen. Itzi lasaitu eta bibak lekura gauez iritsiko ginela azaldu nion: “gauez kontuz ibili, muxu, maite zaitut” izan ziren bere azkeneko hitzak. MAT taldeari ere eskalada amaituta zegoela esanez whatsapp mezu batzuk bidali ondoren, Anderrekin gogoratu eta mezu bat bidaltzeko ere aprobetxatu nuen: “Aupa Terra!! Gaur Vignemalen iparra eskalau deu. Izugarri gogoratu naiz zurekin. Besarkada ta muxu handi bat!!!”.
Anderri mezua bidali ondoren, eskaladan izandako ezusteko, hanka sartze eta pasatako tentsio gune guztiak burutik pasa zitzaizkidan. Majo sufritutako eskaladaren ondoren, Asierrekin Pirinioetako glaziar galdu baten erdian nengoen, beharbada sekula eskalatuko dudan biderik ikusgarrienetik onik atera ondoren. Orduan gailurrean isuri gabeko malkoak isuri nituen, amari, aitonari, Anderren aitari, bizitzari, eskerrak emanez. Honelako ekintzak egin ahal izateko dudan zorteagatik zorionekoa naiz.
Eguzkiaren azken argiak Taillon eta Gabietoak argitzen.
Jaitsiera oso motel egin genuen, gauak Baysellance aterpearen parean harrapatuz.
Ossue glaziarra atzean utzi ondoren, Baysellance aterpearen bidean.
Ossue glaziarrean ura hartu arren eztarriko minagatik berehala ezin izan genuen edan (gauza tristea da egarri biziz izan eta urik ezin edatea) eta jaitsieran zehar Asierrek hartutako litro eta erdia edan genuen.
Oullettes de Gaube bailara laino artean.
Oullettes de Gaube aterpera iritsi eta biharamunean "ipar klasikoa" eskalatuko zuen sokada batekin hitz egin ondoren, pilotu automatikoa berriro ere martxan jarri eta bibak lekura itzuli ginen, lozakuetan sartu bezain pronto lo seko geldituz.
ABUZTUAK 4
Egunaren lehen eguzki izpiek bibak-a argitzearekin batera esnatu ginen: “lo seko indet” esan zidan Asierrek. “Baita nik ere, gauen bakarren bat ingurun ibili bada ere ez naiz enterau”. Eguna oskarbi zetorren eta, nahiz eta oraindik konturatu gabe egon, bailaran bizitzak aurrera zihoan erreken hots eta marmoten txistuen artean. Zakuan buelta eman eta ondoan nuen loretxoari "egunon" esan nion.
"Egunon!!".
Hoteleko bistak.
Egun lasai eta oskarbian ilargiak ere ez zuen argazkian ateratzeko aukerarik galdu.
Bezperan edan gabeko ura eta gosari oparoaren ondoren, Ossue lepora aldera morrenan gora abiatu ginen gaurkoan eskalatzen ari ziren sokaden nondik norakoak ikusi eta argazkiak egiteko asmoz.
Morrenan gora hasteko prest.
Ipar hormari begira izan ginen orduetan zazpi sokada zenbatu genituen. Azkenekoak, oso motel, ia goizeko hamaiketan hasi ziren eskalatzen: “hoik dijozten bezela gaue paretan ingoue”.
Ipar horma bere osotasunean. Bezperan hortik igo ginela pentsatzeak bertigoa eragin zidan.
Vignemaleren ipar aurpegi ikusgarria, argazki makina sutan jarri nuen.
Pique Longue-ren ipar horman harkaitz eta izotz/elur/mistoan irekitako bideak. Zuriz: 1. "Ipar klasikoa", 950 m, V (Barrio/Bellocq, 1933). 2. "Ipar ezproia", 750 m, V+/A1 edo 6b (Bellefon/Despiau, 1967). 3. "Diedro horia", 500 m, V+/A2 edo 6c (Grenier/Ravier anaiak, 1964). 4. "Ilusiones", 650 m, 7a+/A2 (Mikel Saez de Urabain/Chemari Andrés, 2012). 5. "Despiau/Luquet", 500 m, 6b/A3 (Despiau/Luquet, 1969). 6. "Gaube pilarea", 450 m, ED inf. (Lechêne/Sebben, 1967). 7. "Sangre española", 400 m, 6b (Real/Selva/Alonso, 1985). Urdinez: 1. "Gaube korridorea", 700 m, MD (IV+/4+), (Passet/Bazillac/Salles/Brulle/De Monts, 1889). 2. "Pourquoi?", 600 m, IV/5 (M5, 90º) (Thinières/Wagner, 2003). 3. "Les dèlinquants de l'inutile", 800 m, ED (90º, A3) (Dandonneau/Thivel/Ravier, 1994). 4. "Goulotte des Espagnols", 400 m, MD sup. (IV/4) (nork ireki zuen ez da ezaguna).
Eguzkia bezperatik kiskaldutako lepoak berotzen hasi zenean azkeneko argazki pila egin eta beherako bidea hartu genuen.
Jaitsieran.
Argazkiak egiteari ezin utzi...
Bibak lekura itzuli eta kantinplora bana edan ondoren motxilak pazientziaz eta lasaitasun osoz egin genituen, nahita edo nahigabe leku magiko hau utzi nahiko ez bagenu bezala. Bezperan eman ez genuen eguzkitako krema goitik behera eman eta motxila astunak bi egunetan zigortutako sorbaldetatik zintzilikatu ondoren, pena handiz Oullettes de Gaube bailara utzi genuen.
Beherako bidea hartu aurretik.
Oullettes de Gaubetik azken begirada...
Aterpera arte sentitutako bake eta bakardade sentsazioa ekaitzaren ondorengo erromako zubiaren moduan desagertu zen. Jaitsierako bidea aterpera zihoazen mendizale eta turisten artean lekua eginez egin genuen, tartean taldeak pasatzeko bide ertzean geldituz.
Bidean behera.
Ez naiz eroso sentitzen jende asko dabilen lekuetan eta egoera hauek ekiditen saiatzen naizen arren, oraingoan jendearen artean lasai nindoan, sorbaldak pisuarengatik txikituta, ezker orpoan botek egindako babagatik erdi-errenka, eguzkiak erreta baina ezpainetan irribarre batekin. Pique Longue-ren "ipar klasikoa" eskalatua nuen, ezin nintzen zoriontsu izan.
Azken bihurgune baten ondoren Vignemaleri "gero arte" esan eta azkenekoz begiratu nion...
Pont D'Espagne-ra itzuli ginenean motxilak lurrera bota eta, belarretan, pinu batzuen azpian hanka hutsik, merezitako atsedena hartu eta eskalada garagardo fresko batzuekin ospatu genuen.
Aupa zuek!!! Aupa gu!!!
Cauterets-eko kanping batean bizia eman zigun dutxaren ondoren itzulerako bideari ekin genion. Ezinbestean Vignemaleko eskalada izan zen gai nagusia.
Vignemalek fisiko, psikologiko eta teknikoki dena eskatu eta dena eman genion: indar, gogo eta ahalmena. Gutxi gorde genuen, jaitsierako behar genuen indar apurra besterik ez. Bibak lekura esnatu ginenetik hogeita bat orduetara irisi ginen, hustuta, non zapaltzen genuen begiratu gabe, pausu bat bestearen atzetik automatikoki emanez. Eguzkiak erreta, ezpainak zartatuak eta azala urratua, errenditutako mendizaleen itsura izan arren, begiak zoriontasunik zabal eta sakonenaren distira ziren, Vignemaletik zerbait eramaten ari ginenaren seinale. Begiak arimaren ateak badira, gure arimak bakean ziren.
Egun batzuk beranduago Lekuk “oain pareta beste era batea ikusiko dezue” idatzi zigun. Arrazoi zuen. Eskaladaren biharamunean, beste eskalatzaileei begira ari nintzela, hormaren zati nintzela sentitu nuen, aurretik beste batzuk izan diren bezala, etorkizunean beste batzuk izango diren bezala. Mendiak harkaitz, izotz, baso eta errekaz aparte, bertatik pasatakoen historia eta bizitako esperientziaz osatuak daude, batzuetan gozoak, batzuetan garratzak eta batzuetan mingarriak... Azken finean, mendian uzten dugun arrastoa infinitoan puntu galkorra besterik ez da, mendiak eragindako orbaina aldiz, ez da sekula ezabatzen.
Fernando Terradillos-en oroimenez...
AZKEN 10 SARRERAK
2018/08/13
VIGNEMALE: PIQUE LONGUE, "IPAR KLASIKOA", 950 metro, V. 2018/08/02tik 4ra
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
16:28
Etiketak:
eskalada,
ipar,
klasikoa,
longue,
norte,
norte clasica,
oullettes de gaube,
pique,
pique longue,
pirineos,
pirinioak,
smithy,
smithyrenbloga,
vignemale
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina