AZKEN 10 SARRERAK

2013/05/20

PETIT VIGNEMALE (3032 m.) "SERAC"-EN BIDETIK 2013-05-12

- Xabiii!!!
- Uhmmm???
- Bostak dittuk, jeikitzeko ordue. - Esan zidan Lekuk.

Oraindik non nengoen ere jakin gabe begiak ireki eta ohearen inguruan eta zaku barruan gordetako arropa nire inguruan pilatzen hasi nintzen jazteko asmoarekin.

- Ze egualdi zeok? - Galdetu nion Lekuri.
- Behe laño pixkat baña de puta madre. - Erantzun zidan.

Atzoko igoera neketsuaren ondoren hanketako sentsazioa ona zela nabaritu nuen. "Zemuz belaune?" Galdetu nion anaiari, "de puta madre" erantzun zidan. Leku eta Ikerren erantzunen ondoren "Joño, badirudi gaur dena ondo doala" pentsatu nuen.

Arropa jantzi, zakua nolabait txukun-txukun ohearen gainean utzi eta leihora hurbildu nintzen. Lekuk esan bezela behe laino bat zegoen aterpearen inguruan, baina noizik eta behin Pique Longueren gailurra ikusteko aukera ere bazegoen zeruan dauden izarraz ageriz. Iker eta Leku ere jantzi eta jangelara jaitsi ginen gosaltzeko asmoarekin.

Ez dakit baina aterpean geunden mendizale guztiak batera jeiki ginela zirudien, han hemenka kriston mugimendua topatu zegoen eta. Honelako momentuek asko urduritzen naute, berandu ari garenaren sentsazioa eta bidea masifikatuta egongo denaren beldurra izaten baitut.

Jangelan sartu, bapo gosaldu eta bezperan prestatutako motxilen bila joan ginen. Aterpearen sarrera merkealdian dagoen denda bat zirudien eta mendizaleen artetik nolabait motxiletara ailegatzeko lanak izan genituen. Gure ondoan espainiar eskiatzaile talde bat ere irteteko prestatzen ari zen. Taldeko bat gugana hurbildu zen:

- ¿Qué intención tenéis de hacer hoy?
- La vía de los seracs al Petit - erantzun nion.
- ¿No vais ya un poco tarde?

Erlojua begiratu eta seirak eta hogei zirela ikusi nuen, irteteko pentsatuta genuena baino hogei minutu beranduago. "Bueno, hogei minutu besterik ez dira" pentsatu nuen, baina eskiatzaileak esandakoa erabat urduritu ninduen eta hurrengo ordubetean beranduegi abiatu ez ginela etengabe pentsatuz joan nintzen.

GURE BIDEA

Oullettes de Gaube aterpera igotzeko erreporrean esan bezela (erreporra irakurtzeko hemen klik egin), gure helburua Petit Vignemaleren "Serac"-etako bidea egitea zen.

Bide honen lehen igoera Célestin Passet, François Bernat Salles eta Henry Brulle-k (lehen biak gidari moduan) 1890 urteko uztailaren 31an egin zuten. Ordurako Célestin Passet-ek eskarmentua zuen honelako lekuetan, Monte Perdidoren iparra eta Gaube korridoreak eginak zituen eta. Denbora osoan aurretik joan zen piolet batekin eskilara-mailak taillatzen eta bere lagunak kalamu soka batekin aseguratzen. Bidean hainbat zailtasun pasa ondoren, goizeko hamarretan Petit Vignemaleren gailurra zapaldu zuten. Jaisteko Petit-etik behera doan ohiko bidea hartu beharrean, aste batzuk lehenago Roger de Monts-ek ekialdeko orman irekitako bidetik behera jaitsi ziren eta hau gutxi ez balitz, Motferrat eta Tapou mendiak igo zituzten Gavarniera itzuli aurretik.

1925eko uztailaren 16ean, Jean Arlaud, Charles Laffont eta Marie-Louise Ortak bidearen lehen errepikapena egin zute baina beraiek Col des Glaciers-etik Chausenque puntara jarraitu zuten. Hiru urte beranduago, 1928ko ekainaren 17an, hirukote berak bide bera bete zuten oraingoan Petit Vignemaleren gailurrera ailegatuz.

Vignemaleren mendi-lerroaren ipar paretan egin daitezken izotz eta elur biderik ezagunenak, guk 2 zenbakiduna egin genuen.


Bideak 400 metro inguru dauzka eta AD+ bezela dago sailkatua, egoeraren arabera 70 graduetako irtenguneren bat igoz (irtengune hau hasieran egoten da). Guk ez genuen horrenbesteko irtengunerik topatu eta gehienez 55-60 graduetako maldetan murgilduta aritu ginen.

Argazki honetan jarraitutako bidea zehatzago ikusi daiteke.



ERAMANDAKO MATERIALA

 Gida ezberdinetan begiratzen bada, materiala ere aldatzen da, batzuek 2 izotz torloju gomendatzen dute, beste batzuek aldiz, 5. Batzuek ez dute arkaitzerako materialik gomendatzen, beste batzuek aldiz, trabagailu mekaniko ("friend"-ak) edo trabagailu kabledunak ("fisureroak") gomendatzen dituzte.

Guk izan genuen zortea izan zen bezperan bide bera Arkaitz, Pedro eta Garagartzak egin zutela. Beraiek bidea zegoen egoera paregabeaz hitzegin eta arkaitzerako materialik ez eramatea gomendatu ziguten.

Honela ba, guk eramandako materiala honako hau izan zen: 60 metroetako soka bat (ensanblean joateko), bi izotz torloju, baga batzuk eta bi elur-hesola ("estaka"). Honetaz aparte bakoitzak kranpoiak, bi  piolet, arnesa eta kaskoa eraman genuen, noski. Dena den, guk eramandakotik aparte, nahiz eta arkaitza oso ona ez izan, ertz-lerrorako batez ere nik trabagailuren bat edo beste (mekanikoa nahiz kableduna) edota iltzeren bat eramatea gomendatuko nuke, gubtxienez III-ko pausua babesteko.

DESKRIBAPENA

06:20, Oullettes de Gaube, 2151 metro. Eskiatzaileak ni eta nik Leku eta Iker urduritu ondoren, aterpetik erdi-presaka atera ginen. Aterpetik atera eta haize hotza sentitzearekin batera, artilezko gorroak, eskularruak eta buff-ak jantzi genituen.

Aterpetik atera eta berehala behe lainoa pixkanaka garbitzen joan zen.


Egunsentia gure atzean, ederra izan zen benetan.


Lehen metro eta ordu erdia gozo-gozoak dira ia maldarik ez baita igotzen.


Bidearen sarreraino gutxi gora behera jarraitutako bidea.


"Bidean norbait ikustea?" Galdetu nien. "Bidean ez baña gure aurretik hiru eskiatzaile zijoztek" erantzun zidan Lekuk. "Benoo, txarrenetik sikiera kordada bakarra badeu ez da gutxi" erantzun nien.

Oullettes de Gaube aterpea utzi ondoren dagoen lautadatxoaren amaieran lehen malda gogorra topatu genuen. Erritmoa oraindik bizi-bizi generamala ikusita, eta bidearen sarrerara erabat nekatuta ailegatuko ginenaren beldurrez,  gelditzeko eskatu, soka atera eta ensanblean joateko eskatu nien. Modu honetan, esanblean joateko aitzakiarekin denok nik markatutako erritmo lasaira moldatuko ginen.

Soka ateratzen.


Hemendik aurrera ni aurrean jarri eta "himalaiar erritmoa" jarri nien.


Lehen malda honek, nahiz eta erritmo lasaia eraman, ederki berotu zituen gure hauspo eta hankak.


Lehen malda gogor honen ondoren, eskuineruntz hartu genuen bidearen sarrera ailegatuz.


Iker eta Leku bidearen sarrerara ailegatzen.


07:30, bidearen sarrera, 2650 metro inguru. Aurreko hiru eskiatzaileak ia harrapatu genituela ikusita, Serac-en orma nondik gainditu zalantzan aritu ginen. Normalean serac-en ormaren eskuinetik hartzen da, baina ezkerretik itxura hobea zuela argi ikusi genuen. Dena den, eskiatzaileak ezkerretik sartu zirela ikusita (bezperan gure lagunek egin bezela), gu eskuinetik sartzeko tentaldiarekin egon ginen beraiek aurreratzeko asmoarekin. Azkenean, mendira korrika egitera ez gatozela erabaki ondoren, arnesetatik zintzilik eramango genuen materiala atera eta pazientzia handiz atseden hartu genuen ura edan eta barritaren bat edo beste janez.

"Zein jungo da aurretik?" Galdetu nien, "nik nahigoet zu jutea" erantzun zidan Ikerrek. "Nei igual zaiak" esan zidan Lekuk. Honela ba, traste guztiak jarri eta martxan jarri nintzen. Ikerren belauna dela eta, gauzik onena bera erdian joatea zela pentsatu genuen, modu honetan nik jarritako materiala Lekuk jasoz. 

07:50, bidearen lehen metroetan.


Lehen metro tente batzuen ondoren serac-etara hurbildu ginen.


Hemen maldak gora jo zuen 55-60 gradu ingurura ailegatuz.


Iker eta Leku lehen zati ikusgarri eta tente honetan.


Serac-ak gainditu ondoren maldak behera egiten du, gehienez 45 gradu inguru izanez. "Atsedentxo" hau ongi etorri zitzaigun gure hanketako bikien mesederako.

Serac-ak gainditu ondorengo zatian.


Leku serac-ak gainditu ondoren.



Serac-ak pasa ondorengo leku hau nolakoa den ideia bat egiteko hemen duzue bideo bat. Bertan jarraitu beharreko bidea ere nondik doan azaltzen dut.



Iker eta Leku zati erraz honetan.


Aurretik duguna. Eskiatzaileak dagoeneko ezkerreruntz hartu dute.



Bideo honetan ezkerrera hartzen den puntuan grabatuta dago. Ikusiko duzuen bezela, hemendik aurrera maldak metro batzuetan puntu bat gora jotzen du, 50 gradu ingurura gutxi gora behera.



50 graduetako maldatxoaren ondoren, maldak berriro behera egiten du. Nahiz eta ustez lasai joan, pixkanaka eskiatzaileetara hurbiltzen ari nintzela ikusi nuen. Beraiek leku pare batean soka-luzeak eginez igo ziren eta gainera gainean zuten pisua ez zen alperrikakoa, ondorioz martxa motelagoa eramanez.

Ni ia eskiatzaileen parera ailegatzen.


Leku atzean igoerarekin gozatzen.


Beraien parera ailegatu nintzenean, lasai jarraitzeko eta beraiek joan arte ni ez nintzela mugituko esan nien. Zintzilik nuen elur-hesoletako bat atera, elurretan barruraino sartu eta bertan aseguratu nintzen, Ikerri soka jasotzen nion bitartean.

Iker eginiko bilgune "inprobisatura" ailegatzen.


Gure bilgunetxoa.


Leku elur-hesolara ailegatu eta bertan aseguratu ondoren, pioleten laguntzaz zutik eroso egoteko elurra zabaldu eta atsedentxo bat hartzeko aprobetsatu genuen.

Zertxobait jan ondoren, eta aurreko eskiatzaileak dagoeneko metro batzuetara zeudela ikusita, bideoan ikusiko duzuen bezela, igoerari berrekin genion. Bideoko gauzik onena, beti bezela, Lekuren aipamenak.



Bilgunetik 30 metro ingurura arkaitz ilara batekin topo egingo dugu.

Iker arkaitz lerrora ailegatzen.


Arkaitz lerroa pasa ondoren berriro ere norantza aldatu behar eta maldak gora jotzen zuenez, beste elur-hesol bat sartu nuen gure artean aseguru bat jarriz. Honelakoetan, bazpaere hobea da segurantzaz jokatzea.

Bideo honetan hemendik gora gelditzen dena eta Iker arkaitz-lerrotik ateratzen ikusiko duzue.


Esan bezela, ertz-lerrora eramango gaituen azken zati honetan maldak gora jotzen du 55 gradu inguru hartuz. Hemen ere, pixkanaka aurreko eskiatzaileak harrapatzen joan ginen.

Lekuk arkaitz-lerrotik ateratako argazkia.


Iker azken igoera honen erdialdean.


Atzera begirada, Iker eta Leku badatoz.


Ikerren azken metroak eta ni ia ertz-lerroan.



09:10, Ertz-lerroa, 3000 metro inguru. Ertz-lerrora ailegatu nintzenean hiru eskiatzaileak bertan zeuden. "Nos vais a pasar?" galdetu zidan batek urduritasun apur batekin, "no que va, seguid tranquilos, nosotros nos lo tomaremos con calma y no saldremos hasta que vosotros hayais pasado" erantzun nien. Ertz-lerroan pioletak ongi sartu eta Iker aseguratu nuen. Ailegatu eta berehala ertz-lerroan zegoen arkaitz-bloke batean baga bat jarri eta bertan bilgune bat jartzeko eskatu nion: "hola Leku hobe aseguratuko dezu eta baita ni ere hemendik gorako zatin" esan nion.

Iker eta biok ertz-lerroan.


Minutu batzuetan zai egon eta eskiatzaileak ertz-lerro osoa egina zutela egiaztatu ondoren, goruntz abiatu nintzen. Egia esan ongi etorri zitzaidan martxan jartzea, bertan egiten zuen haize fina dela eta gorputza hozten ari baitzen eta.

Col des Glaciers lepotik datorren ertz-lerro hontatik gailurrera eramango gaituen ertz-lerrora arkaitzean III-koa den pausu motz bat pasa behar da. Pausu hau gainditzeko modurik errazena Ossueko glaziarrea ematen duen ormatik igotzea da, nahiz eta arkaitz askeak egon, helduleko onak ditu eta.

Bideo honetan III-ko pausu hau gainditzen ikusiko nauzue.


Pausua gainditu nuenean, eta batez ere puntu honetan haizerik ez zebilela ikusita, bi arkaitzek osatzen duten arkaitz-zubi bat aprobetsatuz, baga bat sartu eta bilgune bat jarri nuen Iker eta Leku leku honen babesera ahalik eta azkarren etorri zitezen.

Bilgunea jartzen.



Bideo hau bilgunea jarritako lekutik grabatuta dago eta nondik abiatu garen eta gailurrerarte falta dena ikusi daiteke. Ikusiko duzuenez Leku dantza batean dago, oinak izoztuta zituen eta.



Leku eta Iker igotzen hasteko seinalearen zai. Lekuri oinak erdi-izoztu zitzaizikion. Babesera ailegatu eta berriro ere berotzen hasi zirenean min handia pasa zuen.


Bideo hontan Iker bilgunera nola ailegatzen den ikusiko duzue.


Iker eta biok bilgunean. Kuriosoa da hain metro gutxietan tenperaturan horrenbesteko aldea egotea.


Leku ailegatu zenean Iker bilgunetik azken metroetan aseguratu ninduen. Gailurrera eramango gaituen ertz-lerroak ez dauka zailtasun handirik. Fin-fina da eta bi aldeetara erorketa handia du. Haizea ez zebilela ikusita, hiruok ertzetik pasa ginen, baina haizea badabil hobe ertz-lerrotik metro batzuk jaitsi eta pioleten laguntzaz pasatzea.

 Ni azken ertz-lerroan.



Bideo hontan azken ertz-lerro hau nolakoa den hobe ikusiko duzue.



09:45, Petit Vignemale, 3032 metro. Gailurrera kriston zoriontsu ailegatu nintzen. Baziren ia bi urte hirumilako bat zapaltzen ez nuela eta zirrara berezi batek alderik-alde zeharkatu ninduen. Ailegatu eta berehala, pioletak elurretan ongi sartu eta Iker eta Leku aseguratzeko prestatu nintzen.


 Ni Petit Vignemaleren gailurrean.



Iker gailurrera eramaten duen azken ertz-lerroan, gailurretik ikusita.


Iker gailurrera ailegatzen.


Bideo hontan Iker eta Leku gailurrera ailegatzen ikusiko dituzue.



Hiruak elkartu ginenean kriston zoriontsu jarri ginen. "Ea aurtengo askoren lehenengoa deken" esaten zuen Lekuk behin eta berriz. "Ze ona!!! Ze ona!!! Bide ederra benetan!!!" Ikerrek "listo, hemengo hirumilako guztik bukauta!!".

Petit Vignemale, 3032 metro.


Iker gailurrean Vignemale mendilerroko hirumilako guztiak igo dituela ospatzen.


Behin gailurrean geundela gauzak patxadaz hartu genituen. Argazki sorta atera eta aurretik joan ziren eskiatzaile eta atzetik igo ziren beste bi mendizalekin hizketan aritu ginen. Atzetik ailegatu ziren mendizaleak Arlaud-Souriac bidetik zetozen. Dirudienez hamar korda-talde sartu ziren bide berera horrek dauzkan segurtasun arazoekin. Korda-taldeak sortzen dituen urduritasuna nahikoa ez balitz, espainiar korda-talde bat beste korda-taldeak aurreratzen aritu zen ez oso modu garbian, eta egoera hau izan zen buelta hartzea behartu zituena.

Gailurrean atseden hartzen.


Oullettes d'Ossue eta Gavarnie inguruko hirumilakoetara ateratako panoramika.


Ezkerretik eskuinera: Marbore Kaskoa, Roland Pitzadura, Taillon eta Gabietoak.


Astazou mendiak eta beraien arteko Swan korridorea.


Marbore mendiaren ipar aurpegia. Atzean Monte Perdido-ren gailur elurtua ikusi daiteke.


Gailurrean hiru ordu laurdenez izan ondoren, 10:30etan beheranzko bideari ekin genion. Jaisteko, Petit Vignemalera doan ohiko bidea jarraitu genuen.

Bideo hontan Petit Vignemalera doan ohiko bidearen jaitsiera ikusi daiteke.


Jaitsieran, ikusmira zoragarria da.


Oullettes de Gaube aterpera jaisteko, lehenik Hourquette d'Ossue lepora jaitsi beharko dugu hemendik ezkerreruntz (mendebalderuntz) hartuz.

Hourquette d'Ossueraino egin genuen bidea.


Leku Pique Longue atzean duela.


Oraingoan Leku eta biok.


Elurra zegoen moduan jaitsiera gozo-gozo egin genuen, ordu erdi eskasean Hourquette d'Ossue lepora ailegatuz.

Lepora ailegatzen.


Lepotik ekialderuntz Baysellance aterpea ikusi daiteke (gorriz markatu dut elurraz erdi estalita zegoen eta).



11:00, Hourquette d'Ossue lepoa, 2734 metro. Hemen ere gauzak pazientzi handiz hartu genituen. Atseden hartu, ura edan, barritaren bat edo beste jan, eguzkitako krema eman eta Arlaud-Souliac bidea egitetik zetozen biko korda-taldearekin hizketan aritu ginen. Dirudienez aurten bide hau izugarrizko egoera onean dago.

Iker eta Leku Houquette d'Ossue lepoan, atzean Petit Vignemaletik jaitsitako malda elurtsua ikusi daiteke.


Lepoan ordu erdiz atseden hartzen egon ondoren, azkenekoz beherunzko bidea hartu genuen.


Berriro ere serac-en sarrerara hurbiltzen.


Goulotte Lechêne korridorea. Juxtu-juxtu omen zegoen. Zeinek daki, beharbada egunen batean bisitatxo bat egingo diogu.


Leku atzean Hourquette d'Ossue lepoa duela.


Nire ustez inguruan dagoen korridorerik mitikoena: Gaube korridore handia. Oullettes de Gaube-ko zaindariek egin zuten egun berean eta hau ere juxtu-juxtu zegoela esan ziguten.


Goizean gogor iruditu zitzaigun malda errazago jaitsi genuen.


Malda guztiak amaituta. Zati hontan eguzkiak gogor jotzen zuen.



12:20, Oullettes de Gaube aterpea, 2151 m. Sei orduetako ibilbidetxoaren ondoren, nekatuta baino uste baino frexkoago aterpera ailegatu ginen.

Aterpera ailegatzeko azken metroetan.



Aterpera ailegatu, arropa aldatu eta 15:00ak arte logelak irekitzen ez dituztenez, aterpearen atarian lau ordu pasatxo egon ginen lelo moduan, erabat hipnotizatuta, Vignemale mendilerroaren ipar aurpegiari begira eta argazkiak ateratzen. Era berean Garagartza, Arkaitz eta Pedro noiz ailegatu zai egongo ginen astelehenean Clot de la Hount mendiaren ipar aurpegiko korridorea egingo genuen hala ez erabakitzeko.

Arlaud-Souliac bidea, Aguille des Glaciers eta Chausenque bizkarraren artean. Lehen esan bezela, egun berean hamar korda-talde sartu ziren.


Arropa zintzilik jartzeko aparteko terraza.


Leku Vignemaleren ipar aurpegia atzean duela.


Argazkian ikusten den postura berean izan ginen lau ordu pasatxo...


... Parean genuenari begira.


Arratsaldeko laurak pasatxo Pedro, Garagartza eta Arkaitz ailegatu ziren hamahiru orduetako palizaren ondoren. Beraiekin hizketan aritu ondoren, bidea uste baino gogorragoa egin zitzaiela eta bertan bi iltze utzi zituztela esan ziguten. Beraien azalpenak entzun ondoren eta batez ere, bidean pasa zuten denbora izanda, hurrengo egunean etxera bueltatzea erabaki genuen, asteburuko helburu nagusia beteta genuen lasaitasun eta gozamenez.

Afaltzen ari ginela, egunero bezela, aterpeko zaindariak gure hurrengo eguneko planaren berri emateko eskatu zigun. "Bajaremos al Parking" erantzun genion. Hau entzunda gosaria goizeko zazpi t'erdietan egingo genuela esan zigun.

Afaldu ondoren: ezkerretik eskuinera, Garagartza, Iker, Pedro, ni eta Arkaitz eserita.


Hurrengo egunean, nahiz eta zazpi t'erdietarako gosaria pronto izan, ordu bete lehenago jaiki nintzen egunsentiari argazki batzuk ateratzeko asmoarekin. Hotzak akatzen egondako ordu horren fruitu dira datozen hurrengo hiru argazkiak.

Oullettes de Gaube aterpea atzean eguzkiaren lehen izpiak jotzen ari diren bitartean.


Aterpearen ondoan dagoen eserleku eta mahaia.


Gure logelako bistak. Benetan paregabeak!!!!


Gosaldu, motxilak azkenekoz egin eta Pedro, Arkaitz eta Garagartzarekin batera Pont D'Espagneko bidea hartu genuen.

Iker eta Pedro aterpea atzean utzi ondoren.


Beheko bidean Iker, Pedro eta hiruok.


Argazki honetan Pique Longue, Clot de la Hount eta honen bi korridre ezagunak ikusi daitezke; ezkerrean ipar aurpegikoa eta eskuinean (zabala dena) Ledormeur korridorea.


Larunbatean hemen pasatako beroak ahaztuta, jaitsierako bidea elur gogorrean eskertu genuen.


Jaitsierako kuadrilla (Arkaitz falta da, berea baita argazkia): Iker, Garagartza, Leku, Pedro eta ni.


Arkaitzek grabatutako bideo hontan jaitsieraren beste zati bat ikusteko aukera izango duzue.



Vignemale mendilerroari azken begirada... Lekuk behin eta berriz esan zidan bezela, erabat txunditu ninduen.


Lac de Gauberuntz hurbiltzen.


Lac de Gauberen aurretik dagoen zubian.


Ipar aurpegiaren azken isladak Lac de Gaube lakuan.


Xuabe-xuabe eta gozo-gozo goizeko hamarretarako Pont D'Espagnera ailegatu ginen.

Eta bertan, arropa nolabait aldatu ondoren frexkagarri ofiziala hartzeko aukera ere izan genuen.


Azken argazki hontan "Alberto Zenbatzailea", Pedro eta Arkaitz ikusiko dituzue. Azken bi hauei zorterik onena opa dizuet udaran egingo duzuen irteerarako.





Amaitzeko Ikerrek eginiko bideo-erreporra uzten dizuet. Espero dut gustuko izatea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina